Iragarkia
143. ALDIZKARIA - 2023ko uztailaren 10a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
335E/2023 EBAZPENA, ekainaren 12koa, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez deialdi bat onesten baita 2023-2024 aldian Nafarroako tokiko ekintza taldeei dirulaguntzak emateko, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatu eta bultzatzeko proiektuak gara ditzaten. DDBN identifikazioa: 702867.
Nafarroako Berdintasunerako Institutuak Nafarroan genero berdintasuna lortzea du helburu, horretarako bide ematen duten baldintzak sustatuz eta genero desberdintasuneko eta bazterkeriako modu guztiak Nafarroan deuseztatzen lagunduz. Horretarako, urriaren 30eko 260/2019 Foru Dekretuaren bidez onetsita dituen estatutuen arabera, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako politikak koordinatzeko eta kudeatzeko eskumena dagokio Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan, eta bere helburuetako bat da Nafarroako Administrazio Publikoei laguntza ematea emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde lan egiteko.
Tokiko ekintza taldeak eskualde mailako elkarteak dira, eta eskualdeko sare sozioekonomikoa ordezkatzen duten solaskide publikoak (udalak eta mankomunitateak) eta pribatuak (gazteen kolektiboak, emakume-elkarteak, enpresa-elkarteak, sindikatuak, etab.) biltzen dira bertan. Landa garapenaren Europako estrategiak aplikatzea dute helburu, kolektibo sozial, ekonomiko eta instituzionalen arteko adostasunaren ondorioz sortzen diren eskualdeko programak diseinatuz, abian jarriz eta kudeatuz.
Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legeak, «Herritar aktiboak, ahalduntzea eta parte-hartzea» kapituluaren barnean, bereziki aipatzen du genero-ikuspegia txertatu behar dela landa garapeneko jarduketetan, emakumeak ahaldundu behar direla landa-eremuan, despopulazioaren aurka borrokatzeko neurriak hartu behar direla, landa-eremuan arrakala digitala ezabatzeko ekintzak egin behar direla, eta abar. Gai horietan guztietan erabakigarria da tokiko ekintza taldeen lana, erakunde horiek garrantzi eta eragin handia baitute lurraldearen sustapenerako.
Bestalde, "Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Nafarroako Plan Estrategikoa (2022-2027)" plangintza publikoko tresna nagusia da Berdintasunari buruzko 17/2019 Foru Legea garatzeko. Plan horretan, kontuan hartzen da toki-administrazioaren erantzukizuna ildo estrategiko guztietan, eta, bereziki, I. ildo estrategikoan, zeinaren helburua baita genero-ikuspegia txertatzea administrazioen gobernantza-ereduan, toki-administrazioa barne, eta hura tokiko ekintza taldeen parte ere bada, adierazi den bezala. Halaber, plan estrategiko horretako IV. ildo estrategikoak ardatz du gizarte zibilaren protagonismoa sustatzea emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna eraiki eta finkatzeko orduan. Balioak aldatzeko, gizarte zibilak protagonismo handiagoa izan behar du, eta emakumeek eta gizonek konpromiso aktiboa eta arduratsua hartu behar dute berdintasunarekin, hura baita pertsona guztien ongizatea lortzeko bidea. Horren haritik, elkarteen lana ezinbestekoa da, hain zuzen ere, ikuspegi feminista aintzat hartuz, emakumeen beharrizanei ahotsa jarriko dioten elkarteak, emakumeen aniztasunetik, eta erakundeekin izanen duten elkarrizketak eragina izan behar du politika publikoetan.
Adierazi behar da, bestalde, tokiko esparrua dela herritarrengandik eta sare ekonomiko eta sozialetik hurbilen dagoena, eta, hortaz, esparru egokienetako bat da emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna integratzeko. Horregatik, inportantea da Nafarroako toki elkarteek emakumeen eta gizonen aukera berdintasunarekin duten konpromisoa bultzatzea, eta tokiko garapena lehentasunezkotzat jotzea hura lortzeko.
Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren bidez, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren printzipioa lortzeko lehentasuntzat jotzen du genero berdintasunerako politikak sustatzea tokiko esparruan, toki entitateekin eta tokiko ekintza taldeekin batera lan egituratu, sistematiko eta koordinatua eginez, lurralde bakoitzean sortzen diren beharrei eta berezitasunei erantzuna emateko.
Tokiko eremuko errealitate desberdinen premia eta berezitasun horiei erantzuteko, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak dirulaguntzen deialdi hau planteatzen du emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatu eta sustatzeko proiektuak gauzatzen dituzten tokiko ekintza taldeentzat. Ebazpen honetan hiru dirulaguntza modalitate desberdin aurreikusten dira, eta baldintza eta diru kopuru desberdinak ezartzen dira, alde batetik, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatu eta sustatzen duten proiektuak egiteko berdintasuneko agentea duten tokiko ekintza taldeentzat, eta bestetik, figura profesional hori gabe, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatu eta sustatzeko proiektuak garatzen dituzten tokiko ekintza taldeentzat.
Institutua udalen berdintasun arloak planifikatu, kudeatu eta ebaluatzeko ibilbidearen eredua bultzatzen ari da esku-hartzea errazagoa, sistematikoa eta koherentea izan dadin. Eredu horretan, esku hartzeko esparru bat ezartzen da toki entitateen arteko lankidetza eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuarekiko koordinazioa ahalbidetzeko. Ibilbide hori tokiko ekintza taldeentzako eredu ere izanen litzateke, eta inbertsio arlo hauek barne hartzen ditu: tokiko gobernantza eta genero-zeharkakotasuna, emakumeen aurkako indarkeria, zaintza, erantzukidetasuna eta kontziliazioa eta emakumeen ahalduntzea, parte-hartze soziopolitikoa eta balio-aldaketa. Era berean, tokiko ekintza taldeen lana planifikatzeko baliagarria izan daiteke "Landa garapeneko taldeen eta lurralde erakundeen arloetan eta proiektuetan genero-ikuspegia txertatzeko ibilbidea. Gida metodologikoa", zeina eskualde-eremuko mota horretako elkarteentzako lankidetza-proiektu espezifiko baten emaitza baita.
Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 51. artikuluak eta Nafarroako Berdintasunerako Institutua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen urriaren 30eko 260/2019 Foru Dekretuaren 12.h) artikuluak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren deialdi bat onestea, helburu duena 2023-2024 aldian Nafarroako tokiko ekintza taldeei dirulaguntzak ematea emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatu eta bultzatzeko proiektuak gara ditzaten.
2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen I. eranskinean jaso dira.
3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzea, betiere kreditu egokia eta nahikoa baldin badago 2024an.
AURREKONTUKO PARTIDA | EKITALDIA | ZENBATEKOA |
080001 08100 4819 232207: Transferentziak tokiko ekintza taldeetarako | 2023 | 15.436,09 |
080001 08100 4819 232207: Transferentziak tokiko ekintza taldeetarako | 2024 | 10.000 |
Salbuespen gisa, 5.000 euro gehiago bideratzen ahalko dira gehienez deialdi honetarako, kontuan hartuta zenbat eskaera aurkezten diren; horretarako, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak ebazpen bat emanen du, beste deialdi bat egin gabe, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31. artikuluak ezartzen duenarekin bat etorriz. Zenbateko gehigarri hori erabili ahal izateko, kreditu gehigarria baimendu beharko da foru lege horren 31.3.a) artikuluan adierazten diren gorabeheretako bat gertatzen delako.
4. Ebazpen hau, oinarri arautzaileak (I. eranskina) eta balorazio irizpideak (II. eranskina) Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Baseari jakinaraztea.
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan xedatutako moduan eta epeetan.
Iruñean, 2023ko ekainaren 12an.–Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzailea, Eva Istúriz García.
I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK
1. oinarria.–Xedea eta helburua.
Deialdiaren xedea da araubide bat ezartzea Nafarroako Berdintasunerako Institutuak 2023ko martxoaren 1etik 2024ko otsailaren 29ra arteko aldian Nafarroako tokiko ekintza taldeei dirulaguntzak emateko, talde horietan emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatzeko eta sustatzeko, tokiko ekintza taldeek prestatzen eta planifikatzen dituzten proiektuen bitartez.
2. oinarria.–Entitate onuradunak eta dirulaguntzaren modalitateak.
2.1. Deialdi honetan parte hartzen ahalko dute Nafarroako Foru Komunitatean legez eratutako tokiko ekintza taldeek, Nafarroako Foru Komunitatean deialdi honetako proiektuak sustatzen badituzte, eta, era berean, oinarri hauetako baldintzak betetzen badituzte.
2.2. Dirulaguntza modalitate hauek daude:
a) A modalitatea: berdintasuneko agentea lanaldi osoan kontratatuta edo plantillan izanik ere, kontratazio hori dela-eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren dirulaguntzarik jasotzen ez duten Nafarroako toki entitateek garatzen dituzten proiektuak.
b) B modalitatea: berdintasuneko agentea lanaldi osoan kontratatuta edo plantillan izanik, kontratazio hori dela-eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren dirulaguntza jasotzen duten Nafarroako toki entitateek garatzen dituzten proiektuak.
c) C modalitatea: berdintasuneko agentea lanaldi osoan kontratatuta edo plantillan ez duten Nafarroako tokiko ekintza taldeek garatzen dituzten proiektuak.
3. oinarria.–Betekizunak.
3.1. Nafarroako tokiko ekintza taldeek baldintza hauek bete beharko dituzte eskaera aurkezteko unean, eta haiek betetzen jarraitu beharko dute diruz lagundutako jarduera gauzatzen den epe osoan, salbu 3.1 oinarriko b.2 apartatuan jasotakoaren kasuan.
Modalitate guztietan, tokiko ekintza taldeek indarrean dagoen legeriaren arabera eratuak izan behar dute eta izaera juridikoa izan behar dute; erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatu beharko dute hori (IV. eranskinean jasoa).
a) A eta B modalitateak.
1. Eskaera egiten den unean, B mailako berdintasuneko agentea kontratatua izatea lanaldi osorako edo plantillan. Tokiko ekintza taldeak zerbitzua lanaldi partzialean egiten duten pertsonak kontratatuak dituenean, proiektuek ez dute dirulaguntzarik jasoko, non ez den agente nagusia lanaldiaren murrizketa eskatzen duena; izan ere, horrelakoetan, zilegi izanen da bi lagunen artean betetzea lanaldi osoa. (Hori egiaztatzeko, erantzukizunpeko adierazpen bat erabiliko da. IV. eranskina).
Betiere, lanaldia osoa dela ulertuko da, eta ez da nahitaezkoa izanen bi lagunek betetzea, baldin lanaldia zortziren bat, seiren bat edo laurden bat murrizten bada, apirilaren 4ko 27/2011 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera (haren bidez arautu zen Nafarroako Administrazio Publikoetako langile funtzionarioen lanaldiaren murrizketa) edo horri dagokionez aplikatzekoa den beste edozein arauditan xedatutakoaren arabera.
2. Entitateak 2023rako partida izatea emakume eta gizonen arteko berdintasunaren arloko ekintzak eta proiektuak finantzatzeko, eta orobat, 2024rako ere, helburu bereko diru partida edo aurrekontu zuzkidura izateko konpromisoa atxikitzea. (Hori egiaztatzeko, IV. eranskinean jasotako erantzukizunpeko adierazpena erabiliko da).
3. Aukera berdintasunerako plan bat, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako plan estrategiko bat, ekintza positiborako plan bat edukitzea. Berdintasuneko agentea lehen aldiz kontratatuz gero, baldintza hori egiaztatutzat joko da tokiko ekintza taldearen ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuz gero (IV. eranskina). Adierazpen horretan, egiaztatuko da tokiko ekintza taldeak berdintasun-plana edo urteko lan-plan bat egiteko asmoa duela deialdi honen aldian. Puntu honetan aipatutako planak oinarri hartu beharko du "Udalen berdintasun arloetako lana planifikatu, kudeatu eta ebaluatzeko ibilbidea" edo "Landa garapeneko taldeen eta lurralde erakundeen arloetan eta proiektuetan genero-ikuspegia txertatzeko ibilbidea. Gida metodologikoa".
4. Entitate eskatzailearen organo eskudunaren baimena, berdintasuneko agenteak, dirulaguntzak estaliko duen aldi osoan, parte har dezan Nafarroako Berdintasunerako Institutuak genero berdintasunaren arloan antolatzen duen etengabeko prestakuntzaren programan, horrelakorik antolatzen bada. (Hori egiaztatzeko, IV. eranskinean jasotako erantzukizunpeko adierazpena erabiliko da).
b) C modalitatea:
1. 2023rako partida edo aurrekontu zuzkidura izatea emakume eta gizonen arteko berdintasunaren arloko ekintzak eta proiektuak finantzatzeko, eta orobat, 2024rako ere, helburu bereko diru partida edo aurrekontu zuzkidura izateko konpromisoa atxikitzea. (Hori egiaztatzeko, IV. eranskinean jasotako erantzukizunpeko adierazpena erabiliko da).
2. Eskaera egiten den unean, ez du B mailako berdintasuneko agenterik lanaldi osorako kontrataturik edo plantillan. (Hori egiaztatzeko, IV. eranskinean jasotako erantzukizunpeko adierazpena erabiliko da).
4 oinarria.–Exekuzio epea eta proiektu diruz lagungarriak.
4.1. Dirulaguntzen xede diren proiektuak 2023ko urtarrilaren 1etik 2024ko otsailaren 29ra bitartean gauzatu beharko dira.
4.2. Tokiko ekintza taldeek proiektu bakarra aurkezten ahalko dute, dagokien modalitatean.
4.3. Dirulaguntzen xede diren proiektuek oinarri honetan zehazten diren ekintzak jasotzen ahalko dituzte, eta horien garapena eta kudeaketa egokitzen ahalko dira, gauzatu ahal izateko.
Deialdian adierazitako modalitate bakoitzean, proiektu hauek jaso dezakete dirulaguntza:
A eta B modalitateak: emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatu eta sustatzen duten proiektuak, berdintasuneko agentea duten tokiko ekintza taldeetan
Proiektuak deialdi honen xedearen arabera (1. oinarrian adierazia) diseinatuta aurkeztuko dira, bai eta "Udalen berdintasun arloetako lana planifikatu, kudeatu eta ebaluatzeko ibilbidean" adierazitako esku-hartze arlo hauen arabera ere:
a) Toki gobernamendua eta zeharkakotasuna.
Ohartarazten da jarduketa honen barnean ez direla diruz lagunduko langileen berdintasunerako barne planak (diagnostikoak barne) plantillan 50 langiletik gora dituzten tokiko ekintza taldeetan.
b) Emakumeen kontrako indarkeria.
c) Zainketa, erantzunkidetasuna, eta eginkizunak bateratzea.
d) Emakumeen ahalduntzea, parte-hartze soziopolitikoa eta balioen aldaketa.
Era berean, A eta B modalitateetako proiektuak planifikatzeko, erreferentzia gisa hartzen ahalko da "Landa garapeneko taldeen eta lurralde erakundeen arloetan eta proiektuetan genero-ikuspegia txertatzeko ibilbidea. Gida metodologikoa" izeneko dokumentua, eta aipatutako ibilbidean jasotako hiru mailetako edozeinetan koka daitezkeen ekintzak planifikatzen ahalko dira.
Aurrez aipatutako edozein arlotan sartzen diren ekintzak biltzen dituzten proiektuek jasotzen ahalko dute dirulaguntza, baldin eta honako helburu hauek badituzte:
–Baldintzak sortzea emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren printzipioa eta generoaren ikuspegia Administrazioan eta haren politika publikoetan zeharka integratzeko.
–Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko prestakuntza (jardunaldiak, mintegiak, hitzaldiak, eta abar).
–Sentsibilizazioa (kanpainak, generoaren ikuspegia lantzen duten materialak prestatu eta zabaltzea).
–Emakumeen ahalduntzea eta parte-hartzea sustatzeko jarduerak.
–Azterlanak, ikerketak, plangintza eta ebaluazioa, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean aurrera egiteko. Apartatu honetan diruz lagungarriak diren ekintzen artean dago indarkeriari buruzko tokiko protokoloak egitea, honako argitalpen honetan jasota dagoena: Emakumeen aurkako indarkeria, jarduteko eta koordinatzeko tokiko protokoloak prestatzeko gida (https://www.igualdadnavarra.es/imagenes/documentos/-26-f-es.pdf?ts=20200407093025), Nafarroako Berdintasunerako Institutuak (INAI/NABI) argitaratua. Nolanahi ere, protokoloak egiteko, gida horretan zehazten eta jasotzen diren baldintzak, jarraibideak, mekanismoak eta ereduak bete beharko dira.
C modalitatea: emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatu eta sustatzen duten proiektuak, lanaldi osoko berdintasuneko agenterik ez duten tokiko ekintza taldeek aurkeztuak.
Modalitate honetan diruz lagungarriak diren ekintza bakarrak honako hauek izanen dira:
–Lurraldeko esparru desberdinetan emakumeen eta gizonen egoera erakusten duten azterlan eta diagnostiko integralak egiteko ekintzak, genero berdintasunaren arloan jarduteko lehentasunak ezartzera bideratuak. Diagnostiko horietatik, ez dira diruz lagunduko Langileen Berdintasunerako Barneko Planen aurretik egindako diagnostikoak, tokiko ekintza talde horien plantillan 50 langiletik gora ari badira.
–Tokiko ekintza taldeak planifikatzen eta gauzatzen dituen proiektuetan genero-ikuspegia zehar lerro gisa txertatzeko ekintzak.
Ekintza horiek C modalitatean planifikatzeko, "Landa garapeneko taldeen eta lurralde erakundeen arloetan eta proiektuetan genero-ikuspegia txertatzeko ibilbidea. Gida metodologikoa" izeneko dokumentua hartzen ahalko da erreferentziatzat. Ekintzak sailkatzen ahalko dira, bakarrik, aipatutako ibilbidean jasotako 1. mailan.
4.4. Gastu diruz lagungarriak.
4.4.1. Proiektuari loturiko zuzeneko gastuak:
Modalitate guztietan, dirulaguntzak honako gastu kontzeptu hauek finantzatzeko izanen dira bakar-bakarrik (gainera, gastuak dirulaguntzaren xedeko jarduerara bideratu beharko dira zalantzarik gabe, 2023ko martxoaren 1etik 2024ko otsailaren 29ra arte egin beharko dira eta zenbatekoak merkatuko balioaren araberakoak izan beharko dira):
a) Laguntza teknikoa. Atal honetan dirulaguntza jasotzeko baldintza izanen da kontratatzen diren pertsona fisiko edo juridikoek genero berdintasunaren arloan gutxienez 120 orduko prestakuntza izatea, organismo publikoek edo unibertsitate publiko zein pribatuek emana.
Generoari buruzko prestakuntza frogatzea eskatzen da beti laguntza teknikorako. Kontratatutako pertsonak edo erakundeak aurkeztutako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez eginen da (XII. eranskina). Era berean, eskatuko da prestakuntza frogatzea azterlanak edo diagnostikoak egitearekin, prestakuntzarekin edo lantegiak ematearekin lotutako ekintzetan –kanpora atera ez badira ere–, baldin eta horiek guztiak batuta azkenean onartzen den aurrekontuaren %40ko edo hortik gorako balioa badute.
Tokiko ekintza talde onuradunak azpikontratatzen ahalko du diruz laguntzen den jarduera osoa.
b) Ekintza diruz lagungarriak gauzatzen dituzten hizlariek eta pertsonek edo erakundeek sortutako ordainsariak, bai eta ekintza horiek joan-etorriengatik eta ostatuagatik ekarritako dietak ere.
c) Diruz laguntzen diren jardueren publizitate gastuak eta materialak argitaratzekoak.
d) Lokalen eta ekipamenduen alokairuen gastuak, edo jarduera garatzeko beharrezko material suntsikorraren gastuak. Ondasun inbentariagarriei dagokienez, erakunde onuradunak dirulaguntza eman den xede konkreturako erabili beharko ditu ondasun horiek, gutxienez, bi urteko epean.
e) Diruz lagundutako jarduerak egiten diren bitartean soilik, beren kabuz balia ezin daitezkeen pertsonei arreta ematearen ondoriozko gastuak (haurtzaindegia, ludoteka, adinekoak zaintzea eta abar).
f) Gastu finantzarioak eta aholkularitza juridiko edo finantzarioaren gastuak, baldin eta diruz lagundutako jarduerarekin zuzeneko lotura badute eta hura ongi prestatu edo egiteko ezinbestekoak badira.
g) Proiektuaren jarduerarekin loturiko gastuak, bidezkotzat jotzen direnak eta oinarri hauen 4.6 puntuan berariaz salbuetsita ez daudenak.
4.4.2. Proiektuarekin lotutako zeharkako gastuak:
Ematen den dirulaguntzaren %20 arte egozten ahalko zaie, proiektuaren zeharkako gastu gisa, kudeaketa administratiboaren edo horniduren (hala nola, ura, argia eta telefonoa) gastuak, zentzuzko neurri batean, betiere behar bezala justifikatuta badaude eta jarduera benetan gauzatzen den epean egin badira.
4.5. Dirulaguntzarik izanen ez duten proiektuak.
Proiektu hauek deialdi honen esparrutik kanpo geldituko dira:
a) Tokiko ekintza taldearen zerbitzuak sortu edo finantzatzeko asmoa duten proiektuak, besteak beste, ludotekak, jubilotekak, atsedenguneak edo pertsonentzako zerbitzuak. Hortaz, beren buruaz ezin baliatu diren pertsonei arreta emateko bakarrik diren proiektuak bazter utziko dira, 4.4.1.e) atalean xedatutakoa salbu.
b) Ez dira diruz lagunduko langileen berdintasunerako barneko planak prestatzeko proiektuak, tokiko ekintza talde horien plantillan 50 lagunetik gora ari badira.
c) Diseinuan, edukian, abiarazteko bidean eta ebaluazioan genero-ikuspegirik ez duten proiektuak.
d) Nafarroako Gobernuko beste departamentuetako berariazko deialdien xede izan daitezkeen proiektuak eta jarduerak.
e) Nafarroako edo Estatuko beste deialdi edo programa batzuetan eginkizunak bateratzeko agertzen diren azpiegiturak, baliabideak edo laguntzak sortu edo mantentzea.
f) Aisialdiko edo jostetako jarduerak bakarrik jasotzen dituzten proiektuak, helburuetan eta edukietan generoaren ikuspegia jaso ez badute.
g) Ez dira diruz lagunduko eskola komunitatearentzat prestatutako jarduerak (ikasleak, familiak eta ikastetxeetako langileak), edozein hezkuntza ziklotan, 0-3 tartea barne, edozein dela ere titulartasuna, jarduera horiek eskola-orduetan egiten direnean, bat etorriz Hezkidetza Planarekin, zeina Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentua ari baita gauzatzen.
h) Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren beraren programa eta jarduerak eta, oro har, zuzenean haren eskumeneko edo beste departamentu, erakunde edo entitate publiko zein pribatu batzuen eskumeneko jotzen diren jarduketak.
4.6. Diruz lagungarriak ez diren gastuak.
Gastu kontzeptu hauek deialditik kanpo geldituko dira:
a) Tokiko ekintza taldeek kontratatutako langileen nominak, salbu eta proiektua gauzatzen den bitartean beren buruaz ezin baliatu diren pertsonei arreta emateko une jakin batean kontratatzen den pertsonarena, 4.4.1 apartatuko e) letran ezarritakoarekin bat.
Bereziki, ez da inoiz diruz lagunduko berdintasuneko agentearen kontratazioa.
b) Tokiko ekintza taldearen beraren zerbitzuen funtzionamenduak sortzen dituen gastuak, 4.4.2 oinarrian jasotzen direnak izan ezik.
c) Otorduak, edariak, aperitiboak, opariak, protokoloari loturiko gastuak eta antzekoak.
d) Ekipamenduak edo beste jarduera batzuetarako ere erabil daitezkeen produktuak erostea (material informatikoa, telefoniakoa, etab.).
5. oinarria.–Guztirako zenbatekoak eta dirulaguntzaren zenbatekoa.
5.1. Aurrekontuan gaitutako kontsignazioa agortu arte emanen dira dirulaguntzak.
Aurrekontuko partida agortzen bada dirulaguntza jasotzeko gutxieneko puntuaziora iristen diren eskaera guztiei erantzun gabe, hainbanatu eginen da zenbateko orokorra.
5.2. Proiektu bakoitzeko, honako dirulaguntza hauek emanen dira, gehienez:
a) Gehienez 15.000 euro, berdintasuneko agentea lanaldi osoan duten tokiko ekintza taldeen eskarietarako. (A modalitatea).
b) Gehienez ere 7.000 euro, berdintasuneko agentea lanaldi osoan izanik, hura kontratatzeko Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren laguntza jasotzen duten tokiko ekintza taldeen eskaerentzat. (B modalitatea).
c) Gehienez 3.000 euro, berdintasuneko agentea lanaldi osoan ez duten tokiko ekintza taldeen eskarietarako. (C modalitatea).
5.3. 8. oinarrian zehaztutako irizpideei jarraikiz emanen da dirulaguntza hau, portzentaje hauek aplikatuta:
5.3.1. A eta B modalitateen kasuan, 8. oinarriko balorazio irizpideen arabera 60 puntu edo gehiago lortzen dituzten proiektuak onartuko dira, eta zenbateko hauek jasoko dituzte:
a) Aurkeztutako eta onartutako aurrekontua, "NABIk onartutako proiektuaren aurrekontua", modalitate horietan ematen den gehieneko kopurua adinakoa edo txikiagoa denean, aurkeztutako eta onartutako kopuruaren %100 jasoko dute.
b) Aurkeztutako eta onartutako aurrekontua, "NABIk onartutako proiektuaren aurrekontua", modalitate horietan ematen den gehieneko kopurua baino handiagoa denean, modalitate bakoitzean ematen den kopuruaren %100 jasoko dute.
5.3.2. C modalitatearen kasuan, 8. oinarriko balorazioan lortutako puntuazioari erreparatuko zaio, eta ehuneko hauek emanen dira:
–71-100 puntu lortzen dituzten proiektuetarako onartutako gastuaren zenbatekoaren %90.
–61-70 puntu lortzen dituzten proiektuetarako onartutako gastuaren zenbatekoaren %80.
–40-60 puntu lortzen dituzten proiektuetarako onartutako gastuaren zenbatekoaren %70.
Edonola ere, 5.2 oinarrian ezarritako gehieneko mugak errespetatuko dira.
6. oinarria.–Dokumentazioa.
6.1. Dirulaguntza eskatzen duten tokiko ekintza taldeek jarraian adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko dute, honako atal hauei dagozkien dokumentu bereizietan, eta eskuragarri dauden eranskinetara egokituta, halakorik egonez gero (eranskin horiek dirulaguntzaren fitxatik deskargatzen ahalko dira, eta horien esteka oinarri arautzaile hauen testuaren amaieran dago):
a) Eskaera. Nahitaez aurkeztu beharko da eskaeraren ereduan (III. eranskina), eta bertan memoria bat jasoko da, deskribatuko dituena proiektua eta deialdiaren aurrekontu osoa, 2023. urterako (martxoaren 1etik azaroaren 3ra bitarteko aldia) eta 2024. urterako (2023ko azaroaren 4tik 2024ko otsailaren 29ra bitarteko gastua) banakatuta. Aurrekontua proiektuaren deskripzioaren arabera zehaztuko da, garatu nahi diren jarduera guztiak banaka azaldurik; proiektuaren aurrekontu orokorrik ez da onartuko. Agiri bakar batean aurkeztu behar da eskaeraren eredu hori, agiri gehiagotan banandu gabe; kasuan kasuko modalitatea bete beharko da.
b) Tokiko ekintza taldearen ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena –IV. eranskin gisa eskuragarri dagoen eredua–; bertan egiaztatuko da 3. eta 12. oinarrietan zehaztutako baldintzak betetzen direla, eta orobat, 13. oinarrian ezarritako betebeharrak.
Elkarte bakoitzak bere modalitateari dagokiona bete beharko du eta dokumentu bakarrean aurkeztu beharko da.
Berdintasuneko agentea kontratatua baldin badu, adierazpen horrek barne hartuko du elkarte eskatzailearen organo eskudunaren baimena, berdintasuneko agente gisa kontratatzen den pertsonak, diruz lagunduko den aldi osoan, parte har dezan Nafarroako Berdintasunerako Institutuak genero eta berdintasun arloan antolatzen duen etengabeko prestakuntzaren programan, horrelakorik antolatzen bada.
c) Hala behar den kasuan, tokiko ekintza taldearen eta berdintasuneko agentearen arteko kontratuaren kopia, 2023rako indarraldia izan behar duena, hala badagokio.
d) V. eranskina: bankuko datuak. Eranskin hori bete behar da, soilik, Nafarroako Gobernuaren eskura jarritako bankuko kontua aldatzen bada, edo lehenengo aldiz eragiketak egiten badira NABIrekin.
6.2. Agiri hauek ez dira eskatuko baldin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organoek ziurtatu behar badute baldintzak betetzen direla, edo agiriak Administrazioaren eskuetan badaude, honako hauekin bat: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.8 artikulua eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikulua. Azken kasu horretan, adierazi beharko da zer unetan eta zer administrazio organoren aurrean aurkeztu ziren agiriak.
6.3. Dirulaguntza egiaztatzeko eskumenak dituen administrazio organoak zehazten duenean elkarte eskatzaileak aurkeztutako justifikazioan zuzendu daitezkeen akatsak daudela, horren berri emanen du, bost egun balioduneko epean zuzendu daitezen.
Proiektua deskribatzeko eta haren aurrekontua zehazteko dokumentazioa ezin da zuzendu. Edonola ere, NABIk azalpenak eskatzen ahal ditu, aurkeztutako justifikazioa aldatzeko aukerarik gabe. Erantzuteko epea gehienez bost egun baliodunekoa izanen da.
7. oinarria.–Eskaerak aurkezteko tokia eta epea.
Eskaerak elektronikoki izapidetuko dira deialdiaren fitxako "Tramiteak" aukeratik (oinarri hauen amaieran eskuragarri dago esteka).
Fitxa horretan, esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki behar da.
Eskaerak hilabeteko epean aurkeztuko dira, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Dokumentazioa dokumentu bereizitan aurkeztuko da, 6. oinarrian zehaztutako eranskinen arabera, bakoitzak bere izena behar bezala dakarrela.
Gaitutako helbide elektroniko bat adieraziko da eskaeretan, eta horixe izanen da jakinarazpen eta komunikazioetarako bidea Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren eta tokiko ekintza talde eskatzaileen artean.
Gainera, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen elektronikorako prozeduretan harpidetuta egon beharko du talde eskatzaileak. Hauxe da gaitutako helbide elektronikoa eta jakinarazpen elektronikorako harpidetza lortzeko helbidea: https://dehu.redsara.es/. Horretarako, ziurtagiri digitala beharko da.
Eskaera aurrez aurre aurkezten bada, pertsona interesdunari eskatuko zaio zuzentzeko, baliabide elektronikoen bidez aurkeztuz. Ondorio horietarako, zuzenketa zer egunetan egin den, eskaera egun horretan aurkeztu dela joko da.
8. oinarria.–Balorazioa eta dirulaguntza emateko prozedura.
8.1. Nafarroako Berdintasunerako Institutuko Gai Juridikoen eta Kudeaketaren Zuzendariordetzari dagokio dirulaguntza emateko prozeduraren instrukzioa. Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da.
8.2. Eskaerak baloratzeko, instrukzio organoak Nafarroako Berdintasunerako Institutuko teknikarien edo bereziki kualifikatutako teknikarien laguntza izanen du, eta egokiak iruditzen zaizkion jarduketak egin ditzake, ebazpen proposamenaren oinarri izanen den informazioa zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko.
8.3. Eskaerak II. eranskinean aipatutako irizpideen arabera baloratuko dira. Eskaera bakoitzerako, aurkeztutako proiektuaren balorazio teknikoa egiteko, NABIk onartutako proiektuaren aurrekontuaren zenbatekoa hartuko da kontuan, bertan bildutako jarduerak noiz gauzatzen diren kontuan izan gabe. Kontzesioaren zenbatekoa kalkulatzeko, NABIk onartutako proiektuaren aurrekontuaren zenbatekoari "kontzesioaren ehunekoa" aplikatuko zaio.
Kontzeptuak argitzea:
–"NABIk onartutako proiektuaren aurrekontua": III. eranskinean NABIri eskatutako aurrekontuaren zenbatekoa, "Guztizko aurrekontua" izenarekin, hala badagokio, deialdi honetan diruz lagundu ezin diren proiektuko jardueren zenbatekoa kenduta.
–"Kontzesioaren ehunekoa": deialdiko 5. oinarrian eta II. eranskinean ezarritako irizpideen arabera aurkeztutako proiektuaren balorazio teknikoaren emaitza.
Urte anitzeko (2023-2024) deialdi honetan, emakidaren zenbatekoa honela banakatuko da:
–2023ko emakida: aurkeztutako proiektuaren jarduerak 2023ko martxoaren 1etik 2023ko azaroaren 3ra gauzatzeko.
–2024ko emakida: aurkeztutako proiektuaren jarduerak 2023ko azaroaren 4tik 2024ko otsailaren 29ra gauzatzeko.
Bi urte horietako emakiden zenbatekoak lortzeko, lehen ezarritako "emakidaren ehunekoa (%)" aplikatuko zaio NABIk onartutako proiektuaren aurrekontuaren zenbatekoari 2023. eta 2024. urte bakoitzerako.
8.4. Proiektuari buruzko irizpideetan, guztira 60 puntu (A eta B modalitateak) eta 40 puntu (C modalitatea) lortzen ez dituzten proiektuak ez dira ontzat joko eta ez dute dirulaguntzarik izanen.
8.5. Gai Juridikoen eta Kudeaketaren Zuzendariordetzak ebazpen proposamena igorriko dio Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileari. Proposamenari txosten bat gehituko zaio; bertan, erakunde onuradunek dirulaguntzak jasotzeko betebehar guztiak betetzen dituztela adieraziko da, eta proiektuen balorazioa jasoko da.
9. oinarria–Ebazpena.
9.1. Dirulaguntzak ematen dituen ebazpena Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak emanen du, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta gehienez ere 3 hilabeteko epean. Ebazpena interesdunei jakinaraziko zaie, eta Nafarroako Gobernuaren atarian argitaratuko da, dirulaguntzaren fitxan. Hiru hilabeteko epe hori berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe bukatzen bada, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, eta behar den errekurtsoa aurkezten ahalko da.
9.2. 2023. eta 2024. urteetarako dirulaguntzak ematen dituen ebazpenean honako hauek adieraziko dira: elkarte eskatzaileen zerrenda, "Aurrekontua"-ren zenbatekoa III. eranskinaren arabera, NABIk onartutako proiektuaren aurrekontuaren zenbatekoa (8.3 oinarria), proiektu bakoitzerako emandako dirulaguntzaren zenbatekoa, eta, kasua bada, zer eskaera ezetsi den eta zergatik. Era berean, proiektu bakoitzerako, emandako guztizko zenbatekoa eta justifikatu beharreko zenbatekoa adieraziko dira, NABIk onartutako proiektuaren aurrekontuaren zenbatekoarekin bat etorriko dena.
Bat etorriz Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoarekin, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak ematen dituen dirulaguntzak jendaurrean jarriko ditu Nafarroako Gobernuaren Atarian, honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotzi zaion, elkarte onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzaren helburua.
Datu horiek, orobat, Estatuko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiak argitaratuko ditu bere web-orrian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 20.8 artikuluan xedatutakoarekin bat.
9.3. Elkarte eta pertsona juridiko onuradunek gardentasun betebeharra dute, hain zuzen ere, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 12.4 artikuluan ezarrita dagoena, baldin eta 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte urtebetean Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak haien urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira, eta gutxienez 5.000 eurora iristen badira.
Dirulaguntzen onuradun diren entitate guztiek Foru Lege horren 12.4 artikuluan azaltzen den informazioa eman beharko dute, entitateko ordezkariak sinatua, dirulaguntzak emateko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean, laguntzen fitxetan eskuragarri dagoen VI. eranskinarekin (Gardentasuna) bat.
Betebehar hori bete ezean, emandako dirulaguntza ez da ordainduko, eta kobratutako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
10. oinarria.–Proiektuak gauzatzea.
Proiektuak deialdi honetan ezarritako epeetan gauzatu beharko dira, eta eskaeran nahiz dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako moduan.
11. oinarria.–Dirulaguntzen ordainketa eta justifikazioa.
11.1. Dirulaguntzaren ordainketa:
Deialdi honetan emandako zenbatekoak epe honetan ordainduko dira:
a) Gastuaren exekuzioari buruzko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu eta hilabeteko epean, 11.2.a) puntuarekin bat etorriz, konturako ordainketa bat eginen da, eta horren gehieneko zenbatekoa izanen da 2023. urtean (2023ko martxoaren 1etik 2023ko azaroaren 3ra) emandako dirulaguntzarena.
b) 11.2.b) puntuaren arabera aurkeztutako justifikaziotik 3 hilabeteko gehieneko epean, azken ordainketa bat eginen da, eta horren gehieneko zenbatekoa izanen da 2024. urtean (2023ko azaroaren 4tik 2024ko otsailaren 29ra) emandako dirulaguntzarena.
11.2. Dirulaguntzaren justifikazioa:
Aurreko 11.1 puntuan ezarritako ordainketetarako, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 33.4 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, entitate onuradunek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, hurrengo atalei dagozkien dokumentu bereizietan, eta eskuragarri dauden eranskinetara egokituta, halakorik badago (eranskin horiek dirulaguntzaren fitxatik deskarga daitezke, eta esteka oinarri arautzaile hauen testuaren amaieran dago):
a) 2023ko azaroaren 3rako, beranduenez: Nafarroako Berdintasunerako Institutuari aurkeztutako proiektuaren inguruan onuradunak orain arte egindako gastua egin dela dioen erantzukizunpeko adierazpena (VII. eranskinaren arabera). Ondorio horietarako, egindako gastutzat ulertzen da onuradunak egin duena proiektua gauzatzeko, nahiz eta oraindik ordaindu ez.
b) 2024ko otsailaren 29rako, beranduenez: proiektuaren justifikazio osoa egiteko, dokumentazio tekniko-ekonomikoa aurkeztu beharko da, 2023ko martxoaren 1etik 2024ko otsailaren 29ra egindako gastua bilduko duena. Horretarako, aplikatzekoa izanen da 11.3 apartatuan xedatutakoa.
11.3. Dirulaguntzaren xede diren jarduketak egin ondoren, entitate onuradunek NABIk onartutako proiektuaren aurrekontuaren zenbatekoa justifikatu beharko dute (8.3 oinarria). Horretarako, jarraian adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko dute 2024ko otsailaren 29a baino lehenago, honako atal hauei dagozkien dokumentu bereizietan, eta eskuragarri dauden eranskinetara egokituta, halakorik egonez gero (eranskin horiek dirulaguntzaren fitxatik deskargatzen ahalko dira, eta horien esteka oinarri arautzaile hauen testuaren amaieran dago):
–VIII. eranskina: justifikazio memoria.
–IX. eranskina: tokiko ekintza taldearen erantzukizunpeko adierazpena. Diruz lagundutako proiektuaren guztizko gastuaren justifikazioa jasoko du. Deialdi honen ondoreetarako, adierazpen horrek ordainketaren egiaztapenerako balioa izanen du. Eskaeran aurkeztu den aurrekontua zenbatekoa zen, horixe izanen da justifikatu beharreko kopurua, dirulaguntza emateko ebazpenean onartu ez diren kontzeptuak salbuetsita, hau da, "NABIk onartutako proiektuaren aurrekontua" (8.3 oinarria).
Oro har, egindako gastutzat hartuko dira justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindutakoak, salbu eta tributuak, bestelako tributu betebehar batzuk edo Gizarte Segurantzari egin beharreko beste ordainketa batzuk, haiek likidatzeko epea irekita ez egoteagatik ordaindu ezin izan direnak.
Ziurtagiri horretan, dirulaguntzaren xedea betetzeko jasotako diru-sarrerak, laguntzak, baliabideak eta dirulaguntzak sartuko dira, edo agertuko da ez dela horrelakorik jaso.
–IX. eranskina: gastuen eredua, zerrenda bat barnean hartuko duena, kalkulu-orriaren formatukoa, ekintzen gastu guztiak xehakatzeko, aurkeztutako fakturekin bat etorrita.
–Behar bezala jaulkitako fakturen kopia, tributuak eta antzeko balioa duten gainerako agiriak, merkataritza bidean eta bide juridikoan balioa dutenak edo administrazioaren aurrean antzeko eraginkortasuna dutenak. Faktura elektronikoak onartuko dira, baldin eta betetzen badituzte zerga arloan onartuak izateko behar diren baldintzak. Zeharkako gastuak justifikatzeko, aski izanen da zeharkako gastuaren kontabilitateko kontu-laburpena, eta dirulaguntza honi zuzenbidez egotzi beharreko ehunekoaren justifikazioa (hilabeteak eta gastu egozpena).
–XI. eranskina: enpresaren hautapenaren ziurtagiria. Aholkularitza, laguntza edo bestelako zerbitzuak ematen dituzten enpresen zerbitzuengatik gastu diruz lagungarria 12.000 eurotik gorakoa bada, tokiko ekintza taldeak frogatu beharko du enpresa hautatu dela efizientziaren eta ekonomiaren irizpideei jarraikiz, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan ezarritakoarekin bat.
–Egindako ekintzen egiaztagiriak eta horiek gauzatu edo zabaltzearen ondoriozko produktuak. Agiri horiek frogatu beharko dute bete dela Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuak diruz lagundutako proiektuan parte hartzen dutela adierazi beharra. Horretarako, egiten den publizitatean eta zabalkundean, bai eta diruz lagundutako proiektuari buruzko dokumentazio guztian ere, Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala txertatu beharko da. Logotipo hori Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuan jaso ziren; dekretu hori ondoren partzialki aldatu zen urtarrilaren 12ko 4/2016 Foru Dekretuaren bitartez.
Era berean, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren sinbolo grafikoa ere erantsiko da, eta testu hau izanen du: Subvenciona / Diruz laguntzen du. Halaber, Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala, NABIren sinbolo grafikoarekin batera, deialdiaren fitxan egonen da eskuragarri, oinarri hauen testuaren amaieran. Hori guztia eskatzen ahalko da, dirulaguntza eman ondoren gauzatutako jarduerei dagokienez.
Salbuespenez, zenbait jarduketaren ondorioz egiten diren objektuetan, beren izaera dela-eta, zaila denean logoak eta aipatu testua jartzea, ez da nahitaezkoa izanen. Hala ere, agertu beharko dira jarduerei buruzko dokumentu guztietan, publizitatean, hedabideetan eta honelako objektuetan: liburuxkak, kartelak, posta elektronikoak, banatzen diren prestakuntza materialak, eta abar. Halaber, logoak eta aipatu testua beti jarriko dira telematikoki zabaltzeko bitartekoetan, webgunean eta jartzeko aukera ematen duten bitarteko guztietan.
–XII. eranskina: genero arloko prestakuntzaren erantzukizunpeko adierazpena. Laguntza teknikoa kontratatu bada, kontratupeko laguntza enpresek generoan prestakuntza dutela frogatu beharko da, 4.4.1 puntuaren a) apartatuan ezartzen denaren arabera. Era berean, 4.4.1 puntu horretan adierazitako ekintzen kasuan, laguntza teknikoaren bidez gauzatu ez badira ere.
11.4. Instrukzio-organoak uste badu zuzentzeko moduko akatsak daudela onuradunak aurkeztutako justifikazioan, eskaera egin duen elkarte edo entitateari errekerimendua eginen dio horiek zuzendu ditzan, bost egun balioduneko epean.
11.5. Diruz lagundutako proiektuaren behin betiko kostu osoa gutxitzen bada, dirulaguntza kalkulatzeko kontuan hartu zen kostuari dagokionez, edo gastuaren egiaztagirien eta ordainketa-ziurtagiriaren bidez justifikatutako zenbatekoa txikiagoa baldin bada justifikatu beharreko zenbatekoa baino ("NABIk onartutako proiektuaren aurrekontua" (8.3 oinarria); emakidaren ebazpenean "Justifikatu beharreko zenbatekoa" gisa zehaztuko da), dirulaguntzaren murrizketa proportzionala eginen da, honela:
A eta B modalitateak. Minorazio proportzionala aplikatuko da, kontuan hartuta emandako zenbatekoa, justifikatu beharreko zenbatekoa eta NABIk onartutako eta justifikatutako zenbatekoa, formula honen arabera: justifikatutako eta onartutako zenbatekoa x emandako zenbatekoa / justifikatu beharreko zenbatekoa.
C modalitatea. Emakidaren ehunekoa NABIk onartutako eta justifikatutako zenbatekoari aplikatuko zaio.
Hori guztia, baldin eta proiektu guztia egitetik hurbil badago nabarmenki, eta egiaztatu bada konpromisoak betetzeko joera garbia duela, proiektuaren balorazio berari eutsita.
12. oinarria.–Bateragarritasuna.
Dirulaguntza hau bateragarria da Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren xede eta helburu bererako beste deialdi batzuekin.
Gainera, deialdi honetan arautzen diren dirulaguntzen elkarte onuradunek bestelako edozein administrazio, entitate eta erakunde publiko edo pribaturen laguntzak eta dirulaguntzak jasotzen ahalko dituzte helburu eta xede bererako, baldin eta haien guztien batura ez bada dirulaguntzen deialdi honetan aurkeztutako proiektuaren kostuaren %100 baino handiagoa. Horretarako, erantzukizunpeko adierazpena erantsiko da, IV. eranskin gisa eskuragarri dagoen dokumentuan jasoa.
13. oinarria.–Elkarte onuradunen betebeharrak.
Deialdi honen babesean dirulaguntza jasotzen duten tokiko ekintza taldeek, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrez gain, oinarri hauetan ezarritakoak ere bete beharko dituzte, eta, bereziki, honako betebehar hauek:
a) Diruz lagundutako proiektua gauzatzea, deialdiaren helburua betez.
b) Dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean, dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu beharko dute telematika bidez edo laguntzen fitxaren bitartez, laguntzen fitxan eskuragarri dagoen eredua erabiliz, deialdiaren 9.3 oinarriarekin bat etorrita (VI. eranskina).
Informazio betebehar hori urratuz gero, onuradunari ez zaio emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.
c) Onartzea Nafarroako Berdintasunerako Institutuak emandako dirulaguntzen gainean egiten dituen egiaztapen eta kontrol tekniko eta ekonomikorako lanak.
d) Nafarroako Berdintasunerako Institutuari jakinaraztea diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabideak. Jakinarazpen horretan, lortutako zenbatekoa eta finantzatutako jardueren kontzeptu zehatza eta datak adierazi beharko dira. Jakin bezain laster eman beharko da horren berri, eta, betiere, dirulaguntza ematearen gainean ebatzi baino lehen. Dena dela, dirulaguntza ematearen gainean ebatzi ondoren jakinez gero, justifikazioaren unean eman beharko da haren berri, jasotako funtsa zertan aplikatu den adierazita.
e) Kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala auditatuak izatea, elkarte onuradunari aplikatzen zaion araudian eskatzen den bezala, bermatzeko egiaztapen eta kontrol ahalmenak behar bezala betetzen direla.
f) Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak eta haien ordainketarenak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.
g) Nafarroako Gobernuaren parte-hartzea jasotzea dirulaguntza ematen denetik aurrera idatziz edo ahoz egiten den edozein informazio, komunikazio, publizitate edo zabalkundetan, bai eta berdintasuneko agentearen lanaren esparruan prestatzen den dokumentazio guztian ere, honako testu hau idatziz: "Subvenciona Instituto Navarro para la Igualdad / Nafarroako Berdintasunerako Institutuak diruz laguntzen du".
h) Betetzea xedatuta dagoena Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean, non gardentasun betebeharrak arautzen baitira, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunenak barne.
14. oinarria.–Dirulaguntzak itzultzea.
14.1. Elkarte onuradunak ez baditu betetzen deialdi honen oinarrietan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak, dirulaguntza galduko du eta jasotako dirua itzuli beharko du, bai eta ordainketaren dataz geroztikako berandutze-interesak ere, halakorik bada, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legean ezarritakoaren arabera, eta horrek ez ditu deusetan galaraziko aipatutako 11/2005 Foru Legearen II. tituluaren arabera eska daitezkeen erantzukizunak.
–Ez bada gauzatzen proiektuan aurkezturiko jardueretatik bakar bat ere 4.3 oinarrian ezarritakoaren arabera, %100eko ez-betetzea izan dela ondorioztatuko da.
–11. oinarrian ezarritakoak zehazten du zein egoeratan murriztuko den emandako zenbatekoa.
14.2. Aurrekoa gorabehera, A eta B modalitateetan, bidezkoa izanen da jasotako diru guztia itzularaztea baldin eta tokiko ekintza taldeak, bere erabakiz eta legezko arrazoirik gabe, berdintasuneko agentearen kontratazioa bukatu eta ez badu beste berdintasuneko agente bat kontratatzen hilabeteko epean. Ildo horretan, elkarte onuradunek dirulaguntza emateko kontuan izandako baldintzetan gertatzen diren aldaketa guztien berri eman beharko diote Nafarroako Berdintasunerako Institutuari.
14.3. Diruaren itzulketa eskatzeko prozedura Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.6 artikuluan xedaturikoari jarraituz arautuko da, eta abiarazten denetik 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.
15. oinarria.–Arau-hausteak eta zehapenak.
Arau-hausteei eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.
16. oinarria.–Errekurtsoak.
Deialdi honen eta beronen oinarri arautzaileen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, honako hauei jarraikiz: Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluari eta hurrengoei, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluari.
17. oinarria.–Arau osagarriak.
Oinarriotan ezartzen ez den guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan xedatutakoari jarraituko zaio.
Deialdiaren fitxa, non eskuragarri baitaude oinarri hauetan aipatutako eranskinak; bertatik izapidetu daitezke eskabidea eta dirulaguntzaren ondorengo justifikazioa:
II. ERANSKINA.–BALORAZIO IRIZPIDEAK
A eta B modalitateak. Eskaerak baloratzeko irizpideak.
BALORAZIOA: 100 PUNTU | |
A) Proiektuaren kalitate teknikoa | 60 |
1. Koherentzia: helburuak, ekintzak, denborak, baliabideak, aurrekontua | 45 |
Proiektuaren helburu orokorra zehazten du/Berariazko helburuak zehazten ditu | 5 |
Ekintzak deskribatzen ditu berariazko helburuei lotuta | 15 |
Ekintzak deskribatzen ditu xedeko biztanleriari lotuta | 5 |
Proiektuaren garapen kronologikoa | 5 |
Ekintzak gauzatzeko dauden giza baliabideak eta baliabide teknikoak | 5 |
Aurrekontua egokia da proiektuarentzat | 10 |
2. Proiektuaren inpaktua, segimendua eta ebaluazioa | 10 |
Gauzatze mailaren eta emaitzaren adierazleak | 5 |
Ebaluatzeko tresnak eta mekanismoak | 5 |
3. Proiektuaren jardueren irisgarritasuna (proiektuaren jardueretan irisgarritasun unibertsalerako baldintzak bermatu beharko dira, desgaitasuna dutenek jarduera eta ekitaldi horietaz goza dezaten, uler ditzaten eta parte har dezaten) | 5 |
B) Proiektua nola egokitzen den tokiko ekintza taldearen edo haren eskumeneko lurraldearen premia eta errealitate espezifikoetara | 10 |
C) Programaturiko jarduerak zabaldu eta jakinarazteko ekintzak | 10 |
Elkarteak eta beste kolektibo batzuk, tokiko ekintza taldetik kanpora, eta herritarrak, orokorrean (publiko aniztasuna) | 5 |
Web-orrietan, sare sozialetan, toki buletinetan, prentsan argitaratzea (komunikabide aniztasuna) | 5 |
D) Lurraldeko beste elkarte edo erakunde batzuek eta/edo tokiko ekintza taldearen beste arlo batzuek proiektuan parte hartzea | 10 |
Emakumeen elkarteak | 4 |
Tokiko kolektiboak | 4 |
Tokiko ekintza taldearen eskumeneko beste arlo batzuk eta beste instituzio batzuk | 2 |
E) Proiektuaren berrikuntza (proiektua jardunbide ontzat hartzea, beste talde edo lurralde batzuetara eramateko modukoa) | 10 |
C modalitatea. Eskaerak baloratzeko irizpideak.
BALORAZIOA: 100 PUNTU | |
TOKIKO EKINTZA TALDEAK BERDINTASUNAREKIKO DUEN KONPROMISOA | 30 |
Langileen berdintasun-plana du (soilik plantillan 50 pertsona baino gutxiago badaude) | 15 |
NABIren gidaren araberako indarkeria-protokoloren bat du | 15 |
PROIEKTUARI BURUZKO IRIZPIDEAK | 70 |
A) PROIEKTUAREN KALITATE TEKNIKOA | 35 |
1. Koherentzia: helburuak, ekintzak, denborak, baliabideak, aurrekontua | 30 |
Proiektuaren helburu orokorra zehazten du/Berariazko helburuak zehazten ditu | 5 |
Ekintzak deskribatzen ditu berariazko helburuei lotuta | 10 |
Ekintzak deskribatzen ditu xedeko biztanleriari lotuta | 4 |
Proiektuaren garapen kronologikoa | 4 |
Ekintzak gauzatzeko dauden giza baliabideak eta baliabide teknikoak | 2 |
Aurrekontua egokia da proiektuarentzat | 5 |
2. Proiektuak toki entitatearen beste programa eta jarduerekin duen harremana (sinergiak beste arlo batzuekin, emakumeen elkarteen mugimenduekin, eta abar). | 5 |
B) PROIEKTUA NOLA EGOKITZEN DEN TOKIKO EKINTZA TALDEAREN EDO HAREN ESKUMENEKO LURRALDEAREN BERARIAZKO PREMIETARA ETA ERREALITATERA | 10 |
C) PROGRAMATURIKO JARDUERAK ZABALDU ETA JAKINARAZTEKO EKINTZAK | 10 |
Elkarteak eta beste kolektibo batzuk, tokiko ekintza taldetik kanpora, eta herritarrak, orokorrean (publiko aniztasuna) | 5 |
Web-orrietan, sare sozialetan, toki buletinetan, prentsan argitaratzea (komunikabide aniztasuna) | 5 |
D) PROIEKTUAREN INPAKTUA, JARRAIPENA ETA EBALUAZIOA | 10 |
Gauzatze mailaren eta emaitzen adierazleak | 5 |
Ebaluatzeko tresnak eta mekanismoak | 5 |
E) PROIEKTUAREN BERRIKUNTZA (proiektua jardunbide ontzat hartzea, beste talde edo lurralde batzuetara eramateko modukoa) | 5 |
III. ERANSKINA.–ESKAERA EREDUA.
IV. ERANSKINA.–ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENA.
V. ERANSKINA.–BANKUKO DATUAK (aldatu badira edo NABIrekiko harremana hasten bada).
VI. ERANSKINA.–GARDENTASUNARI BURUZKO ADIERAZPENA.
VII. ERANSKINA.–GASTUAREN EXEKUZIOARI BURUZKO ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENA.
VIII. ERANSKINA.–JUSTIFIKAZIO MEMORIA.
IX. ERANSKINA.–ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENA (justifikazioa).
X. ERANSKINA.–GASTUEN EREDUA.
XI. ERANSKINA.–ENPRESAREN HAUTAPENAREN ZIURTAGIRIA.
XII. ERANSKINA.–GENERO ARLOKO PRESTAKUNTZAREN ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENA.
Iragarkiaren kodea: F2309372
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
