141. ALDIZKARIA - 2023ko uztailaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

334E/2023 EBAZPENA, ekainaren 12koa, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, Nafarroako toki erakundeentzako dirulaguntzen deialdi bat onesten duena, 2023-2024 aldian emakumeen eta gizonen berdintasuna bultzatu eta sustatzeko proiektuak egin ditzaten. DDBN identifikazioa: 702854.

Nafarroako Berdintasunerako Institutuak Nafarroan genero berdintasuna lortzea du helburu, horretarako bide ematen duten baldintzak sustatuz eta genero desberdintasuneko eta bazterkeriako modu guztiak deuseztatzen lagunduz. Horretarako, urriaren 30eko 260/2019 Foru Dekretuaren bidez onetsita dituen estatutuen arabera, emakumeen eta gizonen berdintasunerako politikak koordinatzeko eta kudeatzeko eskumena dagokio Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan, eta bere helburuetako bat da Nafarroako Administrazio Publikoei laguntza ematea emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde lan egiteko.

Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 12. artikuluan ezartzen denez, toki erakundeek beren eskumenak betetzean txertatuko dute emakumeen eta gizonen berdintasunaren printzipioa, eta, horretarako, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin elkarlanean arituko dira. Halaber, baieztatzen du, foru lege honek esleitzen dizkien funtzioei dagokienez, Nafarroako Gobernuak osatuko duela toki erakundeen nahikotasun finantzarioa.

Bestalde, "Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Nafarroako Plan Estrategikoa (2022-2027)" plangintza publikoko tresna nagusia da Berdintasunari buruzko 17/2019 Foru Legea garatzeko. Plan horretan kontuan hartzen da toki administrazioak planaren ildo estrategiko guztietan eta bereziki I. ildo estrategikoan duen erantzukizuna; izan ere, horren helburua da genero ikuspegia txertatzea administrazioen gobernantza ereduan, bai eta toki administrazioenean ere.

Tokiko esparrua da herritarrengandik eta sare ekonomiko eta sozialetik hurbilen dagoena, eta, hortaz, esparru egokienetako bat da emakumeen eta gizonen aukera berdintasuna integratzeko. Horregatik, inportantea da Nafarroako toki erakundeek emakumeen eta gizonen aukera berdintasunarekin duten konpromisoa bultzatzea, eta tokiko garapena lehentasunezkotzat jotzea hura lortzeko. Lehentasun horren barnean honako hau biltzen da: udalek, garrantzia duten gizarte eragileekin adosturik, zaintza-lanen banaketa erantzunkidearen aldeko neurriak garatzeko konpromisoa sustatu eta lagundu beharra.

Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren bidez, emakumeen eta gizonen berdintasunaren printzipioa lortzeko lehentasuntzat jotzen du genero berdintasunerako politikak sustatzea tokiko esparruan, toki erakundeekin batera lan egituratu, sistematiko eta koordinatua eginez, lurralde bakoitzean sortzen diren beharrei eta berezitasunei erantzuna emateko.

Toki erakundeetako errealitate desberdinen behar eta berezitasun horiei erantzuteko, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak dirulaguntzen deialdi hau planteatzen du gizonen eta emakumeen berdintasuna bultzatu eta sustatzeko proiektuak gauzatzen dituzten toki erakundeentzat. Ebazpen honetan hiru laguntza modalitate ezartzen dira, eta beharkizun eta diru kopuru desberdinak ezartzen dira, alde batetik, emakumeen eta gizonen berdintasuna bultzatu eta sustatzen duten proiektuak egiteko berdintasuneko agentea duten toki erakundeentzat, eta bestetik, figura profesional hori gabe, emakumeen eta gizonen berdintasuna bultzatu eta sustatzeko proiektuak garatzen dituzten toki erakundeentzat.

Institutuak eredu bat sustatzen du egiten den esku-hartzea sistematikoa eta koherentea izan dadin; udalen berdintasun alorrak planifikatu, kudeatu eta ebaluatzeko ibilbidea da eredu hori, alegia (https://www.igualdadnavarra.es/imagenes/documentos/-48-f-eu.pdf?ts=20230622142359?ts=20230622142359), eta esku hartzeko esparru bat ezartzen du, bidea ematen duena toki erakundeak elkarlanean eta Nafarroako Berdintasunaren Institutuarekin koordinaturik aritu daitezen. Ibilbide horrek honako inbertsio arlo hauek jasotzen ditu: toki gobernantza eta genero zeharkakotasuna, emakumeen aurkako indarkeria, zaintza-lanak, erantzunkidetasuna eta kontziliazioa eta emakumeen ahalduntzea, parte-hartze soziopolitikoa eta balioen aldaketa.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 51. artikuluak eta Nafarroako Berdintasunerako Institutua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen urriaren 30eko 260/2019 Foru Dekretuaren 12.h) artikuluak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren deialdi bat onestea, helburu duena Nafarroako toki erakundeei dirulaguntzak ematea, 2023-2024 aldian emakumeen eta gizonen berdintasuna bultzatu eta sustatzeko proiektuak egin ditzaten.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen I. eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontu-kredituak baimentzea, baldin eta 2024. urtean kreditu egokia eta nahikoa badago:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

080001-08100-4609-232200: Toki erakundeentzako transferentziak berdintasun arloko politikak bultzatzeko

2023

145.545,93

080001-08100-4609-232200: Toki erakundeentzako transferentziak berdintasun arloko politikak bultzatzeko

2024

125.000

Salbuespen gisa, 120.000 euro gehiago bideratzen ahalko dira gehienez deialdi honetarako, kontuan hartuta zenbat eskaera aurkezten diren; horretarako, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak ebazpen bat emanen du, beste deialdi bat egin gabe, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31. artikuluak ezartzen duenarekin bat etorriz. Zenbateko gehigarri hori erabili ahal izateko, kreditu gehigarria baimendu beharko da foru lege horren 31.3.a) artikuluan adierazten diren gorabeheretako bat gertatzen delako.

4. Ebazpen hau eta haren oinarri arautzaileak (I. eranskina) eta balorazio irizpideak (II. eranskina) biltzen dituzten eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Baseari jakinaraztea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan xedatutako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2023ko ekainaren 12an.–Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzailea, Eva Istúriz García.

I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria. Xedea eta helburua.

Deialdiaren xedea da 2023ko martxoaren 1etik 2024ko otsailaren 29ra arteko aldian Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren dirulaguntzak Nafarroako toki erakundeei emateko araubide bat ezartzea, erakunde horietan emakumeen eta gizonen berdintasuna bultzatzeko eta sustatzeko, toki erakundeek prestatzen eta planifikatzen dituzten proiektuen bitartez.

2. oinarria. Erakunde onuradunak eta dirulaguntzaren modalitateak.

2.1. Nafarroako toki erakundeak aurkezten ahalko dira deialdira, baldin izaera hori aitortua badute Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen arabera, eta oinarri hauetan ezarritako beharkizunak betetzen badituzte. Halaber, taldean elkartutako toki erakundeak ere aurkezten ahalko dira deialdira, eskaeran berariaz adierazten bada erakunde bakoitzak zer gauzatze-konpromiso hartzen duen bere gain, eta ordezkari bakar bat izendatzen bada, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8.3 artikuluak ezartzen duenarekin bat.

2.2. Dirulaguntza modalitate hauek daude:

a) 1. modalitatea: berdintasuneko agentea lanaldi osoan kontratatuta edo plantillan izanik ere, kontratazio hori dela-eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren dirulaguntzarik jasotzen ez duten Nafarroako toki erakundeek garatzen dituzten proiektuak.

b) 2. modalitatea: berdintasuneko agentea lanaldi osoan kontratatuta edo plantillan izanik, kontratazio hori dela-eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren dirulaguntza jasotzen duten Nafarroako toki erakundeek garatzen dituzten proiektuak.

c) 3. modalitatea: berdintasuneko agenterik lanaldi osoan kontratatuta edo plantillan ez duten 5.000 biztanle baino gutxiagoko Nafarroako toki erakundeek garatzen dituzten proiektuak. Modalitate honetara aurkezten diren toki erakundeak ezin dira izan, ezta ere, udalez gaindiko beste toki erakunde, mankomunitate eta tokiko ekintza talde bateko partaideak, erakunde horrek berdintasun agentea lanaldi osoan kontratatua badu.

3. oinarria. Betebeharrak.

3.1. Nafarroako toki erakundeek betebehar hauek bete beharko dituzte eskaera aurkezteko unean, eta haiek betetzen jarraitu beharko dute jarduera diruz laguntzen den epe osoan eta hura justifikatu arte, salbu 3.1 oinarriko b.2 atalean jasotakoari dagokionez:

a) 1. eta 2. modalitateak:

1.–Eskaera egiten den unean, B mailako berdintasuneko agente bat kontratatuta edo plantillan izatea, lanaldi osoan. Toki erakundeak zerbitzua lanaldi partzialean egiten duten pertsonak kontratatuak dituenean, proiektuek ez dute dirulaguntzarik jasoko, non ez den agente nagusia lanaldiaren murrizketa eskatzen duena; izan ere, horrelakoetan, zilegi izanen da bi lagunen artean betetzea lanaldi osoa. (Hori egiaztatzeko, IV. eranskinean jasotako adierazpena erabiliko da).

Betiere, lanaldia osoa dela ulertuko da, eta ez da nahitaezkoa izanen bi lagunek betetzea, baldin lanaldia zortziren bat, seiren bat edo laurden bat murrizten bada, apirilaren 4ko 27/2011 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera (haren bidez arautu zen Nafarroako Administrazio Publikoetako langile funtzionarioen lanaldiaren murrizketa) edo horri dagokionez aplikatzekoa den beste edozein arauditan xedatutakoaren arabera.

Orobat, toki erakundeek akordioak egiten ahalko dituzte beste toki erakunde batzuekin lanaldi osoko berdintasuneko agentea izateari buruzko baldintza betetzeko. Kasu horretan, elkartutako erakundeek garatuko duten proiektu bakar bat aurkeztu behar dute dirulaguntzen deialdira.

2.–2023rako diru partida edo aurrekontu zuzkidura edukitzea emakume eta gizonen berdintasunaren arloko ekintzak eta proiektuak finantzatzeko, eta orobat, 2024rako ere, helburu bereko diru partida edo aurrekontu zuzkidura edukitzeko konpromisoa ezartzea. (Hori egiaztatzeko, IV. eranskinean jasotako adierazpena erabiliko da).

3.–Aukera berdintasunerako plan bat edo gizon eta emakumeen berdintasunerako plan estrategikoa edo lanerako urteko plana izatea, udalen berdintasun alorretako lana planifikatu, kudeatu eta ebaluatzeko ibilbidearen araberakoa. Berdintasuneko agentea lehen aldiz kontratatzen bada, beharkizun hori betetzat joko da toki erakundeko idazkaritzaren egiaztagiri bat aurkeztuz gero (IV. eranskinean bilduta), non egiaztatuko baita toki erakundeak asmoa duela berdintasunerako plana edo urteko lan plana prestatzeko deialdi honek aintzat hartzen duen aldian, "Udalen berdintasun alorretako lana planifikatu, kudeatu eta ebaluatzeko ibilbidea" izeneko dokumentua oinarri hartuta.

4.–Udal alorren arteko talde tekniko bat osatzea, edo dirulaguntza baliatuko den aldian osatzeko konpromiso irmoa izatea, emakume eta gizonen berdintasunaren printzipioa toki erakundearen lan arlo guztietan eraginkortasunez integratzen dela ziurtatzeko. Talde horretan ordezkatuta egon behar dute udal alor guztiek, eta haren batzarren egutegia finkatu beharko da. (Hori egiaztatzeko, IV. eranskinean jasotako adierazpena erabiliko da).

5.–Erakunde eskatzailearen organo eskudunaren baimena, berdintasuneko agenteak parte har dezan, dirulaguntzaren aldi osoan, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak genero berdintasunaren arloan antolatzen duen etengabeko prestakuntzaren programan, horrelakorik antolatzen bada. (Hori egiaztatzeko, IV. eranskinean jasotako adierazpena erabiliko da).

b) 3. modalitatea:

1.–2023rako diru partida edo aurrekontu zuzkidura edukitzea emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko ekintzak eta proiektuak finantzatzeko, eta orobat, 2024rako ere, helburu bereko diru partida edo aurrekontu zuzkidura edukitzeko konpromisoa ezartzea (hori egiaztatzeko, IV. eranskinean jasotako adierazpena erabiliko da).

2.–Eskaera egiten den unean, ez izatea B mailako berdintasuneko agenterik lanaldi osorako kontrataturik edo plantillan. (Hori egiaztatzeko, IV. eranskinean jasotako adierazpena erabiliko da).

3.–5.000 biztanle baino gutxiago izatea.

4.–Eskaera egiten den unean, ez egotea sartuta B mailako berdintasun agentea lanaldi osoan kontratatua duen udalez gaindiko toki erakunde, mankomunitate edo tokiko ekintza talde batean.

4. oinarria. Exekuzio epea eta proiektu diruz lagungarriak.

4.1. Dirulaguntzen xede diren proiektuak 2023ko martxoaren 1etik 2024ko otsailaren 29ra bitartean gauzatu beharko dira.

4.2. Toki erakundeek proiektu bakar bat aurkezten ahalko dute dagokien modalitatean.

4.3. Proiektu diruz lagungarriek oinarri honetan zehazten diren ekintzak jasotzen ahalko dituzte, eta horien garapena eta kudeaketa egokitzen ahalko dira, gauzatu ahal izateko.

Deialdian adierazitako modalitate bakoitzean, proiektu hauek jaso dezakete dirulaguntza:

–1. eta 2. modalitateetan: emakumeen eta gizonen berdintasuna bultzatu eta sustatzen duten proiektuak, berdintasuneko agentea duten toki erakundeetan.

Proiektuak deialdi honen xedearen arabera (1. oinarrian adierazia) diseinatuta aurkeztuko dira, bai eta "Udalen berdintasun alorretako lana planifikatu, kudeatu eta ebaluatzeko ibilbidean" adierazitako esku-hartze arlo hauen arabera ere:

a) Toki gobernantza eta zeharkakotasuna.

Ohartarazi behar da, jarduketa arlo honen barnean, ez direla diruz lagunduko langileen berdintasunerako barneko planak (barne direla haien diagnostikoak), toki erakundearen plantillan 50 langiletik gora ari badira; izan ere, plan horien onarpena, toki erakunde horietan, Berdintasunari buruzko Foru Legean espresuki jasotzen den baldintza delako. Halaber, ez dira inola ere diruz lagungarriak izanen toki erakundearen mendeko erakunde publikoetako langileen berdintasunerako barneko planak.

b. Emakumeen kontrako indarkeria.

Arlo honen barnean, diruz lagungarriak izanen dira Indarkeriako Tokiko Protokoloak (barne direla aldez aurreko diagnostikoak) prestatzea xede duten ekintzak. Protokolo horien prestaketa jasota dago NABIk argitaratutako "Emakumeen aurkako indarkeria, jarduteko eta koordinatzeko tokiko protokoloak prestatzeko gida" izenekoan (https://www.igualdadnavarra.es/imagenes/documentos/-26-f-eu.pdf). Nolanahi ere, protokoloak egiteko, gida horretan zehazten eta jasotzen diren baldintzak, jarraibideak, mekanismoak eta ereduak bete beharko dira. Halaber, toki erakundeak egina badu dagoeneko aipatu tokiko protokolo hori, horren esparruko eta hari lotutako ekintzak ere diruz lagungarriak izanen dira, kasurako, diagnostikoaren edo protokoloaren beraren eguneratzea, trebakuntza eta prestakuntza, sentsibilizazio ekintzak eta abar.

c) Zaintza-lanak, erantzunkidetasuna eta kontziliazioa.

Toki erakundeek ezin izanen dute arlo honen barruan ekintzarik programatu baldin eta betetzen badituzte "Zainketen aldeko Tokiko Itunak" programan sartutako proiektuetarako deialdian parte hartzeko betebeharrak (NABIren deialdi hori otsailaren 17ko 106E/2023 Ebazpenaren bidez egin zen, eta 2023ko 57. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu, martxoaren 21ekoan).

d) Emakumeen ahalduntzea, parte-hartze soziopolitikoa eta balioen aldaketa.

Aurrez aipatutako edozein arlotan sartzen diren ekintzak biltzen dituzten proiektuek jasotzen ahalko dute dirulaguntza, baldin eta honako helburu hauek badituzte:

Baldintzak sortzea emakumeen eta gizonen berdintasunaren printzipioa eta generoaren ikuspegia Administrazioan eta haren politika publikoetan zehar-lerro gisa integratzeko.

Emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko prestakuntza (jardunaldiak, mintegiak, hitzaldiak eta abar).

Sentsibilizazioa (kanpainak, genero ikuspegia lantzen duten materialak prestatu eta zabaltzea).

Emakumeen ahalduntzea eta parte-hartzea sustatzeko jarduerak.

Azterlanak, ikerketak, plangintza eta ebaluazioa, emakumeen eta gizonen berdintasunean aurrera egiteko.

–3. modalitatean: emakumeen eta gizonen berdintasuna bultzatu eta sustatzen duten proiektuak, lanaldi osoko berdintasuneko agenterik ez duten toki erakundeek aurkeztuak, arlo hauen gaineko ekintzak garatzen dituztenak:

a) Emakumeen ahalduntzea, parte-hartze soziopolitikoa eta balioen aldaketa.

b) Zaintza-lanak, erantzunkidetasuna eta kontziliazioa.

Toki erakundeek ezin izanen dute arlo honen barruan ekintzarik programatu baldin eta betetzen badituzte "Zainketen aldeko Tokiko Itunak" programako proiektuetarako deialdian parte hartzeko betebeharrak (NABIren deialdi hori otsailaren 17ko 106E/2023 Ebazpenaren bidez egin zen, eta 2023ko 57. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu, martxoaren 21ekoan). Halaber, toki erakundeak aipatu deialdi horretan parte hartzeko betebeharrak betetzen dituzten udalez gaindiko toki erakundeen edo mankomunitateen parte badira, ezin izanen dute arlo honen barruan ekintzarik programatu.

c) Emakumeen kontrako indarkeria.

Arlo honetan diruz laguntzen ahalko dira soilik "Jaigunetako eraso sexistei aurre egiteko jarduera protokoloak" edo "Emakumeen aurkako indarkeriagatiko hilketa eta egoera larriei aurre egiteko jarduera protokoloak" prestatzeko ekintzak, NABIk argitaratutako "Emakumeen aurkako indarkeria, jarduteko eta koordinatzeko tokiko protokoloak prestatzeko gida" izenekoan jasotzen denari jarraikiz. Nolanahi ere, protokoloak egiteko, gida horretan zehazten eta jasotzen diren baldintzak, jarraibideak, mekanismoak eta ereduak bete beharko dira. Halaber, toki erakundeak egina badu dagoeneko aipatu diren tokiko protokoloetako bat edo beste, horien esparruko eta haiei lotutako ekintzak ere diruz lagungarriak izanen dira, kasurako, diagnostikoaren edo protokoloen beraien eguneratzea, trebakuntza eta prestakuntza, sentsibilizazio ekintzak eta abar.

Arestian aipatutako edozein arloren barruko ekintzek helburu hauek izan ditzakete:

–Emakumeen eta gizonen berdintasunean prestakuntza ematea gauzatzen diren ekintzen eremuan (jardunaldiak, mintegiak, hitzaldiak, etab.).

–Sentsibilizazioa (kanpainak, genero ikuspegia lantzen duten materialak prestatu eta zabaltzea).

–Emakumeen ahalduntzea eta parte-hartzea sustatzeko jarduerak.

–Ikerlanak eta diagnostikoak egiteko ekintzak, haien bidez jarduteko lehentasunak ezar daitezen toki erakundean, emakumeen eta gizonen berdintasunari dagokionez. Aipatutako ikerlan edo diagnostiko horiek elkarrekin egiten ahalko dituzte ekintza komuneko lurralde eremu bat partekatzen duten toki erakundeek. Diagnostiko horietatik, ez dira diruz lagunduko plantillan 50 lagunetik gora dituzten erakundeetan egin beharrekoak diren langileen berdintasunerako barneko planen aurreko diagnostikoak. Halaber, ez dira inola ere diruz lagungarriak izanen toki erakundearen mendekoak diren erakunde publikoetako langileen berdintasunerako barneko planen aurreko diagnostikoak.

4.4. Gastu diruz lagungarriak.

4.4.1. Proiektuari loturiko zuzeneko gastuak:

Modalitate guztietan, dirulaguntzak honako gastu kontzeptu hauek finantzatzeko izanen dira bakar-bakarrik; gainera, gastuak dirulaguntzaren xedeko jarduerara bideratu beharko dira zalantzarik gabe, 2023ko martxoaren 1etik 2024ko otsailaren 29ra arte egin beharko dira eta zenbatekoak merkatuko balioaren araberakoak izan beharko dira:

a) Laguntza teknikoa. Arlo honetan dirulaguntza jasotzeko baldintza izanen da kontratatzen diren pertsona fisiko edo juridikoek genero berdintasunaren arloan gutxienez 120 orduko prestakuntza izatea, erakunde publikoek edo unibertsitate publiko zein pribatuek zuzenean edo elkarlanean emana.

Generoari buruzko prestakuntza frogatzea eskatzen da beti laguntza teknikorako. Kontratatutako pertsonak edo erakundeak aurkeztutako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatuko da hori (XII. eranskina). Era berean, prestakuntza egiaztatzea eskatuko da azterlanak edo diagnostikoak egitearekin, prestakuntzarekin edo tailerrak ematearekin lotutako ekintzetan –kanpora atera ez badira ere–, baldin eta horiek guztiak batuta azkenean onartzen den aurrekontuaren %40ko edo hortik gorako balioa badute.

Toki erakunde onuradunak zilegi du diruz laguntzen den jarduera osoa azpikontratatzea.

b) Ekintza diruz lagungarriak gauzatzen dituzten hizlariek eta pertsonek edo erakundeek sortutako ordainsariak, bai eta ekintza horiek joan-etorriengatik eta ostatuagatik ekarritako dietak ere.

c) Diruz laguntzen diren jardueren publizitate gastuak eta materialak argitaratzekoak.

d) Jarduerak egiteko behar diren lokalen eta ekipamenduen alokairuaren gastua, edo material suntsikor eta kontsumigarriaren gastua. Ondasun inbentariagarriei dagokienez, erakunde onuradunak dirulaguntza eman den xede konkreturako erabili beharko ditu ondasun horiek, gutxienez, bi urteko epean.

e) Diruz lagundutako jarduerak egiten diren bitartean soilik, beren kabuz balia ezin daitezkeen pertsonei arreta ematearen ondoriozko gastuak (haurtzaindegia, ludoteka, adinekoak zaintzea eta abar).

f) Gastu finantzarioak eta aholkularitza juridiko edo finantzarioaren gastuak, baldin eta diruz lagundutako jarduerarekin zuzeneko lotura badute eta hura ongi prestatu edo egiteko ezinbestekoak badira.

g) Proiektuaren jarduerarekin loturiko gastuak, bidezkotzat jotzen direnak eta oinarri hauen 4.6 puntuan berariaz salbuetsita ez daudenak.

4.4.2. Proiektuarekin lotutako zeharkako gastuak:

Ematen den dirulaguntzaren %20 arte egozten ahalko zaie proiektuaren zeharkako gastuei, baldin eta zerikusia badute kudeaketa administratiboarekin edo hornidurekin (hala nola, ura, argia eta telefonoa), zentzuzko neurri batean, baldin eta behar bezala justifikatuta badaude eta jarduera benetan gauzatzen den epean egin badira.

4.5. Dirulaguntzarik izanen ez duten proiektuak.

Proiektu hauek deialdi honen esparrutik kanpo geldituko dira:

a) Toki erakundearen zerbitzuak sortu edo finantzatzeko asmoa duten proiektuak, konparazio batera, ludotekak, jubilotekak, atsedenguneak edo pertsonentzako zerbitzuak. Hortaz, proiektuen xede bakarra bada beren kabuz baliatu ezin daitezkeen pertsonei arreta ematea, proiektuak bazter utziko dira, 4.4.1.e) atalean xedatutakoa salbu.

b) Ez dira diruz lagunduko plantillan 50 lagunetik gora dituzten toki erakundeen langileen berdintasunerako barneko planak prestatzeko proiektuak. Halaber, ez dira inola ere diruz lagungarriak izanen toki erakundearen mendeko erakunde publikoetako langileen berdintasunerako barneko planak.

c) Diseinuan, edukian, abiarazteko bidean eta ebaluazioan genero ikuspegirik ez duten proiektuak.

d) Nafarroako Gobernuko beste departamentuetako berariazko deialdien xede izan daitezkeen proiektuak eta jarduerak.

e) Nafarroako edo Estatuko beste deialdi edo programa batzuetan kontziliaziorako agertzen diren azpiegiturak, baliabideak edo laguntzak sortu edo mantentzea.

f) Aisialdiko edo jostetako jarduerak bakarrik jasotzen dituzten proiektuak, helburuetan eta edukietan generoaren ikuspegia jaso ez badute.

g) Ez dira diruz lagunduko eskola komunitatearentzat prestatutako jarduerak (ikasle, familia eta ikastetxeetako langileei zuzendutakoak), edozein hezkuntza ziklotan, 0-3 tartea barne, edozein dela ere titulartasuna, jarduera horiek eskola-orduetan egiten direnean, bat etorriz Hezkidetza Planarekin, zeina Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentua ari baita gauzatzen.

h) Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren beraren programa eta jarduerak eta, oro har, zuzenean haren eskumeneko edo beste departamentu, erakunde edo entitate publiko zein pribatu batzuen eskumeneko jotzen diren jarduketak.

4.6. Diruz lagungarriak ez diren gastuak.

Gastu kontzeptu hauek deialditik kanpo geldituko dira:

a) Toki erakundeek kontratatutako langileen nominak, salbu eta proiektua gauzatzen den bitartean beren buruaz ezin baliatu diren pertsonei arreta emateko une jakin batean kontratatzen direnenak, 4.4.1 ataleko e) letran ezarritakoarekin bat.

Bereziki, ez da inoiz diruz lagunduko berdintasuneko agentearen kontratazioa.

b) Toki erakundearen beraren zerbitzuen funtzionamenduak sortzen dituen gastuak, 4.4.2 oinarrian jasotakoak izan ezik.

c) Otorduak, edariak, aperitiboak, opariak, protokoloari loturiko gastuak eta antzekoak.

d) Beste jarduera batzuetarako ere erabil daitezkeen ekipamenduak edo produktuak erostea (material informatikoa, telefoniakoa, etab.).

5. oinarria. Guztirako zenbatekoak eta dirulaguntzaren zenbatekoa.

5.1. Aurrekontuan gaitutako kontsignazioa agortu arte emanen dira dirulaguntzak.

Aurrekontuko partida agortzen bada dirulaguntza jasotzeko gutxieneko puntuaziora iristen diren eskaera guztiei erantzun gabe, hainbanatu eginen da zenbateko orokorra.

5.2. Diruz lagundu daitezkeen gehieneko zenbateko hauek ezartzen dira proiektu bakoitzeko:

a) Gehienez ere 15.000 euro, berdintasuneko agentea lanaldi osoan izanik ere, hura kontratatzeko Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren laguntzarik jasotzen ez duten toki erakundeen eskaerentzat. (1. modalitatea).

b) Gehienez ere 7.500 euro, berdintasuneko agentea lanaldi osoan izanik, hura kontratatzeko Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren laguntza jasotzen duten toki erakundeen eskaerentzat. (2. modalitatea).

c) Gehienez ere 3.000 euro, lanaldi osoan berdintasuneko agenterik ez duten eta 5.000 biztanle baino gutxiago dituzten toki erakundeen eskaerentzat (3. modalitatea).

5.3. 8. oinarrian zehaztutako irizpideei jarraikiz emanen da dirulaguntza hau, ehuneko hauek aplikatuta:

5.3.1. 1. eta 2. modalitateen kasuan, 8. oinarriko balorazio irizpideen arabera 60 puntu edo gehiago lortzen dituzten proiektuei honako kopuru hauek emanen zaizkie:

a) Aurkeztutako eta onartutako aurrekontua, "NABIk onartutako proiektuaren aurrekontua", modalitate horietan ematen den gehieneko kopurua adinakoa edo txikiagoa denean, aurkeztutako eta onartutako kopuruaren %100 jasoko dute.

b) Aurkeztutako eta onartutako aurrekontua, "NABIk onartutako proiektuaren aurrekontua", modalitate horietan ematen den gehieneko kopurua baino handiagoa denean, modalitate bakoitzean ematen den kopuruaren %100 jasoko dute.

5.3.2. 3. modalitatearen kasuan, 8. oinarriko balorazioan lortutako puntuazioari erreparatuko zaio, eta ehuneko hauek emanen dira:

–71-100 puntu lortzen dituzten proiektuetarako, onartutako gastuaren zenbatekoaren %90.

–61-70 puntu lortzen dituzten proiektuetarako, onartutako gastuaren zenbatekoaren %80.

–40-60 puntu lortzen dituzten proiektuetarako, onartutako gastuaren zenbatekoaren %70.

Edonola ere, 5.2 oinarrian ezarritako gehieneko mugak errespetatuko dira.

6. oinarria. Dokumentazioa.

6.1. Dirulaguntza eskatzen duten toki erakundeek jarraian adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko dute, honako atal hauei dagozkien dokumentu bereizietan, eta eskuragarri dauden eranskinetara egokituta, halakorik egonez gero (eranskin horiek dirulaguntzaren fitxatik deskargatzen ahalko dira, eta horien esteka oinarri arautzaile hauen testuaren amaieran dago):

a) Eskaera. Nahitaez aurkeztu beharko da eskaeraren ereduan (III. eranskina), eta bertan memoria bat jasoko da, deskribatuko dituena proiektua eta deialdiaren aurrekontu osoa, 2023. urterako (martxoaren 1etik azaroaren 3ra bitarteko aldia) eta 2024. urterako (2023ko azaroaren 4tik 2024ko otsailaren 29ra bitarteko gastua) banakatuta. Aurrekontua proiektuaren deskripzioaren arabera zehaztuko da, garatu nahi diren jarduera guztiak banaka azaldurik; proiektuaren aurrekontu orokorrik ez da onartuko. Agiri bakar batean aurkeztu behar da eskaeraren eredu hori, agiri gehiagotan banandu gabe; kasuan kasuko modalitatea bete beharko da.

Elkartuta aurkezten diren toki erakundeen kasuan, zein erakunde aukeratzen den elkartutakoen ordezkari izateko, haren ordezkariak sinatu beharko du eskaera. Eskaeran adierazi beharko da hitzarmeneko erakunde bakoitzak zer konpromiso hartu dituen bere gain.

b) Toki erakundeko idazkaritzaren ziurtagiria (IV. eranskin gisa ageri den ereduan), 3. eta 12. oinarrietako baldintza guztiak eta 13. oinarrian jasotako betebeharrak betetzen dituela ziurtatzen duena.

Erakunde bakoitzak bere modalitateari dagokiona aurkeztu beharko du, eta dokumentu bakarrean aurkeztu beharko da.

Berdintasuneko agentea kontratatua baldin badu, ziurtagiri horrek jaso beharko du erakunde eskatzailearen organo eskudunaren baimena, berdintasuneko agente gisa kontratatutako pertsonak parte har dezan, dirulaguntzak estaltzen duen aldi osoan, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak generoaren eta berdintasunaren arloetan antolatzen duen etengabeko prestakuntzaren programan, horrelakorik antolatzen bada.

c) 1. eta 2. modalitateetarako, kontratazioa bi toki erakunderen edo gehiagoren akordio baten bidez egiten bada, haien artean dirulaguntzak estaltzen duen aldi osorako lotu duten akordioaren kopia.

d) Hala badagokio, toki erakundearen eta berdintasuneko agentearen arteko kontratuaren kopia, 2023rako indarra izan behar duena.

e) Gardentasun betebeharren adierazpena (V. eranskina), egiaztatzen duena Gardentasunari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 12.4 artikulua betetzen dela, 9.3 oinarrian ezarritakoari jarraikiz.

f) VI. eranskina: bankuko datuak: Eranskin hori bete behar da Nafarroako Gobernuaren eskura jarritako bankuko kontua aldatzen bada, edo lehenengo aldiz eragiketak egiten badira NABIrekin.

6.2. Agiri hauek ez dira eskatuko baldin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organoek ziurtatu behar badute baldintzak betetzen direla, edo agiriak Administrazioaren eskuetan badaude, honako hauekin bat: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.8 artikulua eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikulua. Azken kasu horretan, adierazi beharko da zer unetan eta zer administrazio organoren aurrean aurkeztu ziren agiriak.

6.3. Dirulaguntza egiaztatzeko eskumenak dituen administrazio organoak zehazten duenean erakunde eskatzaileak aurkeztutako justifikazioan badirela zuzentzen ahal diren akatsak, horren berri emanen dio eskatzaileari, bost egun balioduneko epean zuzendu ditzan.

Proiektua deskribatzeko eta haren aurrekontua zehazteko dokumentazioa ezin da zuzendu. Halere, NABIk azalpenak eskatzen ahal ditu, aurkeztutako proiektua aldatzeko aukerarik gabe. Erantzuteko epea gehienez bost egun baliodunekoa izanen da.

7. oinarria. Eskaerak aurkezteko epea eta tokia.

Eskaerak elektronikoki izapidetuko dira deialdiaren fitxako "Tramiteak" aukeratik (oinarri hauen amaieran eskuragarri dago esteka).

Fitxa horretan, esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki behar da.

Eskaerak hilabeteko epean aurkeztuko dira, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Dokumentazioa dokumentu bereizitan aurkeztuko da, 6. oinarrian zehaztutako eranskinen arabera, bakoitzak bere izena behar bezala dakarrela.

Gaitutako helbide elektroniko bat adieraziko da eskaeretan, eta horixe izanen da Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren eta toki erakunde eskatzaileen arteko jakinarazpen eta komunikazioetarako lehentasunezko bidea.

Eskatzaileak Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen elektronikorako prozeduretan harpidetuta egon beharko du. Hauxe da gaitutako helbide elektronikoa eta jakinarazpen elektronikorako harpidetza lortzeko helbidea: https://dehu.redsara.es/ Horretarako, beharrezkoa da ziurtagiri digitala izatea.

Eskaera aurrez aurre aurkezten bada, pertsona interesdunari eskatuko zaio zuzentzeko, baliabide elektronikoen bidez aurkeztuz. Ondorio horietarako, zuzenketa zer egunetan egin den, eskaera egun horretan aurkeztu dela joko da.

8. oinarria. Balorazioa eta dirulaguntza emateko prozedura.

8.1. Nafarroako Berdintasunerako Institutuko Gai Juridikoen eta Kudeaketaren Zuzendariordetzari dagokio dirulaguntza emateko prozeduraren instrukzioa. Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da.

8.2. Eskaerak baloratzeko, instrukzio organoak Nafarroako Berdintasunerako Institutuko teknikarien edo bereziki kualifikatutako teknikarien laguntza izanen du, eta egokiak iruditzen zaizkion jarduketak egin ditzake, ebazpen proposamenaren oinarri izanen den informazioa zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko.

8.3. Eskaerak II. eranskinean aipatutako irizpideen arabera baloratuko dira. Eskaera bakoitzerako, aurkeztutako proiektuaren balorazio teknikoa egiteko, "NABIk onartutako proiektuaren aurrekontua" delakoaren zenbatekoa hartuko da kontuan, bertan bildutako jarduerak noiz gauzatzen diren gorabehera. Emanen den zenbatekoa kalkulatzeko, NABIk onartutako proiektuaren aurrekontuari "kontzesioaren ehunekoa" aplikatuko zaio.

Kontzeptuen azalpena:

–"NABIk onartutako proiektuaren aurrekontua": III. eranskinean NABIri eskatutako aurrekontuaren zenbatekoa, "Guztizko aurrekontua" izenarekin, hala badagokio, deialdi honetan diruz lagundu ezin diren proiektuko jardueren zenbatekoa kenduta.

–"Kontzesioaren ehunekoa": deialdiko 5. oinarrian eta II. eranskinean ezarritako irizpideen arabera aurkeztutako proiektuaren balorazio teknikoaren emaitza.

Urte anitzeko (2023-2024) deialdi honetan, emanen den zenbatekoa honela banakatuko da:

–2023an emanen den zenbatekoa: aurkeztutako proiektuaren jarduerak 2023ko martxoaren 1etik 2023ko azaroaren 3ra gauzatzeko.

–2024an emanen den zenbatekoa: aurkeztutako proiektuaren jarduerak 2023ko azaroaren 4tik 2024ko otsailaren 29ra gauzatzeko.

Bi urte horietan emanen diren zenbatekoak lortzeko, lehen ezarritako "kontzesioaren ehunekoa (%)" aplikatuko zaio "NABIk onartutako proiektuaren aurrekontua"-ren zenbatekoari 2023. eta 2024. urte bakoitzerako.

8.4. Proiektuari buruzko irizpideetan, guztira 60 puntu (1. eta 2. modalitateak) eta 40 puntu (3. modalitatea) lortzen ez dituzten proiektuak ez dira ontzat joko eta ez dute dirulaguntzarik izanen.

8.5. Gai Juridikoen eta Kudeaketaren Zuzendariordetzak ebazpen proposamena igorriko dio Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileari. Proposamenari txosten bat gehituko zaio; bertan, erakunde onuradunek dirulaguntzak jasotzeko betebehar guztiak betetzen dituztela adieraziko da, eta proiektuen balorazioa jasoko da.

9. oinarria. Ebazpena.

9.1. Dirulaguntzak ematen dituen ebazpena Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak emanen du, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta gehienez ere 3 hilabeteko epean. Ebazpena interesdunei jakinaraziko zaie, eta Nafarroako Gobernuaren atarian argitaratuko da, dirulaguntzaren fitxan. Hiru hilabeteko epe hori berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe bukatzen bada, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, eta behar den errekurtsoa aurkezten ahalko da.

9.2. 2023. eta 2024. urteetarako dirulaguntzak ematen dituen ebazpenean honako hauek adieraziko dira: erakunde eskatzaileen zerrenda, "Aurrekontua"-ren zenbatekoa III. eranskinaren arabera, "NABIk onartutako proiektuaren aurrekontua"-ren zenbatekoa (8.3 oinarria), proiektu bakoitzerako emandako dirulaguntzaren zenbatekoa, eta, kasua bada, zer eskaera ezetsi den eta zergatik. Era berean, proiektu bakoitzerako, emanen den guztizko zenbatekoa eta justifikatu beharreko zenbatekoa adieraziko dira, "NABIk onartutako proiektuaren aurrekontua"-ren zenbatekoarekin bat etorriko dena.

Bat etorriz Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoarekin, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak ematen dituen dirulaguntzak jendaurrean jarriko ditu Nafarroako Gobernuaren Atarian, honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotzi zaion, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

Datu horiek, orobat, Estatuko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiak argitaratuko ditu bere web-orrian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 20.8 artikuluan xedatutakoarekin bat.

9.3. Toki erakunde onuradunek gardentasun betebeharra izanen dute, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 12.4 artikuluan ezarritakoa, dirulaguntzak jasotzen dituztenean horien araudian jasotako baldintzetan, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura. Betebehar hori bete dela frogatzeko nahikoa izanen da V. eranskinean jasotako erantzukizunpeko adierazpena aurkeztea.

10. oinarria. Proiektuak gauzatzeko epea.

Proiektuak deialdi honetan ezarritako epeetan gauzatu beharko dira, eta eskaeran nahiz dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako moduan.

11. oinarria. Dirulaguntzak ordaintzea eta justifikatzea.

11.1. Dirulaguntzaren ordainketa:

Deialdi honetan emandako zenbatekoak epe honetan ordainduko dira:

a) Gastuaren gauzapenari buruzko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu eta hilabeteko epean, 11.2.a) puntuarekin bat etorriz, konturako ordainketa bat eginen da, eta horren gehieneko zenbatekoa izanen da 2023. urtean (2023ko martxoaren 1etik 2023ko azaroaren 3ra) emandako dirulaguntzarena.

b) 11.2.b) puntuaren arabera aurkeztutako justifikaziotik 3 hilabeteko gehieneko epean, azken ordainketa bat eginen da, eta horren gehieneko zenbatekoa izanen da 2024. urtean (2023ko azaroaren 4tik 2024ko otsailaren 29ra) emandako dirulaguntzarena.

11.2. Dirulaguntzaren justifikazioa:

Aurreko 11.1 puntuan ezarritako ordainketetarako, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 33.4 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, erakunde onuradunek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, hurrengo atalei dagozkien dokumentu bereizietan, eta eskuragarri dauden eranskinetara egokituta, halakorik badago (eranskin horiek dirulaguntzaren fitxatik deskarga daitezke, eta esteka oinarri arautzaile hauen testuaren amaieran dago):

a) 2023ko azaroaren 3rako, beranduenez: Nafarroako Berdintasunerako Institutuari aurkeztutako proiektuaren inguruan onuradunak orain arte egindako gastua gauzatu izanari dagokion erantzukizunpeko adierazpena, VIII. eranskinaren arabera. Ondorio horietarako, egindako gastutzat ulertzen da onuradunak egin duena proiektua gauzatzeko, nahiz eta oraindik ordaindu ez.

b) 2024ko otsailaren 29rako, beranduenez: proiektuaren justifikazio osoa egiteko, dokumentazio tekniko-ekonomikoa aurkeztu beharko da, 2023ko martxoaren 1etik 2024ko otsailaren 29ra egindako gastua bilduko duena. Horretarako, aplikatzekoa izanen da 11.3 atalean xedatutakoa.

11.3. Dirulaguntzaren xede diren jarduketak egin ondoren, erakunde onuradunek "NABIk onartutako proiektuaren aurrekontua"-ren zenbatekoa justifikatu beharko dute (8.3 oinarria). Horretarako, jarraian adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko dute 2024ko otsailaren 29an beranduenez, honako atal hauei dagozkien dokumentu bereizietan, eta eskuragarri dauden eranskinetara egokituta, halakorik egonez gero (eranskin horiek dirulaguntzaren fitxatik deskargatzen ahalko dira, eta horien esteka oinarri arautzaile hauen testuaren amaieran dago):

–VIII. eranskina.–Justifikazio memoria.

–IX. eranskina: toki erakundeko idazkaritzaren ziurtagiria. Diruz lagundutako proiektuaren guztizko gastuaren justifikazioa jasoko du, eranskinaren ereduari lotuta. Deialdi honen ondorioetarako, ziurtagiri horrek ordainketaren egiaztapenerako balioa izanen du. Eskaeran aurkeztu den aurrekontua zenbatekoa zen, horixe izanen da justifikatu beharreko kopurua, dirulaguntza emateko ebazpenean onartu ez diren kontzeptuak salbuetsita, hau da, "NABIk onartutako proiektuaren aurrekontua" (8.3 oinarria).

Oro har, egindako gastutzat hartuko dira justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindutakoak, salbu eta tributuak, bestelako tributu betebehar batzuk edo Gizarte Segurantzari egin beharreko beste ordainketa batzuk, haiek likidatzeko epea irekita ez egoteagatik ordaindu ezin izan direnak.

Ziurtagiri horretan, dirulaguntzaren xedea betetzeko jasotako diru-sarrerak, laguntzak, baliabideak eta dirulaguntzak sartuko dira, edo agertuko da ez dela horrelakorik jaso.

–X. eranskina: gastuen eredua, zerrenda bat barnean hartuko duena, kalkulu-orriaren formatukoa, ekintzen gastu guztiak xehakatzeko, aurkeztutako fakturekin bat etorrita.

–Behar bezala jaulkitako fakturen kopia, tributuak eta antzeko balioa duten gainerako agiriak, merkataritza bidean eta bide juridikoan balioa dutenak edo administrazioaren aurrean antzeko eraginkortasuna dutenak. Faktura elektronikoak onartuko dira, baldin eta betetzen badituzte zerga arloan onartuak izateko behar diren baldintzak. Zeharkako gastuak justifikatzeko, aski izanen da zeharkako gastuaren kontabilitateko kontu-laburpena, eta dirulaguntza honi zuzenbidez egotzi beharreko ehunekoaren justifikazioa (hilabeteak eta gastu egozpena).

–XI. eranskina.–Enpresaren hautapenaren ziurtagiria. Aholkularitza, laguntza edo bestelako zerbitzuak ematen dituzten enpresen zerbitzuengatik gastu diruz lagungarria 12.000 eurotik gorakoa bada, toki erakundeak frogatu beharko du enpresa hautatu dela efizientziaren eta ekonomiaren irizpideei jarraikiz, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan ezarritakoarekin bat.

–Egindako ekintzen egiaztagiriak eta horiek gauzatu edo zabaltzearen ondoriozko produktuak. Agiri horiek frogatu beharko dute bete dela Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuak diruz lagundutako proiektuan parte hartzen dutela argi adierazi beharra. Horretarako, egiten den publizitatean eta hedapenean, bai eta diruz lagundutako proiektuari buruzko dokumentazio guztian ere, Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala txertatu beharko da. Logotipo horren ezaugarri teknikoak Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuan daude jasota (urtarrilaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuak partez aldatu zuen foru dekretu hori).

Era berean, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren sinbolo grafikoa ere erantsiko da, eta testu hau izanen du: Subvenciona / Diruz laguntzen du. Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala eta NABIren sinbolo grafikoa deialdiaren fitxan egonen dira eskuragarri, eta fitxarako esteka oinarri hauen testuaren amaieran dago. Hori guztia eskatzen ahalko da dirulaguntza eman ondoren gauzatutako jarduerei dagokienez.

Salbuespenez, zenbait jarduketaren ondorioz egiten diren objektuetan, beren izaera dela-eta, zaila denean logoa eta aipatu testua jartzea, ez da nahitaezkoa izanen. Hala ere, agertu beharko dira jarduerei buruzko dokumentu guztietan, publizitatean, hedabideetan eta honelako objektuetan: liburuxkak, kartelak, posta elektronikoak, banatzen diren prestakuntza materialak, eta abar. Halaber, logoa eta aipatu testua beti jarriko dira telematikoki zabaltzeko bitartekoetan, webgunean eta jartzeko aukera ematen duten bitarteko guztietan.

–XII. Eranskina: genero arloko prestakuntzaren erantzukizunpeko adierazpena. Laguntza teknikoa kontratatu bada, kontratupeko laguntza enpresek generoan prestakuntza dutela frogatu beharko da, 4.4.1 puntuaren a) atalean ezartzen denaren arabera. Era berean, 4.4.1 puntu horretan adierazitako ekintzen kasuan, laguntza teknikoaren bidez gauzatu ez badira ere.

11.4. Instrukzio-organoak uste badu zuzentzeko moduko akatsak daudela onuradunak aurkeztutako justifikazioan, eskaera egin duen elkarte edo erakundeari errekerimendua eginen dio horiek zuzendu ditzan, bost egun balioduneko epean.

11.5. Diruz lagundutako proiektuaren behin betiko kostu osoa gutxitzen bada, dirulaguntza kalkulatzeko kontuan hartu zen kostuari dagokionez, edo gastuaren egiaztagirien eta ordainketa-ziurtagiriaren bidez justifikatutako zenbatekoa txikiagoa baldin bada justifikatu beharreko zenbatekoa baino ("NABIk onartutako proiektu aurrekontua" (8.3 oinarria), dirulaguntza ematen duen ebazpenean "Justifikatu beharreko zenbatekoa" gisa zehaztuko da), eta dirulaguntzaren murrizketa proportzionala eginen da, honela:

–1. eta 2. modalitateak. Murrizketa proportzionala aplikatuko da, kontuan hartuta emandako zenbatekoa, justifikatu beharreko zenbatekoa eta NABIk justifikatu eta onartutako zenbatekoa, formula honen arabera: justifikatutako eta onartutako zenbatekoa x emandako zenbatekoa / justifikatu beharreko zenbatekoa.

–3. modalitatea: Kontzesioaren ehunekoa NABIk justifikatutako eta onartutako zenbatekoari aplikatuko zaio.

Hori guztia, baldin eta proiektua eginda aurrekontua osorik betetzetik hurbil badago nabarmenki, eta egiaztatu bada konpromisoak betetzeko joera garbia duela, proiektuaren balorazio berari eutsita.

12. oinarria. Bateragarritasuna.

Dirulaguntza hau bateragarria da Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren xede eta helburu bererako beste deialdi batzuekin.

Gainera, deialdi honetan arautzen diren dirulaguntzen erakunde onuradunek bestelako edozein administrazio, entitate eta erakunde publiko edo pribaturen laguntzak eta dirulaguntzak jasotzen ahalko dituzte helburu eta xede bererako, baldin eta haien guztien batura ez bada dirulaguntzen deialdi honetan aurkeztutako proiektuaren kostuaren %100 baino handiagoa. Horretarako, erantzukizunpeko adierazpena erantsiko da, IV. eranskin gisa eskuragarri dagoen dokumentuan jasoa.

13. oinarria. Erakunde onuradunen betebeharrak.

Deialdi honen babesean dirulaguntza jasotzen duten toki erakundeek, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako betebeharrez gain, oinarri hauetan ezarritakoak ere bete beharko dituzte, eta, bereziki, honako hauek:

a) Diruz lagundutako proiektua gauzatzea, deialdiaren helburua betez.

b) Onartzea Nafarroako Berdintasunerako Institutuak emandako dirulaguntzen gainean egiten dituen egiaztapen eta kontrol tekniko eta ekonomikorako lanak.

c) Nafarroako Berdintasunerako Institutuari jakinaraztea diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko eskatu edo lortzen diren bestelako laguntzak, dirulaguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak. Jakinarazpen horretan, lortutako zenbatekoa eta diruz lagundutako jardueren kontzeptu zehatza eta datak adierazi beharko dira. Jakin bezain laster eman beharko da horren berri, eta, betiere, dirulaguntza ematearen gainean ebatzi baino lehen. Dena dela, dirulaguntza ematearen gainean ebatzi ondoren jakinez gero, justifikazioaren unean eman beharko da haren berri, jasotako funtsa zertan aplikatu den adierazita.

d) Kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala auditatuak izatea, entitate onuradunari aplikatzen zaion araudian eskatzen den bezala, bermatzeko egiaztapen eta kontrol ahalmenak behar bezala betetzen direla.

e) Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak eta haien ordainketarenak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.

f) Nafarroako Gobernuaren parte-hartzea jasotzea dirulaguntza ematen denetik aurrera idatziz edo ahoz egiten den edozein informazio, komunikazio, publizitate edo zabalkundetan, bai eta berdintasuneko agentearen lanaren esparruan prestatzen den dokumentazio guztian ere, honako testu hau idatziz: "Subvenciona Instituto Navarro para la Igualdad/Nafarroako Berdintasunerako Institutuak diruz laguntzen du".

g) Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautu zituen Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean xedaturikoa betetzea.

14. oinarria. Dirulaguntzak itzultzea.

14.1. Erakunde onuradunak ez baditu betetzen deialdi honen oinarrietan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak, dirulaguntza galduko du eta jasotako dirua itzuli beharko du, bai eta ordainketaren dataz geroztikako berandutze-interesak ere, halakorik bada, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legean ezarritakoaren arabera, eta horrek ez ditu deusetan galaraziko aipatutako 11/2005 Foru Legearen II. tituluaren arabera eska daitezkeen erantzukizunak.

–Ez bada gauzatzen proiektuan aurkezturiko jardueretatik bakar bat ere 4.3 oinarrian ezarritakoaren arabera, %100eko ez-betetzea izan dela ondorioztatuko da.

–11. oinarrian ezarritakoak zehazten du zein egoeratan murriztuko den emandako zenbatekoa.

14.2. Aurrekoa gorabehera, 1. eta 2. modalitateetan, jasotako diru guztia itzuli beharko da baldin eta toki erakundeak, bere erabakiz eta legezko arrazoirik gabe, berdintasuneko agentearen kontratazioa bukatu eta ez bada beste berdintasuneko agente bat kontratatzen hilabeteko epean. Ildo horretan, erakunde onuradunek dirulaguntza emateko kontuan izandako baldintzetan gertatzen diren gorabehera guztien berri eman beharko diote Nafarroako Berdintasunerako Institutuari.

14.3. Diruaren itzulketa eskatzeko prozedura Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.6 artikuluan xedaturikoari jarraituz arautuko da, eta abiarazten denetik 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

15. oinarria. Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hausteei eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.

16. oinarria. Errekurtsoak.

Deialdi honen eta haren oinarri arautzaileen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, honako hauei jarraikiz: Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluari eta hurrengoei, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluari.

17. oinarria. Araudi osagarria.

Oinarriotan ezartzen ez den guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan xedatutakoari jarraituko zaio.

Deialdiaren fitxa, non eskuragarri baitaude oinarri hauetan aipatutako eranskinak; bertatik izapidetu daitezke eskaera eta dirulaguntzaren ondorengo justifikazioa:

http://www.navarra.es/home_es/ServiciosEmpleado/ficha/17553/Subvencion-a-Entidades-Locales-de-Navarra-para-desarrollar-en-el-periodo-2023-2024-proyectos-dirigidos-a-fomentar-y-promover-la-igualdad-entre-mujeres-y-hombres

II. ERANSKINA.–BALORAZIO IRIZPIDEAK

1. eta 2. modalitateak.–Eskaerak baloratzeko irizpideak. Balorazioa 100 puntu.

A) Proiektuaren kalitate teknikoa

60

1.–Koherentzia: helburuak, ekintzak, denborak, baliabideak, aurrekontua

45

Proiektuaren helburu orokorra zehazten du/Berariazko helburuak zehazten ditu

5

Ekintzak deskribatzen ditu berariazko helburuei lotuta

15

Ekintzak deskribatzen ditu xedeko hartzaileei lotuta

5

Proiektuaren garapen kronologikoa

5

Ekintzak gauzatzeko dauden giza baliabideak eta baliabide teknikoak

5

Aurrekontua egokia da proiektuarentzat

10

2.–Proiektuaren inpaktua, jarraipena eta ebaluazioa

10

Gauzatze mailaren eta emaitzaren adierazleak

5

Ebaluatzeko tresnak eta mekanismoak

5

3.–Irisgarritasuna proiektuaren jardueretan

5

(irisgarritasun unibertsalaren baldintzak bermatu beharko dira proiektua osatzen duten jardueretan, desgaitasuna dutenek haietaz gozatu, haiek ulertu eta haietan parte hartu ahal izan dezaten)

B) Proiektua nola egokitzen den toki erakundearen edo haren eskumeneko lurraldearen premia eta errealitate espezifikoetara

10

C) Programaturiko jarduerak zabaldu eta jakinarazteko ekintzak

10

Elkarteei eta beste kolektibo batzuei, toki erakundetik kanpora eta herritarrei, orokorrean (publiko aniztasuna)

5

Web-orrietan, sare sozialetan, toki buletinetan, prentsan argitaratzea (komunikabide aniztasuna)

5

D) Proiektuan beste toki erakunde batzuek, lurraldeko beste elkarte edo erakunde batzuek edo toki erakundeko beste arlo batzuek parte hartzea

10

Emakumeen elkarteak

4

Tokiko kolektiboak

4

Toki erakundearen eskumeneko beste arlo batzuk eta beste instituzio batzuk

2

E) Proiektuak dakarren berrikuntza (proiektua praktika ontzat hartzea, beste erakunde edo lurralde batzuetara eramateko modukoa)

10

3. modalitatea.–Eskaerak baloratzeko irizpideak. Balorazioa 100 puntu

TOKI ERAKUNDEAK BERDINTASUNAREKIN DUEN KONPROMISOA

30

Zainketen aldeko Tokiko Ituna sinatu du, edo eskaera ofiziala egin dio NABIri programan parte hartzeko

12

NABIren gidaren araberako indarkeria-protokoloren bat du.

12

Berdintasuneko kontseilu edo batzorde bat dauka

6

PROIEKTUARI BURUZKO IRIZPIDEAK

70

A) Proiektuaren kalitate teknikoa

40

1.–Koherentzia: helburuak, ekintzak, denborak, baliabideak, aurrekontua

30

Proiektuaren helburu orokorra zehazten du/Berariazko helburuak zehazten ditu

5

Ekintzak deskribatzen ditu berariazko helburuei lotuta

10

Ekintzak deskribatzen ditu xedeko hartzaileei lotuta

4

Proiektuaren garapen kronologikoa

4

Ekintzak gauzatzeko dauden giza baliabideak eta baliabide teknikoak

2

Aurrekontua egokia da proiektuarentzat

5

Proiektuak toki erakundearen beste programa eta jarduerekin duen harremana (sinergiak beste udal arlo batzuekin, emakumeen elkarteen mugimenduekin, eta abar).

5

3.–Proiektuaren jardueren irisgarritasuna (proiektuaren jardueretan irisgarritasun unibertsalerako baldintzak bermatu beharko dira, desgaitasuna dutenek jarduera eta ekitaldi horietaz goza dezaten, uler ditzaten eta parte har dezaten)

5

B) Proiektua nola egokitzen den toki erakundearen edo haren eskumeneko lurraldearen premia eta errealitate espezifikoetara

10

C) Programaturiko jarduerak zabaldu eta jakinarazteko ekintzak

5

Elkarteei eta beste kolektibo batzuei, toki erakundetik kanpora eta herritarrei, orokorrean (publiko aniztasuna)

3

Web-orrietan, sare sozialetan, toki buletinetan, prentsan argitaratzea (komunikabide aniztasuna)

2

D) Proiektuaren inpaktua, jarraipena eta ebaluazioa

10

Gauzatze mailaren eta emaitzen adierazleak

5

Ebaluatzeko tresnak eta mekanismoak

5

E) Proiektuak dakarren berrikuntza (proiektua praktika ontzat hartzea, beste entitate edo lurralde batzuetara eramateko modukoa)

5

III. ERANSKINA.–Eskaera eredua.

IV. ERANSKINA.–Idazkaritzaren ziurtagiria.

V. ERANSKINA.–Gardentasun betebeharrei buruzko adierazpena.

VI. ERANSKINA.–Bankuko datuak (kontua aldatzeko edo kontu berria bada).

VII. ERANSKINA.–Gastua gauzatzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpena.

VIII. ERANSKINA.–Justifikazio memoria.

IX. ERANSKINA.–Idazkaritzaren ziurtagiria (justifikazioa).

X. ERANSKINA.–Gastuen eredua.

XI. ERANSKINA.–Enpresaren hautapenaren ziurtagiria.

XII. ERANSKINA.–Genero arloko prestakuntzaren erantzukizunpeko adierazpena.

Iragarkiaren kodea: F2309351