136. ALDIZKARIA - 2023ko ekainaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

52/2023 FORU DEKRETUA, ekainaren 14koa, apirilaren 20ko 36/2009 Foru Dekretua aldatzen duena. Apirilaren 20ko 36/2009 Foru Dekretuaren bidez Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle eta ikertzaile kontratatuen araubidea ezarri zen.

ZIOEN AZALPENA

Berriki onetsi den Unibertsitate Sistemari buruzko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoak (LOSU, aurrerakoan) aldaketa nabarmena ekarri du unibertsitateko araudiaren alderdi askotan. Hori horrela, autonomia-erkidegoek eta unibertsitateek sakon berraztertu beharko dituzte beren araudiak, beren eskumenen markoan, arau-esparru berrira egokitzeko.

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 47. artikuluak eskumen osoa ematen dio Nafarroari irakaskuntzaren hedadura, maila eta gradua arautu eta administratzeko, modalitate eta espezialitate guztietan, baina deusetan galarazi gabe Konstituzioak arlo horretan ezarritako manuak, horiek garatzen dituzten lege organikoak eta Estatuaren eskumenak, titulu akademiko eta profesionalak lortu, eman eta homologatzeko baldintzak arautzeari dagokionez, eta Estatuaren goi ikuskapena, ezarri dena betetzeari eta bermatzeari dagokionez.

Bere aldetik, LOSUren 77. eta 87. artikuluek eskumen handiak ematen dizkiete autonomia-erkidegoei, unibertsitate publikoetako kontratupeko irakasleei dagokienez.

LOSUren azken xedapenetako hamargarrenak ezartzen du ezen, lege organikoak indarra hartu eta sei hilabeteko epean, Gobernuak aurkeztuko duela Diputatuen Kongresuan unibertsitateko irakasleen eta ikertzaileen estatutuaren lege proiektua. Hau da, itxaron beharko da aipatu estatutuak zer xedatzen duen ikusi arte, Foru Komunitateak diktatutako araudia erabat egokitu baino lehen.

Beraz, lege organiko berriak gai honetan ezartzen dituen aldaketa ugariak direla kausa, apirilaren 20ko 36/2009 Foru Dekretua sakonki eraberritu beharko da. Apirilaren 20ko 36/2009 Foru Dekretuaren bidez Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle eta ikertzaile kontratatuen araubidea ezarri zen.

Hala ere, laster gauzatuko den funtsezko erreforma horri kalterik egin gabe, uneotan beharrezkoa da aipaturiko foru dekretuaren aldaketa partzial bat egitea, LOSUk, indarrean sartzean, ekarriko dituen berehalako ondorioei erantzuteko; Nafarroako Unibertsitate Publikoak hala jakinarazi dio Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuari.

Lan-kontratudun irakasle iraunkorraren figura da LOSUk ekarriko duen funtsezko berrikuntzetako bat: kontratupeko irakasle doktorearen figuraren ordez ezarriko da, beste hori desagertu eginen baita. Hala, beharrezkotzat jotzen da lan-kontratudun irakasle iraunkorraren figura berria foru-araudian sartzea 36/2009 Foru Dekretua aldi baterako aldatuz, egungo kontratupeko irakasle doktorearen figurari dagokionez.

Lege organiko berriak aitortzen du indarrean dagoen kontratupeko irakasle doktoreen akreditazioa, lan-kontratudun irakasle iraunkorraren figura berrirako sarbidea izateko. Halaber, aukera ematen du gaur egun kontratupeko doktoreen figuraren bidez kontratatuta dauden irakasleek eska dezaten lan-kontratudun irakasle iraunkorraren figuran sartzeko, lanpostuei eta sarrera-datei eutsiz. Hala ere, legeak ez du aurreikusten kontratupeko irakasle doktoreen kontratu berrien deialdia egiteko aukera; hori horrela, unibertsitateek figura berriaren kontratuak baizik ezin izanen dituzte egin, kontuan hartuz figura horrek arau-garapena behar duela oraindik, funtsezko alderdietan behar bezala egituratua egoteko.

Orain arte adierazi den guztiarengatik, beharrezkotzat jotzen da apirilaren 20ko 36/2009 Foru Dekretuaren erreforma partzial hau egitea, Nafarroako Unibertsitate Publikoak jarraitu ahal izan dezan lanpostuen deialdiak egiten, eta Nafarroako Foru Komunitateak arautu beharreko gaietan lan-kontratudun irakasle iraunkorraren figura berriari aplikatu beharreko araubidean arau-hutsunerik egon ez dadin.

Horrenbestez, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluaren aldez aurreko txostenarekin eta Nafarroako Gobernuak 2023ko ekainaren 14an egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

Artikulu bakarra.–Apirilaren 20ko 36/2009 Foru Dekretua aldatzen da (36/2009 Foru Dekretua, apirilaren 20koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle eta ikertzaile kontratatuen araubidea ezartzen duena).

Apirilaren 20ko 36/2009 Foru Dekretuan (Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle eta ikertzaile kontratatuen araubidea ezartzen du dekretu horrek) azken xedapenetako bigarrena gehitzen da, honela idatzita geldituko dena:

"Azken xedapenetako bigarrena.–Foru-araudia Unibertsitate Sistemaren Lege Organikora egokitzeko araubide iragankorra.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak lan-kontratudun irakasle iraunkorrak kontratatzen ahalko ditu, unibertsitate Sistemari buruzko Lege Organikoak ezartzen duen moduan.

Kontratu horiei aplikatu beharreko erregimena, foru araudia LOSUra erabat egokitzen ez den bitartean, bai foru dekretu honetan, baita Nafarroako Foru Komunitatearen beste edozein arauditan ere, kontratupeko irakasle doktoreentzat ezartzen dena izanen da, ez bada bateraezina suertatzen Unibertsitate Sistemari buruzko Lege Organikoak xedatzen duenarekin."

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2023ko ekainaren 14an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navas­cués.–Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilaria, Juan Cruz Cigudosa García.

Iragarkiaren kodea: F2309225