Iragarkia
143. ALDIZKARIA - 2023ko uztailaren 10a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
194/2023 EBAZPENA, ekainaren 13koa, Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ezartzen baita, saiakuntza gisa, hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleentzako oinarrizko mailako ziklo espezifikoen eskaintza 2023-2024 ikasturterako, bai eta haien antolaketari eta funtzionamenduari buruzko jarraibideak ere, Nafarroako Foru Komunitatean.
Lanbide Heziketaren Antolamenduari eta Integrazioari buruzko martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoan iragarritako Lanbide Heziketako sistemak prestakuntzarako eta lanbide akonpainamendurako eskaintzen duen araubideak erantzuna ematen die pertsonek bizitzan zehar izan ditzaketen interes, itxaropen eta asmoei. Lanbide Heziketako sistema horretan pertsona bera eta pertsonaren kualifikazio beharra dira protagonista nagusiak.
Martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoak hitzaurrean aipatzen du pertsonak gai direla, "zer izan nahi izateko arrazoiak dituzten, huraxe izatea lortzeko", eta Lanbide Heziketako sistema halako moduan antolatzen du non printzipio hauen arabera garatzen baita, besteak beste: "pertsona erdigunean jartzea, haren gaitasunak ahalik gehien garatzen lagunduz, haren parte-hartze aktiboa eta pertsonarteko harremanen garapena sustatuz eta bereizkeria oro gainditzen lagunduz, edozein direla ere jaiolekua, jatorrizko nazioa edo etnia, sexua, desgaitasuna, gizarte edo lan kalteberatasuna eta gainerako baldintza eta inguruabar pertsonal edo sozialak"; eta "gardentasuna, kalitatea, irisgarritasuna, pertsonen arteko tratu eta aukera berdintasun egiazkoa, ekitatea eta inklusioa."
Lege horrek aintzat hartzen du pertsona guztien eskubideak direla "hezkuntza, prestakuntza eta ikaskuntza inklusiboak, etengabeak, iraunkorrak eta kalitatezkoak izatea, gizartean bete-betean parte hartzeko eta lan merkatuko trantsizioak arrakastaz kudeatzeko behar diren gaitasunak eskuratu eta atxiki ditzaten, Gizarte Eskubideen Europako Zutabeak eta Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei buruzko Nazioarteko Konbentzioak ezarri bezala", eta "enplegurako edo lan autonomorako aukerak hobetze aldera laguntza pertsonalizatua eta egokia jasotzea, tartean prestakuntzarako eta birziklapenerako orientazioa eta laguntza, eta lanbide trantsizioetan ere prestakuntza jasotzea, Gizarte Eskubideen Europako Zutabeak ezarri bezala."
Aurrekoa gauzatzeko, martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoak bi bide hauek ezartzen ditu, besteak beste: heziketa zikloen antolaketan "curriculumaren egokitzapenak egin ahal izatea, oinarritzat hartuz Ikaskuntzarako Diseinu Unibertsalaren araberako aukera metodologikoak eta malgutze neurriak irakaskuntzan eta ebaluazioan, egindako egokitzapena erreferentziatzat har dadin ebaluazioan", 40.5 artikuluak xedatzen duen bezala; eta oinarrizko mailako ziklo espezifikoak baimentzea "hezkuntza premia bereziak dituzten 21 urte arteko gazteentzat", 44.4 artikuluan xedatzen den bezala.
Ebazpen honek Nafarroako Foru Komunitatean sakonago eta zehatzago garatzen du aurreko lerroaldeetan eta ekainaren 29ko 71/2022 Foru Dekretuaren 21.10 artikuluan aipatutako arau esparrua (dekretu horrek Nafarroako Foru Komunitateko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren etapako irakaskuntzen curriculuma ezartzen du), era horretan antolatutako heziketak erantzun malgua emanen baitie hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleen beharrei.
Helburua da oinarrizko mailako heziketa ziklo espezifikoak (OME) garatzea Lanbide Heziketako ikastetxe publikoetan, Nafarroako Lanbide Heziketako Sistemak aurre egin diezaien inklusiorako espazioak sortzeko erronka berriei, Lanbide Heziketaren Antolamenduari eta Integrazioari buruzko martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoaren agindua betez.
Oinarrizko mailako ziklo espezifikoek, planteamendu inklusibo baten bitartez, hezkuntza-, gizarte- eta lan-testuinguruak uztartzen dituzte, modulukako ikaskuntza sistema integratua, malgua eta pertsonaren beharretara molda daitekeena baliatuz.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Saiakuntza gisa, oinarrizko mailako ziklo espezifikoen eskaintza ezartzea 2023-2024 ikasturterako Nafarroako Foru Komunitatean. Eskaintza hori 1. eranskinean jaso da.
2. Oinarrizko mailako ziklo espezifikoen (OME) antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituzten jarraibideak onestea. Ebazpen honen 2. eranskinean ageri dira.
3. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Hezkuntza Zuzendaritza Nagusira, Hezkuntza Baliabideen Zuzendaritza Nagusira, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzura, Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Hezkuntzako Teknologien eta IKT Azpiegituren Zerbitzura, Aldi Baterako Langileak Kudeatzeko Zerbitzura, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzura, Azterlan Ekonomikoen eta Nominen Zerbitzura, Ikastetxeen Finantzaketaren, Ikasketetarako Laguntzen eta Zerbitzu Osagarrien Zerbitzura, Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzura, Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzura, Lanbide Heziketako Proiektuen eta Kualifikazioen Zerbitzura, Nafarroako Eskola Kontseilura, Nafarroako Hezkuntza Ekitaterako Baliabideen Zentrora, Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Bulegora eta Eskolatze Bulegora.
4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.
5. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Iruñean, 2023ko ekainaren 13an.–Lanbide Heziketaren zuzendari nagusia, Tomás Rodríguez Garraza.
1. ERANSKINA.–OINARRIZKO MAILAKO ZIKLO ESPEZIFIKOEN ESKAINTZA.
2023-2024 IKASTURTEA
Eskaintza.
1. Oinarrizko mailako ziklo espezifikoen eskaintza behean zehazten den zikloko unitate batek osatzen du:
OINARRIZKO MAILAKO ZIKLO ESPEZIFIKOA | LANBIDE ARLOA | IKASTETXE BATERATUA |
BULEGOKO INFORMATIKA | Administrazioa eta kudeaketa / Informatika eta komunikazioak | María Ana Sanz IB |
2. Unitatearen ratioa, oro har, hamar ikaspostukoa da.
3. Oinarrizko mailako ziklo espezifikoen antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituzten jarraibideak ebazpen honen 2. eranskinean ageri dira.
2. ERANSKINA.–OINARRIZKO MAILAKO ZIKLOEN ANTOLAKETARI ETA FUNTZIONAMENDUARI BURUZKO JARRAIBIDEAK. 2023-2024 IKASTURTEA
Oinarrizko mailako ziklo espezifikoen (OME) xedea eta helburuak.
1. Oinarrizko mailako ziklo espezifikoek xedetzat dute erantzuna ematea hezkuntza premia bereziak dituzten gazteen hezkuntza eta lanbide beharrei. Horretarako baliatzen duten ereduak hartzaileen garapen pertsonal, emozional, sozial eta profesionala errazten du, autonomiarako eta lanbiderako gaitasunak handitzeko, gizarte bazterketaren arriskua saihesteko, gaitasun tekniko-profesionalen garapenaren eta lorpenaren bidez lanbide karrera definitzeko eta Lanbide Heziketaren eredu pertsonalizatu bat eskaintzeko, lanbide batean aritzeko gaitzen duena eta laneratzea errazten duena.
2. Oinarrizko mailako ziklo espezifikoak Lanbide Heziketako titulu bakoitzeko gaitasunak garatu ahal izateko behar diren emaitzak lortzen laguntzen die ikasleei. Gainera, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako gaitasunak eskuratzeko modua izaten laguntzen die.
Oinarrizko mailako ziklo espezifikoen (OME) xede diren ikasleak. Inskribatzeko baldintzak.
3. Oinarrizko mailako ziklo espezifikoen xede diren ikasleek hezkuntza premia bereziak (HPB) dituzte, zeinak loturik baitaude adimen-, mugimendu-, ikusmen- eta -entzumen desgaitasunarekin, autismoaren espektroko nahasmenduarekin eta komunikazioaren eta hizkuntzaren nahasmendu larriarekin. Ikasle horiek badituzte behar adinako moldatze-trebetasunak zikloa egin eta titulua lortu ahal izateko. Orientaziorako aholkuan baldintza hori azaldu behar da. Hura egiaztatzeko banakako proba estandarizatuak eginen dira, kulturalki eta psikometrikoki egokiak.
4. Ikasle horiek baldintza hau ere bete behar dute: behean azaltzen diren irakaskuntzetako bat egin izana eta, gainera, haietako bakoitzerako adierazten diren baldintzak betetzea.
–Curriculum bereziko unitate (CBU) bat. Gutxienez ere Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. ikasmailetako curriculum gaitasunak lortuak izan behar dituzte sarrera eskatzen duten unean.
–Lanbide Heziketa Bereziko (LHB) ziklo bat. Gaindituak izan behar dituzte etengabeko prestakuntzako lanbide moduluak eta 1. mailako gaitasun unitateei lotutakoak, eta lortuak izan behar dituzte gutxienez ere Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. ikasmailetako curriculum gaitasunak, sarrera eskatzen duten unean.
–DBHn, gutxienez ere Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako bigarren maila, curriculum egokitzapen esanguratsuak aplikatuta. Lortuak izan behar dituzte gutxienez ere Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. ikasmailetako curriculum gaitasunak, sarrera eskatzen duten unean.
Oinarrizko mailako ziklo espezifikoan inskribatzea. Prozedura eta dokumentazioa.
5. Inskribatzeko prozedura:
a) Ikastetxeko irakasle taldeak eta orientatzaileak proposamena egin behar diete ikaslearen gurasoei edo legezko tutoreei. Ikasleak berak eta gurasoek edo legezko ordezkariek proposamen hori onartu behar dute.
b) Proposamena onartu ondoren, dokumentazio hau igorri behar zaio NHEBZri:
–Irakasle taldearen proposamena. Txosten horretan berariaz adierazi behar da zein den curriculum gaitasunaren maila prestakuntza-arlo bakoitzean
–Ebaluazio psikopedagogikoko txostena, ikaslearen jatorrizko ikastetxeko orientatzaileak egina.
–Ikasleak eta gurasoek edo legezko ordezkariek adostasuna adierazteko agiria.
–Inskripzio eskaera. Inskripzioa eskatzeko inprimakia ‘Oinarrizko mailako ziklo espezifikoetako inskripzioa’ izeneko izapide-fitxan dago. Inprimaki horretako ‘Erantsi beharreko dokumentazioa’ atalean adierazten diren agiriak ere aurkeztu behar dira.
c) Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuak, Nafarroako Hezkuntza Ekitaterako Baliabideen Zentroaren bitartez (NHEBZ), jasotako dokumentazioa aztertuko du, eta ontzat emanen du oinarrizko mailako ziklo espezifikoan inskribatzeko proposamena.
d) NHEBZ-Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuaren baimena duten inskripzio eskaerek oinarrizko mailako ziklo espezifikoan onartzeko prozesuan parte hartuko dute.
6. Dagokion zerbitzuak ezarriko ditu goian adierazitako dokumentazioa NHEBZri bidaltzeko egunak, eta aditzera emanen dira ‘Oinarrizko mailako ziklo espezifikoetako inskripzioa’ izeneko izapide-fitxan.
Matrikula egunak ere izapide-fitxa horretan argitaratuko dira.
Oinarrizko mailako ziklo espezifikora sartzea. Onartzeko irizpideak.
7. Eskaerak ikaspostuak baino gehiago badira, irizpide hauen arabera eginen da lehentasunen zerrenda:
–Lehenbizikoa. CBU bat egin duten ikasleak.
–Bigarrena. Gutxienez ere DBHko 2. ikasmaila egin duten eta curriculum egokitzapen esanguratsuak izan dituzten ikasleak.
–Hirugarrena. LH Bereziko ziklo bat egin duten ikasleak.
8. Berdinketa izanez gero, egindako azken ikasmailako batez besteko notari begiratuko zaio lehendabizi, eta kasuko ikasmailarako onarpen prozesuetan aplikatuko den zozketaren emaitzari bigarrenik.
Definizioak.
9. Ebazpen honen ondorioetarako, honako definizio hauek hartuko dira aintzat:
a) Helburuak: ikasleek oinarrizko mailako ziklo espezifiko bat amaitzean erdiestea espero diren lorpenak, gako-gaitasunak, lanbide gaitasunak, gaitasun pertsonalak eta gaitasun sozialak bereganatzearekin lotuta daudenak.
b) Gako-gaitasunak: ezinbestekotzat jotzen diren jardunak, ikasleek beren prestakuntza ibilbidean arrakasta bermatuta aurrera egin ahal izateko eta erronka nagusiei aurre egiteko bete beharrekoak. Gako-gaitasun horiek ikasleek oinarrizko irakaskuntza amaitzean izan beharreko irteera-profilean jasota daude, eta Europar Batasuneko Kontseiluaren 2018ko maiatzaren 22ko Gomendioan, etengabeko ikaskuntzarako gako-gaitasunei buruzkoan, ezarritako gako-gaitasunak Espainiako hezkuntza sistemara egokitzearen emaitza dira.
c) Gaitasun espezifikoak: zenbait jarduera edo egoeratan, zeinetan lanketarako beharrezkoak baitira esparru bakoitzeko oinarrizko jakintzak, ikasleek bete behar dituzten jardunak. Gaitasun espezifikoek lotzen dituzte, alde batetik, gako-gaitasunak, eta, bestetik, esparru komunetako oinarrizko jakintzak eta ebaluazio irizpideak.
d) Oinarrizko jakintzak: Komunikazioaren eta Gizarte Zientzien esparruko eta Zientzia Aplikatuen esparruko edukiak osatzen dituzten ezagutzak, trebetasunak eta jarrerak, gaitasun espezifikoak eskuratzeko ikasi beharrekoak.
e) Ikaskuntza egoerak: ikasleek gako-gaitasunekin eta gaitasun espezifikoekin lotutako jarduketak gauzatzea dakarten egoerak eta ikaskuntzak, gaitasun horiek eskuratzen eta garatzen laguntzen dutenak.
f) Ikaskuntzaren emaitza: curriculumaren oinarrizko osagaia, ikasle batengandik zer jakitea, zer ulertzea eta zer egiteko gai izatea espero den deskribatzen duena, gaitasun elementu / gaitasun-estandar / gaitasun unitate bati lotuta, eta curriculumaren gainerako osagaiak orientatzen dituena, ikasleak emaitza lortu duela egiaztatzeko ebaluazio irizpideak barne.
g) Ebaluazio irizpideak: erreferenteak, gaitasun espezifikoei dagozkien egoera edo jarduera batzuetan ikasleengandik espero diren jardun-mailak (Komunikazioaren eta Gizarte Zientzien esparruan eta Zientzia Aplikatuen esparruan) eta ikaskuntzaren emaitzak (lanbide esparruko lanbide moduluetan) adierazten dituztenak, ikaskuntza prozesuaren une jakin batean.
h) Lanbide gaitasuna: lanbide batean produkzioaren eta enpleguaren eskakizunekin bat etorriz jardutea ahalbidetzen duten ezagutzen eta trebetasunen multzoa. Lanbide gaitasunak lanbide gaitasunaren estandarretan jasotzen dira, eta estandar horiek erabili behar dira Lanbide Heziketako edozein eskaintza diseinatzeko.
i) Gaitasun elementua: pertsonarengandik espero den portaera deskribatzen duen lanbide errealizazio bakoitza, pertsonak lanbide batean egiten dituen jardueren ondorioak edo emaitzak deskribatzen dituena. Gaitasun-estandar baten atalik txikiena da.
j) Gaitasun-estandarra: lanbide jarduera jakin bati dagozkion zereginetan eta lanetan behar adinako kalitate-estandarra betez aritzea deskribatzen duten gaitasun elementuen multzo zehatza.
k) Ikasleen irteera-profila: tresna bat, zeinean zehazten baitira Espainiako hezkuntza sistemak Oinarrizko Hezkuntzari dagokionez dituen printzipioak eta xedeak. Irteera-profilak identifikatu eta definitzen ditu, XXI. mendeko erronkei dagokienez, ikasleek Oinarrizko Hezkuntzaren etaparen bukaeran garatuta izan behar dituzten gako-gaitasunak.
l) A maila - Gaitasunaren egiaztagiri partziala: lanbide modulu bateko gaitasun elementu bat edo batzuk egiaztatzeko ziurtagiria.
m) B maila - Gaitasunaren ziurtagiria: lanbide modulu bati lotutako gaitasun-estandarra egiaztatzen duen ziurtagiria.
n) C maila - Ziurtagiri profesionala: lan merkatuan aintzat hartzen den lanbide gaitasun bat egiaztatzen duen ziurtagiria.
o) D maila - Oinarrizko teknikari titulua: oinarrizko mailako ziklo bat gainditu ondoren eskuratutako lanbide gaitasunak egiaztatzen dituen titulua.
p) Ikaskuntzarako Diseinu Unibertsala: hezkuntza inklusiborako irakaskuntza eredu bat, ikasle bakoitzaren ikaskuntzaren singulartasuna aitortzen duena eta ikaskuntza eta irakaskuntza prozesuen eta inguruneen irisgarritasuna sustatzen duena, ikasleen askotariko beharrei eta ikaskuntza erritmoei egokitutako curriculum malgua dela medio.
q) Lanbide Heziketa Duala: irakaskuntza eta ikaskuntza prozesuak Lanbide Heziketako ikastetxearen eta enpresa edo pareko erakunde baten artean antolatuta gauzatzen den lanbide heziketa, bi agente horien ardurapekoa, prestakuntza jasotzen ari den pertsonaren enplegagarritasuna hobetzea helburu duena.
Bulegoko Informatikako oinarrizko mailako ziklo espezifikoaren antolaketa eta egitura.
10. Oinarrizko mailako heziketa ziklo espezifikoa esparru eta proiektu hauen bidez antolatzen da:
–Komunikazioaren eta Gizarte Zientzien esparrua.
–Zientzia Aplikatuen esparrua.
–Lanbide esparrua.
–Autonomia pertsonalaren eta laneko orientabidearen esparru osagarria.
–Elkarlaneko ikaskuntza proiektua, aurreko esparruei lotua.
–Taldeko tutoretza.
11. Iraupena. Oinarrizko mailako ziklo espezifikoak 4.000 orduko iraupena du, lau ikasturte osotan banatuta.
12. Esparruen eta proiektuaren sekuentziazioa eta denbora banaketa. Oinarrizko mailako ziklo espezifikoaren ordu kopurua, oro har, honela banatuko da ikasturte bakoitzean:
a) Komunikazioaren eta Gizarte Zientzien esparrua. Astean 5 klase.
b) Zientzia Aplikatuen esparrua. Astean 5 klase.
c) Lanbide esparrua. Astean 14 klase.
d) Autonomia pertsonalaren eta laneko orientabidearen esparru osagarria. Astean 4 klase.
e) Elkarlaneko ikaskuntza proiektua, aurreko esparruei lotua. Astean klase bat.
f) Tutoretza. Astean klase bat.
ESPARRUA / LANBIDE MODULUA | ASTEKO KLASEAK | IKASTURTEA |
Komunikazioaren eta Gizarte Zientzien esparrua | 5 | 1.a, 2.a, 3.a, 4.a |
Zientzia Aplikatuen esparrua | 5 | 1.a, 2.a, 3.a, 4.a |
Lanbide esparrua | ||
3029 LM. Sistema eta osagai informatikoak muntatzea eta mantentzea | 14 | 1.a, 2.a, 3.a, 4.a |
3030 LM. Konfiguratzeko eta ustiatzeko eragiketa osagarriak | 1.a, 2.a, 3.a, 4.a | |
3016 LM. Datuak transmititzeko sareak instalatzea eta mantentzea | 1.a, 2.a, 3.a, 4.a | |
3031 LM. Bulegotika eta dokumentuen artxiboa | 1.a, 2.a, 3.a, 4.a | |
3033 LM. Lantokiko prestakuntza | Enpresaren ordutegian | 3.a, 4.a |
Autonomia pertsonalaren eta laneko orientabidearen esparru osagarria | 4 | 1.a, 2.a, 3.a, 4.a |
Elkarlaneko ikaskuntza proiektua, aurreko esparruei lotua | 1 | 1.a, 2.a, 3.a, 4.a |
Tutoretza | 1 | 1.a, 2.a, 3.a, 4.a |
Esparruak, lanbide moduluak eta proiektua sekuentziatuta daude oinarrizko mailako ziklo espezifikoko lau ikasturteetan, gaitasun mailetan eta, hala dagokienean, irakaskuntzaren emaitzetan.
Oinarrizko mailako ziklo espezifikorako irizpide metodologiko eta pedagogikoak.
13. Irakasle taldeak ikasle bakoitzaren ezaugarriei egokitutako prestakuntza plana diseinatuko du, prestakuntza ibilbide pertsonalizatua, hain zuzen.
14. Oinarrizko mailako ziklo espezifikoan sustatzen den irakaskuntza ereduak oinarritzat hartzen ditu, martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoaren 44.5 artikuluan adierazitako irizpide pedagogikoez gain, Ikaskuntzarako Diseinu Unibertsalaren irizpideak.
15. Lanbide modulu bakoitzak prestakuntza unitatez osatutako egitura izanen du. Unitate horiek lanbide moduluetako ikaskuntzaren emaitzetatik abiatuta antolatuko dira, ikasleek aurrera egin ahal dezaten eta kasuan kasuko amaierako ziurtagiria lortu ahal dezaten, A mailetatik D mailetaraino. Prestakuntza unitate horiek, beren ordutegiaren zati batean, bi irakaslek batera eman ahalko dituzte.
16. Arau orokor gisa, gaitasunen garapenean oinarritutako metodologia aktiboak landuko dira prestakuntza unitate guztietan.
17. Ebaluaziorako erreferenteak curriculumaren egokitzapenetan sartutakoak izanen dira. Inguruabar horrek ezin izanen du galarazi titulazioa.
Lantokiko Prestakuntza (LP) lanbide modulua.
18. Lantokiko Prestakuntza lanbide modulua, arau orokor gisa, oinarrizko mailako zikloko hirugarren eta laugarren ikasturteetan eginen da, ikasturtean zehar edonoiz. LP modulua egiteak ez du esan nahi gainerako lanbide moduluak gaindituta daudenik.
19. Ikaslea lanean hasi aurretik, LP modulua egiteko aukeratutako lanpostuaren ebaluazioa egin behar da. Aurretiazko ebaluazio horrek bermatu behar du lanpostua egokia dela ikaslearen ezaugarri eta gaitasunetarako.
20. Halaber, irakasle taldeak arreta berezia jarri behar du LP modulua egiten ari diren ikasleen jarraipenean eta akonpainamenduan, batez ere ikaslea enpresan edo entitatean lanean hasten den unean.
Oinarrizko mailako ziklo espezifikoa duala izatea.
21. Oinarrizko mailako ziklo espezifikoa duala izanen da Lanbide Heziketaren Antolamenduari eta Integrazioari buruzko martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoan zehazten den moduan.
Curriculuma.
22. Komunikazioaren eta Gizarte Zientzien esparruko eta Zientzia Aplikatuen esparruko curriculuma ekainaren 29ko 71/2022 Foru Dekretuan ezarritakoa da (dekretu horrek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren etapako irakaskuntzen curriculuma ezartzen du Nafarroako Foru Komunitatean).
23. Lanbide esparruko lanbide moduluen curriculuma abuztuaren 27ko 75/2014 Foru Dekretuan ezarritakoa da (dekretu horrek Bulegoko Informatikako oinarrizko lanbide tituluaren egitura eta curriculuma ezartzen ditu Nafarroako Foru Komunitatean).
24. Irakasle taldeak eta ikastetxeak garatuko dituzte autonomia pertsonalaren eta laneko orientabidearen esparru osagarriaren curriculuma, bai eta esparruei lotutako elkarlaneko ikaskuntza proiektuarena ere. Horretarako berariazko jarraibideak emanen dizkie Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiak.
Ikasleen ratioa.
25. Oro har, taldean gehienez ere 10 ikasle izanen dira.
Ebaluazioa.
26. Oinarrizko mailako ziklo espezifikoko ikasleen ebaluazioa bat etorriko da Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiak horrelako zikloetako ebaluaziorako berariaz eta ebazpen bidez ezartzen dituen jarraibideekin.
Titulazio akademikoa eta ziurtagiri profesionalak.
27. Oinarrizko mailako ziklo espezifiko batean sartutako esparru eta proiektu guztiak gaindituz gero, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako gradudun titulua lortuko da.
Ikasleek bereganatutako lanbide gaitasunak lanaren arloan justifika daitezen errazteko, apartatu honetan aipatzen diren ikasleek oinarrizko teknikari titulua ere jasoko dute dagokien espezialitatean.
28. Ikasle guztiek ziurtagiri ofizial bat jasoko dute oinarrizko mailako ziklo espezifikoetako eskolatzea bukatzen dutenean. Ziurtagiri horretan, egindako ikasturte kopurua eta irteerako profilean zehaztutako gako-gaitasunen bereganatze maila adieraziko dira.
Era berean, ikasle guztiek orientaziorako aholku indibidualizatua jasoko dute, eta bertan proposamen bat eginen zaie haientzat egokien jotzen diren aukera akademikoei, prestakuntzakoei edo profesionalei buruz. Orientaziorako aholku horren helburua izanen da ikasle guztiek aukera egoki bat aurkitzea beren etorkizuneko prestakuntzarako.
29. Oinarrizko mailako ziklo espezifikoa egin ondoren Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako gradudun titulurik lortzen ez duten ikasleek, aurreko apartatuan aipatutako ziurtagiri ofizialaz gainera, ziurtagiri profesionala jasoko dute, kasuan kasukoa: gaitasunaren egiaztatze partzialaren ziurtagiria, gaitasunaren ziurtagiria edo ziurtagiri profesionala.
Irakasleak.
30. Lanbide esparruko, Komunikazioaren eta Gizarte Zientzien esparruko eta Zientzia Aplikatuen esparruko lanbide moduluetan irakasle arituko dira abuztuaren 27ko 75/2014 Foru Dekretuan hurrenez hurren lanbide moduluetarako, Komunikazioa eta Gizartea moduluetarako eta Zientzia Aplikatuak moduluetarako ezarritako irakasleak (dekretu horrek Bulegoko Informatikako oinarrizko lanbide tituluaren egitura eta curriculuma ezartzen ditu Nafarroako Foru Komunitatean).
31. Autonomia pertsonalaren eta laneko orientabidearen esparru osagarrian irakasle arituko dira maisu-maistren kidegoko Pedagogia Terapeutikoa espezialitateko irakasleak.
32. Elkarlaneko ikaskuntza proiektuan irakaskide izanen dira aurreko bi apartatuetan aipatutako irakasleak.
33. Era berean, oinarrizko mailako ziklo espezifikoko edozein esparrutan eta modulutan egin daiteke irakaslan partekatua.
Oinarrizko mailako ziklo espezifikoa oinarrizko araudiari egokitzea.
34. Oinarrizko mailako ziklo espezifikoak 2023-2024 ikasturtean izanen du bere lehen edizioa, eta lau ikasturte iraunen du. Zikloari saiakuntza gisa ekinen zaio, martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoan xedatutakoaren babesean. Baldin eta, lege organiko horretatik eratorritako araugintza prozesuaren ondorioz, oinarrizko mailako ziklo espezifikoari aplikatu beharreko oinarrizko araudia garatzen bada, behar diren aldaketak eginen dira, zikloari 2023-2024 ikasturtean ekiten dioten ikasleek aplikatzekoa den araudiaren arabera amaitu ahal dezaten.
Komunikaziorako bideak.
35. Hauek dira komunikaziorako bideak:
–Helbide elektronikoak: creeninl@educacion.navarra.es / negociado.orientacion.escolar@navarra.es / inclusion.educacion@navarra.es
–Nafarroako Hezkuntza Ekitaterako Baliabideen Zentroa (NHEBZ): 848 431230.
–Inklusio Atala: 848 426229.
–Orientazio Bulegoa: 848 426658.
Iragarkiaren kodea: F2309561
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
