136. ALDIZKARIA - 2023ko ekainaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2023ko ekainaren 14an hartua, zeinaren bidez presakoa deklaratzen baita okupatzea, jabetza nahitaez kentzeko, honako obra hauen proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideak: "AM 273272 Usiko hornidura".

2023ko martxoaren 27an, Iruñerriko Mankomunitateko Batzorde Iraunkorrak erabaki zuen "AM 273272 Usiko hornidura" obraren proiektua onestea, desjabetze-espedienteari hasiera ematea eta horrek ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda hasiera batean onestea; eta jendaurrean jarri zuen proiektua hamabost egunez.

Jendaurreko aldia bukatuta, batzorde horrek, 2023ko maiatzaren 25ean egindako bilkuran, behin betiko onetsi zuen aipatutako proiektua, baita ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda ere. Onespen horrek berekin dakar onura publikoaren deklarazioa eta okupatu beharra. Halaber, erabaki zuen Nafarroako Gobernuari eskatzea proiektua presakoa dela deklara dezala, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako ondorioetarako.

Mankomunitatearen azpiegitura zerbitzuek emandako proiektuko txosten teknikoaren arabera, proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideak okupatzea presakoa da Usi herriko ur-horniduraren egoera eskasa dela eta. Bestalde, obrak udan hasi behar dira, euri gutxien egiten duen garaian egin daitezen laborantza-lurzatietan lur-mugimenduak, nekazaritzako lurzoruen gaineko eraginak minimizatzeko. Egun horietan eginez gero, gainera, gauzatze tekniko hobea bermatuko da, eta segurtasun handiagoa izanen da lurrak erauzten eta hodiak sakonera handiko zangetan jartzen aritzen diren langileentzat.

Espedientean Mankomunitatearen idazkariaren ziurtagiria dago, non egiaztatzen baita toki-erakundearen kontuetan nahikoa diru egon behar zela eskuragai ukitutako ondasun eta eskubideen balio justua ordaintzeko eta desjabetze-prozeduraren ondoriozko gainerako betebehar ekonomikoei aurre egiteko, modu horretan bermatua izan dadin balio justu gisa finkatutako diru kopuruak ordaintzea ukitutakoei.

Horrenbestez, ikusirik txosten juridikoa, eta erabiliz Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluak emandako ahalmenak, bai eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak emandakoak ere, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Presakoa deklaratzea "AM 273272 Usiko hornidura" izeneko obren proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa, jabetza nahitaez kentzeko.

2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta aditzera ematea erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela eta haren kontra, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita; edo, bestela, zuzenean aurkaratzen ahal dela Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiazko errekerimendua egiten ahal dute, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

3. Erabaki hau Iruñerriko Mankomunitateari jakinaraztea.

Iruñean, 2023ko ekainaren 14an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2309226