137. ALDIZKARIA - 2023ko ekainaren 30a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LANTZ

Ordenantza, dirulaguntzak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Lanzko Udalak, 2023ko martxoaren 21ean egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Dirulaguntzak arautzen dituen udal ordenantza.

Iragarkia 2023ko 72. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 11n, bai eta udaleko iragarki-taulan ere. Horren ondotik jendaurreko aldia iragan da inork aurkeztu gabe erreklamaziorik, kexarik edo oharrik; hortaz, behin betiko onetsitzat jotzen da.

Jarraian testu osoa argitaratzen da, orok jakin dezan eta gainerako ondorioak izan ditzan, bete beharrez uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 324., 325. eta 326. artikuluetan ezarritakoa (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Lantzen, 2023ko ekainaren 14an.–Alkatea, Isabel Baleztena Larraza.

ORDENANTZA, LANZKO UDALAREN DIRULAGUNTZAK ARAUTZEN DITUENA

Publikotasuna, tratu berdintasuna eta kongruentzia dira laguntzak ematean jarraitu beharreko irizpideak; hala dio Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen VI. kapituluak (221. artikulua eta ondokoak), Nafarroako toki entitateek erakunde publiko eta pribatuei eta partikularrei tokiko eskumenei lotutako zerbitzuak eta jarduerak osatu edo ordeztu beharrez laguntza ekonomikoak eman eta sustatzeko arauak ezartzen dituenean.

Xedapen horiek betetzeko, ezinbestekoa da udal arau batzuk finkatzea, dirulaguntzak emateko prozedura arautu eta ezartzearren; batetik, aipatutako legeari jarraituko zaio, nahitaez bete beharrekoa baita, eta, bestetik, udalerriaren aipatu errealitate berriari.

III.–Horrenbestez, aipatu eremuetan egiten den jarduera guztira iritsi nahi du udal ordenantza honek eta Administrazioaren jarduera guztietan agintzen duten printzipio nagusietan oinarritzen da. Printzipio horietako batzuk dira objektibotasuna eta efizientzia, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/15 Legearen 3. artikuluan jasoak; orobat, dirulaguntzen esparruari dagokionez, berdintasunaren, publikotasunaren eta kongruentziaren printzipio arestian aipatuak, gardentasunaren eta objektibotasunaren printzipioekin batera.

XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Xedea eta aplikatzekoa den araudia.

a) Ordenantza honen xedea da Lanzko Udalak ematen dituen dirulaguntzen araubide juridiko orokorra arautzea; hura lotu beharko zaie Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren eta Dirulaguntzen gaineko Erregelamendu Orokorra onesten duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren aginduei.

Lanzko Udalak etorkizunean dirulaguntzen ordenantza berariazkoekin hornitzen dituen gaiak arautuko dira bat etorriz beren ordenantza horietako xedapenekin.

Kasu horretan osagarri gisara aplikatuko dira ordenantza orokor honen xedapenak.

b) Diruz laguntzen ahal dira jarduera programatuak, baldin eta jarraian aipatzen diren arloetakoren batekoak badira, Udalaren eskumeneko zerbitzuetan lagundu edo horiek ordezten badituzte edo tokiko intereseko jarduerak badira; eta dirulaguntzen deialdiari dagokion aldian gauzatzen badira:

–Hezkuntza. Ultzamako Mankomunitatearen programazioan jasota ez dauden jarduerak.

–Kirola. Ultzamako Mankomunitatearen programazioan jasota ez dauden jarduerak.

–Gazteria. Ultzamako Mankomunitatearen programazioan jasota ez dauden jarduerak.

–Hirugarren adina.

2. artikulua. Dirulaguntzaren kontzeptua.

Hona hemen zer jotzen den dirulaguntzatzat: Lanzko Udalak emandako dirua, ordenantza honen arabera dirulaguntzak eskura ditzaketen pertsonen aldekoa, betiere honako baldintza hauek betez gero:

a) Dirua onuradunen zuzeneko kontraprestaziorik gabe ematea.

b) Dirua emateko baldintza izatea xede jakin bat bete, proiekturen bat gauzatu, jardueraren bat egin nahiz jokabide berezi bat har dadin (xede horiek jada burutuak izan daitezke nahiz oraindik burutu gabeak), edo egoera bat gerta dadin; eta onuradunak bete ditzan ezarritako betebehar material eta formalak.

c) Finantzatzen den proiektu, ekintza, jokabide edo egoeraren helburuak izan behar du onura publikoko edo gizarte intereseko jardueraren bat bulkatzea edo xede publikoren bat sustatzea.

3. artikulua. Printzipio orokorrak.

1. Lege honetan arautzen diren dirulaguntzak kudeatuko dira honako printzipio hauei jarraituz:

a) Publikotasuna, gardentasuna, konkurrentzia, objektibotasuna, berdintasuna eta diskriminaziorik eza.

b) Eraginkortasuna, administrazio emaileak finkatutako helburuak betetzean.

c) Efizientzia, baliabide publikoak esleitu eta erabiltzean.

2. Dirulaguntzak emateko, kontuan hartu beharko dira propio onetsitako oinarri arautzaileetan aurreikusitako irizpideak, helburuak eta prozedurak, dirulaguntzaren xedeko alor bati edo gehiagori buruzkoak.

3. Oinarriak onetsi aurretik, nahitaezkoa izanen da xede horretarako dirua esleitzea aurrekontuan.

ONURADUNAK

4. artikulua. Onuradunak.

1. Dirulaguntzen onuraduntzat joko da dirulaguntza ematea zertan oinarritu den, jarduera horixe gauzatuko duen pertsona, edo dirulaguntza ematea bidezko bilakatzen duen egoeran dagoena.

2. Onuraduna pertsona juridikoa denean, eta oinarri arautzaileetan hala aurreikusiz gero, honako hauek ere onuraduntzat joko dira: onuradunaren bazkide izanik haren izenean eta kontura dirulaguntzaren xede diren jarduerak osorik edo zati batean egiteko konpromisoa hartzen dutenak.

3. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 11. artikuluan ezarritakoarekin bat, onuradun izan ahalko dira pertsona fisiko edo juridikoen batasunak, publikoak zein pribatuak, ondasun-erkidegoak edo beste edozein unitate ekonomiko edo ondare bereiziko unitate, baldin nortasun juridikorik ez izan arren, proiektuak, jarduerak edo jokabideak gauzatu ahal badituzte, edo dirulaguntza ematearen arrazoi den egoeran badaude.

Nortasun juridikorik gabeko pertsona fisiko edo juridikoen batasunen kasuan, publikoak edo pribatuak izan, espresuki adieraziko dira, bai laguntzaren eskabidean bai emateko ebazpenean, batasuneko kide bakoitzak bere gain hartzen dituen konpromisoak, baita haietako bakoitzari aplikatzekoa zaion dirulaguntzaren zenbatekoa ere, horiek ere onuraduntzat hartuko baitira. Nolanahi ere, pertsona bat izendatu beharko da batasunaren ordezkari edo ahaldun bakarra izan dadin, entitate onuradun gisa batasunari dagozkion betebeharrak betetzeko adinako ahalmenen jabe. Batasuna ezin izanen da desegin harik eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 39. eta 65. artikuluetan ezarritako preskripzio-epea iragan arte.

4. Dirulaguntzaren deialdiari dagokio ezartzea onuradun nor izan daitekeen mugatzeko inguruabarrak, dirulaguntza motaren arabera. Bizilekua edo egoitza soziala Lantzen egoteko eskakizuna, edo Udalaren intereseko zerbitzuak ematea nahiz jarduerak egitea, nahitaezkoa eta baztertzailea izan daiteke hala zehazten bada oinarri arautzaileetan.

5. artikulua. Debekuak.

1. Jarraian aipatzen diren pertsonak ezin dira ordenantza honetan araututako dirulaguntzen onuradun edo entitate laguntzaile izan, salbu eta, dirulaguntzaren izaera kontuan izanik, dirulaguntzari buruzko araudian salbuespenen bat egiten ez bada:

a) Epai irmo baten bidez kondenatua izatea dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukera galtzera.

b) Lehiaketaren deklarazioa eskatu dutenak, edozein prozeduratan kaudimengabe deklaratu dituztenak, konkurtsoan egotearen deklarazioa jaso dutenak, kontu-hartze judizialaren pean daudenak, eta Konkurtsoei buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera desgaiturik daudenak, konkurtsoa kalifikatzeko epaian ezarritako desgaitasun aldia amaitu ez bazaie.

c) Administrazioarekin izenpeturiko edozein kontraturen suntsiarazpen irmoa eragin izana, kausaren batean erruduntzat joa izateagatik.

d) Pertsona fisikoa, merkataritza sozietateko administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza eramaten dutenak egotea martxoaren 30eko 3/2015 Legeak aipatzen dituen kasuetako batean (lege horrek arautzen du Estatuko Administrazio Orokorraren Goi Karguen erabilera), edo abenduaren 26ko 53/1984 Legeak aipatzen dituen kasuetako batean (lege horrek hizpide du Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasuna), edo izatea ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan arautzen diren hautetsietariko edozein, bertan edo gai horiei buruzko araudi autonomikoan ezarritako baldintzetan (lege organiko horrek hizpide du Hauteskundeen Araubide Orokorra).

e) Indarra duten xedapenek ezartzen dituzten zerga betebeharrak edo Gizarte Segurantzakoak egunean ez izatea, erregelamendu bidez ezarrita dagoenaren arabera.

f) Egoitza fiskala izatea erregelamenduz paradisu fiskaltzat kalifikatutako herrialde edo lurralde batean.

g) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ondoriozko ordainketak egunean ez izatea, erregelamendu bidez xedatzen diren baldintzetan.

h) Ebazpen irmoan ezarritako zehapen baten ondorioz, galdu izana dirulaguntzak lortzeko ahalbidea, ordenantza honen arabera, bai eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren, Tributuei buruzko abenduaren 17ko 58/2003 Lege Orokorraren edo Nafarroako Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren arabera ere.

Ezin dira onuradun izan ordenantza honen 4. artikuluan aipatutako batasunak, haietako edozein kidek aurreko debekuren bat urratuz gero.

2. Elkartzeko eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. apartatuetan ezarritako debekuak dituzten elkarteak ezin dira inola ere izan ordenantza honetan araututako dirulaguntzen onuradun edo entitate laguntzaile.

Halaber, elkarteak ezin izanen dira onuradun edo entitate laguntzaile izan, baldin erregistroan inskribatzeko administrazio prozedura etenik badute, lege-hauste penala egin izanaren arrazoizko zantzuak agertu direlako eta 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatua aplikatu zaielako, harik eta erregistroan inskribatzen uzten dien ebazpen judizial irmoa eman arte.

3. Artikulu honen 1. apartatuko b), d), e), f) eta g) paragrafoetan eta 2. apartatuan ezarrita dauden debekuak automatikoki aintzatetsiko dira eta egoera horiek amaitu arte iraunen dute.

4. Artikulu honen 1. apartatuko a) eta h) paragrafoetan dauden debekuak automatikoki aintzatetsiko dira. Epai edo ebazpen irmoak ezarriko du debekuaren iraupena. Halakorik ezean, erregelamenduz ezarritako prozeduraren araberakoa izanen da iraupena, eta ez da izanen bost urte baino gehiagokoa baldin debekua ez bada epai irmo baten ondoriozkoa.

5. Artikulu honen 1. apartatuko c) paragrafoan dagoen debekuaren aintzatespena eta iraupena Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legean ezarritakoari jarraituz zehaztuko dira.

6. Pertsona edo entitateek, onuradun edo entitate laguntzaile izateko artikulu honen 1. eta 2. apartatuetan ezarri diren debekuetako bat bera ere ez dutela frogatzeko, honako bide hauetakoren bat erabili ahalko dute: auzibidezko lekukotasuna, ziurtagiri telematikoa edo datu-transmisioa, Estatuko Administrazio Orokorrak edo autonomia erkidegoek teknika elektroniko, informatiko eta telematikoen gainean egiten duten erabilera arautzen duten erregelamenduzko arauekin bat, edo kasuen arabera, administrazio-ziurtapena, eta, agintaritza eskudunak ezin duenean agiri hori eman, horren ordez erantzukizunpeko adierazpena erabil daiteke, agintari administratibo edo notario publikoaren aurrean emandakoa.

LAGUNTZAK EMATEKO PROZEDURAK

6. artikulua. Dirulaguntzak emateko prozedurak.

1. Dirulaguntzak emateko prozedura arrunta norgehiagokako araubidean izapidetuko da, esan nahi baita, aurkezten diren eskaerak alderatuko direla, horiek lehentasunaren arabera ordenatzeko, deialdi bakoitzaren oinarri arautzaileetan ezarri diren balorazio irizpideei jarraikiz, eta dirulaguntza adjudikatuko zaiela irizpide horien arabera balorazio hoberena lortu duten eskaerei, deialdian ezarritako muga eta kreditu erabilgarria gainditu gabe.

Hala ere, dirulaguntzen oinarri arautzaileek salbuetsi dezakete ezarritako baldintzak betetzen dituzten aurkeztutako eskabideen lehentasun-hurrenkera ezartzeko betekizuna, baldin deialdian kontsignatutako kreditua nahikoa bada, eskaerak aurkezteko epea bukatu ondoren dagoen eskaera-kopuruari begiratuta.

Banakako ebaluazioaren sistemaren bidez eman ahal da dirulaguntza; haren gaineko araudi berariazkoak irizpideak ezartzen ditu eskaerak ebaluatzeko eta ebaluazio horren arabera dirulaguntza handiagoa edo txikiagoa esleitzeko, eta aurkeztu ahala tramitatu eta ebazten dira espedienteak, aurrekontuan horretarako dirua dagoen bitartean.

2. Dirulaguntza hauek zuzenean eman daitezke:

A) Aurrekontuetan modu izendunean aurreikusitakoak.

Udalaren aurrekontu orokorrean dirulaguntza izendunaren onuraduna, zenbatekoa eta kontzeptua (xedea) zehaztu behar dira, eta organo kudeatzaileak behar bezala justifikatu behar du konkurrentzia printzipioa ezin dela aplikatu.

Aurrekontu-aplikazioa Udalaren aurrekontuan agertzeak ez du sortzen inolako eskubiderik onuradunaren alde, harik eta organo eskudunak dirulaguntza emateko ebazpena ematen ez duen artean, horretarako prozedura ezarri eta gero.

Halaber, aurrekontu-ekitaldi batean dirulaguntzaren bat esleitu izanak ez du inolako eskubide itxaropenik sortzen hurrengo urteetarako.

Dirulaguntza emateko prozedura ofizioz hasiko da zinegotziaren proposamenaren bidez, eta dirulaguntza emateko ebazpenarekin edo hitzarmenarekin amaituko da.

Dirulaguntza emateko egintza edo hitzarmena dirulaguntza emate hori arautzeko oinarri izanen dira, eta aurrekontua gauzatzeko oinarriekin batera, aplikatu beharreko baldintza eta konpromiso espezifikoak ezarriko dira haietan, betiere ordenantza honetan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean jasotako xedapenekin bat, salbu eta lehia eta publizitate printzipioei dagozkienak.

Dirulaguntza emateko ebazpenak, hitzarmenak edo, hala badagokio, aurrekontua exekutatzeko oinarriek alderdi hauek jaso beharko dituzte, gutxienez:

a) Hitzarmena sinatzen duten aldeak, bertan adierazita onuradunaren identifikazio datuak.

b) Xedearen deskribapena.

c) Zein aurrekontu-kredituri egozten zaion dirulaguntza.

d) Dirulaguntzaren zenbatekoa.

e) Onuradunak justifikatzeko duen epea eta modua.

f) Onuradunak aurkeztu beharreko dokumentazioa, beharrezkoa bada.

g) Bateragarritasuna edo bateraezintasuna helburu bererako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin.

h) Dirulaguntza ordaintzeko epeak eta moduak, ordainketa aurreratuak eta konturako ordainketak egiteko aukera.

i) Aplikatzekoa den araubide juridikoa.

j) Beharrezkoa bada, eta dirulaguntzaren izaera nolakoa den, adierazi beharra dago posible ote den ofizioz kitatzea dirulaguntzen onuradunekin kobratu gabe dituen zorrak, dirulaguntzen bidez horiek berdinduta.

B) Lege mailako arauren batek aginduta edo zenbatekoa zehaztuta Administrazioak ematen dituenak. Kasuan kasuko prozedura aplikagarria erabiliko da dirulaguntza horiek emateko, bakoitzaren araudiari jarraikiz.

C) Salbuespen gisara, interes publiko, sozial, ekonomiko edo humanitario frogatuengatik edo behar bezala justifikatutako beste arrazoi batzuengatik ematen diren dirulaguntzak, deialdi publikoa egitea zailtzen dutelako.

Dirulaguntza emateko prozedura ofizioz hasiko da, eta dirulaguntza emateko emakida ebazpenarekin edo hitzarmenarekin amaituko da.

Dagokion espedientea irekiko da, eta nahitaez sartu beharko dira bertan:

1.–Dirulaguntzen izaera berezia justifikatzen duen memoria.

2.–Udalaren Kontu-hartzailetzaren txostena.

Dirulaguntza emateko ebazpenak, hitzarmenak edo, hala badagokio, aurrekontua exekutatzeko oinarriek alderdi hauek jaso beharko dituzte, gutxienez:

a) Hitzarmena sinatzen duten aldeak, bertan adierazita onuradunaren identifikazio datuak.

b) Xedearen deskribapena.

c) Zein aurrekontu-kredituri egozten zaion dirulaguntza.

d) Dirulaguntzaren zenbatekoa.

e) Onuradunak justifikatzeko duen epea eta modua.

f) Onuradunak aurkeztu beharreko dokumentazioa, beharrezkoa bada.

g) Bateragarritasuna edo bateraezintasuna helburu bererako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin.

h) Dirulaguntza ordaintzeko epeak eta moduak, ordainketa aurreratuak eta konturako ordainketak egiteko aukera.

i) Aplikatzekoa den araubide juridikoa.

j) Beharrezkoa bada, eta dirulaguntzaren izaera nolakoa den, adierazi beharra dago posible ote den ofizioz kitatzea dirulaguntzen onuradunekin kobratu gabe dituen zorrak, dirulaguntzen bidez horiek berdinduta.

Ebazpena eman eta jakinarazteko epea sei hilabete izanen da, gehienez ere. Epea dirulaguntza emateko prozedurari hasiera ematen dion ebazpena onetsi eta hortik aitzina zenbatuko da, salbu ebazpenak berak ondorioak geroratzen baditu ondoko data baterako.

7. artikulua. Norgehiagokako araubideari jarraikiz dirulaguntzak emateko prozedura.

1. Hastapena:

a) Dirulaguntzak emateko prozedura ofizioz hasiko da beti, organo eskudunak onetsitako deialdi baten bidez, eta horren bitartez dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak ere onetsiko dira, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 23. artikuluarekin.

Dirulaguntzak arautzen dituzten oinarriak onestean dagokien gastua baimendu beharko da.

b) Oinarriak argitaratu ondoren, dirulaguntzen eskabideak aurkez daitezke, Lanzko Udaleko alkate udalburuari eskabidea zuzenduz; horrekin batera aurkeztu dira dirulaguntza ezartzen duen arauan edo dirulaguntzarako deialdian zehazten diren dokumentuak eta txostenak.

Eskatutako agiriak dagoeneko Udalaren eskuetan badaude, eskatzaileak, baldin eta bost urte baino gehiago igaro ez badira dagokien prozedura bukatu zenetik, horiek ez aurkezteko duen eskubidea erabil dezake, ohartaraziz noiz eta zer organo edo sailetan aurkeztu edo eman ziren, eta agirietan aldaketarik izan ez bada.

Eskaerak ez baditu betetzen ordenantza honetan edo deialdiaren arauan eskatzen diren baldintzak, interesdunari errekerimendua eginen zaio gehienez ere 10 eguneko epe luzaezinean horiek zuzentzeko, eta ohartaraziko zaio, halakorik egiten ez badu, iritziko zaiola eskaerari uko egin diola, aurretik ebazpena emanda, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezarritakoarekin, Lege beraren 68. artikuluan agindutakoari jarraituz.

2. Instrukzioa:

a) Oinarri arautzaileetan izendatutako organoak eginen du dirulaguntzak emateko prozeduraren instrukzioa.

b) Instrukzio organoak bere kabuz ebaluatuko ditu eskaerak, arauetan edo oinarri arautzaileetan ezarritako irizpideak, balorazio bideak eta lehentasunak aintzat harturik.

Ebaluazioa egin ondoren, kide anitzeko organoak, oinarri arautzaileetan adierazitako kideek osatua, egindako ebaluazioaren emaitzari buruzko txostena eginen du, eta instrukzio organoari helaraziko dio. Dagokion alorreko informazio batzordea instrukzio organo gisa aritzen ahalko da.

c) Instrukzio-organoak, espedientea eta kide anitzeko organoaren txostena ikusirik, ebazpen proposamena aurkeztuko dio organo eskudunari, behar bezala arrazoitua. Organo horrek hamabost eguneko epea izanen du, proposamena aurkezten zaionetik, ebazpena emateko.

3. Ebazpena:

a) Ebazpen proposamena ikusi ondoren, organo eskudunak dirulaguntza emateko prozedura ebatziko du.

b) Ebazpenak honako hau adierazi beharko du:

–Dirulaguntza hartzeko proposatutako eskatzailea edo eskatzaileen zerrenda eta zenbatekoa, ebaluazioa eta horretarako erabili diren balorazio irizpideak zehaztuta.

–Aurkeztu diren eskabideen artean espresuki zein ezetsi diren, halakorik bada.

Dirulaguntza emateko ebazpenak dagokion gastu konpromisoa dakar.

4. Epea:

Dirulaguntza ebazteko eta eman dela jakinarazteko epea, orokorrean, sei hilabete izanen da gehienez, kasuan kasuko deialdia argitaratzen denetik hasita.

Hala ere, luzeagoa izaten ahalko da baldin eta lege mailako arau batek hala ezartzen badu edo Europako Batasunaren araudian horrela jasotzen bada.

Epe horretan laguntza emateko ebazpenik jakinarazten ez bada, eskaera administrazio-isiltasunaren bidez ezetsitzat jo beharko da.

5. Jakinarazpena:

Prozeduraren gaineko ebazpena Administrazio Prozedura Erkideari buruzko legedian ezarri bezala jakinaraziko zaie interesdunei. Ebazpena jakinarazteko, dirulaguntzari buruzko arauan nahiz haren deialdian adierazitako komunikazio bidea erabiltzen ahalko da.

8. artikulua. Onuradunen betebeharrak.

1. Honako hauek dira onuradunen betebeharrak:

a) Dirulaguntza emateko oinarri izan den xedea betetzea, edo proiektua gauzatzea, edo jarduera egitea edo jokabidea hartzea.

b) Organo emaileari edo, halakorik bada, entitate laguntzaileari justifikatzea bete direla betebeharrak eta baldintzak, eta gauzatu eta bete direla dirulaguntza emateko edo jasotzeko arrazoi izan diren jarduera eta helburua.

c) Onartzea organo emaileak edo, halakorik bada, entitate laguntzaileak egin beharreko egiaztatze lanak, baita kontrol organo eskudun nazionalek nahiz europarrek finantzak egiaztatzeko eta kontrolatzeko egin ditzaketenak ere; bestetik, lehenagoko jarduketei buruz eskatzen dioten informazio guztia ematea.

d) Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea organo emaileari edo erakunde laguntzaileari.

e) Ebazpen proposamena eman baino lehen, frogatzea zerga betebeharrak egunean dituela, bai eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak ere.

f) Kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta behar bezala ikuskatutako bestelako agiriak eduki beharko dira, onuradunei kasu bakoitzean aplikatu ahal zaizkien merkataritzako nahiz sektoreko legeetan xedatu bezala.

g) Gordetzea jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak, agiri elektronikoak barne, harik eta egiaztatze eta kontrolaren xede izan daitezkeen bitartean.

h) Behar bezala iragartzea finantzazio publikoa izan dutela dirulaguntza jaso duten programek, jarduerek, inbertsioek edo jarduketek.

i) Dirua itzultzeko arrazoietakoren bat izanez gero, itzuli egin beharko da jasotako dirua.

9. artikulua. Justifikazioa eta kobrantza.

1. Dirulaguntza eskuratzeko, beharrezkoa izanen da Udalari aurkeztea, dagozkion oinarri arautzaileetan eskatzen direnez gain, honako agiri hauek:

a) Eskabidea, onuradunak sinatua, alkateari zuzendua, dirulaguntzaren ordainketa eskatzeko. Bertan, kontu korrontearen zenbakia adieraziko da, hartara transferentzia egiteko.

b) Egindako jardueraren memoria.

c) Justifikazioko kontua, jatorrizko fakturekin edo gastua justifikatzen duten fakturen fotokopiekin batera, eta dagokion ordainketaren egiaztagiriekin batera. Fakturak izan daitezke emandako dirulaguntzaren zenbatekoaren heinekoak soilik, dagokion deialdian hala zehazten bada.

Justifikazio ekonomikoaren ordez, auditore akreditatu batek egindako auditoretza aurkez daiteke, hala zehazten bada oinarri arautzaileetan.

d) Onuradunak zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean dituela frogatzen duten agiriak.

e) Frogatu beharko da Lanzko Udalaren laguntza jaso izana agertu dela diruz lagundutako jardueren publizitatean (programak, liburuak, kartel iragartzaileak, publizitateko iragarki laburrak...), edo diruz lagundutako argitalpenaren kontrazalean eta lehen orrialdean.

f) Frogatu beharko da bestelako dirulaguntzarik ez dutela eskuratu xede bererako, eta eskuratu badituzte, haien zenbatekoa zehaztu beharko da, baita zer erakundek eman dituen ere; orobat adierazi beharko da Udalak emandako dirulaguntzak, bestelako dirulaguntza edo laguntzekin batera, ez duela gainditzen onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

Frogagiriak aurkezteko epea hilabetekoa da diruz lagundutako jarduera bukatu zenetik, deialdiak bestelako epe berariazkorik ezarri ezean.

10. artikulua. Laguntza itzultzea.

Hartutako dirua itzuli beharko da eta berandutze-interesa ordaindu, dirulaguntza ordaintzen den unetik itzuli beharra erabakitzen den egunera bitarte, eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 38.2 artikuluan finkatuko zenbatekoaren arabera, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 37.1 artikuluan ezarritako kasuetan.

11. artikulua. Diruz lagundutako jardueren finantzaketa.

1. Dirulaguntzaren xede den jarduera zati batean norberaren diruarekin finantza dadila eskatzen ahalko da dirulaguntza arautzen duten oinarrietan. Halakoetan, diruz lagundutako proiektuan edo ekintzan norberaren dirua jarri dela frogatu beharko da dirulaguntzaren justifikazioa egiten den unean, eta orduan zehaztuko dira, beraz, funts horien zenbatekoa eta jatorria, eta horien aplikazioa diruz lagundutako jardueretan.

2. Dirulaguntzaren zenbatekoa ezin izanen da inola ere izan diruz lagundutako jardueraren kostua baino handiagoa, dela bakarrik, dela beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin batera.

3. Dirulaguntzak emateko kontuan hartu diren baldintzak deusetan aldatzen badira eta, baldin eta dirulaguntzari buruzko arauetan baimendutako kasuetatik at beste diru iturri batzuk eskuratzen badira, aldatzen ahalko da dirulaguntzak emateko ebazpena, dirulaguntzari buruzko araudian ezarritako epeetan.

12. artikulua. Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Emandako dirulaguntzen publizitatea eginen da bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 18. eta 20.8 artikuluekin, alde batera utzi gabe ezartzen dena Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legean.

13. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren IV. tituluan ezarritakoak dira.

Xedapen indargabetzailea.–Indarrik gabe gelditzen dira ordenantza honetan xedatuari kontra egiten dioten indarreko udal ordenantzetako xedapenak, bai eta kontrakoa esaten dutenak ere.

Azken xedapenetako lehena.–Ordenantza honek jasotzen ez duen guztian aplikatuko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean xedatua, baita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onesten duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan xedatua ere.

Azken xedapenetako bigarrena.–Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan ezarritakoarekin bat, ordenantza honek ez du sortuko ondorio juridikorik, harik eta testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta Estatuko Administrazioak edo Foru Komunitateko Administrazioak toki erakundeei egintzak edo erabakiak deuseztatzeko errekerimenduak egiteko ahalmena erabiltzeko epea iragan arte.

Iragarkiaren kodea: L2309151