136. ALDIZKARIA - 2023ko ekainaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

36/2023 FORU AGINDUA, ekainaren 14koa, Lurralde Kohesiorako kontseilariak emana. Honen bidez onesten da 2023ko maiatzaren 19tik 20ra Nafarroako Foru Komunitatean gertatutako ohiz kanpoko eurite eta uholdeek kaltetutako udalerrien zerrenda, eta zehazten dira kalte horiek ukitutako pertsona fisiko eta juridikoek izan ditzaketen zerga salbuespenak eta horiek aplikatu dituzten udalerriei eman beharreko konpentsazioak.

Nafarroako Gobernuak, 2023ko maiatzaren 24an eginiko bilkuran, honako erabaki hau hartu zuen, besteak beste: Estatuko Administrazio Orokorrari eskatzea babes zibileko larrialdi batek larriki kaltetutako eremu deklara ditzala 2023ko maiatzaren 19tik 20ra Nafarroako Foru Komunitatean gertatutako ohiz kanpoko eurite eta uholdeek ukitutako udalerriak; eta hori, Babes Zibilaren Sistema Nazionalari buruzko uztailaren 9ko 17/2015 Legearen 23. artikuluak ezartzen duenaren ondorioetarako.

Nafarroako Gobernuaren Toki Azpiegituren Zerbitzuak, 2023ko maiatzaren 30eko txostenean, aipatzen du ezen, 2023ko maiatzaren 19tik 20rako egunsentian euriteen tren konbektibo bat gertatu zela Nafarroako iparraldeen dagoen lurraldean. Ibilbide lineal berari jarraituz birsortu ziren ekaitza-segida batek sorrarazi zuen tren hura, eta beren ezaugarri nagusiak iraunkortasuna eta urtarokotasuna dira. Horrek uholde-izaerako zaparradak eragin zituen Beraren eta Aranoren artean, non 4 orduan zehar intentsitate handiko prezipitazioak gertatu baitziren. Horren ondorioz, mota askotako arazo ugari sortu ziren Aranon, Goizuetan, Lesakan eta Beran.

Ezohiko intentsitate horien ondorioz, erreka askok gainez egin zuen 3-4 orduan baino gutxiagoan; horretaz aparte, izan ziren prezipitazioen uholde-izaerak beste kalte asko sortu zituen lurraren saturazioarengatik eta luizi eta ezpondetako lur-jausiengatik. Ikusirik, alde batetik, radarrez hartutako hainbat irudi eta esku-estazio eta estazio automatiko batzuen datuak –horiek zedarritzen baitute euri-jasa handienak non gertatu diren–; eta, beste aldetik, jaso diren kalte handien zerrenda: bide-komunikaziorako azpiegituretan, etxebizitzetan, negozioetako lokaletan, lursailetan, mendiko pistetan, ibilguetan eta abar, uholdeek zein euriteek kaltetutako eremutzat hartzen da Nafarroako udalerri hauek hartzen dituena: Arano, Goizueta, Lesaka eta Bera.

Bere aldetik, Nafarroako Gobernuko Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuak, 2023ko ekainaren 5eko txostenean, adierazten du joan den maiatzaren 20ko egunsentian hainbat ekaitz konbektibo gertatu zirela Nafarroako iparreko muturrean. Ekaitz horien ondorioz euri-jasa gogorrak gertatu ziren, eta errekek gainez egin zuten. Horrek kalteak sortu zituen herrigune, komunikazio-bide, pista eta bideetan. Uholde horien ondorioz, Berako alkateak Berako uholde arriskuaren aurkako udal jarduketa planaren (UAUJP) 1. larrialdi fasea aktibatu zuen maiatzaren 20ko 04:26an, Zia errekarengatik, eta 2. larrialdi fasea egun horretako 04:29an, eta herritarrei SMS bidezko mezuak bidali zizkien. Uholdeen ondorioak ahalik eta txikien izan zitezen larrialdi zerbitzuek egin zituzten parte-hartzeak, eta bai Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuek, bai mobilizatu ziren beste zerbitzu eta organismo batzuek egin zuten gertaeren jarraipena ikusirik, ondorioa da uholdeek kaltetu zituztela, gehiago edo gutxiago, udalerri hauek: Arano, Bera, Goizueta eta Lesaka.

Nafarroako Foru Komunitatean gertaturiko uholdeen, haizete indartsuen eta beste fenomeno natural batzuen ondoriozko hondamendiek kalteturiko pertsonei laguntza eta babesa emateari buruzko urriaren 30eko 11/2009 Foru Legeak uholdeek, haizete indartsuek eta beste fenomeno natural batzuek kaltetutako pertsona fisiko eta juridikoentzako laguntza eta onurak ezartzen ditu, eta, 2. artikuluan zehazten duenez, Nafarroako Gobernuan dagokion unean eskumena duen departamentuak foru agindu baten bidez prestatuko du udal eta herritar kaltetuen zerrenda, izaten ahal dituzten laguntzekin batera. Orobat, 3. artikuluan ezartzen du foru agindu horretan zehaztuko direla foru legean aurreikusitako laguntza edo konpentsazio eskaerak aurkezteko epeak, betebeharrak eta baldintzak. Gobernu Kontseiluak berretsi beharko du aipatu foru agindua, egiten duen lehenbiziko bilkuran.

Gai honetan eskumena duen departamentua Lurralde Kohesiorako Departamentua da, kontuan hartuz Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 263/2019 Foru Dekretuan ezarritakoa (besteak beste, 15 b), 17 f), 18 i), 20 o), eta 23 f) artikuluak).

Nafarroako Foru Komunitatean gertaturiko uholdeen, haizete indartsuen eta beste fenomeno natural batzuen ondoriozko hondamendiek kalteturiko pertsonei laguntza eta babesa emateari buruzko urriaren 30eko 11/2009 Foru Legearen lehen xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera, foru agindu honetan ezarritako laguntzak beti izanen dira izenpetuta dauden aseguru polizetako konpentsazioen osagarriak eta subsidiarioak, ordena horretan, baita Estatuan edo Europar Batasunean antzeko egoeretarako izaten ahal diren beste laguntza batzuen osagarriak eta subsidiarioak ere.

Ondorio horretarako, urriaren 30eko 11/2009 Foru Legea garatzen duten foru aginduek osagarritasun eta subsidiariotasun hori izanen dute kontuan, eta, hortaz, onuradunek, pertsona fisikoak edo juridikoak izan, polizen titular diren aseguru-etxeetan tramitatu beharko dituzte konpentsazioak, eta, bidezkoa bada, Estatuko zein Europar Batasuneko administrazioei ere eskatu dagozkien laguntzak.

Ondorioz, bidezko da 2023ko maiatzean Nafarroako Foru Komunitatean gertatutako ohiz kanpoko eurite eta uholdeek ukitutako udalerrien zerrenda onestea, Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzak aplika daitezen, goian deskribatutako fenomenoek egun horietan eragindako kalteen ondorioak arintzearren.

Nafarroako Foru Komunitatean gertaturiko uholdeen, haizete indartsuen eta beste fenomeno natural batzuen ondoriozko hondamendiek kalteturiko pertsonei laguntza eta babesa emateari buruzko urriaren 30eko 11/2009 Foru Legea aplikatuz, bidezko da ezartzea zer zerga salbuespen eta konpentsazio izanen dituzten Nafarroako Foru Komunitatean 2023ko maiatzean gertaturiko euri erauntsiek eta uholdeek kaltetutako pertsona fisiko eta juridikoek.

11/2009 Foru Legearen 4. eta 5. artikuluetan aurreikusitako udal zergen hobariak indarreko araudiarekin bat emanen direnez, hobari horien konpentsazioa, behin eta berriz aipatutako foru legearen 6. artikuluan ezarritako moduan, 2023ko eta hurrengo aurrekontu ekitaldietan gauzatuko da, bat etorriz Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 17. artikuluan ezarritakoarekin.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitatean gertaturiko uholdeen, haizete indartsuen eta beste fenomeno natural batzuen ondoriozko hondamendiek kalteturiko pertsonei laguntza eta babesa emateari buruzko urriaren 30eko 11/2009 Foru Legeak ematen dizkidan eskudantziak aplikatuz, Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 263/2019 Foru Dekretuari dagokionez,

AGINTZEN DUT:

1. 2023ko maiatzaren 19tik 20ra Nafarroako Foru Komunitatean gertatutako ohiz kanpoko eurite eta uholdeek kaltetutako udalerrien zerrenda onestea: Arano, Bera, Goizueta eta Lesaka.

2. Ezinbesteko kasuak eta salbuespenezko egoerak aintzat hartzeko ondorioetarako, foru agindu honetan aipatzen diren udalerrietan kaltetutako eremuei arreta emanen zaie, abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuan ezarritako araudiaren eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren apirilaren 29ko 72/2021 Foru Aginduaren arabera. Errege dekretu horrek nekazaritzari eta abeltzaintzari 2015etik aurrera egiten zaizkien ordainketa zuzenak eta laguntzeko beste araubide batzuk erregulatzen ditu, baita ordainketa zuzenen eta landa garapenerako ordainketen kudeaketa eta kontrola ere.

3. Foru agindu honen 1. atalean jasotako udalerrietan kokatutako ondasun higiezinen titular diren pertsona fisiko edo juridikoak eta, orobat, haietan adierazitako inguruabarrek ukitutako higiezinak salbuetsirik egonen dira egoera hori gertatu den ekitaldiari dagokion lurraren kontribuzioa ordaintzetik. Salbuespen horretarako eskubidea duten subjektu pasiboek, baldin eta hondamendia gertatu zen ekitaldiko ordainagiriren bat ordainduta badute, zilegi izanen dute ordaindutako zenbatekoak itzultzeko eskatzea.

4. Foru agindu honen 1. atalean aipatutako udalerrietan jarduerak egiten dituzten pertsona fisikoak edo juridikoak, hartan adierazitako gertaeren ondorioz kalteak jaso badituzte, jarduera ekonomikoen gaineko zerga ordaintzetik salbuetsita egonen dira, gertaera horiek izan diren ekitaldian eta kaltetutako jarduerari dagokionez, eta kontzeptu horregatik ordaindutakoa itzultzeko eskatzen ahalko dute.

5. Foru agindu honen 1. atalean adierazitako herrietan kokatuta dauden jarduerak eraikuntzen, instalazioen eta obren gaineko zerga ordaintzetik salbuesten ahalko dira, hondamendiak zergaren xede den instalazio, eraikuntza eta obrari eragin dien ehunekoan, foru agindu honek ezartzen dituen baldintzetan. Salbuetsitako jardueretan, kaltetutakoa berrezartzea edo berreraikitzea sartuko da, eta, hala, kontzeptu horrengatik ordaindutako zenbatekoak itzultzeko eskatzen ahalko da.

6. Foru agindu honen 2., 3., 4. eta 5. ataletan aurreikusitakoaren arabera zerga-salbuespenak aplikatzearen eta dirua itzultzearen ondorioz toki entitateek jasotzen ez dituzten tributu arloko diru-sarrerak Nafarroako Gobernuak konpentsatuko ditu, 2023ko gastuen aurrekontuko "Toki entitateentzako konpentsazioak toki tributuetako hobariengatik" izeneko 210001 21100 4609 942300 partidaren kargura, eta 2024ko, 2025eko, 2026ko eta 2027ko ekitaldietako aurrekontuetan horretarako gaitzen diren partida baliokideen kargura. Izan ere, partida horiek handituko dira aitortzen diren edo aitortu asmo diren obligazioen muga berdindu arte, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 47.1.e) artikuluan ezarritakoaren arabera.

7. Laguntza hauek izenpetuta dauden aseguru polizetako konpentsazioen osagarriak eta subsidiarioak dira, ordena horretan, baita Estatuaren edo Europar Batasunaren esparruan egon daitezkeen beste laguntzenak ere.

Kontzeptu horiengatik jasotakoa ez da inoiz izanen eragindako kalteen guztirako zenbatekoa baino handiagoa.

8. Foru agindu honetan ezarritako zerga-salbuespenak baliatu nahi dituzten pertsona fisiko edo juridikoek eskaera bat aurkeztu beharko dute dagokien udalean, gehienez ere bi hilabeteko epean, foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

Horretarako, eta kaltea izan zen egunean ukitutako ondasunak aseguratuak ez bazeuden, honako adierazpena erantsi beharko zaio eskaerari:

–Kaltea izan zen egunean ukitutako ondasuna aseguratu gabe zegoela dioen erantzukizunpeko adierazpena.

–Teknikari kualifikatu baten txostena, izandako kaltea identifikatu eta zenbatesten duena. Txosten horren ordez, kaltetutako ondasun higiezinetan eragindako gastuen fakturen kopia eta hori ordaindu izana frogatzen duen dokumentua aurkez daitezke.

–Foru agindu honetan aipatutako gertaerak direla-eta izandako kalteen ondorioz jaso diren edo jaso asmo diren laguntza guztiei buruzko erantzukizunpeko adierazpena.

Kaltea izan zen egunean aseguratuak zeuden hiri-ondasun higiezinak ukitu badira, honako dokumentazio hau erantsi beharko zaio eskaerari:

–Baimen espresa, Aseguruen Konpentsazio Partzuergoak dagokion udalari eman diezaion kalteen tasazioari eta dagokion kalte-ordainari buruzko informazioa.

–Baimen hori eransten ez bada, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

  • Kaltetutako ondasunentzat izenpetutako polizen kopia.
  • Perituaren tasazioa, aseguratutako ondasunetan izandako kalteei eta dagokien kalte-ordainari buruzkoa.

–Foru agindu honetan aipatutako gertaerak direla-eta izandako kalteen ondorioz jaso diren edo jaso asmo diren laguntza guztiei buruzko erantzukizunpeko adierazpena.

Kaltea izan zen egunean aseguratuak zeuden landa-ondasun higiezinak ukitu badira, honako dokumentazio hau erantsi beharko zaio eskaerari:

–Baimen espresa, Agrosegurok dagokion udalari eman diezaion kalteen tasazioari eta dagokion kalte-ordainari buruzko informazioa.

–Baimen hori eransten ez bada, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

  • Kaltetutako ondasunentzat izenpetutako polizen kopia.
  • Perituaren tasazioa, aseguratutako ondasunetan izandako kalteei eta dagokien kalte-ordainari buruzkoa.

–Foru agindu honetan aipatutako gertaerak direla-eta izandako kalteen ondorioz jaso diren edo jaso asmo diren laguntza guztiei buruzko erantzukizunpeko adierazpena.

9. Foru agindu honetan aurreikusitako zerga onurak aplikatzen dituzten udalek Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusian aurkeztuko dute konpentsazio eskaera, azaroaren 9ko 325/1998 Foru Dekretuaren 3. artikuluan ezarritako epean eta baldintzetan. Dekretu horren bidez, toki tributuetan zerga-onurak onestearen ondorioz toki entitateek eskatzen dituzten konpentsazio ekonomikoen eskaerak tramitatzeko prozedura onetsi zen. Eskaeran honako hauek jasoko dira:

a) Dagokion zerga-onura aplikatzeagatik tokiko tributuen diru-bilketan murriztutako zenbatekoa ordaintzeko eskatzea.

b) Organo eskudunaren erabakiaren ziurtagiria, zerga-onura onesten duena, honako hauek adierazita: onespenaren data, onura jasotzen duen tributua, dagokion aldia eta subjektu pasibo onuraduna. Horrez gain, tributuari dagokion kuota osoa adieraziko da ziurtagirian, baita emandako zerga-onurak aplikatzegatik sortzen den zenbatekoa ere.

c) Teknikari eskudun batek egindako txostena, foru agindu honetan aipatutako gorabehera meteorologikoen eta eragindako kalteen arteko erlazioa agertzen duena.

d) Ziurtagiri bat, honako hauek frogatzen dituena: eskaerak foru agindu honetan ezarritako epe barnean aurkeztu direla eta eskatzaileek egin beharreko zerga-salbuespena eta jasotako laguntzak eta kalte-ordainak ez direla kalteen balioa baino handiagoak.

10. Foru agindu hau Nafarroako Gobernuak egiten duen lehenengo bilkuran aurkeztuko da, berretsia izan dadin.

11. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta aditzera ematea Administrazio Publikoek haren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezaketela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2023ko ekainaren 14an.–Lurralde Kohesiorako kontseilaria, Bernardo Ciriza Pérez.

Iragarkiaren kodea: F2309312