14. ALDIZKARIA - 2023ko urtarrilaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2022ko azaroaren 30ean hartua, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Foru Komunitateko Baso-suteetarako Babes Zibileko Larrialdi Plan Berezia (INFONA 2022).

Abuztuaren 30eko 272/1999 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen "Nafarroako Foru Komunitateko Oihanetako Suteetarako Herri Babeseko Larrialdi Plan Berezia" delakoa. Plan hori lehen tresna bat izan zen Nafarroako Foru Komunitatea baso-suteen aurrean babesteko, eta indarrean egon da egun arte. Aipatu plana antolatzeko, honako hauetan xedatutakoa hartu zen oinarri: Babes Zibilari buruzko urtarrilaren 21eko 2/1985 Legea (garai hartan indarrean baitzegoen) eta hura erregelamenduz garatu zuen 407/1992 Errege Dekretua, apirilaren 24koa (haren bidez onetsi zen Babes Zibilaren Oinarrizko Araua).

Urte batzuk geroago, babes zibilarekin lotutako eskumen zerrenda oso bat baliatuz, bereziki segurtasun publikoari dagokiona, uztailaren 1eko 8/2005 Foru Legea onetsi zen, Nafarroako Babes Zibilari eta Larrialdien Kudeaketari buruzkoa.

Hala xedatzen baitu bere 9. artikuluan uztailaren 1eko 8/2005 Foru Legeak, Nafarroako Babes Zibilari eta Larrialdien Kudeaketari buruzkoak, babes zibileko planak dira arrisku kolektibo larriko egoera, larrialdi, katastrofe edo hondamendi publiko baten aurrean eman beharreko erantzuna antolatzen duten baliabide nagusiak, eta bideak ezartzen dituzte egoera horietan herritarrak, ondasunak eta ingurumena babesteko behar diren giza eta gauzazko baliabideak mobilizatu, koordinatu eta zuzentzeko.

Bestalde, lege horren 13. artikuluaren arabera, plan bereziak arrisku jakin batzuei aurre egiteko antolamendu orokorrerako tresnak dira, metodologia tekniko-zientifiko berariazkoa behar dutenak, Estatuko administrazio orokorrak, arrisku kasu bakoitzari dagokion plangintzarako oinarrizko jarraibidearen bidez, araubide berezia ezarri duelako jarduera sektore horretarako, horrelako larrialdietarako edo jarduera jakin baterako.

Plan berezi horiek –eta horien artean dago Nafarroako Foru Komunitateko Baso-suteetarako Babes Zibileko Larrialdi Plana– Nafarroako Babes Zibileko Lurralde Planera (PLATENA) egokitu behar dira, hura baita babes zibileko plan guztien plan gidaria eta integrazio-esparrua.

Atxikitako plana bat dator baso-suteengatiko larrialdietarako babes zibileko plangintzako oinarrizko jarraibidearekin (2013), zeina azaroaren 15eko 893/2013 Errege Dekretuaren bidez onetsi baitzen. Horren xedea da administrazio publiko guztiek erantzun eraginkorra ematea baso-suteek eragindako babes zibileko ezohiko larrialdi-egoeretan, eta ziurtatzea, hala behar denean, bitartekoak eta baliabideak jarriko direla. Helburu nagusiak dira aurrea hartzea (baliabideak eta ekintzak) eta minimizatzea (herritarrei, ondasunei eta ingurumenari eragindako kalteak).

Dokumentuan jaso dira arriskua aztertzeko ezarritako adierazleak (baldintza klimatikoak, suteen sorrera, suteen historikoa eta sute motak eta horien azterketa) eta kalteberatasunaren analisiak (giza balioak, puntu eta azpiegitura kritikoak, hiriko eta basoko interfazeak, natura balioak eta aukerak). Horiek aplikatu ondoren ondorioztatzen da Nafarroan bi udalerri mota bereizi behar direla: batetik, duten sute-arriskuagatik, tokiko jarduketa plan bat nahitaez egin beharra dutenak, eta bestetik, nahitaezkoa ez bada ere, haien kalteberatasunagatik baso-suteetarako tokiko jarduketa plana egiteko gomendioa duten beste toki-erakunde batzuk.

Edukiari dagokionez, planak sei kapitulu eta zazpi eranskin ditu, eta horien artean nabarmentzekoak dira zaurgarritasun-egoeran dauden kolektiboetako pertsonak ebakuatzeko arauak, koordinazio protokoloak eta Nafarroako kultur ondarea babesteko protokoloak edo baso-suteen arloan eskumena duten departamentuen Babes Zibileko Plan Bereziko bitartekoen eta baliabideen zerrenda.

Azkenik, hala xedatzen baitu bere 13.4 artikuluan uztailaren 1eko 8/2005 Foru Legeak, Nafarroako Babes Zibilari eta Larrialdien Kudeaketari buruzkoak, Nafarroako Gobernuaren erabaki bidez onetsiko dira plan bereziak, babes zibilaren arloan eskumena duen kontseilari titularrak proposaturik eta Nafarroako Babes Zibilerako Batzordeak aldeko txostena eman ondoren. Ondorio horietarako, espedientean jasota dago Nafarroako Babes Zibilerako Batzordeak 2022ko azaroaren 11n egindako bilkuran aldeko txostena eman izanaren ziurtagiria.

Horrenbestez, adierazitakoarekin bat, Nafarroako Gobernuak, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Onestea Nafarroako Foru Komunitateko Baso-suteetarako Babes Zibileko Larrialdi Plan Berezia (INFONA 2022). Erabaki honen eranskin gisa doa.

2. Erabaki hau igortzea Nafarroako Gobernuko departamentu guztietako idazkaritza tekniko nagusietara, behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2022ko azaroaren 30ean.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Nafarroako Foru Komunitateko Baso-suteetarako Babes Zibileko Larrialdi Plan Berezia (INFONA 2022) (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2216339