1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
87/2023 EBAZPENA, ekainaren 15ekoa, Industriaren, Energiaren eta S4 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez aurretiazko administrazio baimena ukatzen baitzaio energia elektrikoa ekoizteko 34 MW-eko "Eneritz-Tirapu haize-parkea" instalazioari, Añorbe, Eneritz, Obanos eta Garesko udal-mugarteetan.
1.–Aurretiazko administrazio baimenaren eskaera.
2020ko azaroaren 16an, eta Nafarroan haize-parkeetarako baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuan ezarritakoa aplikatuta, Enel Green Power España SLk aurretiazko administrazio baimena eskatu zuen energia elektrikoa ekoizteko 34 MW-eko potentzia instalatuko "Eneritz-Tirapu haize-parkea" instalaziorako eta haren ebakuazio-azpiegituretarako, Añorbe, Eneritz, Obanos eta Garesko udal-mugarteetan.
2.–Aurreproiektua eta ingurumen inpaktuaren azterketa jendaurrean jartzeko eta ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei kontsultak egiteko izapideak.
Maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren bidez Nafarroako parke eolikoetarako baimena arautzen da. Dekretu horren 7. artikuluarekin bat etorriz, Enel Green Power España SLk egindako eskaera jendaurrean jarri zuen 30 egunez Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak. Horretarako, iragarkia argitaratu zen Nafarroako Aldizkari Ofizialean (2021eko uztailaren 1ean, 152. zenbakia) eta Diario de Navarra egunkarian (2021eko uztailaren 12an), bai eta Nafarroako Gobernuaren Gobernu Irekia webgunean ere.
Era berean, maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 8. artikulua aplikatuz, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak, izapide bakoitzean, kontsulta egin zien administrazio publikoei eta interesdunei, eta separatak bidali zitzaizkien erakunde publikoei eta zerbitzu publikoko edo interes orokorreko zerbitzuetako enpresei, instalazioak haien kargupeko ondasun eta eskubideak ukitzen dituen zatiari dagokionez.
3.–Ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta hasteko eta lurzoru urbanizaezinean jarduerak egiteko baimena eskuratzeko eskaera.
Maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 10. artikuluan ezartzen dena aintzat hartuta, 2021eko azaroaren 8an, Enel Green Power España SLk dokumentazioa aurkeztu zuen, eskatzeko ingurumen inpaktuaren ebaluazioa hasteko, batetik, eta lurzoru urbanizaezinean jarduerak egiteko baimena emateko, bestetik. Jasotako alegazioei eta txostenei emandako erantzuna gehitu zuen.
4.–Aurkako ingurumen inpaktuaren adierazpena.
Espedientearen azterketa teknikoa egin ondoren, Biodibertsitatearen Zerbitzuak dio behar bezala egin dela ingurumen inpaktuaren ebaluazioaren prozedura.
Hala ere, ez dago ados ingurumen inpaktuaren azterketaren ondorioekin, horiek gutxietsi egiten baitute proiektua eraikitzeak ingurumenean izanen duen inpaktua. Proiektua ingurumenaren aldetik bideraezina dela jo da, honako arrazoi hauek tarteko: ingurunean intereseko fauna hegalari mehatxatua dago, heriotza arriskua dago, inguruan dauden parke eoliko eta beste azpiegitura ugariek ondorio metagarri eta sinergikoak dituzte, inguru horrek berezko balioa dauka paisaiari eta ekologiari dagokienez, eta proiektuaren eremuak garrantzi handiagoa hartu du, inguruko beste eremu batzuk ureztalur baitira orain. Horregatik, ingurumen inpaktuaren aurkako adierazpena ematea proposatzen da.
Aurrekoa ikusirik, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren urtarrilaren 13ko 10E/2023 Ebazpenaren bidez ingurumen inpaktuaren aurkako adierazpena eman zitzaion energia elektrikoa ekoizteko Enel Green Power España SLk sustatutako "Eneritz-Tirapu haize-parkea" instalazioari eta haren ebakuazio-azpiegitura elektrikoei.
5.–Aurretiazko administrazio baimena ukatzeko proposamena.
Ingurumen inpaktuaren adierazpena aurkakoa dela ikusirik, eta espedientearen azterketa teknikoa egin eta gero, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko Azpiegitura Energetikoen Atalak ondorioztatu du prozedura era egokian egin dela, eta espedientea ebaztea proposatu du, eskatutako aurretiazko administrazio baimena ukatuz.
Bestalde, 2023ko martxoaren 18an, Enel Green Power España SLk eskatu du instalazioaren sarbide- eta konexio-baimenari lotutako bermea itzultzeko.
Adierazitakoarekin eta espedientean jasotako agiriekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabilita,
EBAZTEN DUT:
1. Ukatzea Enel Green Power España SLk energia elektrikoa ekoizteko "Eneritz-Tirapu haize-parkea" instalaziorako eta haren ebakuazio-azpiegitura elektrikoetarako eskatutako aurretiazko administrazio baimena.
2. Agindua ematea Diruzaintza Atalari sarbide eta konexio prozedurari lotutako 1.360.000 euroko bermea itzul dezan; Enel Green Power España SLk jarri zuen berme hori 2020ko apirilaren 6an (erregistro zenbakia: 5020000093 CFNA 2020 (Av-NAV-0230)).
3. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzura, Ingurumen Eraginaren Atalera, Basoen eta Ehizaren Zerbitzura, Lurraldearen Antolamenduaren Atalera, Ondare Historikoaren Zerbitzura, Herri Lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiko Zainketa Zerbitzura eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Ekonomia eta Finantza Zerbitzuko Diruzaintza Atalera.
4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.
5. Ebazpen hau jakinaraztea Enel Green Power España SLri, Nafarroako Autobideak SAri (AUDENASA), I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUri, Nedgia SAri, Nafarroako Ubidea SAri (CANASA), Enagasi, Hormigones Pirámide SAri, Compañía Logística de Hidrocarburos SAri (CLH) eta Red Eléctrica de España SAUko Sarera Lotzeko Departamentuari, eta ohartaraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka zilegi dela gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean. Errekurtsoaren idazkian, espediente zenbakia adierazi beharko da.
6. Ebazpen hau jakinaraztea Añorbeko, Biurrun-Olkozko, Obanosko, Garesko, Tirapuko, Ukarko eta Tebas-Muru Artederretako udalei, Administrador de Infraestructuras Ferroviariasi (ADIF) eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoari, eta ohartaraztea zilegi dela haren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Iruñean, 2023ko ekainaren 15ean.–Industriaren, Energiaren eta S4 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusia, Uxue Itoiz Mariñelarena.
Iragarkiaren kodea: F2309321