134. ALDIZKARIA - 2023ko ekainaren 27a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LANTZ

Auzolana arautzen duen ordenantza. Behin betiko onespena

Lantzeko Udalak, 2023ko martxoaren 21ean egindako bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Auzolana arautzen duen ordenantza, zeina argitaratu baitzen 2023ko 78. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, apirilaren 8an.

Jendaurreko epean ez da alegaziorik egin; hortaz, behin betiko onetsi da auzolana arautzen duen ordenantza.

Lantzen, 2023ko ekainaren 14an.–Alkatea, Isabel Baleztena Larraza.

LANTZEN AUZOLANA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da arautzea "auzolan" hitzez deitutako norberaren lana, obrak eta zerbitzuak egiteko, Lantzeko Udalaren eskumenekoak, udalerriaren alde, nahitaez eta haren truke ordainketarik jaso gabe.

2. artikulua. Oinarria.

Honako hauek arautzen dute ordenantza: hasteko, Lantzen auzolana egiteko dagoen ohitura historikoa, eta ,horretaz gain, egoki denaren arabera, martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa (12., 53. eta 54. artikuluak), eta uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikulua eta horrekin bat datozenak (foru lege horrek hizpide du Nafarroako Toki Administrazioa).

3. artikulua. Nahitaezkotasuna eta salbuespenak.

–Auzolana egitera beharturik daude:

A) Lantzen erroldatuta daudenak, bertan bizi direnak eta/edo bertako zentsuan daudenak, hemezortzi (18) eta berrogeita hamabost (55) urte bitartekoak, biak barne.

Halaber, auzolana egin beharra izanen dute Lantzen etxebizitza izanik ere iraunkorki bertan bizi ez direnek.

Bizilagunen batek bere burua udal erroldatik kentzen badu auzolana ez egiteko eta herrian bizi dela frogatzen bada, sartuko da auzolanaren ordenantza bete behar dutenen zerrendan.

B) Pertsona bakarrak aritu beharko du familia-unitate bakoitzeko. Honako hau hartzen da "familia-unitatetzat":

–Bikote ezkondu edo egonkor batek osatua, gehi odol-ahaidetasuneko ahaideek, bigarren mailaraino, baldin etxebizitza berean bizi badira, hots, Udaleko Biztanleen Erroldan orri berean agertzen direnek.

C) Familia-unitateko ordezkariaren ordez beste batek egiten ahal du auzolana, betiere horretarako egokia baldin bada eta bere borondatez aritzeko prest badago. Ordezkapen horren berri aurretik eman behar zaio Udalari, eta parte-hartzaileen zerrendan sartuko du, aseguruarekin egin behar diren komunikazioetarako.

–Auzolana egitetik salbuetsiko dira honako hauek, nahiz eta derrigorrez auzolana egiteko adin tartean egon:

A) Lanerako ezintasun egoeran daudenak, behar bezala frogaturik baja-agirien eta berrespen agirien bidez.

B) Desgaitasun fisikoa, intelektuala edo sentsoriala dutenak. Aldeko txostena beharko da, desgaitasunaren ziurtagiriarekin (%33ko desgaitasuna edo handiagoa).

C) Preso daudenak.

Salbuetsitakoek borondatez egin dezakete auzolana.

4. artikulua. Asegurua.

Toki-erakunde honek bere gain hartuko du istripuen arriskuaren estaldura, lan honetan aritzera behartuta daudenentzat.

5. artikulua. Kudeaketa.

Lantzeko Udalak publiko eginen du auzolanak egin beharra, egun batzuk lehenago, behar den bandoa ezarriz iragarki-taulan eta herriaren web-orrian, eta horren berri emanez etxe guztietako postontzietan eta bidalketak eginez helbide elektronikoetara edo telefono mugikorretara, herritarrek horien berri eman badute. Udalak urtean gutxienez hiru auzolan antolatuko ditu, 48 orduko aurrerapenarekin.

Udalak aukera emango die, hala nahi duten bizilagunei, egiteke dituzten auzolanak berreskuratzeko, betiere urte berean bada.

2. Oro har, larunbat eta igandeetan eginen da. Baldin auzolanean parte hartzera beharturik dagoen batek ezin badu parte hartu, horren berri emanen dio Udalari, jakinarazpena egin eta 24 orduko epean. Arrazoiak beti justifikatu beharko dira, eta agiri egokien bidez frogatu. Desgaitasunaren arabera, Udalak erabakiko du ea betebeharra beste uneren batean bete behar den.

3. Norberaren ordez beste batek egin dezake auzolana, horretarako egokia baldin bada eta bere borondatez aritzeko prest badago. Ordezkapen hori aldez aurretik jakinaraziko zaio Udalari.

4. Orobat, urtean diru kopuru bat ordainduz libratu daiteke auzolanetik. Udalak osoko bilkuran onetsiko du zenbateko hori; 2023. urterako, 40 euro izanen da. Kontsumoko prezioen indizearen arabera eguneratu daiteke diru hori, eta, borondatezko epean ordaintzen ez bada, betearazpen-bidetik erreklamatu daiteke, %20ko errekarguarekin.

5. Urte bateko auzolanak ez dira kontuan hartuko hurrengo urteetarako.

6. Auzolan bakoitzeko lana Udaleko kide batek zuzenduko du.

7. Bizilagunek Udalari adierazten ahal diote auzolanaren ordez ordaindu eginen dutela.

8. Egindako lanen bidez inor ez da auzolanetik libratuko baldin Udalak ez badio oniritzia ematen.

6. artikulua. Parte-hartzea jendaurrean jartzea.

Auzolanetan parte hartzen dutenak zerrenda batean jarriko dira, eta zerrenda jendaurrean jarriko da.

7. artikulua. Zehapenak.

Indarrean dagoen legeriaren arabera, behartuta egonik eta salbuetsita egon gabe derrigorrezko auzolanen batera joaten ez direnek prestazioaren zenbatekoa ordaindu beharko dute; 40 euro, auzolan bakoitzeko.

Urtero berrikusiko eta zenbatetsiko dira zenbatekoak eta zehapenak, eta bizilagun guztiei emanen zaie horien berri, 5. artikuluan ezarritako bideen bitartez.

XEDAPEN OROKORRAK

Lehenbizikoa.–Ordenantza honetan xedatu ez den orotan, jarraituko zaio uztailaren 2ko Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legean eta martxoaren 10eko Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legean xedatuari.

Bigarrena.–Ordenantza hau indarrean jarriko da, eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu, behin betiko onetsi eta testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren.

Iragarkiaren kodea: L2309150