146. ALDIZKARIA - 2023ko uztailaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

4222E/2023 EBAZPENA, ekainaren 27koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, enplegu zentro berezien bideragarritasuna hobetzen laguntzeko dirulaguntzarako 2023ko gastua baimentzen duena eta oinarri arautzaileak aldatzen dituena. DDBN identifikazioa: 701290.

Azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuaren bidez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuak onetsi ziren. Estatutu horietan ezarritakoaren arabera, zerbitzu horren xedea da enplegu politikak, eragile sozialekin adostutakoak, planifikatu, gauzatu eta kontrolatzea, honako arlo hauetan ezartzen diren zerbitzu eta programak modu koordinatuan kudeatuz: enpleguaren sustapena, lan-merkatuan sartzeko aukera berdintasuna, enplegu ematea, bitartekaritza, enplegurako orientazioa eta prestakuntza eta Nafarroako enpleguaren egoeraren eta horren gaineko politiken azterketa; horretarako, besteak beste, hainbat dirulaguntza finantzatzen, ematen eta kudeatzen ditu, enplegua sortzen eta lan munduan sartzen laguntzeko; horien oinarri arautzaileak 2023. urtea baino lehen onetsi dira.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 30.1 artikuluak ezartzen duenez, dirulaguntzen deialdiek berekin ekarri beharko dute gasturako baimena, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz. Horregatik, bidezkoa da 2023. urterako gastua baimentzea dirulaguntza hauetarako: Nafarroako irabazi-asmorik gabeko enplegu zentro berezietan enplegua sustatzeko eta lehiakortasuna hobetzeko egiten diren inbertsioetarako dirulaguntzak.

2021ean, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen uztailaren 5eko 2640E/2021 Ebazpenaren bidez, enplegu zentro berezien bideragarritasunari laguntzeko dirulaguntzen deialdia onetsi zen, koronabirusaren krisiak enplegu zentro berezien produkzio-jardueran izan zituen ondorioengatik. Hala, haien galerak zati batean arindu ziren edo desgaitasuna duten langileen soldaten ehuneko bat diruz lagundu zen, eta, horrela, haien lanpostuei eustea bermatu zen.

2022. urtean ere zailtasunak egon zirenez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen ekainaren 24ko 9468E/2022 Ebazpenaren bidez, oinarri arautzaileak aldatu ziren enplegu zentro berezien galera ekonomikoak arintzeko.

Gaur egun, Ukrainako gerraren ondorioz, ekonomiak ahul jarraitzen du, merkataritzan gorabehera handiak gertatu direlako eta lehengaien eta erregaien prezioak krisian daudelako. Horrek inflazioa areagotzen eta finantza-baldintzak gogortzen laguntzen du. Egoera horri soldata-kostuen igoera gehitu zaio. Horregatik, aldatu egin behar da berriz enplegu zentro berezien bideragarritasunari laguntzeko dirulaguntzen deialdia, eta 2021ean onetsitakoarekin parekatu.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua (NL-NEZ) erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuaren 12. artikuluaren bidez emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1.–980.000 euroko gastua baimentzea, 2023ko gastuen aurrekontuko "Enplegu zentro berezien bideragarritasunerako laguntzak" izeneko 950001 96100 4709 241120 aurrekontu-partidaren kargura, enplegu zentro berezien bideragarritasunari laguntzeko dirulaguntzetarako (DDBN 701290).

2.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen uztailaren 5eko 2640E/2021 Ebazpenaren eranskina aldatzea, aipatutako dirulaguntzak arautzen dituzten oinarriak jasotzen dituena:

2.1. Deialdiaren 2. oinarria aldatzea, testu hau izateko:

2.1) Finantzatuko da enplegu zentro berezien finantza-zailtasun egoera gainditzea, horretarako soldaten kostuaren portzentaje bat diruz lagunduz, zentro horiek bideragarriak izaten laguntzeko eta haietan zerbitzuak ematen dituzten eta desgaitasuna duten langileen lanpostuei eutsi ahal izateko.

2.2) Enplegu zentro bereziek 2022ko ekitaldian zergak aplikatu aurretik izan dituzten emaitza negatiboak finantzatuko dira, xedea izanik zentro horiek bideragarriak izaten laguntzea eta haietan zerbitzuak ematen dituzten eta desgaitasuna duten langileen lanpostuei eutsi ahal izatea.

Oinarri honetan arautzen diren dirulaguntza modalitateak bateraezinak dira bata bestearekin.

2.2. Deialdiaren 3. oinarria aldatzea, testu hau izateko:

a) Dirulaguntza 2.1 oinarrian deskribatutako kontzeptuagatik eskatuz gero, diruz lagunduko da enplegu zentro berezietan aritzen diren eta desgaitasuna duten langileei dagokien soldaten kostua, lanbide arteko gutxieneko soldataren %10 arte, betiere 2022ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitarteko egunetan egiazki egindako lanaldiari dagokion proportzioan.

Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2017 (EB) Erregelamenduaren 33.5 artikuluarekin bat, kalkulu honetatik kanpo daude LGSaren %75 diruz lagundua duten pertsonak; izan ere, erregelamendu horrek ezartzen du desgaitasuna duten langileen enplegurako laguntzak, lansarietarako dirulaguntza gisa ematen direnak, kostu diruz lagungarriaren %75 adinakoak izanen direla gehienez.

b) Dirulaguntza 2.2 oinarrian deskribatutako kontzeptuagatik eskatuz gero, dirulaguntza enplegu zentro bereziak 2022ko ekitaldian zergak aplikatu aurretik izan duen emaitza negatiboaren %45 adinakoa izanen da.

3.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.3. artikuluari jarraikiz.

Iruñean, 2023ko ekainaren 27an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Mirian Martón Pérez.

Iragarkiaren kodea: F2310288