Iragarkia
136. ALDIZKARIA - 2023ko ekainaren 29a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
LOS ARCOS ALDEKO OINARRIZKO GIZARTE ZERBITZUEN MANKOMUNITATEA
Deialdia, familia-langilearen lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko
Los Arcos aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko buruak, honako hau erabaki zuen 2023ko ekainaren 13ko ebazpenaren bidez:
Oinarri hauek onestea familia-langile izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdirako, aritu dadin Los Arcos aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatean Etxeko Laguntzako Programaren zerbitzura.
Deialdia gauzatuko da jarraikiz aplikatu beharreko araudian xedatuari eta oinarri hauetan ezartzen denari.
OINARRIAK
1.–Arauak.
1.1. Deialdi honen xedea da oposizio-lehiaketa bidez betetzea familia-langile lanpostu bat, D mailakoa, lan-araubidekoa eta lanaldi osokoa, Los Arcos aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen zerbitzura arituko dena eta destinoa Etxeko Laguntza Zerbitzuaren Programan (ELZ) izanen duena; baliatzen ahalko da lanpostu hutsak bitarteko izaeraz betetzeko, laneko bajak behin-behinean ordezkatzeko, oporraldietarako, edo zerbitzuak indartzeko behar puntual guztietarako.
Lanpostua etxeko laguntza zerbitzua ematean datza, Los Arcos aldeko Gizarte Zerbitzuen eskualde oinarrizkoari dagokion jarduera eremuan, bertako toki-erakundeetako etxe partikularretan, hain zuzen. Horretarako, joan-etorriak egin beharko dira eskualdeko gizarte zerbitzuen egoitzatik (Los Arcos) lan egiteko leku zehatzetaraino; langile bakoitzak bere kabuz egin beharreko joan-etorriak izanen dira, Mankomunitateak ez baititu haiek bere gain hartuko.
1.2. Kontratatzen den langilea Los Arcos aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko lan-kontratudun finko bilakatuko da, D maila edo taldean sartuko da, eta jaso egingo ditu plantilla organikoan nahiz gainerako xedapen aplikagarrietan ezarritako ordainsari eta osagarriak, eta Gizarte Segurantzaren araubide orokorreko kide egingo da eta hartan alta emango zaio, araubide horren babespean.
1.3. Nafarroako Administrazio Publikoen D mailan sartu behar da lanpostua, behar duen gutxieneko titulazioa baita Eskola Graduatuaren baliokidea, eta izanen ditu plantilla organikoan horretarako onetsitako lansariak. Lanaldi osokoa izanen da, eta Los Arcos aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko langile lan-kontratudunei aplikagarri zaion araudiaren araberakoak izanen dira ordutegia, oporrak eta gainerako baldintzak.
1.4. Beharrezkoa izanen da kontratatzen dena bere kabuz mugitu ahal izatea; hartara, Nafarroako Gobernuak ezarritako kilometro-ordaina jasoko du.
2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.
2.1. Deialdi honetara onartuak izateko, izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:
–Espainiako herritarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzekoa zaion estaturen batekoa. Parte har dezakete, orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio-eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.
–Hamasei urte beteta izatea, eta nahitaezko erretiroa hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea, betiere eskatzen diren gainerako baldintzak betez gero.
–Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar dituen eginkizunetan aritzeko.
–Ez egotea desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez egotea administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua.
–Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean edukitzea Eskola-Graduatuaren titulua, lehen mailako Lanbide Heziketaren titulua edo balio bereko beste bat, edo titulu hori eskuratzeko egoeran egotea (titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina).
–Honako titulu hauetako bat izatea:
a) Gizarte erakundeetan mendekotasuna duten pertsonei laguntza soziosanitarioa emateko profesionaltasun ziurtagiria (SSCS0208 kodea).
b) Etxean laguntza soziosanitarioa emateko profesionaltasun ziurtagiria (SSCS0108 kodea).
c) Etxeko laguntzako laguntzailearen profesionaltasun ziurtagiria (SSCS30 kodea).
d) Beste titulazio ofizial edo profesionaltasun ziurtagiri batzuk, hemen jasotakoen baliokideak direnak.
Baldin atzerrian lortutako tituluak badira, eduki beharko da homologazioa frogatzen duen agiria.
–B1 motako ibilgailuak gidatzeko baimena izatea.
2.2. Aipatu baldintza horiek eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira, eta eutsi egin behar zaie prozedurak iraun bitartean, harik eta Los Arcos aldeko Oinarrizko Zerbitzuen Mankomunitateak izendatu arte edo kontratua sinatu arte.
3.–Eskabideak.
3.1. Deialdian parte hartzeko, eskabidea aurkeztu beharko da Los Arcos aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen erregistro orokorrean, edo beste edozein bitarteko baliatuta, baldin eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legean ezarrita badaude. Eskabidea aurkeztu beharko da hogeita hamar egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.
Eskaera posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar diezaioten eskabideari, ziurtatu aurretik.
Eskabideak deialdi honetan argitaratutako ereduaren arabera egin beharko dira eta haietan izangaiek adierazi beharko dute baldintza guzti-guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epearen azken egunean.
3.2. Izangaiek alegatu egin beharko dituzte deialdi honen zazpigarren oinarriaren arabera kalifikazio epaimahaiak baloratzekoak diren merezimenduak.
3.3. Alegatutako merezimenduak frogatu beharko dira enpresa ziurtagiriekin, lan-bizitzaren ziurtagiriarekin eta lan-kontratuekin. Agiri originalak edo behar bezala konpultsatutako agiriak aurkeztu beharko dira, bestela ez aurkeztutzat joko baitira. Dokumentazio hori aurkezten ez bada eskabideetarako ezartzen diren epean eta moduan, merezimenduak ez dira baloratuko.
3.4. Eskabideari agiri hauek erantsi beharko zaizkio:
a) NANaren fotokopia.
b) Deialdi honetan eskatzen den titulazioaren fotokopia konpultsatua.
c) Izangaiek alegatutako merezimenduen frogagiriak, deialdi honen zortzigarren oinarriari jarraituz.
d) B-1 motako gidabaimenaren fotokopia.
3.5. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.
3.6. Eskabideetan atzematen diren akats materialak edo egitezkoak zuzentzen ahal dira ofizioz edo interesdunak eskaturik, noiznahi ere.
4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, Los Arcos aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko buruak izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesten duen ebazpena emanen du. Zerrenda mankomunitatearen iragarki-taulan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
4.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo hamar egun balioduneko epean, izangai baztertuek erreklamazioak egiten ahalko dituzte, eta beren eskabideetan egindako akatsak zuzendu, horrelakorik baldin bada. Horretarako, idazkia aurkeztuko dute Los Arcos aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen erregistro orokorrean.
4.3. Erreklamazioak egiteko epea amaitu eta horiek ebatzirik, Los Arcos aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko buruak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsi eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman dadila aginduko du. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean bertan ezarriko dira probak hasteko tokia, eguna eta ordua.
5.–Kalifikazio-epaimahaia.
Baldin gertatzen bada administrazio prozeduraren arauetan abstentziorako jasotako arrazoiren bat, kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta hori jakinarazi, deialdia egin duen organoari.
5.1. Hauek izanen dira kalifikazio epaimahaiko kideak:
Epaimahaiburua: Los Arcos aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko burua. Ordezkoa: Los Arcos aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko buruordea.
Epaimahaikidea: Ana Isabel Arnedillo Astrain, Los Arcos aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko gizarte-langilea. Ordezkoa: Rosa Ana Ruiz Martínez, Los Arcos aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko gizarte-langilea.
Epaimahaikidea: M.ª Cruz Pinillos Pinillos, Los Arcos aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko familia-langilea. Ordezkoa: Los Arcos aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko familia-langilea.
Epaimahaikidea: Leticia Escarza Santos, Los Arcosko Udaleko Enplegu Zerbitzuko teknikaria.
Ordezkoa: Magdalena Sainz Ábalos, Los Arcos aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen administrari laguntzailea.
Ordezkoa: Los Arcos aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko idazkari kontu-hartzailea. Ordezkoa: Esprontzedako Udaleko idazkaria.
Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.
5.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.
5.3. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatu eta aplikatzeko garaian sortzen diren gorabehera guztiak.
5.4. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.
6.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da, oposizioaldia lehenbizi eta lehiaketaldia gero, oinarri hauetan zehazten den moduan.
6.2. Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta gutxienez ere bi hilabeteren buruan hasiko da oposizioa. Mankomunitateko buruak ebazpen bidez onetsiko du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda eta bertan zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren; zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, bai eta iragarki-taulan ere.
Gainerako probak egiteko hurrengo iragarkiak soilik emanen dira argitara Los Arcos aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen iragarki-taulan eta aurreko probak egin diren tokian.
7.–Oposizioaldia.
7.1. Oposizioak hiru proba izanen ditu, bat teorikoa, beste bat praktikoa eta, azkena, test psikoteknikoa. Oposizioaldian gehienez ere 70 puntu lortzen ahalko dira, honela banatuak. Plika sistema erabiliko da zuzentzeko.
Lehenengo proba: proba objektiboa. Galdera labur batzuei edo test motako galdera batzuei erantzun beharko zaie idatziz, III. eranskineko gai-zerrendan jasotzen diren gaiei buruz. Okerrak zigortu eginen dira: 0,25 puntu kenduko da erantzun oker bakoitzeko. Proba honen iraupena 1 ordu izanen da, gutxi gorabehera. Gehienez ere 30 puntu emanen dira. Hurrengo probara pasatzeko gutxienekoa: 15 puntu.
Bigarren proba: proba praktikoa. Banakako proba praktiko bat egin beharko da idatziz, lanpostuko eginkizunekin zerikusia duena. Gehienez ere 30 puntu emanen dira. Hurrengo probara pasatzeko gutxienekoa: 15 puntu.
Hirugarren proba: test psikoteknikoa. Zenbait proba psikotekniko eginen dira. Nafarroako Psikologia Aplikatuaren Institutuak (NPAI) eginen ditu, eta haien helburua izanen da jakitea izangaiak noraino egokitzen zaizkion lanpostuko profil profesiografikoari. Gehienez ere 10 puntu emanen dira.
7.2. Oposizioko probak egun banatan eginen dira, eta kalifikazio epaimahaiak ezartzen duen bezala.
7.3. Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek agertu beharko dute aldean dutela nortasun agiri nazionala edo epaimahaiak nahikotzat jotzen duen beste identifikazio agiri bat, eta oposiziotik baztertuta geldituko dira agertzen ez diren izangaiak.
8.–Lehiaketaldia.
8.1. Lehiaketaldia ez da baztergarria izanen, eta 30 puntu eskuratzen ahalko dira gehienez, II. eranskinaren arabera banatuta, honako atal hauetan:
Egindako zerbitzuak, gehienez ere 25 puntu.
Lanpostuaren eginkizunekin zerikusia duten prestakuntza ikastaroak edo masterrak: 5 puntu gehienez.
8.2. Epaimahaiak lehiakideek alegatu merezimenduen gaineko azalpen eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu noiznahi.
Epaimahaiak proba teorikoa eta praktikoa gainditu dituen izangai bakoitzaren merezimenduak berrikusi eta baloratuko ditu baremoaren apartatu bakoitzean. Epaimahaiak ez du inoiz aintzat hartuko izangaiak aurretiaz azaldu eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du apartatu bakoitzerako ezarritako puntuazioa baino handiagorik eman.
8.3. Lehiaketaldia bukatutakoan, epaimahaiak iragarki-taulan emanen du argitara izangai bakoitzak lortutako puntuazioa.
Betiere, hautaprobak egin ondotik baloratu eta argitaratuko dira merezimenduen emaitzak, eta bertan jasoko dira izen-deiturak, NANa eta puntuazioa. Proba guztiak gainditu dituzten izangaien merezimenduak baino ez dira baloratuko.
Lehiaketaldian eskuraturiko puntuak oposizioaldian lortutako puntu guztiei batuko zaizkie, eta horren emaitza izanen da oposizio-lehiaketan guztira eskuraturiko puntuazioa.
9.–Probak gainditu dituztenen zerrenda, agiriak aurkeztea eta dokumentazioa eramatea.
9.1. Izangaien kalifikazioa bukaturik, epaimahaiak argitara emanen ditu probak gainditu dituztenen zerrenda, guztira lorturiko puntuen hurrenkerari jarraikiz, izangai bakoitzak lehiaketaldian eta oposizioko ariketetan lortutako kalifikazioak batuta, eta organo deitzaileari igorriko dio puntuaziorik handiena duten izangaien aldeko izendapen proposamena; betiere, proposatuko da deialdiko lanpostuak betetzeko bezainbeste izangai.
9.2. Epaimahaiak, aurkezten diren erreklamazioak ebatzi ondoren, horrelakorik baldin bada, izangai guztien behin betiko puntuazioak argitaratuko ditu Los Arcos aldeko Oinarrizko Zerbitzuen Mankomunitatearen iragarki-taulan, eta izangaien zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenaturik, Mankomunitateko buruari igorriko dio espediente osoarekin batera, ebazpena eman dezan.
9.3. Izendapen proposamena Aldizkarian argitaratu eta hogeita hamar egun naturaleko epearen barnean jabetu beharko du izangai proposatuak adjudikatutako lanpostuaz, salbu deialdia egin duen organoak beste data zehatz bat jartzen badu jabetza hartzeko, ebazpen horretan.
Aipatu epearen barrenean, eta aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, arestiko agiriak aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira izendatu, eta ordura arte egin dituzten jarduketa guztiak baliorik gabe geldituko dira; horrez gain, eskabidea faltsutzeagatik dagokien erantzukizuna leporatzen ahalko zaie.
9.5. Aurreko apartatuan aurreikusitako kasuan, organo deitzaileak hutsik gelditzen diren lanpostuak beteko ditu Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 31. artikuluko 1. apartatuan aipaturiko zerrendan agertzen diren izangaiekin (ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsitako erregelamendua). Izangai horiekin aurreko apartatuetan ezarritako moduan jokatuko da.
10.–Gainditu duten izangaien zerrendaren kudeaketa.
10.1. Apartatu honi jarraikiz sortzen den zerrendak indarra izanen du kasuan kasuko lanpostua betetzeko beste deialdi bat ebatzi arte, eta azken hori eginez gero, orduan eratzen den zerrendaren osagarria izanen da. Halakorik gertatu ezean, zerrenda onetsi eta gehienez ere 5 urtez egonen da indarrean.
11.–Ukoak.
11.1. Izangairen batek eskaini zaion lanpostuari uko egiten baldin badio, zerrendatik kanpo geldituko da, salbu eta ondoko egoera batean dagoela frogatzen badu:
1. Los Arcos aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearekin indarrean dagoen izendapen, kontratu administratibo edo lan kontratu batengatik horretara behartua egotea.
2. Aldi baterako ezintasun egoeran egotea edo lizentzia izatea ama izateagatik edo adoptatzeagatik.
3. Zaindu behar izatea bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, bere burua ezin gobernatu duena, adina, istripua edo eritasuna dela kausa.
4. Izangaia ezkondu berria izatea edo, uztailaren 3ko 6/2000 Legearen arabera (lege horrek hizpide du bikote egonkorrentzako berdintasun juridikoa), balio bereko egoeran sartu berria, baldin lanpostuari uko egiten bazaio hori gertatu ondoko edo gertatu aurreko hamabost egun naturalen barnean.
11.2. Beste alde batetik, zerrenda honek indarra duen bitartean edozein administrazio publikotan ari direnak familia-langile gisa, mankomunitate honek eskainitako kontratu bati uko egiten badiote, zerrendaren hondarrera igorriko dira eta ez zaie dei egiten ahalko harik eta aipatu kontratua azkentzen den arte.
Hori bigarren aldiz gerta daiteke eta, horren ondotik, eskubide guztiak galduko dituzte Los Arcos aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak eskainitako kontratu bati hirugarrenez uko egitean.
11.3. a) apartatuan adierazitako egoeretako batean dauden izangaiek, edo kontratazio arloan eskumena duen organoak baloratuko dituen antzeko egoeretan daudenek, bost eguneko epea izanen dute, uko egiten dioten lanpostua eskaintzen zaien egunetik, hori agiriekin eta modu frogagarrian egiaztatzeko. Hala bada, zerrendan zuten toki berean jarraituko dute.
11.4. Uko egiteko moduko arrazoiak dauden kasu guztietan, izangaiek jakinarazi beharko dute noiz dauden berriz zerbitzurako prest. Horretarako, agiriak aurkeztuko dituzte, adierazten dutenak noiz bukatu den uko egitea ekarri zuen egoera. Komunikazio hori egiten ez den bitartean, ez zaie lanposturik eskainiko.
11.5. Zerrendatik baztertzea.
Izangaiak honako kasu hauetan geldituko dira deia egiteko erabili den zerrendatik kanpo:
1.–Eskainitako lanpostuari arrazoirik gabe uko egitea.
2.–Sinatutako kontratuari uko egitea.
3.–Dei egin eta lanpostua onartu ondotik, kontratua ez sinatzea.
4.–Los Arcos aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen ondoz ondoko hiru lan-eskaintzari era justifikatuan uko egiten badiete, eskainitako kontratua bi astetik gorakoa den kasuetan.
11.6. Lan-kontratuak.
Zerrenda honen bidez familia-langile izateko lanposturako dei egiten zaien izangaiei eskainiko zaie aldi baterako lan-kontratu bat. Dagoen beharraren araberakoak izanen dira kontratuaren iraupena eta lanaldia, eta indarrean den lan-araudiaren mendekoa izanen da haren araubide juridikoa.
12.–Errekurtsoak.
Deialdi honen oinarrien aurka edo berau aplikatzeko egintzen aurka, hautara, honako errekurtso hauetako bat aurkez daiteke:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenduko zaiona Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den erabakia argitaratzen edo egintza jakinarazten denetik hasita.
Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Los Arcos aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko buruari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.
Los Arcosen, 2023ko ekainaren 14an.–Mankomunitateko burua, Javier Chasco Abaigar.
I. ERANSKINA.–Eskabidea (PDFa).
II. ERANSKINA.–MEREZIMENDUAK BALORATZEKO BAREMOA
1.–Eginiko zerbitzuak: Apartatu honi dagokion puntuazioa gehienez ere 25 puntukoa izanen da.
a) Familia-langile gisa toki-erakundeen etxeko laguntza zerbitzuetan lanean egindako urte oso bakoitzeko: 2,5 puntu urte bakoitzeko. 20 puntu, gehienez.
b) Familia-langile gisa enpresa pribatuen etxeko laguntza zerbitzuetan lanean egindako urte oso bakoitzagatik: 1 puntu urte bakoitzeko. 5 puntu, gehienez.
Aldi berean egin badira apartatu bat baino gehiagotan sailkaturiko zerbitzuak, puntu gehien ematen dituena besterik ez da kontuan hartuko aldi horretan.
Urteak osoak ez badira, kontuan hartuko da zerbitzuak zenbat egunetan egin diren, eta horren arabera esleituko zaie puntuazioa izangaiei.
2.–Lanpostuaren eginkizunekin zerikusia duten prestakuntza ikastaroak edo masterrak.
20 ordu edo gehiagoko ikastaroak onartuko dira, eta puntu bat emanen da ikastaroko, ezarritako gehienekora arte.
Titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak ez dira apartatu honetan baloratuko, ez unibertsitatekoak, ez unibertsitatetik kanpokoak.
III. ERANSKINA.–OPOSIZIOKO ARIKETAKO GAI-ZERRENDA
1.–39/2006 Legea, abenduaren 14koa, autonomia pertsonala sustatzeari eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzkoa.
2.–Los Arcos aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen estatutuak.
3.–Los Arcos aldeko Gizarte Zerbitzuak. Etxeko Laguntza Zerbitzua arautzen duen ordenantza.
4.–Beren buruaz Baliatzeko Zailtasuna duten Pertsonei Laguntzeko Programa, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen esparruan. Etxeko laguntza zerbitzua. Definizioa. Hartzaileak. Laguntzaren xede diren egoerak. Gizartean eta familietan izaten ari diren aldaketen azterketa eta haien eragina etxeko laguntza zerbitzuan.
5.–Familia-langileak Etxeko Laguntza Zerbitzuan: Lanaren egitekoak eta ezaugarriak. Etika profesionala oinarrizko gizarte zerbitzuen esparruan, eta informazio konfidentzialaren erabilera beste zerbitzu batzuekiko harremanetan.
6.–Komunikazioa eta trebetasun sozialak familia langilearen lanean. Gatazka egoerak menderatzea. Talde lana gizarte-zerbitzuen esparruan. Familia-langilearen koordinazioa lantaldeko profesionalekin.
7.–Hirugarren adina. Ezaugarriak eta premia nagusiak. Etxeko laguntza zerbitzuaren ardurapeko egoerak.
8.–Desgaitasun fisiko eta psikikoak. Ezaugarriak eta premia nagusiak. Etxeko laguntza zerbitzuaren ardurapeko egoerak.
9.–Etxeko laguntzaren beharra duten beste gizarte eta familia egoera batzuk. Familia-langilearen lana, esku-hartzea jasotzen duten familiek ardurapean adingabeak dituzten kasuetan.
10.–Ohitura osasungarriak, nutrizioa eta elikadura, ariketa fisikoa eta loa. Istripuen prebentzioa. Lehen laguntza. Norberaren higienea eta etxebizitzaren garbitasuna. Laguntza teknikoak honako zeregin hauetarako: zainketa pertsonalak, mugikortasuna, elikadura eta etxearen egokitzapena.
11.–Etxeko laguntza zerbitzuak zaintzaileei laguntza ematea. Familia-langilearen esku-hartzea eta haren eginkizunak.
Iragarkiaren kodea: L2309447
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
