136. ALDIZKARIA - 2023ko ekainaren 29a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ERRONKARI

Udal ordenantza, arriskutsuak izan daitezkeen animaliak eta etxeko animaliak edukitzea arautzen duena hirigunean. Behin betiko onespena

Erronkariko Udalak, 2023ko martxoaren 29an egindako osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Udal ordenantza, arriskutsuak izan daitezkeen animaliak eta etxeko animaliak edukitzea arautzen duena Erronkariko hirigunean (argitaratu zen 2023ko 78. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, apirilaren 18an).

Jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, ordenantza hori behin betiko onesten da, eta agintzen da osorik argitara dadila aldatutako testua, behin betikoa, behar diren ondorioak izan ditzan; hori dena, jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari, zeina aldatu baitzen maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legearen bidez (6/1990 Foru Legea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa).

Erronkarin, 2023ko ekainaren 5ean.–Alkatea, Amparo Viñuales Galé.

ERRONKARIKO UDALAREN ORDENANTZA, ARRISKUTSUAK IZAN DAITEZKEEN ANIMALIAK ETA ETXEKO ANIMALIAK EDUKITZEA ARAUTZEN DUENA

Zioen azalpena

Ordenantza honen xedea da arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeari buruzko araudia ezartzea Erronkariko udal-mugartean, Arriskutsu gerta daitezkeen animaliak edukitzeko araubide juridikoari buruzko abenduaren 23ko 50/1999 Legean eta hura garatzen duen martxoaren 22ko 287/2002 Errege Lege Dekretuan xedatutakoari jarraikiz.

Eta, bigarrenik, arauak ematea Erronkariko udal-mugartean edozein motatako etxeko animaliak edukitzeari buruz, eta ezartzea horien jabeen betebehar eta debekuak. Hala, Lagun Egiteko Animaliak Nafarroan Babesteari buruzko apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legean jada araututa dagoena jasotzen da, eta Erronkari herriko beharren arabera egokitzen.

Helburu horiekin, Erronkariko Udalak onetsi du honako ordenantza hau:

LEHEN KAPITULUA.–ARRISKUTSUAK IZAN DAITEZKEEN ANIMALIAK EDUKITZEA

1. artikulua. Xedea.

Kapitulu honen xedea da arautzea arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzea, Arriskutsu gerta daitezkeen animaliak edukitzeko araubide juridikoari buruzko abenduaren 23ko 50/1999 Legean eta hura garatzen duen martxoaren 22ko 287/2002 Errege Dekretuan xedatua betetzeko, Erronkariko udal-mugarteari dagokionez. Era berean, ordenantza honen eduki osoaren abiapuntua da Lagun Egiteko Animaliak Nafarroan Babesteari buruzko apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legea.

2. artikulua. Arriskutsu izan daitezkeen animaliak.

Abenduaren 23ko 50/1999 Legearen 2.2 artikuluan ezarritako ondorioetarako, honako hauek dira arriskutsu izan daitezkeen txakurrak:

–Arraza hauetako txakurrak edo gurutzatuta daudenak:

a) Pit bull terrierra.

b) Staffordshire bull terrierra.

c) American staffordshire terrierra.

d) Rottweilerra.

e) Dogo argentinarra.

f) Fila brasildarra.

g) Tosa inua.

h) Akita inua.

–Txakurrak, Nafarroako edo, hala badagokio, Estatuko foru legediaren arabera ofizialki aitortutako zentroetan egiaztatutako eta trebatutako txakur-gidariak edo laguntza-txakurrak direnean izan ezik, bai eta izaera hori lortzeko instrukzio fasean dauden txakurrak ere, baldin eta honako ezaugarri hauek guztiak edo gehienak badituzte:

a) Gihar sendoak, itxuraz indartsua, mardula, eite atletikoa, zolitasuna, bizkortasuna eta erresistentzia.

b) Aiurri handikoa eta adoretsua.

c) Ile motza.

d) 60 eta 80 zentimetroen arteko perimetro torazikoa, 50 eta 70 zentimetroen arteko bizkar-gurutzea eta 20 kg-tik goitiko pisua.

e) Tamaina handiko burua, kuboidea, mardula, garezur zabal eta handia, eta masail gihartsu eta atereak. Masailezur handi eta sendoak; aho mardula, zabala eta sakona.

f) Lepo zabala, gihartsua eta motza.

g) Bular sendoa, zabala, handia eta sakona; saihets makotuak eta bizkar gihartsu eta laburra.

h) Aurreko gorputz-adarrak, paraleloak, zuzenak eta mardulak; atzeko gorputz-adarrak, berriz, oso gihartsuak, hanka luze samarrak, angelu ez oso handia egiten dutenak.

Nolanahi den, aurreko apartatukoak izan gabe ere, arriskutsuak izan daitezkeen txakurren artean sartuko dira aiurri erasokor handia dutenak edo pertsonei nahiz beste animaliei eraso egin dietenak.

Aurreko paragrafoan aipatzen diren kasuetan, arriskutsu izateko aukera hori badela erabaki beharko du agintari eskudunak, betiere irizpide objektiboei jarraikiz, ofizioz edo jakinarazpen nahiz salaketa baten bidez hasita, agintari eskudunak izendatutako edo gaitutako albaitari ofizial edo kolegiatu batek aldez aurretik txostena eginda.

BIGARREN KAPITULUA.–EDOZEIN MOTATAKO ETXEKO ANIMALIAK EDUKITZEA (BEREZIKI TXAKURRAK)

3. artikulua. Animaliari eritasun aztarnarik, bizkarroirik edo zauririk agertuz gero, txakurraren jabea albaitariarengana jotzera beharturik egonen da hurrengo hogeita lau ordu baino lehen, eta Nafarroako Gobernuko Albaitaritza Zerbitzuak agintzen duen tratamendua egin beharko dute.

4. artikulua. Hirigunean eta ibilgailuen trafikora irekitako karrika edo errepideetan debeku da txakur askerik ibiltzea. Alde horietan, txakurrak gehienez ere 1,50 metroko hede sendo edo kate batetik arduradun bati loturik ibili behar du, eta nahitaez muturrekoa eraman beharko du.

5. artikulua.

1. Debeku da debekatutako eremu batean edozein txakur mota egotea, ibiltzea edo zirkulatzea. Eremu hoiek III. eranskinean ageri dira, eta hauek dira:

–Bainatzeko eremuan, askaldegiak eta presa.

–Plaza, frontoia eta eskola zaharreko lorategia.

2. Gainerako askaldegietan txakurrak lotuta ibili beharko dute.

6. artikulua. Herriaren inguruan hiri lurzorutzat harturik dauden aldeetan, txakurra ibiltzen ahalko da soil-soilik muturrekoa ezarrita, hede edo katerik gabe, betiere arduradunarekin joanez gero.

7. artikulua. Udal-mugarteko edozein alderditan debeku da txakurra ibiltzea lepokorik gabe edo identifikaziorik eta urteko txertaketa txaparik gabe.

8. artikulua. Debeku da txakurrak edozein saltoki edo garraiobide publikotan sartzea, katea eta muturrekoa eramanagatik ere eta arduradunarekin badoaz ere. Debeku honen barnean sartzen da etxeetako igogailuen erabilera. Arau honek salbuespenak ditu, hala nola itsu-txakurrak, horiek espresuki baimendu behar badira ere.

9. artikulua. Zaintza txakurrak askaturik ibiltzen ahalko dira jabetza partikularreko barrutietan, baldin eta eremu publikotik erabat itxita badaude eta bertatik kanpora salto egiterik ez badago. Jabeak zaintza txakurra dagoela ohartarazi beharko du ongi ikusi eta irakurtzen ahal diren plaken bitartez, zaindutako barrutira sartzeko toki guztietan.

10. artikulua. Animalia baten edukitzaileak baldintza egokietan eduki behar du animalia higiene eta osasunaren aldetik, eta nahitaezko deklaratzen den prebentziozko tratamendu oro eginen du.

11. artikulua. Animalien babesari dagokionez, apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legean xedatzen dena izanen da araua.

12. artikulua. Ordenantza honen ondorioetarako, arau-hausteak arinak, astunak eta oso astunak izan daitezke.

–Hona hemen arau-hauste arinak:

  • Lagun egiteko animalia bat erroldatu gabe edukitzea, apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legearen 10. artikuluarekin bat.
  • Animalia identifikaturik ez izatea.
  • Txakurrak hiriko espazio publikoetan kate edo uhalik gabe eramatea.
  • Lagun egiteko animaliek espazio publikoetan utzitako gorozkiak ez biltzea.
  • Noizbait erasoak eginak dituzten txakurrak muturrekorik gabe eramatea.

–Hona hemen arau-hauste astunak:

  • Edozein txakur mota ibiltzea, zirkulatzea edo egotea III. eranskinean debekatutako eremu gisa mugatutako tokietan.
  • Animalia behar den mantenurik gabe edukitzea.
  • Animaliak edukitzea higiene eta osasun baldintzen aldetik egokiak ez diren instalazio batzuetan, edo higiene eta osasun baldintza txarretan.
  • Animalia ez txertatzea edo osasun agintariek nahitaezkotzat deklaratu dituzten tratamenduak ez ematea.
  • Osasun zerbitzu ofizialei ez jakinaraztea nahitaez deklaratu beharreko eritasunak.
  • Animaliekin sartzea elikagaiak egin, erabili edo biltegiratzen diren lokaletan.
  • Arau-hauste arinetan berrerortzea.

–Hona hemen arau-hauste oso astunak:

  • Animalien kontra ankerkeria, tratu txarra eta eraso fisikoak erabiltzea.
  • Animalia abandonatzea, bizirik nahiz hilik.
  • Arau-hauste astunetan berrerortzea.

13. artikulua. Zehapenak.

100 eurotik 250 eurora bitarte, arau-hauste arinak. 251 eurotik 500 eurora bitarte, arau-hauste astunak. 501 eurotik 1.000 eurora bitarte, arau-hauste oso astunak.

14. artikulua. Etxeko animaliei egiten zaizkien arau-hausteengatiko zehapen-espedienteak instruitzeko eta ebazteko eskumena alkateari edo zinegotzi ordezkariari egokituko zaio falta arinen kasuan, eta udaleko osoko bilkurari falta astunen eta oso astunen kasuan.

15. artikulua. Ordenantza honek jasotzen dituen zehapenetako edozein ezartzeak ez du erantzukizun zibila galarazten, ez eta zehatuak kalte-galerengatik pagatu behar lituzkeen ordainak ere.

16. artikulua. Ordenantza honetan jasotzen ez direnetan, honako hauetan xedatua aplikatuko da: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea, Jarduera Sailkatuen gaineko Erregelamendua, Animaliak babesteari buruzko apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legea eta uztailaren 24ko 188/86 Foru Dekretua.

I. ERANSKINA.–ARRISKUTSU GERTA DAITEZKEEN ANIMALIAK EDUKITZEKO ARAUBIDE JURIDIKOARI BURUZKO ABENDUAREN 23KO 50/1999 LEGEA GARATZEN DUEN ABENDUAREN 23KO 287/2002 ERREGE DEKRETUA (2002KO MARTXOAREN 27KO ESTATUKO ALDIZKARI OFIZIALA)

Errege Dekretu horretako zerrendari jarraikiz, arriskutsu gerta daitezkeen txakur espezieko etxeko faunakoak diren animaliei buruzko araudiaren mende egonen dira honako arraza hauetako txakurrak:

1. Pit Bulla.

2. Staffordshire bull terrierra.

3. American staffordshire terrierra.

4. Rottweilerra.

5. Dogo argentinarra.

6. Fila brasildarra.

7. Tosa inua.

8. Akita inua.

9. Arraza horien arteko gurutzatze guztiak.

Honako animalia hauek ere sartuko dira zerrendan: 20 kilotik gorakoak eta 60 eta 80 zentimetroen arteko perimetro torazikoa dutenak; tamaina handiko burua, gihar sendoak, masailezur handia, aho sakona eta lepo motza dituztenak, eta erresistentzia eta aiurri handikoak; eta pertsonak nahiz beste animaliak eraso dituztenak, agintari eskudunak erasoa ikusi badu eta irizpide objektiboak erabilita betiere.

Bestalde, Errege Dekretu horrek zehazten ditu zein diren animalia horiek edukitzeko gaitasun fisikoa eta psikologikoa eskuratzeko gutxieneko baldintzak eta zein den erantzukizun zibileko aseguruaren gutxieneko kopurua, animaliek hirugarrenei eragindako balizko kalteak estaltzeko. Hauexek dira aipatu baldintzak:

a) Adinez nagusia izatea.

b) Delituengatik kondenatua ez izana.

c) Arriskutsu gerta daitezkeen animaliak edukitzearen inguruko arau-hauste astunengatik zehatua ez izana.

d) Ahalmen fisikoa eta gaitasun psikologikoa izatea arriskutsu gerta daitezkeen animaliak edukitzeko.

e) Frogatzea erantzukizun zibileko aseguru bat egin izana, animaliek hirugarrenei egiten ahal dizkieten kalteengatik, gutxienez ere ehun eta hogei mila euroko estaldura duena.

Udalaren organo eskudunak interesdunak eskatuta emanen edo berrituko du lizentzia administratiboa, ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatu ondoren betiere.

Arriskutsu gerta daitekeen animalia toki publikoetan ibiltzeko, beharrezkoa izanen da hura kontrolpean daraman pertsonak aldean izatea lizentzia administratiboa eta egiaztagiri bat, ziurtatzen duena animalia hori inskribatua dagoela arriskutsu gerta daitezkeen animalien udal erregistroan. Animali horiek, toki publikoetan, animalia bakoitzaren arraza ezaugarriei dagokien muturrekoa eraman beharko dute nahitaez.

Arriskutsu gerta daitezkeen animaliak finka, landetxe, txalet, lurzati, terraza, patio eta mugaturiko edozein tokitan daudenean, loturik egon beharko dute –behar bezalako azalera, altuera eta itxitura dituen itxitegi bat izan ezean–, halako tokietara sartzen edo hurbiltzen diren pertsonak nahiz animaliak babestearren.

Animalia lapurtu edo galduz gero, gertatutakoaz jabetu eta beranduenez ere berrogeita zortzi orduko epean jakinaraziko da.

II. ERANSKINA.–I. MOTAKO TXAKURRAK EDUKITZEA ANIMALIAK BABESTEARI BURUZ INDARREAN DAGOEN APIRILAREN 4KO 19/2019 FORU LEGEAREN 5 ETA 7. ARTIKULUEI JARRAIKIZ

Animaliaren edukitzailea izanen da erantzulea, nahiz eta erantzukizun subsidiarioa jabearena ere izan, animaliak jendeari, gauzei, bide eta eremu publikoei eta, oro har, natur inguruneari kalte edo traba egiten badie, kasuan-kasuan aplika daitekeen legeari jarraikiz.

Animaliaren edukitzaileak neurriak hartu beharko ditu animaliek bide eta eremu publikoak zikin ez ditzaten; hortaz, erantzukizuna berea du, nahiz eta erantzukizun subsidiarioa jabearena ere izan.

Arduradunek animaliak behar bezala kontrolatzerik ez duten tokietan, debeku da horiek edukitzea.

Animalia baten edukitzaileak behar bezalako neurriak hartuko ditu hirugarrenei edo horien ondasunei kalterik edo trabarik egin ez diezaien.

III. ERANSKINA.–EREMUAK NON DEBEKU DEN EDOZEIN MOTATAKO TXAKURRAK EGOTEA, IBILTZEA EDO ZIRKULATZEA

Iragarkiaren kodea: L2308858