Iragarkia
138. ALDIZKARIA - 2023ko uztailaren 3a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
72E/2023 FORU AGINDUA, ekainaren 7koa, Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak emana, dirulaguntza hauek emateko deialdia onesten duena: "Euskara helduei irakasteko laguntzak 2023-2024". DDBN identifikazioa: 701774.
Ikusirik Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzaileak aurkeztutako txostena, zeinak adierazten baitu helduentzako euskararen irakaskuntza sustatzen duten entitateei dirulaguntzak ematea arautzen duen deialdia onetsi eta argitara emateko beharra.
Kontuan izanik Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeak aitortzen duela euskara Nafarroako berezko hizkuntzetako bat dela eta, ondorioz, Nafarroako herritar guztiek euskara jakiteko eskubidea dutela.
Bat etorriz Aurrekontuen eta Finantza Politikaren Zerbitzuak urte anitzeko espedienteak tramitatzerakoan bete beharreko irizpideak onesten dituen Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariaren apirilaren 7ko 50/2017 Foru Aginduak ezarritakoarekin.
Herritarrekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 271/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabilita,
AGINTZEN DUT:
1. Deialdi hau onestea: "Euskara helduei irakasteko laguntzak 2023-2024".
2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Foru agindu honen I. eranskinean jaso dira.
3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontu-kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuta:
AURREKONTUKO PARTIDA | EKITALDIA | ZENBATEKOA |
B30002 B3200 4819 334104: Helduei euskara irakasteko laguntzak | 2023 | 1.360.000 |
B30002 B3200 4819 334104: Helduei euskara irakasteko laguntzak | 2024 | 1.100.000 |
4. Salbuespenez, aurreko deialdien ondoriozko obligazioak aitortu eta likidatzen badira emandako dirulaguntzaren zenbatekoaren azpitik, deialdi honetan 2023ko ekitaldirako bideratu den zenbatekoa handitzen ahalko da, 30.000 eurora arte osotara. Hori foru agindu baten bidez egin beharko da, deialdi berririk egin beharrik gabe, baldin eta betetzen bada Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31. artikuluan ezarritakoa.
5. Foru agindu hau eta eranskinak igortzea Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Herritarrekiko Harremanetako Departamentuan duen Kontu-hartzailetza Delegatura, Idazkaritza Tekniko Nagusira, Kudeaketa Administratibo eta Ekonomikoaren Ataleko Kudeaketa Zentrora, Euskarabideko Euskara Sustatzeko Atalera eta Programen Bulegora, eta deialdia Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean inskribatzea, behar diren ondorioetarako.
6. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
7. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Iruñean, 2023ko ekainaren 7an.–Herritarrekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.
I. ERANSKINA.–DEIALDIA, HELDUEI EUSKARA IRAKASTEA SUSTATZEN DUTEN ENTITATEEI DIRULAGUNTZAK EMATEKO, 2023KO IRAILETIK 2024KO ABUZTURA BITARTEKO ALDIRAKO. OINARRI ARAUTZAILEAK
Lehen oinarria.–Xedea eta diruz lagundutako aldia.
Deialdi honen xedea da Nafarroako Foru Komunitatean kokatuta dauden eta helduei euskara irakastea sustatzen duten entitate juridikoei helburu horretarako ematen zaizkien laguntzak arautzea.
Deialdi hau sartuta dago 2023-2025 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren 454. lerroan; plan hori Nafarroako Gobernuaren 2023ko apirilaren 26ko Erabakiaren bidez onetsi zen. Haren helburu estrategikoa da helduek euskara ikas dezatela bultzatzea, eta horretarako, Nafarroa osoan bermatu behar da euskara ikasteko aukera, eta urratsak eman euskara ikastea doakoa izan dadin.
Laguntza horiek jaso ahal izateko, arestian zehaztutako entitate juridikoek ezinbestean izan behar dute, beren helburu nagusien artean, euskara irakastea, eta horretarako baliabide propioak ere izan behar dituzte, beren programazio propioa barne. Era berean, entitate juridikoek inskribatuta egon behar dute helduentzako ikastegien fitxategian, "Euskaltegiak eta Gau-eskolak" izenekoan. Inskripzio hori Euskarabideak eginen du, entitatearen eskaera jaso ondoren.
Dirulaguntzak 2023ko irailetik 2024ko abuztura bitarteko aldirako emanen dira.
Bigarren oinarria.–Irakaskuntza modalitateak.
Honako irakaskuntza modalitate hauei emanen zaie dirulaguntza:
a) Ikastalde arruntentzako aurrez aurreko irakaskuntza: astean gutxienez 4 irakastordu izan behar dituzte, eta ikasturtean, berriz, gutxienez 80 ordu guztira.
b) Barnetegiak eta udako ikastaro trinkoak: gutxienez 40 irakastordu ikastaro bakoitzeko.
c) Baliabide telematikoen bidezko irakaskuntza: gutxienez ere 100 lanordu izan behar ditu ikasturte bakoitzeko, eta haietatik 15, gutxienez, mintzapraktikakoak izanen dira. (astean 7 ordu lan telematikoan eta ordu 1 mintzapraktikan).
d) Euskararen irakaskuntza espezifikoa, eskarian dagoen aniztasunari egokitua: gutxienez 40 irakastordu ikastaro bakoitzeko.
Hirugarren oinarria.–Aurrekontuaren erabilgarritasuna eta dirulaguntzen modulu orokorrak.
3.1. Deialdi honetarako zenbatekoa 2.460.000 euro izanen dira; horietatik 1.360.000, 2023ko gastuen aurrekontuko B30002-B3200-4819-334104 partidaren kargura izanen dira ("Helduei euskara irakasteko laguntzak"), eta 1.100.000 euro, berriz, 2024ko ekitaldiko gastuen aurrekontuan gaitu litekeen partida baliokidearen kargura, baldin eta kreditu egokia eta nahikoa baldin badago.
3.2. Aurrekontuetan ezarritako dirua behar den epean eta forman aurkeztutako eskaeren artean banatuko da, baldin eta deialdi honetako betebeharrak betetzen badituzte. Dirua banatzeko, dirulaguntzen modulu orokorrak kalkulatuko dira, eta ezin izanen da inoiz ere onuradun bakoitzak aitortutako defizita gainditu.
Defizita dagoela joko da jarduera garatzeko behar diren gastuak handiagoak direnean lortutako diru-sarrerak baino.
Erreferentziako modulu orokorrak (ikasle-ordu deiturikoak) honela kalkulatuko dira: lehenik eta behin, urte bakoitzerako, emaitza partzialak batuko dira, zeinak lortuko baitira, entitate bakoitzerako, ikastalde bakoitzaren eta urte bakoitzeko irakaskuntza orduen kopurua eta ikastaldearen ratioa biderkatuta. Bigarrenik, urte bakoitzeko partidaren zenbateko osoa zati aurreko batuketa partzialak eginen da.
–2023ko irailaren 1etik 2024ko abuztuaren 31ra bitarteko laguntzetarako, erreferentziako balioak kasuan kasuko partidan erabilgarri dagoenarekin bat etorriko dira, eta ez dira inoiz izanen jardueraren kostua baino handiagoak.
–Aurrez aurreko eskoletan, irakastorduak izanen dira, hain zuzen, diruz lagungarriak izanen direnak.
–Tutoretzapeko autoikaskuntzan, diruz lagungarriak izanen dira ikastegiak dokumentatzen dituenak, gehienez ere 250 ordu ikasleko eta ikasturteko, betiere bigarren oinarriaren c) letran ezarritako baldintzak betetzen badituzte. Tutoretzapeko autoikaskuntzako ikastaldearen ratioa 12tik gorakoa bada, irakastorduen kopurua bider ikastaldearen ratioa eginen da, eta gero, bider 0,6.
–Barnetegietan, zazpi ordu izanen dira diruz lagungarriak barnetegiko egun bakoitzeko.
3.3. Entitate bakoitzak 2023ko irailetik 2024ko abuztura bitarteko aldirako eginen du eskaera. Eskaeran ikastaldeen aurreikuspena eginen da: dagoeneko dauden taldeak edo aurreikusitakoak, ikastalde bakoitzaren ezaugarriak, ikastalde bakoitzaren irakastordu kopurua urte bakoitzeko, ikastalde bakoitzaren ratioa eta entitatearen irakastordu kopurua osotara (III. eranskina), zehaztuta zeintzuk diren tutoretzapeko autoikaskuntza modalitatekoak eta zeintzuk gainerako modalitateetakoak.
–Aurreikuspen hori erabiliko da entitate eskatzaile bakoitzari dagokion dirulaguntza kalkulatzeko. Nolanahi ere, dirulaguntza ordaintzeko, deialdi honen zazpigarren oinarriak dioena bete beharko da.
–Urte bakoitzerako baimendutako zenbatekoak ez datoz bat urte bakoitzeko gastuen proportzioarekin; horregatik, dirulaguntza esleitzerakoan, 2024ko zenbatekoak banatuko dira lehenbizi, eta, ondoren, 2023koak.
–Banaketa hori egin ostean gerakinik bada, oraindik ere defizita duten eskaeren artean hainbanatuko da berriro, 3.2 puntuan adierazitako kalkulu sistema bera aplikatuta.
Laugarren oinarria. Entitate onuradunen betebeharrak.
Lehen oinarrian adierazitako entitateek eskatzen ahal dituzte deialdi honetako dirulaguntzak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluak adierazitako baldintzak betetzen badituzte eta dirulaguntzen xede diren jarduerak Foru Komunitatean egiten badituzte.
Bosgarren oinarria.–Eskabideak eta eskatutako agiriak aurkeztea.
5.1. Eskaera web-formulario bat beteta aurkeztuko da. Web-formulario hori eskuragarri egonen da Nafarroako Gobernuaren web atari instituzionaleko tramiteen katalogoko kasuko tramitean: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/helduei-euskara-irakasteko-laguntzak-2023-2024
Ezinbestekoa da gaitutako helbide elektroniko bakar bat izatea, Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren https://dehu.redsara.es/ helbidean eskura daitekeena. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da.
5.2. Hona aurkeztu beharreko dokumentazioaren edukia:
a) Entitatearen datuak: izena, helbidea, herria eta IFZ.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, eskaera aurkezteak berekin dakar organo kudeatzaileari baimena ematea hark zilegi izan dezan deialdi honetan eskatutako informazioa biltzea beharrezko erakundeetan, espedientea tramitatu eta ebazteko. Horrenbestez, eta aurkakorik adierazi ezean, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak kontsultatu eta egiaztatu eginen ditu identifikazio fiskaleko txartelari dagokion dokumentazioa, zerga betebeharrak egunean daudela egiaztatzen duen ziurtagiria eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean daudela egiaztatzen duena.
b) Entitateko arduradunaren datuak.
c) Dirulaguntzarako eskaera, 2023ko irailetik 2024ko abuztura bitarteko aldirako, hirugarren oinarriko 3.3 puntuan zehaztutako baldintzetan, eta harekin batera, II. eta III. eranskinetan agertzen diren fitxak, behar bezala beteak.
d) 2023ko irailetik 2024ko abuztura bitarteko aldiari dagokion diru-sarreren eta gastuen aurrekontua (II. eranskina), langileei, Gizarte Segurantzari eta funtzionamenduari dagozkien partidak zehaztuta, eta azken horiek, halaber, kanpo zerbitzuetan, gastu didaktikoetan eta bestelakoetan sailkatuta.
Gastuei dagokienez:
–Eskolak ematen dituzten irakasleen irakaslanari dagozkion zuzeneneko gastuez eta jardueraren beraren gastu orokorrez gain, beste gastu hauek ere onartuko dira: zuzendarienak, arduradun didaktikoenak, administrarienak, informatikarienak eta jarduera osagarrien bestelako langileenak; horien guztien jardueren ondoriozko gastu orokorrak ere onartuko dira. Horretarako, entitatearen jarduera globalean, deialdira aurkeztutako ikastaroetako jardueraren proportzioa egiaztatzeko nahikoak diren egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte entitateek.
Diru-sarrerei dagokienez:
–Beste entitate publiko batzuetatik etorritako diru-sarrerak, diruz lagundutako jarduerarako.
–Entitate pribatuetatik etorritako diru-sarrerak, diruz lagundutako jarduerarako.
–Matrikularen ondorioz bildutako zenbatekoak. Entitateak ikasleek ordaindutako matrikulen ordainagiriak gordeko ditu edo, halakorik izan ezean, bankuen laburpenak, ordainketa horiei dagozkienak.
e) Irakasleei dagokienez:
–Lan egoera, titulazio akademikoa eta euskarari dagokion titulazioa; euskararen ezagutzari dagokionez, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko C1 mailaren baliokidea den titulazioa izan behar dute gutxienez.
–Kontratazio berriko irakasleen euskara tituluen fotokopia; euskararen ezagutzari dagokionez, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko C1 mailaren baliokidea den titulazioa izan behar dute gutxienez.
f) Ikastaldeei buruzko dokumentazioa (III. eranskina). Hartan jasoko dira diruz lagungarriak diren ikastaldeen gainean eskatzen diren datuak:
Ikastaldearen hasiera eta amaiera data, haren ezaugarriak, aurreikusitako irakastordu kopurua urte bakoitzean, ikastalde bakoitzaren ikasle kopurua eta ikasle-orduak, eta ikastegiaren ikasle-orduak guztira. Uztail eta abuztuko ikastaroetarako, ikastaldeen, orduen eta ikasleen estimazio bat eginen da, aurreko ikasturteetatik dauden datuak oinarri harturik.
g) Ikasleen gaineko dokumentazioa. "Euskaltegiak eta Gau-eskolak" izeneko fitxategia kudeatzeko aplikazioaren bidez emanen da informazio hori.
Seigarren oinarria.–Frogagiriak.
6.1. Zazpigarren oinarriaren 7.3 puntuan adierazten diren epeetan frogagiri hauek aurkeztu beharko dira:
–Ikasleen zerrenda, ikastaroz ikastaro antolatua. "Euskaltegiak eta Gau-eskolak" izeneko fitxategia kudeatzeko aplikazioaren bidez emanen da informazio hori.
–Diru-sarreren eta egindako gastuen justifikazioko kontu bat, entitateko arduradunak edo horretarako legezko ahalmena duen pertsonak sinatua eta IV. eranskinaren arabera betea, zeina V. eranskinaren (gastuak), VI.aren (diru-sarrerak) eta VII.aren (dirulaguntzak) balantze-laburpena izanen baita; excel formatuan bete eta entregatuko da.
6.2. Langile gastuen eta funtzionamendu gastuen frogagiriak: nominak eta TC inprimakiak, eta jatorrizko fakturak nahiz kopia soilak eta ordainagiriak.
6.3. Euskarabideak beretzat gordeko du entitate interesdunei jatorrizkoak noiznahi eskatzeko eskubidea, alderatzeko eta haien egiazkotasuna egiaztatzeko; hala ez bada, behar diren legezko ekintzak abiarazten ahal ditu.
6.4. Baldin gastuen azkeneko justifikazioa ez bada onartutako aurrekontuaren guztirako zenbatekoa adina, baina, hala ere, entitate onuradunak frogatzen badu dirulaguntzaren xedea benetan bete duela eta superabitik ez dela izan, ez da ulertuko entitate onuradunak ez duela bete dirulaguntza justifikatzearen betebeharra. Dirulaguntzak ematen dituen organoak erabakiko du, nolanahi ere, ea gastuen justifikazioa bateragarria den deialdiaren xedea benetan gauzatzearekin.
6.5. Deialdi honen baitan diruz laguntzen den helburua bete dela ulertzeko, egiaztatu egin behar da ezen proposatutako irakaskuntza jarduera bere osotasunean gauzatu dela, oinarri honen lehen atalean aipatzen den kudeaketa aplikazioko datuak aurkeztuz; horrela izan ezean, jasoko den zenbatekoa gutxituko da, gauzatze-mailarekiko modu proportzionalean gutxitu ere.
Zazpigarren oinarria.–Eskabideak eta frogagiriak aurkezteko epea.
7.1. Dirulaguntzarako eskaera eta laugarren oinarrian eskatzen diren frogagiriak aurkezteko epea 2023ko urriaren 1etik 31ra bitartekoa izanen da.
7.2. Eskaerak aurreko oinarrietan aipatzen diren baldintzak betetzen ez baditu, entitate interesdunari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean akatsak zuzentzeko edo agindutako agiriak aurkezteko. Halaber, adieraziko zaio hori egin ezean eskaerari uko egin diola ulertuko dela, inguruabar hori deklaratzen duen ebazpena eman ondotik.
7.3. Dirulaguntza ordaintzeko, epe hauen barruan aurkeztu beharko dira dagozkion frogagiriak:
–2023ko irailetik abendura bitarteko aldiari dagozkion frogagiriak: Dokumentazio hori aurkezteko epea 2023ko abenduaren 5ean bukatuko da.
Gertatuko balitz aldi horretako gasturen batzuk justifikatu ezin izatea, ordainketa dokumentazioa aurkezteko epemugaren osterako hitzartuta izateagatik, entitateko ordezkariak erantzukizunpeko aitorpen bat eginda eta gastu horien zerrenda xeheaz justifikatzen ahalko dira (X. eranskina); baina, edonola ere, frogagiriak aurkezteko hurrengo epearen barruan aurkeztu beharko dira gastu horiek. Bestela, prozedura bat abiatuko da gastuen kalkulu errealetik gora kobratutako zenbatekoa itzultzeko, bai eta horrek sortuko lituzkeen interesak ere.
–2024ko urtarriletik otsailera bitarteko aldiari dagozkion frogagiriak. Dokumentazio hori aurkezteko epea 2024ko martxoaren 15ean bukatuko da.
–2024ko martxotik maiatzera bitarteko aldiari dagozkion frogagiriak. Dokumentazio hori aurkezteko epea 2024ko ekainaren 15ean bukatuko da.
–2024ko ekainetik abuztura bitarteko aldiari dagozkion frogagiriak. Dokumentazio hori aurkezteko epea 2024ko irailaren 15ean bukatuko da.
Gertatuko balitz azken aldi horretan gasturen batzuk justifikatu ezin izatea, ordainketa 2024ko irailaren 15aren ondoren eginen dela hitzartuta izateagatik, entitateko ordezkariak erantzukizunpeko aitorpen bat eginda eta gastu horien zerrenda xeheaz justifikatzen ahalko dira (X. eranskina); baina, edonola ere, aurreko puntuan adierazi bezala aurkeztu beharko dira, 2024ko azaroaren 15a baino lehen. Bestela, prozedura bat abiatuko da gastuen kalkulu errealetik gora kobratutako zenbatekoa itzultzeko, bai eta horrek sortuko lituzkeen interesak ere.
7.4. Aurreko epeak ezertan eragotzi gabe, 2024ko irailaren 15era arte aurkezten ahalko dira aldi osoari dagozkion frogagiriak. Hala ere, gehienez ordainduko den diru kopurua ez da emandako diru kopuru osoa izanen, 2024rako emandakoa baizik.
Zortzigarren oinarria.–Dirulaguntzen ebazpena eta ordainketa.
8.1. Prozeduraren instrukzioa Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuak eramanen du. Hark ebazpen proposamena eginen du Baloraziorako Batzorde Teknikoaren ebaluazioa aztertu ondotik.
8.2. Baloraziorako Batzorde Teknikoa arduratuko da eskaerak ebaluatzeaz; haien kide izanen dira Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuaren titularra, batzordeburu izanen dena, Euskara Sustatzeko Ataleko burua eta laguntzen deialdiaren ardura duen teknikaria, idazkari izanen dena. Batzordearen irizpena loteslea izanen da.
8.3. Deialdi honen xede diren dirulaguntzak Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua erakunde autonomoko zuzendari kudeatzaileak ebatziko ditu, eta hurrengo 7 egun naturaleko epean jakinaraziko dira.
8.4. Ikasturte osorako onartutako eskaerak kontuan harturik, Euskarabideko zuzendari kudeatzailearen ebazpenaren bidez ebatziko da ikastegi bakoitzerako ikasturte osorako onartu den ordu kopurua, eta orobat finkatuko ikasle-orduko dirulaguntzaren modulua eta ikasturte osoan entitate onuradun bakoitzari dagokion dirulaguntzaren zenbatekoa, deialdi honen hirugarren oinarriari jarraikiz.
Egiazko datuen arabera eta ebazpen honen laugarren oinarrian ezarritakoaren arabera, baliteke kopuruari azken doikuntza batzuk egin behar izatea.
8.5. Behar diren frogagiriak deialdi honen zazpigarren oinarrian zehazturiko epeetan aurkeztu ondoan ordainduko dira justifikaturiko gastuei dagozkien zenbatekoak. Nolanahi ere, ordaindutako diru kopurua ezin izanen da izan ordainketa egiten den urteari dagokion zenbatekoa baino handiagoa.
8.6. Behin justifikazio epea amaitutakoan, gertatuko balitz aldea dagoela dirulaguntza emateko estimatutako irakastorduen eta benetan izandako irakastorduen artean, eta benetakoa txikiagoa balitz estimatutakoa baino, jasoko den zenbatekoa proportzionalki gutxituko da, kontuan hartuta irakastordu horiek tutoretzapeko autoikaskuntzakoak diren edo gainerako modalitateei dagozkien; izan ere, tutoretzapeko autoikaskuntzakoak badira, ordu kopurua murriztu egiten da ratioa 12 ikasletik gorakoa denean, 3.2 oinarrian ezarritakoari jarraikiz.
8.7. Frogagirietan ikusten bada entitate baten defizita dirulaguntza baino txikiagoa dela, hura murriztu eginen da justifikaturiko defizitarekin bat etorri arte.
8.8. Nolanahi ere, defizitaren zenbatekoa azken ordainketan doituko da, ikasturteko datu metatuak oinarri hartuta.
Bederatzigarren oinarria.–Entitate onuradunen betebeharrak, jarraipena eta dirulaguntzen gaineko kontrola.
9.1. Ikastegiak erregistroko fitxa bat eramanen du, ikasleen etengabeko ebaluazioari eta bertaratzeari buruzko datuak idazteko.
9.2. Ikaslearen ebaluazioa modu etengabean eginen da, eta diagnostiko probak eginen dira ikasturtearen hasieran eta amaieran. Ebaluazio prozesuetan erabilitako probak urtebetez gordeko dira egiten direnetik, eta emaitzak azken ebaluazioaren aktan jasorik geldituko dira.
9.3. Administrazioak agiri guztiak eskatzen ahalko ditu noiznahi, kontabilitatekoak, pedagogikoak edo bestelakoak izan.
9.4. Justifikazioarekin batera, diruz lagundutako entitateek 2023ko irailetik 2024ko abuztura bitarteko aldiari dagokion memoria aurkeztuko dute (VIII. eranskina); hartan, diruz lagundutako jardueren programazio orokorra zenbateraino bete den ebaluatuko da.
9.5. Deialdi honetako dirulaguntzen entitate onuradunek baimena emanen dute Nafarroan helduentzako euskararen irakaskuntzarekin loturiko datu estatistikoak tratatzeko.
9.6. Deialdi honen onuradun diren entitateek ordutegiak eta neurriak ezarriko dituzte, ikasleek eta dirulaguntzaren xede den jarduera emateko kontrataturiko pertsonek aukera izan dezaten beren bizitza pertsonala, familiarra eta lan bizitza bateragarri egiteko.
Era berean, material, irudi eta dokumentazio guztiak emakumeen eta gizonen arteko erantzunkidetasun, rol aniztasun, berdintasun eta bizikidetza balioak sustatuko ditu.
Horrez gain, bi sexuetako pertsonek orekaz parte hartzea sustatuko da, bai irakasleen bai ikasleen artean.
9.7. Entitate onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak bete beharko dituzte.
9.8. Entitate onuradunek erabilitako propagandaren ale grafikoen bi kopia aurkeztuko dituzte gutxienez; haietan, Nafarroako Gobernuaren logoa agertuko da, jarduera diruz laguntzen duen entitatea den aldetik.
Hamargarren oinarria.–Datuen tratamendua.
Ikasleen eta irakasleen datu pertsonalen tratamendua bat etorriko da Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan ezarritakoarekin.
Hezkuntzako kontseilariaren azaroaren 16ko 213/2011 Foru Aginduaren bidez, "Euskaltegiak eta Gau-eskolak" izeneko fitxategi informatizatua sortu zen, eta hartan datu pertsonalak gordetzen dira.
Hamaikagarren oinarria.–Ez-betetzeak, itzulketak eta arau-hausteak.
11.1. Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo zati batean, jarduera gauzatzen ez bada, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren arrazoiak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.
11.2. Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedatutakoa aplikatuko da. Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2005 Foru Legearen V. tituluan ezarritakoa izanen da.
Hamabigarren oinarria.–Dirulaguntzen bateragarritasuna.
12.1. Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira beste dirulaguntza batzuekin, izanik horiek Administrazioarenak berarenak, beste administrazio publiko batzuenak, beste ente publiko edo pribatu batzuenak, edo nazioko nahiz nazioarteko partikularrenak. Dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideekin baturik, diruz lagundutako jardueraren kostua baino handiagoa.
12.2. Beste entitate batzuetatik dirulaguntzak edo laguntzak eskuratzen badira aldi berean, ordainduko den laguntza egokitu eginen da, laguntzak eta sarrerak osotara ez daitezen izan egindako gastuak baino handiagoak.
Hamahirugarren oinarria.–Dirulaguntzen publikotasuna.
13.1. Emandako dirulaguntzak eta entitaten onuradunen eta baztertuen zerrenda Nafarroako Gobernuaren webgune instituzionalean argitaratuko dira, tramiteen katalogoko dagokion fitxan.
13.2. Entitate guztiek beren publizitatean adierazi beharko dute beren ikastaroak Nafarroako Gobernuak diruz laguntzen dituela. Aipamen hori eginen da bat etorriz Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala arautzen duen otsailaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuaren jarraibideekin: https://www.navarra.es/eu/nafarroako-gobernua/sinbolo-ofiziala
Hamalaugarren oinarria.–Gardentasuna.
14.1. Gardentasunari, informazio publikoari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluan aipatutako entitate pribatuak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira eta, gutxienez, 5.000 euro.
Aurreko atalean ezarritako muga kuantitatiboak gainditzen diren jakiteko, batuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Negozio zifra honako hauetako txikiena izanen da:
a) Aurreko urteko negozio zifra.
b) Hala badagokio, dirulaguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako negozio zifra.
14.2. Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik zenbatzen hasita:
a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.
b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.
c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa izanen da haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa.
d) Gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen den dedikazioaren araubidea.
e) Entitate onuradunaren azken urteko kontuen kopia.
14.3. Entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da informazio hori, telematikoki, Nafarroako Gobernuaren tramiteen web-orrian deialdiaren fitxan gaituko den estekaren bitartez.
14.4. Entitateak ez badu gardentasun betebeharrik, aurreikusitako egoerak gertatzen ez direlako, horren gaineko adierazpena aurkeztu beharko du.
14.5. Entitateak dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu ekitaldi berean, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatu badira. Horretarako, entitateak identifikatu beharko du Foru Komunitateko Administrazioaren zein organoren aurrean aurkeztu zuen, eta noiz.
14.6. Betebehar hori bete ezean, emandako dirulaguntza ez da ordainduko, ezta aurrerakinak ere, eta kobratutako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraituta.
14.7. Aurrekoa galarazi gabe, errekerimendua eginez gero, entitate onuradun guztiak behartuak daude unitate kudeatzaileari behar den informazio guztia ematera hamar eguneko epean, frogatzeko betetzen dituztela Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotako gardentasun betebeharrak.
14.8. Errekerimenduan emandako epea bukatzen bada eskatutakoa bete gabe, hertsapen isunak ezartzea erabakitzen ahalko da, 500 eurotik 5.000 eurora bitartekoak, interesdunari ohartarazpena egin ondoren eta entzunaldia emanda. Isuna hamabost egunetik behin errepikatuko da, errekerimendua bete arte. Isunaren zenbateko osoa ez da izanen dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko bost baino handiagoa. Zenbatekoa zehazteko, ez-betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasunaren printzipioa hartuko dira kontuan.
Hamabosgarren oinarria.–Aplikatzekoa den legedia.
Deialdi hau oinarri hauetan xedatutakoaren arabera arautuko da, bai eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoaren arabera ere. Halaber, maiatzaren 19ko 161/1988 Foru Dekretuaren bidez onetsitako erregelamenduan xedatutakoa aplikatuko da, erregelamendu horren bidez arautzen baita laguntzak ematea helduentzako euskararen irakaskuntza sustatzen duten entitate pribatuei.
Hamaseigarren oinarria.–Administrazio errekurtsoak.
16.1. Deialdiaren eta haren oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
16.2. Era berean, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Herritarrekiko Harremanetako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.
II. ERANSKINA.–Entitate eskatzaileek eskaera telematikoaren bidez bete beharreko fitxa
III. ERANSKINA.–Ikastegiko taldeen ezaugarri akademikoak (XLSX).
IV., V., VI. eta VII. ERANSKINAK
VIII. ERANSKINA.–2023KO IRAILETIK 2024KO ABUZTURA BITARTEKO ALDIARI DAGOKION MEMORIA
1.–Ikastegiaren informazio orokorra.
1.1. Egitura organikoa.
1.2. Egitura didaktikoa.
1.3. Ikasturteari dagozkion datuak.
2.–Moduluak, aldiak eta emaitzak.
3.–Giza baliabideak.
3.1. Irakasleek emandako zuzeneko prestakuntza orduak.
3.2. Irakasleen prestakuntza.
4.–Hobekuntzarako proposamenak.
4.1. Esparru didaktikoa.
4.2. Kudeaketa.
IX. ERANSKINA.–GARDENTASUNA
Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena (PDFa).
Gobernu organoen osaerari eta dedikazioari buruzko adierazpena (PDFa).
Karguen ordainsariei buruzko adierazpena (PDFa).
X. ERANSKINA.–Epealdiko gastu ordaindugabeak (XLSX).
Iragarkiaren kodea: F2308998
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
