136. ALDIZKARIA - 2023ko ekainaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

200E/2023 FORU AGINDUA, ekainaren 9koa, Osasuneko kontseilariak emana, Osasuneko kontseilariaren irailaren 18ko 71/2012 Foru Agindua aldatzen duena. Foru agindu horren bidez farmazia-bulegoen marjinen indize zuzentzailea aplikatzeko prozedura ezarri zen.

Osasuneko kontseilariaren irailaren 18ko 71/2012 Foru Aginduaren bidez ezarri zen farmazia-bulegoen marjinen indize zuzentzailea aplikatzeko prozedura. Aipatutako indizea aplikatzeko prozedura arautzen da maiatzaren 16ko 823/2008 Errege Dekretuaren 2.8 artikuluan aurreikusitakoaren arabera. Errege dekretu horrek ezarri zituen gizakiendako sendagaien banaketarako eta salmentarako marjinak, kenkariak eta deskontuak. Neurri hori hartu da zerbitzuan irisgarritasuna eta kalitatea erdiesteko, bai eta erabiltzaileei farmazia-arreta egokia emateko ere, bat etorriz sendagaiak arrazoiz erabiltzeko eta farmaziako gastua kontrolatzeko estrategiekin. Azken batean, Osasun Sistema Nazionalaren jasangarritasuna ziurtatu nahi da zailtasun ekonomikoak eta aldaketa teknologiko handia bizi ditugun garai honetan.

Bereziki, aipatutako indize hori aplikatzeko exijitzen diren betebeharrak aldatzen joan dira azken urteetan. Aldaketa horien artean berriena, maiatzaren 16ko 823/2008 Errege Dekretua aldatzen duen azaroaren 29ko 997/2022 Errege Dekretuak eragindakoa da (gizakiendako sendagaien banaketa eta salmentarako marjinak, kenkariak eta deskontuak ezarri zituen). Aldaketa horren ildo berekoak dira sendagaien eta osasun-produktuen erregulazioa erreformatzeko eta sendagaien eskuratzea hobetzeko helburua, zeina ageri baita Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planean eta Espainiako Gobernuaren Erronka Demografikoaren aurreko Plana.

Ildo horretan, aipatutako aldaketak jatorrizko irizpide demografiko eta geografikoa berreskuratzen du eta, ordainetan, adierazlea aplikatzeko eskatutako urteko salmenta-muga handitzen du (200.000 euro izan beharrean hemendik aitzina 235.000 euro izanen dira).

Era berean, aipatutako aldaketari esker indize zuzentzailea aplikatzearen ondoriozko ehuneko eta zenbateko finkoak goratu dira.

Azkenik, aipatutako errege dekretuan ezartzen da exijitutako betebeharrak betetzen ote diren jakitea eta sortuko diren gorabeherak ebaztea farmazia arloko antolamenduan eta/edo prestazioan eskumena duten osasun administrazioei dagokiela eta, orobat, administrazio horiek finkatuko dutela erabaki horiek aplikatzeko prozedura.

Beraz, kontuan izanik aipatutako arau hori Espainiako Konstituzioaren 149.1.16 artikuluaren babesean eman dela (artikulu horrek Estatuari esleitzen dio farmazia-produktuen gaineko legeak egiteko eskumena), beharrezkoa da Osasun kontseilariaren irailaren 18ko 71/2012 Foru Agindua egokitzea (farmazia-bulegoen marjinen indize zuzentzailea aplikatzeko prozedura ezarri zen foru agindu horren bidez), exijitutako baldintzei egokitzeko eta kenkari-eskala orokorra aplikatzeko eskubiderik ez duten Nafarroako farmazia-bulegoek indize zuzentzaileaz baliatzeko, ehuneko eta tarifa finko berrien arabera.

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 58.1.g) artikuluak Nafarroari esleitzen dio farmazia establezimendu eta produktuei buruzko Estatuko legeria betearaztea.

Arauak printzipio hauek betetzen ditu: premia, efikazia, proportzionaltasuna, segurtasun juridikoa, gardentasuna eta efizientzia. Bereziki segurtasun juridikoaren printzipioa hartzen da aintzat, zeren araudiak ezartzen dituen baldintza errealak ezagutzen ahalko baitira, araua argitaratzen denetik.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

Artikulu bakarra.–Aldatzea 71/2012 Foru Agindua, irailaren 18koa, Osasuneko kontseilariak emana, farmazia-bulegoen marjinen indize zuzentzailea aplikatzeko prozedura ezartzen duena.

Aldatzen da 71/2012 Foru agindua, irailaren 18koa, Osasuneko kontseilariak emana, farmazia-bulegoen marjinen indize zuzentzailea aplikatzeko prozedura ezartzen duena:

Bat.–3. artikulua honela idatzita geldituko da:

"3. artikulua. Foru agindu hau aplikatzen ahal zaien farmazia-bulegoek bete beharreko baldintzak.

Industrialki fabrikatutako eta funts publikoen kargura emandako giza erabilpenerako sendagaien errezetei edo banatze-aginduei dagozkien marjinen indize zuzentzailea aplikatzeko eskatzen duten farmazia-bulegoek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Aurreko urte naturalari dagokion ekitaldi ekonomikoan izandako guztirako urteko salmentak 235.000 eurotik gorakoak ez izatea. Salmenta horiek kalkulatuko dira jendeari saltzeko preziotan, gehi balio erantsiaren gaineko zerga (BEZa).

b) Farmazia-bulego horietako titularrek Osasun Departamentuak farmazia-arretako programetan eta sendagaiak arrazoiz erabiltzeko prestatutako jardueretan parte hartzea.

c) Farmazia-bulego horiek zerbitzua ematea, eskura dagoen azken udal erroldaren arabera, 1.500 biztanle baino gutxiago dituzten udalerrietako herriei, edo Osasun Departamentuak arrisku egoeran deklaratutako guneei (farmazia-prestazio egokia izateko zailtasunak izateagatik).

d) Zehapen-administratiboa edo desgaitze profesionala jaso ez izana titularrak, aurreko urte naturalean edo indize zuzentzailearen aplikazioa ezartzen duen ebazpenaren onespen egunean.

Zehapen prozedura bat tramitatzen ari bada, indize zuzentzailea aplikatzeko eskaera ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epea etenda geldituko da. Hartara, zehapen prozeduran ematen den ebazpenak:

–Zehapena ezartzen badu eta hura administrazio-bidean irmoa bada, indize zuzentzailearen aplikazioa ukatuko da.

–Inolako zehapenik ez bada jartzen, indize zuzentzailea aplikatzeko prozedurarekin segituko da, egindako eskaeraren arabera.

e) Farmazia-bulegoak zerbitzuak ematea aurreko urte naturaleko hamabi hilabeteetan, oporraldia kenduta.

Bi.–4. artikulua honela idatzita geldituko da:

"4. artikulua. Eskatzeko prozedura.

1. Lehengo artikuluaren baldintzak betetzen dituen eta indize zuzentzailea aplikatu nahi duen farmazia-bulegoko titularrak urtero eskaera bat aurkezten ahalko du Osasun Zuzendaritza Nagusian, I. eranskineko ereduaren arabera. Eskaera, ondorengo atalean ezartzen den dokumentazioarekin, aurkeztu beharko da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro orokor elektronikoan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 77. artikuluan ezartzen denarekin bat etorriz. Eskaerak eta eskatutako dokumentazioa aurkezteko epea urtarrilaren lehen egun baliodunean hasiko da, eta otsailaren lehen egun baliodunean amaituko.

Interesdunek dokumentu hauek erantsi beharko dizkiote eskaerari:

a) Erantzukizunpeko adierazpena, zeinetan esanen baita foru agindu honen 3. artikuluan ezarritako baldintza guztiak betetzen direla, II. eranskin moduan foru agindu honi erantsi zaion eredu normalizatuaren arabera.

b) Farmazia-bulegoak aurreko urte naturaleko ekitaldi ekonomikoan izan dituen urteko salmenten frogagiria. Tributuen arloko agiriak aurkeztu behar dira aurreko urte naturaleko salmenta horien guztien zenbatekoa frogatzeko, jendeari saltzeko prezioetan (gehi balio erantsiaren gaineko zerga) kalkulatuta.

2. Baldintzak bete direla egiaztaturik, Osasun Zuzendaritza Nagusiak gehienez ere 3 hilabeteko epean ebazpena eman eta jakinaraziko die farmazia-bulego eskatzaileari, Nafarroako Farmazialarien Elkargo Ofizialari, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Farmaziako Prestazioaren Kudeaketarako Zerbitzuari eta MUFACE, MUJEJU eta ISFAS entitateei, haien hileko fakturazioetan indize zuzentzailea batera aplika dezaten.

Prozedurari amaiera ematen dion ebazpenak ez du administrazio-bidea bukatuko, eta gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, indarrean dagoen araudiaren arabera.

3. Exijitutako baldintzak mantendu behar dira indize zuzentzailea aplikatzen den aldi osoan.

Farmazia-bulegoa eskualdatzen bada edo indize zuzentzailearen aplikazioa onesteko inguruabarrak aldatzen badira, ebazpenak galduko du indarra eta, kasua bada, bidegabeki jasotako kopuruak itzuli beharko dira.

Hiru.–Indarrik gabe gelditu dira lehen eta bigarren xedapen iragankorrak.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2023ko ekainaren 9an.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

Iragarkiaren kodea: F2309021