141. ALDIZKARIA - 2023ko uztailaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2023ko maiatzaren 31n hartua, zeinaren bidez onesten baita Eguaras / Eguarats biztanle-entitate bakunaren izena Eguarats izen bakarrera aldatzea.

Atezko Udalak, 2022ko azaroaren 29an egindako ohiko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea Eguaras / Eguarats biztanle-entitate bakunak izen bakarra edukitzea. Hasierako onespen hori 2023ko 4. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 5ean. Ondoren, Udalak, 2023ko martxoaren 10ean egindako bilkuran, erabaki zuen behin betiko onestea izen elebiduna daukan biztanle-entitate bakun horri izen bakarra ematea; Eguarats, alegia. Hala, 2023ko martxoaren 14ko data daukan eskaeraren bidez, Udalak Nafarroako Gobernuari eskatu zion izen bakarra onets zezala.

Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legearen 8.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, Nafarroako Gobernuari dagokio Foru Komunitatearen toponimoak erabakitzea, Euskaltzaindiaren aldez aurreko txostenari jarraikiz. Hartara, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak eskatuta, Euskaltzaindiak nahitaezko txostena eman zuen, non berresten baitu proposatutako euskarazko izena –Eguarats, alegia– zuzena dela.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak proposatuta,

ERABAKITZEN DU:

1. Eguaras / Eguarats biztanle-entitate bakunaren izena Eguarats izen bakarrera alda dadin onestea.

2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Erabaki hau jakinaraztea Atezko Udalari eta igortzea Toki Administrazioaren Zuzendaritza Nagusira (Nafarroako Toki Entitateen Erregistroan sar dezan); Nafarroako Estatistika Institutura (Izendegian sar dezan); Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutura (Nafarroako Toponimia Ofizialaren Datu Basean sar dezan) eta Herritarrekiko Harremanetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Erabaki honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Iruñean, 2023ko maiatzaren 31n.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2309850