134. ALDIZKARIA - 2023ko ekainaren 27a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BAZTAN

Baztango Ordenantza, Zerga eta Paramentu berrien aldaketa. Behin betiko onespena

Baztango Batzar Nagusiak, 2023ko apirilaren 3an egindako ohiko bilkuran, hasierako onespena eman zion Baztango Ordenantza, Zerga eta Paramentu berrien 50. eta 51. artikuluen aldaketari.

Hasierako onespenaren erabakia 90. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, 2023ko maiatzaren 2an. Jendaurrean egon den epean ez da alegaziorik aurkeztu.

Behin betiko onetsi da Baztango Ordenantza, Zerga eta Paramentu berrien 50. eta 51. artikuluen aldaketa, eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoarekin bat, aldaketa hori argitaratzen da, dagozkion ondorioetarako.

Baztanen, 2023ko ekainaren 15ean.–Batzar Nagusiko burua, Joseba Otondo Bikondoa.

BAZTANGO ORDENANTZA, ZERGA ETA PARAMENTU BERRIEN ALDAKETA

50. artikulua.

Aprobetxamenduaren emakidaduna hiltzen bada, legezko oinordekoek ustiapenarekin jarraitu nahi badute, jaraunspena onartzen denetik hamabi hilabeteko epea izanen dute titulartasuna aldatzea eskatzeko. Eskatzaileek 38. artikuluak ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, eta, era berean, bigarren mailara arteko (odol-ahaidetasunezko edo ezkontza-ahaidetasunezko) ahaidea izan beharko da. Gehienez hamar hektareako titulartasun aldaketak onartuko zaizkie ustiategiarekin jarraitzen duten eta lanbide nagusia nekazaritza ez duten legezko oinordekoei. Ezarritako gehienekoa gaindituz gero, eskatzaileak idatziz adierazi beharko du zein luberri aldatu nahi dituen titulartasunez.

Hamabi hilabeteko epean titulartasun aldaketa eskatzen ez bada, azkentze espedientea hasiko da, eta herri-lurrak automatikoki itzuliko zaizkio Batzar Nagusiari, eta 52. artikuluan ezarritakoari jarraikiko zaio.

51. artikulua.

Titulartasun aldaketak.

50. artikuluan jasotako kasuetan izan ezik, honela jokatuko da herri-lurren aprobetxamenduaren onuradunaren titulartasuna aldatzeko eskaera egiten denean:

1.–Eskatzaileek ordenantzen 38. artikuluak ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.

2.–Gainera, eskatzaileak bigarren mailara arteko (odol-ahaidetasunezko edo ezkontza-ahaidetasunezko) ahaidea denean eta ustiategi berarekin jarraitzen duenean baizik ez da onartuko titulartasun aldaketa. Bertzenaz, aldaketa ez da onartuko, eta 52. artikuluan ezarritakoari jarraikiko zaio.

3.–Titulartasun aldaketetan, onuradunak 52.2 artikuluan ezarri den baino hektarea gehiago baditu, 52. artikuluan ezarritakoari jarraikiko zaio.

4.–Luberriaren titulartasuna aldatzea onartuta, emakidadun berriak bertze azienda batekin erabiltzen ahalko du.

Iragarkiaren kodea: L2309479