146. ALDIZKARIA - 2023ko uztailaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

29/2023 FORU AGINDUA, 2023ko ekainaren 14koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, atzerrian dagoen diru birtualari buruz informatzeko betebeharra garatzen duena eta 721 eredua ("Atzerrian dagoen diru birtualaren gaineko aitorpen informatiboa") onesten duena.

Abenduaren 29ko 21/2020 Foru Legeak, zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzekoak eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina aldatzekoak, aldatu zuen Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Legea, informazioa emateko beste betebehar bat ezartzeko, hain zuzen ere atzerrian dagoen diru birtuala izateari buruzkoa, diru birtuala izatearen edo harekin operatzearen ondoriozko zerga-egitateen tributu kontrola hobetzeko.

Diru birtuala izateari eta horrekin eragiketak egiteari buruz informatzeko betebehar berri hori Tributuei buruzko Foru Legeren hemezortzigarren xedapen gehigarriaren d) letran jasota dago.

Aipatutako hemezortzigarren xedapen gehigarriak ahalmena ematen dio tributuen arloan eskumena duen departamentuko titularrari, foru agindu bidez ezar ditzan informazioa emateko betebehar hori betetzeko baldintzak.

Aitorpen informatibo berri horren aurkezpena gaitzeko asmoz, foru agindu honetan 721 eredua ("Atzerrian dagoen diru birtualaren gaineko aitorpen informatiboa") onartzen da, eman beharreko informazioa normalizatzeko erregistro diseinuekin batera.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Sektore Publiko Instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean xedatutakoarekin bat, foru agindu hau premiaren, eraginkortasunaren, proportzionaltasunaren, segurtasun juridikoaren, gardentasunaren eta efizientziaren printzipioen arabera egin da.

Beharraren eta eraginkortasun juridikoaren printzipioak betetzen dira, lege arauaren garapena eta garapen horretarako tresna egokia direlako.

Proportzionaltasun printzipioa ere betetzen da, hura onartzea justifikatzen duten helburuak lortzeko beharrezko erregulazioa jasotzen duelako.

Segurtasun juridikoaren printzipioari dagokionez, bermatu da testua foru ordenamendu juridikoarekin koherentea dela.

Gardentasun printzipioa bermatu da azalpen honen xedea eta helburua argi identifikatzean, bai eta proiektua Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzean ere, herritarrek testua ezagutu ahal izan dezaten entzunaldiaren eta jendaurreko informazioaren izapidean.

Azkenik, efizientziaren printzipioari dagokionez, ahalegina egin da arauak ahalik eta administrazio karga gutxien izan dezan herritarrentzat eta zeharkako kostu gutxien ere bai, eta baliabide publikoen arrazoizko erabilera sustatu da.

Horrenbestez,

AGINTZEN DUT:

1. artikulua. Atzerrian dagoen diru birtualari buruz informatzeko beharra.

1. Espainiako lurraldean bizi diren pertsona fisiko eta juridikoek, pertsona edo erakunde ez-egoiliarren lurralde horretako establezimendu iraunkorrek eta Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 25. artikuluan aipatzen diren erakundeek urteko aitorpen informatibo bat aurkeztu beharko dute, titular diren eta atzerrian dagoen diru birtual guztiari buruz, edo onuradun edo baimendu diren edo bestela baliatzeko ahalmena duten diru guztiari buruz, edo paragrafo honen azken apartatuan adierazitakoaren arabera titular erreal direnari buruz –gako kriptografiko pribatuak gordetzeko eta diru birtuala edukitzeko, biltegiratzeko eta eskualdatzeko hirugarrenen izenean zerbitzuak ematen dituzten pertsonek edo erakundeek zainduak–, urte bakoitzeko abenduaren 31n.

Orobat, betebehar hori izanen dute diru horren titular, baimendu edo onuradun izan direnek, edo diru hori erabiltzeko ahalak izan dituztenek, edo horien titular erreal izan direnek aitorpenaren xedeko urteko edozein unetan eta izaera hori urte horretako abenduaren 31n galdu dutenek. Kasu horietan, iraungitze horren egunari dagokion informazioa eman beharko da.

Ondorio horietarako, titular erreal izanen da izaera hori duena Kapital Zuriketari eta Terrorismoaren Finantzaketari Aurrea Hartzeko apirilaren 28ko 10/2010 Legearen 4.2 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, 2. apartatu horrek aipatzen dituen pertsonen edo tresnen izenean dagoen diru birtualari dagokienez, horiek egoitza atzerrian dutenean edo atzerrian eratu direnean.

2. Diru birtualaren kontzeptua apirilaren 28ko 10/2010 Legearen 1.5 artikuluan xedatutakoaren arabera ulertuko da.

Diru birtuala atzerrian dagoela ulertuko da, baldin eta zaintzen duen pertsonak edo erakundeak edo establezimendu iraunkorrak, hirugarrenen izenean zerbitzuak ematen baditu gako kriptografiko pribatuak gordetzeko, eta diru birtuala edukitzeko, biltegiratzeko eta eskualdatzeko, ez badu nahitaez aurkeztu behar Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren –ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuak onartua– laugarren xedapen gehigarriaren 8. apartatuan aipatzen den informazioa emateko betebeharra.

3. Zerga administrazioari eman beharreko informazioak honako hauek jasoko ditu:

a) Gako kriptografiko pribatuak gordetzeko eta diru birtuala edukitzeko, biltegiratzeko eta eskualdatzeko hirugarrenen izenean zerbitzuak ematen dituen pertsonaren edo erakunderen izen-deiturak edo sozietate izena edo izendapen osoa edo, hala badagokio, identifikazio fiskaleko zenbakia, bai eta haren bizilekua edo webgunearen helbidea ere.

b) Diru birtuala mota bakoitzaren identifikazio osoa.

c) Diru birtuala mota bakoitzaren saldoak abenduaren 31n, diru birtualeko unitateetan adierazita eta eurotan baloratuta.

Balorazioa eurotan egiteko, behartutako subjektuek negoziazio plataforma nagusiek edo prezioen jarraipenerako webguneek eskaintzen duten abenduaren 31ko kotizazioa hartuko dute edo, bestela, diru birtualaren merkatuko balioaren arrazoizko estimazioa emanen dute eurotan. Horri dagokionez, balorazioa egiteko zer kotizazio edo balio erabili den adieraziko da.

4. Abenduaren 31n kontuek duten saldoaren berri honako honek eman beharko du: egun horretan titular, baimendu edo onuradun denak edo diru birtual hori erabiltzeko ahala duenak, edo titular erreal izaera duenak.

Gainerako titularrek, onuradunek, baimenduek, erabiltzeko ahalak dituzten pertsonek edo titular errealek adierazi beharko dute izaera hori izateari utzi ziotenean diru birtualak zer saldo zuen.

5. Artikulu honetan aurreikusitako informazioa emateko betebeharra ez da aplikatzekoa izanen ondoko diru birtual honi dagokienez:

a) Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen 13.1 artikuluan aipatutako erakundeak titular dituztenak.

b) Espainiako lurraldeko pertsona juridikoak eta gainerako erakundeak, bai eta ez-egoiliarren Espainiako establezimendu iraunkorrak ere, titular dituztenak, kontabilitatean banaka erregistratuta eta izendapenaren, balioaren eta zaintza erakundearen eta kokatuta dauden herrialde edo lurraldearen arabera identifikatuta.

c) Titular dituztenak jarduera ekonomiko bat duten Espainiako lurraldeko pertsona fisikoak, zeinek kontabilitatea Merkataritza Kodearen arabera eramaten baitute, eta erregistroan kontabilitateko dokumentazio horretan banan-banan erregistraturik baitaude, eta honako hauen arabera identifikaturik: izendapena, balioa eta zaintza erakundea eta kokaturik dauden herrialdea edo lurraldea.

d) Ez da diru birtualari buruz informatzeko betebeharrik izanen 3.c) apartatuan aipatzen diren saldoak, eurotan baloratuak, batera 50.000 eurotik gorakoak ez direnean, abenduaren 31n. Baterako muga hori gainditzen bada, diru birtual guztiari buruzko informazioa eman beharko da.

6. Eman beharreko informazioari dagokion urtearen hurrengo urteko urtarrilaren 1etik martxoaren 31ra bitartean bete beharko da betebehar hori.

Hurrengo urteetako aitorpenak aurkeztea nahitaezkoa izanen da kasu honetan bakarrik: 5.d) apartatuan aipatzen den baterako saldoak, guztira, 20.000 eurokoa baina igoera handiagoa izan duenean aurreko aitorpenetik.

Nolanahi ere, nahitaezkoa izanen da aitorpena aurkeztea 4. apartatuko azken paragrafoan aurreikusitako kasuetan, hor aipatzen diru birtualari dagokionez.

7. Artikulu honetan aipatzen den urteko aitorpen informatiboa Nafarroako Foru Ogasunean aurkeztuko da, Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko hitzarmen ekonomikoaren 46.2 artikuluan aurreikusitako eskumen irizpideen arabera.

2. artikulua. 721 eredua ("Atzerrian dagoen diru birtualaren gaineko aitorpen informatiboa") onartzea.

721 eredua ("Atzerrian dagoen diru birtualaren gaineko aitorpen informatiboa") onartzen da. 1. artikuluan adierazitako aitorpena egin behar dutenek aurkeztu beharko dute, I. eranskinean adierazitako edukiarekin, gako publiko bakoitzean sartutako diruari dagokienez, baldin eta hura aitortzeko betebeharra badute.

3. artikulua. 721 eredua aurkezteko epea.

721 eredua eman beharreko informazioari dagokion urtearen hurrengo urteko urtarrilaren 1etik martxoaren 31ra bitartean, 1.6 artikuluan xedatutakoaren arabera.

4. artikulua. 721 eredua aurkezteko modua.

721 eredua formatu elektronikoan izanen da eskuragarri bakarrik eta modu elektronikoz aurkeztu beharko da, Internet bidez, 6. eta 7. artikuluetan azaltzen diren baldintza orokorren eta prozeduraren arabera.

Aurkezpena egiten dutenek kontuan hartu beharko dituzte aurkezpen telematiko hori egiteko behar diren arau teknikoak, Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuak daudenak, Nafarroako Foru Ogasunari dagokion atalean.

5. artikulua. 721 eredua aurkezteko gaikuntza.

Honako hauek aurkezten ahalko dute 721 eredua modu elektronikoz, Internet bidez:

1. Zergapekoek edo, hala dagokionean, haien ordezkariek.

2. Tributuen aplikazioan laguntzaile sozialen izaera duten pertsonek edo erakundeek, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 90. artikuluan eta ekainaren 29ko 130/2009 Foru Aginduan xedatutakoarekin bat, foru agindu horretan onesten baita kanpo lankidetzarako akordioa, hirugarren pertsonen izenean telematika bidez aurkezteko aitorpenak, jakinarazpenak eta zerga arloko beste agiri batzuk, eta telematika bidez tramitatzeko tributu-zorren ordainketa.

6. artikulua. 721 eredua aurkezteko baldintza orokorrak.

721 eredua elektronikoki aurkezteko, bete beharko dira Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren uztailaren 3ko 132/2009 Foru Aginduaren 2. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak, foru agindu horretan arautzen baitira zenbait tributu aitorpen baliabide telematikoen bidez edo ordenagailuak irakurtzen ahal duen euskarriaren bidez aurkeztera behartzen duten kasuak.

7. artikulua. 721 eredua modu elektronikoan aurkezteko prozedura.

Aitorpena Internet bidez aurkezteko, bi prozedura hauetako bat erabiliko da:

a) Web formulariotik:

1. 721 eredua aurkezteko tramitera sartu, Nafarroako Gobernuaren web-orrian, Nafarroako Foru Ogasunaren atalean.

2. Web formularioko beharrezko datu guztiak bete.

Web formularioak aukera emanen du fitxategi bat inportatzeko; horren edukia I. eranskinean ezartzen diren erregistro diseinuen araberakoa izan beharko da.

3. Aitorpena bete ondoren, igortzeko aukera erabili.

Aitorpena zuzen egina bada, sistemak baliozkotuko du. Akatsik atzemanez gero, inprimakiaren bidez emanen da horren berri, eta haiek zuzendu arte ez da aitorpena aurkezten ahalko.

Aitorpena zuzen bete ondoren, sistemak komunikatuko du aurkeztutako aitorpenari esleitutako zenbakia, eta, orobat, inprimatzeko aukera eskainiko du, frogagiri gisa erabiltzeko. Zergadunak onartutako aitorpena gorde beharko du.

b) Salbuespen gisa, aurkeztu beharreko adierazpenak 12.000 erregistro baino gehiago baditu, eredu informatiboen formulario osagarritik:

1. Eredu informatiboen formulario osagarrian (994) sartu Ogasunarekiko tramiteen zerbitzuaren bitartez, Nafarroako Atarian.

2. Egin beharreko aitorpenaren eredua hautatu: M721.

3. Transmititu beharreko aitorpenaren fitxategia erantsi.

Fitxategi horren edukia I. eranskinean ezartzen diren erregistro diseinuen araberakoa izanen da.

Akatsik atzemanez gero, inprimakiaren bidez emanen da horren berri, eta haiek zuzendu arte ez da aitorpena aurkezten ahalko. Aitorpena zuzen bete ondoren, sistemak komunikatuko du aurkeztutako aitorpenari esleitutako zenbakia, eta, orobat, inprimatzeko aukera eskainiko du, frogagiri gisa erabiltzeko. Zergadunak onartutako aitorpena gorde beharko du.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean, eta lehen aldiz aplikatuko zaie 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera aurkezten diren aitorpenei, aurreko urteari dagokion informazioari dagokionez.

Iruñean, 2023ko ekainaren 14an.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Juan Cruz Cigudosa García.

I. ERANSKINA.–1. ERREGISTRO MOTA

Aitortzailearen erregistroa

IDAZGUNEAK

IZAERA

EREMUEN DESKRIPZIOA

1

Zenbakizkoa

ERREGISTRO MOTA.

Konstantea: ‘1’ zenbakia.

2-4

Zenbakizkoa

AITORPEN EREDUA.

Konstantea: '721'.

5-8

Zenbakizkoa

EKITALDIA.

Aitorpenaren zerga-ekitaldiari dagozkion lau zifrak.

9-17

Alfanumerikoa

AITORTZAILEAREN IFZ.

Aitortzailearen IFZ adieraziko da.

Eremu hau eskuinetara lerrokaturik egonen da, azken idazgunea kontrol karakterea izanen da eta ezkerreko idazguneak zeroz beteko dira, Tributuak kudeatu eta ikuskatzeko eta tributuak aplikatzeko prozeduretarako arau komunak garatzeko jarduketa eta prozedurei buruzko Erregelamendu Orokorra onesten duen uztailaren 27ko 1065/2007 Errege Dekretuan eta Identifikazio fiskaleko zenbakia eta hari lotutako zenbait zentsu arautzen dituen otsailaren 22ko 8/2010 Foru Dekretuan ezartzen diren arauei jarraituz.

18-57

Alfanumerikoa

AITORTZAILEAREN DEITURAK ETA IZENA EDO SOZIETATE IZENA.

Sozietate izena osorik adieraziko da, anagramarik gabe.

Eremu honetan inola ere ez da izen komertzialik adieraziko.

59-107

Alfanumerikoa

HARREMANETARAKO PERTSONA.

Harremanetarako pertsonaren datuak. Eremu hau bitan banatzen da:

59-67

TELEFONOA: zenbakizko eremua, 9 posiziokoa.

68-107

IZEN-DEITURAK: lehenbiziko deitura, tarte bat, bigarren deitura, tarte bat, eta izen osoa, hurrenkera horretantxe.

108-120

Zenbakizkoa

AITORPENAREN FROGAGIRIAREN ZENBAKIA.

Aitorpenari dagokion frogagiriaren zenbakia jarriko da. Zenbakizko eremua, 13 idazgunekoa.

Adierazi beharreko frogagiri zenbakia zenbaki sekuentzial bat izanen da. Haren lehen hiru digituak 721 kodea izanen dira.

121-122

Alfabetikoa

AITORPEN OSAGARRIA EDO ORDEZKOA.

Aitorpen bat, salbuespenez, bigarren aldiz edo ondoren aurkezten bada, eremu hauetako bat bete beharko da nahitaez:

121

AITORPEN OSAGARRIA: "C" bat adieraziko da, aitorpen hau aurkeztearen helburua baldin bada ekitaldi berean aurkezturiko beste aitorpen batean agertu behar zuten baina agertu ez ziren hartutakoak adieraztea.

122

ORDEZKO AITORPENA: "S" bat adieraziko da, aitorpen hau aurkeztearen helburua baldin bada ekitaldi bereko aurreko aitorpen bat ezabatu eta osorik ordeztea. Ordezko aitorpen batek aurreko aitorpen bakar bat baizik ez dezake baliogabetu.

123-135

Zenbakizkoa

AURREKO AITORPENAREN ZENBAKIA.

"Aitorpen osagarria" eremuan "C" adierazi bada edo "Ordezko aitorpena" eremuan "S" adierazi bada, osatzen edo ordezten den aitorpenaren frogagiri zenbakia adieraziko da.

Zenbakizko eremua, 13 idazgunekoa.

Beste edozein kasutan, zeroz beteko da.

136-144

Zenbakizkoa

AITORTUAK, GUZTIRA.

Zenbakizko eremua, 9 posiziokoa.

Aitortuen guztizko kopurua adieraziko da. Aitortu bat erregistro batean baino gehiagotan agertzen bada, agertzen den adina aldiz konputatuko da.

145-983

ZURIUNEAK.

984-996

Alfanumerikoa

ZIGILU ELEKTRONIKOA.

Banakako aurkezpenetan zigilu elektronikoa jartzeko erreserbaturiko eremua. Nafarroako Foru Ogasunak, kasua bada, ematen dituen programa ofizialek soilik beteko dute. Bestelako edozein kasutan, zuriunez beteko da.

Iragarkiaren kodea: F2309437