1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
188/2023 FORU AGINDUA, ekainaren 13koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, Nafarroako Gizarte Zerbitzuetako Gizarte Berrikuntzaren IV. Sarirako deialdia egiten duena.
Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 268/2019 Foru Dekretuak departamentu horri esleitzen dio, besteak beste, gizarte berrikuntzaren arloko praktikak, esperientziak eta proiektuak bultzatzea eta zabaltzea.
Eskumen hori gauzatzeko asmoz, departamentuak, "Tomás y Lydia Recari García" Fundazioarekin elkarlanean, Nafarroako Gizarte Zerbitzuetako Gizarte Berrikuntzaren IV. Sariaren deialdia egin du, urtero deitzen dena.
Gizarte zerbitzuetako gizarte berrikuntzatzat hartzen dira gizarte beharrak asetzeko modu berriak, aurrekoak baino eraginkorragoak, efizienteagoak, jasangarriagoak, justuagoak edota eraldatzaileagoak direnak.
Sariaren IV. deialdi honen bidez, publikoki aitortu nahi da erakunde batzuek gizarte zerbitzuetako gizarte berrikuntzaren arloan egiten duten lana, hain zuzen, gure gizartearen erronka garrantzitsuak ebazteko beharrezkoak diren aldaketak eragiteko produktuak, zerbitzuak eta ereduak dituzten erakundeen lana, betiere produktu, zerbitzu eta eredu horiek, berez berritzaileak izateaz gainera, gizarteak berriztatzeko eta eraldatzeko duen ahalmena indartzeko erabilgarriak diren heinean.
Epaimahaiak planteatzen den gizarte erronkaren garrantzia baloratuko du, eta, horrekin batera, proiektuko helburuen munta eta egokitasuna eta parte-hartze zein ahalduntze prozesuen zabaltasuna eta sakontasuna. Kontuan izanen du, halaber, garatutako konponbidearen berritasun maila; hau da, ea zer alde dagoen haren eta ohikoagoak diren konponbideen artean eta ea zer hobekuntza ekartzen duen efizienteagoa, bidezkoagoa, jasangarriagoa edo eraldatzaileagoa izateagatik.
Alde horretatik, epaimahaiak baloratuko ditu bai lortutako emaitzak, bai eta proiektuak, denborak aurrera egin ahala, gero eta eragin handiagoa izateko duen gaitasuna ere, hori guztia proiektuaren jasangarritasun soziala eta finantzazioa kontuan izanik.
Sariaren helburua da proiektuaren emaitzak eta irabazitako balio soziala zabaltzea eta jakitera ematea.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez esleitu dizkidaten ahalmenak eta Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 268/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitutakoak erabiliz,
AGINTZEN DUT:
1. Nafarroako Gizarte Zerbitzuetako Gizarte Berrikuntzaren IV. Sarirako deialdia egitea, I. eranskin gisa gehitzen diren oinarri arautzaileen arabera.
2. 6.000 euroko gastua baimentzea, 2023ko gastuen aurrekontuko partida honen kargura: 910001 92100 2276 231004 partida, "Gizarte berrikuntzako proiektuak eta Europako proiektuak" izenekoa.
3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
4. Foru agindu honen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
5. Foru agindu hau igortzea Idazkaritza Tekniko Nagusiaren Administrazio Aferetarako Bulegora, haren Kontabilitate Zentrora eta Errealitate Sozialaren Behatokiaren Zerbitzura, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2023ko ekainaren 13an.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, M.ª Carmen Maeztu Villafranca.
I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK
Lehena.–Xedea.
Nafarroako Foru Komunitateko Gizarte Zerbitzuetako Gizarte Berrikuntzaren IV. Sariaren helburua da Nafarroan gizarte zerbitzuak ematen dituzten erakundeak saritzea, hain zuzen, gizartearen erronka bat edo batzuei ekin dietenak berrikuntza eta eraldaketa sozialerako parte-hartze prozesuetan garatu diren zerbitzu, produktu edo eredu berrien bidez.
Deialdi honen ondorioetarako, "gizarte berrikuntza" da ideia berriak sortzea eta ezartzea (produktuak, zerbitzuak eta ereduak) gizartearen erronkei aurre egiteko. Ideia horiek aurrekoak baino eraginkorragoak, efizienteagoak, jasangarriagoak, justuagoak edo eraldatzaileagoak izan beharko dira, eta haien garapenean pertsonak inplikatuko dira, era horretan harreman berriak sortzen eta herritarrak ahalduntzen lagunduko baita. Sozialak dira, hala helburuei nola bitartekoei dagokienez.
Bigarrena.–Erakunde hartzaileak.
Deialdi honetan Nafarroako Foru Komunitateko gizarte zerbitzuen esparruan lan egiten duten erakunde publiko eta pribatuek parte hartzen ahalko dute, irabazi-asmoa izan edo ez.
Hirugarrena.–Sariak.
6.000 euroko saria emanen zaio, eskudirutan, irabazten duen erakundeari, eta 1.000 euroko beste bi sari banatuko dira finalista geratzen diren bi erakundeentzat, bakoitzarentzat bat.
Laugarrena.–Hautagaitzak aurkezteko epea eta baldintzak.
1.–Eskabideak aurkezteko, nafarroa.eus egoitza elektronikoan eskura dagoen eredua erabiliko da.
2.–Hautagaitzak aurkezteko epea bi hilabeteko epean bukatuko da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
3.–Hautagaitzak egoitza elektronikoaren bidez aurkeztuko dira edo, bestela, Eskubide Sozialetako Departamentuko erregistroan (González Tablas kalea 7, Iruña), honako honetara zuzenduta: Gizarte Berrikuntzaren, Prestakuntzaren eta Europako Proiektuen Atala (Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusia). Halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako edozein baliatuz aurkez daitezke.
3.–Behin hautagaitzak jasota eta horiek onartzeko epea itxita, antolatzaileek lehen hautaketa bat egiten ahalko dute, eta memoriak epaimahaiari igorriko dizkiote, hark erabaki dezan saria nori eman.
Bosgarrena.–Hautagaitzak eta eskaturiko dokumentazioa.
1.–Hautagaitza bat aurkezteari begira, saria jaso dezakeen "proiektutzat" hartuko da erakundearen jarduera bat, zeinari esleitu baitzaizkio epe bat, aurrekontu bat eta profesional talde bat denbora tarte jakin baterako. Gainera, jarduera hori aurreko bi urtean hasia beharko da, deialdi honen egunetik kontatuta. Ez da hartuko "gizarte berrikuntzako proiektutzat" erakundearen ohiko jarduera, ezta erakundeak normalean garatzen dituen programak edota duela zenbait urtetik hona behin eta berriz garatzen dituenak ere.
2.–Hautagaitza aurkezteko, nafarroa.eus egoitza elektronikoan eskura dagoen eskaera-orriaren eredu normalizatua beteko da, behar bezala eta oso-osorik.
3.–Hautagaitza horrekin batera, honako hauek aurkeztuko dira:
a) Hautagaitza aurkezteko eskaera-orria, nafarroa.eus helbide elektronikoan eskura dagoen eredu normalizatuaren araberakoa.
b) Aurkezten den gizarte berrikuntza erreproduzitu eta hedatzeko baimena, ziurtatua.
4.–Sari honetako aurreko edizioetan aurkeztu diren hautagaitzak ez dira onartuko.
Seigarrena.–Epaimahaia.
1.–Honako hauek osatuko dute epaimahaia:
–Eskubide Sozialetako kontseilaria.
–"Tomás y Lydia Recari García" Fundazioko lehendakariordea.
–Hala gizartean nola berrikuntzaren eta gizarte zerbitzuen arloan izen ona duten hiru pertsona. Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusia eta "Tomás y Lydia Recari García" Fundazioa ados daudela izendatuko dira mahaikide horiek, eta horietariko bat izanen da epaimahaiburua.
–Epaimahaiko idazkari gisa, hitza duela baina botorik ez, Gizarte Berrikuntzaren, Prestakuntzaren eta Europako Proiektuen Ataleko burua arituko da (atal hori Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusiari atxikita dago, Eskubide Sozialetako Departamentuan).
Epaimahaiaren osaera jendaurrean jarriko da epaimahaiak hartutako erabakiarekin batera.
2.–Epaimahaiaren funtzionamendua bat etorriko da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean jasotako arauekin. Foru araudian xedatzen ez den orotan, berriz, aplikatuko da Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea.
3.–Epaimahaiak hautagaitzak ebaluatzeko beharrezkotzat jotzen dituen argibideak eskatzen ahalko dizkie parte-hartzaileei, eta hautagai diren erakundeak "in situ" bisitatzen ahalko ditu.
4.–Bidezko baderitzo, epaimahaiak aholkulari teknikoei deitzen ahalko die.
Zazpigarrena.–Balorazio irizpideak.
1.–Emakida proposamena egiteko eztabaidetan, epaimahaiak HELIX tresnak proposatutako balorazio irizpideak aplikatuko ditu (Errealitate Sozialaren Behatokiaren webgunean dago eskura tresna hori): https://www.observatoriorealidadsocial.es/eu/gizarte-berrikuntza-ebaluatzeko-gida-eta-helix-tresna/co-14/
–Berrikuntza: proiektuak dakarren berrikuntza maila baloratuko da. Berrikuntza mota desberdinak hartuko dira kontuan.
–Eragina: aintzat hartuko da zenbateko eragin soziala lortzen den proiektuarekin. Eragin mota desberdinak hartuko dira kontuan.
–Aldaketa sistemikoa: eraldaketa soziala baloratuko da, baita zenbateko aldaketa egiturazkoa sortzen den ekosisteman eta zenbat irauten duen ere.
–Partaidetza: aintzat hartuko da parte hartzeko eta ahalduntzeko prozesu soziala, eragile anitzeko ikuspegi batekin, proiektuko fase guztietan.
–Sendotasuna: proiektuaren zorroztasun metodologikoa, idazketaren kalitatea, bidezkotasuna, egingarritasuna eta koherentzia teknikoa baloratuko dira.
2.–Epaimahaiak hiru sari ematea proposatuko du:
–Lehen saria hautagaitza irabazlearentzat, hau da, hobekien baloratu denarentzat.
–Aitortzarako bi akzesit, finalistak izan ziren proiektuetarako. Ez da lehentasun ordenarik ezarriko.
Epaimahaiak saria eman gabe uzten ahalko du, haren iritziz ez badago merezimendu aski frogatu duen hautagaitzarik.
Zortzigarrena.–Ebazpena.
1.–Epaimahaiak noiz ematen duen epaitza, egun horretan jakinaraziko zaie sarituei.
2.–Eskubide Sozialetako kontseilariak emanen du saria, foru agindu baten bidez. Interesdunei jakinaraziko zaie, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, orok jakin dezan.
Bederatzigarrena.–Saria ematea.
Jendaurreko ekitaldi bakar batean entregatuko eta zabalduko da saria, Eskubide Sozialetako Departamentuak deialdia eginik 2023ko azken hiruhilekoan, eta gonbita eginen zaie epaimahaikideei eta hautagaitza aurkeztu duten erakunde guztiei.
Hamargarrena.–Betebeharrak onartzea.
Gizarte Zerbitzuetako Gizarte Berrikuntzaren IV. Sarian parte hartzeak hura arautzen duten oinarri guztiak erabat onartzea dakar, baita Eskubide Sozialetako Departamentuak gizarte berrikuntzaren saria banatzeko eta hedatzeko antolatuko dituen jardunaldietan parte hartzea ere.
Hamaikagarrena.–Administrazioaren konpromisoak.
Sariketaren prozesuan parte hartzen dutenek konfidentzialtasuna gorde beharko dute haren nondik norakoez.
Eskubide Sozialetako Departamentuak deialdien oinarrien gaineko informazioa emanen du, hala telefonoz nola posta elektronikoz, Gizarte Berrikuntzaren, Prestakuntzaren eta Europako Proiektuen Atalaren bitartez (atal hori Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusiaren menpe dago).
Eskubide Sozialetako Departamentuak ahaleginak eginen ditu saria eta sariduna komunikabide arrunt eta espezializatuetan ezagutarazteko.
Hamabigarrena.–Gorabeherak eta ustekabeak.
Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren zuzendari nagusiari dagokio gerta litezkeen gorabeheren gainean eta oinarriotan ezarrita ez dauden kasuen gainean ebaztea.
Hamahirugarrena.–Errekurtsoak.
Sariaren gainean ebazten duen foru aginduaren kontra, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Iragarkiaren kodea: F2309106