136. ALDIZKARIA - 2023ko ekainaren 29a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ANTSOAIN

Deialdia, udal igerilekuetako 2023ko udako denboraldiaren abonamenduetarako gizarte laguntzak emateko. Laburpena

DDBN (identifikazioa): 704225.

Argitara ematen da deialdiaren laburpena, jarraikiz ezarritakoari Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 17.3.b eta 20.8.a artikuluetan; haren testu osoa kontsulta daiteke Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean (https://www.infosubvenciones.es/bdnstrans/GE/eu/convocatoria/704225).

Deialdi honen xedea da banakako dirulaguntzak emateko araubidea ezartzea, Antsoaingo Udalaren igerilekuetako 2023ko udako denboraldiaren abonamenduak ordaintzeko.

Udako denboraldiko abonuak baino ez dira diruz lagunduko.

Bai eskatzaileek bai eskatzen den dirulaguntzaren xede direnek Antsoainen benetan erroldaturik egon beharko dute eskabidea egiten dutenean.

Diruz lagundu ahal izanen dira familia-unitateko 18 urtetik beherakoen udako denboraldiko abonuak, hala eskatzen badute.

Halaber, familia-unitateak dirulaguntza eskatzen badu 14 urte baino gutxiago dituen norbaitendako, haur horrek heldu batek lagunduta joan beharko du, nahitaez, tutore-arduradun gisa. Heldu horrek ere dirulaguntza eska dezake.

Eskabide bakarra onartuko da familia-unitate bakoitzeko. Bertan dirulaguntza eska daiteke familia-unitate bereko pertsona batendako baino gehiagorendako.

Dirulaguntza hauek jaso ahal izateko, ezinbestekoa da diruz laguntzeko eskatu den abonuaren zenbatekoa ordaindua izatea.

Laguntza eman aurretik, ofizioz egiaztatuko dira bai erroldatzea bai Udalarekiko zorren eta betebeharren egoera.

Halaber, Udalak eskatu ahalko dizkie eskatzaileei edozein agiri osagarri, deialdiaren betekizunak frogatzeko beharrezkoak badira.

Eskabideak aurkezteko epea 2023ko abuztuaren 31n bukatuko da.

Eskabideak Antsoaingo Udalaren erregistro orokorrean aurkeztuko dira, aurrez aurre edo telematikoki, adierazitako agiriekin batera.

Antsoainen, 2023ko ekainaren 15an.–Alkate udalburua, Ander Andoni Oroz Casimiro.

Iragarkiaren kodea: L2309525