133. ALDIZKARIA - 2023ko ekainaren 26a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TORRES DEL RÍO

Udal ordenantza, ibilgailuen trafikoa eta zirkulazioa arautzen dituena. Behin betiko onespena

Torres del Ríoko Udalak, 2023ko martxoaren 27an egindako osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Torres del Ríoko trafikoa eta zirkulazioa arautzen duen udal ordenantza.

Onespenaren erabakia 2023ko 78. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 18an.

Jendaurreko epea inolako erreklamazio, kexa edo oharrik jaso gabe iragan denez, behin betikoz onetsita gelditu da aipatu ordenantza, ondoren ematen baita; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak eman dion idazketaren arabera.

Torres del Ríon, 2023ko ekainaren 1ean.–Alkatea, Juan Luis Pérez Leuza.

TORRES DEL RÍOKO TRAFIKOA ETA ZIRKULAZIOA ARAUTZEN DUEN UDAL ORDENANTZA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea trafikoa antolatu, kontrolatu eta arautzea da udalerri honetako herri barruko bideetan; Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 25.2.b artikuluan ezarritako eskumenak garatzen dira horretarako, bai eta Trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide segurtasunari buruzko Legearen testu artikulatua onetsi zuen urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 7. artikuluan ezarritako eskumenak ere.

Ordenantza honetako arauak bi hauetan xedatzen denaren osagarri dira: urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretu delakoa eta azaroaren 21eko 1428/2003 Errege Dekretua, zeinak onesten baitu Zirkulazioari buruzko Erregelamendu Orokorra, 339/1990 Legegintzako Errege Dekretu hori aplikatu eta garatzeko.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

Ordenantza honen xedapenak aplikatuko dira Torres del Ríoko udalerriko herri barruko bide guztietan, alegia, herrigunean diren udal titulartasuneko bide publiko guztietan.

3. artikulua. Trafikoaren antolamendua eta seinaleak.

Udalari dagokio herri barruko bideetako trafikoa antolatu eta seinaleak paratzea.

Seinaleak ezarriko dira bereziki udalerriko bide sarearen halako tarte batzuetan, edo orokorrean, herri osoan, azken kasu honetan seinaleak herriko sarrera guztietan paratuko direlarik.

Herri barruko bideetako seinaleak ezin dira ezarri, kendu, eraman, ezkutatu edo aldatu Udalak aldez aurretik baimena eman gabe. Orobat debeku da seinaleen edukia aldatzea edo haien gainean edo inguruan plakak, afixak, markak edo bestelako objektuak paratzea, baldin eta nahastea, ikuspena eta eraginkortasuna murriztea, erabiltzaileak itsutzea edo haien arreta galaraztea badakarte.

Debekatuta dago seinaleen gainean edo alboetan publizitatea paratzea.

Udalak berehala kenduko ditu behar bezala baimendu gabeko seinaleak edo indarrean dauden arauak betetzen ez dituztenak.

Bai Udalak, udal zerbitzuen bitartez, bai trafikoa zaintzeko ardura duten agintaritzaren agenteek, segurtasuna eta ordena publikoa begiratu beharrez, edota zirkulazioaren arintasuna bermatu beharrez, batzuetan aldatu ahalko dute zenbait lekutako antolamendua, leku horietan pertsona edo ibilgailuen kontzentrazio handiak suertatzen direnean, eta orobat larrialdiren bat gertatzen denean.

Horretarako, behin-behinekoz jarri edo kentzen ahal dira behar diren seinaleak, baita prebentzio neurriak hartu ere.

Alkatetzaren ebazpen bidez, oinezkoendako eremuak mugatzen ahalko dira ibilgailu motordunen zirkulazioa debekatuta.

Zirkulazioari trabarik ez egiteko eta haren arintasuna bermatzeko, murriztapenak edo mugak ezartzen ahalko zaizkie halako ibilgailu batzuei, halako bide batzuetan; ukitutako erabiltzaileendako bete beharrekoak izanen dira.

Bide batean zirkulazioa salbuespen gisa baino ez da itxiko, eta trafikoa arautzeko erantzukizuna duen tokiko agintaritzak berariaz baimendu beharko du.

Trafikoa zaintzeaz arduratutako agintaritzaren agenteen seinaleek beste edozein seinalek baino indar handiagoa izanen dute.

Ordenantza hau Foruzaingoari igorriko zaio, beharrezko neurriak har ditzaten hura bete dadin.

Torres del Ríoko udal-mugarteko bide publikoan ibilgailuak aparkatzeko tokia mugatua da. Hortaz, elkartasunez jokatzeko deia luzatzen da.

4. artikulua. Oztopoak eremu publikoan.

Debeku da oinezkoen edo ibilgailuen ohiko trafikoa eragotz dezakeen edozein oztopo bide publikoan paratzea (adibidez, debekatuta dago bide publikoan altzari partikularrak jartzea), salbu eta Udalak espresuki baimentzen badu, inguruabar bereziak biltzen direnean. Baimen horretan ezarriko dira bete behar diren baldintzak.

Bidean oztopoa paratu edo arriskua sortu dutenek ahalik lasterren kendu beharko dute eta neurriak hartuko dituzte bidearen erabiltzaileek ikus dezaten. Halaber, agintariei berehala emanen diete horren berri.

Udal zerbitzuek oztopoak kendu ahalko dituzte ondoko kasu hauetan:

–Bideen erabiltzaileendako arriskutsuak badira.

–Behar den baimenik erdietsi ez bada.

–Hura paratzea arrazoirik gabekoa gertatu bada.

–Baimendutako epea amaitu bada edo baimenean ezarritako baldintzak betetzen ez badira.

Oztopoak kentzeak eta seinale bereziak paratzeak eragindako gastuak interesdunen kontura izanen dira.

Udalak ezarriko du zein diren zamalanetarako gune horiek. Eremu horiek espresuki adieraziko dira dagozkien seinaleekin eta ordutegi-mugarekin.

Debeku da salgaiak galtzadan, bazterbidean eta oinezkoendako eremuetan uztea. Lanak, ahal delarik, eginen dira ibilgailuak galtzadaren bazterretik gertuen duen aldetik, eta behar diren baliabideak erabilita azkar burutu ahal izateko.

Udalak, horretarako zerbitzua duenean, ibilgailuak kenduko ditu baldin eta trabatzen badituzte zamalanetarako eremu gisa behar bezala baimendurik eta seinalaturik dauden eremuak.

5. artikulua. Aparkatzea.

Ibilgailuak aparkatzeko, arau hauek begiratu behar dira:

1. Ibilgailuak ilaran aparkatzen ahal dira, hau da, espaloiarekiko paraleloan; baterian, hots, espaloiarekiko perpendikularrean eta erdi-baterian, zeharka.

2. Aparkatzeko manera zehazten duen seinalerik ez bada, ilaran eginen da, non eta bidearen zabalerak bestela egiteko aukera eman eta trafikoa trabatzen ez den.

3. Zoladura seinalaturik duten aparkalekuetan, ibilgailuak perimetro markatuaren barnean utziko dira.

4. Ibilgailuak aparkatzean, espaloitik ahal den hurbilena paratuko dira, baina tartetxo bat utziz, galtzadaren zati hori ere garbitu ahal izateko.

5. Nolanahi ere, gidariek beren ibilgailuak aparkatu beharko dituzte berez ez abiatzeko moduan.

6. Gehienez ere bi ibilgailu lerro eduki eta zirkulazioa norabide bakarrekoa duten karriketan, ibilgailuak kalearen alde batean bakarrik aparkatuko dira, udal agintaritzak zehaztutako aldean.

6. artikulua. Aparkatzeko debekuak.

Debeku da arras baldintza hauetan aparkatzea:

1. Udalak espresuki marra horiz margoturiko, edo loreontziak edo antzekoak jarritako lekuetan.

2. Behar den seinaleak debekatzen duen tokietan.

3. Zirkulazioa trabatzen edo oztopatzen den tokietan.

4. Beste gidariak erregelamenduaren aurkako maniobrak egitera behartzen direnean.

5. Bigarren lerroan, lehenbiziko lerroan ibilgailua nahiz edukiontzia dagoenean, baita beste objekturen bat edo babeseko beste elementuren bat dagoenean ere.

6. Galtzadaren zabaleragatik ibilgailu-lerro bat pasatzea ezinezkoa egiten denean.

7. Kaleburuetan, beste ibilgailuren bati biratzea eragozten edo trabatzen zaionean.

8. Erregelamenduaren arabera aparkatutako beste ibilgailuei aterabidea oztopatzen zaienean.

9. Oinezkoen pasabide diren galtzada pusketan.

10. Espaloietan, kaietan, babestokietan, erdiko nahiz alboetako pasealekuetan eta galtzadan zerrendak paratuz seinalatutako aldeetan, okupazioa partziala nahiz osoa izan.

11. Debeku da ibilgailuak motorra martxan dutela etxebizitzetatik gertu aparkatzea.

12. Soilik baimenduko da aparkatzea Valeriano Ordóñez plazan, Kale Nagusiaren 5.ean eta Oriente kalearen 1.ean dauden saltokoetarako zamalanak egiteko hornitzaileek.

13. Aldi batez jarduera baimenduek okupatu beharreko aldeetan, eta konpondu, seinalatu edo garbitu behar diren tokietan.

14. Erabat debekatuta dago Donejakue Bidea ibilbideak herrigunean duen zatian aparkatzea. Ibilbide horretan, honako kale hauetako tarte seinaleztatuak sartuko dira: Jesús Ordóñez kalea, Oriente kalea, Valeriano Ordóñez plaza, La Carrera kalea, Kale Nagusia.

15. Elkarbizitza hobea izateko, egunero erabiltzen ez diren ibilgailuak horretarako egokituriko eremuetan aparkatu daitezela eskatzen da: Carretera kalean eta San Andrés kalean.

Kasu horietan debekua behar bezala eta aski garaiz seinalaturik egonen da.

7. artikulua. Abiadura mugak.

Torres del Ríoko herrigunean, gehieneko abiadura 30 kilometro/ordua da.

Errei bakar batetik ibili beharreko kaleetan eta oinezkoen kopurua handia den guztietan, ibilgailuek 20 kilometro/ordura murriztuko dute abiadura. Kale horietan lehentasuna izanen dute oinezkoek eta txirrindulariek.

8. artikulua. Zirkulazioa mugatzea.

Salgai gogaikarri, kaltegarri, osasungaitz edo arriskutsuak garraiatzen dituzten ibilgailuek edo baimendutako gehieneko neurriak gainditzen dituzten ibilgailuek, gaia arautzen duten berariazko arauak betetzeaz gain, udalaren baimena beharko dute herrigunean salbuespenez zirkulatzeko. Hartan, behar diren baldintzak ezarriko dira. Debeku da arras ibilgailu horiek herrigunearen barnean aparkatzea, berariaz baimendutako kasuetan izan ezik.

Nekazaritzako ibilgailuei dagokienez (traktoreak eta uzta biltzeko makinak), herrigunearen kanpoko mugatik zirkulatzea gomendatzen da.

9. artikulua. Ibilgailu abandonatuak.

Ibilgailu bat abandonatuta dagoela jotzen da gertatzen badira Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bategina onesten duen urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 106. artikuluan aurreikusitako kasuak. Horrelakoetan, Udalak ahalmena du ibilgailuari hondakin tratamendua emateko, eta ibilgailuak tratatzeko zentro baimendu batera eramatea agintzen ahal du, gero suntsitu eta deskontaminatzeko. Hona hemen kasu horiek:

a) Administrazioak ibilgailua ibilgetu edo eremu publikotik kendu eta altxatu duenetik bi hilabete baino gehiago iragan direnean eta haren titularrak alegaziorik egin ez duenean.

b) Leku berean hilabete baino gehiago aparkaturik gelditzen denean eta berez mugitzea ezinezko egiten duten hondaketak dituenean edo matrikula plakak falta dituenean.

c) Toki pribatu batean matxura edo istripu baten ondorioz ibilgailu bat jaso ondoren, haren titularrak bi hilabeteko epean hartu ez duenean. Kasu horretan, toki edo esparru horren jabeak edo arduradunak Probintziako Trafiko Buruzagitzari baimena eskatuko dio ibilgailuari hondakin tratamendua emateko. Horretarako, aurkeztu beharko du ibilgailuaren titularrari ibilgailua bere esparrutik kentzeko eskatu diola egiaztatzen duen dokumentazioa.

Ibilgailua eramateko agindua eman aurretik, Udalak ibilgailuaren titularrari eskatuko dio, eta ohartaraziko, hilabeteko epean hori egin ezean tratatzeko zentro baimendura eramanen dela.

10. artikulua. Beste arau batzuk.

1. Ibilgailuek debeku dute asotsa egitea, seinale akustikoak desegokiro erabiliz edo tupustean azeleratuz, baita ihes hodiak trukatuz, musika ekipoak oso ozen jarriz edo bestelako ezohiko inguruabarren ondorioz. Ibilgailu batek gehiegizko asotsa edo kea ateratzen badu, tokiko agintariek eskatzen ahalko diote gidariari matxura konpontzeko. Horrela egin ezean, agintaritzak ibilgetzen ahalko du ibilgailua, eta dagokion salaketa aurkezten ahalko.

2. Debeku da zirkulatzea ibilgailuaren motorrari bira gehiegi eginaraziz, zakarki azeleratuz edo gehiegizko zarata sortuz, batez ere gauean.

3. Debeku da herrigunean seinale akustikoak erabiltzea, arrisku nabaria edo behar larria ez bada.

4. Eguzkia sartzen denetik atera arteko orduetan, eta ikuspen bereziko egoeretan, argi laburrak piztuko dira; argi luzeak ez dira inola ere erabiliko herrigunean. Ibilgetu eginen dira ibilgailuak baldin eta dagozkien argiak eduki ez eta bidearen gainerako erabiltzaileendako arriskua badira. Herri barruko bideetan zirkulatzen diren motozikletek argi laburrak pizturik eraman behar dituzte egun osoan.

5. Debeku da suteak, zikinkeria eta zirkulaziorako arriskua eragin dezaketen edo bideak edo ingurumena honda dezaketen gauzak edo likidoak bidera botatzea.

6. Galtzada gaizki baldin badago, obrak, eguraldia edo beste zerbait dela eta, gidariek kasu eman beharko dute, istripurik eta oinezkoendako eragozpenik gerta ez dadin.

7. Debeku da gidatu bitartean telefonoak edo komunikatzeko antzeko bitartekoak erabiltzea, hauek "eskuak libre" izeneko gailua dutenetakoak ez badira, behintzat. Ibilgailua gidatzean, hotsa hartu edo berriro sortzen duen aparaturen bati loturiko kasko edo aurikularrak jarrita edukitzea ere debeku da.

8. Zehapena jarriko da ibilgailuak Torres del Ríoko bide publikoan edo edozein ibai, erreka edo iturriren ondoan garbituz gero.

9. Zehapena jarriko da, halaber, ibilgailuak bide publikoan konpontzen badira, olioa aldatzen bada edo ingurumenean kalteak eragin ditzakeen edo gainerako bizilagunei eragozpenak sortzen dizkien beste edozein ekintza egiten bada.

11. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Zehapenak ezartzeko eskumena Torres del Ríoko Udaleko alkateak izanen du.

Ordenantza honetan ezarritakoaren aurkako arau-hausteen tipifikazioa, zehapenen zenbatekoa eta zehapen prozedura izanen dira arautzen direnak Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bategina onetsi zuen urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuan, eta, horretan aurreikusirik ez dagoen orotan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legea aplikatuko da.

Arau-hauste arina izanen da ordenantza honetan xedatua ez betetzea, trafikoari buruzko araudian edo aplikatzekoa den beste araudi batean arau-hauste astunen edo oso astunen kalifikazioa ez baldin badu.

Ordenantza honetan ezarritako edozein neurriren aurkako lehenengo arau-hausteagatik 90 euroko isuna ezarriko dute agintaritzaren agenteek. Arau-hauste bera berriz egiteagatik lehenengo arau-hausterako ezarritako zenbatekoa bikoiztuko da.

Aurretik xedatutakoari kalterik egin gabe, zehapenak ezartzeko orduan, kontuan hartu beharko dira alderdi hauek:

a) Urriaren 30eko 6/2015 Errege Dekretuaren 77. artikuluko c) eta d) letretan jasotako arau-hausteetan 1.000 euroko isuna ezarriko da. Erregelamendu bidez ezarritako alkohol tasak gaindituta gidatzearen kasuetan, baimendutako alkohol tasa gainditzeagatik aurreko urtean jada zehatutako gidariari soilik aplikatuko zaio zehapen hau, bai eta baimendutako tasaren bikoitzarekin zirkulatzen ari den gidariari ere.

b) Urriaren 30eko 6/2015 Errege Dekretuaren 77. artikuluko j) letran ezarritako arau-hausteagatiko isuna eragin zuen arau-hausterako aurreikusitakoaren bikoitza izanen da, arau-haustea arina bada, eta hirukoitza, arau-haustea astuna edo oso astuna bada.

c) Urriaren 30eko 6/2015 Errege Dekretuaren 77. artikuluko h) letran jasotako arau-hausteari 6.000 euroko isuna ezarriko zaio.

d) Urriaren 30eko 6/2015 Errege Dekretuaren 77 artikuluko n), ñ), o), p), q), r), s) eta t) letretan jasotako arau-hausteak 3.000 eta 20.000 euro arteko isunarekin zehatuko dira.

Salaketa jakinarazi ondoko hogei egun naturalean %50 merkeago ordaintzen ahalko dira ordenantza honetako arau-hausteen ondoriozko isunak. Isuna %50 merkeago ordaintzen bada, uko eginen zaio alegaziorik aurkezteari, eta berariazko ebazpenik eman behar izan gabe bukatzen ahal da prozedura. Nolanahi ere, gainerako kasuetan dagozkion errekurtsoak aurkezten ahal dira.

Zehapen espediente bidez emandako ebazpenekin burutuko da bide administratiboa, eta horiek aurkaratu ahalko dira indarrean dagoen legeriak ezarritako moduetan.

AZKEN XEDAPENA

Lehena.–Ordenantza hau igorriko da Nafarroako Gobernuko Barne Kontseilaritzara eta Lizarrako Foruzain etxera, jakinaren gainean egon daitezen eta ordenantza hau betearaz dezaten.

Bigarrena.–Ordenantza honek indarra hartuko du bere testua Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan aurreikusitako epea iraganik.

Iragarkiaren kodea: L2308672