146. ALDIZKARIA - 2023ko uztailaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

201E/2023 EBAZPENA, ekainaren 2koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, aldaketa funtsezko bat egiteko baimena ukatzen diona Buñuelgo udal-mugartean dagoen hormigoi- eta asfalto-instalazioari. Instalazioaren titularra Hormigones Beriain SA da, eta aldaketaren xedea, asfalto-instalazioaren proiektua gauzatzea.

Gaur egun funtzionatzen ari den eta ingurumen baimen bateratua duen instalazio horren titularrak, 2021eko abenduaren 22an, bere instalazioan egin asmo zuen aldaketa baten berri eman zuen, asfalto-instalazioaren proiektua gauzatzeko helburua baitzuen. Zerbitzu honek aldaketa horri buruzko irizpena eman zuen 2022ko urtarrilaren 12an, aldaketa funtsezkoa zela iritzita, eta aldaketa funtsezkoaren espediente hau abiarazi zuen.

2022ko abuztuaren 8an, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak jarduera hori lurzoru urbanizaezinean baimentzearen kontrako txostena eman zuen, honako arrazoi hauengatik:

–Indarrean den udal hirigintza-plangintzan, Buñuelgo 3. poligonoko 385., 386., 387., 388. eta 389. lurzatiak ustiapen naturalerako babestu beharreko lurzoru urbanizaezinak dira (lurzoruaren gaitasun agrologiko handiagatik), eta, kategoria horretan, asfalto-instalazio bat jartzea ez da baimengarria.

–Dagoeneko eraikita dagoen instalazioa 3. poligonoko 385., 386., 387., 388. eta 389. lurzatiak eta 733. lurzatia banatzen dituen bidearen gainean dago, parte batean, nahiz eta lurzati horietan legarra erauzteko baimenean baldintza batzuk egon (Y-0562-07 espedientea), eta horrek urratu egiten ditu Lurraldearen antolamenduari eta hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 111.2 artikulua eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren maiatzaren 9ko 81E/2019 Foru Aginduaren bidez onetsi zen Buñuelgo Udal Planaren aldaketaren 13.1.b) artikulua.

Hasierako ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon zen hamabost egunez. Aurkeztutako alegazioen ondorioz, bigarren ebazpen proposamena prestatu zen, berriro ere titularrari entzuteko tramitean egon zena hamabost egunez. Ebazpen honen II. eranskinean dago titularrak aurkeztu dituen alegazioen zerrenda, eta Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak haiei emandako erantzuna.

Horrenbestez, bidezkoa da ukatzea eskatutako aldaketa funtsezkoa egiteko baimena.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiak azaroaren 8an emandako 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Aldaketa funtsezko bat egiteko baimena ukatzea Buñuelgo udal-mugartean dagoen hormigoi- eta asfalto-instalazioari. Instalazioaren titularra Hormigones Beriain SA da, eta aldaketaren xedea, asfalto-instalazioaren proiektua gauzatzea.

Bigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hirugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Laugarrena.–Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Hormigones Beriain SAra, Buñuelgo Udalera, Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzura, Lurralde eta Paisaia Zerbitzura, Biodibertsitatearen Zerbitzura eta Basozaintza Zerbitzura.

Iruñean, 2023ko ekainaren 2an.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F2309132