133. ALDIZKARIA - 2023ko ekainaren 26a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BURGI

Ordenantza, instalazio fotovoltaikoen ezarpena arautzen duena. Behin betiko onespena

Burgiko Udalak, 2022ko azaroaren 11n egin ohiko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Burgiko udal-mugartean instalazio fotovoltaikoen ezarpena arautzen duen ordenantza.

Hasierako onespenaren erabakia 2022ko 238. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 29an, eta jendaurreko epean inork ez du alegazio, eragozpen edo iruzkinik aurkeztu; hortaz, behin betikoz onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.

Burgin, 2023ko ekainaren 5ean.–Alkatea, Elena Calvo Petroch.

ORDENANTZA, INSTALAZIO FOTOVOLTAIKOEN EZARPENA ARAUTZEN DUENA

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea zera da, instalazioak ezartzeko arauak erregulatzea, eguzki-energia biltzeko eta aprobetxatzeko, teknologia fotovoltaikoaren eta termikoaren bidez, Burgiko udal-mugartean.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

Ordenantza honek xedatzen dituen zehaztapenek Burgiko Udal Plan Orokorrean mugatutako hiri-lurzoruan, lurzoru urbanizagarrian eta lurzoru urbanizaezinean eguzki instalazioak –nola termikoak hala fotovoltaikoak– ezartzea arautzen dute, Erronkaribarko Enpresa Parkea barne.

3. artikulua. Definizioak.

Ordenantza honetan, eguzki panelak edo plakak deituko zaie eguzki-energia hartzeko elementuei. Eguzki-energia zein energia formatara bihurtzen duten kontuan hartuz, bi eguzki instalazio mota daude: termikoak eta fotovoltaikoak.

a) Eguzki instalazio termikoak: Eguzkitik datorren irradiatze energia aprobetxatzen dute fluido bat berotzeko. Etxeko ur beroa lortzeko eta/edo espazioak girotzeko erabiliko dira.

b) Eguzki instalazio fotovoltaikoak: Material erdieroale jakin batzuek energia elektromagnetikoa xurgatzean duten portaera aprobetxatuz, eguzkitik datorren irradiatze energia energia elektriko bihurtzen dute.

4. artikulua. Instalazioen xedea.

Neurri batean edo osorik eraikinen energia beharrak asetzeko direnean baino ez dira eguzki instalazioak baimenduko, dela etxeko ur beroa sortzeko –eguzki instalazio termikoak–, dela autokontsumorako edo saltzeko elektrizitatea sortzeko, indarreko araudiaren arabera.

Baimenduta dago bai autokontsumorako argindarra sortzea, bai (indarreko araudiaren arabera) elektrizitatea energia sarera igorriko den elektrizitatea sortzea.

II. KAPITULUA

1. ATALA

Bizitegi erabilerako hiri-lurzoruan eta lurzoru urbanizagarrian kokatutako instalazioak

5. artikulua. Instalazioak eraikinen gainean

1. Eguzki panelak –nola termikoak hala fotovoltaikoak– eraikinen estalki inklinatuetan instalatzen ahal dira, honako baldintza hauek betez gero:

a) Panelak planokideak izanen dira, estalkiko isurkiekin, eta malda eta orientazio bera izanen dute, gehienez ere 0,30 metroko altuera gainditzen ez badute edozein puntutan; nolanahi ere, inola ere ez ditu gainditzen ahalko isurkien planoak.

b) Oinplanoan jarriz gero, sortu behar dute forma erregularreko eremu bat edo gehiago, teilatu hegalaren muturrarekiko paraleloan.

c) Honako muga hauek izanen ditu hartutako eremuak:

–Panel fotovoltaikoetarako, eremu handiena bai ezarritako gehieneko potentziak bai energia elektrikoaren autokontsumorako baldintza administratibo, tekniko eta ekonomikoek erabakiko dute, zerbitzu teknikoek aldez aurretik baloratu ondoren. Hau da, behar adina panel jartzea baimenduko da gehieneko potentzia horretara iritsi arte.

–Panel termikoetarako, gehieneko azalera eraikinaren behar termikoen araberakoa izanen da, eta unean-unean energia termikoaren autokontsumoaren baldintza administratibo, tekniko eta ekonomikoen arabera arautuko da, zerbitzu teknikoek baloratu ondoren, ur beroa edo klimatizazioa ekoizteko.

d) Gutxienez metro bat bereizi beharko dira dauden isurkiaren ertz guztietatik (gailurra, teilatu hegala, mehelinak), eta 60 zentimetro limatxokon, bizkar lima, argi zulo/velux eta bestelako panel eremuetatik.

e) Kalerako estalkiaren eta/edo fatxaden gainean ez da inolako elementu osagarririk ikusgai geratuko, hala nola andelak, kontagailuak, inbertsoreak, panel elektrikoak, kanalizazioak eta abar. Horiek guztiak bide publikotik ez ikusteko moduan jarri beharko dira, dela eraikinaren barruan dela barruko fatxadan. Kokapen horien ezintasun teknikoa behar bezala justifikatzen bada, salbuespenez ematen ahalko da baimena, baldin eta bista horien eragina minimizatzeko neurriak badaude eta Udalak bere oniritzia ematen badu.

2. Estalki lauetan edo zabaltzetan jartzen ahal dira, honako baldintza hauekin:

a) Espazio publikotik ez ikusteko moduan jarriko dira. Karelen atzean ezkutaturik gelditu beharko dute, horien gehieneko garaieraren azpitik. Ez da baimenduko baldin eta karelak gardenak badira –baranda, sareta edo beira motakoak–, eta instalazioa bistan uzten badute, non eta, aldi berean, ez diren proposatzen neurri egokiak hura ikustea galarazteko.

b) Baimenduta dago panelen orientazioak aldatzea eguzkia hobeki aprobetxatzeko, non eta ez duten gainditzen karelen garaiera eta/edo ordenantzei jarraikiz panelak ezkutatzeko baimenduriko eraikuntza elementuen garaiera.

3. Portxe, markesina edo eraikuntza osagarrietan jartzen ahal dira, honako baldintza hauekin:

a) Espazio publikotik ez ikusteko moduan jarriko dira.

4. Orokorrean, hiri-lurzoru finkatuan dauden eraikinetan, ezin da eguzki panelik instalatu fatxada, balkoi, begiratoki edo antzekoetan.

5. Hiri-lurzoru finkatugabean edo urbanizagarrian ordenazio/eraikuntza tresna egokien bidez egindako herrigunearen handitzeen gaineko etorkizuneko eraikuntzetan, salbuespen moduan, konponbideak proposatzen ahalko dira eraikuntza berrian eguzki panelak ezartzeko konfigurazio edo kokapen bereziekin, behar bezala txertatuta gera daitezen eraikin multzoaren arkitekturan. Hirigintza zerbitzuak baloratu beharko ditu proposamen horiek. Udalak bere gain hartzen du proposamen horiek onesteko eskubidea.

6. Hirigintza ondorioetarako, eguzki-energiako instalazioak eraikineko edo eraikuntzako instalaziotzat hartuko dira, eta, beraz, ez dira konputatuko eraikigarritasun ondorioetarako.

6. artikulua. Instalazioak eraikin bati lotutako lurzoru libre pribatuan.

1. Baimentzen da eguzki panelak jartzea lurzoru libre pribatuan, honako baldintza hauek betez gero:

a) Instalazioa baimenduko da soilik energia elektrikoa kontsumitzen duten eraikinak daudenean lurzati berean edo ondokoan, edo eraikin horietarako obra-lizentzia aldi berean ematen denean.

b) Instalazioak, euskarriak eta beste elementu batzuk barne, ez dira 1,50 metro baino altuagoak izaten ahalko, lurretik neurtuta.

c) Lurrean bermatuta jarriko dira, bide publikotik ez ikusteko moduan.

d) Baldintza hori betetzen ez bada, Udalak landare pantailak (zuhaitzak, heskaiak, etab.) sortzea eskatzen ahalko du.

e) Ez da panelik jartzen ahalko eraikinaren fatxada nagusiaren aurrean.

f) Panelen orientazioa eta inklinazioa aldatzea badago, betiere, kaptazioak ahalik eta errendimendu handiena izan dezan lortzeko.

g) Instalazioak gehienez lurzatiaren azalera librearen %40 hartuko du, eta 40,00 m² gehienez.

h) Ondoko eraikinetako balizko kalteei buruzko azterlan bat aurkeztuko da, batez ere haien gaineko islei eta ispilu efektuari dagokienez. Panelak instalatzeko baldintza izanen da, hala badagokio, balizko kalte horiek zuzentzeko proposatzen diren neurri zuzentzaileak betetzea.

7. artikulua. Eraikin katalogatuak:

1. Burgiko Udal Plan Orokorreko Katalogoan sarturiko eraikinetan edo tokietan, edo babestutako beste elementu batzuetan instalazioak paratzeko eskaerak bidaliko dira Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusira, aurretiko txostena egin dezan. Txosten horren edukia loteslea izanen da.

2. ATALA

Zuzkidurarako, industriarako edo hirugarren sektorerako hiri-lurzoruko eta lurzoru urbanizagarriko instalazioak (Erronkaribarko Enpresa Parkea barne)

8. artikulua. Instalazioak industriako erabilera globala duten eraikinetan.

1. Inguruko eraikinen energia premiak partzialki edo osorik betetzeko eguzki instalazioak baimenduko dira, dela etxeko ur berorako (eguzki instalazio termikoak), dela autokontsumorako edo salmentarako elektrizitatea sortzeko, indarrean dagoen araudiari jarraikiz.

2. Udalak uste badu ikusmen edo ingurumen inpaktua egoteko arriskua dagoela, inpaktu hori minimizatzeko neurriak eskatzen ahalko ditu, bai eta proiektuari buruzko informazio osagarria ere.

III. KAPITULUA

Lurzoru urbanizaezinaren gaineko instalazioak

9. artikulua. Instalazio isolatuak lurzoru urbanizaezinean.

1. Lurzoru librean eguzki-energia erabiliz energia elektrikoa lortzeko instalazioak (eguzki parkeak) lurzoru urbanizaezinean ezartzeko lana berariaz arautzen du indarreko araudi sektorial autonomikoak (64/2006 Foru Agindua, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak emana), eta bete eginen ditu, halaber, Udal Plan Orokorrean lurzoru urbanizaezinaren kategoria eta azpikategoria bakoitzerako ezarririko erabilera baimenduak eta 1. Lurralde Antolamenduko Planean (1. LAP-Pirinioak) jasotakoak.

10. artikulua. Aldez aurreko baimenak.

1. Eraikin berriei loturiko instalazioen kasuan, beharrezkoa izanen da ezartzekoa den jarduera berriak lortzea Lurralde Antolamenduaren eta Hirigintzaren arloko departamentu eskudunaren arauzko baimena, hala badagokio, lurzoru urbanizaezinean ezartzeko, jarraikiz ezarrita dagoenari uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 110. artikuluan.

11. artikulua. Instalazioak paratzea lehendik dauden eraikinetan.

1. Lehendik badauden eraikinei lotutako instalazioen kasuan, horiek ezarri baldin baziren une hartan indarrean zen araudiaren arabera, baimendutzat joko da eguzki panelen instalazioa, eta ez da beharrezkoa izanen aurretiazko baimenik izapidetzea.

2. Instalazioak planteatzeko eraikinek legezkoak izan beharko dute, edo haien garaian indarrean zen legediaren arabera ezarriak. Hala ez bada, haietan jarduketa berri bat egiteko eskaerak bildu beharko du, orobat, legeztatzea lehendik dauden erabilerak eta jarduketak eta eraikuntzak.

3. Baimentzen da eguzki panelak jartzea, honako baldintza hauek betez gero:

a) Ez dira jartzen ahalko ez fatxadetan, ez balkoietan ez begiratoki eta antzekoetan.

Eguzki-energia fotovoltaikoa biltzeko panelak fatxadetan bakarrik jartzen ahalko dira, fatxaden inklinazio berarekin eta haien plano bertikaletik atera gabe, baoen osaerarekin eta eraikinaren gainerakoarekin harmonizatuta, betiere proiektuan eraikinaren estetikan behar bezala integratzea bermatuko duen eraikuntzako konponbidea aurreikusten bada. Berariaz debekatuta egonen da edozein motatako kanalizazioak fatxadetatik ikusteko moduan igarotzea.

b) Baimenduta dago estalki lauen edo zabaltzen gainean paratzea, eta ez dago mugarik azalerari nahiz orientazioari dagokionez.

4. Estalki inklinatuetan, estalkiaren planoetan bermaturik jartzen ahal dira, eta panelen orientazioak aldatzen ahal dira eguzkia hobeki aprobetxatzeko, non eta ez duten gainditzen 0,60 metroko garaiera inongo tokitan, isurialdeko planoarekiko zut neurtuta. Okupatutako azalera gutxienez 1 metro bereiziko da isurkiaren perimetrotik, fatxadatik, mehelinetik, ertzetik edo gailurretik. Okupazio handiena bai ezarritako gehieneko potentziak bai energia elektrikoaren autokontsumorako baldintza administratibo, tekniko eta ekonomikoei jarraikiz ezarriko da, zerbitzu teknikoek aldez aurretik baloratu ondoren.

5. Ezohiko neurri gisa, eraikinetan konfigurazio edo kokapen bereziak dituzten eguzki panelak jartzeko aukera proposatzen ahalko da, eta beharrezkoa izanen da horiek eraikin multzoaren arkitekturan behar bezala integratuta geratzea. Hirigintza Zerbitzuak eta Udalaren osoko bilkurak baloratu beharko ditu proposamen horiek.

12. artikulua. Sare elektrikoarekin konektatzeko linea elektrikoak.

1. Instalazio fotovoltaikoak linea elektriko bat eraikitzeko beharra badakar, energia sare orokorrarekin lotzeko punturaino garraiatzearren, beharrezkoa izanen da tramitatzea linearen ingurumen ukipenetarako baimenaren espedientea (93/2006 Foru Dekretua, onesten duena Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko 4/2005 Foru Legea garatzeko erregelamendua). Hura baimendu arte ez da panel fotovoltaikoak jartzeko lizentzia ematen ahalko.

IV. KAPITULUA

Tramitazioa

13. artikulua. Erantzukizunpeko adierazpenari eta lizentzia eskatzeari buruzko araubidea.

1. Ordenantza honetan arautzen den instalazio bat ezartzeko, handitzeko edo legeztatzeko, Burgiko Udalari obra-lizentzia eskatu beharko zaio, edo, indarreko araudiari jarraikiz, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu; behar diren agiriak ere aurkeztuko dira horretarako.

2. Lanak direla-eta hala egin behar izanez gero (10 kilowattetik gorako potentzia duten instalazioak), teknikari eskudunak sinatutako eta dagokion elkargo profesionalak ikus-onetsitako proiektua aurkeztu beharko da, Etxegintzaren Antolamenduari buruzko Legean xedatuari jarraikiz.

3. Proiektu bat aurkeztea beharrezkoa ez denean, memoria teknikoa aurkeztu beharko da (10 kilowatteko edo gutxiagoko potentzia duten instalazioak), obra-lizentziaren eskabidearekin edota erantzukizunpeko adierazpenarekin batera, izapidetze sinplifikatuaren kasuetan. Memoria horretan instalazioaren ezaugarri zehatzak agertu beharko dira: kokapena eta antolaketa, dimentsioak eta hartutako azalera, potentzia, elementuak, etab. Horien deskribapen nahikoa, krokisak edo planoak eta aurrekontu xehatua barne hartu beharko ditu memoriak.

4. Instalazioak jarri nahi direnean eraikinen estalkietan, teknikari eskudunak sinatutako txosten teknikoa aurkeztu beharko da. Hartan frogatu beharko da instalazioa jasoko duen egitura gai izanen dela eusteko estalkiaren gainean jarriko den pisu gehigarriari.

5. Udal lizentzia eman aurretik, beharrezkoak diren baimenak izapidetuko dira, Burgiko Udal Plan Orokorrean eta gainerako araudi aplikagarrian aurreikusitako betebehar partikularren arabera.

6. Nolanahi ere, lizentziak kasu guztietan emanen dira, jabetza eskubidea izan ezik, eta hirugarrenei kalterik eragin gabe. Hala, eskatzailea izanen da lanek Udalaren hirigintza eskumenetatik kanpo eragin dituen ondorio guztien erantzulea.

14. artikulua. Ikuskapena, kontrola eta zehapena.

Erantzukizunpeko adierazpen araubideak ez ditu ez salbuesten ez baldintzatzen Burgiko Udalak legediaren, planeamenduaren edo erantzukizunpeko adierazpenaren beraren araberakoak ez diren obrei buruz dauzkan ikuskatze, kontrol eta zehapen ahalmenak.

Burgiko Udalak bere udalerriko eguzki instalazioen funtzionamendu ona zainduko du, eta ikuskapenak egiten edo dokumentuak eskatzen ahalko ditu, instalazioa egoera onean dagoela eta ongi funtzionatzen duela bermatzeko

Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuan eta aplikatzekoa den araudi sektorialean jasotakoaren arabera, Burgiko Udalak ikuskapenak egin eta zehapenak ezartzen ahalko ditu ordenantza hau betetzen ez bada.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Lehena.– Ordenantza honetan arauturiko gaiei eragiten dieten maila handiagoko arauak egin eta indarrean jartzen badira etorkizunean, automatikoki aplikatuko dira arau horiek, baztertu gabe ordenantza geroago egokitzea behar den orotan. Eraikingintzaren Kode Teknikoan (EKT) eta haren oinarrizko dokumentuetan, Eraikinetako Instalazio Termikoen Erregelamenduan (RITE) edo nahitaez bete beharreko beste edozein arauditan –hala Espainiakoetan nola Nafarroako Foru Komunitatekoetan– aldaketaren bat eginez gero, ordenantza honi eragiten diona, ukitutako artikuluak eguneratu beharko dira, araudi horretara egokitu daitezen.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honen indarraldia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hasiko da.

Iragarkiaren kodea: L2308889