2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
LEKUNBERRI
Aldaketa, Etxebizitzen zaharberritzea arautzen duen ordenantzan. Behin betiko onespena
Lekunberriko Udalak, 2022ko azaroaren 24an egindako osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aldaketa egitea Etxebizitzen zaharberritzea arautzen duen ordenantzan.
Ez da alegaziorik aurkeztu jendaurreko epean; hortaz, behin betiko onetsi da aldaketa, Etxebizitzen zaharberritzea arautzen duen ordenantzan. Horren testua osorik argitaratzen da Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.
Lekunberrin, 2023ko ekainaren 9an.–Alkatea, Gorka Azpiroz Razquin.
UDAL ORDENANTZA, ETXEBIZITZEN ZAHARBERRITZEA ARAUTZEN DUENA
1. artikulua. Helburua.
Onespen honen bidez, aldaketa egiten da Etxebizitzen zaharberritzea arautzen duen ordenantzan, zeina 2013ko 34. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, otsailaren 19koan, argitaratu baitzen. Ordenantza gaur egungo beharretara egokituko da, eta diruz lagungarriak diren jarduketen artean jasoko ditu eraikinen inguratzaile termikoak hobetzeko lanak zein irisgarritasuna hobetzekoak.
2. artikulua. Xedea.
Ordenantzaren xedea honako lan hauek izanen dira:
2.1. Lekunberriko udal-mugartearen barrenean dauden higiezinak zaharberritzeko egiten diren lanak, eraikin horiek 50 urte baino gehiago badituzte.
2.2. Alokairuko etxebizitzak eraikitzea, edo erosteko aukera duen alokairukoak.
2.3. Eraberritze lanak, hobekuntzak ekartzen dituztenak irisgarritasunean.
2.4. Inguratzaile termikoaren energia-eraginkortasuna hobetzeko jarduketak Lekunberrin dauden etxebizitza bakarreko eraikinetan edo bizitegi kolektiboko eraikin osoetan, betiere eraikinaren guztizko kalifikazio energetikoa gutxienez bi letrakoa bada, karbono dioxidoaren emisio-eskalan neurtuta (kg CO2/m² urtean) eta eraikinaren hasierako kalifikazio energetikoarekin alderatuta.
Honako jarduketa hauek ez dira diruz lagungarriak izanen:
a) Eraikin berrietan egindakoak.
b) Lehendik dauden eraikinetan egindako esku-hartzeak, baldin eta eraikitako azalera, bolumena edo eraikigarritasuna handitzen badira.
c) Lehendik dauden eraikinetan egindako esku-hartzeak, baldin eta, horrekin batera, eraikinaren erabilera aldatzen bada.
Irizpide hori ez da aplikatuko baldin eta, eraikinak A kalifikazio energetikoa duela egiaztaturik, hobetzeko neurriak proposatzen badira; kasu horretan, aplikatuko den laguntza gehigarria, irizpide horren barruan, A letrari dagokiona izanen da.
Kalifikazio energetikoa hobetzeko, jarduketa mota bakar bat egin daiteke, edo bat baino gehiago konbinatu. Gainera, jarduketa mota bateko edo gehiagoko neurri partzialak har daitezke, baina inguratzaile termikoaren hobekuntza baizik ez da izanen diruz lagungarria. Eraikinaren energia-ziurtapena egin beharko da eraikinen energia-efizientzia ziurtatzeko oinarrizko prozedura arautzen duen araudiarekin bat, aitortuta dauden programa informatiko ofizialetako bat erabiliz.
Eskaera aurkezten den unean, laguntzaren xedeko jarduketek kasuan-kasuan aplikatu behar zaien indarreko araudia bete beharko dute, baita eskatzen diren betebeharrak ere, eta behar diren lizentzia eta baimen administratiboak edukiko dituzte, horrelakorik behar izanez gero.
3. artikulua. Onuradunak.
Jabe guztiak izan daitezke aurreko artikuluan deskribatu diren laguntzen onuradun, baldintza hauek betetzen badituzte:
a) Lekunberriko Udalarekiko betebehar fiskalak ordainduta izatea.
b) Udalean aurkeztea dagokion lanetarako proiektu teknikoa.
c) Eskabidea betetzea.
d) Biztanleen Udal Erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea gutxienez 3 urteko antzinatasunez.
4. artikulua. Edukia.
Laguntzei esker, 2. artikuluan adierazitako jarduketetan eta instalazioen gaineko zergan %20ko salbuespena aplikatuko da.
5. artikulua. Prozedura.
Laguntzen onuradun izateko eskabidea aurkeztuko da Udalean, eta harekin batean zinpeko aitorpena, 3. artikuluan aipatu diren baldintzak beteko direla adierazten.
6. artikulua. Indarraldia.
Ordenantza hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.
Iragarkiaren kodea: L2309051