Iragarkia
134. ALDIZKARIA - 2023ko ekainaren 27a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
360E/2023 EBAZPENA, ekainaren 6koa, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, lehiakortasuna hobetzeko 2023ko dirulaguntzen deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 701568.
Espezializazio Adimentsuaren Estrategiak (S4) merkatuaren eta teknologiaren ikuspegitik zedarritzen ditu espezializazio-arloak, bai eta 2021-2027 aldian Nafarroaren lehiakortasuna hobetuko duten zeharkako politikak ere. S4 delakoaren helburua da hazkunde eredu jasangarri eta inklusibo baterako bidea egitea, hots, hazkunde ekonomikoa, ingurumenaren babesa eta gizarte- zein lurralde-kohesioa sustatzea.
Halaber, Nafarroako 2020 Industria Planak bere tresnak eta jarduketak bideratzen ditu Nafarroako industria sarearen indarguneak eta aukerak hobetzera, bai eta haren ahulgunerik eta mehatxurik nabarmenenak konpontzera ere.
Badira zenbait politika publiko bideratuta daudenak S4an nahiz Nafarroako Industria Planean ezarritako helburuak betetzera. Lehiakortasuna hobetzeko laguntzak horien barruan dira, eta helburu dute orientazioa ematea lehiakortasuna hobetu nahi duten Nafarroako enpresei. Zehazki, aholkularitza espezializatua sustatu nahi dute, bai aholkularitza eta ingeniaritza gastuak diruz lagunduta (enpresako hainbat arlo aztertzearen ondorioz sortutakoak) bai hobekuntza ekintzak inplementatuta.
Laguntza hauen bidez, orobat, enpresen arteko lankidetza sustatu nahi da, merkatu estrategikoetan dimentsio lehiakorra lortzeko.
Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak.
EBAZTEN DUT:
1. Lehiakortasuna hobetzeko laguntzen 2023ko deialdia onestea.
2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean bildu dira.
3. Deialdi honen konpromisoak betetzeko, aurrekontu-kreditu hauek baimentzen dira:
AURREKONTUKO PARTIDA | EKITALDIA | ZENBATEKOA |
810001-81100-4709-458107: ETE-en lehiakortasuna sustatzea. | 2023 | 600.000,00 |
810001-81100-4709-458107: ETE-en lehiakortasuna sustatzea. | 2024 | 600.000,00 |
Halaber, aurrekontu ekitaldi bakoitzerako 50.000 euroko gehieneko kopuru gehigarria finkatzen da, zeinak ez baitu beste deialdi bat beharko laguntzetarako aplikatzeko, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 artikuluak ezarritakoarekin.
Zenbateko hori eraginkorra izan dadin, kreditu gehigarria baimendu beharko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 a) artikuluan aurreikusitako inguruabarren bat gertatzeagatik. Gastu gehigarriaren igoera baimendu eta argitaratzeak ez dakar eskaerak aurkezteko beste epe bat irekitzea, ezta ebazpena eman eta dirulaguntzak eman direla jakinarazteko gehieneko epearen kontaketa berriz hastea ere.
4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Iruñean, 2023ko ekainaren 6an.–Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.
ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK
1. oinarria. Xedea.
Laguntza hauen helburua da Nafarroako enpresen lehiakortasuna sustatzea, dirulaguntzak emanez helburu horretarako aholkularitza espezializatuarekin egiten diren proiektuei.
Proiektu horiek enpresaren arloak aztertzea izanen dute xede, edo hobekuntza ekintzak inplementatzea edo merkatu estrategikoetan dimentsio lehiakorra lortzeko lankidetza proiektuak garatzea, betiere enpresen lehiakortasuna argiro eta modu jasangarrian handitzeko asmoz.
2. oinarria. Onuradunak.
1. Laguntzak eskatzeko unean baldintza hauek betetzen dituzten enpresak izaten ahal dira onuradun:
a) Ekonomia-jardueren gaineko zergan (EJZ) alta emanda egotea Nafarroan.
b) Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egotea, hala badagokio Nafarroako Industria Erregistroa sortu zuen Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikuluan xedatutakoaren arabera.
c) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexuan edo generoan oinarritutako diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta, kasua bada, ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.
d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debekurik ez urratzea.
Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskura ditzan behar diren ziurtagiri telematikoak, frogatzen dutenak eskatzaileak egunean dituela tributu-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Eskaeran interesdunak horri berariaz uko egiten badio, berak aurkeztu beharko ditu aipatutako betebeharretan egunean dagoela frogatzeko ziurtagiriak.
e) Haren jarduera ekonomikoak ez dezala kalte nabarmenik eragin Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2020ko ekainaren 18ko 2020/852 (EB) Erregelamenduaren 17. artikuluan adierazitako ingurumen-helburuetan. Erregelamendu hori inbertsio jasangarriak errazteko esparrua ezartzeari buruzkoa da eta 2019/2088 (EB) Erregelamendua (Taxonomiari buruzko Erregelamendua) aldatzen du.
2. Betebehar horiek frogatuko dira 6. oinarriak aipatutako eskaera-orrian dagoen erantzukizunpeko adierazpenarekin, eta dirulaguntza ordaintzen den arte bete beharko dira.
3. oinarria. Proiektu diruz lagungarriak eta horiek gauzatzeko epea.
1. Enpresen lehiakortasuna hobetzea helburu duten proiektuak egiteko laguntzak emanen dira.
Proiektuak banakakoak (enpresa bakar batek egindakoak) edo kooperatiboak (bi enpresak edo gehiagok parte hartzen dutenak) izan daitezke. Gainera, azken horiek baldintza hauek beteko dituzte:
–Lankidetzak abantaila gehigarriak sortu beharko ditu proiektua banaka gauzatzearekin alderatuta.
–Enpresa parte-hartzaileak ez dira elkarren artean lotuak edo elkartuak izanen, mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen definizioari buruzko Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko Gomendioan ezarritakoaren arabera.
2. Proiektu diruz lagungarriak arlo hauetakoren batekin lotutakoak izanen dira:
a) Estrategia.
–Gogoeta estrategikoak.
–Negozio ereduen diseinua.
–Enpresaren diagnostiko orokorrak egitea.
b) Antolaketa.
–Kudeaketa aurreratuko sistemak ezartzea (Euskalit eredua).
–Antolaketako eta kudeaketako beste eredu batzuk ezartzea.
–Antolaketako beste hobekuntza batzuk.
c) Prozesua-produktua.
–Produktuaren eta prozesuaren diseinua.
–Lean-a.
–Energia-efizientzia hobetzeko jarduketak.
–Prozesuaren beste hobekuntza batzuk.
d) Trantsizio ekologikoa.
–Ekonomia zirkularrari buruzko diagnostikoak.
–Ekodiseinuko proiektuak.
–Ekonomia zirkularreko beste proiektu batzuk.
e) Trantsizio digitala: enpresak digitalizatzera bideratutako proiektuak.
f) Merkatua.
–Merkatu berrien gaineko ikerlanak Espainiarako.
–Enpresak Espainiako merkatuan duen kokapenaren analisia.
g) Gizarte berrikuntza: Nafarroako Gizarte Berrikuntzako Unitatearen "SIPRESTA" metodologia edo horren baliokideak diren beste batzuk aplikatzea.
h) Bestelako jarduketak:
–Enpresen bat-egite, integrazio eta lankidetza akordioak, baldin eta akordio horien helburua lehiakortasuna nabarmen hobetzea bada eta enpresak ez badira enpresa talde berekoak.
–Familia-protokoloak eta jarraitutasun enpresarialerako beste itun batzuk.
–Interim Management: proiektu hauek ondorengo baldintzak bete beharko dituzte:
1.–Horren helburua izanen da profesional bat kontratatzea, enpresako zuzendaritza-kargu bat aldi baterako ordezkatzeko edo erakundean garrantzi handiko aldaketa batengatik.
2.–Diruz lagungarria den kontratazioaren gehieneko denbora ez da urtebetekoa baino luzeagoa izanen.
3.–Ez dira diruz lagunduko proiektuak, baldin eta horietarako kontratatzen badira laguntza eskatzen duen enpresarentzat aholkularitza profesionaleko lanak egin dituzten langileak.
4.–Ez dira diruz lagunduko lehiakortasuna hobetzeko laguntzen 2021eko edo 2022ko deialdien babesean dirulaguntza jaso duten enpresek eskatutako proiektuak.
3. Honako proiektu tipologia hauek definitzen dira, gauzatzeko epearen arabera:
a) 1. mota: 2023ko urtarrilaren 1etik 2023ko urriaren 31ra bitartean gauzatutako proiektuak.
b) 2. mota: 2023ko urtarrilaren 1etik 2024ko apirilaren 30era bitartean gauzatutako proiektuak. Proiektu bat 2. motakoa dela ulertuko da 2023ko urriaren 31 baino geroago amaitzen bada, hau da, proiektuaren gasturen bat data horretatik 2024ko apirilaren 30era bitartean fakturatzen eta ordaintzen bada.
4. oinarria. Gastu diruz lagungarriak.
1. Aurreko oinarrian definitutako proiektuen gastu diruz lagungarriak honako hauek izanen dira:
a) Aholkularitzako eta ingeniaritzako kanpo gastuak, aurreko oinarrian definitutako proiektuak garatzeko.
b) "Produktua-prozesua", "Trantsizio ekologikoa" eta "Merkatua" arloetan kokatutako aholkularitza eta ingeniaritza gastuen ondoriozko inbertsioak, baldin eta ezinbestekoak badira proiektua gauzatzeko. Kontzeptu horren konturako aurrekontu diruz lagungarria ezin da handiagoa izan a) letran bildutako gastu diruz lagungarrien zenbatekoa baino.
c) Proiektuari lotutako kanpoko beste gastu batzuk, aurrekontu diruz lagungarriaren %10 arte, gehienez ere.
2. Gastu diruz lagungarri baten aurrekontua 12.000 eurotik gorakoa denean (BEZa kanpo), onuradunak "Hornitzailearen hautaketaren justifikazioa" izeneko inprimakia bete beharko du. Hartan, egiaztatu beharko da ezen, hura hautatzeko, efizientziaren eta ekonomiaren irizpideak erabili direla, eta hiru eskaintza erantsita justifikatuko da zergatik hautatu den hautatu dena.
Honako kasu hauetan onuradunak ez du hiru eskaintza aurkeztu beharrik izanen (eta hori aipatutako inprimakian justifikatu beharko du):
a) Gastuaren edo inbertsioaren ezaugarrien berezitasunak direla-eta merkatuan ez badago behar adina entitate hornidura hori egiteko enpresak eskatzen dituen baldintzetan.
b) Enpresan jadanik egin diren beste gastu edo inbertsio batzuekin lotura badute, eta frogatzen bada hornitzaile berarekin soilik gauzatzen ahal direla behar bezala.
c) Gastua dirulaguntza eskatu baino lehen egin denean (fakturatu eta ordaindu denean).
Ez dira diruz lagunduko dirulaguntzak kudeatzen dituen organoaren iritziz 3. apartatu honetan adierazitako moduan frogatzen ez diren gastuak.
3. Honako gastu hauek ez dira inola ere diruz lagungarriak:
a) Aholkularitza gastuak, ohikotasunez egiten direnak. Halakotzat hartuko dira onuradunak aholkularitza enpresa berarekin gutxienez laguntza eman baino bi urte lehenago egindakoak.
b) Produktu edo produktu-lerroetan, produkzio-lerroetan, fabrikazio-prozesuetan, zerbitzuetan eta beste eragiketa aktiboetan egiten diren ohiko eta aldizkako aldaketak, nahiz eta aldaketa horiek hobekuntzarik ekartzen ahal duten aipatutakoetan.
c) Kanpo aholkularitzako, auditoretzako eta ziurtapen-gastuak, ziurtagiriak lortzeko.
d) Prestakuntzako gastu orokorrak, enpresaren lehiakortasuna hobetzeko premia zehatzak sakonki aztertzeko ez badira.
e) Onuradunarekin akzioen bidezko harreman esanguratsua duten enpresek egindako gastuak.
f) Energia auditoretzen gastuak.
g) Ekipamendu informatikoak, salbu eta haien ezaugarri bereziengatik proiektua gauzatu ahal izateko ezinbestekoak badira.
h) 2.a) 5 puntuko digitalizazio prozesuen ondorioz inbertsioak egiten badira, eta inbertsio horiek aholkulari-lanak egin dituen hornitzaile berak egiten baditu, ulertuko da zenbateko osoa dela inbertsioa, eta, hortaz, ez da diruz lagungarria izanen.
i) Enpresaren gastu orokorrak eta zeharkakoak.
j) Enpresako langileen gastuak.
k) Lurrak eta eraikinak.
l) Bigarren eskuko ondasunak.
5. oinarria. Dirulaguntzaren zenbatekoa.
1. Oro har, laguntzak kudeatzen dituen organoak diruz lagungarritzat hartzen duen aurrekontuaren %45 izanen da dirulaguntzaren zenbatekoa.
Aurreko portzentajea puntu gehigarri hauekin handituko da, %60ko intentsitatera iritsi arte:
a) Genero berdintasuna: 5 puntu, honako egoera hauek aldi berean gertatzen badira:
–Enpresako ardurazko edo zuzendaritzako lanpostuetan ari diren emakumeen kopurua zuzendaritza batzordearen %30 izatea gutxienez.
–Plantillako langileen %30 gutxienez emakumeak diren enpresen kasuan: 2022ko ekitaldian, langile gizonezkoen batez besteko orduko soldata gordina zati langile emakumeen batez besteko orduko soldata gordina eragiketa eginik, zatidura 1,05 edo hori baino gutxiago izatea.
b) Kluster bati loturiko enpresak: 5 puntu.
c) 3.1 oinarrian definitutakoaren araberako lankidetza proiektuak: 5 puntu.
Lankidetza horrek abantaila gehiago ekarri beharko ditu, enpresak proiektua bere aldetik eginez gero izanen lituzkeenak baino, eta hori justifikatu beharko da. Kasu horretan, parte hartzen duen enpresa bakoitzak bere laguntza eskaera aurkeztu beharko du.
2. Enpresa bakoitzari 25.000 euroko dirulaguntza emanen zaio gehienez, salbu eta nekazaritzako produktuen lehen mailako ekoizpenean diharduten enpresei, kasu horretan gehieneko muga 20.000 eurokoa izanen baita.
6. oinarria. Eskabideak aurkezteko epea eta modua.
1. Eskaerak aurkezteko epea hasiko da deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean, eta mugaegunaren hilabetean amaituko da, hilabeteko zer egunetan argitaratzen den, egun horretan. Zehazki, eskaerak aurkeztu beharko dira:
a) 1. motako proiektuetarako, argitaratu eta hilabetera.
b) 2. motako proiektuetarako, argitaratu eta bi hilabetera.
2. Eskaerak telematikaz aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa).
3. Laguntzak eskatzeko dokumentazioa eskaneatuta, bereizita eta behar bezala identifikatuta aurkeztuko da, zein bere izenarekin: (adib. "Proiektuaren memoria"). Eskaeraren dokumentazioak honako hauek jasoko ditu:
a) Eskaera-orriaren inprimakia, laguntzen fitxan eskura daitekeena, zeinak 2. oinarriak aipatzen duen erantzukizunpeko adierazpena biltzen baitu.
b) Lehiakortasuna hobetzeko proiektuaren memoria xehakatua.
c) Egin beharreko jarduketen aurrekontuaren kopia.
d) Hornitzailea 4.2 oinarrian adierazitakoaren arabera hautatu izanaren justifikazioa.
e) 2022-01-01etik 2022-12-31ra arte "Alta egoeran dauden langileen batez besteko plantilla" izeneko txostena, Inklusioko, Gizarte Segurantzako eta Migrazioetako Ministerioak egina. Enpresak langilerik ez badu, "Gizarte Segurantzako sisteman enpresaburu gisa inskribaturik ez egotea" izeneko txostena aurkeztu beharko du, Inklusioko, Gizarte Segurantzako eta Migrazioetako Ministerioak berak egina.
f) Hala badagokio, 5. oinarrian ezarritakoaren arabera dirulaguntza gehigarria lortzeko baldintzak betetzearen gaineko frogagiriak.
Zehazki, genero berdintasunaren baldintza justifikatzeko agiri hauek aurkeztu beharko dira:
–Ratioaren kalkuluari dagokion Excel orria.
–190 ereduaren kopia, 2022ko atxikipenei eta konturako sarrerei buruzkoa.
–Lan bizitzari buruzko txostena, enpresaren kotizazio kontuko kode guztiei dagokiena.
–Lan hitzarmen aplikagarrian urteko lanorduen kopurua zehazten den zatiaren kopia.
–Enpresaren Zuzendaritza Batzordearen egiaztagiria, non enpresako ardurazko edo zuzendaritzako lanpostuak eta horietan aritzen direnak agertuko baitira.
4. Bi enpresak edo gehiagok proiektu bat aurkezten dutenean lankidetzan, proiektuan parte hartzen duten enpresa guztiek oinarrietan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, eta bakoitzak bere eskaera aurkeztu.
5. Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66. artikuluko betebeharrak betetzen, Lehiakortasunaren Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.
Goiko 3. apartatuan adierazitako dokumentuetako bat aurkezten ez bada, ezin izanen da hori zuzendu, inola ere ez.
7. oinarria. Dirulaguntzak emateko irizpideak.
1. Laguntza horiek emateko prozedura norgehiagoka izanen da, eta bi alderaketa eginen dira 3. oinarrian definitutako bi proiektu moten arabera.
Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, lehentasun-hurrenkera ezartzean balorazio handiena eskuratzen duten eskaerei aplikatuko zaie 5. oinarrian ezarritako laguntza-intentsitatea, deialdi honetan ekitaldi ekonomiko bakoitzerako erabilgarri dagoen aurrekontu-kreditua agortu arte:
PROIEKTU MOTA | AURREKONTUKO PARTIDA | EKITALDIA | ZENBATEKOA |
1. MOTA: | 810001 81100 4709 458107 – ETE-en lehiakortasuna sustatzea. | 2023 | 600.000 euro |
2. MOTA: | 810001 81100 4709 458107 – ETE-en lehiakortasuna sustatzea. | 2024 | 600.000 euro |
2. Hauek izanen dira lehiakortasuna hobetzeko proiektuak baloratzeko irizpideak:
1) Enpresaren batez besteko plantilla 2022-01-01etik 2022-12-31ra arteko aldian.
–10 langile baino gutxiago: 7 puntu.
–10 langiletik 49ra bitarte: 5 puntu.
–50 langiletik 249ra bitarte: 3 puntu.
–249 langile baino gehiago: 1 puntu.
2) Ekonomia sozialeko enpresak: 1 puntu.
3) Enpresen arteko lankidetza: enpresen arteko lankidetza proiektuak (3. oinarriaren arabera): 3 puntu.
4) Proiektu mota:
a) Estrategia: 4 puntu.
b) Antolaketa: 4 puntu.
c) Prozesua-produktua: 7 puntu.
d) Trantsizio ekologikoa: 10 puntu.
e) Trantsizio digitala: 10 puntu.
f) Merkatua: 4 puntu.
g) Gizarte berrikuntza: 10 puntu.
h) Bestelako jarduketak: 4 puntu.
5) Lehiakortasuna hobetzeko laguntzen 2022ko deialdian laguntzarik lortu ez duten enpresak (2022ko 119. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ekainaren 16koa): 2 puntu.
Enpresa batek eskaerak aurkeztu baditu deialdi honen bi gauzatze epeetarako (2023ko urriaren 31 baino lehen eta 2023ko urriaren 31ren ondoren), 5. irizpide honetako puntuak emanen zaizkio lehenbiziko aldian gauzatutako proiektuari.
Enpresa batek eskaera bat baino gehiago aurkeztu badu deialdi honen gauzatze epe berean, 5. irizpide honetako puntuak emanen zaizkio 1.tik 4.era arteko apartatuetan puntuaziorik altuena lortu duen eskaerari soilik.
3. Lortutako puntuazioan berdinketa gertatuz gero, enpresaren 2022. urteko batez besteko plantillen arabera ebatziko da, langile gutxien duenetik gehienekora.
8. oinarria. Dirulaguntza ematea.
1. Laguntzen organo kudeatzaileak, hots, Lehiakortasunaren Atalak, aurreko oinarrian ezarritako irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, eta organo eskudunari bi ebazpen proposamen igorriko dizkio, non adieraziko baita onuradunek dirulaguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.
2. Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia izanen da dirulaguntza ematea ebatziko duen organo eskuduna, eta bi ebazpen emanen ditu 7.1 oinarrian aipatzen den hurrenkera bakoitzeko.
Ebazpenak arrazoituak izanen dira, eta bertan azalduko dira, gutxienez ere, dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda, eta, hala badagokio, ezetsi diren eskaerak, eta, horien artean, aurrekontuko mugagatik ezetsitakoak.
Ebazpenetan adieraziko da zer gastu-aurrekonturen kargura ematen zaion laguntza onuradun bakoitzari, proiektuaren tipologiaren arabera. Horrek zehaztuko du zein den gauzatzeko epea (3.3 oinarria), baita diruz lagundutako proiektuaren justifikazioa egiteko epea ere (9.1 oinarria).
3. Ebazpenak gehienez sei hilabeteko epean eman eta jakinaraziko dira eskatzaileen helbide elektroniko gaitu bakarrean, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.
Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira.
9. oinarria. Justifikazioa eta laguntzaren ordainketa.
1. Hau izanen da egindako proiektua justifikatzeko epea:
a) 2023ko urriaren 31, 1. motako proiektuetarako.
b) 2024ko apirilaren 30a, 2. motako proiektuetarako.
Proiektuaren justifikazioa ez bada egiten ezarritako epeetan, laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.
2. Dokumentazioa telematikaz aurkeztu beharko da, laguntzen fitxaren bidez. Hauxe da aurkeztu beharreko dokumentazioa:
a) Fakturen zerrenda eta, horrekin batera, haien kopiak eta ordainketa frogatzen duten dokumentuenak.
b) Fakturetan agertzen den hornitzailea ez bada laguntzen eskaeran agertzen den bera, justifikazio txosten bat aurkeztu beharko da.
c) Kontabilitateko dokumentuak, fakturak enpresaren kontabilitatean sartu direla frogatzen dutenak. Horretarako, kontabilitate sistema bereizi bat eduki beharko da, edo berariazko kontabilitate kode bat, dirulaguntza jaso duen proiektuari lotutako transakzio guztiei dagokienez.
d) Aholkularitzako edo ingeniaritzako enpresak egindako azterlana.
e) Proiektua baldin bada enpresen bat-egite, integrazio edo lankidetza akordio bat, edo familiakoen edo bazkideen arteko protokolo bat, sinatutako akordioaren edo protokoloaren kopia aurkeztu beharko da.
3. Frogagiriak aztertuta, kudeaketa organoak organo eskudunari igorriko dio ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena. Horrekin batera, txosten bat aurkeztuko da, frogatzen duena onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak.
4. Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emanen du dirulaguntza ordaintzeko ebazpena, 6 hilabeteko epean, frogagiriak aurkezten direnetik hasita.
10. oinarria. Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.
1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:
a) Dirulaguntza eman dela jakinarazten denetik hasita hilabeteko epean, telematikaz aurkeztea dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren araberakoa. Adierazpen hori beti aurkeztu behar da, gardentasun betebeharra izan (Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluko baldintzak betetzeagatik) edo ez izan (kasu horretan, inguruabar hori adieraziko da adierazpenean).
3.c) artikuluko baldintzak betetzen dituztenek ez badute betetzen foru lege horren 12.4 artikuluan eskatzen den informazioa aurkezteko betebeharra, ezin izanen da ordaindu onartutako dirulaguntza.
b) Diruz lagundutako proiektua egitea eta justifikatzea aurreko oinarrian ezarritako moduan.
c) Dirulaguntzaren xedeko inbertsioak enpresaren aktiboetan sartu beharko dira eta gutxienez hiru urtez jarraitu beharko dute laguntza jasotzen duen establezimenduan, laguntza ordaintzea ebazten den egunetik aurrera.
d) Jasotako laguntzaren berri ematea web korporatiboan edo, baldin eta web korporatiborik ez badago, establezimenduaren leku ikusgarri batean 3 urtez, dirulaguntza emateko ebazpenaren egunetik zenbatzen hasita, honako esaldi honekin: "Enpresa honek Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza bat jaso du, lehiakortasuna hobetzeko 2023ko laguntzen deialdian".
e) Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri emanen zaio dirulaguntzak kudeatzen dituen organoari. Jakin bezain laster egin beharko zaio komunikazio hori, eta, beti, 9. oinarrian ezarritako justifikazioa egin baino lehen.
f) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak betetzea.
2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da, edo, kasua bada, hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.
Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa doitzen ahalko da proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.
11. oinarria. Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.
1. Laguntzen eskaera eta erantsi beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, laguntzei dagokien fitxaren bidez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoaren barnean (www.nafarroa.eus).
2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak telematika bidez eginen dira, enpresa eskatzaileen gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez (GHEb). Jakinarazpen edo komunikazioaren bidalketaren berri emanen da eskaera-inprimakian jarritako helbide elektronikoaren bitartez.
12. oinarria. Dirulaguntzaren bateraezintasuna.
Deialdi honetako dirulaguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste entitate publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz nazioartekoek, gastu beretarako emandako beste dirulaguntza batzuekin.
13. oinarria. "De minimis" laguntzak.
1. Deialdi honetako dirulaguntzak "de minimis" laguntzak dira, Europako Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu horren xedea da Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko modua xedatzea (2013ko L 352 Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, abenduaren 24koa). Erregelamendu horren aplikazio aldia 2023ko abenduaren 31ra arte luzatu da Batzordearen 2020ko uztailaren 2ko 2020/972 (EB) Erregelamenduaren bidez (2020ko L 215/3 Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, uztailaren 7koa).
Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru zerga ekitaldiko edozein alditan emandako "de minimis" laguntza guztien batura ezin da 200.000 eurotik gorakoa izan. Aipatu erregelamenduen 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.
2. Era berean, nekazaritzako produktuen lehen mailako ekoizpenean diharduten enpresen kasuan, enpresa bakar bati ezin izanen zaizkio 20.000 euro baino gehiago eman "de minimis" laguntzetan guztira hiru zerga ekitalditan, bat etorriz Batzordearen 2019ko otsailaren 21eko 316/2019 Erregelamenduan xedatutakoarekin. Erregelamendu horrek aldatzen du 1408/2013 Erregelamendua, zeinaren bidez xedatzen baita nola aplikatu behar zaizkion Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak nekazaritzaren sektoreko "de minimis" laguntzei, eta luzatzen baita hura aplikatzeko aldia, 2027ko abenduaren 31ra arte (2019ko L 51 Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, otsailaren 22koa).
3. Aurreko apartatuetan adierazitakoaren ondorioetarako, enpresek laguntzen eskaera-orrian aitortu beharko dituzte kasuan kasuko zerga-ekitaldian jaso dituzten bestelako "de minimis" laguntzak, bai eta aurreko bi zerga-ekitaldietan jasotakoak ere.
14. oinarria. Emandako dirulaguntzen publizitatea.
Lehiakortasunaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (https://www.pap.hacienda.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntzak zein aurrekontu-kredituri egotzi zaizkion, onuradunak eta emandako diru kopurua.
Deialdi honen emaitzak Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoaren laguntzen fitxan ere argitaratuta egonen dira bi urtez (www.nafarroa.eus).
15. oinarria. Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.
Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute oinarri arautzaile hauen aurka, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
Iragarkiaren kodea: F2308883
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
