146. ALDIZKARIA - 2023ko uztailaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

193/2023 EBAZPENA, ekainaren 13koa, Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiak emana, jarraibideak onesten dituena hezkuntza sistemaren Lanbide Heziketako irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxe publikoetako antolaketa eta funtzionamendua arautzeko, Lanbide Heziketako berariazko programei dagokienez, 2023-2024 ikasturtean.

Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuko zuzendariak ebazpen hau onestearen aldeko txostena aurkeztu du. Ebazpen honek helburu du jarraibide batzuk onestea, Lanbide Heziketako berariazko programen gaineko alderdi batzuk zehaztu eta garatzeko balioko dutenak, behar bezalako antolaketa eta funtzionamendu egokia lor daitezen hezkuntza sistemaren Lanbide Heziketako irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeetan 2023-2024 ikasturtean, haien autonomiaren esparruan.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Eranskinean ageri diren jarraibideak onestea. Jarraibide horien arabera antolatu eta funtzionatu beharko dute, 2023-2024 ikasturtean, Nafarroako Foru Komunitatean hezkuntza sistemaren Lanbide Heziketako irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeek, Lanbide Heziketako berariazko programei dagokienez.

2. Ebazpen honen eranskinean bildutako jarraibideak ikastetxe pribatuei eta entitate eta ikastetxe pribatu itunduei aplikatuko zaizkie, dagozkien afera orotan, ikastetxe horien titularrek dituzten eskumenen kalterik gabe.

3. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau eta eranskina igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten, Hezkuntza Zuzendaritza Nagusira, Hezkuntza Baliabideen Zuzendaritza Nagusira, Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzura, Lanbide Heziketako Proiektuen eta Kualifikazioen Zerbitzura, Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzura, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzura, Hezkuntzako Teknologien eta IKT Azpiegituren Zerbitzura, Hezkuntzako Informazio Sistemen Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Bulegora eta hezkuntza entitate eta ikastetxeetara.

5. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2023ko ekainaren 13an.–Lanbide Heziketaren zuzendari nagusia, Tomás Rodríguez Garraza.

ERANSKINA.–JARRAIBIDEAK, HEZKUNTZA SISTEMAREN LANBIDE HEZIKETAKO IRAKASKUNTZAK EMATEN DITUZTEN IKASTETXE PUBLIKOETAKO ANTOLAKETA ETA FUNTZIONAMENDUA ARAUTZEKO, LANBIDE HEZIKETAKO BERARIAZKO PROGRAMEI DAGOKIENEZ. 2023-2024 IKASTURTEA

Ikasturte hasierako jarraibideek indarreko araudiaren alderdi batzuk zehaztu eta argitzen dituzte, eta arauz ezarri gabeko beste batzuk arautzen, Lanbide Heziketako irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeen antolaketa eta funtzionamendua hobetzeko. Horrez gain, ikasturtean lehentasunez landu behar diren ildoak ezartzen dituzte.

Jarraibideak Lanbide Heziketako irakaskuntzetako berariazko programen arabera eta horiek ematen dituzten ikastetxeen arabera banaturik jaso dira.

Ikastetxeek 2023-2024 ikasturtea antolatzeko jarraibideek, Lanbide Heziketako berariazko programei dagokienez, honako hauei egiten diete erreferentzia: Enplegurako prestakuntza egiaztagarria, Gaitasun profesionalen egiaztapena, Lanbide Heziketa Nazioarteratzeko Programa, Lanbide Heziketa Duala, KIMUA programa - proiektuetan oinarritutako elkarlaneko ikaskuntza (POEI), Berrikuntza proiektuak, Eraldaketa digitala - Teknologia aplikatuko ikasgelak (AtecA), INIZIA programa - ekintzailetza gelak, Gaitasun digitalerako ikasgelak - Upskilling eta Reskilling, Lanbide Heziketa elebiduna, Lanbide orientazioa, Enpresetako egonaldiak, Spainskills, Erreferentzia nazionaleko ikastetxeak eta Bikaintasun ikastetxeak.

1.–Enplegurako prestakuntza egiaztagarria.

Lanbide Heziketaren jarduketa ildo nagusietako bat enplegurako prestakuntza egiaztagarriaren programa izanen da. Eskubide Sozialetako Departamentuarekin akordioa egin ostean, programa horren gaineko eskumena Hezkuntza Departamentuak dauka; izan ere, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako eta Laneko eta Gizarte Ekonomiako ministerioei esleitutako eginkizun berrien ondorio da akordio hori. Eginkizun horiek 498/2020 eta 499/2020 errege dekretuetan jaso dira, eta horien ondorioz, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioak bere gain hartu behar du enplegurako lanbide-prestakuntzaren eskumenaren kudeaketa, gaitasun profesionalen estandarren Katalogo Nazionalari eta Lanbide Heziketako Eskaintzaren Katalogo Nazionalari loturik dagoena, hezkuntza sistemako LH eta enplegurako LH orain bat eginik daudenez gero. Prestakuntza horren helburua da lanean daudenen edo langabeen kualifikazio-premiak asetzea, lan merkatuan identifikatu dituzten gaitasun profesionalak lortzeko, zabaltzeko edo eguneratzeko, dela lan merkatuan lehenbizikoz sartzeko, dela berriro ere laneratzeko, dela norberaren ibilbide profesionala beste norabait orientatzeko.

Prestakuntza egiaztagarrian, enplegurako prestakuntzari dagokionez, gaitasun profesionalen estandarren Katalogo Nazionalean bildutako gaitasun estandarrak hartzen dira erreferentziatzat, eta horrek egiaztagiri ofizialak ekarriko ditu berekin: Gaitasun egiaztapen partziala (A graduko eskaintzetan), Gaitasun Ziurtagiria (B graduko eskaintzetan) eta Lanbide Ziurtagiria (C graduko eskaintzetan). Prestakuntza hau langabeentzat eta lanean daudenentzat da. Hezkuntza Departamentuak bere gain hartu du ziurtapen horiek erregistratzeko eskumena. Horrelako prestakuntza Hezkuntza Departamentuaren eskumena da, eta prestakuntza egiaztagarrirako ez diren gainerako prestakuntza ekintzak, berriz, Eskubide Sozialetako Departamentuarenak.

Ikastetxeek, 2023-2024 ikasturtean, enplegurako prestakuntza egiaztagarri honetan parte har dezaten funtsezko elementu gisa, jarraibide hauek ezarri dira:

1.1. Enplegurako prestakuntza egiaztagarriaren arduradunak.

Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiak erabaki du eskola-orduak eslei dakizkiela plantillan ikastetxe bateratu publikoei, 2023-2024 ikasturtean, ‘Etengabeko LH’ kontzeptupean, enplegurako prestakuntza egiaztagarriaren arloko funtzioak betetzeko. BHIetan eta Arte eta Goi Mailako Diseinuko Eskoletan, ‘LH-Sistema’ kontzeptuan esleitutako guztizko ordu kopurutik aterako dira eskola-ordu horiek. Orduak zer irakasleri esleitzen zaizkion, haren ordutegi pertsonalean agertuko dira, "LH-E1" siglaren bidez, "eskola-ordu gisa zenbatzen diren orduak" atalean.

Ikastetxe bateratu bakoitzeko zuzendaritzak, bere autonomiaren esparruan, ikastetxean jarduketa ildo horretaz arduratuko den pertsona bat(zuk) izendatuko d(it)u, eta horiek prestatuko dute enplegurako prestakuntza egiaztagarrirako urteko plana. Ikastetxeak Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi beharko dio, 2023ko irailaren 15a baino lehen, nor(tzuk) izendatzen d(ir)en zeregin horretarako.

1.2. Lanbide Heziketaren integrazioa. Enplegurako lanbide-prestakuntza egiaztagarria.

Zuzendariei dagokie gidaritza hartzea beren ikastetxean Lanbide Heziketa integratzeko eta enplegurako lanbide-prestakuntza egiaztagarria garatzeko. Horregatik, prestakuntza hori ikastetxean garatzen lagunduko duten egiturak eta dinamikak sortu beharko dituzte.

Horretarako, honako jarraibide hauek hartuko dira kontuan:

a) Ikastetxeek beren proiektu funtzionalean eta urteko jarduketa planean (‘Lanbide Heziketako planak, proiektuak eta berariazko programak’ izeneko kapituluan) ezarri beharko dute enplegurako prestakuntza egiaztagarria nola zehaztuko den urte bakoitzean. Urteko plan horretan azalduko da nola inplementatuko den enplegurako lanbide-prestakuntza egiaztagarria, eta planak egitura operatiboa izanen du, enplegurako lanbide-prestakuntza egiaztagarriaren exekuzioa eta jarraipena erraztuko dituena, eta honako hauek definituko ditu: helburuak, adierazleak, noraino iritsi nahi den, ekintzak, arduradunak, denbora-plangintza eta ebaluazioa.

b) Ikastetxeak lehentasun gisa ezartzen ahalko ditu, bere prestakuntza plan instituzionalaren barruan, lanbide heziketaren eta enplegurako lanbide-prestakuntza egiaztagarriaren integrazioari lotutako prestakuntza ekintzak, klaustro osoari edo irakasle talde bati zuzentzen ahal zaizkionak. Gainera, instituzionaltzat joko da irakasleek banaka egindako prestakuntza, baldin eta Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiak Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuaren bidez eskaintzen badu.

c) Zuzendaritza-taldeak, Nafarroako Irakaskuntza Publikoaren Kalitatea Hobetzeko Itunaren ondorioz zuzeneko irakaskuntzan egin den murrizketa dela-eta, eskola-ordu gisa kontatzen diren bi orduetatik bat gutxienez esleitzen ahalko dio irakasle bati edo hainbat irakasleri, lanbide-arlo bakoitzeko, laguntzaile gisa aritzeko, dagokion lanbide-arloan, enplegurako lanbide-prestakuntza egiaztagarriaren arduradun(ar)ekin. Orduak zer irakasleri esleitzen zaizkion, haren ordutegi pertsonalean agertuko dira, "LH-E2" siglaren bidez, "eskola-ordu gisa zenbatzen diren orduak" atalean.

Ikastetxeko zuzendariak izendatuko ditu irakasle laguntzaileak, eta Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuari jakinaraziko zaizkio izendapen horiek, 2023ko irailaren 15a baino lehen. Honako helbide elektronikoetara bidali behar da jakinarazpena:

sfpeduca@navarra.es

fpempleo.educacion@navarra.es

d) Enplegurako lanbide-prestakuntza egiaztagarria inplementatzeaz arduratzen direnen artean koordinazioa sustatzeko, ikastetxeko zuzendaritzak honako hau erraztuko du:

–Irakasle laguntzaileek c) apartatuan aipatzen diren eskola-orduetako bat esleituta edukitzea bere ordutegian, ostegunetan, 13:00etatik 14:00etara.

–Ikastetxean enplegurako lanbide-prestakuntza egiaztagarriaz arduratzen diren irakasleek ostegun goizetan eta, beharrezkoa izanez gero, astearte goizetan izatea esleitutako eskola-orduak beren ordutegian.

e) Zuzendaritza-taldea saiatuko da enplegurako lanbide-prestakuntzaren arduradunek klaustroetan parte har dezaten, prestakuntza horren ezarpenarekin eta garapenarekin zerikusia duen guztiaren berri emateko.

f) Enplegurako lanbide-prestakuntzaren arduradunek eginkizun hauek beteko dituzte:

–Ikastetxean enplegurako lanbide-prestakuntza egiaztagarriaren urteko plana prestatzea, ikastetxeko zuzendaritzak ezarritako jarraibideekin bat.

–Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuarekiko solaskidea izatea, zuzendariarekin edo honek eskuordetzen duen pertsonarekin batera, enplegurako lanbide-prestakuntza egiaztagarriari dagokion guztian.

–Irakasle laguntzaileekin eta enplegurako lanbide-prestakuntza egiaztagarrirako ekintza bakoitza koordinatzen duten pertsonekin egiten diren bilerak zuzentzea, prestakuntza horren urteko planean zehaztutako egutegiaren arabera.

–Ikastetxearen eragin eremuan, enplegurako lanbide-prestakuntza egiaztagarriari dagokionez, dauden beharrak diagnostikatzea.

–Ikastetxean enplegurako lanbide-prestakuntza egiaztagarriarekin lotuta garatzen diren ekintzak kudeatzea eta ezartzea.

–Hezkuntza Departamentuko Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiak eta/edo indarreko arauzko xedapenek zehazten duten beste edozein.

1.3. Lanbide Heziketako ikastetxe publikoen arteko lankidetzaren sustapena, enplegurako lanbide-prestakuntza egiaztagarriaren arloan.

Lankidetza ekintzak sustatuko dira Nafarroako Lanbide Heziketako ikastetxe publikoen artean, enplegurako lanbide-prestakuntza egiaztagarriaren prestakuntza ekintzak eskaini eta garatzeko. Horretarako, Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiak lantalde bat sortuko du, ikastetxe bakoitzeko ordezkari batek eta zuzendaritza nagusiaren ordezkariek osatua.

2.–Gaitasun profesionalen egiaztapena.

Lanbide Heziketako beste jarduketa ildo nagusietako bat gaitasun profesionalen egiaztapenerako programa izanen da. Horren gaineko eskumena Hezkuntza Departamentuarena da, Eskubide Sozialetako Departamentuarekin lortutako akordioari esker (eranskin honen 1. jarraibidean azaldu den bezala). Horrek esan nahi du Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioak bere gain hartzen dituela lan-esperientziaren bidez eta prestakuntza bide ez-formalen bidez zein prestakuntza informalaren bidez erdietsitako oinarrizko gaitasunak eta gaitasun profesionalak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozedurak antolatzeko eginkizunak. Prozedura horrek gaitasun profesionalen estandarren Katalogo Nazionala izanen du erreferentziatzat, eta lortzen diren egiaztapenak Lanbide Heziketaren sistemako esparruan erabiltzen ahalko dira, pertsonek jarrai dezaten kualifikazio handiagoa lortzeko aukera ematen dieten prestakuntza-ibilbideak egiten, eta lan-merkatuan egiazta ditzaten beren gaitasun eta trebezia profesionalak.

Lan-esperientziaren bidez erdietsitako gaitasun profesionalak aitortzeko uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuak ezartzen duenez (martxoaren 9ko 143/2021 Errege Dekretuak aldatu zuen), prozedura bat abiatuko da, beti zabalik egonen dena, lan-esperientziaren bidez eta prestakuntza bide ez-formalen bidez erdietsitako gaitasun profesionalak ebaluatzeko eta egiaztatzeko. Etengabeko prozedura horiek eragina izanen dute Nafarroako Lanbide Heziketako eskaintzan sartuta dauden gaitasun profesionalen estandar guztietan, eskaintza hori lotuta baitago gaitasun profesionalen estandarren Katalogo Nazionalari. Lortzen den egiaztapena metagarria izanen da, eta, hala, onuradunak dagozkion Lanbide Heziketako ziurtagiriak edo tituluak lortzeko prestakuntza amaitzen ahalko du.

2023-2024 ikasturtean, ikastetxeek gaitasun profesionalak egiaztatzeko esparru berri honetan parte har dezaten funtsezko elementu gisa, jarraibide hauek ezarri dira:

2.1. Gaitasun profesionalak egiaztatzeko arduradunak.

Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiak erabaki du eskola-orduak eslei dakizkiela plantillan ikastetxe bateratu publikoei, 2023-2024 ikasturtean, ‘Ikastetxe bateratua. Enplegua egiaztatu’ kontzeptupean, ikastetxe bateratu gisa dituzten eginkizunak egiteko; eskola-ordu horiek gaitasun profesionalen egiaztapenaren esparrurako bideratuko dira. BHIetan eta Arte eta Goi Mailako Diseinuko Eskoletan, ‘LH-Sistema’ kontzeptuan esleitutako guztizko ordu kopurutik aterako dira eskola-ordu horiek. Orduak zer irakasleri esleitzen zaizkion, haren ordutegi pertsonalean agertuko dira, "LH-GPE1" siglaren bidez, "eskola-ordu gisa zenbatzen diren orduak" atalean.

Ikastetxe bateratu bakoitzeko zuzendaritzak, bere autonomiaren esparruan eta bat etorriz Lanbide Heziketako Proiektuen eta Kualifikazioen Zerbitzuak ematen dituen jarraibideekin, ikastetxean jarduketa ildo honetaz arduratuko d(ir)en pertsona(k) izendatuko d(it)u; arduradun hori edo horiek prestatu beharko dute gaitasun profesionalen egiaztapenerako urteko plana. Ikastetxeak Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi beharko dio, 2023ko irailaren 15a baino lehen, nor(tzuk) izendatzen d(ir)en zeregin horretarako.

2.2. Gaitasun profesionalen egiaztapena inplementatzea.

Zuzendariei dagokie gidaritza hartzea ikastetxean gaitasun profesionalen egiaztapena inplementatzeko eta garatzeko. Horregatik, gaitasun profesionalen egiaztapena ikastetxean garatzen lagunduko duten egiturak eta dinamikak sortu beharko dituzte, eta bidea eman aholkularitza eta ebaluazio faserako beharrezkoak diren instalazioak eta ekipamenduak erabil daitezen.

Horretarako, honako jarraibide hauek hartuko dira kontuan:

a) Ikastetxeek beren proiektu funtzionalean eta urteko jarduketa planean (‘Lanbide Heziketako planak, proiektuak eta berariazko programak’ izeneko kapituluan) ezarri beharko dute gaitasun profesionalen egiaztapena nola zehaztuko den urte bakoitzean. Urteko plan horretan azalduko da nola inplementatuko den gaitasun profesionalen egiaztapena; planean prozedurak garatzeko egitura operatiboa zehaztu beharko da, eta egitura operatibo horrek prozeduren exekuzioa eta jarraipena erraztuko beharko ditu, bai eta honako hauek definitu ere: helburuak, adierazleak, noraino iritsi nahi den, ekintzak, arduradunak, denbora-plangintza eta ebaluazioa.

b) Ikastetxeak lehentasun gisa ezartzen ahalko ditu, bere prestakuntza plan instituzionalaren barruan, gaitasun profesionalen egiaztapenari buruzko prestakuntza ekintzak, klaustro osoari edo irakasle talde bati zuzentzen ahal zaizkionak. Gainera, instituzionaltzat joko da irakasleek banaka egindako prestakuntza, baldin eta Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiak eskaintzen badu Lanbide Heziketako Proiektuen eta Kualifikazioen Zerbitzuaren bidez.

c) Zuzendaritza-taldeak, Nafarroako Irakaskuntza Publikoaren Kalitatea Hobetzeko Itunaren ondorioz zuzeneko irakaskuntzan egin den murrizketa dela-eta, eskola-ordu gisa kontatzen diren bi orduetatik bat gutxienez esleitzen ahalko dio irakasle bati edo hainbat irakasleri, lanbide-arlo bakoitzeko, laguntzaile gisa aritzeko, dagokion lanbide-arloan, gaitasun profesionalen egiaztapenaren arduradun(ar)ekin; ahal dela, irakasle horiek aholkulari edo ebaluatzailearen gaikuntza dutenak izanen dira. Orduak zer irakasleri esleitzen zaizkion, haren ordutegi pertsonalean agertuko dira, "LH-GPE2" siglaren bidez, "eskola-ordu gisa zenbatzen diren orduak" atalean.

Aholkulari edo ebaluatzailearen gaikuntza duten ikastetxeko irakasleek beren ikastetxean egiten diren egiaztapen prozeduretan parte hartu beharko dute, ikastetxeko zuzendariak hala eskatzen badie.

Ikastetxeko zuzendariak izendatuko ditu irakasle laguntzaile horiek, eta Lanbide Heziketako Proiektuen eta Kualifikazioen Zerbitzuari jakinaraziko zaizkio izendapen horiek, 2023ko irailaren 15a baino lehen. Honako helbide elektronikoetara bidali behar da jakinarazpena:

scualiedu@navarra.es

inacuali@navarra.es

d) Gaitasun profesionalen egiaztapena inplementatzeaz arduratzen direnen artean koordinazioa sustatzeko, ikastetxeko zuzendaritzak honako hau erraztuko du:

–Irakasle laguntzaileek c) apartatuan aipatzen diren eskola-orduetako bat esleituta edukitzea bere ordutegian, asteartetan, 13:00etatik 14:00etara.

–Ikastetxean gaitasun profesionalen egiaztapenaz arduratzen diren irakasleek bere ordutegian esleitutako eskola-orduak egun berean eta goizez esleituta edukitzea, gutxienez, eta eskola-orduak 4tik gora badira, bi egunetan.

Ikastetxeko zuzendaritzak gaitasun profesionalen egiaztapenaz arduratzen diren irakasleei ohartarazi beharko die prest egon behar dutela malguak izateko ordutegiei dagokienez, balitekeelako aholkulari eta ebaluatzaileekin egin beharreko bilera batzuk arratsaldez egin behar izatea.

e) Zuzendaritza-taldea saiatuko da gaitasun profesionalen egiaztapenaz arduratzen direnek klaustroetan parte har dezaten, gaitasunak egiaztatzeko prozedura hauek ikastetxean inplementatu eta garatzekoarekin zerikusia duen guztia zabaltzeko.

f) Gaitasun profesionalak egiaztatzeko ardura dutenek eginkizun hauek beteko dituzte:

–Ikastetxean gaitasun profesionalak egiaztatzeko urteko plana prestatzea, ikastetxeko zuzendaritzak ezarritako jarraibideekin bat.

–Lanbide Heziketako Proiektuen eta Kualifikazioen Zerbitzuarekiko solaskidea izatea, zuzendariarekin edo honek eskuordetzen duen pertsonarekin batera, gaitasun profesionalak egiaztatzeari dagokion guztian.

–Irakasle laguntzaileekin eta aholkulari eta ebaluatzaileekin egiten diren bilerak zuzentzea, egiaztapenerako urteko planean ezarritako egutegiaren arabera.

–Ikastetxearen eragin eremuan, gaitasun profesionalen egiaztapenari dagokionez, dauden beharrak diagnostikatzea.

–Interesa dutenei informazioa eta orientazioa ematea ikastetxean, eta prozedurarako eskaera erregistratzeko laguntza ematea halakorik behar dutenei.

–Interesa dutenei orientazioa ematea, lanbide-arloko irakasle laguntzaileekin batera, haien profilarekin bat datozen gaitasun estandarren gainean.

–Egiaztapenerako prozedura zabaltzea, Kanpo Jardueren Departamentuko buruarekin batera, ikastetxearen eragin eremuko ekoizpen eta zerbitzu sektorean; lankidetza hitzarmenak norekin sinatuta dituzten, horien artean zabalduko da prozedura bereziki.

–Ikastetxean gaitasun profesionalak egiaztatzeko garatzen diren ekintzak kudeatu eta ezartzea, barne direla ekintzetan parte hartzen duten ikastetxetik kanpokoen jarduketak (ahokulari eta ebaluatzaileenak).

–Hezkuntza Departamentuko Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiak edo indarreko arauzko xedapenek zehazten duten beste edozein.

2.3. Lanbide Heziketako ikastetxe publikoen arteko lankidetzaren sustapena, gaitasun profesionalak egiaztatzearen arloan.

Lankidetza ekintzak sustatuko dira Nafarroako Lanbide Heziketako ikastetxe publikoen artean, gaitasun profesionalak egiaztatzeko prozesuak eskaini eta garatzeko. Horretarako, Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiak lantalde bat sortuko du, ikastetxe bakoitzeko ordezkari batek eta zuzendaritza nagusiaren ordezkariek osatua.

3.–Lanbide Heziketa Nazioarteratzeko Programa.

Lanbide Heziketaren arloko hirugarren jarduketa programa, hainbat urtetik hona mantendu eta sustatzen dena, Lanbide Heziketa Nazioarteratzeko Programa da; irakaskuntza hori Nafarroan garatzeko ildo estrategikoa da, Lanbide Heziketaren nazioarteko dimentsioari bultzada ematen diona alderdi guztiei dagokienez, hots, ikasleei, irakasleei eta Lanbide Heziketako ikastetxeari dagokienez. Garapen estrategia hori Lanbide Heziketaren antolamenduari eta integrazioari buruzko martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoan jaso da; izan ere, Lanbide Heziketaren sistema garatzen duten printzipioen artean honako hau ageri da: "Europar Batasuneko eta beste herrialde batzuetako lanbide heziketako sistemekiko bateratasuna, nazioarteratzea eta nazioz kanpoko mugigarritasuna sustatzeko". Martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoak titulu oso bat dauka (IX. titulua) atzerriko hizkuntzei eta Lanbide Heziketaren sistema Nazioarteratzeari buruz. Titulu horretan arautzen dira, besteak beste, atzerriko hizkuntzen ezagutza eta nazioarteko truke programetako eta nazioarteko proiektuetako parte-hartzea.

Lanbide Heziketa Nazioarteratzeko Programa, Nafarroan, honako proiektuetan zehazten da:

a) Talde mugigarritasuneko proiektuak. 2018-2019 ikasturtean abiatu ziren, ikastetxeen eta Lanbide Heziketaren nazioarteko esparrua sustatzeko asmoz. 2023-2024 ikasturtean, jarduketa hau sustatzen jarraituko da, eta aukera emanen du Lanbide Heziketako ikastetxe publikoetako irakasle talde batzuek prestakuntza egonaldiak egin ditzaten beste herrialde batzuetako enpresetan edo prestakuntza entitateetan.

Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiak, Lanbide Heziketako Proiektuen eta Kualifikazioen Zerbitzuaren bidez, talde mugigarritasuneko proiektu horien gaiak eta parte hartuko duten irakasleak hautatzeko irizpideak zehaztuko ditu, bai eta proiektuak antolatu eta garatzeko behar diren beste alderdi batzuk ere. Lanbide Heziketako Proiektuen eta Kualifikazioen Zerbitzuko Lanbide Heziketa Nazioarteratzeko Bulegoak kudeatuko ditu proiektuok. Egonaldiek astebete iraunen dute.

b) Banakako mugigarritasuneko proiektuak. Lanbide Heziketako ikastetxe publikoetako irakasleei zuzenduta daude, eta haien helburua da Lanbide Heziketako ikastetxe publikoetako irakasleen hazkunde profesionala eta pertsonala laguntzea, eta bidea ematea Europako enpresak ezagutzeko, prestakuntza egonaldiak eginez enpresetan edo prestakuntzako ikastetxeetan, Erasmus + programaren barruan.

Halakoen iraupena 1 eta 2 aste artekoa da, eta hiru egonaldi mota daude:

–Behaketa bidezko ikaskuntza (job shadowing).

–Prestakuntza ikastaroak.

–Irakaslana ikastetxeetan.

Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiak, Lanbide Heziketako Proiektuen eta Kualifikazioen Zerbitzuaren bidez, banakako mugigarritasuneko proiektu horien ildo estrategikoak eta parte hartuko duten irakasleak hautatzeko irizpideak zehaztuko ditu, bai eta proiektuak antolatu eta garatzeko behar diren beste alderdi batzuk ere. Lanbide Heziketako Proiektuen eta Kualifikazioen Zerbitzuko Lanbide Heziketa Nazioarteratzeko Bulegoak kudeatuko ditu proiektuok.

c) Europako beste ikastetxeetako ikasleen eta irakasleen harrera. Europako beste ikastetxe batzuekin harremanetan hasteko, hala ikasleen nola irakasleen mugigarritasuna bultzatzeko eta nazioarteko proiektuetan parte-hartzea sustatzeko, Lanbide Heziketako ikastetxeek Europako beste ikastetxe batzuetako ikasleak eta irakasleak hartuko dituzte, Lanbide Heziketako Proiektuen eta Kualifikazioen Zerbitzuak proposaturik. Harrera horien bidez lortu nahi den helburua da bertako eta atzerriko ikasle eta irakasleak inplikatzea elkarlana eta sinergiak sustatzen dituzten jardueretan, etorkizunean lankidetza egon dadin.

Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiak, Lanbide Heziketako Proiektuen eta Kualifikazioen Zerbitzuaren bidez, Europako ikastetxeetako bisita eta harrera proposamenak baimenduko ditu. Lanbide Heziketa Nazioarteratzeko Bulegoak bideratuko ditu Europako ikastetxeetako proposamen baimenduak, eta harremanetan jarriko da Nafarroako Lanbide Heziketako ikastetxeekin, egin beharreko harrerak banatu eta antolatzeko, eta proposamenei behar bezalako arreta emateko. Bisitariei harrera eginen dien Lanbide Heziketako ikastetxean nazioarteratze arduradun denak diseinatuko du prestakuntza programa, Lanbide Heziketa Nazioarteratzeko Bulegoaren laguntzaz, eta bisitari taldeari arreta emanen dio egonaldiak iraun bitarte.

d) Bestelako proiektuak. Lanbide Heziketako Proiektuen eta Kualifikazioen Zerbitzuak laguntza eta aholkuak emanen dizkie nazioarteratze proiektuak dituzten Lanbide Heziketako ikastetxeei, Lanbide Heziketa Nazioarteratzeko Bulegoaren bitartez. Izan ere, baliabideak emanen dira bermatzeko ahalik eta aukera gehien daudela LHko ikasle eta irakasleek atzerrian egonaldiak egiteko.

LHko ikastetxe publikoko zuzendariak nazioarteratze arduradunak ematen dion informazioa helarazi beharko dio Lanbide Heziketako Proiektuen eta Kualifikazioen Zerbitzuari, Lanbide Heziketarekin lotuta sustatzaile edo laguntzaile gisa parte hartzen duten nazioarteko mugigarritasun programei eta bestelako nazioarteratze proiektuei buruz. Informazio hori honako helbide elektronikoetara bidali beharko da:

scualiedu@navarra.es

fpeuropa@educacion.navarra.es

Eskatutako proiektuaren eskaera onetsiaren kopia erantsi beharko da, bai eta eskatzen zaion beste edozein informazioarena ere.

Bestetik, Lanbide Heziketa Nazioarteratzeko Programaren esparruan, Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiko Zerbitzuek kudeatzen dituzten Europako proiektuen parte-hartzea izanen da (POCTEFA, ERASMUS+ KA2), eta, horietarako, zilegi izanen da ikastetxeetan nazioarteratze kontuez arduratzen diren irakasleen laguntza eskatzea.

Behar bada, Lanbide Heziketako Proiektuen eta Kualifikazioen Zerbitzuak berariazko jarraibideak emanen ditu aurreko ataletan aipatu diren mugigarritasun eta nazioarteko proiektuetarako.

2023-2024 ikasturtean, ikastetxeek Lanbide Heziketa Nazioarteratzeko Programan parte har dezaten funtsezko elementu gisa, jarraibide hauek ezarri dira:

3.1. Ikastetxeetako nazioarteratze arduradunak.

Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiak erabaki du eskola-orduak eslei dakizkiela plantillan ikastetxe bateratu publikoei, 2023-2024 ikasturtean, ‘Ikastetxe bateratua. Nazioarteratzea’ kontzeptupean, ikastetxe bateratu gisa dituzten eginkizunak egiteko; eskola-ordu horiek Lanbide Heziketaren nazioarteratze esparrurako bideratuko dira. BHIetan eta Arte eta Goi Mailako Diseinuko Eskoletan, ‘LH-Sistema’ kontzeptuan esleitutako guztizko ordu kopurutik aterako dira eskola-ordu horiek. Orduak zer irakasleri esleitzen zaizkion, haren ordutegi pertsonalean agertuko dira, "LH-NAZ1" siglaren bidez, "eskola-ordu gisa zenbatzen diren orduak" atalean.

Ikastetxe bateratu bakoitzeko zuzendaritzak, bere autonomiaren esparruan, nazioarteratze arduraduna izendatuko du, eta hark prestatu beharko du nazioarteratzeko urteko plana. Ikastetxeak Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi beharko dio nor izendatzen den zeregin horretarako 2023ko irailaren 15a baino lehen.

3.2. Lanbide Heziketa Nazioarteratzeko Programa ikastetxean inplementatzea.

Zuzendariei dagokie gidaritza hartzea ikastetxean Lanbide Heziketa Nazioarteratzeko Programa inplementatzeko eta garatzeko. Horregatik, Lanbide Heziketa Nazioarteratzeko Programa garatzen lagunduko duten egiturak eta dinamikak sortu beharko dituzte.

Horretarako, honako jarraibide hauek hartuko dira kontuan:

a) Ikastetxeek beren proiektu funtzionalean eta urteko jarduketa planean (‘Lanbide Heziketako planak, proiektuak eta berariazko programak’ izeneko kapituluan) ezarri beharko dute Lanbide Heziketa Nazioarteratzeko Programa nola zehaztuko den urte bakoitzean. Urteko plan horretan azalduko da nola inplementatuko den Lanbide Heziketa Nazioarteratzeko Programa; egitura operatiboa izanen da, exekuzioa eta jarraipena erraztuko dituena, eta honako hauek definituko ditu: helburuak, adierazleak, noraino iritsi nahi den, ekintzak, arduradunak, denbora-plangintza eta ebaluazioa.

b) Ikastetxeak lehentasun gisa ezartzen ahalko ditu, bere prestakuntza plan instituzionalaren barruan, Lanbide Heziketa nazioarteratzeko prestakuntza ekintzak, klaustro osoari edo irakasle talde bati zuzentzen ahal zaizkionak. Gainera, instituzionaltzat joko da irakasleek banaka egindako prestakuntza, baldin eta Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiak eskaintzen badu Lanbide Heziketako Proiektuen eta Kualifikazioen Zerbitzuaren bidez.

c) Zuzendaritza-taldeak, Nafarroako Irakaskuntza Publikoaren Kalitatea Hobetzeko Itunaren ondorioz zuzeneko irakaskuntzan egin den murrizketa dela-eta, eskola-ordu gisa kontatzen diren bi orduetatik bat gutxienez esleitzen ahalko dio irakasle bati edo hainbat irakasleri, lanbide-arlo bakoitzeko, laguntzaile gisa aritzeko, dagokion lanbide-arloan, ikastetxeko nazioarteratze arduradunarekin. Orduak zer irakasleri esleitzen zaizkion, haren ordutegi pertsonalean agertuko dira, "LH-NAZ2" siglaren bidez, "eskola-ordu gisa zenbatzen diren orduak" atalean.

Ikastetxeko zuzendariak izendatuko ditu irakasle laguntzaile horiek, eta Lanbide Heziketako Proiektuen eta Kualifikazioen Zerbitzuari jakinaraziko zaizkio izendapen horiek, 2023ko irailaren 15a baino lehen. Honako helbide elektronikoetara bidali behar da jakinarazpena:

scualiedu@navarra.es

fpeuropa@educacion.navarra.es

d) Lanbide Heziketa Nazioarteratzeko Programa inplementatzeaz arduratzen direnen artean koordinazioa sustatzeko, ikastetxeko zuzendaritzak honako hau erraztuko du:

–Irakasle laguntzaileek c) apartatuan aipatzen diren eskola-orduetako bat esleituta edukitzea bere ordutegian, asteartetan, 13:00etatik 14:00etara.

–Ikastetxean Lanbide Heziketa nazioarteratzeaz arduratzen diren irakasleek ostegun goizetan izatea esleitutako eskola-orduak beren ordutegian.

e) Zuzendaritza-taldea saiatuko da nazioarteratze arduradunak klaustroetan parte har dezan, prestakuntza horren ezarpenarekin eta garapenarekin zerikusia duen guztia zabaltzeko.

f) Nazioarteratze arduraduna 2023-2024 ikasturte hasieran nazioarteratze arduradunentzat eginen den prestakuntza ikastarora bertaratu beharko da, eta honako eginkizun hauek izanen ditu:

–Ikastetxearen nazioarteratzeko urteko plana prestatzea, ikastetxeko zuzendaritzak ezarritako jarraibideekin bat.

–Lanbide Heziketako Proiektuen eta Kualifikazioen Zerbitzuarekiko solaskidea izatea, zuzendariarekin edo honek eskuordetzen duen pertsonarekin batera, Lanbide Heziketa nazioarteratzeari dagokion guztian.

–Irakasleen mugigarritasunerako taldeko eta banakako egonaldiei dagokienez: Ikastetxeko irakasleei informazioa ematea halako egonaldiei buruz, eta haietan parte-hartzea sustatzea; egonaldi horietarako behar den dokumentazioa kudeatzea ikastetxean.

–Europako beste ikastetxe batzuetako ikasleak eta irakasleak hartzeari dagokionez: Zuzendaritza-taldeari jakinaraztea zer harrera proposamen eginen diren ikastetxean; harrera egonaldiak antolatzen laguntzea Lanbide Heziketa Nazioarteratzeko Bulegoari; harrera programa irakasle laguntzaileekin eta Lanbide Heziketako ikastetxeko irakasle taldearekin kudeatzea eta garatzea.

–Nazioarteratzeko beste proiektu batzuei dagokienez: Ikastetxeko Europako proiektuak kudeatzea, ikastetxeari dagokion mailan, Lanbide Heziketa Nazioarteratzeko Bulegoaren eta proiektuan parte hartzen duen ikastetxeko irakasleen arteko komunikazioa bideratuz; Lanbide Heziketako Proiektuen eta Kualifikazioen Zerbitzuari informazioa ematea ikastetxeak kudeatzen dituen nazioarteratze proiektuei buruz.

–Beste edozein proiekturi dagokionez: hedapena egitea ikastetxearen web-orriaren edo sare sozialen bidez.

–Hezkuntza Departamentuko Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiak edo indarreko arauzko xedapenek zehazten duten beste edozein.

g) Europako proiektuetan parte hartzen dutenek edo nazioarteko egonaldi bat egiten dutenek ziurtagiri bat jasoko dute, Lanbide Heziketako Proiektuen eta Kualifikazioen Zerbitzuak emanen dituen jarraibideekin bat.

3.3. Lanbide Heziketako ikastetxe publikoen arteko lankidetzaren sustapena, Lanbide Heziketa nazioarteratzearen arloan.

Lankidetza ekintzak sustatuko dira Nafarroako Lanbide Heziketako ikastetxe publikoen artean, Lanbide Heziketa nazioarteratzeko ekintzak garatzeko. Horretarako, Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiak lantalde bat sortuko du, ikastetxe bakoitzeko ordezkari batek eta zuzendaritza nagusiaren ordezkariek osatua.

3.4. Egonaldiak egiteko lehentasunak.

Egonaldiak esleitu behar direnean, lehentasuna izanen dute ebazpen honetan azaltzen diren programekin loturiko proiektuetan parte hartzen dutenek, baldin eta egonaldiek zerikusia badaukate partaide diren programako esparruarekin.

3.5. Parte-hartzearen egiaztapena.

Egiaztapena emanen zaie 2021-2027 aldian Erasmus+, eTwinning eta Interreg-POCTEFA programen barruko proiektuetan edo Europako beste ekimen batzuetan parte hartzen duten irakasleei.

4.–Lanbide Heziketa Duala.

Lanbide Heziketaren antolamenduari eta integrazioari buruzko martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoak bere 55. artikuluan ezarri du ezen Lanbide Heziketako C eta D graduetako eskaintza osoak izaera duala izanen duela –orain arteko Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionala ordezten duen gaitasun profesionalen estandarren Katalogo Nazionalaren araberakoa da eskaintza–; horrek esan nahi du D graduko eta oinarrizko, erdi mailako eta goi mailako zikloen eskaintza osoa duala izanen dela, eta horrek eskatzen duen bezala garatuko dela.

Martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoaren 65. artikuluan ezartzen da Lanbide Heziketako eskaintzan D gradukotzat jotzen diren zikloak ziklo dual gisa garatuko direla, bi araubide hauetako batean:

a) Araubide orokorra. Araubide orokorraren bereizgarriak hauek dira, besteak beste: enpresan egiten den prestakuntza-denbora prestakuntza osoaren %25 eta %35 bitartekoa izanen da (%20 oinarrizko mailako zikloen kasuan), eta enpresan egin beharreko prestakuntza-denbora hori heziketa zikloaren bi ikasturteetan banatuko da (%20 oinarrizko mailako zikloen kasuan).

b) Araubide intentsiboa. Araubide intentsiboaren bereizgarriak hauek dira, besteak beste: enpresan egiten den prestakuntza-denbora prestakuntza osoaren %35 baino handiagoa da, eta prestakuntzako lan-kontratua dago, dagozkion lan arloko legeetan ezarritakoaren araberakoa; Lanbide Heziketaren sistemako araubide honek berezko dituen berezitasunak ere baditu.

Ikastetxe bateratuko zuzendariak lantalde bat osatuko du, eta horretan aztertuko dira heziketa zikloetan gertu ezartzekoa den dualtasunak eta eskainiko diren bi araubideek ekarriko dituzten gorabeherak.

4.1. Lanbide Heziketa Dualeko proiektuen garapena.

2023-2024 ikasturterako, jarraibide hauen arabera garatuko dira Lanbide Heziketa Dualeko proiektuak:

a) Lankidetza hitzarmenak enpresekin: Ikastetxeak lankidetza hitzarmen bat izenpetuko du Lanbide Heziketa Dualeko proiektuan parte hartzen duen kasuan kasuko sektoreko enpresa bakoitzarekin.

b) Prestakuntza programak. Azaroaren 8ko 1529/2012 Errege Dekretuaren 30. artikuluarekin bat, prestakuntza programa bat erredaktatuko da, programa osatzen duten lanbide modulu bakoitzaren programazioak bilduko dituena. Ikastetxean modulu bakoitzaren titular den irakasleak prestatuko du, ukitutako enpresen arduradunekin elkarlanean.

Programazioek, gutxienez, honako hauek bilduko dituzte: lanbide moduluei dagozkien ikasketa emaitzak lortzeko ikastetxean eta enpresan egin beharreko jarduerak; haien iraupena; ikasleek egiten duten jardueran informazioa biltzeko dituzten tresna eta prozedurak; eta hura ebaluatu eta kalifikatzeko irizpideak.

Nolanahi ere, programazio horiek prestakuntzaren ezaugarrietara egokituko dira, dagokion Lanbide Heziketa Dualeko proiektuan xedatzen denaren arabera, eta, gainera, goi mailako heziketa zikloen bigarren mailan, amaierako ebaluazioa egiteko deialdietarako ezarritako datak aurreikusi beharko dira. Ikastetxeek kontuan hartu beharko dute ezen, unibertsitatean sartzeko ebaluazio proba egin nahi duten goi mailako heziketa zikloetako ikasleentzat, modulu guztien amaierako ebaluazioari dagozkion kalifikazioak entregatzeko azken data maiatza izanen dela, salbu eta Lantokiko Prestakuntza moduluei eta proiektuari dagozkienak. Halaber, ikastetxeek erraztu behar dute modulu guztiak gainditu dituzten ikasleek, salbu eta Lantokiko Prestakuntza moduluak eta proiektua, aukera izan dezaten unibertsitatean sartzeko ebaluazio probaren deialdi arruntean parte hartzeko. Beraz, maiatzaren muga-egun horretarako, garatuta eta ebaluatuta egonen da Lanbide Heziketa Dualeko proiektu bat egiten ari diren ikasleen prestakuntza programa; hala, egun hori iraganda, ikasleak enpresan egiten duen egonaldia Lantokiko Prestakuntza moduluaren orduak izanen dira soil-soilik.

Lanbide Heziketa Dualaren programen berezitasunak kontuan hartuta eta ikusita irakasleen eguneroko jardueran sartuta daudela, Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuak informazioa igortzen ahalko dio Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, programazioak gainbegiratzeko eta kontrolatzeko beharrezkotzat jotzen diren alderdietan lagundu dezaten.

LH Dualaren esperientzia pilotuen lantaldearen babesean egiten diren heziketa ziklo dual esperimentalen kasuan, prestakuntza programak ikaskuntzaren emaitzen arabera eginen dira. Halako zikloetako ikasleek zikloaren lehenbiziko mailan eta bigarrenean eginen duten enpresan egin beharreko egonaldia. 16 urtetik beherako ikasleek ezin izanen dute parte hartu heziketa ziklo dual esperimental hauetan. Ikasle guztiek gaindituta eduki beharko dute lan arriskuen prebentzioko oinarrizko prestakuntza.

c) Tutoretzak: Enpresan egiten den prestakuntzaren jarraipena egiteko ikastetxeko zuzendaritzak izendatzen duen tutoreak, Lanbide Heziketa Dualeko esperientziaren arduraduna den aldetik, programazioak gainbegiratu eta koordinatuko ditu, eta haren ardura izanen da enpresak, prestakuntza programaren tutore gisa aritzeko, izendatzen duen pertsonari helaraztea kasuan kasuko irakasle titularrek egiten dituzten lanbide moduluen programazioak. Orobat, haien garapena gainbegiratuko du.

Enpresak izendatutako tutorearekin hilean behingo bilerak egiteko egutegia prestatu beharko du ikastetxeko zuzendaritzak izendatutako tutoreak. Bilera horien xedea prestakuntza jarduera koordinatzea izanen da, bai enpresakoa bai ikastetxekoa. Orobat, prestakuntza programari dagozkion moduluetako irakasleekin biltzeko egutegia prestatu beharko du, enpresan egiten diren prestakuntza jarduerei irakasle taldeak egindako jarraipena koordinatzea eta haiek ebaluatzea helburu.

d) Lantokiko Prestakuntza modulua: Lanbide Heziketa Dualeko proiektuan parte hartzen duten heziketa zikloetan, Lantokiko Prestakuntza modulua ikasleak enpresan egiten duen jardueraren barrenean sartuko da, eta hura bukatu ondoren ebaluatu eta kalifikatuko da. 13.2 apartatuan zehaztutakoa kontuan hartu beharko da unibertsitatean sartzeko ebaluazio proba eginen duten ikasleentzat. Ikasturte batean edo bitan eginen da, Lanbide Heziketa Dualeko kasuan kasuko proiektuan ezarritakoari jarraikiz.

e) Proiektuaren modulua: Ikasleek heziketa zikloaren bigarren maila hasten dutenetik aurrera egin dezakete modulu hori.

f) Lanbide moduluen ebaluazioa: Lanbide Heziketa Dualeko proiektuari dagokion prestakuntza programarako tutore izendatzen den irakaslearen ardura izanen da ebaluazioa koordinatzea, parte hartzen duten ikastetxeko irakasleekin eta enpresako tutoreekin.

Ikastetxean, modulu bakoitzaren irakasle titularrek honako hauek eginen dituzte:

–Ikasleek enpresan jasotzen duten prestakuntza eta lortzen duten aurrerapena gainbegiratzea.

–Lanbide moduluak ebaluatzea.

Enpresak izendatutako tutoreak lanpostuko jardunari buruz egindako txostena hartu beharko dute kontuan, hots, egindako jardueren emaitza jasotzen duena; orobat, enpresako prestatzaileen beste edozein ekarpen eta ikastetxeko tutoreak ikasleek enpresan egindako prestakuntzaren jarraipenari buruz jasotzen duen informazioa.

Nafarroako hezkuntza sistemaren Lanbide Heziketa ebaluatzeko indarreko araudian ezarritakoa aplikatuko da.

Lanbide Heziketa Dualeko proiektu esperimentalean erabilitako deialdiak hartuko dira kontuan aurreko paragrafoan aipatutako indarreko araudian ezartzen diren deialdien gehieneko konputuaren ondorioetarako.

g) Lanbide Heziketa Dualaren egiaztagiriak: Hezkuntzako kontseilariaren martxoaren 5eko 21/2019 Foru Aginduan ezarritako ikasketa ziurtagiriak eta ebaluazio agiriak betetzean (foru agindu horren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza sistemaren Lanbide Heziketako erdi eta goi mailako ikasleen ebaluazioa, titulazioa eta ikasketen egiaztapena arautu ziren), adierazi beharko da Lanbide Heziketa Dualari dagokion modalitatea "Modalitate duala" dela (orain arte, "Lana-Prestakuntza" deitzen zena).

4.2. Ezarpenerako egutegia.

Apirilaren 11ko 278/2023 Errege Dekretuaren bidez arautu da Lanbide Heziketaren sistema ezartzeko egutegia, Lanbide Heziketako antolamenduari eta integrazioari buruzko martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoan ezarritakoa. Errege dekretu horren 11. artikuluak honako hau xedatzen du, D graduko eskaintzei dagokienez:

–2023-2024 ikasturtean ezarriko da, apurka-apurka, D graduko heziketa zikloen lehenbiziko ikasmaila, hezkuntza administrazio bakoitzak bere plangintza-irizpideei jarraikiz egoki jotzen dituen zikloena.

–2024-2025 ikasturtean buru emanen zaio heziketa ziklo guztien lehenbiziko ikasmailaren ezarpenari; halaber, aurreko ikasturtean hezkuntza administrazioek erabakita lehenbiziko ikasmaila ezarri zuten zikloetako bigarren ikasmaila ezartzen jarraituko da.

–2025-2026 ikasturtean, buru emanen zaio heziketa ziklo guztien bigarren ikasmailaren ezarpenari.

Adierazitako ezarpen-egutegiaren zehaztapena ikusita, 2022-2023 ikasturtean esperientzia pilotuen lantalde bat osatu da, oinarri harturik Lanbide Heziketaren antolamenduari eta integrazioari buruzko martxoaren 21ko 3/2022 Lege Organikoan jasotzen den dualtasuna. Taldea osatzen dute, batetik, talde horretan lan egin nahi dutela adierazi duten ikastetxeek, eta, bestetik, Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusian dauden LH Dualaren teknikari-arduradunek. Esperientzia pilotuen talde honetan egindako lanari esker, 2023-2024 ikasturtean martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoan definitutako dualtasuna oinarri hartuta antolatutako heziketa ziklo esperimental dualak eskainiko dira. Talde horrek lanean jarraituko du 2023-2024 ikasturtean ere, eta esperientzia horretatik ondorio batzuk aterako dira, D graduko zikloetan dualtasuna ezartzeari begira, 2024-2025 ikasturterako ezarrita egon behar da eta.

5.–KIMUA programa. Proiektuetan oinarritutako elkarlaneko ikaskuntza (POEI).

Lanbide Heziketaren arloan, jarduketa ildo nagusietako bat da ikaskuntza metodologia aktiboak, zehazki proiektuetan oinarritutako elkarlaneko ikaskuntza (POEI), erabil daitezela bultzatzea.

KIMUA programa Nafarroako Lanbide Heziketako ikastetxe guztietan ezarri da azken urteotan, honako jarduketa printzipio hauetan oinarrituta: Erantzukizun partekatua - Sareko lana - Malgutasuna - Metodo berriei bide ematea - Taldean lan egitea - Irakasle taldeen koordinazioa.

2023-2024 ikasturtean KIMUA programa garatzen jarraitzeko funtsezko elementu gisa, jarraibide hauek ezarri dira:

5.1. KIMUA programaren jarraipena.

Lanbide Heziketako Proiektuen eta Kualifikazioen Zerbitzuari dagokio KIMUA programa gainbegiratzea eta haren jarraipena egitea 2023-2024 ikasturtean. Era berean, aholkularitza eskatzen duten ikastetxeei aholku emanen die.

5.2. KIMUA eredua ikastetxeetan finkatzea.

Ikastetxeetako zuzendariei dagokie gidaritza hartzea beren ikastetxeetako aldaketa metodologikoari dagokionez; horrenbestez, metodologia aktiboak garatzeko bide emanen duten egitura funtzionalak sortu beharko dituzte, eta orobat, neurriak hartuko dituzte ordutegiak, espazioak, irakasleak eta abar egon daitezen.

Horretarako, honako jarraibide hauek hartuko dira kontuan:

a) Ikastetxeek beren proiektu funtzionalean eta urteko jarduketa planean (‘Lanbide Heziketako planak, proiektuak eta berariazko programak’ izeneko kapituluan) ezarri beharko dute KIMUA programa nola zehaztuko den urte bakoitzean. Urteko plan horretan zehaztuko da zenbateraino hartu diren metodologia aktiboak eredu pedagogiko gisa, eta planak egitura operatiboa izanen du, programaren exekuzioa eta jarraipena erraztuko dituena, eta, besteak beste, honako hauek definituko ditu: langileen prestakuntza, programazioen garapena eta lankidetza proiektuak, adierazleak, noraino iritsi nahi den, ekintzak, arduradunak, denbora-plangintza eta ebaluazioa.

b) Ikastetxeak lehentasun gisa ezartzen ahalko ditu, bere prestakuntza plan instituzionalaren barruan, metodologia aktiboei buruzko prestakuntza ekintzak, klaustro osoari edo irakasle talde bati zuzentzen ahal zaizkionak. Gainera, instituzionaltzat joko da irakasleek banaka egindako prestakuntza, baldin eta KIMUA programaren prestakuntza bada eta Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiak eskaintzen badu Lanbide Heziketako Proiektuen eta Kualifikazioen Zerbitzuaren bidez.

c) Zuzendaritza-taldeak, Nafarroako Irakaskuntza Publikoaren Kalitatea Hobetzeko Itunaren ondorioz zuzeneko irakaskuntzan egin den murrizketa dela-eta, eskola-ordu gisa kontatzen diren bi ordu esleituko dizkio irakasle bati, KIMUA programaren erreferentziazko irakaslearen eginkizunetan aritzeko. Orduak zer irakasleri esleitzen zaizkion, haren ordutegi pertsonalean agertuko dira, "LH-KIM1" siglaren bidez, "eskola-ordu gisa zenbatzen diren orduak" atalean.

Horrez gain, zuzendaritza-taldeak, Nafarroako Irakaskuntza Publikoaren Kalitatea Hobetzeko Itunaren ondorioz zuzeneko irakaskuntzan egin den murrizketa dela-eta, eskola-ordu gisa kontatzen diren bi orduetatik bat gutxienez esleituko dio irakasle bati lanbide-arlo bakoitzeko, KIMUAko dinamizatzaile gisa aritzeko, dagokion lanbide-arloan. Orduak zer irakasleri esleitzen zaizkion, haren ordutegi pertsonalean agertuko dira, "LH-KIM2" siglaren bidez, "eskola-ordu gisa zenbatzen diren orduak" atalean.

Ikastetxeko zuzendariak izendatuko ditu irakasle horiek, eta Lanbide Heziketako Proiektuen eta Kualifikazioen Zerbitzuari jakinaraziko zaizkio izendapen horiek, 2023ko irailaren 15a baino lehen. Honako helbide elektronikoetara bidali behar da jakinarazpena:

scualiedu@navarra.es

metodologíasactivas.fp@educacion.navarra.es

Era berean, Lanbide Heziketako Proiektuen eta Kualifikazioen Zerbitzuak ikastetxeetako zuzendariekin partekatuko duen "KIMUA lantaldea 2023-2024 ikasturtea" agirian agertuko dira.

d) Lanbide Heziketako Proiektuen eta Kualifikazioen Zerbitzuaren eta KIMUA programaren erreferentziazko irakaslearen arteko komunikazio egokia egon dadin sustatzeko, ikastetxeko zuzendaritza saiatuko da:

–KIMUA programaren erreferentziazko irakasleak c) apartatuan aipatzen diren eskola-orduetako bat esleituta eduki dezan bere ordutegian, asteazkenetan, 13:00etatik 14:00etara.

–KIMUA programaren dinamizatzaileek c) apartatuan aipatzen den eskola-ordua esleituta eduki dezaten bere ordutegian, asteazkenetan, 13:00etatik 14:00etara. Ikastetxearen antolaketa arrazoiak direla-eta ezin bazaie ordu hori dinamizatzaile guztiei esleitu, gomendioa da ordu amankomunak esleitzea zenbait dinamizatzaileri, KIMUA ereduko esparruko koordinazio lanak egin ahal izateko eta hobetzeko.

e) –KIMUA programaren erreferentziazko irakasleak, KIMUA programaren garapen esparruan, honako eginkizun hauek izanen ditu:

–Ikastetxearen KIMUA programa - proiektuetan oinarritutako elkarlaneko ikaskuntza delakoaren urteko plana prestatzea, ikastetxeko zuzendaritzak ezarritako jarraibideekin bat.

–Lanbide Heziketako Proiektuen eta Kualifikazioen Zerbitzuarekiko solaskidea izatea, zuzendariarekin edo honek eskuordetzen duen pertsonarekin batera, KIMUA programa - proiektuetan oinarritutako elkarlaneko ikaskuntzari dagokion guztian.

–Lanbide Heziketako Proiektuen eta Kualifikazioen Zerbitzuarekin elkarlanean aritzea KIMUA programari loturik ikastetxean egitekoa den edozein jarduketarako.

–Proiektuak KIMUA webgunean hedatzea: https://sites.google.com/educacion.navarra.es/acbp-en-fp/inicio.

–Askotariko lanbide-arlotako dinamizatzaileei aholku ematea KIMUAko dinamizatzaile gisa dituzten zereginetan.

–Hezkuntza Departamentuko Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiak edo indarreko arauzko xedapenek zehazten duten beste edozein.

f) Ikastetxeko KIMUAko irakasle dinamizatzaileek, zeinek bere lanbide-arloan, KIMUA programaren garapen esparruan, honako eginkizunak izanen dituzte:

–Bere lanbide-arloko departamentuko buruari informazioa ematea KIMUA programaren urteko planaren garapenari buruz eta bere lanbide-arloko proiektuetako bakoitzaren jarraipenari buruz. Informazio hori departamentuko bileretan emanen da. Ziklo bakoitzeko koordinazio arduradunak koordinazio bileretara eramanen du KIMUA programaren urteko planari buruz eta proiektuen jarraipenari buruz bildutako informazioa.

–Heziketa zikloko gaitasunen mapa erabil dadila sustatzea, oinarri harturik Lanbide Heziketaren Berrikuntzaren eta Nazioartekotzearen Atalak garatutako eredua.

–KIMUA programa ezartzeari eta garatzeari loturik dauden prestakuntza premiak diagnostikatzea, nork bere lanbide-arloko heziketa zikloetan.

–Elkarlanean aritzea espazio eta baliabide didaktikoen erabilera arrazionalizatu eta koordinatzeko, zenbait lanbide moduluren edo heziketa zikloren artean partekatzen badira, batez ere KIMUA programa ezartzeko eta garatzeko baliatzen direnak.

–KIMUA metodologia integratzea eta gauzatzea, ikasgelan, proiektuak egiterakoan.

–Ikastetxeko KIMUA programaren erreferentziazko irakasleari laguntza ematea.

g) Bestetik, ikastetxeko zuzendaritzak bidea erraztuko die KIMUA programa –urteko planean adierazitakoarekin bat– dagokien zikloan inplementatu eta zehazteko konpromisoa hartuta hartan parte hartzen duten irakasleei, Nafarroako Irakaskuntza Publikoaren Kalitatea Hobetzeko Itunaren ondorioz zuzeneko irakaskuntzan egin den murrizketa dela-eta eskola-ordu gisa kontatzen diren bi orduetatik bat gutxienez eslei dakien KIMUA programa bultzatzen duen aplikazio metodologikorako. Orduak zer irakasleri esleitzen zaizkion, haren ordutegi pertsonalean agertuko dira, "LH-KIM3" siglaren bidez, "eskola-ordu gisa zenbatzen diren orduak" atalean.

h) Zuzendaritza-taldea saiatuko da KIMUA programaren erreferentziazko irakasleek eta dinamizatzaileek klaustroetan parte har dezaten, KIMUA programaren ezarpen eta garapenarekin zerikusia duen guztiaren berri emateko.

i) Zuzendaritza-taldeak KPBan parte hartzeko aukera emanen dio KIMUA programaren erreferentziazko irakasleari, baldin eta ikastetxeko organo horri programari buruzko informazioa ematea beharrezkoa dela jotzen bada.

5.3. Lanbide Heziketako ikastetxeen arteko lankidetzaren sustapena, berrikuntza metodologikoaren arloan, Lanbide Heziketaren esparruan.

Lankidetzarako ekintzak bi mailatan sustatuko dira:

a) Nafarroako Lanbide Heziketako ikastetxe publikoen artekoak, berrikuntza metodologikoaren arloko ekintzak garatzeko KIMUA programaren esparruan. Horretarako, Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiak lantalde bat sortuko du, ikastetxe bakoitzeko ordezkari batek eta zuzendaritza nagusiaren ordezkariek osatua.

b) Europako Lanbide Heziketako ikastetxeen artekoak, eTwinning plataformaren bidez. Horretarako, "ABP sin fronteras" taldea sortu da, zeinetan parte hartuko baitute Nafarroako Foru Komunitateko eta beste herrialde batzuetako ikastetxeek.

6.–Berrikuntza proiektuak.

FPthink/Innova Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiaren programa bat da, berrikuntza proiektuak eta ezagutza trukatzea helburu harturik Lanbide Heziketako ezagutzak eguneratzea eta enpresen, inguruko bestelako erakundeen eta Lanbide Heziketako ikastetxeen artean elkarlanean aritzea sustatzen duena.

6.1. FPthink/Innova programaren helburuak.

Hauek dira FPthink/Innova programaren helburuak:

–Berrikuntza eta ikerketa aplikatua sustatzea Lanbide Heziketaren sistemako ikastetxe publikoetan.

–Nafarroako Lanbide Heziketaren kalitatea eta efizientzia hobetzen laguntzea.

–Lankidetza sustatzea Lanbide Heziketako ikastetxeen, enpresen eta beste eragile batzuen artean, produktu eta zerbitzu berritzaileak bi norabideetan trukatzeko.

–Lanbide Heziketarako hezkuntza baliabide berriak garatzea.

–Berrikuntzaren eta ikerketa aplikatuaren arloko prestakuntza etengabea sustatzea irakasleen artean.

–FPthink/Innova programaren emaitzen jarraipena eta ebaluazioa egiteko mekanismoak ezartzea, programa etengabe hobetzeko.

6.2. FPthink/Innova programaren proiektu motak.

FPthink/Innova programaren esparruan, 2023-2024 ikasturtean, programa generiko batzuk eginen dira, zeinetan parte hartzen ahalko baitute Nafarroako Lanbide Heziketako ikastetxeek. Proiektu horiek honelakoak izanen dira:

–Berrikuntzako edo sormeneko benetako erronkei irtenbide emateko proiektuak, sormena eta berrikuntza bultzatzen dituzten kanpoko enpresen plataforma informatikoek koordinatutakoak. Lanbide Heziketako ikastetxeek, nahi izanez gero, erronka horiek ebazteko lehiaketa batean parte hartzen ahalko dute. Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiak onetsiko du lehiaketa hori.

–Enpresek aurkeztu eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan ebatzitako erronkak garatzeko proiektuak.

Proiektuak zailtasun handikoak badira, Lanbide Heziketako ikastetxeek Lanbide Heziketako Proiektuen eta Kualifikazioen Zerbitzuko aholkularitza teknikoa izanen dute, Lanbide Heziketaren Berrikuntzaren eta Nazioartekotzearen Atalaren bidez, proiektuak kudeatzen laguntzeko.

6.3. Berrikuntza proiektuen deialdia.

Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiaren martxoaren 13ko 82/2023 Ebazpenaren bidez, 2022-2023 eta 2023-2024 ikasturteetan garatu beharreko berrikuntza proiektuen deialdia onetsi zen Lanbide Heziketako irakaskuntzetarako eta arte plastikoetako eta diseinuko lanbide irakaskuntzetarako, irakaskuntza horiek Nafarroan ematen dituzten ikastetxe publikoentzat.

Proiektu bakoitzean erreferentziazko irakasle bat izanen da, eginkizun hauek izanen dituena:

–Berrikuntza proiektuan parte hartzen duen taldearekiko lan saioak egitea.

–Berrikuntza proiektuaren jarraipena egiteko dokumentazioa eta amaierako memoria prestatzea.

–Proiektuaren lantaldea ordezkatzea Lanbide Heziketako Proiektuen eta Kualifikazioen Zerbitzuarekiko elkarrizketan.

Zuzendaritza-taldeak, Nafarroako Irakaskuntza Publikoaren Kalitatea Hobetzeko Itunaren ondorioz zuzeneko irakaskuntzan egin den murrizketa dela-eta, eskola-ordu gisa kontatzen diren bi ordu esleituko dizkie proiektuan parte hartzen duten hiru irakasleri, gehienez ere, berrikuntza proiektuaren erreferentziazko irakasleari dagozkion eginkizunak egin ditzaten, eta, horrez gain, 3 ordu osagarri, gehienez, bakoitzari. Orduak zer irakasleri esleitzen zaizkion, haren ordutegi pertsonalean agertuko dira: 2 ordu "eskola-ordu gisa zenbatzen diren orduak" atalean, "LH-BER1" siglaren bidez, eta 3 ordu bitarte, "ordu osagarriak" atalean, "LH-BER2" siglaren bidez.

Martxoaren 13ko 82/2013 Ebazpenaren bidez araututako deialdiko berrikuntza proiektuetan parte hartzen duten irakasleek eskubidea dute berrikuntza arloko 40 orduko ziurtagiri bat jasotzeko.

Berrikuntza proiektuak dituzten Lanbide Heziketako ikastetxe publikoek Lanbide Heziketako Proiektuen eta Kualifikazioen Zerbitzuaren laguntza izanen dute. Ikastetxeek Hezkuntza Sistemako Lanbide Heziketarekin zerikusia duten berrikuntza proiektuei buruzko informazioa igorri beharko diote Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiari, baldin eta proiektuetan sustatzaile edo laguntzaile gisa parte hartzen badute, helbide elektroniko hauen bidez:

scualiedu@navarra.es

sinnovacion.berrikuntza@navarra.es

Eskatutako proiektuaren eskaera onetsiaren kopia erantsi beharko zaio informazioa emateko mezuari.

7.–Eraldaketa digitala. Teknologia aplikatuko ikasgelak (AtecA).

Teknologia aplikatuko ikasgelak (AtecA) Lanbide Heziketa Modernizatzeko Planaren funtsezko osagaietako bat dira. Plan hori Espainiako Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioak sustatu du, eta teknologia aplikatuko ikasgelen finantzaketa Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana (SEEP) - Next Generation EU delakoaren esparruan dago.

Lanbide Heziketan teknologia aplikatuko ikasgelak sortzea jarduketa estrategikoa da Espainiako LHren sistema modernizatzeko. Digitalizazioa, berrikuntza eta ekintzailetza txertatuta, baliabide multzo bat emanen zaie, lurralde lankidetzaren esparruan, prestakuntzarako, hazkunde ekonomiko eta sozialerako eta enplegagarritasunerako.

Hasiera batean hasi ziren ikastetxeei (Sakana LH IBP, Lizarrako IB Politeknikoa, ETI San Juan IBP, Lumbier LH IBP, Tafalla IBO, María Ana Sanz IB, Donapea IBP eta Burlada LH IB) beste hauek gehitu zaizkie: Virgen del Camino IBP, San Juan Donibane IB, Agroforestal IB, EGA BHI eta ETI Central IBP.

2023-2024 ikasturtean AtecA ikaslegen programa garatzeko funtsezko elementu gisa, jarraibide hauek ezarri dira:

7.1. AtecA ikasgelen helburuak.

Nafarroako teknologia aplikatuko ikasgeletarako, hauek dira lehentasunezko helburuak:

–Arazo bat konpondu edo hezkuntzako egoera bat hobetzen duten proiektuak sustatzea eta, ondorioz, praktikara eramatea modu frogatuan.

–Ikaskuntza digitalerako metodologiak sustatzea.

–Ikasleen gaitasun digitala bultzatzea.

–Ekoizpen sektorearekin elkarlana areagotzea, batez ere sektoreko enpresa txiki eta ertainekin eta mikroenpresekin.

–Ikastetxe bateratuan edo Lanbide Heziketako ikastetxean egiten ari diren ekimen ekintzaileei babesa ematea, bidea emanez ekoizpen sektorean berrikuntza ekarriko duten produktu prototipoak edo proiektuak diseinatzeko.

–Lanbide Heziketako irakaskuntzak ematen dituzten beste ikastetxe publiko batzuetan egiten ari diren ekimen sortzaileak laguntzea, baldin eta ez badute horrelako baliabide ekintzaile bat beren ingurune hurbilenean.

–Ezagutza-trukea sustatzea produkzio ingurunetik hezkuntza eremu profesionalera eta hezkuntza eremu profesionaletik produkzio ingurunera.

7.2. AtecA ikasgeletako erreferentziazko irakasleak.

Ikastetxe bateratu bakoitzeko zuzendaritzak, bere autonomia esparruan, AtecA ikasgelaren erreferentziazko irakaslea izendatuko du, eta hark prestatuko du teknologia aplikatuko ikasgelari lotutako proiektuak garatzeko urteko plana. Horretarako, abiapuntu hartuko ditu ikastetxeko irakasleek eta ikasgela horiek erabiltzen dituzten inguruneko beste eragile batzuek prestatutako proiektuak. Ikastetxeak Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi beharko dio nor izendatzen den erreferentziazko irakasle, 2023ko irailaren 15a baino lehen. Honako helbide elektronikoetara bidali behar da jakinarazpena:

scualiedu@navarra.es

sinnovacion.berrikuntza@navarra.es

7.3. AtecA ikasgelen ezarpena.

Ikastetxeko zuzendariei dagokie gidaritza hartzea AtecA ikasgelak ikastetxean ezartzeko, eta bertan garatzen diren proiektuak aurrera ateratzeko. Hori dela eta, proiektuak AtecA ikasgeletan ezartzea errazten duten egiturak eta dinamikak sortu behar dituzte.

Horretarako, honako jarraibide hauek hartuko dira kontuan:

a) Ikastetxeek beren proiektu funtzionalean eta urteko jarduketa planean ("Lanbide Heziketako planak, proiektuak eta berariazko programak" izeneko kapituluan) ezarri beharko dute nola zehaztuko diren urte bakoitzean AtecA ikasgeletako proiektuak. Urteko planean azalduko da nola inplementatuko diren AtecA ikasgelak, eta planak egitura operatiboa izanen du, exekuzioa eta jarraipena erraztuko dituena, eta honako hauek definituko ditu: helburuak, adierazleak, noraino iritsi nahi den, ekintzak, arduradunak, denbora-plangintza eta ebaluazioa.

AtecA ikasgelen urteko planak ikastetxeko ikasle guztiek ikasgela baliatzeko programazioa eduki beharko du, eta honako hauek zehaztu beharko dira: eginen diren jarduketak, ikasle taldea, heziketa zikloa, lanbide-arloa eta jarduerak AtecA ikasgelan egiten dituen ikastetxea. Plana Lanbide Heziketako Proiektuen eta Kualifikazioen Zerbitzuarekin partekatu beharko da, hark eskatzen duenean.

b) Ikastetxeak lehentasun gisa ezarriko ditu, bere prestakuntza plan instituzionalaren barruan, AtecA ikasgelei lotutako prestakuntza ekintzak, klaustro osoari edo irakasle talde bati zuzentzen ahal zaizkionak. Gainera, instituzionaltzat joko da irakasleek banaka egindako prestakuntza, baldin eta AtecA ikasgelekin lotuta badago eta Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiak Lanbide Heziketako Proiektuen eta Kualifikazioen Zerbitzuaren bidez eskaintzen badu.

c) Zuzendaritza-taldea saiatuko da AtecA ikasgelaren erreferentziazko irakasleek klaustroan parte har dezaten, ikasgela horiekin zerikusia duen guztiaren berri emateko.

d) Zuzendaritza-taldeak, Nafarroako Irakaskuntza Publikoaren Kalitatea Hobetzeko Itunaren ondorioz zuzeneko irakaskuntzan egin den murrizketa dela-eta, eskola-ordu gisa kontatzen diren bi ordu esleituko dizkio AtecA ikasgelaren erreferentziazko irakasleari. Orduak zer irakasleri esleitzen zaizkion, haren ordutegi pertsonalean agertuko dira, "LH-ATC1" siglaren bidez, "eskola-ordu gisa zenbatzen diren orduak" atalean.

e) Ikastetxeetan AtecA ikasgelen erreferentziazko irakasleen artean koordinazioa sustatzeko, ikastetxeko zuzendaritzak bideak jarriko ditu irakasle horiek asteartetan, 12:00etatik 14:00etara, izan ditzaten esleiturik d) apartatuan aipatzen diren bi eskola-ordu horiek.

f) AtecA ikasgelaren erreferentziazko irakasleak honako eginkizun hauek izanen ditu:

–AtecA ikasgelaren urteko plana prestatzea, ikastetxeko zuzendaritzak ezarritako jarraibideekin bat.

–Lanbide Heziketako Proiektuen eta Kualifikazioen Zerbitzuarekiko solaskidea izatea, zuzendariarekin edo honek delegatzen duen pertsonarekin batera, AtecA ikasgelei dagokien guztian.

–Teknologia aplikatuko ikasgela ikastetxean ezarri eta abiatu dadin dinamizatzea eta bultzatzea.

–Kudeaketa-lanak egitea ikastetxeko ikasle guztiek modua izan dezaten teknologia aplikatuko ikasgelarako programatutako ekintzak egiteko.

–Ikasgela ikastetxean ezartzeko logistika-lanak egitea eta Lanbide Heziketako Proiektuen eta Kualifikazioen Zerbitzuak horretarako egiten dituen bileretara joatea; halaber, ikasgelako eremuak instalatzeko eta erabiltzeko programatutako prestakuntza saioetara bertaratzea.

–Teknologia aplikatuko ikasgelako eremu guztiak behar bezala funtzionatzen dutela zaintzea, eta haietan gertatzen den edozein gorabeheraren berri ematea Lanbide Heziketako Proiektuen eta Kualifikazioen Zerbitzuari.

–AtecA ikasgelari lotuta irakasleek dituzten prestakuntza-beharrak diagnostikatzea.

–Ikasgela erabiltzeko aukeren berri ematea ikastetxean, eta egiten den erabileraren kontrola egitea.

–Hezkuntza Departamentuko Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiak edo indarreko arauzko xedapenek zehazten duten beste edozein.

AtecA ikasgelen erreferentziazko irakasleei berrikuntzaren arloko 40 ordu egiaztatuko zaizkie.

7.4. Lanbide Heziketako ikastetxe publikoen arteko lankidetzaren sustapena, AtecA ikasgelari lotutako proiektuen garapenean.

AtecA ikasgelak zuzenduta daude bai halako ikasgelak sortu dituzten ikastetxe bateratuetako ikasleei, bai oraindik horrelakorik sortu ez duten Lanbide Heziketako beste ikastetxe batzuetako ikasleei.

Lankidetza-ekintzak sustatuko dira, Nafarroako Lanbide Heziketako ikastetxe publikoen artean, Ateca ikasgelak erabiltzeko eta horiei loturiko proiektuak garatzeko. Horretarako, Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiak lantalde bat sortuko du, ikastetxe bakoitzeko ordezkari batek eta zuzendaritza nagusiaren ordezkariek osatua.

8.–Ekintzailetza gelak. INIZIA programa.

"INIZIA Nafarroa: Lanbide Heziketako ekintzailetza gelak" Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioaren Ekintzailetza Gelen Plana Nafarroan aplikatu eta garatzearen ondorio da. Plan hori, Europar Batasuneko SEM funtsen bidez finantzatua, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana (SEEP) - Next Generation EU delakoaren esparruan dago.

8.1. INIZIA helburuak.

Programa honen helburu orokorra da esperientzia ekintzaile bat eskaintzea, ikasleek ekintzailetza hobeto ezagutzeko (erronkak, arriskuak eta faseak barne) eta ohitu daitezen ekintzailetzari buruzko informazioarekin eta gakoekin lan egitera, halako moduz non gai izanen baitira, etorkizun hurbil edo urrunean, ekintzaile izatearen aukera baloratzeko, dagoeneko gertukoa eta ezaguna eginen zaielako ekintzailetza.

Nafarroan, honako hauek dira INIZIA programa - ekintzailetza gelen berariazko helburuak:

–Ikasleak sentsibilizatzea ekintzailetzan, oro har, eta bertsio sozial, jasangarri edo kolaboratiboetan.

–Gaitasun pertsonalak eta sozialak garatzea ikasleengan, beren aukera profesionalak areagotzeko.

–Ekintzailetzarako esperientziak sustatzea, horretarako egokia den gune bat sortuz ikastetxe bateratuetan, non irakasleek, ikasleek, ikasle ohiek, enpresa-sareko profesionalek eta administrazioko eragileek parte hartuko baitute.

–Espazio bat sortzea, non sormena, berrikuntza eta taldean lan egitea bilatuko baita, eta ondorioz, berrikuntza eta ekintzailetza.

–Ekintzailetzako hasierako esperientzia errealak eskaintzea parte hartzen duten ikasleentzat.

–Ikasleengan piztea enpresak sortzearekin loturiko kezkak, konfiantza, ilusio eta sormenarekin, beren burua lan-sortzaile moduan ikus dezaten.

–Ikasleak beren prestakuntzaz kontzientziatzea, autoenpleguaren bidez lan-munduan arrakastaz sar daitezen.

–Aldaketa metodologikoak bultzatzea, enplegua sortzeko ildoan materialak hautatu, bilatu eta lantzea dakartzaten jarduerak sustatuz.

–Ikastetxe bateratuen, enpresen, instituzioen eta inguruko erakundeen arteko lankidetza, laguntza eta aliantza sare bat sortzea, ekintzailetzarekiko konpromisoarekin.

Helburu hauek denak INIZIA programak bere baitan biltzen ditu, programa hori tresna ireki eta malgua baita, ikasleei lagunduko diena beren ibilbide profesionalean, eta gure gizartean ekosistema ekintzaile eta egonkorra sortzen lagunduko duena.

8.2. INIZIA programaren ezarpena ikastetxeetan.

Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiak egutegi bat ezarri du ekintzailetza gelak mailaz maila ezartzen joateko Lanbide Heziketako ikastetxeetan.

Ikastetxeetako zuzendaritza-taldeei dagokie gidaritza hartzea INIZIA programa - ekintzailetza gelak ezartzeko. Horretarako, ezinbestekoa izanen da dinamizazio talde bat osatzea, bi irakaslek, gutxienez, osatua: LPO departamentuko bat (eskolak ematen dituena ‘Enpresa eta Ekintzailetza’ lanbide moduluan), eta kasuan kasuko lanbide-arloaren departamentuko beste bat (programan sartuta dagoen lanbide-arlokoa). Horretarako, honako jarraibide hauek hartuko dira kontuan:

a) Ikastetxeek beren proiektu funtzionalean eta urteko jarduketa planean (‘Lanbide Heziketako planak, proiektuak eta berariazko programak’ izeneko kapituluan) ezarri beharko dute nola zehaztuko diren urte bakoitzean INIZIA programa - ekintzailetza gelen proiektuak. Urteko planean azalduko da nola inplementatuko den INIZIA programa - ekintzailetza gela. Planak egitura operatiboa izanen du, exekuzioa eta jarraipena erraztuko dituena, eta honako hauek definituko ditu: helburuak, arduradunak, denbora-plangintza eta ebaluazioa.

b) Ikastetxeak lehentasun gisa ezartzen ahalko ditu, bere prestakuntza plan instituzionalaren barruan, INIZIA programa - ekintzailetza gelari lotutako prestakuntza ekintzak, klaustro osoari edo irakasle talde bati zuzentzen ahal zaizkionak. Gainera, instituzionaltzat joko da irakasleek banaka egindako prestakuntza, baldin eta INIZIA programa - ekintzailetza gelarekin lotuta badago eta Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiak eskaintzen badu.

c) Zuzendaritza-taldeak, Nafarroako Irakaskuntza Publikoaren Kalitatea Hobetzeko Itunaren ondorioz zuzeneko irakaskuntzan egin den murrizketa dela-eta, eskola-ordu gisa kontatzen diren bi ordu esleituko dizkio INIZIA programa - ekintzailetza gelaren irakasle dinamizatzaileei (LPOko bati eta kasuan kasuko departamentu teknikoko beste bati). Orduak zer irakasleri esleitzen zaizkion, haren ordutegi pertsonalean agertuko dira, "LH-INZ1" siglaren bidez, "eskola-ordu gisa zenbatzen diren orduak" atalean.

d) Ikasle horien artean koordinazioa sustatzeko, ikastetxeko zuzendaritzak bideak jarriko ditu INIZIAren irakasle dinamizatzaileek ostegunetan, 12:00etatik 14:00etara, izan ditzaten esleiturik c) apartatuan aipatzen diren eskola-ordu horiek.

e) Zuzendaritza-taldea saiatuko da INIZIAren irakasle dinamizatzaileek klaustroetan parte har dezaten, ikasgela horiekin eta programarekin zerikusia duen guztiaren berri emateko.

INIZIA programa - ekintzailetza gelari lotutako jarduketak dinamizatzen dituen taldeak honako eginkizun hauek izanen ditu:

–Ikastetxeko INIZIA - ekintzailetza gelen programaren urteko plana prestatzea.

–Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuarekiko koordinazio eta elkarrizketa jarduketak bultzatzea, bai eta ikastetxeko departamentuen arteko koordinazioa ere.

–Proiektua garatzeko dinamizazio jarduketak egitea.

–Ikasleek programari dagokionez dituzten prestakuntza beharrak diagnostikatzea.

–Hezkuntza Departamentuko Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiak edo indarreko arauzko xedapenek zehazten duten beste edozein.

8.3. INIZIA programaren garapena ikastetxeetan.

INIZIA programaren lehentasunezko hartzaileak goi mailako zikloetako 2. ikasmailako ikasleak dira, gaitasun profesionalean autonomia handiagoa baitute erdi mailako zikloetako ikasleen aldean. Gainera, 2. ikasmailan, oro har, ‘Enpresa eta Ekintzailetza’ lanbide modulua ematen da.

INIZIA programaren garapenak bi helburu ditu:

–Batetik, zuzeneko lotura bilatu nahi du heziketa zikloa zer sektoretakoa den, sektore horretako errealitatearekin.

–Eta, bestetik, gizarteari balio ekonomikoa ez ezik eragin sozial positiboa ere ekarriko dion ekintzailetza bilatzea sustatu nahi du.

Horretarako, "kanpoko eragile" baten laguntza funtsezko osagaia da programarentzat, horrek lan erronka bat proposatuko baitie ikasleei. INIZIA programan laguntzaile diren kanpoko eragile horiek kasuan kasuko sektore profesionaleko erreferentziazko entitateak dira (gremioen elkarteak, ikerketa zentroak eta abar) edo entitate sozialak, zeinei balio ekarpenen bat egin dakiekeen, atzemandako hobekuntza arloren batean. Halako entitateen laguntza eta parte-hartzearen bidez ikasleak motibatzen dira, eta haien lan sektore profesionala izanen den horren errealitatera hurbiltzen.

Programa garatzeko irakasleek egiten dituzten jarduketek bi norabide dituzte, eta horiek koordinatu behar dira:

a) Kasuan kasuko lanbide-arloko departamentuak lan egin behar du proposatutako erronkari irtenbide tekniko bat proposatzeko, dagokion lanbide moduluaren edo moduluen barruan.

b) LPO departamentuak ekintzailetzaren esparruan lan egin behar du, honako alderdi hauek jorratuz:

–Erronka ebazteko proposatu den irtenbidea barne hartzen duen enpresa proiektu bat bilatzea edo garatzea.

–Enpresa plan baten zati batzuk aplikatzea entitateari proposatutako irtenbideari.

–Negozio nitxo berriak eta enplegagarritasuna aztertzea, proposatutako erronkari eta haren irtenbideari loturik.

INIZIA programaren helburuak osorik bete daitezen, beharrezkoa da aurreko paragrafoan deskribatutako alderdietako edozein (edo haietako batzuk) ‘Enpresa eta Ekintzailetza’ moduluan garatzea. Ezinbestekoa da ‘Enpresa eta Ekintzailetza’ moduluan garatzen diren enpresa proiektuak lotuta egotea proposatutako erronkari eta kasuistikari; hots, ezin dituzte erronka eta kasuistika horiek bazter utzi.

Bada aukera, baita ere, aurretik INIZIA programan garatutako lanari jarraipena emateko, ‘Proiektua’ moduluan; hori ikastetxeak eta INIZIA programa aplikatzen duen heziketa zikloko irakasleek erabakiko dute. Salbuespenezko kasuetan, eta Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuak baimena ematen badu aurrez, INIZIA programa ‘Proiektua’ moduluko lan esklusibo gisa garatzen ahalko da.

INIZIA programa garatzeko epealdiari dagokionez, ikastetxeak zehaztuko du kanpoko entitate laguntzailearekin batera, proposatutako erronkaren muntaren arabera, besteak beste; Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuaren oniritzia beharko da. Nolanahi ere, epealdi hori bi hilabetekoa izanen da gutxienez, eta ikasturte bat baino gehiago har ditzake.

Kanpoko entitate laguntzaileak honako konpromiso hauek hartuko ditu:

–Programaren hasieran, ikastetxera joatea erronka proposatu eta azaltzera.

–Programaren bukaeran, ikastetxean landu diren irtenbide proposamenak biltzea.

–Programa garatzen den bitartean, laguntza eta orientabidea ematea.

INIZIA programaren ikastetxeko talde dinamizatzaileak harremana izanen du entitate laguntzailearekin, ikasleek programa modu egokian garatu eta burutu dezaten.

Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuak, INIZIA programaren aholkulari arduradunaren bitartez, babes instituzionala eta aholkularitza teknikoa emanen dizkie ikasle eta irakasleei, bai eta programan ari diren irakasleen lanerako lagungarri izan daitezkeen honako baliabide espezifiko hauek ere:

–Ekintzaileen esperientzia panela.

–Ekintzailetza gela birtuala.

–Programa hedatzeko eta koordinatzeko webgunea.

–Txosten sektorial eguneratuak.

–Ekonomia sozialari buruzko hitzaldiak.

–INIZIA metodologiarako lan gida.

Ikastetxeko INIZIA programaren talde dinamizatzaileak baliabide horiek ikastetxean erabil daitezen sustatuko du, eta horretarako haien garapenean lagunduko du, eta egokitasuna baloratuko; eta elkarlanean arituko da Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuan INIZIA programa kudeatzeaz eta oro har koordinatzeaz arduratzen denarekin, ikasleek baliabide horiek erabiltzea optimizatzeko.

8.4. Lanbide Heziketako ikastetxe publikoen arteko lankidetzaren sustapena, INIZIA programa - ekintzailetza gelaren garapenean.

Nafarroako Ekintzailetza gelak pentsatuta daude ikasleei erantzun espezifikoa emateko, lanbide-arloa kontuan hartuz. Horregatik da beharrezkoa Nafarroak ekintzailetza gelen sare bat garatzea, elkarlaneko ekintzak garatzeko Nafarroako Lanbide Heziketako ikastetxeen artean, INIZIA programa - ekintzailetza gelei eta haiei loturik proiektuen garapenari dagokienez. Hori jomugan hartuta, Lanbide Heziketako Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuak lantalde bat egitea sustatuko du 2023-2024 ikasturtean; ikastetxe bakoitzeko ordezkari batek eta INIZIA programa kudeatzeaz eta koordinatzeaz arduratzen den zerbitzuko teknikariek osatuko dute lantalde hori.

9.–Gaitasun digitalerako ikasgelak. Upskilling eta Reskilling.

2023-2024 ikasturterako, Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzua, SEM funtsekin finantzaturik, berritasunak dakartzaten ekimen hauek kudeatzen ari da: Gaitasun digitalerako ikasgelak eta Upskilling-Reskilling prestakuntza. Ekintza horiek Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioak eta Europar Batasunak (Next Generation EU) finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren barrukoak dira.

Lanbide Heziketako ikastetxe publikoek SEM funtsekin finantzatutako ekimen hauetan laguntza eman behar dute, hots, hedapen eta kudeaketa lanak egin eta tokiak laga, halako funtsekin finantzaturiko bestelako ekintza eta programekin egin behar duten bezalaxe.

9.1. Gaitasun digitalerako ikasgelak.

Ekintza honen barruan, gaitasun digitalerako 11 ikasgela sortuko dira, eta, haietan, prestakuntza ekintzak emanen dira –guztira 30 ordu– lanbide kualifikazio honetan gaitzeko: IFC748–2, Lan ingurunera aplikatutako digitalizazioa. Lanbide kualifikazio honetako prestakuntza jasoko dute, gutxienez, 563 pertsonak. Hautatzen diren ikastetxeei behar den ekipamendua emanen zaie gaitasun digitalerako ikasgelak eduki ditzaten. Eta ikastetxe horiek bidea emanen dute bertan eman beharreko digitalizazio aplikatuko ikastaroak antolatzeko.

9.2. Upskilling eta Reskilling prestakuntza.

Ekintza honen barruan hainbat prestakuntza ekintza emanen dira, hiru sektoretan:

–Kualifikazio eta birkualifikazio prestakuntza, biztanleria aktiboarentzat, sektore estrategikoetako lanbide kualifikazioei loturik,

–Kualifikazio eta birkualifikazio prestakuntza, biztanleria aktiboarentzat, despopulazio arriskua duten eremuetako lanbide kualifikazioei loturik, eta

–Kualifikazio eta birkualifikazio prestakuntza, biztanleria aktiboarentzat, pertsonen zaintzarako lanbide kualifikazioei loturik.

Prestakuntza ez formalak dira, 30 eta 60 ordu artekoak. Ekintza horietakoren bat Lanbide Heziketako ikastetxe publikoetan antolatu eta garatzen bada, ikastetxeek bidea eman beharko dute haiek antolatu eta koordinatzeko.

10.–Lanbide Heziketa elebiduna.

Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana - Next Generation EU delakoaren esparruan egiten den jarduketetako bat da Lanbide Heziketako ziklo elebidunak ezartzea. Nafarroan, 2021-2022 ikasturtean hasi zen halakoak ezartzen, bat etorriz Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioak zehaztutako irizpideekin; 2022-2023 ikasturtean jarraipena eman zaio ezarpenari, eta 2023-2024 ikasturtean ere ezarpenak jarraituko du.

2023-2024 ikasturtean, Nafarroako Lanbide Heziketako zikloen eskaintzan izanen dira:

–LH elebidun gisa eskainitako goi mailako zikloak, zeinetan atzerriko hizkuntza batean emanen den lanbide modulu bat izanen baita, gutxienez, lehenbiziko eta bigarren ikasmailetan. Ikasleak ziklo horretara sartu ahal izateko, atzerriko hizkuntza horretan B1 maila edo goragokoa dutela egiaztatu beharko dute; ikasleek ez badute horren gaineko egiaztagiririk, zein ikastetxetan dauden matrikulaturik, horrek antolatutako proba gainditu beharko dute.

–LH elebidun gisa eskainitako erdi mailako zikloak, zeinetan atzerriko hizkuntzako modulu bat izanen baita lehenbiziko eta bigarren ikasmailetan. Horrez gain, bigarren ikasmailako modulu batean atzerriko hizkuntzan garatu beharreko lan unitate edo unitate didaktiko bat izanen da gutxienez; gainerako unitateei dagokienez, atzerriko hizkuntza ikasteko jardueraren bat izan beharko dute.

Bat etorriz nazioarteratzea laguntzeko eta nazioz kanpoko mugigarritasuna sustatzeko printzipio orokorrarekin, zeina Lanbide Heziketaren antolamenduari eta integrazioari buruzko martxoaren 21ko 3/2022 Lege Organikoaren 3. artikuluan aipatzen baita, eta kontuan harturik Lanbide Heziketako sistemaren helburua dela atzerriko hizkuntzen ezagutza esparru profesionalera hedatzea (martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoaren 6. artikulua), Lanbide Heziketako sistemaren antolamenduak urratsak eman nahi ditu, etorkizunari begira, Lanbide Heziketako prestakuntza eskaintzan elebitasuna sustatzeko.

Lanbide Heziketaren sistema antolatzeko Errege Dekretuaren proiektuaren bidez egiten den arau garapenak lortu nahi du ziklo elebidunak egin ostean lortzen diren tituluen curriculumean honako hauek izan daitezela:

–Atzerriko hizkuntzako modulu bat, gutxienez, 120 ordukoa.

–D graduetan, bi lanbide modulu, gutxienez.

Ikastetxe bateratuko zuzendariak lantalde bat osatuko du, eta horretan aztertuko dira, batetik, Lanbide Heziketa elebiduna eskaintzeak ikastetxean izanen lukeen eragina, eta, bestetik, 2024-2025 ikasturtean eskaintza hori ikastetxean ezartzeko proposamenak.

11.–Lanbide orientazioa.

Lanbide Heziketaren antolamenduari eta integrazioari buruzko martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoaren VII. tituluan ezarri da Lanbide Heziketaren sistemako lanbide orientazioko zerbitzua; zehazki, alderdi hauek xedatu dira: edukia eta irismena, xedea eta helburuak, lanbide orientazioko zerbitzua emateko baldintzak, lanbide orientazioaren estrategia orokorra, lanbide orientazioko zerbitzuaren lankidetza eta koordinazioa, jarduketa protokoloak eta zerbitzua emateko modalitateak, zerbitzuaren antolamendua eta lanbide orientazioko zerbitzuaren profesionalak.

Apirilaren 11ko 278/2023 Errege Dekretuak ezartzen du martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoa ezartzeko egutegia, eta haren 16. artikuluan dio Gobernuak, kasuan kasuko tresnaren bidez, 2024ko urtarrilaren 31 baino lehen argitaratuko duela lanbide orientazioko estrategia orokorra, lege organikoaren 97. artikuluan aipatzen dena. Bestetik, 2. artikuluan xedatzen du lanbide orientazioko zerbitzuak men eginen diela, martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoak arautzen duen Lanbide Heziketaren sistemaren esparruan, Lanbide Heziketaren sistema antolatzeko arau garapenean biltzen diren zehaztapenei.

Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiak, Lanbide Heziketaren sisteman lanbide orientazioaren gainean dituen eskumenak erabilita, hiru ardatz izanen ditu esparru hori 2023-2024 ikasturtean lantzeko:

–Lanbide orientazioa lehendabiziko hezkuntza etapetan.

–Lanbide orientazioa trantsizio unetan.

–Lanbide orientazioa Lanbide Heziketaren genero arrakalan eta STEAM Lanbide Heziketaren genero arrakalan.

Halaber, lantalde bat osatu eta gidatuko du Lanbide Heziketako ikastetxeetako zuzendariekin, lanbide orientazioko eta laguntzako zerbitzu bat aztertu eta garatzeko, haren bidez pertsonen garapen pertsonal eta profesionalean laguntzeko, bizitza osoan kualifikazioa etengabe hobetzeko eta bermatzeko asebetetzen direla ekoizpen eta enplegu sistemaren prestakuntza beharrak.

12.–Egonaldiak enpresetan.

Enpresetako egonaldiak prestakuntza ekintzak dira, Lanbide Heziketan diharduten irakasleei aukera ematen dietenak eguneratze proiektu zientifiko, teknologiko eta didaktiko bat garatzeko, benetako inguru profesional batean.

2024-2025 ikasturtean, Hezkuntza Departamentuak hiru modalitate eskainiko ditu enpresetan egonaldiak egiteko:

a) EE–1: astean egun bat ikasturte osoan zehar, eskola-ordutegian. Berekin dakar hiru eskola-ordu eta bi ordu osagarri esleitzea. Modalitate honetako 2024-2025 ikasturterako deialdia 2023ko abenduan edo 2024ko urtarrilean eginen da. Deialdian iragartzen diren plazak esleitzeko irizpide batzuk erabiliko dira, besteak beste, emakumeen eta gizonen arteko esleipen parekidea eta plazak ahal den ikastetxe kopuru handienean banatzea.

2023-2024 ikasturtean enpresetako egonaldi bat esleitzen zaion irakaslearen ordutegian agertuko dira 3 eskola-ordu horiek, "eskola-ordu gisa zenbatzen diren orduak" atalean, "LH-EE1" siglaren bidez. Eta 2 ordu osagarriak, "FP-EE2" siglaren bidez.

Modalitate hau Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuan kudeatzen da, Lanbide Heziketaren Garapenerako Bulegoaren bidez. Argibide gehiagotarako, zerbitzuen katalogoko tramiteen fitxa kontsultatzen ahal da ("Egonaldiak enpresetan Lanbide Heziketako, Arte Plastikoetako eta Diseinuko eta Kirol Irakaskuntzetako irakasleen gaurkotze zientifiko eta teknologikorako"), helbide honetan:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Estancias-en-empresas-para-actualizacion-cientifica-y-tecnologica-de-docentes

b) EE–2: iraupen txikiko aldiak eskola ordutegitik kanpo. Ez dakar berekin inolako ordutegi murrizketarik. Modalitate honen deialdia 2023-2024 ikasturte guztian dago irekia.

Modalitate hau Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuan kudeatzen da, Lanbide Heziketaren Garapenerako Bulegoaren bidez. Informazio gehiago lortzeko, apartatu honetako a) atalean aipatutako izapideen fitxan jasotako informazioa kontsultatu daiteke.

c) EE–3: egonaldiak Europar Batasuneko beste herrialde bateko enpresetan. Gutxienez 2 egunekoak izaten ahal dira, eta 2 hilabetekoak gehienez, eta Erasmus + Europako urteko programaren deialdiaren barnean gara daitezke.

Modalitate hau Lanbide Heziketako Proiektuen eta Kualifikazioen Zerbitzuan kudeatzen da, Lanbide Heziketa Nazioarteratzeko Bulegoaren bidez. Informazio gehiago nahi izanez gero, Hezkuntza Departamentuaren webgune hau kontsulta daiteke:

https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/programas-europeos-de-fp/proyectos-europeos-de-movilidad

c) EE–4: Telelanaren bitartez egiten da, eta, hortaz, egonaldirako egoitza gisa proposatuko da telelana ohiko jardunbide duen sektore bateko enpresa edo erakunde laguntzaile bat. Astean egun bat eginen da, eskola-orduetan, ikasturte osoan zehar. Modalitate honetako 2024-2025 ikasturterako deialdia 2023ko abenduan edo 2024ko urtarrilean eginen da. Irakasle esleipendunek EE-1 modalitateko enpresetako egonaldietakoek duten ordu esleipen berbera izanen dute, eta modu berean agertuko dira irakasleen ordutegi pertsonalean.

Modalitate hau Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuan kudeatzen da, Lanbide Heziketaren Garapenerako Bulegoaren bidez. Informazio gehiago lortzeko, apartatu honetako a) atalean aipatutako izapideen fitxan jasotako informazioa kontsultatu daiteke.

13.–Spainskills.

Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiaren iritziz, ikastetxeek eta beren ikasleek espezialitateen lehiaketetan parte hartzea aukera egokia da Lanbide Heziketa sustatzeko eta haren erakargarritasuna eta bikaintasuna sustatzeko. Ikasleek parte hartzea motibatzeko eta lanerako aurreikuspenak hobetzeko pizgarri bat da haientzat. Gainera, Espainian bi urtez behin egiten diren txapelketetan (Spainskills) parte hartzeak aukera ematen die, lehenengoak geldituz gero, Europakoetan (Euroskills) eta mundukoetan (Worldskills) parte hartzeko, dagokien "skill"ean.

Hona noiz eginen diren munduko, Europako eta Espainiako hurrengo txapelketak:

–Worldskills Lyon-2024. Aurreikusita dago 2024ko irailaren 10etik 15era egitea, Lyonen (Frantzia). Informazio gehiago:

https://worldskills.org/what/competitions/worldskills-lyon-2024/

–Euroskills Graz-2023. Aurreikusita dago 2023ko irailaren 5etik 9ra egitea, Gdansken (Polonia). Informazio gehiago:

https://worldskillseurope.org/index.php/media/news/gdansk-host-euroskills-competition-2023

–Spainskills 2024. Aurreikusita dago 2024ko apirilaren 9tik 13ra egitea, Madrilen. Informazio gehiago:

https://spain-skills.es/

2023-2024 ikasturtearen hasieran, Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiak berariazko jarraibideak emanen ditu zehazteko, batetik, Nafarroak zein ‘skill’etan hartuko duen parte, eta, bestetik, txapelketa horretarako Nafarroako taldea nork osatuko duen (irakasleak eta ikasleak). Beharrezkoa bada, lehiaketak eginen dira kasuan kasuko ‘skill’ean.

Ikasleak hautatu eta prestatzeko lanek berariazko dedikazioa dakarte eginkizun horietan aritzen diren irakasleentzat, prestaketa lanek berekin dakartelako dagokien moduluen curriculuma ikasgelan lantzea ez ezik, prestakuntza praktikoa nabarmen areagotzea ere.

Horregatik, zuzendaritza-taldeak, Nafarroako Irakaskuntza Publikoaren Kalitatea Hobetzeko Itunaren ondorioz zuzeneko irakaskuntzan egin den murrizketa dela-eta, eskola-ordu gisa kontatzen diren bi ordu esleitzen ahalko dizkio irakasle bati, ikastetxeko ikasleek zer ‘skill’etan parte hartu behar duten, horretan tutore lanak egin ditzan, eta, horrez gain, gehienez ere 3 ordu osagarri bitarte. Orduak zer irakasleri esleitzen zaizkion, haren ordutegi pertsonalean agertuko dira: 2 ordu "eskola-ordu gisa zenbatzen diren orduak" atalean, "LH-SK1" siglaren bidez, eta 3 ordu bitarte, "ordu osagarriak" atalean, "LH-SK2" siglaren bidez.

14.–Erreferentzia nazionaleko ikastetxeak (ENI).

Erreferentzia nazionaleko ikastetxeak (ENI) Lanbide Heziketaren arloan berrikuntza eta esperimentazio ekintzak egiten dituzten ikastetxe publikoak dira, lanbide-arloen bidez hainbat ekoizpen sektoretan espezializatutakoak.

Hauek dira erreferentzia nazionaleko ikastetxeen ezaugarriak:

–Erreferentziazkoak dira Lanbide Heziketaren sistema osorako, bai enplegurako prestakuntzako ikastetxeentzat, bai hezkuntza sistemakoentzat.

–Estatu esparruko ikastetxeak dira. Hainbat autonomia erkidegotan daude.

–Aitzindariak dira, zein bere esparruan, eta goraka ari diren sektore berritzaileen premiei erantzuteko behar diren ikerketa neurri eta programak sustatzen dituzte.

Nafarroan, bi dira erreferentzia nazionaleko ikastetxeak, eta Hezkuntza Departamentua da haien titularra:

–Osasun Zerbitzuen, Produktuen eta Arretaren Erreferentzia Nazionaleko Ikastetxea, ENI gisa sortua urriaren 2ko 875/2015 Errege Dekretuaren bidez.

–Energia Berriztagarrien eta Energia Efizientziaren Erreferentzia Nazionaleko Ikastetxea, ENI gisa kalifikatua otsailaren 6ko 68/2015 Errege Dekretuaren bidez.

Ikastetxe horiek garatzen dituzten ekintzek bidea eman behar dute 2023-2026 aldiko lan plangintzan aurkeztutako helburuak betetzeko; lan plangintzari buruzko justifikazioa ministerioan aurkeztu behar da.

Erreferentzia nazionaleko ikastetxeek justifikazio memoria teknikoak eta helburuen jarraipen txostenak aurkeztu behar dituzte Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioak hala eskatzen dienean. Justifikazio agiriak Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioari aurkeztu baino lehen, Lanbide Heziketako Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuari aurkeztu beharko dizkiote, eta lana haren aurrean argumentatu.

Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiak erabaki du ikastetxe horien plantilletan ordu kopuru bat esleitu behar dela, "Erreferentzia nazionaleko ikastetxeak" izenpean, haien eginkizun berariazkoak egiteko. Erreferentzia nazionaleko ikastetxeen eginkizunak egiteko esleitutako eskola-orduak irakaslearen ordutegi pertsonalean agertuko dira, "eskola-orduen" atalean, "LH-ENI" siglaren bidez.

CISER-Goi Mailako Lanbide Heziketako Energia Berriztagarrien Ikastetxe Bateratuaren eta ESTNA-Nafarroako Lanbide Eskola Tekniko Sanitarioa ikastetxe bateratuaren zuzendaritzek zehaztuko dute zer irakaslek eginen dituzten erreferentzia nazionaleko ikastetxeari dagozkion eginkizunak 2023-2024 ikasturtean. Ikastetxeak Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi beharko dio, 2023ko irailaren 15a baino lehen, nor(tzuk) izendatzen d(ir)en zeregin horretarako.

15.–Bikaintasun ikastetxeak.

Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren 20. osagaiaren barruan, izen hau eman zaio 2. inbertsioari: Lanbide Heziketaren Eraldatze Digitala; horren barruan, laugarren jarduketa ildoan, Estatuan 50 bikaintasun ikastetxek osatutako sare bat sortzea ezarri da, Lanbide Heziketako ikastetxeetatik bertatik suspertzeko bai ikerketa, bai programen eta metodologiaren etengabeko hobekuntza.

Lanbide Heziketako bikaintasun ikastetxeen estatu-sarea uztailaren 22ko EFP/717/2022 Aginduaren bidez sortu da; agindu horretan, sare horren ezarpen eta garapenerako laguntzak emateko oinarri arautzaileak ezartzeaz gain, 2022. urteko deialdia egin zen, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan.

15.1. Nafarroako bikaintasun ikastetxeak.

Lanbide Heziketaren idazkari nagusiak laguntza batzuk esleitzeko emandako ebazpenean, zehazki, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia planaren esparruan Lanbide Heziketako bikaintasun ikastetxearen kalifikazio planak hasteko eta bikaintasun ikastetxeen estatu-sarean sartzeko laguntzen 2022ko deialdia ebazten duen horretan, Lanbide Heziketako Nafarroako hiru ikastetxe publikori eman zaie bikaintasun ikastetxeen izendapena, zein bere sektorean, bai eta dagokien dirulaguntza ere.

Hauek dira ikastetxe horiek:

–Agroforestal IB, nekazaritzako elikagaien sektorean.

–San Juan Donibane IB, fabrikazio automatizatuaren sektorean.

–Virgen del Camino IBP, mekatronikaren sektorean.

15.2. Bikaintasun ikastetxeen ezaugarriak.

Nafarroako bikaintasun ikastetxeen helburua da, zein bere sektorean, ekosistema berritzaileen pizgarri izatea, berrikuntza, ikerketa eta ekintzailetza inguruneak sorraraztea. Ikastetxe horiek eraldatze digital eta metodologiko bat izanen dute, irakasleentzako prestakuntza ekintzak antolatuko dituzte Estatuan, berrikuntza eta ikerketa aplikatuko proiektuak garatuko dituzte, eta lagunduko dute Lanbide Heziketako bikaintasun ikastetxeen sareko kide gisa aitortzen zaien sektorean edo azpisektorean behar diren profilak atzematen, bai eta sektore horri lotutako eskaintzen curriculumak berrikusten ere.

Lanbide Heziketako bikaintasun ikastetxeen estatu-sarea osatzen duten bikaintasun ikastetxeek ezaugarri hauek dituzte:

a) Berrikuntza eta bikaintasuna Lanbide Heziketako zerbitzuak ematean, eta Lanbide Heziketako eskaintzak arautzen dituzten arauetan aurreikusitako prestakuntza ekintza eta modalitateetan,bai prestakuntza prozesuen ikuspegitik, bai erabilgarri dauden eta erabiltzen diren bitarteko eta baliabideei dagokienez, bai digitalizazio aplikatuko eta ingurumen jasangarritasuneko prozedurak eta edukiak inplementatzeko ikuspegitik. Esparru honen parte dira curriculumak antolatzeko eta irakasteko proposamen berritzaileak, erronketan oinarritutako ikaskuntzen metodologiak, proiektu bereziak edo beste metodologia aktibo batzuk darabiltzatenak.

b) Berrikuntza eta bikaintasuna, ekoizpen prozesuei aplikatutako ikerketa proiektuei dagokienez edo ikastetxearen jardunaren sektore, azpisektore edo lanbide-arloei dagozkien zerbitzuak emateko proiektuei dagokienez. Izan ere, ikastetxeak proiektu horiek garatzeko, hezkuntza- eta prestakuntza-ingurunean zuzeneko lotura duten beste ikastetxe batzuekin batera parte hartzen du, bai eta beste lurralde batzuetako ikastetxeekin, enpresekin, erakundeekin eta entitateekin ere.

c) Berrikuntza eta bikaintasuna, ekintzailetza, hezkuntza eta prestakuntza arloko trantsizioa eta laneratzea laguntzeko.

d) Berrikuntza eta bikaintasuna, hezkuntza-, gizarte- eta lan-ingurunean harreman eta proiektu komunak ezartzean, bai eta administrazio publikoekiko, enpresekiko, erakundeekiko eta entitateekiko harremanetan ere.

e) Berrikuntza eta bikaintasuna, plan eta proiektuetan honako hauek piztuko dituzten elementuak sartzeari dagokionez: genero berdintasun eragingarria, eta bereziki zaurgarriak diren kolektiboen integrazioa eta informaziorako sarbidea.

15.3. Bikaintasun ikastetxeen jarduketak.

Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiak erabaki du ikastetxe horien plantilletan ordu kopuru bat esleitu behar dela, "LH - Bikaintasun ikastetxea" izenpean, erreferentzia nazionaleko ikastetxeen eginkizun berariazkoak egiteko.

Ikastetxe bateratu bakoitzeko zuzendaritzak, bere autonomiaren esparruan, bikaintasun ikastetxeari dagozkion eginkizunak eginen dituen pertsona edo pertsonak izendatuko ditu. Ikastetxeak Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi beharko dio, 2023ko irailaren 15a baino lehen, nor(tzuk) izendatzen d(ir)en zeregin horretarako.

Plantillan "LH - Bikaintasun ikastetxea" izenpean esleitutako orduen kostu ekonomikoa bikaintasun ikastetxearen izendapenagatik jasotako dirulaguntzaren kargurakoa izanen da. Ordu horiek honela banatu beharko dira:

a) Bikaintasun ikastetxearen izaera dela-eta ikastetxeak garatzen dituen jarduketak administratu eta kudeatzeko arduraduna.

Ezin izanen da eginkizun horietarako izendatu ikastetxe bateratuan kide bakarreko postu batean ari dena. Eginkizun horiek egiteko esleitutako eskola-orduak irakaslearen ordutegi pertsonalean agertuko dira, "eskola-orduen" atalean, "LH-BIK" siglaren bidez.

Jarraipena koordinatze aldera, ordu bat ezarri da, astearteetan, 09:00etatik 10:00etara, honako hauek koordinazio eta jarraipen bilerak egiteko elkar daitezen: LHko Proiektuen eta Kualifikazioen Zerbitzua, LHren Berrikuntzaren eta Nazioartekotzearen Atala, bikaintasun ikastetxe gisa kalifikatutako ikastetxe bateratuko zuzendaria eta bikaintasun ikastetxe bakoitzean arduraduna den berariazko laguntzako pertsona.

b) Bikaintasun ikastetxearen lehen mailako proiektuan inplikatutako irakasleak, bat etorriz uztailaren 22ko EFP/717/2022 Aginduaren 9.2 artikuluan xedatutakoarekin.

Irakasle batek 10 eskola-ordu bitarte izaten ahalko ditu kontzeptu honengatik; horretarako, parte hartu beharko du bikaintasun ikastetxeen estatu-sarearekin zuzenean lotuta dagoen berrikuntza proiektu batean baino gehiagotan. Bikaintasun ikastetxearen lehen mailako proiektuetan inplikatzeko esleitutako eskola-orduak irakaslearen ordutegi pertsonalean agertuko dira, "eskola-ordu gisa zenbatzen diren orduak" atalean, "LH-BIK2" siglaren bidez.

Bikaintasun ikastetxe gisa kalifikatutako ikastetxe bateratuko zuzendariak ziurtatu beharko du, justifikazio memoria tekniko-ekonomikoan, irakasleen eskola-ordu liberatuak administrazio eskudunak bete dituela, kasu honetan, Hezkuntza Departamentuak. Halaber, ordu horiek betetzeko izan diren irakasleen kopurua ziurtatuko du.

Lanbide Heziketako Kualifikazioen eta Proiektuen Zerbitzuak eginen ditu egindako eta diruz lagundutako jarduketen gainbegiratze- eta jarraipen-lanak, bereziki jarduketa bakoitzaren progresio mailari dagokionez.

Horrez gain, Lanbide Heziketako Proiektuen eta Kualifikazioen Zerbitzuak, Lanbide Heziketaren Berrikuntzaren eta Nazioartekotzearen Atalaren bidez, behar den aholkularitza eta laguntza teknikoa emanen du Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioak adierazten dituen lehen mailako proiektuak garatzeko.

Era berean, Lanbide Heziketako Proiektuen eta Kualifikazioen Zerbitzuak egiten dituen gainbegiratze- eta jarraipen-lanetan laguntzeko prest agertu beharko dute ikastetxeek, eskatzen zaien dokumentazioa eta informazioa emanez. Gainbegiratze- eta jarraipen-lanak koordinatze aldera, ordu bat ezarri da, astearteetan, 09:00etatik 10:00etara oro har, Lanbide Heziketako Proiektuen eta Kualifikazioen Zerbitzuarekin koordinazio bilerak egiteko. Bilera horietara joan beharko dute, bikaintasun ikastetxe gisa kalifikatutako ikastetxe bateratuaren partetik, ikastetxeko zuzendariak eta ikastetxeak bikaintasun ikastetxearen izaera dela-eta garatzen dituen jarduketak administratu eta kudeatzeaz arduratuko den irakasleak.

Iragarkiaren kodea: F2309558