134. ALDIZKARIA - 2023ko ekainaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

139E/2023 EBAZPENA, ekainaren 14koa, Landa Garapeneko zuzendari nagusiak emana, kreditu gehikuntza onesten duena dirulaguntza honen 2023ko deialdian: "4240-Nekazaritza eta abeltzaintza sektorean, doitasunezko nekazaritzarako eta 4.0 teknologietarako dirulaguntzak (SEM)". DDBN identifikazioa: 668621.

Espainiak 2021-2023 urteetarako aurreikusitako inbertsio eta berrikuntzak Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planean jasotzen dira, mekanismo horren esparruan finantza-laguntza jaso ahal izateko. Plan hori Kontseilu Europarrak berretsi du, 2021eko uztailaren 13ko Betearazpen Erabakiaren bidez.

Azaroaren 2ko 948/2021 Errege Dekretuak arautzen du nekazaritzaren eta abeltzaintzaren jasangarritasuna eta lehiakortasuna bultzatzen duten inbertsioak egiteko laguntza programetara zuzendutako dirulaguntzak emateko modua; horien bidez, abeltzaintza ustiategietako simaurrak kudeatzeko sistemak hobetzeko jarduketak, barazkien, lore moztuen eta landare apaingarrien berotegien erabateko modernizazioa eta eraldatzea, nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategien eraginkortasun energetikorako jarduketak eta abeltzaintzako azpiproduktuen eta nekazaritzako biomasaren energia aprobetxatzeko jarduketak laguntzen dira eta, halaber, doitasuneko nekazaritzaren eta abeltzaintzaren eta 4.0 teknologien erabilera sustatzen da (948/2021 Errege Dekretua, nekazaritzaren eta abeltzaintzaren jasangarritasuna eta lehiakortasuna bultzatzeko Planaren (III) barruan inbertsio proiektuak gauzatzeko estatu-laguntzak emateko oinarri arautzaileak ezartzen dituena, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan).

Errege Dekretuak ezartzen du autonomia erkidegoetako organo eskudunek beren lurraldeetan laguntza deialdiak argitaratuko dituztela, eta aurkeztutako eskaerak kontrolatu eta laguntzak eman eta ordainduko dituztela. Laguntza horiei lotutako gastuaren %100 Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Ministerioak finantzatzen du.

Laguntzak finantzatzeko, 307.000.000 euroko aurrekontua ezarri zen guztira. Kopuru horretatik, errege dekretuaren VI. eranskinaren arabera, Nafarroari 2.167.388 euro esleitu zitzaizkion 2021. urterako, eta zenbateko hori Foru Komunitateari transferitu zitzaion.

2022ko urriaren 11n egindako Ministroen Kontseiluak onetsi zuen erabaki bat, zeinaren bidez baimendu baitzen SEEParen "Nekazaritzako elikagaien eta arrantzaren sektorearen ingurumen eraldaketa eta eraldaketa digitala" izeneko 3. osagaiaren dirulaguntzak (C3.I3 eta C3.I4 inbertsioak) autonomia erkidegoen artean banatzeko proposamen berri bat.

Bigarren banaketa horretan, Nafarroako Foru Komunitatearentzat 6.923.748,54 euroko zenbatekoa proposatu zen, banatu beharreko 2022ko aurrekontutik, eta 2.245.606,12 eurokoa, berriz, 2023. urtekotik, azaroaren 2ko 948/2021 Errege Dekretuan ezarritako inbertsioetarako.

Landa Garapeneko zuzendari nagusiaren abenduaren 30eko 354E/2022 Ebazpenaren bidez onetsi zen "4240-Nekazaritza eta abeltzaintza sektorean, doitasunezko nekazaritzarako eta 4.0 teknologietarako dirulaguntzak (SEM)" izeneko deialdian, ebazpenaren zatiko 3. puntuak esaten du aurrekontu-zuzkidurari 10.000.000 euro gehitzen ahalko zaizkiola gehienez, Nafarroako Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 31. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Horiek horrela, Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuak proposatzen du 2025eko ekitaldirako baimendutako kredituari 2.758.914,79 euro gehitzea, laguntzen deialdia finantzatzeko.

Txosten honetan aurreikusitako gastua oso-osorik Estatuko Aurrekontu Orokorretatik ordainduko da, Europar Batasunaren Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren barnean, eta, zehazki, 3. osagaiko 4. inbertsioarekin lotuta dago.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Baimendutako kredituari 2.758.914,79 euro gehitzea, dirulaguntza honen 2023ko deialdian: "4240-Nekazaritza eta abeltzaintza sektorean, doitasunezko nekazaritzarako eta 4.0 teknologietarako dirulaguntzak (SEM)".

Erreserba horren zenbatekoa ordainduko da 2023ko gastu aurrekontuko "SEM Doitasunezko nekazaritza eta 4.0 teknologiak nekazaritzako eta abeltzaintzako sektorean aplikatzeko laguntzak (PEP E21/000458-04 elementua) izeneko 720004 72200 7700 412110 partidaren baliokidea den eta 2025eko ekitaldian horretarako gaitzen den partidaren kargura, baldin eta kreditu egokia eta nahikoa badago.

2. Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Baseari (NGDDB) jakinaraztea.

Ebazpen hau Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean erregistratu beharko da.

3. Argitaratzea.

Aldaketa hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

4. Administrazio-errekurtsoak.

Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2023ko ekainaren 14an.–Landa Garapeneko zuzendari nagusia, Fernando Santafé Aranda.

Iragarkiaren kodea: F2309315