134. ALDIZKARIA - 2023ko ekainaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

177E/2023 EBAZPENA, ekainaren 15ekoa, Industriaren, Energiaren eta S4 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez aldatzen baitira "Industria-sektoreko ETE-en eta enpresa handien efizientzia energetikorako jarduketak egiteko laguntzen programa" izeneko deialdiaren oinarriak. DDBN identifikazioa: 475110.

Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiaren irailaren 25eko 5E/2019 Ebazpenaren bidez, 2019an industria sektoreko ETE-en eta enpresa handien efizientzia energetikoko jarduketak egiteko laguntzen programaren deialdia egin zen (2019ko 203. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urriaren 14koa).

Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak urtarrilaren 12an eman 1E/2021 Ebazpenaren bidez, deialdiaren 9. oinarria aldatu zen.

Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiaren uztailaren 13ko 53E/2021 Ebazpenaren bidez, aipatutako deialdiaren 5. oinarria eta 9. oinarria aldatu ziren.

Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiaren urriaren 27ko 124E/2021 Ebazpenaren bidez, irailaren 25eko 5E/2019 Ebazpenaren gastuaren gastu osagarri bat baimendu zen.

Maiatzaren 29ko 406/2023 Errege Dekretuaren bidez, 2024ko ekainaren 30era arte luzatu zen laguntza programaren indarraldia. Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuak proposatzen du deialdiaren 9. oinarria aldatzea aipatutako moduan.

Halaber, Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuak berariaz egindako txostenean justifikatzen denez, deialdiaren 3. oinarria aldatzea proposatzen da, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean aurreikusitakora egokitzeko. Azkenik, deialdiaren 11. oinarriko laugarren atala aldatzea proposatu du.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. "Industria-sektoreko ETE-en eta enpresa handien efizientzia energetikorako jarduketak egiteko laguntzen programa" izeneko deialdiaren 9. oinarria aldatzea (deialdia Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiaren irailaren 25eko 5E/2019 Ebazpenaren bidez onetsi zen). Hona hemen idazketa berria:

"Laguntza eskaerak aurkezteko epea oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta deialdiak indarra galtzen duenean bukatuko da, hau da, kasu hauetan:

"a) Jasotako eskaeren ondorioz aurrekontu kreditua ahitzen denean.

b) 2024ko ekainaren 30ean, aurkeztutako eskaerek aurrekontu erabilgarria ahitzen ez badute.

Indarraldia bukatu ondoren, ez da eskaerarik onartuko.

Aurrekontu erabilgarria ahitzen denean, horren berri emanen da Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atarian (www.nafarroa.eus)."

2. Deialdiaren 3. oinarriko 2.a) atala aldatzea. Hona hemen idazketa berria:

"Pertsona juridiko pribatuek, dirulaguntzaren esleipena jakinarazi eta hilabeteko epean, dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu beharko dute telematikaz, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren arabera. Adierazpen hori beti aurkeztu behar da, gardentasun betebeharra izan (Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluko baldintzak betetzeagatik) edo ez izan (kasu horretan, inguruabar hori adieraziko da adierazpenean)".

3.c) artikuluko baldintzak betetzen dituztenek ez badute betetzen foru lege horren 12.4 artikuluan eskatzen den informazioa aurkezteko betebeharra, ezin izanen dute kobratu onartutako dirulaguntza (dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu izanaren deklarazioa).

3. Aipatutako deialdiaren 11. oinarriko 4. atala aldatzea. Hona hemen idazketa berria:

"Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu 39/2015 Legearen 66. artikuluko betebeharrak betetzen, Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

Ezin izanen da inola ere zuzendu eskatutako dokumentazioa aurkeztu ez izana".

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta hurrengo egunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2023ko ekainaren 15ean.–Industriaren, Energiaren eta S4 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusia, Uxue Itoiz Mariñelarena.

Iragarkiaren kodea: F2309318