1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA
107E/2023 EBAZPENA, ekainaren 14koa, Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, hasiera batez onesten duena Erripagañako Udalez Gaindiko Plan Sektorialeko (UGPS) AR-2 banaketa-areako UM-J unitate morfologikoaren gaineko xehetasun azterketa, Pamplona Distribución SAk sustatua.
2023ko maiatzaren 4an (dokumentua: 606802), Pamplona Distribución SAk tramitatzeko aurkeztu zuen xehetasun azterketa bat, AR-2 banaketa-arearen berrantolaketari buruzko Erripagañako Udalez Gaindiko Plan Sektorialaren aldaketako hirigintzako arauen 109. artikulua betetzeko xedea duena.
Hain zuzen ere, Erripagañako UGPSak AR-2 banaketa-areako UM-J unitate morfologikorako ezartzen dituen determinazio formalak zehatzago ezarri, aldatu edo doitzen ditu, helburu hauekin:
–Unitatearen barneko hiru eraikinen (J1, J2 eta J3) lerrokadurak, solairu kopurua eta altuera zehaztea, indarrean den plangintzan ezarritako gehienekoak gainditu gabe.
–Fatxaden, estalkien eta beste elementu osagarri batzuen diseinua arautzea, hala nola fatxadetako errotulazioarena, instalazio fotovoltaikoena, etab.
–Ibilgailuak lurzati barnera sartzeko eremua zehaztea.
Xehetasun azterketa horrek hirigintzako arau partikularren fitxan unitate morfologikoarentzat xedatutakoa ere betetzen du. Orobat, fatxaden ezaugarriak eta ibilgailuen sarbideak zehazten ditu, eta proposamenaren hiri integrazioa justifikatzen du.
Funtsean, xehetasun azterketak bolumenen antolamendua zehaztu, fatxaden ezaugarriak arautu, ibilgailuen sarbideak zehaztu eta bideen trazadurari buruzko determinazio batzuk doitzen ditu. Gainera, eraikinen eta beste elementu batzuen hiri integrazioa bermatu nahi du, bai estetikaren bai funtzionaltasunaren aldetik, genero-ikuspegia ere kontuan hartuta. Era berean, lurzati pribatuaren barnean ibilgailuentzako zenbat aparkaleku plaza izanen diren zehazten du, indarreko UGPSan ezarritako gutxieneko plaza kopurua betez.
Ingurumen Eraginaren Atalak, 2023ko ekainaren 9an, honako hau adierazi zuen txosten batean: "Haren edukiak ez du ezartzen ingurumen inpaktuaren ebaluazioa egitera legez behartutako proiektuak etorkizunean baimentzeko esparrua eta, ondorioz, ez dago hari buruzko ingurumen ebaluazio estrategikoa egin beharrik".
Oraindik jasotzeko daude Iruñerriko Mankomunitatearen txostena, Abiazio Zibilaren Zuzendaritza Nagusiarena eta Babes Zibileko Zerbitzuarena.
Hautatutako tresna egokia da autonomia erkidegoko hirigintza araudian eta eragiten dioten lurralde antolamendurako tresnetan ezarritakoaren arabera, tramitazioari eta xedeari dagokionez. Aitzitik, aukeratutako soluzioen egokitasunari dagokionez, memoriaren 5.2 atala (Aukeratutako soluzioaren deskripzioa eta justifikazioa) osatu beharra dago, unitatea hiru eraikinetan banatzeko arrazoiak eta beheko solairuko lerrokaduren zergatiak azalduta, baita fatxada aldearen %90 gutxienez eraikia egoteko baldintzaren zergatia ere.
Bestetik, Nafarroako Planeamenduaren Erregistroa eta Nafarroako hirigintza eta lurralde plangintzarako tresnak aurkezteko formatua arautzen dituen urriaren 16ko 253/2019 Foru Dekretuari jarraikiz, aurkeztutako dokumentazioan bereizi egin behar dira "Informatzeko eta justifikatzeko dokumentazioa" eta "Dokumentazio arauemailea".
Tresnak, halaber, finkatzen du lurzatiaren barnean izan beharreko aparkalekuen kopurua, UGPSaren aldaketan ezarritako gutxienekoa betez, eta determinazio hau ezarriz UM-J guztirako: "Gutxienez 2 aparkaleku aurreikusi beharko dira eremu publikotik kanpo, hirugarren sektoreko erabileretarako eta zuzkidura pribatuetarako sestra gainean eraikitako azaleraren 100 m²-ko".
Alabaina, eduki hori ez dagokio xehetasun azterketa bati, gainditu egiten duelako tresna horren xedea eta irismena, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren (LAHFLTB) 63. artikuluan ezarrita dagoena. Are gehiago, UGPSaren aldaketaren araudiaren 117. artikuluak ezartzen duenez, "Obra lizentzia lortzeko aurkezten den eraikuntza proiektu bakoitzak honako hauek justifikatu beharko ditu: aparkaleku kopuruari buruz aplikagarriak diren determinazioak betetzen direla, aurreikusitako erabilera zehatzen eta intentsitateen arabera; gehieneko azalera eraikigarria betetzen dela; eta kokatuta dagoen unitate morfologikoari esleitutako gehieneko hirigintza aprobetxamendua betetzen dela".
Hori dela-eta, ezabatu egin beharko dira xehetasun azterketan agertzen diren lurzatiaren barneko aparkaleku plazen aurreikuspenari buruzko aipamenak, ez baitagozkio tresna mota horri.
Era berean, berrikusi egin beharko da 6. atala, "Proposamenaren determinazio lotesleak (L) eta orientagarriak (O)", eta haren edukia egokitu xehetasun azterketa bati dagokionaren arabera (LAHFLTBaren 63.1 artikulua). Besteak beste, ezabatu behar dira 6.3 atala, "Gehieneko azalera eraikigarria guztira eta gehieneko aprobetxamendua guztira (L) eta eraikinez eraikin (O)", 6.6 atala, "Kalifikazioa, aurreikusitako erabilerak (L)" , 6.10 atala, "Eremu publikotik kanpoko aparkalekuak (L)", eta 6.13 atala, "Mantentze-lanak eta zaintza", eta baita 5. atalean dauden horien antzeko edukiak ere, xehetasun azterketen xedea eta irismena gainditzen dituztelako.
Halaber, testu arauemaile batean desegokiak direlako, 6. ataletik, "Proposamenaren determinazio lotesleak (L) eta orientagarriak (O)" izenekotik, Informazio eta justifikazio memoriara eraman beharko dira deskribapenekoak edo justifikaziokoak diren eta proposamen izaerarik ez duten testu guztiak.
Gainera, ez da egokitzat jotzen determinazioen izaerari buruz atal horretan egiten zen identifikazioa: izaera loteslea "(L)" eta izaera orientagarria "(O)". Izan ere, izaera mota horiek lurralde antolamenduko tresnetakoak dira (LAHFLTBaren 63.1 artikulua) eta, gainera, nahasgarriak dira dokumentuan berean, gaztelaniaz baita, "(O)" hori beste esanahi batekin erabiltzen delako antolamendu planoak izendatzean (hau da, orientagarria –gaztelaniaz "orientativo"– zentzuarekin ez ezik, antolamendua –gaztelaniaz "ordenación"– zentzuarekin ere agertzen da).
Bestalde, ikusi da eremu publikoko 6 aparkaleku kendu beharko direla eraikinetara sartzeko bidea egiteko. Horregatik, justifikatu beharko da aparkaleku plaza horiek kenduta ere betetzen dela AR-2 banaketa-arearako eskatzen den plazen gutxieneko modulua (bai erabilera publikoko eremurako bai pribaturako).
Bestetik, xehetasun azterketek nolako determinazioak jasotzen dituzten kontuan hartuta eta horien aplikazioa erraztearren, esparruari, lerrokadurei, sestrei, eraikinen altuerari eta sarbideei buruz proposatutako determinazioak grafikoki irudikatzea komeni da. Bestalde, desadostasunak saiheste aldera, gomendagarria da, halaber, determinazio horiek idatziz ez adieraztea, justifikatuta ez badago behintzat.
Dokumentuak antolamendu plano (O) hauek ditu: O.1.–Solairu kopurua, altuerak eta sestrak. Eraikinen mugaketa orientagarria, O.2.–Beheko solairuaren lerrokadurak eta kotak, O.3.–Lurgaineko solairuen lerrokadurak eta kotak, O.4.–Ibilgailuentzako sarbideen eskemak, eta O.5.–Altxaeren eta sekzioen antolamendua.
Beraz, planoetan antolamendu esparrua grafikoki irudikatu ondoren, ezabatu egin beharko dira atal hauek (grafikoki irudikatuko direlako): 6.1.–Xehetasun azterketaren esparrua (L) eta J-1, J-2 eta J-3 eraikinena (O), 6.4.–Eraikinen lerrokadurak (L), 6.5.–Sestrak (L), 6.7.–Eraikinen gehieneko solairu kopurua (L), 6.8.–Eraikinen altuera (L) eta 6.9.–Sarbideen eta zamalanetarako eremuen soluzioa (L). Justifikatu egin beharko da atal horiek ez ezabatzea.
Era berean, dokumentazio grafikoa berrikusi beharko da, irudikatutako ikur eta kolore guztiak legendan jaso daitezen; bestela, kendu egin beharko dira.
UM-J unitate morfologikoaren sestrei eta haren perimetroko ibilgailuentzako eta oinezkoentzako bideen sestrei dagokienez, xehetasun azterketak bere egiten ditu AR-2 banaketa-arearen urbanizazio proiektuan ezarritakoak (tramitatze bidean da proiektu hori).
Halere, zehaztapen hau jasotzen du: "Ulertu behar da UM-J eta UM-L unitate morfologikoen artean kokatutako kale berriko galtzadaren eta espaloien sestrak pixka bat aldatuko direla ibilgailuak lurpeko garajera sartzeko eta salgaien zamalanetarako guneetarako hautatzen den diseinu zehatzaren arabera".
Zehaztapen hori kendu beharra dago, ez baita xehetasun azterketaren esparruari buruzkoa. Nolanahi ere, ohartarazi behar da urbanizazioan egiten diren aldaketak unitatearen jabearen kontura izanen direla, eta hondatzen diren zoladurak edo urbanizazioko bestelako elementuak birjarri beharko direla, horien guztien erabateko jarraitutasuna zainduta.
Ikusirik Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren 2023ko ekainaren 12ko txostena, eta bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginarekin (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen), eta erabiliz urriaren 30eko 262/2019 Foru Dekretuaren bidez eman zaizkidan ahalmenak (foru dekretu horren bidez ezarri zen Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren egitura organikoa),
EBAZTEN DUT:
1. Hasiera batez onestea Erripagañako Udalez Gaindiko Plan Sektorialeko (UGPS) AR-2 banaketa-areako UM-J unitate morfologikoaren gaineko xehetasun azterketa, Pamplona Distribución SAk sustatua. Behin betiko onesteko baldintza izanen da ebazpen honetan adierazitako kontsiderazioei kasu egitea.
2. Sustatzaileak bete beharko du espedientea tramitatzean emandako txosten sektorialetan xedatutakoa. Aurrekoa gorabehera, xehetasun azterketaren ondoriozko obren exekuzioak eragina izan badezake beste azpiegitura eta zortasun batzuetan edo horiek baldintzatzen ahal badute exekuzioa, interesdunak behar diren baimen guztiak lortu beharko ditu kasuan kasuko gaiaren arloko eskumena duten organoetan.
3. Espedientea jendaurrean jartzea eta ukitutako udalari entzunaldia ematea ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroan argitaratzen diren egunkarietan argitaratuz. Bi tramite horiek aldi berean eginen dira, eta hogei egun iraunen dute.
Ondorio horietarako, dokumentua Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren web orrian kontsultatzen ahalko da, honako helbide honetan: https://www.navarra.es/eu/lurraldea-pasaia-eta-hirigintza/jendaurrean-jarrita-dauden-planak-proiektuak-eta-azterketak; epe horretan halaber, egokitzat jotzen diren alegazio-idazki guztiak aurkezten ahalko dira.
4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Burlatako Udalari, Ingurumen Eraginaren Atalari, Iruñerriko Mankomunitateari, Abiazio Zibilaren Zuzendaritza Nagusiari, Babes Zibileko Zerbitzuari eta espedientearen sustatzaileari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2023ko ekainaren 14an.–Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusia, Izaskun Abril Olaetxea.
Iragarkiaren kodea: F2309227