Iragarkia
136. ALDIZKARIA - 2023ko ekainaren 29a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza
1238/2023 EBAZPENA, 2023ko ekainaren 8koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko jarduneko errektoreak emana. Haren bidez, deialdi bat onesten da Nafarroako Unibertsitate Publikoan zerbitzuetako ofizial izateko 5 lanpostu (C mailakoak) barne igoerako prozedura murriztuan eta oposizio-lehiaketa bidez betetzeko.
Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen 1993ko abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 15. artikuluko 6. apartatuak ezartzen du ezen, eraginkortasun eta ekonomia arrazoiengatik lanpostuen antolaketan eta eginkizunetan aldaketak egitea komeni bada, eta aldaketa horiek nahitaez langileak goragoko maila batean kokatzea badakarte, Nafarroako Administrazio Publikoek salbuespenez beren funtzionarioei mugatutako hautaprobetarako deia egiten ahalko dutela, betiere deialdi horretako lanpostu hutsek ez badakarte indarrean den plantillako lanpostu kopurua handitzea.
Agindu horren arabera, eta aipatutako barne igoera horri bidea emateko, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gobernu Kontseiluak, 2022ko ekainaren 30ean hartutako erabaki baten bidez, Unibertsitateko administrazioko eta zerbitzuetako langileen plantilla organikoa aldatu eta zerbitzuetako ofizial izateko lau lanpostu sortu zituen, Osasun Zientzien eraikinean eta Sarion arreta emateko bideratuak, Ikasgelategian daudenen antzera. Lanpostu horiei 867, 868, 869 eta 870 zenbakiak esleitu zizkieten.
Lau lanpostu horiez gain, bosgarren bat ere badago, 837 zenbakia duena. Lanpostu hori dagoeneko plantillan dago baina bete gabe, ez dago Lan Publikoaren Eskaintzan sartuta eta Tuterako campusari dago atxikita. Campus horretako eraikinean arreta ematera dago bideratua, lehen aipatutakoen antzera.
Kontuan harturik Langileria Kudeatzeko Ataleko buruak egin duen proposamen txostena, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak ontzat eman duena.
Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuen 40. artikuluan esleituta dauzkadan eskumenak betez,
EBAZTEN DUT:
Lehenbizikoa.–Onestea Nafarroako Unibertsitate Publikoan zerbitzuetako ofizial izateko 5 lanpostu (C mailakoak) barne igoerako prozedura murriztuan eta oposizio-lehiaketa bidez betetzeko hautaprobetarako deialdia.
Bigarrena.–Deialdi hau arautuko duten oinarriak onestea, zeinak eranskinean baitaude.
Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoan argitara dadila agintzea.
Laugarrena.–Ebazpen honek administrazio bidea agortzen du, Unibertsitate Sistemari buruzko 2023ko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoaren 38.4 artikuluak xedatzen duenaren arabera, eta zilegi da berraztertzeko errekurtsoa jartzea, errektoreari zuzendua, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegietan, hilabeteko epean lehenbiziko kasuan, eta bi hilabeteko epean bigarrenean, biak ere ebazpena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
Iruñean, 2023ko ekainaren 8a.. -Jarduneko errektorea, Francisco J. Arregui San Martín.
ERANSKINA.–NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOAN ZERBITZUETAKO OFIZIAL IZATEKO 5 LANPOSTU (C MAILAKOAK) BARNE IGOERAKO PROZEDURA MURRIZTUAN ETA OPOSIZIO-LEHIAKETA BIDEZ BETETZEKO DEIALDIAREN OINARRIAK
1.–Arau orokorrak.
1.1. Deialdi honen helburua Nafarroako Unibertsitate Publikoan zerbitzuetako ofizial izateko 5 lanpostu (funtzionarioen araubidekoak eta C mailakoak) barne-igoerako prozedura murriztuan eta oposizio-lehiaketa bidez betetzea da. Oinarri hauen II. eranskinean ageri da zein diren lanpostuen zenbakia, baldintzak eta lantokia.
1.2. Honako hauek arautuko dute deialdi hau: Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen 1993ko abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, 1985eko ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Administrazio Publikoetan Sartzeko Erregelamendua eta oinarri hauetan ezarritakoaren arabera aplikatzekoak diren gainerako arauak.
1.3. Osotara lortutako puntuazioaren arabera esleituko dira lanpostuak.
1.4. 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1.b) artikuluan ezarritakoaren arabera -Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa-, hautaketa-prozesu honek eragiten dituen argitalpenak, Nafarroako Aldizkari Ofizialari eta Estatuko Aldizkari Ofizialari dagozkionak izan ezik (deialdien oinarriek berariaz aipatutakoak), Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webguneko esteka honetan azalduko dira, deialdi honi dagokion aipamenean, eta ez dira baliozkoak izanen bestelako tokietan agertzen direnak:
https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/iragarki-ohol-elektronikoa/enplegu-publikoa/azl-en-deialdiak?opcion=3
2.–Izangaiek bete beharrekoak.
2.1. Hautaprobetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Nafarroako Unibertsitate Publikoaren zerbitzuko karrerako funtzionario izatea.
b) Zerbitzu orokorretako lanpostuan aritzeko izendatua izatea (D maila).
c) Batxilergoko edo Bigarren Mailako Lanbide Heziketako titulua izatea eta administrazio publikoetan bost urteko antzinatasun aitortua egiaztatzea, edo administrazio publikoetan zortzi urteko antzinatasun aitortua egiaztatzea.
d) Ez egotea jatorrizko lanpostuan borondatezko edo nahitaezko eszedentzia-egoeran.
e) Eginkizun publikoetarako desgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publiko baten zerbitzutik bereizia ez izatea.
f) Dagozkion eginkizunak betetzeko gaitasun fisiko eta psikikoak edukitzea.
2.2. Aurreko baldintzak eskabideak aurkezteko epea amaitzen den unean bete beharko dira, eta hautaketa-prozedurak dirauen bitartean eta lanpostuaz jabetu arte mantendu.
3.–Eskaerak.
3.1. Eskaerak aurkezteko epea.
Eskaerak aurkezteko epea hogei egun natural igaro ondoren bukatuko da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita. "Estatuko Aldizkari Ofizialean" ere argitaratuko da deialdia. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.
3.2. Eskaeren aurkezpen telematikoa.
Hautaketa-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek modu telematikoan aurkeztu eta formalizatu beharko dute eskaera, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez, helbide honetako "Hasi tramitea" botoian:
3.3. Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentuak.
Online eskabidea aurkeztean, izangaiek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, eskaneatuta, dagokienaren arabera:
a) Deialdi honen 2.1.1.c) oinarrian eskatutako titulazio baldintza betetzen dela egiaztatzen duen dokumentazioaren kopia, deialdia argitaratzen den egunean zortzi urteko antzinatasun aitortua izan ezean.
b) Desgaitasunen bat aitortua duten pertsonen kasuan, IMSERSOk edo autonomia-erkidegoko erakunde eskudunak emandako ziurtagiria, edo Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpen bat, zeinak prestazioa jasotzeko eskubidea aitortzen baitu ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia izateagatik.
%33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten izangaiek, hautaprobak egiteko denbora edo bitartekoak egokitzeko eskatu nahi badute, helbide honetan eskuragarri dagoen eskabidearen bidez adierazi beharko dute:
https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/egonkortze-prozesua-oposizio-lehiaketa?languageId=100001
3.4.–Eskaeran atzematen diren akats materialak edo egitatezko akatsak edonoiz konpontzen ahalko dira, ofizioz edo interesdunak hala eskatuta.
4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.
4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta gero, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak ebazpen bat emanen du izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrendak onesteko, azken horiek baztertzeko zergatiak azalduta, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.
4.2. Eskaera ofiziala ez aurkezteagatik behin-behinean baztertzea galarazi gabe, ezin zuzendu daitezkeen baztertzeko arrazoiak hauek izanen dira: eskaera epez kanpo aurkeztea eta deialdian eskatutako baldintzak ezarritako epean ez betetzea.
4.3. Zerrendan azaldu ez diren izangaiek eta behin-behinean baztertutakoek zilegi dute erreklamazioa egitea eta, akatsen bat badago, akatsak zuzentzea, behin-behineko zerrenda argitaratu eta hurrengo hamar egun balioduneko epean. Aipatutako epean zerrendetan ez agertzearen aurka alegatu eta onartuen zerrendan egoteko eskubidea justifikatzen ez duten edo akatsa zuzentzen ez duten izangaiak behin betiko bazterturik geldituko dira.
4.4. Erreklamazioetarako epea iragan eta haiek ebatzi ondoren, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak ebazpena emanen du onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda onesteko, eta jendaurrean jartzeko aginduko du.
4.5. Onartuen behin betiko zerrendan egoteak ez du esan nahi, inola ere, Unibertsitateak aitortzen duenik izangaiek deialdiko oinarrietan eskatzen diren baldintzak betetzen dituztela. Aurkeztutako dokumentazioa edo Unibertsitatearen eskura dagoena aztertuta, ikusten bada izangairen batek baldintzaren bat ez duela betetzen, bertan behera geldituko dira deialdian parte hartzeak dakartzan eskubide guztiak.
4.6. Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin, egin beharreko jakinarazpena egin dela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluak xedatzen duenarekin bat etorriz.
5.–Kalifikazio epaimahaia.
5.1. Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 2015eko urriaren 1eko 40/2015 Legean kide anitzeko organoei buruz xedatutakoak arautuko du kalifikazio epaimahaia, eta, subsidiarioki, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Kide Anitzeko Organoen Funtzionamendurako Erregelamendu Orokorra onesten duen 2018ko apirilaren 24ko Gobernu Kontseiluaren Erabakiak.
5.2. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuetako 111. artikuluan xedatutakoarekin bat, honako hauek osatuko dute kalifikazio epaimahaia:
–Epaimahaiburua: errektorea edo hark eskuordetutako pertsona.
Ordezko epaimahaiburua: errektoreak izendatutako pertsona.
–Epaimahaikidea: Kudeatzailea edo hark eskuordetutako pertsona.
Ordezko epaimahaikidea: kudeatzaileak izendatutako pertsona.
–Epaimahaikidea: Nafarroako Foru Komunitateko beste administrazio publiko batzuetako edo Estatuko beste unibertsitate publiko batzuetako kide bat.
Ordezko epaimahaikidea: Nafarroako Foru Komunitateko beste administrazio publiko batzuetako edo Estatuko beste unibertsitate publiko batzuetako kide bat.
–Epaimahaikidea: Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langile bat, maila bereko funtzionarioen artetik zozketaz izendatua.
Ordezko epaimahaikidea: Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langile bat, maila bereko funtzionarioen artetik zozketaz izendatua.
–Epaimahaikide idazkaria: Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langile bat, Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileen Batzordeak izendatua.
Ordezko epaimahaikide idazkaria: Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langile bat, Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileen Batzordeak izendatua.
Onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean jasoko dira kalifikazio epaimahaiko kideen izenak.
5.3. Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da.
Kalifikazio epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izan dezaten, gutxienez kide guztien gehiengo osoa beharko da.
Epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta epaimahaikide idazkariak edo haien ordezkoek egon behar dute bertan.
5.4. Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko 2015eko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluak ezartzen duen arrazoiren bat gertatzen denean, kalifikazio epaimahaiko kideek uko egin beharko diote parte hartzeari, eta horren berri eman deialdia egin duen organoari. Halaber, lege horren 24. artikuluak ezartzen duenaren arabera, izangaiek zilegi dute kalifikazio epaimahaiko kideak errekusatzea aipatutako egoera horietakoren bat gertatzen denean.
Abstentzioa edota errekusazioa dela-eta epaimahaiaren osaeran gertatzen den edozein aldaketa Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoan argitaratuko da.
5.5. Hautaprobak aurrera egin ahala, epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi honen oinarriak interpretatzetik eta aplikatzetik sortzen diren zalantzak, baita deialdian kontuan hartzen ez diren arazoak konpontzeko behar diren neurriak hartu ere.
5.6. Kalifikazio epaimahaiak aukera izanen du proba guztietarako edo batzuetarako aholkulari adituak edukitzeko. Aholkulariek beren espezialitate teknikoetan baino ez dute lagunduko.
6.–Oposizio-lehiaketaren garapena.
6.1. Deialdia osatzen duten faseak ordena honetan eginen dira: oposizio-fasea lehenbizi, eta, hura bukatutakoan, lehiaketa-fasea.
6.2. Oposizio-fasea 2023ko irailetik aurrera hasiko da.
Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da non, noiz eta zer ordutan eginen den oposizioaren lehenbiziko proba.
Hurrengo probak hasi baino 48 ordu lehenago beranduenez argitaratuko du kalifikazio epaimahaiak horien deialdia, eta proba egitera deituak dauden izangaien zerrenda eta oposizioaren proba non, noiz eta zer ordutan eginen den adieraziko du.
Hautaproba bakoitzerako deialdia dei bakar baten bidez eginen da, eta kalifikazio epaimahaiak adierazitako tokian eta egunean egon beharko dira izangaiak, jardunak hasteko ezarritako orduan. Deialdi horretara agertzen ez direnak oposiziotik kanpo geldituko dira, probak ondoz ondoko ataletan banatzen badira ere. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala, pasaportea, gidabaimena edo kalifikazio epaimahaiaren iritziz identifikaziorako balio duen beste agiriren bat eraman beharko dute aldean. Nortasuna esandako moduan egiaztatzen ez dutenak oposiziotik kanpo geldituko dira.
6.3. Oposizioaren probak oinarri honetan adierazten direnak izanen dira, eta I. eranskineko gai-zerrendako gaietan oinarrituko dira.
Gaiei buruz eskatuko den edukia bat etorriko da deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarrean diren legeekin.
6.4. Desgaitasun aitortua izanik eskabidean hala eskatu duten izangaientzat, ariketak egiteko zehaztutako denboran eta baliabideetan izan litezkeen egokitzapenak ezarriko dira hautaprobak gauzatzeko.
6.5. Oposizio-fasean honako ariketa hauek egin beharko dira:
6.5.1. Lehenbiziko ariketa.
Honako proba hauek osatuko dute:
–Lehenbiziko proba: I. eranskineko gai-zerrendako gaiei buruz, test motako galderak erantzun beharko dira idatziz. Galdera bakoitzak lau erantzun-aukera izanen ditu, eta horietako bat bakarra hartzen ahalko da baliozkotzat.
Epaimahaiak ezarriko du, lehenbiziko parte hori hasi baino lehen, zenbat denbora izanen den gehienez ere hura egiteko.
–Bigarren proba: I. eranskineko gai-zerrendako gaiei buruz, zenbait galdera praktiko erantzun beharko dira idatziz.
Epaimahaiak ezarriko du, bigarren parte hori hasi baino lehen, zenbat denbora izanen den gehienez ere hura egiteko.
6.5.2. Bigarren ariketa.
Ariketa ordenagailuz eginen da, PC batean. Epaimahaiak emandako testu baten edo batzuen transkripzioa eginen da, epaimahaiak emandako jarraibideen arabera. Zuzentasuna eta aurkezpena baloratuko dira, baita testuaren transkripzioa egiterakoan izandako zehaztasuna ere.
Epaimahaiak ezarriko du, bigarren ariketa hasi baino lehen, zenbat denbora izanen den gehienez ere hura egiteko.
6.6. Oposizioko ariketen balorazioa:
–Lehenbiziko ariketa:
- Lehenbiziko proba: 0 eta 15 puntu artean baloratuko da. Gutxienez 7,50 puntu lortzen ez dituzten oposiziogileak baztertuta geldituko dira.
- Bigarren proba: 0 eta 40 puntu artean baloratuko da. Gutxienez 20 puntu lortzen ez dituzten oposiziogileak baztertuta geldituko dira.
Lehenbiziko ariketaren puntuazio osoa izangaiek proba bakoitzean lortutako puntuazioen baturak zehaztuko du.
–Bigarren ariketa:
- Baztertzailea izanen da, eta 0 eta 15 puntu artean baloratuko da. Gutxienez 7,50 puntu lortzen ez dituzten oposiziogileak baztertuta geldituko dira.
6.7. Proba bakoitzaren kalifikazioa amaiturik, izangaiek lortutako puntuazioak argitaratuko ditu epaimahaiak, eta bost egun balioduneko epea irekiko du interesdunek eskubidez dagokiena alegatu dezaten.
6.8. Hautaketa-prozesuko edozein unetan, epaimahaiak izangairen batek deialdi honetan eskatzen diren baldintza guztiak betetzen ez dituela jakinez gero, interesdunari entzun ondoren, hura kanporatzeko proposamena egin beharko dio Unibertsitateko kudeatzaileari, eta, era berean, izangaiak probetan sartzeko eskabidean egindako zehaztasun falta edo gezurren berri eman beharko dio, behar diren ondorioak izan ditzan.
6.9. Lehiaketa-fasea eta balorazioa.
6.9.1. Epaimahaiak, jarraian, lehiaketa-fasea eginen du oposizio-fasea gainditu duten izangaiekin.
Oposizioa gainditu duten izangai guztiek modu telematikoan aurkeztu beharko dute merezimenduak egiaztatzeko dokumentazio guztia, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez, helbide elektroniko honetan:
https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/instancia-general "Hasi tramitea" botoiaren bidez.
"Erantsi fitxategiak" eremuan, izangaiek beren merezimenduak egiaztatzeko dokumentuak aurkeztu beharko dituzte.
Aski izanen da dokumentu horien kopia arruntak aurkeztea. Nolanahi ere, aurkeztutako datu edo agiriak zehaztugabeak edo faltsuak badira, erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.
Izangaiek ez dute merezimenduak egiaztatzeko dokumentaziorik aurkeztu beharko baldin eta, ordurako, Nafarroako Unibertsitate Publikoan baldin badago. Eskabidean hala dela adierazi beharko da betiere. Nolanahi ere, Giza Baliabideen Zerbitzuak ez baditu aipatu dokumentuak lortzen, zilegi izanen du horiek eskatzea izangaiei.
Zehazki, ezein kasutan ez dira aurkeztu beharko administrazio publikoetan emandako zerbitzuak Nafarroako Unibertsitate Publikoak jada aitortuak baditu, eta epaimahaiari helaraziko zaizkio barema ditzan.
6.9.2. Lehiaketa-fasean, izangaiek alegatutako eta justifikatutako merezimenduak kalifikatuko dira, deialdiari erantsitako baremoaren arabera (II. eranskina).
Lehiaketa-fasearen balorazioa ez da baztertzailea izanen, eta 30 puntu lortzen ahalko dira gehienez.
6.9.3. Merezimenduak baloratzean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu artekoak hartuko dira kontuan, eta ez dira aintzat hartuko egun horretatik aurrera lortutakoak.
6.9.4. Izangai bakoitzak baremoko atal bakoitzean dituen merezimenduak baloratuko ditu epaimahaiak, eta ezin izanen du inola ere segurutzat jo alegatu ez den edo agiri bidez egiaztatu ez den merezimendurik, ezta atal bakoitzean adierazitako gehieneko puntuazioa baino handiagoa eman ere.
Aurkeztutako merezimenduak justifikatzeko dokumentazioa aztertzen denean ondorioztatu egiten bada izangairen batek ez dituela merezimendu horiek, horiengatik emandako puntuazioa kenduko zaio, alde batera utzi gabe faltsutasunagatik eragindako erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
6.9.5. Lehiaketa-fasea bukatutakoan, epaimahaiak Unibertsitatearen iragarki-ohol elektronikoan jarriko du jendaurrean balorazioaren emaitza, izangai bakoitzak lortutako puntuazioa adierazita.
7.–Azken puntuazioa.
Lehiaketa-fasearen eta oposizio-fasearen puntuazioak batuta kalkulatuko da azken kalifikazioa.
Azken puntuazioan berdinketarik izanez gero, oposizio-fasean puntu gehien lortu dituen izangaiak izanen du lehentasuna.
Lehiaketa-fasea eta oposizio-fasea bukatuta, gainditu dutenen zerrenda argitaratuko du kalifikazio epaimahaiak, eta oposizioan lortutako kalifikazioak azalduko dira bertan, txandatan banatuak eta lortutako puntuazioaren arabera ordenatuak. Zerrenda hori Nafarroako Unibertsitate Publikoko Giza Baliabideen Zerbitzukoei emanen die aditzera.
8.–Lanpostu hutsen aukeraketa eta izendapen proposamena.
8.1. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Giza Baliabideen Zerbitzuak, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoaren bidez, lanpostu hutsak hautatzeko ekitaldirako deialdia eginen du. Horretarako, honako hauek argitaratuko ditu: hautatu beharreko bi lanpostu hutsen zerrenda, lanpostu hutsak hautatzeko duten lehentasunaren araberako izangaien zerrenda, txandaka eta puntuazioaren arabera ordenatua, eta lanpostu hutsak hautatzeko ematen den epea.
8.2. Zerrenda horretan daudenek aditzera eman beharko dute, horretarako ezarritako epean, zein den dauden lanpostu hutsak betetzeko duten lehentasun-ordena. Behar bezala justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, epe horretan hautaketarik egiten ez duten izangaiek oposizio-lehiaketaren xede diren lanpostuetan aritzeko eskubide guztiak galduko dituzte. Kasu horretan, gaindituen zerrendan ondo-ondotik heldu den eta baldintzak betetzen dituen izangaiak beteko du hutsunea.
8.3. %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duten izangaiek, txandetako edozeinetan lanpostua lortzen badute, lanpostu hutsak hautatzeko lehentasuna izanen dute gainerako izangaien aurretik.
Aurrekoa gorabehera, halako desgaitasun-maila duen izangairik badago eta desgaitasun horrek eragina badu lanpostu hutsetan jarduteko baldintzetan, bere desgaitasunerako egokienak direnak eskainiko zaizkio hautaketa egin aurretik, balorazio- eta orientazio-talde eskudunak horri buruz egiten duen txostena ikusita.
Bestalde, hautaprobak igoera-txandan gainditzen dituzten izangaiek lehentasuna izanen dute, txanda irekiko izangaien aldean, deialdiaren xede diren lanpostu hutsak aukeratzeko, desgaitasunen bat dutenen txandako izangaien salbuespena kontuan hartuta.
8.4. Lanpostu hutsak hautatzeko tramitea amaituta, epaimahaiak proposamen bat igorriko dio kudeatzaileari, espediente osoarekin batera, gainditu duten izangaien artetik deialdiko lanpostu kopurua betetzeko puntuaziorik altuena lortu dutenak izenda ditzan. Proposamen hori Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoan argitaratuko da.
9.–Izendapena.
9.1. Errektoreak izendapen proposamenean dauden izangaiak zerbitzuko ofizial izendatuko ditu, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko den ebazpen baten bidez.
9.2. Izendapenak argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izanen ditu ondorio ekonomiko eta administratiboak, eta egun hori lanpostuaz jabetzeko eguntzat hartuko da ondorio guztietarako, berariazko egintzaren beharrik gabe.
10.–Datu pertsonalen tratamendua.
Nafarroako Unibertsitate Publikoak langileen kudeaketaren arloan antolatutako prozesuetan parte hartzeak interesdunen datuak tratatzea ekarriko du berekin. Datu horien tratamenduaren arduraduna Nafarroako Unibertsitate Publikoa da.
Datuen tratamendua aplikatzekoa zaion araudiari jarraikiz eginen da, hots, Datuak Babesteko 2016/679 EB Erregelamendu Orokorrari eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko 2018ko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoari jarraikiz. Tratamendu Jardueren Erregistroan kontsultatzen ahal da nola eginen den tratamendu hori, https://www2.unavarra.es/gesadj/seguridadInf/normativa-proteccion-datos/registro-actividades-tratamiento-datos-UPNA.pdf estekan, "Giza Baliabideak" atalean.
Tratatuko diren datuak batez ere hautaketa-prozesuetako izangaienak eta NUPeko langileenak izanen dira; hauek hain zuzen ere: izena, deiturak, NANa, datu akademikoak eta profesionalak eta, beharrezkoa denean, bankuko datuak eta Gizarte Segurantzakoak, edo ondoren deskribatzen den xedea betetzeko beharrezkoak direnak.
Datuen tratamendua justifikatzen duen xedea hau da: hautaketa-prozedurak, mugikortasunekoak, egoera administratiboak, ziurtagiriak, edo Giza Baliabideen arloan NUPen eskumenekoak diren beste batzuk tramitatzea.
Xede horrek interes publikoa edo botere publikoa legitimatzen du, Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.e) artikuluak ezartzen duen bezala. Hauek dira oinarri juridikoak, langileei buruzko beste arau batzuen artean: Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina onesten duen 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, 2015eko urriaren 30ekoa, eta Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzura dauden Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, 1993ko abuztuaren 30ekoa.
Datuak tratatzeko jarduerei dagokienez, interesdunek eskubidea dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, mugatzeko, haiei kontra egiteko eta transferitzeko. Horretarako, mezu bat bidali behar dute delegado.protecciondatos@unavarra.es helbidera, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko Lege Organikoaren 11. artikulutik 18. artikulura bitartekoei jarraikiz. Desadostasunen bat izanez gero, Datuak Babesteko Espainiako Bulegora jo dezakete, https://www.aepd.es/ domeinuaren bidez.
11.–Errekurtsoak.
Kalifikazio epaimahaiak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra zilegi da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aurrera.
Deialdi honen aurka, haren oinarrien aurka eta beroriek aplikatzeko egintzen aurka, epaimahaiak egindakoak ez direnean, zilegi da ondoko errekurtsoetako bat jartzea, arau indardunekin bat etorriz:
a) Aukerako berraztertze-errekurtsoa errektorearen aurrean, hilabeteko epean, aurkatutako erabakia jakinarazi edo iragarri eta biharamunetik aurrera.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Justizia Auzitegi Gorenaren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, aurkatutako erabakia jakinarazi edo iragarri eta biharamunetik aurrera.
I. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA
1. partea.–Orokorra.
1. gaia.–Espainiako 1978ko Konstituzioa. Atariko titulua eta I. titulua. Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeko Lege Organikoa. Atariko titulua.
2. gaia.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, 1993ko abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileriaren estatutuaren testu bategina onesten duena. Lehen titulua. Bigarren titulua (1. kapitulutik 8.era).
3. gaia.–2/2023 Lege Organikoa, 2023ko martxoaren 22koa, Unibertsitate Sistemari buruzkoa. Atariko titulua, I. eta II. tituluak eta IX. tituluko I. eta II. kapituluak.
4. gaia.–110/2003 Foru Dekretua, 2003ko maiatzaren 12koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuak onesten dituena. Unibertsitateko gobernua. Irakasle eta ikertzaileak. Administrazioko eta zerbitzuetako langileak.
5. gaia.–Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egitura. Ikastegiak eta sailak. Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikastegien, sailen eta zerbitzuen izenak eta kokapena.
6. gaia.–Nafarroako Unibertsitate Publikoaren ikasketak. Unibertsitateko ikasketa ofizialen egitura: Graduak, Masterrak eta Doktoretzak. Titulu ofizialak eta Titulu berekiak.
7. gaia.–3/2007 Lege Organikoa, 2007ko martxoaren 22koa, emakumeen eta gizonen berdintasun eragingarrirako. Berdintasunaren printzipioa eta bereizkeriaren aurkako tutoretza. 17/2019 Foru Legea, 2019ko apirilaren 4koa, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzkoa. Lehen titulua. Bigarren titulua. Hirugarren titulua.
8. gaia.–31/1995 Legea, 1995eko azaroaren 8koa, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzkoa. Xedea, aplikazio eremua eta definizioak. Ergonomia laneko tokian. Kargak eskuz maneiatzea. Esfortzu fisikoaren berezko arriskuak. Arrisku biologikoak. Arrisku kimikoak. Norbera babesteko ekipoak eta segurtasun arauak.
2. partea.–Espezifikoa.
9. gaia.–Dokumentazioa eta korrespondentzia biltzea, entregatzea, tratatzea, manipulatzea eta modu sinplean sailkatzea.
10. gaia.–Herritarrentzako arreta. Komunikazioa: oinarriak eta mailak. Komunikatzeko estiloak eta oztopoak. Abilezia sozialak eta asertibitatea. Gatazkei irtenbidea ematea. Entzute aktiboa.
12. gaia.–Unibertsitateko ikasgelen antolaketa eta banaketa. Materialak, ekipamenduak eta instalazioak berrikustea eta birjartzea, eta kualifikazio tekniko berezirik behar ez duten anomaliak eta kalteak konpontzea.
13. gaia.–Ikasgelategiko ikus-entzunezko baliabideen eta baliabide informatikoen oinarrizko erabilera. Multimedia ikasgeletan. Oinarrizko informatika eta GERES programa. Monitoreak, bideoa eta bideo-proiekzioa konprimatzeko estandarrak, arbel digitalak, haririk gabeko mikroak.
14. gaia.–Eraikinak eta espazioak antolatzea eta banatzea NUPeko campusetan (Arrosadia, Osasun Zientziak, Tutera). Materialak, ekipamenduak eta instalazioak berrikustea eta birjartzea, eta kualifikazio tekniko berezirik behar ez duten anomaliak eta kalteak konpontzea. Dagokien zerbitzuei abisuak, parteak eta informazioa helaraztea.
3. partea.–Informatika.
15. gaia.–Interneti eta posta elektronikoari buruzko oinarrizko kontzeptuak. Windowsi buruzko oinarrizko kontzeptuak.
16. gaia.–Microsoft Word 2019 eta Microsoft Excel 2019.
Oharra: gaiei buruz eskatuko den edukia bat etorriko da deialdi hau argitaratzen den egunean indarrean diren legeekin.
II. ERANSKINA.–ZERBITZUETAKO OFIZIAL IZATEKO LANPOSTUAK
LANPOSTU ZK. | ATXIKIPENA | ARAUB. | HERRIA |
867 | Azpiegituren eta Zerbitzu Orokorren Zerbitzua / Zerbitzu Orokorren Unitatea | Funtzionarioa | Iruñea |
868 | Azpiegituren eta Zerbitzu Orokorren Zerbitzua / Zerbitzu Orokorren Unitatea | Funtzionarioa | Iruñea |
869 | Azpiegituren eta Zerbitzu Orokorren Zerbitzua / Zerbitzu Orokorren Unitatea | Funtzionarioa | Iruñea |
870 | Azpiegituren eta Zerbitzu Orokorren Zerbitzua / Zerbitzu Orokorren Unitatea | Funtzionarioa | Iruñea |
837 | Azpiegituren eta Zerbitzu Orokorren Zerbitzua / Zerbitzu Orokorren Unitatea | Funtzionarioa | Tutera |
III. ERANSKINA.–MEREZIMENDUEN BAREMOA
A) Merezimendu profesionalak: 21 puntu gehienez ere.
Honako hauek baloratuko dira:
1. Unibertsitate publikoetan emandako zerbitzuak, deialdiko lanpostuak dituen funtzioen antzeko eginkizunetan. Zerbitzuan emandako hilabete bakoitzarengatik 0,35 puntu; bost urte gehienez.
2. Beste edozein administrazio publikotan emandako zerbitzuak, deialdiko lanpostuak dituen funtzioen antzeko eginkizunetan. Zerbitzuan emandako hilabete bakoitzarengatik 0,15 puntu; bost urte gehienez.
3. Unibertsitate publikoetan emandako zerbitzuak, deialdiko lanpostuak dituen funtzioez bestelako eginkizunetan. Zerbitzuan emandako hilabete bakoitzarengatik 0,10 puntu; bost urte gehienez.
4. Beste edozein administrazio publikotan emandako zerbitzuak, deialdiko lanpostuak dituen funtzioez bestelako eginkizunetan. Zerbitzuan emandako hilabete bakoitzarengatik 0,05 puntu; bost urte gehienez.
Emandako zerbitzu gisa ulertuko da bai lan-kontratuko funtzionario finkoek bai aldi baterako langileek emandakoak.
Emandako zerbitzuen denbora-tartea hilabete osoa ez denean, kontratuaren hasiera- eta bukaera-data kontuan hartuta denbora-tarte horri proportzionalki dagokion puntuazioa esleituko da.
Bateraezinak izanen dira gorago adierazitako azpiapartatuengatik emandako puntuazioak, baldin eta denbora-tarte berari egiten badiote erreferentzia; kasu bakoitzean, puntuazio altuena emanen da.
Zerbitzu-eginkizunetan eta prestakuntzarako eta lanbide-hobekuntzarako zerbitzu berezien egoeran egon diren langileen kasuan, egiatan bete duten lanpostuan emandako zerbitzuak hartuko dira kontuan.
Zerbitzu berezien gainerako egoeretan egon direnen kasuan, berriz, jatorrizko lanpostuan emandako denbora gisa kontatuko da.
B) Prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketa: 3 puntu gehienez ere.
Oharra b) atalari buruz: atal honetan, deialdiko lanpostuarekin zerikusia duten merezimenduak besterik ez da aintzat hartuko.
B.1) Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako prestakuntza-jardueretan parte hartu izana: 0,10 puntu kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (10 ikastordu); 2 puntu gehienez ere.
Oharrak B.1 apartatuari buruz:
1. Baloratu beharreko prestakuntza-jardueretako ikastorduen zatikiak hainbanatuko dira.
2. Ikastorduen kopurua adierazten ez duten ziurtagiriak kreditu batekotzat hartuko dira.
3. Ikasturte bateko iraupena adierazten duten ziurtagiriak 12 kreditukotzat hartuko dira.
4. Puntuazio berarekin baloratuko da prestakuntza-jardueretan parte hartu izana baldin eta, erakunde antolatzailearen baldintzak bete ez arren, Administrazioaren aginduz egin badira edo Administrazioak baliozkotu baditu. Horien artean espresuki sartuko dira sindikatuek administrazio publikoen Etengabeko Prestakuntza Akordioen barnean antolatutakoak.
5. Titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak, nola unibertsitarioak hala unibertsitatez kanpokoak, ez dira atal honetan baloratuko.
B.2) Biltzar edo jardunaldietan txostenak edo komunikazioak aurkeztu izana, beka edo saria jaso duten zientzia- edo ikerketa-lanak egin izana eta aldizkari espezializatuetan lanak argitaratu izana: 1 puntu gehienez ere, epaimahaiak balioetsi beharrekoak, betiere kontuan harturik lana edo jarduera bakarka edo taldean egina den eta biltzarrak edo argitalpenak nolako maila duen, hots, lokala, eskualdekoa, nazionala edo nazioartekoa.
B.3) Sektore publikoan prestakuntza-saioak antolatu izana edo halakoetan irakasle aritu izana: puntu bat gehienez ere, kalifikazio epaimahaiak baloratu beharrekoa jardueren iraunaldiaren arabera.
C) Hizkuntzak jakitea: 6 puntu gehienez.
Frantsesa edo alemana jakitea baloratuko da; 1,5 puntu gehienez hizkuntza bakoitzeko.
Ingelesaren kasuan, B2 eta C1 mailak baizik ez dira baloratuko.
Oharrak C) apartatu osoari buruz:
1. Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren C1 mailaren baliokidea den ezagutza-maila egiaztatzen duen titulu edo ziurtagiri bat duenak gehieneko balorazioa eskuratuko du.
2. Titulazio edo ziurtagiri hori ez badu, gehieneko puntuazioaren 1/5 emanen zaio Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren A1 mailaren baliokidea den titulu edo ziurtagiri bat duenari, 2/5 A2 mailaren baliokidea duenari, 3/5 B1 mailaren baliokidea duenari, eta 4/5 B2 mailaren baliokidea duenari.
Iragarkiaren kodea: F2309435
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
