1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
88/2023 EBAZPENA, ekainaren 15ekoa, Industriaren, Energiaren eta S4 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ukatzen baitira Cascanteko udal mugartean energia elektrikoa ekoizteko "El Sasillo" 42 MW-eko eguzki instalazio fotovoltaikorako aurretiazko administrazio baimena, eraikitzeko administrazio baimena eta zehazki haren onura publikoaren deklarazioa.
1.–2020ko ekainaren 22an egindako eskaera.
2020ko ekainaren 22an, Solen Energía Navarra SLUk eskatu zuen aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena ematea eta onura publikoa zehazki deklaratzea, Cascanteko udal mugartean energia elektrikoa ekoizteko "El Sasillo" 50 MWp-ko (42 MWi) eguzki instalazio fotovoltaikorako eta haren ebakuazio azpiegituretarako (30/66 kV-eko El Sasillo transformazio azpiestazio elektrikoa eta 66 kV-eko linea elektrikoa). Eskaera egin zen Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluak eta Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53. artikuluak ezartzen dutena aplikatuta.
Instalazio fotovoltaiko hori beste espediente baten xede den linea bateko 32. euskarrian konektatuko da ("Cascante II" haize-parkeko 66 kV-eko goi tentsioko aireko eta lurpeko linea), eta azkenik "La Cantera" azpiestazioaren bitartez sareratuko da ekoitzitako energia.
2.–Proiektua eta ingurumen inpaktuaren azterketa jendaurrean jartzeko lehen aldia.
Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluarekin bat, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak jendaurrean jarri zuen Solen Energía Navarra SLUk egindako eskaera, iragarki bat argitara emanez 2020ko abenduaren 26ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean (190. zenbakia), 2020ko abuztuaren 28ko Diario de Navarra egunkarian eta Nafarroako Gobernuko Gobernu Irekiaren webgunean.
Era berean, iragarkia bidali zitzaien Cascanteko eta Murchanteko udalei, iragarki-tauletan jendaurrean jartzeko.
Jendaurreko lehenengo izapidearen esparruan, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak alegazio hauek jaso zituen:
Alegazioen edukia espedientean dago.
3.–Kontsulten lehen izapidea.
Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluan ezarritakoa aplikatuta, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak kontsulta egin zien eragindako erakunde hauei, eta taulan ageri diren txostenak jaso zituen:
ERAKUNDEA | TXOSTENA |
Ingurumen Eraginaren Atala | Bai |
Lurraldearen Antolamenduaren Atala | Ez |
Ondare Historikoaren Zerbitzua | Bai |
Cascanteko Udala | Bai |
Murchanteko Udala | Ez |
Txosten horien edukia espedientean dago.
Cascante II haize-parkearekin eta Murchante haize-parkearekin partekatutako ebakuazio lineari buruzko txostenen eskaera bateratua egin zen Cascante II haize-parkea izapidetu zenean (1154-CE). Azken parke horretarako aurretiazko administrazio baimena eman zen Industriaren, Energiaren eta S4 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiaren apirilaren 17ko 47/2023 Ebazpenaren bitartez.
4.–Jendaurreko informazioaren eta kontsulten emaitza sustatzaileari igortzea.
Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 38. artikuluarekin bat, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak Solen Energía Navarra SLUri igorri zizkion aipatutako txosten eta alegazioak.
5.–Aldatutako dokumentazioa aurkeztea, 2021eko urriaren 6an, txosten eta alegazioei erantzunez.
Alegazioetan adierazitakoa eta txosten sektorialetan exijitutakoa ikusita, espedientea izapidetzen jarraitzeko, 2021eko urriaren 6an Solen Energía Navarra SLUk agiri hauek aurkeztu zizkion Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari: "El Sasillo" eguzki instalazio fotovoltaikoaren proiektu aldatua, ingurumen inpaktuaren azterketaren gehigarria, eta agiri horien separata bana.
Instalazio fotovoltaikoa 66 kV-eko goi tentsioko aireko eta lurpeko garraio linea baten 26. euskarrian konektatuko da; linea hori "Cascante II" eta "Alto del Fraile" haize-parkeen sustatzaileek partekatzen dute, eta geroago "Murchante" haize-parkeak ere partekatuko du. Azkenik, ekoitzitako energia 400 kV-eko La Serna transformazio azpiestazio elektrikoan injektatuko da "La Cantera" azpiestazioaren bitartez.
6.–Proiektuaren eta ingurumen inpaktuaren azterketaren jendaurreko bigarren aldia.
Jatorrizko proiektuan egindako aldaketak aztertuta, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak ondorioztatu zuen jendaurreko bigarren izapide baten beharra zegoela.
Hala, bada, jendaurrean jarri zen Solen Energía Navarra SLUk egindako eskaera, iragarkia argitaratuz 2021eko azaroaren 9ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean (256. zenbakia), 2021eko azaroaren 11ko Diario de Navarra egunkarian eta Nafarroako Gobernuaren Gobernu Irekia webgunean.
Era berean, iragarkia bidali zitzaion Cascanteko Udalari, iragarki-taulan jendaurrean jartzeko.
7.–Kontsulten bigarren izapidea.
Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikulua aplikatuta, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak kontsulta egin zien eragindako erakunde hauei, eta taulan ageri diren txostenak jaso zituen:
ERAKUNDEA | TXOSTENA |
Ingurumen Eraginaren Atala | Bai |
Lurraldearen Antolamenduaren Atala | BAI |
Ondare Historikoaren Zerbitzua | Bai |
Cascanteko Udala | Bai |
Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia | Bai |
Cascanteko Ureztatzaileen Sindikatua | Bai |
Ureztalurren eta Lurzati Berrantolamenduaren Atala | Bai |
Herri-lurren Atala | Bai |
Ebroko Konfederazio Hidrografikoa | Bai |
Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atala | Ez |
Cintruenigoko Ureztatzaileen Sindikatua | Ez |
Txosten horien edukia espedientean dago.
8.–Jendaurreko bigarren izapidean jasotako alegazioak.
Jendaurrean jartzeko bigarren izapidearen esparruan, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak alegazio hauek jaso zituen:
ALEGAZIOA |
1. Sustrai Erakuntza Fundazioa |
2. Molinos de la Rioja SAU |
3. Gurelur |
4. ONGAIZ-Zangozako Ekologistak Martxan |
5. Landazuria-Erriberako Ekologistak Martxan |
Alegazio horien edukia espedientean dago.
9.–Bigarren jendaurreko informazioaren eta kontsulten emaitza sustatzaileari igortzea.
Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 38. artikuluarekin bat, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak Solen Energía Navarra SLUri igorri zizkion aipatutako txosten eta alegazioak.
10.–Ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta hasteko eskaera.
2022ko irailaren 5ean, Solen Energía Navarra SLUk dokumentazioa aurkeztu zuen, erantzuna emateko Ingurumen Eraginaren Atalaren txostenari (0003-0226-2021-000078). Dokumentazio hori Ingurumen Eraginaren Atalari igorri zitzaion irailaren 9an.
2022ko abenduaren 29an, Solen Energía Navarra SLUk eskabide bat aurkeztu zuen eta bertan adierazi zuen ezen instalazioaren proiektu teknikoan jendaurreko informazioaren eta kontsulten bigarren izapidearen ondorioz egindako aldaketek ez zutela ingurumen ondorio nabarmenik ekarriko jatorrizko proiektuan (eta haren ingurumen inpaktuaren azterketan) aurreikusitakoez gainera. Halaber, eskatu zuen Ingurumen Eraginaren Atalera formalki igor zedila instalazioaren ingurumen ebaluaziorako eskaera.
11.–Lurzoru urbanizaezinean jarduerak egiteko baimena izapidetzen hasteko eskaera:
2022ko abenduaren 2an, Solen Energía Navarra SLUk lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jarduera eta erabileretarako baimena izapidetzen hasteko dokumentazioa aurkeztu zuen. Egun berean dokumentazio hori Lurraldearen Antolamenduaren Atalari igorri zitzaion.
12.–Ingurumen inpaktuaren adierazpena.
Ingurumeneko zuzendari nagusiaren urtarrilaren 23ko 52E/2023 Ebazpenaren bitartez, kontrako ingurumen inpaktuaren adierazpena egin zen Solen Energía Navarra SLUk sustatutako "El Sasillo" eguzki instalazio fotovoltaikoaren proiekturako.
Ingurumen organoak uste du El Sasillo instalazio fotovoltaikoaren ingurumen inpaktuaren azterketak gutxietsi egin dituela faunaren eta Natura 2000 Sarearen gaineko inpaktuak, eta proposatutako prebentzio, zuzenketa eta konpentsazio neurriak ez direla nahikoa inpaktua leuntzeko edo konpentsatzeko.
El Sasillo eguzki instalazio fotovoltaikoa alternatiben azterketan hautatutako lekuan kokatuz gero, ziur aski ondorio kaltegarri kritikoak sortuko lirateke kalteberatzat eta galzorikotzat katalogatutako espezieen tokiko populazioetan. Hortaz, aplikatzekoa litzateke Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 46.7 artikulua; horren arabera, gauzatu edo betearazten ahalko da edozein plan, programa edo proiektu, eragin nabarmena izan badezake ere Estatuan edo autonomia erkidegoan galzoriko katalogatuta eta II. edo IV. eranskinetan sartuta dauden espezieengan, baina soilik honako kausa hauek betetzen direnean eta bestelako konponbiderik ezean: giza osasunarekin eta segurtasun publikoarekin lotura dutenak, ingurumenerako berebiziko garrantzia duten ondorio positiboei buruzkoak edo lehen mailako interes publikoko premiazko beste arrazoi batzuk.
Dupont hegatxabala Natura 2000 Sareko "Pulguerko Urmaela" eremu babestuaren izendapena eragin zuten espezieetako bat da, eta "Habitat xerofiloak eta gipsofiloak" gako elementuaren kontserbaziorako helburu honetan sarturik dago: "Estepa eremuetan dauden habitat eta espezieen kontserbazio egoera ona bermatzea".
Beraz, proiektuak ziur aski ondorio kaltegarri nabarmenak izanen ditu Natura 2000 Sareko eremuaren izendapena eragin zuten espezieetan eta eremu horretarako onetsitako kudeaketa planean zehaztutako kontserbazio helburuetan.
13.–Aurretiazko administrazio baimena, eraikitzeko administrazio baimena eta onura publikoko deklarazio zehatza ukatzeko proposamena.
Espedientearen azterketa teknikoa egin ondoren, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko Azpiegitura Energetikoen Atalak ondorioztatu du prozedura behar bezala gauzatu dela, eta, kontrako ingurumen inpaktuaren adierazpena aintzat hartuz, proposatu du ukatzea Solen Energía Navarra SLUk eskatutako aurretiazko administrazio baimena, eraikitzeko administrazio baimena eta onura publikoaren deklarazio zehatza.
2023/294429 eskabidean, Solen Energía Navarra SLUk berariaz adierazi du "gora jotzeko errekurtsoa edo/eta zuzenbidearen arabera zilegi den beste edozein errekurtso eta akzio" baliatuko duela "proiektuaren kontrako ingurumen inpaktuaren adierazpenari aurre egiteko", eta, beraz, ez dela bidezkoa "Solen Energía Navarra SLUk Sasillo eguzki parke fotovoltaikoaren sarbide eta konexio eskubideei dagokienez jarri dituen bermeen itzulketa automatikoa".
Adierazitakoarekin eta espedientean jasotako agiriekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Ukatzea Solen Energía Navarra SLUk eskatutako aurretiazko administrazio baimena, eraikitzeko administrazio baimena eta onura publikoaren deklarazio zehatza Cascanteko udal mugarteko 42 MW-eko "El Sasillo" eguzki instalazio fotovoltaikorako.
2. Ebazpen hau igortzea Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzura, Ingurumen Eraginaren Atalera, Lurraldearen Antolamenduaren Atalera, Ondare Historikoaren Zerbitzura, Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusira, Herri-lurren Atalera, Ureztalurren eta Lurzati Berrantolamenduaren Atalera eta Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalera, behar diren ondorioak izan ditzan.
3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.
4. Ebazpen hau jakinaraztea Solen Energía Navarra SLUri, Gurelur elkarteari, Sustrai Erakuntza Fundazioari, Molinos de la Rioja SAUri, ONGAIZ-Zangozako Ekologistak Martxan erakundeari, Landazuria-Erriberako Ecologistas en Acción erakundeari, Cascanteko Ureztatzaileen Sindikatuari eta Cintruenigoko Ureztatzaileen Sindikatuari, eta ohartaraztea ebazpen honek ez duela administrazio bidea amaitzen eta beraren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita. Errekurtsoan espediente zenbakia adierazi behar da.
5. Ebazpen hau jakinaraztea Cascanteko Udalari, Murchanteko Udalari eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoari, eta ohartaraztea haren kontra administrazioarekiko auzi errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzenduta, bi hilabeteko epean, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Iruñean, 2023ko ekainaren 15ean.– Industriaren, Energiaren eta S4 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusia, Uxue Itoiz Mariñelarena.
Iragarkiaren kodea: F2309322