1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
575E/2023 EBAZPENA, ekainaren 11koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez Ingurumeneko zuzendari nagusiaren maiatzaren 9ko 412E/2023 Ebazpena aldatzen baita. Ebazpen horren bidez, instalazio baten ingurumen-baimen integratua berrikusi eta haren aldaketa funtsezkoa baimendu zen. Instalazioaren titularra Bioenergía Mendi SL da, eta Mendigorriko udal-mugartean kokatuta dago.
Ingurumeneko zuzendari nagusiaren maiatzaren 9ko 412E/2023 Ebazpenaren bidez, instalazio horren ingurumen-baimen integratua berrikusi eta haren aldaketa funtsezkoa baimendu zen.
Akats bat atzemanda ebazpen horretan, 5 hondakin falta baitira ebazpenaren III. eranskineko kudeatutako hondakinen taulan (aurreko ingurumen-baimen integratuan bazeuden), beharrezkoa da akatsa zuzentzea eta haiek sartzea aipatutako taulan.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 109.2 artikuluaren arabera, administrazio publikoek, ofizioz edo interesdunek eskatuta, edozein unetan zuzentzen ahal dituzte beren egintzetako akats materialak, egitatezkoak edo aritmetikoak.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 125. artikuluak ezartzen duenaren arabera, administrazio egintzetan eta xedapenetan egiten diren akats material, aritmetiko edo egitatezkoak zuzentzea kasuan kasuko egintza edo xedapena eman duen organoari dagokio. Orobat, akats zuzenketan aipatu beharko dira zuzenketaren ondorio juridikoak eta, jakinarazi edo argitaratu diren egintzak direnean, nahitaez jakinarazi edo argitaratu beharko da zuzenketa.
Adierazitakoarekin bat, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetu zaizkidan eskumenak erabiliz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluan ezarritakoarekin bat,
EBAZTEN DUT:
Lehendabizikoa.–Ingurumeneko zuzendari nagusiaren maiatzaren 9ko 412E/2023 Ebazpena aldatzea, zeinaren bidez instalazio baten ingurumen-baimen integratua berrikusi eta haren aldaketa funtsezkoa baimendu baitzen (instalazioaren titularra Bioenergía Mendi SL da, eta Mendigorriko udal-mugartean kokatuta dago), atzemandako akatsa aldatzeko, ebazpen honen eranskineko zuzenketari jarraituz.
Bigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Hirugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.
Laugarrena.–Ebazpen hau igortzea Bioenergía Mendi SLri, Mendigorriko Udalera, Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzura, Ebroko Konfederazio Hidrografikora, Abeltzaintza Zerbitzura, Nekazaritza Zerbitzura, Lurralde eta Paisaia Zerbitzura, Biodibertsitatearen Zerbitzura eta Ingurumena Zaintzeko Atalera, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2023ko ekainaren 11n.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.
Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones
Iragarkiaren kodea: F2309102