Iragarkia
136. ALDIZKARIA - 2023ko ekainaren 29a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
TAFALLA
Trafikoari buruzko udal ordenantza. Behin betiko onespena
Tafallako Udalak, 2023ko otsailaren 28an egindako osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Tafallako trafikoari buruzko udal ordenantza, eta hogeita hamar egun balioduneko jendaurreko epea ezarri zuen erreklamazioak, kexak edo oharrak aurkezteko. Halaber, adierazi zuen hasierako onespena behin betikoa izanen zela baldin eta epe horretan erreklamazio, kexa edo oharrik aurkezten ez bazen. Kasu horretan, ondorio juridikoak sortzeko, inguruabar hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu behar zen, behin betiko testuarekin batera.
Jendaurreko epea iragan denez inork alegaziorik aurkeztu gabe, Tafallako trafikoari buruzko udal ordenantzaren hasierako onespena behin betiko bilakatu da, eta osorik argitaratzeko agintzen da, behar diren ondorioak izan ditzan; hori dena, jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).
Tafallan, 2023ko ekainaren 8an.–Alkatea, Jesús Arrizubieta Astiz.
TAFALLAKO TRAFIKOARI BURUZKO UDAL ORDENANTZA
ZIOEN AZALPENA
Tafallak ez du trafikoaren gaineko ordenantzarik, bide publikoen erabilera egokia arautzen duenik, hala bateratuz trafikoaren premia orokorrak eta ibilgailu partikularren erabilera eskaerak.
Udalaren eskumenak erabiliz, Tafallako Udalak, ordenantza honen bidez, Udalaren bide publikoak arautzen ditu, xedea izanik haien erabilera egokia; horretarako, bizikidetza arauak ematen dira, bateratu beharrez, batetik, erabilera pribatu edo bereziaren premiak, eta, bestetik, interes publiko orokorra.
Ordenantza bederatzi gai multzotan egituratzen da, bakoitzak bere titulua duela, eta horiek kapitulu eta artikulutan banatuak daude.
I. tituluan ordenantzaren xedea eta aplikazio esparrua deskribatzen da gaingiroki.
II. tituluan Tafallako udal-mugartean gelditzea eta aparkatzea arautzen da, eta, hartara, bideak zuzen erabiltzeko bete behar diren arauak zehazten dira, baita zehaztu ere gelditzean eta aparkatzean zer kasutan egiten zaion kalte trafikoari. Era berean, espresuki jasotzen da debekatuta dagoela Tafallako bide guztietan 7.500 kg baino gehiagoko baimendutako gehieneko masa (BGM) duten ibilgailuak gidatu eta aparkatzea, salbu eta hirian zamalanak egin behar dituztenak eta bizilagunak direnak.
Aparkatze mugatuko eremuak ezarriz bermatu nahi da halako eremu batzuen banaketa zuzena eta erabilera solidarioa, haien erabilera handia dela medio beharrezkoa baita bertan txandakako aparkatzea posible izatea. Bide publiko horiek ibilgailuak aparkaturik modu berezian eta baztertzailean erabiltzeak aukera emanen du zenbateko bat ordainarazteko, dagokien ordenantza fiskalen bidez zehaztuko dena. Eremu horietan, aparkatzeko mugapenak laxoagoak izanen dira bizilagunentzako; hartara, eremu mugatu horiek erabiltzeko araubide berezia izanen dute, aurretik dagokien txartela eskuratzen badute.
Ordenantza eguneratu egin da eta mugikortasun murriztua duten pertsonei konponbide bereziak eskaintzen zaizkie orain egin behar dituzten joan-etorrietan laguntzeko. Ordenantza honako honek ezarritako indikazioen arabera moldatu da: 52/2022 Foru Agindua, martxoaren 7koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, desgaitasuna duten pertsonentzako aparkatzeko txartela arautzen duena Nafarroako Foru Komunitatean.
Tafallako Udalak arautze berariazkoa du pasatzeko lizentziak emateko, hain zuzen ere Ibilgailuak espaloietan barna pasatzeko lizentziak eta eremu publikoetako erreserbak arautzen dituen ordenantza, 1989ko ekainaren 8ko osoko bilkuran onetsi zena; handik goiti iragan den denbora kontuan harturik, beharrezkoa da hura berrikustea.
Espaloietan eta jabari eta erabilera publiko orokorreko espazioetan barna pasatzeko baimenak emateak eta halako lokal batzuetatik ateratzea bermatu beharrez aparkatzeko ematen diren debekuek ahalbidetzen dute bizikidetza baketsua, lokal horien premien eta trafikoaren eta espazio publikoaren erabileraren arauketa egokiaren artean.
III. tituluak arautzen du bide publikoan abandonatzen diren ibilgailuen egoera eta horien aurrean hartu beharreko neurriak, traba ez ditzaten bide horien erabilera normala eta berezko xedea. Izan ere, trafiko etengaberako prestatuta daude, eta ez ibilgailuen gordailu noizbehinkako edo betierekoa izateko.
IV. tituluak arautzen ditu ibilgailu bereziak eta merkataritzako gai arriskutsuen garraioak, oro har herritarrentzako eta bereziki trafikorako arriskuak saihestu nahirik.
V. tituluaren helburua da bide seinaleen ezaugarriak bateratzea Tafallako udal-mugartean.
VI. tituluak arautzen du ordenantzako aginduak ez betetzeagatik erabili beharreko zehapen prozedura, baita hartzen ahal diren neurriak ere, hala nola ibilgailua ibilgetzea edo kentzea, dagozkien ataletan deskribatzen diren kasuak gertatuz gero.
VII. tituluak arautzen du oinezkoentzako lehentasun eremuetako edota sarrera mugatuko eremuetako zirkulazioa, baita bizikleten erabilera ere.
VIII. tituluak eguneratu eta mugatu egiten ditu Tafallan ibilgailuen gehieneko abiadurak.
IX. tituluak udalaren eskumenekoak diren trafikoko arau-hauste eta datozen zehapenak ordezkatzeko prozeduraren erregulazio bat ezartzen du. Zehapen horiek gizartearentzako lanak (GL) egitearekin ordezkatuko dira, baldin eta eskaera boluntarioa egin bada eta adingabekoen eta haien legezko tutoreen onespena badu. Izan ere, hori bide egokia da oreka ezin hobea lortzeko ohiko zigor-neurrien (isun-zehapena eta prebentzioa) xedeen eta interes publiko eta sozialaren artean.
Adingabeko arau-hausleak baliagarri sentituko dira, gizartean sortutako kaltea arintzen laguntzen duten jokabide positiboak izanen baitituzte. Horrez gain, mota horretako lanak egiteak asertibitate pautak ikastea ahalbidetzen du, baita enpatia sustatu ere. Diruzko zehapena aplikatzen denean lortutako emaitzekin alderatuta, ikusi da lanak egitean arau-hausleek gutxiago errepikatzen dituztela jarrera desegokiak.
Prozeduraren zein ezar daitezkeen neurrien elementu garrantzitsuena adingabekoaren interesa da, zeina berheziketarako irizpideetan oinarrituta baloratu beharko baita.
Zehapen-ahalmena gauzatzeko eta asertibitate pautak barneratzea zein gauzatutako arau-haustearekiko enpatia sustatzea errazteko, Tafallako Udalak aukera izanen du, adingabekoei administrazio bidetik diruzko zenbait zehapen ezarri ordez, gizarteratzeko lanak egin ditzaten eskatzeko.
Horrez gain, genero ikuspegia kontuan hartu da; izan ere, emakumeak oinez mugitzen dira herrian, eta ezinbestekoa da istripuak gertatzeko arriskuak murriztea. Era berean, emakumeek zaintzaile gisa duten genero-aren baitan, geldialdi eta aparkatze laburrak egin behar dituzte euren joan-etorrietan, eta horietan ere ezinbestekoa da istripuak gertatzeko arriskuak murriztea. Tafallako Udalarentzat pertsonak eta horien zaintza dira kudeaketa publikoaren erdigunea.
Lehen xedapen gehigarriak ordenantza besterik gabe eguneratzeko araubidea dauka, hartan erabiltzen den erreferentziazko araudian lege aldaketak gertatzen direnean; gisa horretara, haren aplikazioa arinduko da aldatzeko berariazko tramiterik erabili behar izan gabe.
Lehenengo, bigarren eta hirugarren xedapen iragankorrek ordenantza hau indarrean sartu baino lehenagoko egoerak egokitzeko erregimen iragankor bat ezartzen dute, egoera horiek ordenantzan ezarritako zehaztapenetara gutxinaka egokitzen direla bermatzeko. Halaber, argi uzten dute isunak gizartearentzako lanak egitearengatik ordeztea ordenantza indarrean sartu eta ondoren gertatzen diren zehapenekin egingo dela soilik.
I. TITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua. Xedea eta aplikazio-eremua.
Ordenantza honen xedea da trafiko arau egokiak ezartzea ibilgailu motordunek Tafallako udalerriko espazioak eta hiri bideak erabiltzea arautzeko.
Ordenantza honetako aginduak Tafallako udal-mugarte osoan aplikatzekoak dira.
II. TITULUA.–GELDITZEA ETA APARKATZEA
I. KAPITULUA.–GELDITZEA ETA APARKATZEA
2. artikulua. Arau orokorrak.
1. Tafallako Udalari dagokio, eta hari baizik ez, erabilera publikoko bideetan, jabetza pribatukoak izanik ere, aparkatzearen eta zirkulazioaren antolamendua baimentzea.
Horren ondorioz, ez da zirkulazioa mozten ahal, ezta inolako seinalerik edo adierazlerik paratzen ahal ere, halako baimenik gabe. Soil-soilik apartatu honetan aipatzen denari dagokionez, presako kasu justifikatu eta frogatuetan, Udaltzaingoko burutzak baimentzen ahalko du, baina Udaleko organo eskudunari berehala eman beharko dio horren berri.
2. Gelditzean eta aparkatzean ibilgailuak ez du zirkulazioa trabatuko, ezta arriskurik sortuko ere gainerako erabiltzaileei; bereziki zainduko da non uzten den, eta begiratuko, ez dadin mugi gidaria kanpoan delarik.
Aparkatzeko uzten den tokia zoladuran mugaturik dagoenean, markaturiko esparruaren barnean aparkatu beharko da.
Aparkatzeko moduari dagokionez, aparkatu behar da gainerako erabiltzaileei sartu eta ateratzeko maniobrak egiten uzteko eta gelditzen den espazioa ahalik eta hobekien erabiltzeko maneran.
3. Gidariek ezin izanen dute ibilgailua geldirik edo motorra piztuta utzi, ibilgailuaren barruan ez badaude.
4. Gelditzea da ibilgailua 2 minutuz baino gutxiagoz ibilgetzea, jendea hartu edo uzteko edo zamalanak egiteko. Ez da gelditzetzat hartuko zirkulazioaren beharrak direla eta halabeharrez edo une batez geratzea.
5. Galtzadan geldituz gero, ertzetik ahalik eta hurbilena kokatuko da ibilgailua.
6. Taxiak Tafallako Udalak zehazten dituen tokian eta berak dioen gisan geldituko dira; gainerakoan, ordenantza honetan orokorrean ezartzen diren arauei hertsiki lotuko zaizkie gelditzean.
7. Taxiak erabiltzaileak eskatzen duen tokian gelditzen ahalko dira bezeroak hartu eta utzi beharrez, betiere trafikoari trabarik egiten ez badiote.
8. Autobusak, berriz, Tafallako Udalak espresuki baimentzen dituen geralekuetan baizik ez dira geldituko bidaiariak hartu edo utzi ahal izateko.
9. Aparkatzea da ibilgailu bat 2 minutuz baino gehiagoz ibilgetzea, baldin eta zirkulazioak hala behartzen duelako ez bada.
10. Beste erabiltzaileek gainerako tokia ahalik eta hobekien erabiltzeko moduan aparkatuko da.
11. Tafallako Udalak aparkatze mugatuko araubidea ezartzen ahalko du halako eremu batzuetan, doakoa nahiz ordainpekoa, parkimetroen edo beste edozein sistemaren bidez arautua, trafikoa antolatzeko edo hautatzeko, edo aparkatzeko tokien banaketa bidezkoa bermatzeko.
12. Eskola garraioari eta haren geralekuei dagozkien determinazioak eta aldeak Tafallako Udalak erabakiko ditu, eta sektoreko araudia begiratu beharko dute.
3. artikulua. Autobusak, kamioiak, atoiak eta karabanak.
1. Tafallako bide guztietan zirkulatzeko murriztapenak Trafiko Zuzendaritza Nagusiak ezarritakoari jarraituko dio, hari baitagokio Tafalla gurutzatzen duten zeharbideen inguruan dituen eskumenak erabiltzea. Bide horietan zamalanak baizik ez dira egiten ahalko.
2. Debeku da 7.500 kg baino gehiagoko baimendutako gehieneko masa (BGM) duten ibilgailuak aparkatzea bizilagunentzako izan ezik, zeinek ibilgailu horiek aparkatzeko espazioak erabili beharko baitituzte.
3. Debeku da 3.500 kg baino gehiagoko baimendutako gehieneko masa duten kamioiak ibiltzea eta aparkatzea oinezko eremuetan eta oro har alde zaharrean.
4. Debeku da 21 bidaiari baino gehiagorentzako tokia duten autobusak udal-mugarteko bide guztietan aparkatzea.
5. Debeku horiek ez dira beteko behar bezala justifikaturiko salbuespen kasuetan, betiere aurretik agintari eskudunaren baimena eskuratu baldin bada.
6. Debeku da karabanak, atoiak eta erdi-atoiak aparkatzea, Udaleko organo eskudunek baimena eman ezik.
7. Oro har, autokarabanak aparkatuko dira ilaran aparkatzea uzten den eremuetan. Baterian, berriz, bakarrik aparkatzen ahalko dira haien luze-zabalak aparkatzeko tokia baino gehiago ez badira eta galtzadan edo espaloian berrogeita hamar zentimetro baino gehiago sartzen ez badira.
8. Orokorrean, debeku da karabana, atoi eta etxebizitza-ibilgailuetan bizitzea udal-mugartearen barrenean, salbu eta horretarako egokitutako tokietan. Horiek osasungarritasuna eta higienea bermatzeko bezainbat bitarteko izan beharko dute.
4. artikulua. Gelditzea.
Debekatuta dago gelditzea honako kasu eta leku hauetan:
a) Babeslekuetan, oinezkoen babesguneetan, erdibitzaileetan, oinezkoen eremuetan eta trafikoa bideratzen duten gainerako elementuetan.
b) Eraikinetako ibilgailuen sarrera-irteeretan, dagokien pasabide seinalea dutenetan.
c) Espaloi, pasealeku eta oinezkoak ibiltzeko gainerako tokien gainean.
d) Autobus, eskola garraio eta larrialdiko zerbitzuen geraleku behar bezala seinalatuetan.
e) Taxi geralekuetan eta salgaien zamalanetarako erreserbaturiko tokietan.
f) Gelditzeak gidariei ikusi beharreko trafiko seinaleak ikustea eragozten dien tokietan.
g) Bidaiarien garraio kolektiboko ibilgailuak Tafallako Udalak bidaiariak utzi edo hartzeko erreserbatu edo baimenduriko eremuetatik kanpora aparkatzen direnean.
h) Garraio publikoak edo bizikletek soilik erabiltzeko bide-lerroetan.
i) Jendeari higiezinetara sartu edo handik ateratzea eragozten zaionean.
j) Zubietan, tuneletan eta gainetiko pasabideen azpian, non ez dagoen kontrako seinalerik.
k) Semaforoek araututako gurutzagune batean, gurutzagunea arautzen duten semaforoei eusteko zutoinek mugaturiko eremuaren barnean, seinaleek kontrakoa adierazi ezik.
l) Zirkulazioaren bi noranzkoko bideetan, noranzkoaren ezker aldean gelditzean.
m) Bigarren ilaran.
n) Galtzadaren erdian, espresuki baimendurik egon ezean.
o) Desgaitasuna dutenek beste inork ez erabiltzeko toki seinalatuetan.
p) Lorategietan.
q) Ibilgailu edo oinezkoen zirkulazioa arriskuan jartzen edo larriki trabatzen duen beste edozein tokitan.
5. artikulua. Aparkatzea.
1. Honelakoetan debeku da aparkatzea:
a) Debekatzeko seinale zutikako edo etzana duten tokietan.
b) Espaloi, pasealeku eta oinezkoak ibiltzeko gainerako tokien gainean.
c) Autobus, taxi, eskola garraio, erakunde ofizial eta larrialdiko zerbitzuen geraleku behar bezala seinalatuetan.
d) Zamalanetarako erreserbaturiko tokietan, erreserbarako behar diren seinaleen bidez ezarritako ordutegiaren barnean.
e) Gidariei ikusi beharreko trafiko seinaleak ikustea eragozten dien tokietan.
f) Jendeari higiezinetara sartu edo handik ateratzea eragozten zaionean.
g) Bigarren ilaran, edozein kasutan.
h) Edukiontzien ondoan, zabor bilketa galarazi edo oztopatuta.
i) Aparkaleku publikoetan, ongi aparkatutako ibilgailu bat ateratzea eragotzi edo oztopatuta.
j) Garraio publikorako erreserbaturiko bide lerroetan.
k) Desgaitasuna dutenek beste inork ez erabiltzeko toki seinalatuetan.
l) Pasabide behar bezala seinalatuetan, aparkatzeko debekua dagoen ordutegiaren barnean.
m) Galtzadaren erdian, espresuki baimendurik egon ezean.
n) Udal agintaritzak ordutegi mugatuan aparkatzeko gaitutako lekuetan, horretarako baimena ematen duen bereizgarria jarri gabe edo, bereizgarria jarrita ere, ibilgailua aparkaturik uztean udal ordenantzak gehienez uzten duen denbora baino luzeago.
ñ) Oinezkoentzako pasabideetan, txirrindularientzako pasabideetan eta bide gorrietan.
o) Ilaran aparkatzean, dauden seinaleen arabera baterian aparkatu behar bada.
p) Bide bazterrean.
q) Aldi batean bestelako erabilera edo jarduketetarako okupatu behar diren tokietan. Toki horiek behar bezala seinaleztatu beharko dira, gutxienez ere hogeita lau ordu lehenago.
r) Ibilgailu bat eremu publikoan aparkaturik gelditzen denean salgai edo alokairuan jarri delako, eta funtsean publizitate helburuekin, edo kalez kaleko salmenta baimendu gabean edo bestelako jarduera ez zilegietan aritzeko, edo behin baino gehiagotan konpontzeko.
s) Landa eta orubeetan, hara sartzeko modu bakarra espaloietan barna denean.
t) Lorategietan.
u) Bide publikoko toki berean, hilabete baino gehiago.
2. Nolanahi ere, ibilgailuaren jabeak egiaztatu behar du, berez edo beste pertsona edo bitarteko baten bidez, bere ibilgailua ez dagoela behar ez bezala aparkaturik, seinaleak edo trafikoaren antolamendua nolanahi aldatu direlako; horretarako, berrogeita zortzi orduko epea izanen du gehienez, eta horretarako egun baliodunak kontatuko dira.
II. KAPITULUA.–ORDUTEGI MUGATUAN APARKATZEKO EREMUA
1. ATALA.–APARKATZE MUGATUKO EREMUAK
6. artikulua. Aparkatze mugatuko eremuak.
1. Aparkatze mugatuko eremuak (AME, laburturik) dira Tafallako udal-mugarteko jabari eta erabilera publikoko eremu batzuk, zerrenda urdin batek zedarrituak; haietan, beren sektorearen barnean bizilagun-txartela agertzen duten ibilgailuak baizik ez dira aparkatzen ahal, denbora mugarik gabe; gainerako ibilgailuak, berriz, horretarako bidea ematen duen tiketa ateratzean ordaintzen den denboran.
2. Tokiko Gobernu Batzarrak erabakiko du zein diren aparkatze mugatuko eremuak eta horiek aldatzeko ahalmena izanen du.
7. artikulua. Ordutegi mugatua.
1. Aurretiaz ordainduta, aparkatze mugatuko eremuetan egun eta ordu hauetan aparkatzen ahalko da:
a) Lanegunak, astelehenetik ostiralera: bederatzi eta erdietatik ordu bata eta erdira, eta lauretatik zortzietara.
b) Bederatzi eta erdietatik ordu bata eta erdira.
2. Aparkatze mugatuko eremuetan aparkatze librea izanen da igande eta jaiegunetan.
3. Bizilagunek bizilagun-txartela eskuratu ondoan aparkatzen ahalko dute beren sektorean.
4. Tokiko Gobernu Batzarrak aldatzen ahalko ditu datak eta ordutegiak, erabaki baten bidez.
8. artikulua. Aparkatzearen kontrola.
1. Aparkatze mugatuko eremuetan, tiketak saltzeko delako eremuetan paratutako makinetan erositako tiketaren bidez edo horren ordezko ordainketa telematikoaren bidez kontrolatuko da aparkatzea. Tiketean data eta aparkaldiaren hasiera eta bukaeraren ordu zehatzak agertuko dira, baita ordaindutako zenbatekoa ere. Aurreko haizetakoen barne aldean paratuko da, datu guztiak kanpotik irakurtzeko maneran.
2. Aparkatze mugaturako ezarritako ordutegiaren barnean, ezin izanen da aparkatu alde horretako karriketan, horretarako bidea ematen duen tiketa erosi ezean. Salbuespena izanen dira mugapenak ukitu gabeko ibilgailuak.
9. artikulua. Tarifak.
Dagokion ordenantza fiskalean ezarriko dira aparkatze mugatuko eremuetan ordaindu beharreko tarifak.
10. artikulua. Aparkatzeko gehieneko denborak.
1. Bizilagun-txartela izan ezean, tiketak zenbat denbora markatzen duen, horrenbeste iraunen du aparkaldiak, eta ez gehiago.
2. Ibilgailua gehienez ere ehun eta hogei minutu egoten ahalko da aparkatuta. Denbora akituta, hurrengo hamar minutuan gutxienez ere lehengo lekutik 100 metrora mugitu beharko da ibilgailua, aparkatze mugatuko eremuan segituz gero.
3. Tokiko Gobernu Batzarrak aldatzen ahalko ditu aparkatzeko gehieneko denborak, erabaki baten bidez.
11. artikulua. Aparkatzeko murriztapenaren salbuespenak.
Aparkatzeko muga edo murriztapenik at geldituko dira:
1. Horretarako bidea ematen duen txartela indarrean duten bizilagunen ibilgailuak, beren sektorearen barnean eta betiere garbi ikusteko maneran badute.
2. Motozikletak, ziklomotorrak (hiru eta lau gurpilekoak izan ezik) eta bizikletak, nahiz eta, betiere, aparkatu beharko diren horretarako prestatutako tokietan, eta sekula ere ez ibilgailuentzat erreserbatutako eremuetan.
3. Zamalanetan ari diren merkataritzako ibilgailuak, horretarako ezarritako ordu eta tokietan ari badira.
4. Anbulantziak, zerbitzuan ari direnean.
5. Taxi ibilgailuak, gidaria bolantera jarria eta zerbitzu egiten ari bada.
6. Hilotzak eramateko autoak, zerbitzu egiten ari badira.
7. Suhiltzaileen, larrialdietako, Gurutze Gorriaren, DYAren eta poliziaren ibilgailuak, zerbitzu egiten ari badira.
8. Ferietako salerosleen ibilgailuak (ferietako salerosle bakoitzeko ibilgailu bat), saltzeko baimena dutenak Tafallako Udalak emanik, aipatu diren baldintza eta lekuetan, otsaileko eta urriko feria egunetan. Ibilgailuak beharko du bistan izan Udaltzaingoak emaniko salmentarako baimenaren kopia konpultsatua, haizetakoaren barrenean, kanpotik behar bezala ikusteko gisan.
9. Aparkatzeko baimena duten ibilgailuak (mugikortasun murriztua duten pertsonentzako erreserba bereziak, hoteletakoak, zentro ofizialetakoak, eta abar), horretarako erreserbaturik dauden toki eta orduetan.
10. Baimena duten beste ibilgailu batzuk.
2. ATALA.–BIZILAGUNAK
12. artikulua. Nor den bizilagun.
1. Txartela eskuratzeari dagokionez, sektoreko bizilaguna izateko baldintza hauek bete behar dira:
a) Pertsona fisikoa izatea eta sektorearen barnean dagoen etxebizitza batean erroldatua, eta hura bere ohiko eta benetako bizitokia izatea. Halaber, txartela zein ibilgailutarako eskatzen den, ibilgailu horrek, eskatzailearen izenean egoteaz gain, leku berean egon behar du helbideratua.
b) Tafallako Udalari bizilaguntxartela eskatu eta hura eskuratzea, eredu ofizialaren araberako eskaerarekin batean agiri hauek aurkeztuta:
1.–Nortasun agiri nazionalaren kopia konpultsatua, eskatzailearen gidabaimenarena eta ibilgailuaren zirkulazio baimenarena.
2.–Autoaren aseguru polizaren kopia konpultsatua eta ibilgailuen ikuskapen teknikoak eman aldeko txostenarena, hura eduki behar bada.
3.–Urteko zenbatekoa ordaindu izanaren frogagiria. Zenbateko hori tasa izanik, behar den ordenantza fiskalean finkatuko da.
c) Bizilagun-txartela eskuratuz geroztik egoera aldatu ez izana eta, beraz, hura lortzeko eskatzen diren baldintza guztiak betetzen jarraitzea.
2. Udal zerbitzuek beharrezkotzat jotzen dituzten ikerketak eginen dituzte inguruabar horiek betetzen direla frogatzeko.
13. artikulua. Sektorea.
Txartela duen bizilagunak bere sektorean aparkatzeko baimena du, eta sektore hori du aparkatze mugatuko eremuaren barnean bere bizitokiaren parean duen aldea, delako higiezineko sarrera ordutegi mugatua ez duen beste bide publiko batean izanik ere.
14. artikulua. Bizilagun-txartela.
1. Lagun bakoitzeko ez da, inola ere, bizilagun-txartel bat baino gehiago emanen, haren izenean zenbanahi auto egonik ere.
2. Bizilagun-txartela ibilgailuen aurreko haizetakoen barnealdean paratuko da, kanpotik garbi ikusteko moduan. Txartelean zein urte agertzen den, urte hartarako balioko du eta eskatzailearentzat eta eskariko ibilgailurako baizik ez da izanen.
3. Txartela duen bizilagunak denbora mugarik gabe aparkatzen ahal du bere sektorean libre dauden aparkatzeko tokietan. Bere sektoretik kanpora, bizilaguna arauketa honen murriztapen guztien menpe egonen da, eta arlo hau arautzen duen ordenantza fiskaleko tasa ordainduko du.
4. Txartela eskuratzen duten eskatzaileak haren erantzule izanen dira, eta etxez edo ibilgailuz aldatzen direnean, edo hartarako eskubidea ematen duen edozein baldintza aldatzen denean, horren berri eman beharko diote Udalari, gehienez ere astebetean. Hartara, txartel berria eskuratuko dute, horretarako eskubidea izanez gero, edo anarteraino indarra izan duen txartela indargabetuko zaie.
5. Bizilagun-txartel berria eskuratzeko, nahitaezkoa izanen da zaharra itzultzea interesdunari berria ematen zaionean, bai eta behar den tasa ordaindua izatea ere.
Halaber, txartel berria eskuratzeko eskubidea galduz gero etxez aldatzeagatik edo beste edozein baldintza aldatzeagatik, halakoetan ere txartela itzuli beharko da.
Txartela ebatsi edo galduz gero, berehalakoan eman behar zaio horren berri udalari.
6. Tafallako Udalak noiznahi begiratu dezake txartelak emateko ezarritako baldintzak betetzen ote diren, eta betetzen ez dituztenei baliorik gabe utziko dizkie, bidezko beste neurri edo zehapenak deusetan ukatu gabe.
III. KAPITULUA.–ZAMALANAK
15. artikulua. Arau orokorrak.
1. Salgaien garraioan aritzen diren ibilgailuek eginen dituzte zamalanak, Udalak haietarako erreserbatutako eremuetan eta erregelamenduzko seinale etzan edo zutikakoen bidez adierazitako orduetan; betiere, ibilgailuak 2,50 metro zabal edo 5,5 metro luze izanen dira, gehienez ere.
2. Hiribideetan salgaiak banatzeko dauden ibilgailuentzako baimendutako gehieneko masa (BGM) 8.000 kg izanen da; pisu handiagoa eramaten duten ibilgailuek behar den udal baimena eskuratu beharko dute lan horiek egin ahal izateko.
3. Inolaz ere ez daiteke eragotz edo oztopa oinezkoen eta ibilgailuen ibilia, ezta atari, saltoki edo pasabide baimenduen sarbiderik ere. Horretarako, zamalanetan erabiliko diren merkataritzako gaiak, materialak eta gauzak, lurrean utzi gabe, zuzenean eramanen dira ibilgailutik eraikinera edo alderantziz.
4. Lan horiek egiteko behar adina langile egonen da, eta arretaz ariko dira, azkar, arriskurik gabe eta zarata gutxi aterata.
5. Ibilgailuak espaloiarekiko paraleloan lerrokatu beharko dira, ertzaren kontra, aurrealdea zirkulazio orokorraren norabidean, salbu eta bateriako aparkalekuetan, kasu horretan ibilgailuak ezin izanen baitira horretarako seinalatu den eremutik kanpora atera.
6. Aipatutako zamalanak gauzatzeko ezarritako ordutegiak honako hauek izanen dira orokorrean: lanegunak diren astelehenetatik ostiraletara zortzi eta erdietatik ordu batera, eta lau eta erdietatik zortzietara.
Egoera berezietarako aipatutakoak ez diren beste ordutegi batzuk onartu ahal izanen dira, dagokion alkatetzaren ebazpenaren bidez.
16. artikulua. Denbora.
1. Zamalanetarako erreserbatuetan ezin izanen da aparkatu lan horiek egiteko behar den denbora baino luzeago, eta inoiz ez 30 minutu baino gehiago.
2. Salbuespenez, desgaitasuna duten pertsonentzako aparkatzeko txartela duten ibilgailuei utziko zaie gehienez ere 20 minutuz aparkatzera.
17. artikulua. Kasu bereziak.
Zamalanetarako eremu berariazkoetatik kanpora, Udalak ematen ahalko ditu, aldi baterako erreserbak, halako lan zehatz batzuk egiteko, hala nola etxe aldaerak, fuel horniketak eta gisakoak.
IV. KAPITULUA.–DESGAITASUNA ETA MUGIKORTASUN MURRIZTUA DUTEN PERTSONENTZAKO APARKATZEKO TXARTELA
18. artikulua. Mugikortasun murriztuko pertsona desgaituei eta eskubidearen titularrei ibilgailuak aparkatzeko ematen zaien txartelaren definizioa.
Nafarroako Gobernuan eskubide sozialen arloan eskumena duen departamentuak egindako egungo erregulazioaren arabera, desgaitasuna izan eta mugikortasun murriztua duten pertsonentzako ibilgailu automobilak aparkatzeko txartela, hemendik aurrera aparkatzeko txartela, agiri publiko bat da, aurreikusitako baldintzak betetzen dituzten pertsonek ibilgailu automobilak aparkatzeko duten eskubidea egiaztatzen duena, ibilgailuarekin ahalik eta hurbilen geldi daitezen irteerako lekutik edo helmugatik.
Aparkatzeko txartela eskuratzeko eskubidearen titular izanen dira, Tafallako bizilagunak izanik, honako kasu hauetakoren batean dauden pertsonak:
1. Desgaitasuna duen pertsonaren izaera ofizialki onartua duten pertsona fisikoak, Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorreko testu bateginaren 4.2 artikuluan ezarritakoaren arabera (azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuak onetsi zuen), eta, horretaz gainera, ondoko egoera hauetakoren batean baldin badaude:
a) Mugikortasun murriztua izatea, Desgaitasun-maila aitortu, onartu eta kalifikatzeko prozedurari buruzko abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuaren III. eranskinean jasotakoaren arabera. Mugikortasun murriztua dutela usteko da baldin eta honako egoera hauetakoren batean baldin badaude:
–Gurpil-aulkia nahitaez erabili behar badu.
–Ibiltzeko makila-parea nahitaez erabili behar badu.
–Ibil badaiteke ere, kontrolatzen zailak diren jokabide oldarkor edo jasangaitzak baditu, garraioko baliabide normalizatuak erabiltzea galarazten dioten desgaitasun psikiko astunak dituelako.
–Mugitzeko debekuak baditu eta gutxienez 7 puntukoak badira 1971/1999 Errege Dekretuko II. eranskineko mugikortasun murriztuko baremoan.
b) Begirik onenean 0,1eko ikusmen-zolitasuna edo hori baino txikiagoa izatea zuzenketarekin, edo 10 gradura edo gutxiagora murriztutako ikus-eremua izatea, desgaitasuna baloratzearen arloan eskumena duen unitateak hala erabakita.
2. Desgaitasuna duten 3 urtez beherako adingabeak, mugikortasuna modu larrian mugatzen duten laguntza-produktuak (gurpil-aulki bereziak, arnasgailuak...) etengabe behar dituztenak; aparatu horiek ezinbestekoak dira beren bizi-funtzioetan. Egoera hori onartu behar du desgaitasuna baloratzearen arloan eskumena duen unitateak eta egoera hori aitortu behar da desgaitasunaren arloan eskumena duen organoak emandako ebazpenaren bidez.
3. Desgaitasuna izan eta mugikortasuna murriztua duten pertsonen garraio kolektiborako soilik egokitutako ibilgailuen titularrak diren pertsona fisikoak edo juridikoak, baldin eta norberaren autonomia sustatu eta mendekotasuna duten pertsonei laguntzeko gizarte-zerbitzuak ematen badituzte (gizarte-zerbitzu horiek aipatzen dira Norberaren autonomia sustatzeari eta mendekotasuna dutenei laguntzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legean eta Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren testu bateginean –azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuak onetsi zuen testu bategin hori–).
19. artikulua. Aparkatzeko txartelaren ezaugarriak eta hura erabiltzeko baldintzak.
1. Aparkatzeko txartelaren ezaugarriak jarraian adierazitako Foru Aginduan zein horren eranskinetan adierazitakoak dira: 52/2022 Foru Agindua, martxoaren 7koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, desgaitasuna duten pertsonentzako aparkatzeko txartela arautzen duena Nafarroako Foru Komunitatean.
2. Pertsona baten izenean eta haren onurarako emandako aparkatzeko txartela bakarra, pertsonala eta besterenezina izanen da eta, orobat, soilik erabiliko da titularra ibilgailua gidatzen ari denean edo hartan garraiatzen dutenean. Pertsona horrek aurreko artikuluko 1., 2. eta 3. apartatuetan zehaztutako baldintzak bete beharko ditu.
3. Pertsonala eta besterenezina izanen da 3.3 artikuluan aipatutako pertsona fisikoaren edo juridikoaren izenean emandako aparkatzeko txartel bakarra, eta mugikortasun murriztuko pertsonen garraio kolektiborako soilik erabiliko den ibilgailuaren matrikula-zenbaki bati lotuta egonen da eta eraginkorra izanen da soilik ibilgailuak aurreko artikuluko 1. eta 2. apartatuetan aipatutako egoeraren batean dauden pertsonak modu eraginkorrean garraiatzen dituenean.
4. Aparkatzeko txartelak balioko du txartelaren titularrak hura emateko eskatu ziren baldintzak betetzen dituen bitartean.
20. artikulua. Titularren eskubideak eta betebeharrak eta erabilera mugak.
1. Aparkatzeko txartelaren titularrek eskubide hauek izanen dituzte, baldin eta txartela ibilgailuaren barnealdean ikusteko moduan jartzen badute:
a) Aparkatzeko tokia erreserbatzea etxetik edo lantokitik hurbil, kasuan kasuko administrazioari eskaera egin eta beharra justifikatu ondoren, autonomia erkidegoko edo tokiko administrazioek ezartzen dituzten baldintzen arabera. Aparkatzeko tokia mugikortasun murriztuko sinboloarekin seinaleztatuko da.
b) Desgaitasuna duten pertsonentzako gaitutako lekuetan aparkatzea.
c) Beharrezkoa duten denboran aparkatzeko eskubidea, aparkatzeko denbora mugatua duten eremuetan.
d) Zamalanetarako gordetako tokietan gelditzea edo aparkatzea, udalek ezarritakoarekin bat, oinezkoei edo trafikoari kalterik egiten ez zaien bitartean.
e) Bidearen edozein tokitan gelditzea, arrazoi justifikatuak tarteko eta behar den denboraz, oinezkoei edo trafikoari eragozpenik sortzen ez bazaie, eta agintaritza-agenteek emandako jarraibideak betez betiere.
f) Bertako bizilagunentzako zirkulazioa mugaturik duten bide, eremu nahiz guneetan sartzea, baldin eta aipatutako eremu horren barnean dagoen toki batera badoaz.
2. Aparkatzeko txartela izateak ez du inolaz ere aparkatzeko baimenik ematen oinezkoentzako gune edo pasabideetan, gelditzea debeku den toki eta kasuetan, ibilgailuen pasabideak edo larrialdietarako irteerak oztopatzen dituzten tokietan, segurtasun publikoagatik mugatutako eremuetan eta zirkulazio-erreiak murrizten dituzten espazioetan ("bigarren ilarak").
3. Aparkatzeko txartelaren titularrak behartuta daude honako hauetara:
a) Txartela behar bezala erabiltzera, artikulu honetan ezarritako erabilera-baldintzen arabera eta betiere dagokion foru aginduan ezarritako txartel-formatua erabiliz.
b) Aparkatzeko txartela ibilgailuaren aurreko panelean paratzera edo aurreko haizetakoaren barnean itsastera, txartelaren aurrealdea kanpotik argi ikusteko moduan utziz.
c) Bere burua identifikatzera agintaritza-agente batek hala eskatzen dionean, bere nortasuna frogatzeko erakutsiz, hartara, nortasun-agiri nazionala, identifikazio fiskalaren zenbakia, bizileku-txartela edo bestelako identifikazio-agiri ofizialen bat. Halakorik ez badu, ez du aparkatzeko txartela erabiltzen ahalko. 14 urtetik beherako adingabeek nortasuna froga dezakete desgaitasun-maila onartzen duen agiria erakutsiz.
d) Agintaritzako agenteekin elkarlanean aritzera, ahalik eta gehien saihesteko aparkatzeko txartela erabiltzeak berekin dakartzan eskubideak gauzatzean gerta daitezkeen trafiko-arazoak.
e) Txartela eman duen erakundeari adieraztera aparkatzeko txartela emateko eskaturiko betebeharretan gertatutako edozein aldaketa, hala nola bizilekua aldatu izana, edo txartela hondatu, galdu edo lapurtu izana. Hala gertatu bada, behar den salaketa jarri beharko da.
f) Aparkatzeko txartel iraungia itzultzea, txartela berritzeko unean edo indarraldia bukatzen denean.
4. Betebehar hauek betetzen ez badira aparkatzeko txartela aldi baterako erretira daiteke (6 hilabete arte) eta betebehar horiek behin eta berriz betetzen ez badira, aparkatzeko txartela ken daiteke, ordenamendu juridikoan aurreikusitako zehapenak galarazi gabe.
5. Pertsona fisikoek zein juridikoek aparkatzeko txartela iruzur eginez erabiltzen badute, hura ezereztatuko da, ordenamendu juridikoan aurreikusitako zehapenak galarazi gabe.
6. Txartela ezereztatzen bada, titularrak ez du berriz beste txartel bat eskatzen ahalko, ezereztatzen den egunetik hasita urtebeteko epean.
21. artikulua. Aparkatzeko txartela eman eta egiteko prozedura. Txartela eman eta egiteko prozedura hauxe izanen da:
1. Espedienteari hasiera emateko, interesdunak edo haren legezko ordezkariak eskaera egin beharko dio udalerriko toki erakundeari, erroldatuta dagoen hari.
2. Hasierako eskaera horrek ez baditu exijitutako betekizunak betetzen, interesdunari eskatuko zaio akatsa zuzen dezan edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzan, gehienez ere 10 egun balioduneko epean. Ohartaraziko zaio ezen, hala egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela joko dela, aginduzkoa den ebazpena eman ondoren; ebazpen hori Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako moduan eman beharko da.
3. Eskaerarekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:
–Eskatzailearen izen-deiturak.
–Karneterako bi argazki. Udalak baliabideak jar ditzake argazkiak egiteko, interesdunak aldez aurretik baimena eman ondoren.
–Nortasuna frogatzen duten agiriak.
–Txartela berritu nahi denean, iraungitako txartela.
–Eskaera desgaitasuna duten pertsona fisikoek egiten dutenean, egiaztagiri ofiziala, zeinetan adieraziko den desgaitasuna duen pertsona dela, mugikortasuna murriztua duela edo begirik hoberenean ikusmen zolitasuna 0,1ekoa edo gutxiagokoa duela zuzenketarekin edo 10 gradura edo gutxiagora murriztutako ikus-eremua duela. Egiaztagiri hori desgaitasun-maila kalifikatu eta aitortzeko talde multiprofesionalek emanen dute.
–Txartela eskatzen dutenean pertsona fisikoek eta juridikoek desgaitasuna duten pertsonen garraio kolektiboa egiteko, norberaren autonomia sustatu eta mendekotasuna duten pertsonei laguntzeko gizarte-zerbitzuak ematen dituztela egiaztatzen duen agiria aurkeztu beharko dute.
–Behin-behineko txartela eskatzen bada: osasun zerbitzu publikoetako mediku fakultatiboek emandako ziurtagiria, balioztatu beharko duena eskatzailearen bizilekuan eskumena duten osasun zerbitzuetako ikuskaritzak.
4. Aurrekoa gorabehera, interesdunak ez dira behartuak egonen beste administrazio publiko batzuek prestatutako agiriak aurkeztera, baldin eta horiek kontsultatzeko edo jasotzeko baimena ematen badute, ezta dagoeneko Administrazioaren esku dauden agiriak aurkeztera ere; azken kasu horretan, zein unetan eta zein administrazio organoren aurrean aurkeztu ziren adierazi beharko dute.
5. Txartela eman aurretik, udalak egokitzat jotzen duenean, arloan eskumena duen Nafarroako Gobernuko departamentuari txosten bat eska diezaioke, zeinetan egiaztatuko baita eskatzaileak betetzen dituela txartela izateko eskubidea ematen duten baldintzak; bai eta, orobat, eskatzaileak aurkeztutako dokumentazioaren inguruko edozein argibide ere.
6. Udalak eskaera ebatziko du eta interesdunari jakinaraziko dio gehienez ere hiru hilabeteko epean, aparkatzeko txartela eskuratzeko eskaera behar den erregistroan sartu den egunetik kontatzen hasita. Epe horretan berariazko ebazpenik ematen ez bada, eskaera onartutzat jo beharko da, berariazko ebazpena emateko betebeharra galarazi gabe; ebazpen hori beti eskaera ontzat emateko izanen da.
7. Eskaerari uko egiten bazaio, ebazpena eman beharko da eta hartan adierazi kasu bakoitzean zer inguruabar dagoen, eta zein diren gertatutako egitateak eta aplikatu beharreko arauak.
22. artikulua. Aparkatzeko txartelaren indarraldia eta berritzea.
1. Mugikortasun edo ikusmen zolitasun murriztua duten pertsona fisikoei emandako aparkatzeko txartelek eta garraio kolektiborako egokitutako ibilgailuetako aparkalekuetako txartelek bost urteko balioa izanen dute.
Epe hori bukaturik, txartela berritu beharko da, desgaitasunaren balorazioan gerta daitezkeen aldaketak gorabehera (aldaketa horiek berekin ekar dezakete txartelak indarra galtzea).
2. Aparkatzeko txartela haren indarraldiaren barnean berritzeko eskaera aurkezten bada, aurretik emandakoaren baliozkotasuna luzatzen du prozedura ebatzi arte. Eskaera aurkezten bada azken txartelaren indarraldia bukatu eta ondoko laurogeita hamar egun naturalen barnean, indarrean segituko du aurreko txartel horrek, harik eta berritzeko prozedura ebatzi arte.
3. Dena dela, aparkatzeko txartelak balioko du txartelaren titularrak hura emateko eskatu ziren baldintzak betetzen dituen bitartean.
23. artikulua. Aparkatzeko behin-behineko txartela ematea.
1. Arrazoi humanitarioak tarteko, salbuespenez emanen zaie ibilgailu automobilak aparkatzeko behin-behineko txartela mugikortasun murriztua duten pertsonei, nahiz eta mugikortasun hori ofizialki aitortua ez egon, muturreko larritasuneko eritasunagatik edo patologiagatik eta horrek berekin ekar dezakeenean bizi-itxaropena asko murriztea –bizi-itxaropen hori bere adinerako eta gainerako egoera pertsonaletarako arruntzat hartuta–, kontuan izan behar baita seguruenik ez dela astirik izanen aparkatzeko txartelaren eskaera arrunta tramitatzeko.
2. Aparkatzeko behin-behineko txartela eskuratzeko, aurreko apartatuan adierazitako egoerak egiaztatu beharko dira Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko sendagile fakultatiboek emandako ziurtagiriaren bitartez; eskatzailearen bizilekuari dagozkion osasun-zerbitzuetako ikuskatzailetzak baliozkotu beharko du ziurtagiri hori.
3. Aparkatzeko behin-behineko txartela duten titularrek arau honetako eskubideak, beharkizunak eta erabilera-baldintzak izanen dituzte, emakidak irauten duen bitartean.
4. Aparkatzeko behin-behineko txartela gehienez ere sei hilabeterako emanen da eta urtebete luzatzen ahalko da, gehienez ere.
24. artikulua. Bestelako erreserbatuak.
1. Administrazio publikoek, beste erakunde publikoek eta interes orokorrak edo gizartearenak asetzen dituzten entitate pribatuek toki erreserbatuak eskatzen ahalko dituzte beren egoitza edo helbide fiskaletatik hurbil aparkatzeko.
2. Erreserbatzeko tokiak hagitz kasu mugatuetan baizik ez dira onartuko, eta betiere hala egitea trafikoarentzako edo ibilgailuen joan-etorriarentzako mesedegarri, eragozpenak kentzeko baliagarri edo nolanahi dela ere interes publikoarentzako onuragarri gertatzen den neurrian.
3. Orokorrean, aparkatzeko toki erreserbatua ordutegi mugatuan onartuko da; salbuespenetan baizik ez da mugarik emanen, aurretik arrazoi aski ematen badira.
4. Udalak bere aldetik erabakitzen dituen baldintzak paratzen ahal ditu ematen den lizentziari dagokionez, eta emate hori berritu edo bere aprobetxamendua aldatzen ahalko da noiznahi eta kalte-ordainik izan gabe.
5. Eskumena duen udal organoak, eskaera eta bestelako alderdi batzuk azterturik, hala nola alde horretako trafikoa eta aparkatzea, erreserbatua baimendu edo ezetsiko du, eta erabakiko du zein ibilgailuk erabiltzen ahalko duten eskaera egin dutenen artean. Halaber ematen ahalko du Udalaren beste ibilgailu batzuek edo beste administrazioetakoek erabiltzeko baimena. Ibilgailu bakoitzerako txartelak jaulkiko ditu, eta horiek ikusgai paratu beharko dituzte erreserbatua erabiltzen dutenean.
6. Tokia erreserbatzeko lizentziak eskatu nahi izanez gero, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:
–Eskariaren xedea zehazten duen eskaera, onura jasoko lukeen jardueraren titularrak sinatua.
–Eskatzen den erreserba beharrezkoa eta trafikoarentzako oro har nahiz interes publikoarentzako onuragarria dela frogatzeko txostena.
–Planoa, erreserbatzeko eskatzen den tokia ahalik eta zehatzena adierazi eta mugatzen duena.
7. Erreserbarako lizentzia hauek arlo hau arautzen duen ordenantza fiskalean ezartzen diren tasak izanen dituzte.
V. KAPITULUA.–PASATZEKO LIZENTZIAK
25. artikulua. Pasatzeko lizentziaren definizioa.
1. Bi gurpil baino gehiagoko ibilgailuak erabilera pribatuko lokal edo eremuetara, espaloietan edo oinezkoen erabilera publikoko eremuetan barna pasatzeko, beharrezkoa izanen da pasatzeko udal lizentzia edukitzea.
2. Pasatzeko lizentzia hau nahitaezkoa da aurreko paragrafoan adierazitako oinarrizko kasuan, nahiz eta hura baliatzeko ez den eskatzen pasagunean edo parean aparkatzeko debekua, bai trafiko arauek sektorean gelditzea edo aparkatzea debekatzen dutelako bai erabiltzen ez delako, edo beste arrazoi batzuengatik.
26. artikulua. Pasatzeko lizentziaren baldintzak.
1. Pasatzeko lizentzia bakar bat ematen ahalko da lokal bakoitzeko, lokala izanik espazio-unitate fisiko bat, besteetatik guztiz eta modu iraunkorrean isolatua fabrika-obrako tarteen bidez.
Orokorrean, ematen den lizentzia, luzeraz, ez da lokalean sartzeko atearen zabalera haren %20 baino gehiago izanen, eta gehienez ere 4,5 metro izanen ditu, alboetako piezako errematea barne ez dela.
Gainera, lizentzia honen izaera murriztailea denez, interes publikoak hartaratuta, ahaleginak eginen dira elkarrengandik hurbil edo ondoan diren lokalak (bereziki titular berarenak ez badira) banan-banan ez baliatzeko lizentzia horietaz.
2. Salbuespenez handitzen ahalko dira arestiko mugak, hala nola ibilgailuak altxatzeko lokaletan sartzeko pasaguneetan, ibilgailu kopuru handia altxatzeko edukiera badute, eta orobat beste kasu bakan eta arrazoituetan.
3. Orokorrean, pasatzeko lizentziak egoera hauetan baizik ez dira emanen:
a) Merkataritzarako edo industriarako lokaletan, jardueraren ezaugarri orokorrengatik, ibilgailuen ohiko sar-aterak nahitaezkoak direnean.
b) Familia bakarreko etxebizitzetan, udal planeamenduak araututako aldeetan, betiere baldintza hauek betetzen badituzte:
1.–Eremuak familia bakarreko etxebizitzetarako antolamendua izatea, eta gisa hartara eraikia.
2.–Eremu publikoan halako jarduketa batzuk egiteko murriztapen nabarmenik ez ekartzea.
3.–Familia bakarreko etxebizitzaren eremu pribatiboaren barnean aparkatzeko tokia izatea.
c) Ibilgailuak altxatzeko lokalak, aurreko ataletan sarturik egon gabe, ibilgailuen ohiko sar-aterak behar dituztenak.
27. artikulua. Ordutegia.
1. Lizentziak ordutegi mugatuan edo gau eta egun erabiltzeko izan daitezke, baina lehenbizikoak arau orokorra izanen dira.
2. Gau eta egun pasatzeko lizentziak hagitz modu murriztuan emanen dira, eta nahitaezko kasuetan, hala nola bi ibilgailu baino gehiagorentzako edukiera duten gordailuetan, familia bakarreko etxebizitzetan, larrialdiko zerbitzuetan edo interes edo zerbitzu publikoko bestelako zerbitzuetan, baita merkataritzako edo industriarako establezimenduetan ere, beren beharra behar adina arrazoitzen badute.
3. Ordu jakin batzuetan pasatzeko lizentziak merkataritzako edo industriarako establezimenduetan eta 2 ibilgailu baino gutxiagoko edukiera duten gordailuetan erabiliko dira betiere.
4. Ordu jakin batzuetan pasatzeko lizentziek aukera emanen dute ibilgailuak pasatzeko gehienez ere hamabi orduz egunean, ordutegia 8:00etatik 20:00etara dutela, jaiegunetan izan ezik (bestelako akordio espresua salbu, merkataritzako edo industriarako establezimenduetan), eta 20:00etatik 8:00etara, 2 ibilgailu baino gutxiagoko edukiera duten gordailuetan.
28. artikulua. Seinaleak.
Pasabideetan seinale zutikako nahiz etzanak paratu beharko dira, gisa honetara:
–Zutikako seinaleak erregelamenduzko debeku plakak izanen dira, atearen erdian edo, salbuespenez, lokal edo espazio pribatuko sarbidearen alde batera ezarriko direnak; ordutegia eta aparkatzeko debeku gau eta egunekoa agertuko dituzte.
–Plaken beheko aldea zorutik 1,50etik 2 metro bitarteko garaierara egonen da, Udaleko zerbitzu teknikoek salbuespenez besterik baimentzen dutenetan izan ezik.
–Plakak tasa baten truke Udalak ematen duen eredu ofizialekoa izan behar du, eta identifikazio zenbaki bat izan beharko du.
–Gainera, pasatzeko lizentzia halako ordu jakin batzuetarako denean, hori erraz ikusteko maneran agertuko da seinaleetan.
–Seinale etzanak paratzeko, pasabidea edo zintarriko beherapena gorriz eta zuriz pintatuko da, kolore bakoitzari 50 zentimetroko zabalera emanen zaiola. Bestalde, galtzadan pasabidea mugatzeko bi marra hori elkarzutak pintatuko dira, 2 metro luze eta 15 zentimetro zabal izanen direnak, kolore hori eta zabalera bereko marra hautsiak baturik, edo marra eten bat, aparkatzeko tokirik ez dagoenean.
29. artikulua. Zintarria edo pasabidea beheratzea.
1. Pasatzeko lizentziek pasabidea edo zintarria beheratu beharko dute haren garaiera bost zentimetro edo gehiagokoa denean. Espaloiaren zabalera 1,80 metro baino handiagoa bada, lehen baldosan horren araberako beheratu egin beharko da, gehienez ere 0,30 metroko luzeran.
2. Espaloiko zintarrian edo gisakoan ("pasabidea", laburki) beherapena egitean, bere hartan utziko da sestra ofiziala, fatxadak eta espaloiak bat egiten duten gunean zehazten den fatxada lerroan. Gainera, gaur egun hirian ohi den eredu edo diseinuari egokituko zaio, baita zintarriaren gainerakoan eta alde horretako espaloietan erabili diren materialei ere.
3. Kasu berezietan eta salbuespenez, Udalak bestelako neurri batzuk baimentzen ahalko ditu, zintarrian beherapena egin ordez, eskatzaileak proposamen arrazoitua aurkeztuta, beherapena egiteak interes publikoari kalte egiten dionean. Hala bada, Udalak nahi bezala emanen ditu baimenak, eta interes publikoa bermatzeko behar diren baldintzak inposatuko ditu. Onuradunaren kontura izanen da hura zaintzea, baita erantzukizuna ere haren erruz inori kalterik egiten bazaio. Haren ordez paratzen den neurriak kalte egiten badu edo bere helburuarekin bat etortzen ez bada, aldatu eginen da, onuradunak bestelako neurri batzuk proposatuta; halakorik ez bada, edo neurriak bideragarriak ez badira, pasatzeko lizentzia baliogabetzea gerta liteke, horrek ekarriko lituzkeen ondorioekin.
4. Zintarrian beherapena egin edo horren ordez baimentzen diren neurriak hartuz gero, begiratu beharko dira oztopo arkitektonikoak eta elbarritasunek jotako pertsonentzako trabak kentzeari buruz indarra duten xedapenak.
30. artikulua. Pasatzeko lizentziak ukitutako eremuan aparkatzea.
1. Debeku da pasatzeko lizentziak ukitutako eremuan aparkatzea, ordutegi baimenduaren barnean, ordu jakin batzuetan erabiltzeko lizentzien kasuan, edo egunak dituen 24 orduetan, pasatzeko gau eta eguneko lizentziak badira. Ordutegi horietan, gidaria ibilgailuaren barnean dagoenean eta berehala kentzen duenean baizik ez da onartuko aparkatzea. Debekua lizentziaren titularrari ere dagokio.
2. Seinaleak behar bezala paraturik eta zaindurik ez badaude aginduta dagoen maneran, ez da salatuko ez kenduko pasabidean aparkatzen den ibilgailua; pasatzeko lizentzia baliogabetzeko arrazoia izan daiteke hori.
31. artikulua. Bermea.
1. Eskatzaileak berme bat eratu beharko du Tafallako Udalaren alde, erantzun ahal izateko zoladuran egin daitezkeen kalteengatik eta bermatu ahal izateko pasabidea egitean eta seinaleak paratzean zuzen eta Udalak ezarritako baldintzen arabera jokatuko dela.
2. Bermearen zenbatekoa edo hura eratzeko manera dagokion ordenantza fiskalean ezarriko da.
3. Bermaturiko betebeharrak beterik, Udala ados egonik, lizentziaren onuradunak bermea itzultzeko edo ezeztatzeko eska dezake. Pasatzeko lizentzia ematen ez denean ere Udalak bermea itzuli edo ezeztatuko du, betiere obra egin ez bada.
32. artikulua. Erantzukizuna.
1. Pasatze lizentziaren titularrari dagokio zintarrian beherapena egitea eta horren kostua, edo, hala behar badu, horren ordezko neurria; orobat, seinale zutikako nahiz etzanak paratzea eta hori guztia behar bezalako baldintzetan mantentzea eta zaintzea.
2. Pasatzeko lizentziaren titularrak bere gain hartuko ditu zoladurak edo zintarriak hartzen dituen kalteen konponketa eta, tenorea etorrita, zintarria lehengoratzea eta seinale zutikako nahiz etzanak kentzea.
3. Tafallako Udalak noiznahi eskatzen ahalko du hura konpontzeko, sendotzeko edo nahi denera moldatzeko.
4. Aurreko kasuetan, lokalaren jabea ere erantzule subsidiarioa izanen da, pasatzeko lizentziaren titularra beste bat bada.
5. Udalak pasatzeko lizentzia baliogabetuko du pasatzeko lizentziaren titularrak ez lokalaren jabeak egiten ez badituzte zintarrian beherapena egiteko obrak edo horren ordezko neurriei dagozkienak, edo paratzen ez badituzte seinale zutikako nahiz etzanak, edo egokitzen ez badituzte, edo mantentzen ez badituzte behar bezalako baldintzetan.
6. Lizentzia iraungi edo baliogabetu ondoan, pasatzeko lizentziaren titularrak ez lokalaren jabeak zintarria edo ordezko neurria eta zoladura lehengoratzen ez badute, eta seinale zutikako nahiz etzanak kentzen ez badituzte, hala behar duenean, orduan Udalak nahitaezko betearazpena eginen du eta zuzenean ordainaraziko dio erantzuleari, haren borondatez edo premiamendu bidez.
33. artikulua. Eskaera eta dokumentazioa.
1. Pasatzeko baimenak eskatzeko agiri hauek aurkeztuko dira:
a) Pasabidea zein lokaletarako eskatzen den, haren erabilera definitu beharko da.
b) Eraikinaren edo eremuaren kokalekuaren argazkia eta planoa, 1/100etik 1/200rainoko eskalan; hartan zehaztuko da zein den erabiltzen dena eta zein diren pasabideari eragiten dioten hiri elementuak (espaloiak, kutxetak, kale argiak, ibilgailuak aparkatzeko eremuak, autobus geralekuak, edukiontziak etab.).
c) Krokis kotaduna, banaketa eta guzti; hartan bereziki adieraziko da ibilgailuentzako eremua, sarbideak, haietan joan-etorriak egiteko korridoreak, ezaugarriak eta azalera.
d) Beste xederen bat duten negozio-lokalak direnean, txosten labur bat erantsiko da, bere hartan gauzatzen den jarduerari buruzkoa, zehazturik bataz-beste zenbat ibilgailu sartu eta ateratzen diren handik egunean.
e) Ordenantza honen 31. artikuluan aipatzen den bermea.
2. Pasatzeko lizentzien eskaerak irekitzeko edo lehen aldiz erabiltzeko lizentziaren eskaerarekin batean aurkezten ahalko dira.
34. artikulua. Baimena.
1. Udal organo eskudunak, behar den tenorean, ebazpena emanen du pasatzeko lizentzia eman beharrez, eta titularraren eskutan utziko du plaka, dagozkion xehetasunekin, arlo hau arautzen duen ordenantzak ezartzen dituen tasa eta prezioak ordaindu ondoan.
2. Eskaera egin bada irekitzeko edo lehen aldiz erabiltzeko lizentziarekin batean, edo horiek oraindik eman gabe daudenean, beste horiek eskuratzearekin batera eta horren ondoan ebatziko da pasatzeko lizentzia. Halakoetan, ez dira plakak emanen irekitzeko edo lehen aldiz erabiltzeko lizentzia lortzen ez den bitartean.
3. Ezin izanen da pasatzeko lizentzia eman, sarbidez hornitzen duen lokalak ez baditu zehaztu den erabilerarako behar diren baimen edo neurri zuzentzaileak.
4. Lizentziak nahi bezala emanen ditu Udalak, ukatu gabe ere ordenantza honek zer dioen lizentzia ukatu edo onartzeko kasu zehatzez.
5. Pasatzeko lizentzia emanda, titularrak hilabeteko epea izanen du zintarrian beherapena egiteko edo, hala behar badu, horren ordezko neurria hartzeko, eta behar diren seinale zutikako eta etzanak paratzeko.
35. artikulua. Oinezkoen joan-etorriak.
Pasabideen erabiltzaileak eta orobat ibilgailuak sartzeko erabilera publikoko gainerako espazioen erabiltzaileak ere beharturik daude oinezkoen joan-etorriak begiratzera, betiere lehentasuna izanen baitute.
36. artikulua. Pasatzeko lizentziaren iraungipena.
Hona baimena iraungitzeko arrazoiak:
a) Zintarrian beherapena ez egitea edo horren ordez baimendutako neurria ez hartzea, edo nahitaezko seinale zutikako eta etzanak ez paratzea.
b) Titularrak uko egitea edo baja ematea.
c) Udalak ezeztatzea, Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legean aurreikusten diren arrazoiengatik, hartan barne dela zaintzea zintarriko beherapena edo horren ordezko neurria, eta nahitaezko seinale zutikako eta etzanak.
d) Borondatezko epean ez ordaintzea dagozkion tasak.
37. artikulua. Pasatzeko lizentzia iraungitzeak ekartzen dituen betebeharrak.
Pasatzeko lizentzia iraungitzeak betebehar hauek ekarriko dizkio ordura arteko titularrari:
a) Disko seinaleak itzultzeko eta zintarria seinalatzeko pintura deuseztatzeko betebeharra.
b) Zoladura eta zintarria lehengoratzea.
38. artikulua. Debeku orokorrak.
1. Hona hemen zer den espresuki debeku:
a) Edozein motatako ibilgailuei sarbidea edo zintarrietako igoera errazteko asmoz, gailu finko edo mugikorrak paratzea erabilera publikoko bide edo eremuetan. Bidezko kasuetan soilik onartuko da pasabidea edo zintarri beherapena egitea, ordenantza honen baldintzen arabera, 29.2 artikuluan ezarri dena salbu.
b) Pintura, errotulu, seinale edo adierazpen suerte guztiak, grafikoak izan edo bestelakoak izan, baldin eta, tokia erreserbatzeko nahiz pasatzeko lizentziarik izan gabe, aipatu lizentziek aparkatzeko izan ohi dituzten mugapenen ordezko izan nahi badute edo mugapen horien gainean oker egitera bultzatzen badute.
c) Ibilgailu erabilezinak, gurdiak edo bestelakoak uztea lokalen sarreraren parean edo inguruetan, aurreko atalean zehazten den asmo berarekin.
2. Horietan guztietan, udal zerbitzuek eraman, kendu edo ezabatzen ahal dituzte debekaturiko lanabes, seinale eta gainerakoak, aldez aurretik errekerimendurik egin beharrik izan gabe, eta udal biltegian gorde. Hortik eragindako gastuak, jarduera haiexen titularraren bizkar geldituko dira, zehapenak ere ezar badaitezke ere.
III. TITULUA.–IBILGAILU ABANDONATUAK
I. KAPITULUA.–APLIKAZIO EREMUA
39. artikulua. Definizioa.
1. Ibilgailu bat eremu publikoan abandonaturik dagoela uste izatekoa izanen da leku berean hilabete baino gehiago aparkaturik gelditzen denean eta berez mugitzea ezinezko egiten duten hondaketak dituenean edo matrikula plakak falta dituenean.
2. Bizikletak direnean, aski izanen da ibiltzea eragozten dioten hondaketak agerian izatea.
3. Ibilgailu bat abandonaturik dagoela uste izatekoa izanen da, orobat, eremu publikotik kendu eta altxatu denetik, bi hilabete baino gehiago iragan direnean.
II. KAPITULUA.–PROZEDURA
40. artikulua. Prozedura.
Ibilgailuak eremu publikoan daudenean, Tafallako Udalak ibilgailuaren erregistroko titularrari jakinaraziko dio hura ustez abandonatua dagoela, eta hamar egun naturaleko epea emanen dio egokitzat jotzen dituen alegazioak aurkezteko. Ibilgailuak arriskuren bat sortzen ahal badu, hortik kentzen ahalko da eta, gero, titularrari jakinaraziko zaio.
Aurreko paragrafoan aipatutako epean titularrak alegaziorik aurkezten ez badu, ibilgailua udal gordailura eramanen da.
Bizikletak badira, bost egunen buruan udal gordailura eramanen dira.
Abandonaturik egoteagatik edo beste arrazoiren batengatik ibilgailu bat gordailura eramaten denetik bi hilabete iraganda, errekerimendua eginen zaio titularrari hamar egun balioduneko epean eraman dezan, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egiten ez badu, hiri hondakin solidoa balitz bezala erabiliko dela.
Orokorrean eta bidezko arrazoirik izan ezean, ibilgailuak kentzeko eta gordetzeko gastuak horiek gordailutik eraman aurretik ordaindu beharko dira.
IV. TITULUA.–SALGAI ARRISKUTSUEN GARRAIOA ETA IBILGAILU BEREZIAK
I. KAPITULUA.–ZIRKULAZIOA
41. artikulua. Zirkulazioa.
1. Debeku dute Tafallako udal-mugarteko hiri tarteetan zehar ibiltzea Merkataritzako Gai Arriskutsuen Errepide bidezko Garraioaren gainean indarra duen Erregelamendu Nazionalaren 1-a, 1-b, 1-c eta 2 motetan sartutako merkataritzako gai arriskutsuak garraiatzen dituzten ibilgailuek, aldi berean Erregelamendu horren 1 edo 2 arrisku etiketak eraman behar badituzte.
2. Aurreko lerroaldean aipatu ibilgailuek Udaleko organo eskudunaren baimena beharko dute. Hartan zehaztuko dira garraio horren mugak egun, ordu eta ibilbideei dagokienez.
3. Guztiz debekatuta dago Tafallako udal-mugarte osoan aparkatzea.
II. KAPITULUA.–IBILGAILU BEREZIAK
42. artikulua. Ibilgailu bereziak.
Beren ezaugarri bereziengatik, neurriengatik edo zamaren kokapenarengatik Ibilgailuen Erregelamendu Orokorraren 14. artikuluan ezarritako baimenak behar dituzten ibilgailuek eskaera egin beharko diote Tafallako Udalari, Udaltzaingoak eman diezaien udalerrian barna gidatu, zaindu eta lagun egiteko zerbitzua. Dagokion tasa, Tafallako Udalaren behar den ordenantza fiskalean jasoa, sorraraziko da.
43. artikulua. Bestelako ibilgailuak.
Debeku da Tafallako udal-mugarteko hiri bideetan animaliek tiraturiko ibilgailuak ibiltzea, espresuki baimena eman eta hartan zer bidetan eta zer baldintzatan ibil daitezkeen adierazi ezik.
Trizikloak ez dira ibiltzen ahalko ez bidegorrietan ezta espaloietan ere, metro bat zabal baino gehiago badira.
Segway-ekin bizikletekin bezala jokatuko da eta ordenantza honetan horientzako esan diren guztiak aplikatuko zaizkie.
Bestelako ibilgailuak nolakotzat hartuko diren, eta zer baldintzatan, Tafallako Udalak erabakiko du.
V. TITULUA.–BIDE-SEINALEAK
I. KAPITULUA.–INSTALAZIOA
44. artikulua. Seinaleak jartzea.
Udaleko organo eskudunak aginduko du kasu bakoitzean bidezko diren trafikoko seinaleak ezartzea, kentzea eta ordeztea.
Partikularrek ez dute libre izanen trafikoko edo zirkulazioko seinaleak paratzea, salbuespenak izan ezik, hala nola ibilgailuentzako pasabideko seinaleak, Udaleko organo eskudunak behar den baimena eman ondoan.
Ordenantza honen xede diren bideen erabiltzaile guztiak beharturik daude zirkulazioko seinaleei obeditzera eta beren portaera egokitzera bideetan aurkitzen dituzten gainerako erregelamenduzko seinaleen mezuaren arabera.
45. artikulua. Aplikazioa.
Hiriko sarbideetan paratzen diren seinaleek udal-mugarte osoan izanen dute indarra, halako karrika tarteren baterako seinale berariazkoak izan ezik.
Oinezkoentzako lehentasun eremuen eta zirkulazio murriztuko edo aparkatze mugatuko gainerako aldeen sarreretan paratzen diren seinaleek delako perimetroko barne bide guztietan izanen dute indarra, beste seinale batek salbuespena adierazi ezik.
II. KAPITULUA.–EDUKIA
46. artikulua. Edukia.
Partikularrek ez dute libre seinaleak paratzea (hotelak, jatetxeak, garajeak eta beste), Udalak nahi bezala baimendu behar dituen salbuespenak izan ezik. Ez da baimenik emanen trafiko seinaleen gainean nahiz ondoan plakarik, afixarik, iragarkirik edo bestelakorik paratzeko, baldin eta nahasmendua ekarri, haien ikusgaitasuna edo eraginkortasuna murriztu edo bidearen erabiltzaileei arreta galarazten ahal badie.
Trafikokoak ez diren seinale guztiak berehala kenduko dira, behar bezala baimendurik ez badaude edo udal baimenaren baldintzak betetzen ez badituzte, arau-hauslearentzako bidezko izan daitekeen zehapena aparte utzirik.
Zirkulazioko Seinale eta Bideko Marken Katalogo Ofizialean ohartarazi, jakinarazi, agindu edo arautu nahi denari dagokion esanahia duen seinalerik ez bada, Udalak onetsiko du egokiena iruditzen zaion seinale eredua edo seinale multzoa.
Delako seinalea edo seinale multzoa diseinatzeko, ahaleginak eginen dira aipatu katalogoko forma, sinbolo eta hiztegi berariazkoak erabiltzeko, oker egiteko biderik eman gabe.
47. artikulua. Bizikleta-bideak.
Bidegorriek seinale berariazkoak izanen dituzte, zutikakoak nahiz etzanak. Seinale etzanek zirkulazioaren norantza adieraziko dute, eta ohartaraziko hurbil dela oinezkoentzako pasabidea, semaforoa edo gurutzagunea. Zutikakoek oinezkoekin partekatzen diren eremuak arautuko dituzte, baita semaforoak dituzten gurutzabideetan nahitaez egin behar diren geldiketak ere, eta ibilgailu motordunen gidariei ohartaraziko diete txirrindulariak heldu direla zirkulazioaren bi norantzetan. Seinale horiez gain eta horien osagarri, Udalak beste seinale batzuk ere paratzen ahalko ditu, argibideak emateko eta jendeak kasu emateko.
Galtzadak gurutzatzeko seinaleak honelakoak izanen dira: marra bikoitz etena, zuria, 0,40 m zabal eta 0,50 m luze, tarte bera dagoela hurrengo markaraino eta bi marren artean tarte aldakorra dagoela, bide gorriaren zabalera zein den eta horrela.
VI. TITULUA.–ARAU-HAUSTEAK ETA ZEHAPENAK. KAUTELAZKO NEURRIAK
I. KAPITULUA.–IBILGAILUAK IBILGELTZEA
48. artikulua. Ibilgailuak ibilgetzea.
1. Udaltzainek ibilgailu bat ibilgetzen ahalko dute, hura erabiltzeak zirkulaziorako, pertsonentzako edo ondasunetarako arrisku larria ekartzen ahal badu bide segurtasunari buruzko araudiko aginduak ez betetzeagatik, baita honelakoetan ere:
a) Istripuren edo matxuraren bat izan eta segurtasun baldintza ohikoetan bidean jarraitu ezinik gelditzen denean edo galtzada hondatzen duenean.
b) Gidaria gaizkitu eta ibilgailua normaltasunez eraman ezinean gelditzen denean.
c) Agerikoa denean gidaria edari alkoholdunen eraginpean dagoela, edo droga toxikoak edo estupefazienteak hartu edo bere organismoan sartu dituenean, edo botiken edo bestelakoen eraginpean dagoenean, horiek gidatzeko gorputzez nahiz buruz behar den egoera bestelakotzen badute.
d) Gidariak uko egiten dionean alkohola, estupefazienteak edo gisako beste gai batzuk hautemateko probak egiteari, horretara behartua egonik, edo proba horiek eginda, araudian gehienekotzat jotzen diren parametroak baino handiagoak ateratzen direnean.
e) Gidariak gidabaimenik ez duenean edo aldean duena baliozkoa ez denean.
f) Gidariak gidabaimena edo horren ordezko baimena aurkezten ez eta haren nortasunaz eta helbideaz dudak daudenean.
g) Ibilgailuaren kanpo egoera dela-eta uste izatekoa denean arriskugarria dela, galtzadan kalte egin dezakeela edo haren kargaren parte bat eremu publikora erortzen ahal zaiola.
h) Dabilen ibilgailu baten garaiera edo zabalera handiagoak direnean Bide Segurtasunari buruzko Legeak edo haren Erregelamenduak, edo ibilgailuaren beraren baimen bereziak, halakorik badu, baimentzen dituenak baino.
i) Bidaiarien kopuru edo kokapenaren ondorioz edo garraiatzen diren gauzen kokapenaren ondorioz, gidariak mugitzeko eta ikusteko dituen aukerak modu nabarmen eta arriskutsuan murrizten direnean.
j) Kateak edo pneumatiko bereziak erabiltzea nahitaezkoa izan eta ibilgailua horiek gabe ibiltzen denean.
k) Ibilgailuak nahitaezko asegururik ez duenean.
l) Motozikleta edo ziklomotor baten gidaria kasko homologaturik gabe ibiltzen denean, gabezia hori zuzendu arte.
m) Ibilgailuak ateratzen duen asotsa eta aireratzen dituen gas eta keak indarra duen legeriak ezarritako mugak baino handiagoak direnean.
n) Ibilgailuari baimendu gabeko erreforma handia egin zaionean.
2. Ibilgailua ibilgetzeak ekartzen dituen gastuak titularraren bizkar izanen dira; horrek ordaindu beharko ditu edo ordaintzea bermatu, neurri horiek kentzeko aldez aurreko baldintza gisa, ukatu gabe ere defendatzeko duen eskubidea ezta erantzukizuna erantzuleari pasatzeko aukera ere, Administrazioak harengatik hartu baitu delako neurria.
3. Udal agintaritzak adierazten duen tokian gauzatuko da ibilgetzea, eta ez da indargabetuko harik eta hura ekarri duten akatsak zuzendu edo ibilgailua agintaritza horrek zehazten dituen baldintzetan kentzen ez den arte, aurretik behar den tasa ordainduta, horrela ezarri bada.
II. KAPITULUA.–IBILGAILUAK EREMU PUBLIKOTIK KENTZEA
49. artikulua. Ibilgailuak eremu publikotik kentzea.
Ibilgailua kendu behar duenak segituan egiten ez badu, udaltzainek eremu publikotik kendu eta udal gordailura eramaten ahalko dute, kasu hauetan:
a) Arriskutsua denean, ibilgailuen edo oinezkoen zirkulazioari nahiz zerbitzu publikoen funtzionamenduari traba larria egiten dienean, ondare publikoa hondatzen duenean eta, orobat, ibilgailu hori eremu publikoan abandonatua dagoela uste denean.
b) Istripuren bat izan eta abiatu ezinik gelditzen denean.
c) Ibilgailua bera hondatu delako ibilgetzen denean.
d) Arau-haustea dela eta ibilgailua ibilgetuta, arau-hausleak ez badu frogatzen bere ohiko bizilekua lurralde espainarrean duela eta isunaren zenbatekoa ez ordaintzera edo haren ordainketa ez bermatzera tematzen denean.
e) Udal agintaritzak ordutegi mugatuan aparkatzeko gaitzen dituen tokietan ibilgailua aparkaturik gelditzen denean, horretarako baimena ematen dion bereizgarria ezarri gabe, edo baimendutako edo ordaindutako denboraren bikoitza egiten duenean.
f) Ibilgailua bide lerroetan edo zirkulaziorako edo zenbait erabiltzaileren zerbitzurako soilik erreserbatutako zatietan aparkatuta dagoenean.
g) Edukiontziak husteko lanak oztopatzen dituenean.
50. artikulua. Arriskua eta trafikoa larriki trabatzea.
1. Aipatze aldera baizik ez, honelakoetan ulertuko da ibilgailua 49. artikuluaren a) atalean adierazitako egoeran dagoela eta, beraz, hura kentzeko arrazoiak daudela:
a) Gelditzea debeku den toki batean aparkatuta dagoenean.
b) Ibilgailua bigarren ilaran eta gidaririk gabe aparkatuta dagoenean.
c) Alaka baten ertzetik edo izkina baten mutur edo eskuadratik zati bat aterata, beste gidariak maniobra arriskutsuak egitera behartzen dituenean.
d) Aparkatua dagoenean oinezkoen pasabide seinalatu batean edo mugikortasun murriztua duten pertsonentzako beheragunea duen espaloian.
e) Ordutegi erreserbatuaren barnean pasabide bat osorik edo partez okupatzen duenean.
f) Zamalanetarako tokietan aparkatua dagoenean, haiek erabiltzen diren orduetan eta halako lanak egin gabe.
g) Garraio publikorako geraleku seinalatu eta mugatu batean aparkatua dagoenean.
h) Larrialdiko edo segurtasuneko zerbitzuentzako erreserbaturiko tokian aparkatua dagoenean.
i) Desgaitasuna dutenentzako toki erreserbatuan aparkatua dagoenean.
j) Espaloi, nasa, babesgune, pasaleku, bide gorri edo zoladuran zerrendak pintatuta dauden tokietan aparkatua dagoenean, osorik nahiz partez, espresuki baimenduta dagoenean izan ezik.
k) Bidean doazen gainerako erabiltzaileei trafiko seinaleak ikustea eragozten dienean.
l) Biraketa eragotzi edo hura egiteko maniobrak egitera behartzen duenean.
m) Bide batetik heldu diren gidariei beste bidea ikustea trabatzen dienean.
n) Eraikin bateko sarrera osorik nahiz zati bat oztopatzen duenean.
o) Galtzadan aparkaturik egonda zirkulazioa trabatzen duenean.
p) Oinezkoentzako eremu batean baimendutako orduetatik kanpo aparkatua dagoenean, espresuki baimendutako aparkalekuetan izan ezik.
q) Eremu partekatuetan, oinezkoentzako eremuetan aparkaturik dagoenean.
r) Landetan aparkatua dagoenean, hara sartzeko modu bakarra espaloietan barna baldin bada.
s) Lorategi-aldeetan aparkaturik dagoenean.
t) Garraio publikorako erreserbaturiko bide lerroetan aparkaturik dagoenean.
u) Taxien geralekuetan aparkaturik dagoenean.
v) Aparkatze mugatuko eremuetan aparkaturik dagoenean, ordaintzeko ordutegian, eta aparkatzeko behar den tiketik gabe edo behar den bizilagun-txartela izan gabe.
w) Betiere, aurreko kasuetan bezala, arriskua edo eragozpen larria sortzen zaienean zirkulazioari zein zerbitzu publikoen funtzionamenduari.
2. Ebatsia denean edo, behar bezala frogaturik, ibilgailua titularraren borondatearen kontra bestela erabiltzen denean izan ezik, ibilgailua kentzen bada, horren ondoriozko gastuak titularraren kontura izanen dira; eta horiek ordaintzea edo haien ordainketa bermatzea aldez aurreko baldintza izanen du ibilgailua itzuliko bazaio. Horrek ez du deusetan ukatzen errekurtsoa aurkezteko duen eskubidea, ezta gastu horiek istripua eragin, ibilgailua abandonaturik utzi edo arau-haustea egin duen lagunari kobratzea ere, egitate horietariko batengatik eraman badiote ibilgailua.
51. artikulua. Bestelako kasuak.
1. Arau-hausterik egon gabe ere, bide publikotik ibilgailuak kendu ahal izanen dituzte honelakoetan:
a) Behar bezala baimendutako ekitaldi publiko bat egiteko erreserbatua dagoen toki batean aparkaturik daudenean.
b) Bide publikoa garbitu, konpondu, kontserbatu edo hartan seinaleak paratu ahal izateko ibilgailuak kendu beharra dagoenean.
c) Jabeei ebatsitako ibilgailuak bide publikotik kentzen direnean. Jabeak, horretarako, lapurreta salaketaren kopia aurkeztu beharko du.
d) Larrialdietan.
2. Inguruabar horien gaztigua lehenbailehen egin beharko da, eta baimendutako tokirik hurbilenera eramanen dira ibilgailuak, edo udal gordailura, eta titularrei non dauden jakinaraziko zaie.
3. Eramateak ez du inolako ordainketarik sorraraziko, ibilgailua noranahi eramanda ere.
52. artikulua. Kentzeko lanak bertan behera uztea.
Baldin eta, ibilgailua eremu publikotik kentzeko lanak hasita, gidaria agertzen bada, bertan behera utziko dira lan horiek, betiere, behar den ordenantza fiskalean kontzeptu horrengatik agertzen den tasa ordaintzen bada.
III. KAPITULUA.–ZEHAPEN-PROZEDURA
53. artikulua. Prozedura.
1. Ordenantza honetan araututako gaietan eraman beharreko prozedura Trafiko, Ibilgailu Motordunen Zirkulazio eta Bide Segurtasunaren arloko Zehapen Prozeduraren gaineko araudian ezarritakoa izanen da, eta aipatutakoan aurreikusirik ez daudenetan aplikatuko da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legea.
2. Zehapen prozedura irekitzea, instruitzea eta burutzea bide batetik joaten da, eta legezkotasuna lehengoratzeko espedientea beste bide batetik, horren osagarria izan arren.
54. artikulua. Arau-hausteen sailkapena.
1. Arau-hauste arina izanen da ordenantza honetan xedatua ez betetzea, baldin trafikoari buruzko araudian edo aplikatzekoa den beste araudi batean arau-hauste astunaren edo oso astunaren kalifikazioa ez badu.
2. Zehatz-mehatz, aparkatze mugatuko eremuari dagokionez, honako hauek dira arau-hauste arinak:
a) Indarrean dagoen tiket edo bizilagun-txartelik gabe aparkatzea.
b) Tiket eta bizilagun-txartel faltsutuak edo maneiatuak erabiltzea.
c) Tiketa edo txartela behar bezala agerian ez paratzea.
d) Tiketean markatu baino denbora gehiagoz aparkatzea.
e) Zenbat denbora ordaindu duen, halako bi baino gehiago egiten badu aparkaturik.
f) Gehienez ere egoteko denbora iraganda, ordenantza honen 10. artikuluak ezarritako 100 metroko mugen barnean aparkatzea.
g) Motozikleta, ziklomotor edo bizikletak aparkatzea horientzako espres ezarritako lekuetatik kanpo.
3. Mugikortasun arazo larriak dituzten pertsonentzako aparkatzeko txartelak emateaz ordenantza honetan ezarritako aginduei dagokienez, honako hauek dira arau-hauste arinak:
a) Txartela lortzeko aurkezten diren datuak faltsutzea eta txartela lortzea galeraziko luketenak gordetzea.
b) Txartelak Udalaren kontzesio administratiborik gabe erabiltzea.
c) Baimendua ez besteko lagun batek txartela erabiltzea.
55. artikulua. Zehapenak.
1. Zehapenen zenbatekoa trafiko arloko araudiak ezartzen duena izanen da, artikulu honetan xedatzen dena salbu.
2. Zehapenak, aparkatze mugatuko eremuan arau-haustea egiteagatik:
a) 60 euroko isuna:
1.–Aparkatze mugatuko eremuan indarrean dagoen tiket edo bizilagun-txartelik gabe aparkatzeagatik.
2.–Tiketa edo bizilagun-txartela faltsutzeagatik edo maneiatzeagatik, bai eta tiketa edo bizilagun-txartel faltsutua edo manaiatua erabiltzeagatik, bidezko izan daitezkeen bestelako zehapen edo neurriak deusetan ukatu gabe
3.–Zenbat denbora ordaindu duen, halako bi baino gehiago aparkaturik egiteagatik
b) 30 euroko isuna:
1.–Tiketa edo bizilagun-txartela agerian ez paratzeagatik.
2.–Tiketean markatu baino denbora gehiagoz aparkatzeagatik.
3.–Ordenantza honen 10. artikuluan ezarritako 100 metroko tartea ez errespetatzeagatik.
4.–Motozikleta, ziklomotor edo bizikletak aparkatzeagatik horientzako espres ezarritako tokietatik kanpo.
3. Zehapenak, ordenantza honen 54.3 artikuluan xedatutako arau-hausteak egiteagatik:
a) 100 eurorainoko isuna, ordenantza honen 54.3.a artikuluan jasotzen den kasuan.
b) 600 eurorainoko isuna, ordenantza honen 54.3.b artikuluan jasotzen den kasuan.
c) 1000 eurorainoko isuna, ordenantza honen 54.3.c artikuluan jasotzen den kasuan.
Txartelaren titularrak eta hura oker erabiltzen dutenak izanen dira arau-haustearen erantzule.
Berreroriz gero, Tafallako Udalak 2 urterako baliogabetzen ahalko dio txartela titularrari.
Txartela erabiltzeari dagozkion betebeharrak ez gauzatzearen ondorioz, zehapen osagarriak ezar daitezke, hain zuzen ere, Nafarroako Foru Komunitatean desgaitasuna duten pertsonentzako aparkatzeko txartelak arautzen dituen sektore araudian jasotakoak.
4. Artikulu honetan aipatzen diren zenbatekoak arlo hau arautzen duen ordenantza fiskalaren bidez eguneratzen edo aldatzen ahalko dira.
56. artikulua. Zehapenen graduazioa.
Zehapenen graduazioa trafikoko araudian xedatzen denari jarraikiz eginen da eta, hala badagokio, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 131. artikuluan xedatzen denari jarraikiz.
57. artikulua. Berehalako ordainketa.
Ordenantza hau urratzeagatik jartzen diren isunak trafikoko araudi aplikagarrian ezarritako deskontuekin ordaintzen ahalko dira, betiere hartan eskatzen diren baldintzak betetzen badira.
Ordenantza honen 55.2 artikuluan aipatutako arau-hausteen kasuan, ordainketa momentuan egiten bada, alor hori arautzen duen ordenantza fiskalean ezarritako zenbatekoak ordainaraziko dira.
58. artikulua. Instrukzioa.
1. Ordenantza honetan arautuaren kontrako arau-hausteengatik irekitako zehapen-espedienteak Udaltzaingoak instruituko ditu.
2. Instrukzioa burututa, udal organo eskudunak behar den ebazpena emanen du, trafikoko araudian xedatua salbu.
59. artikulua. Udal eskumenik eza.
Zehapena Udalaren eskumenekoa ez den arau-hausteen kasuan, Tafallako Udaltzaingoak salaketa eginen du, eta ondoren Tafallako Udalak berak administrazio eskudunari igorriko dio.
VII. TITULUA.–OINEZKOAK
60. artikulua. Oinezkoak.
1. Oinezkoak ibiliko dira haientzako espaloi, pasabide eta ibiltokietan.
2. Orokorrean, obren kontratistek, espaloia okupatu behar badute, horretarako baimena eskatu beharko dute, eta horretan sartuko dira oinezkoak arriskurik gabe pasatu ahal izateko hartuko diren segurtasun neurriak, ordezko espaloiak etab. Udalaren baimen espresa beharko da, eta hark ezar ditzakeen neurri zuzentzaileak bete.
61. artikulua. Oinezkoen betebehar eta eginbeharrak.
1. Oinezkoek eskubidea dute ingurune osasungarrian bizitzeko, euren osasun fisiko eta psikologikorako baldintzak betetzen dituen espazio publikoaz modu librean gozatzeko, irisgarria diren azpiegiturak izateko, kale eta espaloietan ibili eta horietan segurtasunez gelditzeko, hirigune ahalik eta zabalenak izateko (horiek jarraitutasuna izan beharko dute, hiriaren antolamendu orokorrean modu koherentean ezarri beharko dira), baita irisgarritasun unibertsalerako estandarren arabera diseinatutako seinaleztapen sistema eraginkorretarako eskubidea ere.
2. Aurreko paragrafoan aipatu eskubideak bermatu beharko zaizkie dibertsitate funtzionala edo desgaitasunen bat duten pertsonei. Horretarako, zirkulazio seguruko eremuak egokitu beharko dira, eta horiek behar bezala mugatu eta seinaleztatu bide publiko guztietan. Plataforma bakarreko kaleetan (partekatutakoak, oinezkoenak edo bizitegi-kaleak), zirkulazio segururako eremua honako hauen bidez mugatu ahal izanen da: bisualki kontrastatutako zola-zerrenda bereizgarria edo hiri-altzarien lerrokaduraren bidez, horrek indarrean dagoen araudiaren arabera kokapen eta diseinu baldintza orokorrak betetzen baditu.
3. Jarraian, oinezkoek bete beharreko hainbat arau zehaztu dira:
a) Jarrera-arau orokorra izanen da oinezkoak bidean zirkulazioa erraztea, gainerako erabiltzaile edo ondasun materialekiko inongo arrisku, kalte edo eragozpenik sortu gabe.
b) Oinezkoak izanen dira, horrek dakartzan ondorio guztiekin batera, bi gurpileko ziklo edo ziklomotorra, orga edo antzeko aparatuak oinez eramaten dituztenak, baita gurpil-aulkian ibiltzen direnak ere.
c) Debekatuta dago autobusak eta zerbitzuko publikoko gainerako ibilgailuak itxarotea horretarako ezarri diren tokietatik edo espaloietatik kanpora, edo galtzadan sartzea geldi daitezela eskatzeko.
d) Martxan dauden ibilgailuetan igo edo horietatik jaistea arriskutsua da egiten duen pertsonarentzako, baita bide publikoko gainerako erabiltzaileentzako ere. Hori dela eta, aipatutakoa egitea debekatuta dago.
e) Oinezkoek debekatuta dute bizikleta-bideak inbaditzea eta horietan gelditzea, oinezkoak lehentasuna duen bideetan izan ezik.
f) Oinezkoek debekatuta dute baimenduta ez dauden tokietatik galtzada gurutzatzea. Halaber, oinezkoek debekatuta dute gainerako oinezkoei traba egiteko moduan ibiltzea, korrika eta salto egitea, baita gainerako erabiltzaileen joan-etorria zailtzen edo eragozten duten taldeak egitea eta espaloian gelditzea.
62. artikulua. Ibilgailuentzako sarbide murriztuko eremuak.
1. Oinezkoentzako lehentasun eremu edo sarbide murriztuetan ez zaio sartzen, ibiltzen edo aparkatzen utziko Udalaren behar den baimena ez duen ibilgailuari edo ordenantza honen artikulu honen arabera debeku orokorretik kanpo dagoenari. Zamalanetarako ibilgailuak baimenik gabe sartzen ahalko dira eremu horietan, lan horietarako ezarritako ordutegiaren barnean bada.
2. Tafallako Udalak, segurtasuna zaintze aldera edo zirkulazioaren arintasuna edo oinezkoen joan-etorria errazte aldera, murriztapenak ezartzen ahalko ditu Tafallako halako alde batzuetan sartzeko baita hango karriketan aparkatzeko ere, Trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide segurtasunari buruzko araudian ezarritakoarekin bat.
3. Sarbide murriztuko eremu horietan debekatuta egonen da edozein motatako ibilgailuak gidatu eta gelditzea, bizikletak eta jarraian adierazitako zerbitzua ematen duten ibilgailuak izan ezik:
1.–Suteei aitzintzeko eta itzaltzeko zerbitzukoak.
2.–Segurtasun indar edo kidegokoak.
3.–Zabor bilketakoak.
4.–Bidaiarien eskualdeko garraio publikokoak eta taxiak.
5.–Uraz, argindarraz, gasaz eta telefoniaz hornitzeko enpresenak eta gisakoenak.
6.–Osasun garraioko ibilgailuak.
7.–Hileta zerbitzuetako ibilgailuak.
8.–Mugikortasun murriztuko pertsonentzako ibilgailuak aparkatzeko txartelak dituztenak.
9.–Udal zerbitzu edo kontratetakoak, esleitutako lana egiten ari direnean.
10.–Bereziki baimendutako ibilgailuak.
63. artikulua. Oinezkoentzako eremuak.
1. Ordenantza honi dagokionez, oinezkoentzako eremuak dira ibilgailu mota guztientzako sartzeko, ibiltzeko eta aparkatzeko debekua dutenak; ordenantza honen 1. eranskinean biltzen diren karrikek osatzen dituzte.
2. Tafallako Udalaren osoko bilkuraren erabaki bitartez eginen dira aldaketak zerrenda, irizpide eta sarbide-erregulazio hauetan.
3. Oinezkoentzako eremuak horretarako seinale zutikakoen bidez mugatuko dira, balizatzeko besteko elementu mugigarriak erabiltzen ahalko badira ere, haietan ibilgailuak sartzea eta ibiltzea eragozteko edo murrizteko.
4. Oinezkoentzako eremuetan, ibilgailuen abiadura 20 km/h izanen da gehienez ere.
5. Oinezkoentzako eremuetan ibilgailuak sartu eta aparkatzeko debeku orokorrarengatik ere, Udalaren organo eskudunak baimen berariazko edo generikoak luzatzen ahalko ditu, oinezkoentzako eremuaren barnean diren garaje baimenduetan sartu ahal izateko, eta orobat bizilagun, merkatari eta taxilarientzako, salgaien zamalanetan eta bidaiariak hartzen eta uzten ari ahal izateko.
6. Bizikletek parke publiko, pasealeku eta oinezkoentzako eremuetan ibiltzeko baimena dute, betiere, espaloietan bezala, beren abiadura oinezkoenera egokitzen badute, neurriko abiadura eramaten badute, 10 km/h-tik beheitikoa, eta axolagabekeriaz edo ausarkeriaz oinezkoen segurtasunean eragiten duen maniobrarik egiten ez badute. Lehentasuna oinezkoena izanen da beti, eta txirrindulariek metro bateko tartea utziko beharko dute, gutxienez, oinezkoekin.
Parke publikoetan bizikletak eremu zolatuetan barna ibiliko dira, inoiz ez berdeguneetan barna. Parke, pasealeku eta oinezkoentzako eremuen barnean ibilbide seinalatu edo markaturik baldin bada, bizikletek zerrenda seinalatuetan barna joan beharko dute nahitaez.
Oro har, debeku da bizikletak espaloietan barna ibiltzea. Hala eta guztiz ere, 12 urte arteko pertsona adingabeek bizikletarekin espaloietan barna ibiltzeko baimena dute, bakarrik nahiz adin nagusiko arduradun bat edo biren laguntzarekin, eta haiek ere bizikletarekin espaloian barna ibiltzen ahalko dira. Bai adin nagusiko pertsonak, bai adingabeak behartuta daude aldi oro oinezkoen lehentasuna errespetatzera eta beren abiadura oinezkoenera egokitzera 10 km/h-tik behera. Espaloiaren zabaleran ez balira sartuko bizikleta eta oinezkoa aldi berean, bizikletaren gidariak espaloitik jaitsi beharko du.
64. artikulua. Eremu partekatuak.
1. Ordenantza honen ondorioetarako, eremu partekatuak izanen dira espaloirik ez dutenak, oinezko zein ibilgailuentzako maila berean dagoen plataforma bakarra dutenak, sarbide, zirkulazio ezta gelditzerako debekurik ez dutenak eta ibilgailuen abiadura 20 km/h-ra mugatzen dutenak.
2. Eremu partekatuak horretarako seinale zutikakoen bidez mugatuko dira. Haien barnean, oinezkoentzako eremuak seinale etzanen bidez bereiziko dira ibilgailuentzako eremuetatik; azken horietan, ibilgailuek lehentasuna izanen dute oinezkoen aurretik. Hala ere, gidariek ahalik eta zuhurren eta oinezkoei ahalik eta errespeturik handiena erakutsiz gidatu behar dute.
VIII. TITULUA.–BIDEEN GEHIENEKO ABIADURAK
65. artikulua. Gehieneko abiadurak Tafallako hiri barruko bideetan.
1. Orokorrean, Tafallako Udalaren udal-titulartasuneko hiri barruko bide guztietan, ibilgailuen gehieneko abiadura 30 km/h izanen da.
2. Oinezkoentzako eta bizitoki-eremuetan zein ikastetxeen inguruetan, neurri espezifiko murriztaileagoak ezarri ahal izanen dira.
IX. TITULUA.–GIZARTEARENTZAKO LANAK
66. artikulua. Xedea.
Titulu honen xedea da ezartzea Tafallako Udalak izanen duen prozedura bere eskumeneko trafikoko arau-hausteen ondorioz ezarritako zehapen ekonomikoak gizartearentzako lanak egitearekin ordezteko. Edonola ere, alternatiba hau gauzatzea boluntarioa izanen da eta interesdunaren berariazko baimenarekin eginen da beti.
67. artikulua. Aplikazio-eremua.
Artikulu hau Tafallako udal-mugartean aplikatu ahal izanen da, eta soilik pertsona fisiko adingabeei dagokienez. Horiek diruzko administrazio-zehapen arin bat ordaintzeko zigorra jaso behar izanen dute, tokiko agintaritzen eskumeneko trafikoko arau-hausteak direla-eta ezarritako administrazio-zehapen espediente baten ebazpenak hala adierazita.
Gizartearentzako lanak egitea eskatzen duten adingabekoek, haien baimen boluntarioa aurkezteaz gain, guraso edo tutoreen idatzia aurkeztu beharko dute.
Erregulazio hau aplikatuko da zehapen arinetan; zehapen astun eta oso astunak kanpo geratuko dira.
Ordenantza honen aplikazio-eremuan jasotako zehapenak hemen araututako gizartearentzako lanak egiteko prozedurarekin ordeztu ahal izanen dira, eta diruzko zehapenak kobratu eta jaso baino lehen gauzatuko da prozedura.
Diruzko zehapena ordezkatzean, hori zehapenaren zenbateko osoari dagokionez egingo da; gizartearentzako lanak egitea eskatzean, ez dira aplikatuko trafikoari buruzko ordenantzan araututako murriztapenak. Zehapen astunen kasuan, salbuespenez eta justifikantearekin ordezkapen partziala eskatu ahal izanen da. Hartara, zehapenaren erdia gizartearentzako lanak egiten ordainduko da eta gainerakoa ohiko isuna izanen balitz bezala, dirutan.
Zehapena gizartearentzako lanak egitearekin ordezkatzen denean, ez dira aplikatuko trafikoari buruzko indarrean dagoen ordenantzan jasotako murriztapenak.
Xedapen honen onuradun izanen dira soilik honako baldintza hauek betetzen dituzten pertsonak:
–Ebazpen irmo bidez zehapenik jaso ez izana isuna jaso eta aurreko hamabi hilabeteetan dagokion zehapena jaso den arau berdinaren agindua hausteagatik edo zehatutako jarrera errepikatzen dela adierazten duen agindua hausteagatik.
–Isuna gizartearentzako lanak egitearengatik ordezteko inongo kontrako txostenik ez egotea, aurreko espedienteak direla edota aurretiazko boluntariotzan parte hartzean kontrako txostenak direla.
Denbora-tartea eta gizartearentzako lanak egitea lanek ordezkatzen duten zehapenaren larritasunaren eta zehapen ekonomikoaren araberakoa izan beharko da, modu egoki eta justifikatuan.
68. artikulua. Agintaritza eskuduna.
Zehapen ekonomikoak gizartearentzako lanak egitearengatik ordezteko eskaerak ebatziko ditu zehapen ekonomikoak ebazten dituen organo berak. Horrek udal-zerbitzuen aholkularitza teknikoa jasoko du ordezkapenaren bidezkotasunaren eta aplikagarritasunaren inguruan, baita kasu bakoitzera egokitutako lan mota eta neurrien inguruan ere.
69. artikulua. "Gizartearentzako lan"a kontzeptua.
Gizartearentzako lantzat hartzen da interes soziala eta hezkuntza balioa duten onura publikoko zenbait jardueretan egiten den lan pertsonala, ordaindu gabe egiten denean administrazio edo zigor kodearen kontrako egitateak kaltetutako komunitateari ordaintzeko, baina interes ekonomikoa bilatu gabe. Gizartearentzako lanak udal-eskumeneko edozein jarduera-eremutan gauzatu ahal izanen dira.
70. artikulua. Prozedura eta ondorioak.
1. Honako hau da ordenantza honek hizpide duen alternatiba baliatzeko prozedura:
a) Zehapena jakinarazi eta hamabost egun balioduneko epean, arau-hausleak udal-instantzia bat aurkeztu ahal izanen du. Bertan, ebazpen edo proposamenarekiko adostasuna adierazi beharko du, baita diruzko zehapenaren ordez gizartearentzako lanak egiteko nahia ere.
b) Eskaera erregistratu ondoren, dagokion organoari igorriko zaio, beste udal-zerbitzuei beharrezko kontsultak egingo zaizkie eta dagokion erabakia hartuko da. Ondoren, interesdunari ebazpena jakinaraziko zaio, eta aldekoa izanez gero, esleitutako jarduera eta gizartearentzako lana, horren iraupena eta ordutegiak, baita horren kontrolaren eta jarraipenaren arduradunak ere. Diruzko zehapena gizartearentzako lanak egitearekin ordezteko eskaera ebazten duen egintza frogagiri bidez jakinarazi beharko da, gehienez ere, hiru hilabeteko epean.
2. Aurreko apartatuan aipatutako eskaera aurkeztean, dagozkion zehapen-espedienteak ebazteko epea etengo da. Edonola ere, eskaera atzera botatzean edo gizartearentzako lanak egitea ez onartzean, berriz ere ekingo zaio zehapen-espedientea izapidetzeari.
3. Jarduera amaitzean edo hori gauzatu bitartean, arau-hausleak justifikatu gabe hori beteko ez balu, jarraipena egitearen arduradunak txosten bat aurkeztuko du dagokion administrazio-unitatean, ondorengo jarduketen arabera. Ez-betetzea gertatzekotan, prozedura oraindik instrukzio fasean badago, horren izapidetzeari ekingo zaio berriz. Bestela, zehapen ekonomikoa ezartzen duen ebazpena bidaliko zaio Udaleko diru-bilketa zerbitzuari, eta hark ordainarazi eginen du, modu boluntarioan edo exekutiboan, kasua zein den.
4. Interesdunak gizartearentzako lanak ezarritakoaren arabera egiten baditu, espedientea amaitu eta hura artxibatu dela jakinaraziko zaio. Justifikatutako arrazoiengatik lanak partzialki betetzekotan, gainerakoa zehapen ekonomiko bidez ordaindu beharko da.
5. Edonola ere, betetze-epearen behin-behineko etetea eskatu ahal izanen du interesdunak, gizartearentzako lanak ezin izanen balitu amaitu ezarritako epean. Eskaeran behar bezala justifikatutako arrazoia argudiatu beharko du. Etetea onartzekotan, horrek ezin izanen ditu inoiz zehapenean agindutako epeak gainditu.
71. artikulua. Balorazioa eta lanaldia.
Ordezkapen-jarduera gutxienez lanaldi batekoa izanen da.
Gizartearentzako lan egiteko lanaldi bakoitzaren iraupena lanaldi erdikoa izanen da eta 3,75 orduko iraupena izanen du, adingabekoei zuzendutako neurria baita.
Lana ez da inondik inora ordainduko.
Zehapen ekonomikoaren zenbatekoaren eta ezarriko den ordezkapen lanak gauzatzeko orduen arteko baliokidetasuna ezartzeko, orduko prezioa ezarri beharko da. Horretarako, aldi baterako kualifikatu gabeko langileentzako lanbide arteko gutxieneko soldata aplikatuko da, edo horren proportzionala lanaldi erdirako. Zenbateko hori urtero eguneratuko da, hori arautzen duen arauari jarraikiz, ordenantza aldatzeko beharrik gabe.
Lanei ekiteko epea gehienez ere ebazpena egin eta hiru hilabetekoa izanen da.
Lanaldiak betetzeko, malgutasun printzipioa aintzat hartuko da, udal-beharrekin koordinatuta. Ahal dela, lana asteko egunetan banatu eta horren ordutegia ezartzeko, aintzat hartuko dira interesdunaren familia-karga eta karga pertsonalak, baita haren lan-egoera eta egoera profesionala ere.
Interesdunak edozein momentutan lanak egiteari uko egin ahal izanen dio, eta aplikatu egingo dira guztizko ez-betetze edo ez-betetze partzialen kasuetarako aurreikusitako ondorioak.
72. artikulua. Jarraipena eta kontrola.
Gizartearentzako lanak egin bitartean, interesdunak udal-agintaritzak emandako jarraibideen arabera jokatu beharko du, baita jarduera gauzatzean agintaritzak hautatutako pertsonaren jarraibideen arabera ere.
Interesduna bere eskura dauden materialen erantzule izanen da, eta laneko arriskuen prebentziorako aurreikusitako arauak aztertu eta betetzeko eginkizuna eta betebeharra izanen du.
Ez dago lan-harremanik, eta, horrenbestez, boluntariotza jarduerak ez daude gizarte segurantzaren inongo erregimenetan sartuta. Beraz, gizartearentzako lanak egiten hasi aurretik, Udalak hirugarrenentzako eta ezbeharrentzako erantzukizun zibileko aseguru kolektibo edo indibiduala kontratatu beharko du, eta aseguruak interesdunarentzat istripu-kontingentziak barne hartu beharko ditu.
Aseguru-poliza horren zati proportzionala asegurudun bati egozteko aukera dago. Horregatik, Udalak hori kalkulatu dezake eta adostu dezake zati hori interesdunak dirutan ordaintzeko, eta gainerakoa gizartearentzako lanak egitearen bidez.
73. artikulua. Aplikatu daitezkeen ordezkapen-neurriak.
1. Orokorrean, eta Udalaren eskumen-arloan zehaztu daitezkeen beste jarduera batzuk kaltetu gabe, udal-organo eskudunari dagokio gizartearentzako lanak egitearen modalitatea hautatzea. Horretarako, udalerriko beharrei, egindako arau-hausteari eta ahal den neurrian kalteen konponketa gauzatzeari erreparatuko zaio:
Honako edozein modalitatetan gauzatu ahal izanen dira gizartearentzako lanak:
–Eremu publikoaren garbiketa.
–Hiri-altzariak jartzea.
–Berdeguneak garbitzea.
–Berdeguneak mantentzea eta ureztatzea.
–Paramentu bertikalak berriz margotzea.
–Gizarte-lanetan parte hartzea.
–Hainbat kirol-jardueratan laguntzea.
–Banakako edo taldekako gizarte- eta hezkuntza- zein prestakuntza-jardueretan parte hartzea.
–Honako hauetara bertaratzea: ikastaroak, prestakuntza-jardunaldiak, hezkuntza-neurri osagarriak izanen diren erakunde, artxibo, liburutegi, eta abarretarako bisitak.
–Gure udalerriko kolektibo eta elkarteekin lankidetzan solidaritate-jarduerak egitea zein kolektibo kaltebera edo behartsuekin lan egitea.
Kasu konkretuaren egoerak orientatutako beharrezko malgutasuna izanen da lehentasun ordezkapen-neurriak hartu eta horiek gauzatzean.
LEHEN XEDAPEN GEHIGARRIA
Bakarra.–Ordenantza eguneratzea.
Ordenantza honetara ekarritako erreferentziazko araudia aplikatzean beste administrazio batzuei dagozkien ahalmenak bete beharrez, beste administrazio horiek araudi horretan egiten dituzten eguneratze edo aldaketak, udal esparruari dagozkion gaietan, ordenantza honetan hartuko dira; hartara, besterik gabe jasoko du aldaketa, horiekin kontraesanean ez gelditzeko, eta bere testua eguneratuko du, Udalbatzaren Osoko Bilkurak eskumena izan ezik beste zerbait erabakitzeko.
Hala bada, ulertuko da ordenantza honetara ekarritako erreferentziazko araudiari buruz egiten diren aipamenak, horren ordezko araudiari buruz egin direla. Kontraesanik baldin bada Tafallako udalerrian nahitaez aplikatu behar den ordezko arauaren aginduen eta ordenantza honen artean, aurreko paragrafoan xedatuarekin bat jokatuko da.
XEDAPEN IRAGANKORRAK
Lehendabizikoa.–Izatezko egoerak.
Ordenantza hau aldarrikatu eta indarra hartzean diren izatezko egoerak legeztatu beharko dira eta ordenantza honekin bat egin, egitatezko egoera horiek noiznahitik etorrita ere.
Bigarrena.–7.500 kg baino gehiagoko baimendutako gehieneko masa (BGM) duten bizilagunen ibilgailuak.
Tafallako Udalak paratzen ez duen bitartean 7.500 baino gehiagoko baimendutako gehieneko masa (BGM) duten ibilgailuak aparkatzeko egokia den eremurik, etenik geldituko da ordenantza honen 3.1 artikuluak ezarritako debekua, soilik Tafallako udalerriko bizilagunentzat, eta, edonola ere, aparkatzean ibilgailuen edo oinezkoen trafikoa trabatu gabe.
Hirugarrena.–Isunak gizartearentzako lanengatik ordezkatuko dira ordenantza hau indarrean sartu eta ondoren gertatzen diren zehapenetan.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenbizikoa.–Indargabetzea.
Indarrik gabe gelditu dira ordenantza honen aurka jotzen duten maila bereko edo txikiagoko udal arauak edo honetan araututako gaiei buruzko xedapenak dituztenak. Zehazki, indargabetu egiten da Tafallako Udalaren osoko bilkurak onetsitako Tafallako trafikoko udal ordenantza, zaina argitaratu baitzen 2010eko 100. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abuztuaren 18koan.
Bigarrena.–Indarrean jartzea.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, ordenantza honek ez du sortuko ondorio juridikorik harik eta testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta Estatuko Administrazioak edo Foru Komunitateko Administrazioak toki erakundeei egintzak edo erabakiak deuseztatzeko errekerimenduak egiteko ahalmena erabiltzeko epea iragan arte.
Iragarkiaren kodea: L2308981
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
