Iragarkia
136. ALDIZKARIA - 2023ko ekainaren 29a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
ALESBES
Deialdia, udaltzain-agentearen bi lanpostu oposizio bidez betetzeko
Alesbesko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak, 2023ko maiatzaren 26ko ohiko bilkuran, udaltzain-agentearen bi lanpostu oposizio bidez betetzeko deialdiaren oinarriak onetsi zituen eta oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agindu zuen.
Argitara ematen da, behar diren ondorioak izan ditzan.
Alesbesen, 2023ko ekainaren 1ean.–Jarduneko alkatea, M.ª Carmen Segura Moreno.
OINARRIAK
1.–Deialdiaren xedea.
1.1. Deialdi honen xedea da Alesbesko Udaleko udaltzain-agente izateko 2 lanpostu oposizio bidez betetzea. Honako txanda hauetan banatuta daude, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 15.3 artikuluan ezarritakoarekin bat (Legegintzako Foru Dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina):
a) Txanda irekiko lanpostuak:
–1 lanpostu.
b) Igoera txandako lanpostuak Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileendako:
–1 lanpostu.
Lanpostu horiek zenbaki hauek dituzte plantilla organikoan: 3 eta 4.
1.2 Igoera txandako lanposturen bat eman gabe geldituz gero, txanda irekikoei gehituko zaie.
1.3 Halaber, igoera txandan hutsik dauden lanpostuak baino izangai gehiagok gainditzen badituzte probak, txanda horretan probak gainditurik ere lanpostua eskuratzen ez dutenek aukera izanen dute txanda irekiko lanpostu hutsak eskuratzeko, txanda horretako izangaiekin lehia garbian eta eskuratutako azken puntuazioaren arabera, baturik ezagutzen hautaprobako puntuazioa, proba fisikoetakoa eta proba psikoteknikoetakoa.
1.4 Deialdi honen bidez udaltzain-agente izendatzen diren izangaiek beteko dituzte udaltzain-agenteei dagozkien eginkizunak, eta izanen dituzte azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legean eta lege hori garatzeko araudian ezarritako eskubideak eta betebeharrak (aipatutako foru legea da Nafarroako Poliziei buruzkoa); gainera, C mailan sailkatuko dira, foru lege horretan ezarritako mailen artetik.
1.5 Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da.
2.–Aplikatzekoa den araudia.
Prozedura hau honako arau hauen mende egonen da: Nafarroako Poliziei buruzko azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legea; Nafarroako Polizia Kidegoetako Langileen Erregelamendua onesten duen abenduaren 29ko 718/2003 Foru Dekretua; Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua; Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onesten duen ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretua; aplikatzekoak diren gainerako arauak, eta deialdi honen oinarriak.
3.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.
–Txanda irekia.
Oposizio honetan txanda irekian onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Espainiako nazionalitatea izatea.
b) 18 urte beteak izatea eta ez izatea erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina, indarrean dauden legeekin bat.
c) Eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean edukitzea Batxilergoko titulua, Bigarren Mailako Lanbide Heziketakoa edo baliokide deklaratutako bat, edo eskuratzeko egoeran egotea.
Atzerrian eskuratutako titulua izanez gero, eskabideak aurkezteko epea betetzen den egunean eduki beharko da haren homologazioa frogatzen duen agiria.
d) Behar diren gaitasun fisiko eta psikikoak izatea, bete ahal izateko lanpostuak berezkoak dituen eginkizunak, eta ez egotea deialdiaren III. eranskinean baztertua izateko aipatzen diren arrazoi medikoek ukiturik.
e) Kondenatua ez egotea dolozko delitu bat dela kausa, ez eta administrazio publiko baten zerbitzutik kendua ere, eta ez egotea eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua, deusetan galarazi gabe errehabilitazioaren onura aplikatzea, zigor eta administrazio arloetako arauei jarraikiz.
f) A2 eta B motako ibilgailuak gidatzeko gidabaimenak izatea, indarrean.
g) Aldean armak eramateko eta, behar denean, erabiltzeko konpromisoa. Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpen baten bidez adieraziko da.
–Igoera txanda.
Txanda irekiko izangaiei eskatutako betebeharrez gain, igoera txandako izangaiek betebehar hauek ere izanen dituzte:
a) Langile finkoa izatea Nafarroako edozein administrazio publikotan, frogatzea horietan bost urtez zerbitzuak egin izana, eta ez egotea borondatezko edo nahitaezko eszedentzian.
b) Nafarroako polizietako kide edo Nafarroako beste tokiko poliziako zerbitzu batzuetako kide izanez gero, zortzi urtez baino gehiago aritu izana lanean Nafarroako polizietan.
c) Deialdiko lanpostu hutsen maila berekoa edo beheragokoa izatea.
Baldintza horiek denak bete beharko dira eskabideak aurkezteko epea bukatzean, 3.1.f) oinarrikoa izan ezik. Horri dagokionez, nahikoa izanen da betetzen bada oinarrizko prestakuntza-ikastarorako izangaien behin-behineko zerrenda jendaurrera ateratzen den egunerako (deialdiko 7.3.5 apartatuan aipatzen da ikastaro hori).
4.–Eskabideak.
4.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak non eta noiz aurkeztu behar diren.
a) Eskabideak aurkezteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak aurkeztuko dira IV. eranskineko ereduari jarraituz. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.
b) Hautapen-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek telematikoki aurkeztuko dute eskabidea, oinarri hauetan jasotako ereduari jarraikiz, Alesbesko Udalaren egoitza elektronikoko erregistro elektronikoaren bidez, https://villafranca.sedeelectronica.es/ helbidean.
Azterketa eskubideengatik eta espedientea formalizatzeagatik 20 euroko tasa ordaindu beharko da, eskabideak aurkezteko epean.
Eskabidearekin batera aurkeztuko da frogagiri bat, espedientea formalizatzeko eta azterketa-eskubideetarako tasa hori ordaindu izanarena. Epe horretan tasa ordaintzen ez bada, izangaia bazterturik geldituko da.
Sistema hauetakoren bat erabiliz ordaintzen ahalko da tasa hori:
–Sarrera eskudirutan edo bankuko transferentzia bidez eginez, kontu zenbaki honetan: ES82 3008 0011 9107 0091 3825 (Rural Kutxa). Horrelakoetan, ordainagirian datu hauek jarri beharko dira nahitaez:
- Izangaiaren izen-deiturak. NANa/IFZ.
- Kontzeptua: Alesbesko udaltzain-agente izateko probak, 2023.
4.2. Eskabidea erregistro elektronikoaren bidez aurkezterakoan, igoera txandako izangaiek ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, frogatzen dituena abiaburuko lanpostua, maila eta bertan duten antzinatasuna; zein administraziotakoak diren, hartan ziurtagiriak emateko eginkizuna esleitua duen organoak emanen du.
4.3. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.
5.–Onartuen behin-behineko zerrenda, erreklamazioak eta behin betiko zerrenda.
5.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, alkateak ebazpen bat emanen du onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren web-orrian argitaratzeko aginduko du. Horretarako, bi zerrenda eginen dira, txanda hauetako izangaien arabera:
1.–Txanda irekiko izangaiak.
2.–Igoera txandako izangaiak.
5.2. Izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrendak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hamar egun balioduneko epean, interesdunek erreklamazioak egiten ahalko dituzte eta, hala behar izanez gero, egindako akatsak zuzendu.
5.3. Erreklamazioak aurkezteko epea bukatutakoan eta, halakorik aurkeztuz gero, horiek ebatzi ondoren, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko da alkatearen ebazpen baten bidez, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren web-orrian argitaratuko da. Ebazpenak zehaztuko ditu oposizioa osatzen duten ariketak hasteko tokia, eguna eta ordua. Hautaprobak eginen dira, 718/2003 Foru Dekretuaren 15. artikuluan ezarritakoarekin bat, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik gutxienez bi hilabete iragan direnean.
6.–Kalifikazio-epaimahaia.
6.1. Kideak.
Kalifikazio-epaimahaiak honako kide hauek izanen ditu:
Epaimahaiburua: Alesbesko Udaleko alkatea.
Ordezkoa: titularrak izendatuko du bera ezin bada egon.
Epaimahaikidea: Tokiko Gobernu Batzordeak izendatu beharreko udal-taldeko ordezkaria.
Ordezkoa: titularrak izendatuko du bera ezin bada egon.
Epaimahaikidea: Tokiko Gobernu Batzordeak izendatu beharreko udal-taldeko ordezkaria.
Ordezkoa: titularrak izendatuko du bera ezin bada egon.
Epaimahaikidea: Crisanto Bretos Peralta, Alesbesko udaltzain-agentea eta Udaleko funtzionarioen ordezkaria.
Ordezkoa: Luis Ángel Pascual Álvarez, Udaleko lan-kontratudunen ordezkaria.
Idazkaria: Udalekoa.
Ordezkoa: titularrak izendatuko du bera ezin bada egon.
6.2. Osaera eraketa eta jarduna.
Epaimahaiburuak deialdia eginda, epaimahaia eratu beharko da probak egiten hasi aurretik, behin onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratu ondoko bost eguneko epean.
Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, baldin bertan ez badago kideen gehiengo osoa gutxienez.
Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, bertan egon beharko dute epaimahaiburuak eta epaimahaikide-idazkariak edo haien legezko ordezkoek.
Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak aplikatzerakoan sortzen diren auzi guztiak.
Baldin gertatzen bada administrazio prozeduraren arauetan abstentziorako ezarritako arrazoiren bat, epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta hori jakinarazi deialdia egin duen organoari.
Halaber, izangaiek mahaikideak errekusatu ditzakete, arrazoi horietako bat gertatzen denean.
Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza jasotzen ahalko du proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
7.–Oposizioa nola eginen den.
7.1. Oposizioak bi hautapen fase izanen ditu. Lehenengo hautapen fasean, proba baztertzaileak eginen dira: I. eranskineko gai zerrendari buruzkoak, gaitasun fisikoa neurtzekoak eta proba psikoteknikoak eta medikoak; eta euskararen proba ez-baztertzailea. Bigarren fasean oinarrizko prestakuntza-ikastaro bat gainditu beharko da.
Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpenean berean zehaztuko da lehen proba non, noiz eta zein ordutan hasiko den.
7.2. Deialdi bakarra eginen da hautapen faseko probetarako, eta izangaiek agertu beharko dute aldean dutela Nortasun Agiri Nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Oro har, oposiziotik bazterturik geldituko dira adierazten diren egun, ordu eta tokietan agertzen ez diren izangaiak, arrazoia edozein dela ere.
Hautapen fasean 7.3.1.a), b) eta c) oinarrietako proba bakoitza kalifikatutakoan –eta 73.1d) oinarrikoa, hala badagokio–, epaimahaiak behin-behineko kalifikazioak argitaratuko ditu Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian, eta bost egun naturaleko epea emanen du izangaiek alegazioak aurkez ditzaten. Epaimahaiak alegazioak ebatzi ondoren, behin betiko kalifikazioak onetsiko dira, eta horiek ere argitaratuko dira Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian; azalduko dira proba gainditu duten izangaiak eta baztertuak, kasuen arabera, baita hurrengo proba egiteko tokia, eguna eta ordua ere, gutxienez ere berrogeita zortzi ordu lehenago.
7.3. Prozeduraren faseak, dokumentazioa, ikastarorako behin betiko onarpena, praktiketako funtzionarioen izendapena eta oinarrizko prestakuntza-ikastaroa.
7.4. Prozeduraren faseak:
Hautapen fasean honako proba hauek izanen dira:
a) Proba teorikoa: hautapen proba bat izanen da, eta 80 galderako galde-sorta bati erantzun beharko zaio; erantzuteko hiru aukera emanen dira, baina horietako bakarra izanen da zuzena. Galderak izanen dira deialdiaren I. eranskinaren edozein ataletan jasotzen diren gaiei buruzkoak. Galdera guztiek balio bera izanen dute. Galde-sorta gehienez ere laurogei (80) punturekin baloratuko da: 1 puntu, zuzen erantzuten den galdera bakoitzeko. Zigortu eginen dira erantzun okerrak, galderaren balioaren erdia, hots, 0,50 puntu kenduta.
Baztertuak izanen dira gutxienez 40 puntu erdiesten ez dituztenek eta lehendabiziko 40 izangaien artean ez daudenak, hurrengo apartatuan adierazi bezala.
Galderak izanen dira deialdia argitaratu egunean indarrean dagoen araudiari buruzkoak.
b) Gaitasun fisikoko probak: deialdiaren II. eranskineko ariketa fisikoak egin beharko dira; guztiak baztertzaileak izanen dira, eta ez dute punturik emanen. Oposiziogileak "gai" edo "ez gai" kalifikatuko dira.
Proba honetan izangai hauek soilik parte hartuko dute: gutxienez 40 puntu erdietsi dituztenak eta proba teorikoan 40 kalifikazio handienen artean daudenak. Gainerako izangaiak baztertu eginen dira. Berrogeigarren postuan puntuazio-berdinketa gertatuz gero, puntuazio bera duten guztiak pasatuko dira. Gainerako izangaiak baztertu eginen dira.
Izangaiak behartuta egonen dira dopinaren kontrako kontrola egitera, ariketak egin bitartean edo beste noiznahi, epaimahaiak hala eskatuz gero. Behar den organo espezializatuak eginen ditu jardunbide debekatuak detektatzeko edo egiaztatzeko analisiak. Horrenbestez, debekatuta daude Kirol Kontseilu Gorenak 2007ko abenduaren 28an emandako ebazpenaren I. eranskinean ageri diren substantziak, talde farmakologikoak, dopin metodoak eta manipulazioak (kirolean debekatutako substantzien eta metodoen zerrenda, 2008ko 5. Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratua, urtarrilaren 5ean), eta, bestalde, indarrean segitzen dute Kirol Kontseilu Goreneko Lehendakaritzak kirolean debekatuta dauden metodo eta substantzien zerrenda onesteko 2006ko abenduaren 21ean emandako ebazpenaren IV. eta V. eranskinek (animaliengan, galgoengan eta lehiaketa hipikoetan debekaturik dauden substantzien eta metodoen zerrendak dituztenak, hurrenez hurren), azaroaren 21eko 7/2006 Lege Organikoaren lehen xedapen gehigarrian xedatutakoaren babesean (Osasuna Babesteari eta Kiroleko Dopinaren kontra Borrokatzeari buruzko Lege Organikoa). VI. eranskinak ere indarrean segitzen du, kirolean dopina erabiltzearen kontrako UNESCOren Nazioarteko Konbentzioaren II. eranskinari aurka egiten ez dion guztian. Bazterturik geldituko dira kontrol horretan emaitza positiboa ateratzen duten izangaiak eta, orobat, kontrola egitea onartzen ez dutenak.
c) Proba psikoteknikoa: hainbat proba eginen dira, zehazteko izangaia zer neurritan egokitzen den lanpostuaren profil profesiografikoaren eskakizunetara. Proba horiek eginen ditu Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Aplikatuaren Atalak, eta haren balorazioak lotesleak izanen dira epaimahaiarentzat. Gaitasun psikoteknikoaren proban 14 puntu lortzen ahalko dira gehienez. Bazterturik geldituko dira ariketa honetan 7 puntura ailegatzen ez diren izangaiak.
Proba fisikoak gehi proba teorikoa gainditzen dituzten izangai guztiek eginen dute gaitasun psikoteknikoaren proba.
Proba nola eginen den:
–Profil profesiografikoa zehaztea: Proposatuko dute NAPIko Psikologia Aplikatuaren Atalak eta deialdiko kalifikazio-epaimahaiak, edo hark izendaturiko langileek. Azken kasu horretan, lanpostuaren beharrak eta eskakizunak ezagutu beharko dituzte. Azterketa horretatik abiatuta, ebaluatu beharreko faktoreak edo gaitasunak zehaztuko dira, baita eginkizunak behar bezala gauzatzeko beharrezkoak diren eskakizunak ere.
Profil profesiografikoaren proposamena epaimahaiari helaraziko zaio, probak hasi aurretik onar dezan.
Kalifikazio-epaimahaia, probak egin aurretik, arduratuko da garrantzizkotzat jotzen diren gai guztiak baliabide egokien bidez argitaratzeaz. Horretarako, NAPIko arlo psikoteknikoko teknikariekin koordinatuko da, eta horiek emanen dizkiote profilean jasotako eta baloratu beharreko faktoreak eta zuzentzeko eta kalifikatzeko irizpideak.
–Probak bi ariketa izanen ditu:
Lehenbizikoan ariketa psikotekniko bat edo batzuk eginen dira. Galde-sortak izanen dira, oro har nortasunari buruzkoak nahiz laneko gaitasunei eta/edo trebetasunei buruzkoak.
Bigarrenean, elkarrizketa pertsonala eginen da, eta/edo talde-lanekoa, eta, hala, lehenbiziko zatiko galde-sortarekin alderatuko dira.
d) Proba medikoak. Proba psikoteknikoak gainditzen dituzten izangaiei, deialdiko lanpostuak baino gehiago izanik eta epaimahaiak zehazten duen kopuruan, dei eginen zaie proba medikoak egitera, gaitasun psikofisikoa egiaztatu beharrez, deialdiko 3.1 apartatuko d) letran ezarritakoari jarraikiz. Alesbesko Udalak kontratatzen duen zerbitzu medikoak egingo du osasun azterketa hori.
Proba medikoetan izangaiei "Gai" edo "Ez gai" kalifikazioa emanen zaie. Bazterturik geldituko dira "Gai" kalifikazioa lortzen ez duten izangaiak.
Dauden lanpostu guztiak zehaztuta –lehenengo oinarrian ezartzen denari jarraikiz– eta epaimahaiak osasun azterketaren balorazioak jasota, epaimahaiak izangai onartuen zerrenda prestatuko du, parte har dezaten Nafarroako Segurtasun eta Larrialdietako Eskolarako lanpostu hutsak esleitzeko ekitaldian, betiere lortutako puntuazioaren hurrenkeran, eta kontuan harturik txanda irekia eta igoera txanda.
7.5. Lanpostuen esleipena.
Nafarroako Segurtasun eta Larrialdietako Eskolarako lanpostuak esleitzeko ekitaldia eginen da zehazteko nork duten sarbidea bete beharreko lanpostuetarako.
Egintza horren helburua da dauden lanpostuak betetzea, hautaprobetan lortutako puntuazio handienaren arabera.
Epaimahaiak bi zerrenda eginen ditu horretarako, guztizko puntuazio handienetik txikienera ordenatuta; bat igoera txandako lanposturako izangaiena eta beste bat izangai guztiena. Dei egiten hasiko da, ordenaren arabera, lehenik igoera txandako zerrendan agertzen direnei, txanda horretako postu hutsak adjudikatzeko. Lanpostu horiek bete ondoren, gauza bera eginen da izangai guztiak jasotzen dituen zerrendarekin, kenduta igoera txandan lanpostua lortu dutenak, txanda irekiko postuak betetzeko.
Ekitaldi honetan lanpostua lortzen duten izangaien zerrendan agertzen direnak behin-behinean proposatuko dira oinarrizko prestakuntza-ikastarorako. Proposatutakoen kopurua ez da inola ere izanen deialdiko lanpostu kopurua baino handiagoa. Epaimahaiak argitara emanen du zerrenda Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian, zehaztuta bakoitzaren kalifikazio orokorrak.
7.6. Dokumentazioa eta ikastarorako behin betiko onarpena.
Oinarrizko prestakuntza-ikastaroan parte hartu ahal izateko, behin-behinekoz onartutakoek frogatu beharko dute, zazpi egun balioduneko epean, aipatutako zerrenda argitaratzen denetik Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian, betetzen dituztela deialdiaren 3.1 apartatuko c), e) eta f) baldintzak. Horretarako, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute Alesbesko Udaleko erregistro orokorrean, epaimahaiko idazkariari zuzendua:
–Batxilergoko edo Bigarren Mailako Lanbide Heziketako tituluaren edo horien balio bereko tituluaren fotokopia konpultsatua, bi aldeena.
–Deialdian eskatutako gidabaimenen fotokopia konpultsatua, bi aldeena.
–Erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko ez dela kondenatua izan dolozko delitu bat dela kausa, ez eta administrazio publiko baten zerbitzutik kendua ere, eta ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko, deusetan galarazi gabe errehabilitazioaren onura aplikatzea, zigor eta administrazio arloetako arauei jarraikiz.
–Justizia Ministerioaren mendeko Zigortuen eta Auzi-iheslarien Erregistro Zentralaren ziurtagiria, frogatzen duena ez dagoela izangaiaren aurrekari penalik, edo aurrekariak baliogabetuta daudela.
–Armak eramateko eta, behar denean, horiek erabiltzeko konpromisoa hartzeko erantzukizunpeko adierazpena.
–Gizarte Segurantzaren txartelaren fotokopia konpultsatua.
–Hala behar denean, deialdiko 8.2 apartatuaren laugarren paragrafoan aipatzen den aukeraz baliatzeko agiria.
Aurreko tramiteak eginik, epaimahaiak behin betiko zerrenda argitaratuko du, puntuazio handienetik txikienera ordenatua, adierazita zein diren oinarrizko prestakuntza-ikastaroan onartutako izangaiak. Baldin udaltzainendako oinarrizko prestakuntza-ikastaroan behin-behinean onartutako izangairen batek ez badu aurkezten eskatutako dokumentazioa, edo ez badu osasun-azterketa gainditzen, behin betiko zerrendan ordeztu eginen da, probak gainditu eta eskatzen diren baldintzak beteta puntuazio handiena duen izangaiarekin.
7.7. Praktiketako funtzionarioaren izendapena.
Udaltzain izateko oinarrizko prestakuntza-ikastaroan parte hartzen duten izangaiak Alesbesko Udaleko praktiketako funtzionario izendatuko dira Alkatetzaren ebazpen baten bidez, salbu eta aitzinetik Nafarroako Administrazio Publiko bateko funtzionarioak direnak.
7.8. Oinarrizko prestakuntza ikastaroa.
Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak emanen du oinarrizko prestakuntza-ikastaroa, eta baztertzailea izanen da. Ikastaroak jarraituko die irailaren 12ko 113/2005 Foru Dekretuari eta aplikagarriak diren gainerako xedapenei (aipatutako foru dekretuak onetsi zuen Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolaren Antolamendu eta Funtzionamendurako Erregelamendua).
Azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legearen 34.3 eta 45.3 artikuluetan ezarritakoarekin bat, izangairen batek deialdian eskatutako ikastaroaren antzeko bat, Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak antolatua, gainditu badu, aski izanen da Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak ikastaro hori baliozkotzea. Hori frogatzeko, egiaztagiri ofiziala aurkeztuko da, ikastaroetako edukien berdintasuna edo baliokidetasuna frogatzen duena, eta baliozkotutako ikastaroan edo ikastaroetan lortutako kalifikazioak. Egiaztagiri hori Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak emanen du, interesdunak eskatuta. Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolari dagokio, orobat, beste ikastaro eta diploma batzuk osorik edo partez baliozkotzea, antzeko eginkizunak dituzten organismo publikoek eman dituztenak, edo eskolak berak lehenago emandakoak, edukiak baliokideak badira. Halakoetan, dagokion puntuazioa ere emanen du.
Izangaiek, prestakuntza-ikastaroak dirauen bitartean, jasoko dituzte C mailari dagozkion oinarrizko ordainsari pertsonalak, bai eta, hala badagokie, familia laguntza ere.
Ikastaroa egiteko onartutako izangaiak, lehendik funtzionario direnak, jarduneko egoera administratiboan mantenduko dira ikastaroak irauten duen bitartean, erregelamenduz ezartzen diren baldintzen arabera. Langile horiek eskubidea izanen dute graduari eta antzinatasunari dagozkien ordainsariak jasotzeko.
Bestetik, Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko dira eta alta emanen zaie, salbu eta lehendik afiliatuta bazeuden Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen eskubide pasiboen beste araubide batean; kasu horretan, horrexetan segituko dute.
Praktiketako funtzionario izateak ez dakar berekin eskuratu nahi den lanpostuari dagokion eskubiderik.
Oinarrizko prestakuntza-ikastaroan baja emateak berekin ekarriko du praktiketako funtzionarioaren izaera galtzea. Hori gertatzen denean, deialdia egin duen organoari jakinaraziko zaio. Epaimahaiak baja hori jakinaraziko dio Udalari.
Oinarrizko prestakuntza ikastaroan onartua izan baino lehen egindako osasun azterketaz gain, ikastaroa egin bitartean edo hura bukatutakoan izangaiak agintzen zaizkion proba mediko guztiak pasatu beharko ditu, deialdiaren 3.1.d) apartatuan aipatzen den baldintza betetzen segitzen duela egiaztatzeko. Proba horien bidez egiaztatzen bada badela baztertzeko arrazoirik, epaimahaiak aginduko du izangai horiei baja emateko hautapen-prozesuan, eta, ondorioz, praktiketako funtzionario izaera galduko dute.
Oinarrizko prestakuntza-ikastaroa gainditzen duten izangaiek, baldin hautapen-prozesuan ez bazaie bajarik ematen gaitasun psikofisikoa galtzeagatik, praktiketako funtzionarioak izaten segituko dute lanpostuaz jabetu arte.
Oinarrizko prestakuntza-ikastaroan, izangaiak kalifikatuko dira, ateratako puntuazioaren hurrenkeran. Aipatutako ikastaroan Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak izangaiei ematen dizkien kalifikazioak lotesleak izanen dira kalifikazio-epaimahaiarendako.
Oinarrizko prestakuntza-ikastaroa gainditzen ez duten izangaiak bazterturik geldituko dira oposiziotik.
7.9. Azken kalifikazioa.
Izangai bakoitzaren azken kalifikazioa ateratzeko, batuko dira hautapen-prozesu guztiko puntuazioak, alegia, hautapen fasean eskuratutako puntuazioak eta oinarrizko prestakuntza-ikastaroko puntuazioa.
8.–Izendapena eta jabetza hartzea.
8,1. Izendapena.
Oinarrizko prestakuntza-ikastaroa amaiturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du gaindituen zerrenda, osoko puntuazioaren arabera ordenatua, eta gainditu duten izangaiak izendatzeko proposamena igorriko du.
Oinarrizko prestakuntza-ikastaroa bukatu, eta izangaiek zin egin edo hitzeman beharko dute Nafarroako Foru Eraentza errespetatuko eta defendatuko dutela, Konstituzioari eta legeei men eginen dietela eta karguari dagozkion betebeharrak zintzo beteko dituztela.
Eskatutako dokumentazioa aurkeztu ondotik, Tokiko Gobernu Batzarrak erabakita, Alesbesko Udaleko udaltzain eta funtzionario izendatuko dira oposizioa gainditu duten izangaiak, txanden eta lortutako azken puntuazioaren hurrenkeraren arabera, baldin aurreko apartatuan ezarritakoa bete badute.
Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
Behin prestakuntza ikastaroa bukatu ondoren, eta ikastaroa baliozkotu zaion izangaiak hautatutako polizian sartu ondoren, jabetza hartzeak berekin ekarriko du berariaz uko egitea une horretara arte edukitako lanpostuari, eta lanpostua gelditzea erreserbarik gabeko borondatezko eszedentziaren egoeran.
8.2. Lanpostuaren jabetza hartzea.
Izangaiek izendapenean zehazten den egunean jabetu beharko dute lanpostuaz.
Lanpostuaz jabetzeak berekin ekarriko du praktiketako funtzionario izatetik gelditzea.
Ezarritako egunean lanpostua hartzen ez dutenek eskubide guztiak galduko dituzte Alesbesko Udalean sartzeko, ezinbesteko kasuetan izan ezik.
Hautaprobak gainditu eta deialdiaren xede diren lanpostuetarako izendatuak izan ondoren, Udalean sartu eta funtzionario bihurtzen diren izangaiak afiliatuko dira Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean, eta alta emanen zaie araubide horren babesean, salbu eta lehendik afiliaturik badaude Nafarroako Administrazio Publikoetako Eskubide Pasiboen eta Osasun eta Gizarte Laguntzaren beste araubide batean; halakoetan, eta izendatu aurretik, aukeratzen ahalko dute babes araubide horretan segitzea ala Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatzea.
9.–Datu pertsonalen babesa.
Datuen babesa. Alesbesko Udala da datuen tratamenduaren arduraduna, enplegu deialdiak kudeatzeko helburuz eta botere publikoak baliatuz erabiliko diren datu pertsonalei dagokienez.
Oinarri juridikoa: 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, hizpide duena Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina, eta interesdunak eskabidea aurkeztean emaniko adostasuna.
Datuak gordeko diren denbora: datuak aipatu helburua betetzeko behar den denboran gordeko dira, eta biltegiraturik edukiko dira Udalak haien tratamenduaren ondoriozko erantzukizuna izan dezakeen bitartean. Bestalde, bete beharko dira apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legean ezarritako kontserbazio arauak (Artxiboei eta Dokumentuei buruzko Foru Legea).
Datuen hartzaileak: datuak organo judizialei nahiz ordezkari sindikalei lagatzen ahalko zaizkie, indarreko legeria betez, eta Udalaren web-orrian eta iragarki-taulan emanen dira argitara, deialdian adierazi bezala.
10.–Errekurtsoak.
Deialdi honen aurka nahiz oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, aukeran:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den erabakia argitaratzen edo egintza jakinarazten denetik hasita.
Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.
Jarritako errekurtso guztiak eta horien ebazpena argitaratuko dira Udalaren web-orrian, interesdunei jakinarazteko ondorioetarako, hautapen-prozesu honen barnean.
Alesbesen, 2023ko ______________ren ______(e)(a)n.
I. ERANSKINA.–LEHEN PROBARAKO (TEORIKOA ) GAI-ZERRENDA
1. Espainiako 1978ko Konstituzioa: Atarikoa. Atariko titulua. I. titulua: oinarrizko eskubideak eta betebeharrak. III. titulua: Gorte Nagusiak. IV. titulua: Gobernua eta Administrazioa. VI. titulua: Botere Judiziala.
2. 7/1985 Legea, apirilaren 2koa, arautzen dituena Toki Araubidearen Oinarriak. I. titulua: xedapen orokorrak. II. titulua: Udalerria. V. titulua: Toki-erakundeei buruzko xedapen orokorrak. VII. titulua: Nafarroako toki-erakundeen zerbitzurako langileak. X. titulua: Biztanleria handiko udalak antolatzeko araubidea. XI. titulua: Zenbait arlotako arau-hauste eta zehapenen tipifikazioa toki-erakundeetan.
3. 6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa. I. tituluaren barnean: toki-erakundeen antolaketa eta administrazioa, I. kapitulua: udalerriak. III. tituluaren barnean: Nafarroako toki-erakundeen funtzionamenduaren araubidea. Herritarrendako informazioa eta haien parte-hartzea, 1. kapituluko 1. atala eta 2. atala: Nafarroako toki-erakundeen funtzionamendua.
4. Segurtasun Indar eta Kidegoei buruzko martxoaren 13ko 2/1986 Lege Organikoa. I. titulua: Segurtasun indar eta kidegoak. II. titulua: Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoak. III. titulua: autonomia erkidegoetako poliziak. IV. titulua: Estatuaren eta autonomia erkidegoen arteko lankidetza eta koordinazioa. V. titulua: udaltzaingoak. Bosgarren xedapen gehigarria. Azken xedapenetako hirugarrena eta seigarrena.
5. Abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena. I. titulua. Xedapen orokorrak. II. titulua. Funtzionario publikoak. I. kapitulua. Hautaketa. II. kapitulua. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. III. kapitulua. Mailak eta graduak. IV. kapitulua. Administrazio karrera. V. kapitulua. Plantilla organikoak, funtzionarioen zerrendak eta espediente pertsonalak. VI. kapitulua. Egoera administratiboak.
6. 10/1995 Lege Organikoa, azaroaren 23koa, Zigor Kodeari buruzkoa: Atariko titulua: zigor bermeak eta zigor legearen aplikazioa. I. titulua: arau-hauste penala. II. titulua: delituen erantzukizun kriminala duten pertsonak. III. titulua. Zigorrak.
7. 14/2015 Foru Legea, apirilaren 10ekoa, Emakumeen kontrako Indarkeriari aurre egitekoa. I. titulua. Xedapen orokorrak. IV. titulua. Emakumeen kontrako indarkeriaren detekzioa eta arreta. VII. titulua. Poliziaren arreta eta babes eraginkorra.
8. 3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, hizpide duena Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarria. I. eta II. tituluak.
9. 1882ko irailaren 14ko Errege Dekretua, onesten duena Prozedura Kriminalaren Legea: II. liburua: I. titulua: salaketa. III. titulua: polizia judiziala. VI. titulua: zitazioa, atxiloketa eta behin-behineko espetxeratzea. VIII. titulua: I. kapitulua: toki itxian sartu eta hori miatzea. IV. liburua: prozedura bereziak, II. titulua: prozedura laburtua, II. kapitulua: polizia judizialaren eta Fiskaltzaren jarduketak. III. titulua: delitu jakin batzuk azkar epaitzeko prozedura.
10. 6/1984 Lege Organikoa, maiatzaren 24koa, zeinaren bidez arautzen baita "Habeas Corpus" prozedura.
11. 23/20018 Foru Legea, azaroaren 19koa, Nafarroako Poliziari buruzkoa.
12. 4/2015 Lege Organikoa, martxoaren 30ekoa, Herritarren Segurtasuna Babesteari buruzkoa. Atarikoa: I. kapitulua: xedapen orokorrak, II. kapitulua: dokumentazio eta identifikazio pertsonala, eta III. kapitulua: herritarren segurtasuna mantentzeko eta berrezartzeko jarduerak, V. kapitulua: zehapenen araubidea.
13. 6/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bategina onesten duena.
14. 1428/2003 Errege Dekretua, azaroaren 21ekoa, onesten duena Zirkulazio Erregelamendu Orokorra, aplikatuz eta garatuz Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide-Segurtasunari buruzko Legearen testu artikuluduna –onetsi zena martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez–.
15. 5/2012 Legea, uztailaren 6koa, Gai Zibil eta Merkataritzakoetako Bitartekaritzari buruzkoa.
16. Alesbesko Udalaren udal ordenantzak:
–Animalia arriskutsuak eta bestelakoak edukitzea arautzen duen udal ordenantza.
–Ibilgailu motordunen trafiko eta zirkulazioari buruzko udal ordenantza.
–Bide publikoaren gaineko udal ordenantza.
–Ibilgailuak espaloiaren bidez sartzea arautze duen udal ordenantza.
–Merkataritza ez-egonkorra arautzen duen udal ordenantza.
17. Etika eta deontologia poliziala:
–Jokabide kodea, legea betearazi behar duten funtzionarioendako (34/169 Ebazpena, 1979ko abenduaren 17koa, Nazio Batuen Batzar Nagusiak emana).
–690/1979 Ebazpena, Europako Kontseiluaren Parlamentu Biltzarrak emana, poliziaren gaineko deklarazioa egiten duena.
–Europako Kontseiluko Ministroen Batzordeak Europar Batasuneko estatuei emandako 2001/10 Gomendioa, Poliziaren Etikaren Europako Kodeari buruzkoa. (Ministroen Kontseiluak emana 2001eko irailaren 19an, Ministroen Delegatuen 765. bilkuran).
–5/2000 Lege Organikoa, urtarrilaren 12koa, Adingabeen erantzukizun penala arautzen duena: Atariko titulua. I. titulua: legearen aplikazio esparrua. III. titulua: prozeduraren instrukzioa.
–2/1989 Foru Legea, martxoaren 13koa, Ikuskizun publikoak eta josteta jarduerak arautzen dituena.
–201/2002 Foru Dekretua, irailaren 23koa, arautzen duena ikuskizun publikoen eta josteta jardueren ordutegi orokorra.
–202/2002 Foru Dekretua, irailaren 23koa, Establezimendu, ikuskizun publiko eta josteta jardueren katalogoa onetsi eta enpresen eta lokalen erregistroak arautzen dituena.
–33/2011 Foru Dekretua, maiatzaren 2koa, baldintzak arautzen dituena aisiako jardueretan sartzeko eta haietan egoteko, eta ezartzen dituena sarrera kontrolatzen duten langileen gaikuntza irizpideak eta eginkizunak.
–Alesbesko ezagutza orokorra: historia, arkitektura, industria, kale izendegia eta hiri ingurunea, nekazaritza herri-lurrak, geografia, hidrologia eta hidrogeologia, lurpeko hidrogeologia, landaretza, fauna eta babesturiko naturguneak; Alesbesko tradizioak eta usadio-ohiturak.
18. Gaztelaniaren oinarrizko ortografia.
II. ERANSKINA.– BIGARREN PROBARI (GAITASUN FISIKOA) DAGOZKION ARIKETAK
1. Bankuan etzanda pisua altxatzeko proba: 38 kg gizonentzat eta 22 kg emakumeentzat.
Deskribapena: Banku batean etzanda, ahoz gora, izangaiak 38 edo 22 kiloko pisua goratu behar du 60 segundoz, ahal duen aldi guztietan. Bi eskuekin goratuko du pisua, barra hartuta sorbalden zabalera baino pixka bat zabalago (barrari esku-ahurraz helduta eta behatzak itxita). Ariketa honela eginen da: hasieran barrak bularra ukitzen du, ukondoak flexionaturik, eta gero ukondoak erabat luzatzen dira bertikalean jarri arte. Proba hau egiteko saio bakarra izanen dute izangaiek.
Ariketaren hasieran ukondoak flexionatuak egonen dira, eta barrak bularra ukituko du.
Oinak lehenbiziko goratzean nola dauden, horrelaxe mantenduko dira ariketa osoan, aldatu gabe.
Ukondoak erabat luzatu ezean edo ukondoen flexio bakoitzean barrarekin bularra ukitu ezean, jasoaldia baliogabetu eginen da, eta, beraz, ez da kontatuko.
Honelakoetan, ariketa bukatutzat emanen da:
–Izangaiak, ukondoak flexionaturik dituela, ariketa gelditzen badu barra bularrean bermatuz.
Puntuazioa: egindako errepikapenen araberakoa izanen da, eskala honi jarraikiz:
PUNTUAZIOAK ERREPIKAPENAK | EZ GAI | GAI |
GIZONAK | 30 baino gutxiago | 30 edo gehiago |
EMAKUMEAK | 20 baino gutxiago | 20 edo gehiago |
2. Uretako trebetasun proba. (50 metro estilo librean).
Deskripzioa: joan-etorria egin behar da igerian, estilo librean, 25 metroko igeri-ontzi batean.
Proba hau egiteko gehieneko denbora hau da: 39,9 segundo gizonendako eta 44,9 segundo emakumeendako. Ezin izanen da erabili urpeko betaurrekorik, ez eta urpean ibiltzeko beste tresnarik ere, baina bai igeriketa-betaurrekoak. Saio bakarra eginen da.
Epaile kronometratzaileak "ya" esatean hasiko da ibilbidea.
Saioa baliogabetzat joko da, eta baztertzeko arrazoi izanen da, baldin eta izangaiak:
–Kortxo-ilarak edo igerilekuaren alboko kaleak edo ertza euskarritzat edo abiada hartzeko erabiltzen baditu.
–Igerilekuaren hondoan jartzen bada edo hura erabiliz abiada hartzen badu.
–Kalez aldatzen bada.
Puntuazioa: eskala honen arabera emanen da (denbora segundotan neurtua, segundo-ehunenak ez baitira kontuan hartuko).
Denbora eta puntuazioak:
PUNTUAZIOAK ERREPIKAPENAK | EZ GAI | GAI |
GIZONAK | 40 segundo edo gehiago | 40 segundo baino gutxiago |
EMAKUMEAK | 45 segundo edo gehiago | 45 segundo baino gutxiago |
3. Zalutasun proba (Barrow testa).
Abiatzeko jarrera: zutik zutoinaren ondoan, irteera marraren atzeko aldean.

Nola eginen den: probaren helburua da ahalik eta lasterren egitea "zortzi" baten itxurako zirkuitu bat, bost zutoinez mugatua. Horietako lauk 8,66 bider 5 metroko laukizuzen baten erpinak seinalatzen dituzte eta bosgarrena erdi-erdian dago (ikus grafikoa). Izangaiek bi aldiz egin behar dute zirkuitua, behin alde batera behin bestera (A eta B ibilbideak grafikoan). Izangai bakoitzari bigarren aukera emanen zaio ibilbide bakoitzean, lehenengo saioa baliogabetzat hartzen bada.
Saio baliogabea izanen da honako hau gertatzen denean:
a) Izangaiak zutoin bat botatzen duenean.
b) Izangaia ibilbidetik ateratzen denean.
Honako hauek dira kanporatzeko arrazoiak:
a) Ibilbideetako batean (A edo B) bi saio baliogabe egitea.
b) Probarako aurreikusitako gehieneko denbora gainditzea.
Puntuazioa: izangaiek bi ibilbideetan (A + B) emandako denbora batuko da, fotozelulak irakurri bezala, ehunenetan, kontuan hartuz ariketa bukatzen dela izangaiak irteera marra berriz gurutzatzen duenean. Segundo-ehunenak alde batera utziko dira.
Fotozelula sistemak huts egiten badu, erreserbako eskuzko kronometrajea aplikatuko da.
Denbora eta puntuazioak:
PUNTUAZIOAK ERREPIKAPENAK | EZ GAI | GAI |
GIZONAK | 23"6 edo gehiago | 23"5 edo gutxiago |
EMAKUMEAK | 26"6 edo gehiago | 26"5 edo gutxiago |
4. Erresistentzia proba. (Course Navette-ren testa).
Gauzatzeko modua: Izangaiek 20 metroko luzera duen joan-etorriko ibilbide bat egin behar dute emandako seinale akustikoen bidez markatutako erritmoari jarraikiz, ahalik eta joan-etorri gehien eginez. Izangaiek, seinalea entzutearekin batera, ibilbidearen bi muturrak seinalatzen dituzten marrak zapaldu beharko dituzte, lehenik bat eta gero bestea. Hortaz, izangai guztiek erritmo berean egin beharko dute lasterketa, eta ez da onartuko inork ere ez lasterketaren erritmoa gainditzea. Buelta emanen da oin baten gainean bermatuz eta marra zapalduz. Soinua tarte erregularren arabera emanen da. Probaren hasieran abiadura motela izanen da, baina gero eta azkarrago eginen da. Izangaiek saio bakarra izanen dute proba hau egiteko.
Testaren helburua da markatzen den erritmoari eustea eskatzen diren epeak bete arte. Izangai bakoitzaren proba bukatuko da une honetan (eta ordura arte egin dituen tarteak kontatutako dira):
–Izangaia gelditzea.
–Izangaia bere kaletik ateratzea.
–Izangaiak ibilbide oso bat bukatzeko dagoen muturreko marra ez zapaltzea.
–Izangaia hiru aldiz jarraian ez iristea muturreko marra zapaltzera seinale akustikoak agintzen dionean. Marratik metro bateko marjinan egotea onartuko da, seinaleak jotzen duen unean.
–Izangaia marjina horren barnean ez egotea seinaleak jotzen duenean, behin bakarrik.
Puntuazioa: izangai bakoitzak proba bukatzen duen arte pasatako denbora-tarteen araberakoa izanen da (tarte bakoitza minutu batekoa da gutxi gorabehera), ondoko eskala honi jarraikiz:
Tarteak eta puntuazioak:
PUNTUAZIOAK ERREPIKAPENAK | EZ GAI | GAI |
GIZONAK | 10 edo gutxiago | 10,5 edo gehiago |
EMAKUMEAK | 8 edo gutxiago | 8,5 edo gehiago |
III. ERANSKINA.–BAZTERKETA MEDIKOEN TAULA
1.–Ikusmena. Begien sistema:
–Zuzendu gabeko ikusmen zolitasuna: 4/10 bi begietan, 3/10 begi txarrenean eta 5/10 onenean, edota 2/10 begi txarrenean eta 6/10 onenean.
–Ikus-eremu monokularra: ezin izanen da 120°-tik beherakoa izan plano horizontalean, eta murrizketa nabarmenik gabekoa izanen da ikus-eremuko meridiano batetik bestera.
–Diplopia.
–Diskromatopsia larriak.
–Estereopsi falta.
–Keratotomia erradiala.
2.–Entzumena. Entzumen sistema:
–500 eta 3.000 Hz bitarteko frekuentzietan 45 dB edo gehiagoko galera monoaurala izatea entzumen-zolitasunean.
–Orekari loturiko nahasmenduak, edozein etiologiatakoak.
3.–Mintzamena:
–Afasiak, disfoniak, disfemiak (toteltasuna), disartria eta disglosia iraunkorrak, polizia lanetan aritzea zaildu edo galarazteko modukoak.
4.–Hezur eta muskulu-sistema:
–Giltzaduraren baten ankilosia edo galera anatomikoa, eragin funtzionalaren arabera.
–Prozesu artikularrak, eragin funtzionalaren arabera, zeinahi etiologiaren ondorio direla ere.
–20º-tik gorako eskoliosia.
–30º-tik gorako zifosia.
–Espondilolisia, espondilolistesia, ornoen bat-egiteak eta ornoarteko diskoaren nahasmenduak.
–Espondilitis ankilosatzailea.
–Paget-en eritasuna.
–Osteoporosia eta osteomalazia (eragin funtzionalaren arabera).
–Fibromialgia.
–Deformazio anatomikoak, eragin funtzionalaren arabera.
5.–Digestio aparatua:
–Crohn-en eritasuna eta kolitis ultzeraduna.
–B eta C hepatitisa aktiboa izatea edo birusaren eramailea izatea.
–Gibeleko gutxiegitasuna, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.
–Gibeleko zirrosia.
–Behazun-zirrosi primarioa.
–Pankreatitis kronikoa.
–Fibrosi kistikoa.
–Abdomeneko paretako herniak, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoak.
–Uzki-esfinterraren ihesa.
6.–Sistema kardiobaskularra:
–Bihotzeko gutxiegitasuna, maila guztietan.
–Arritmia eta blokeoak: eszitazio aurreko sindromeak eta erritmo edo kondukzio kardiakoaren edozein nahasmendu, honako hauek salbu: arritmia sinusala, estrasistole suprabentrikular edo estrasistole bentrikular isolatuak, lehen mailako blokeo aurikulobentrikularra, eskuineko adarreko blokeo osoa eta ezkerreko adarraren hemiblokeoak.
–Kardiopatia iskemikoa, maila guztietan.
–Balbulopatiak.
–Miokardiopatiak.
–Perikardiopatia kronikoak.
–Biriketako hipertentsio primarioa eta sekundarioa.
–Arterietako iskemia kronikoaren sindromea.
–Hipertentsio arteriala (TASa > 140 eta TADa > 90).
–Hipotentsioa (TASa < 90 eta TADa < 45).
–Gutxiegitasun benoso eta linfatikoa.
7.–Arnas aparatua:
–Arnas aparatuko gaitz kronikoak (bronkitis kronikoa, buxadurazko arnas gaixotasun kronikoa, enfisema, bronkiektasiak).
–Pleurako isuri errepikatuak.
–Berezko pneumotorax errepikatuak.
–Eritasun interstizialak eta/edo biriketako fibrosia.
–Asma eta bronkioetako hiperreaktibotasuna.
8.–Nerbio-sistema:
–Epilepsia.
–Esklerosi anizkoitza eta bestelako eritasun desmielinizatzaileak.
–Neurona motorraren eritasunak.
–Ataxiak.
–Buruko eta integrazioko funtzioen nahasmenduak (arrazoitze abstraktua, oroimena, adimena eta funtzio betearazleak).
–Parkinson-en eritasuna eta bestelako nahasmendu estrapiramidalak.
–Odol-hodien gaitz iskemikoak, hemorragikoak edo malformazioren baten ondoriozkoak.
–Miastenia larria eta lotura neuromuskularraren bestelako nahasmenduak.
–Bertigoak.
–Siringomielia.
–Hidrozefalia.
–Miopatiak.
–Nerbio-sistema zentraleko lesioaren ondoriozko paralisia.
–Paralisi periferikoak, eragin funtzionalaren arabera.
–Nerbio-sistema periferikoko eritasunak, eragin funtzionalaren arabera.
–Neke kronikoaren sindromea.
–Anosmia.
–Beste nahasmendu motor batzuk (tikak, estereotipia motorrak, loaren nahasmenduak), giza harremanetan eta lanean duten eraginaren arabera.
9.–Nahasmendu psikiatrikoak:
–Nahasmendu mental organikoak, salbu eta prozesu automugatuak eta itzulgarriak.
–Substantzia psikotropikoak (alkohola barne) kontsumitzearen ondoriozko nahasmendu mentalak eta portaeraren nahasmenduak.
–Eskizofrenia eta bestelako nahasmendu psikotikoak.
–Gogo-aldartearen nahasmenduak (nahasmendu bipolarrak, depresio-nahasmendu errepikatuak, depresio-nahasmendu larria, nahasmendu distimikoak).
–Antsietate-nahasmenduak, baldin ondorio kliniko nabarmena baldin badute.
–Nortasunaren nahasmenduak eta bulkaden kontrolari loturikoak, gizarte harremanetan eta lanean eragina dutenak.
10.–Aparatu genitourinarioa:
–Giltzurrun-gutxiegitasuna, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.
–Gernu-inkontinentzia.
–Giltzurrun-polikistosia.
11.–Sistema endokrinologikoa:
–Hipotalamo-hipofisi ardatzaren nahasmenduak.
–Hipertiroidismoa eta hipotiroidismoa, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.
–Addison, Cushing, feokromozitoma eta giltzurrun gaineko guruinetako bestelako nahasmenduak.
–Hipoaldosteronismo primarioa eta sekundarioa.
–Diabetes mellitusa.
–Adenomatosi endokrino anizkoitza.
–Hipoparatiroidismoa eta hiperparatiroidismoa, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.
12.–Larruazala, fanerak eta guruin exokrinoak:
–Orbainak eta larruazaleko prozesu kronikoak, baldin eta, haien hedadura, eragin funtzionala eta kokapena dela kausa, polizia lanetan aritzea eragozten badute.
13.–Odola eta organo hematopoietikoak:
–Aplasia medularra, gaueko hemoglobinuria paroxistikoa, sindrome mieloproliferatiboak, anemia hemolitiko kronikoak, b-talasemiak anemiarekin.
–Linfomak, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.
–Sindrome linfoproliferatibo kronikoak, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.
–Mieloma anizkoitzak eta Waldeström-en eritasuna.
–Hemofiliak eta hemostasiaren beste nahasmendu batzuk.
–Immunoeskasiak.
–Esplenektomia.
–Antikoagulatzaileak (Heparinak, Sintrom), Interferon, kortikoideak edo eritropoietina erabiltzen dituzten tratamendu kronikoak.
14.–Beste batzuk:
–GIB birusaren antigorputzen eramailea.
–Amiloidosia.
–Kolagenosia.
–Lupus eritematoso sistemikoa.
–Artritis erreumatoidea.
–Esklerodermia.
–Sjögren-en sindromea.
–Baskulitisa, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.
–Obesitatea (gorputz-masaren indizea > 25).
15.–Azalpen orokorrak:
–Patologia baztertzaileak ebaluazio mahaiak baloratuko ditu eragin funtzionalaren arabera, eta polizia lanetan aritzeari begira eginen den pronostikoaren arabera.
–Prozesu neoplasikoetan eta organoen transplanteen kasuetan, ebaluazio mahaiak gaitasuna baloratuko du, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.
–Edozein aparaturen eta sistemaren beste edozein afekzio, baldin ebaluazio mahaiaren iritziz polizia lanetan aritzea galarazten ahal duen eragin funtzionala badu.
IV. ERANSKINA.–Eskabidea (PDFa).
Iragarkiaren kodea: L2309146
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
