133. ALDIZKARIA - 2023ko ekainaren 26a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ZANGOZA

Servicios Deportivos de Sangüesa-Zangozako Kirol Zerbitzuak SL enpresa entitate instrumental izendatzea eta hari kudeaketa-esleipen bat egitea

Zangozako Udalak, 2023ko otsailaren 23an egin ohiko osoko bilkuran, xedapen zatian honako hau dioen erabakia hartu zuen:

1.–Servicios Deportivos de Sangüesa-Zangozako Kirol Zerbitzuak SL enpresa izendatzea Zangozako Udaleko entitate instrumental, Nafarroako Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legearen 8. artikuluan ezarritakoaren arabera. Enpresaren estatutuetako helburu sozialean adierazitako prestazioak dira eginen zaizkion kudeaketa-esleipenen muga-barrua.

2.–Cantolagua kirolguneko udal kirol-instalazioen zerbitzu publikoaren kudeaketa esleitzea Servicios Deportivos de Sangüesa-Zangozako Kirol Zerbitzuak SLri, jarraian adierazitako baldintzei jarraikiz. Merkataritza-sozietate hori udal-kapitalaz eratua dago guztiz, eta administrazio honen bitarteko propio eta zerbitzu tekniko gisa.

–Kirol instalazio hauek jendea kirolean, kulturan, aisian eta jostetan ari zedin eraiki ziren; beraz, kirol instalazioen kudeaketa esaten denean enpresak xede horiek betetzeko behar diren lan guztiak bere gain hartuko dituela ulertuko da.

–Zehazki, Zangozako Udalaren Cantolagua kirolguneko udal kirol-instalazioen kudeaketa Servicios Deportivos de Sangüesa-Zangozako Kirol Zerbitzuak SL enpresari dagokiola diogunean, sozietate horrek jarraian adierazitako jarduerak beteko dituela ulertu behar da, bat bera ere baztertu gabe:

  • Udal kirol-instalazioetan antolatu eta gauzatzen diren kirol jarduerak kudeatzea, honako hauek izan ezik:
    • Instalazioetan gauzatzen diren Udalaren kirol eskola eta kirol kluben jarduerak; hasiera batean, horiek zuzenean Udalak kudeatuko ditu Kiroleko Informazio Batzordearen bidez.
    • Udalak zuzenean kudeatzea erabakitzen duen unean uneko beste kirol jarduera edo ikuskizun ez periodikoak.
  • Administrazio lana: erabiltzaileen eta maizen egiten dituzten jardueren eta kirolen erregistroa, zenbatekoak, erabiltzeko ordutegiak, etab.
  • Instalazioak mantentzea.
  • Halako jarduera batzuetan egiten diren lehiaketen publizitatea.
  • Urteko programak gauzatzeko instalazioen kudeaketarako konexioa eta koordinazioa Kirol Zinegotzitzarekin eta kirol arloan eskuduntza duen Udaleko gobernu-organoarekin.
  • Jarduera bakoitzaren ardura duten langileak hautatzea.
  • Hala badagokio, espezializatutako kirol-enpresak kontratatzea.
  • Komenigarritzat jotzen diren beste batzuk.

–Servicios Deportivos de Sangüesa-Zangozako Kirol Zerbitzuak SL beharturik egonen da kudeaketa-esleipen honen bidez manatzen zaizkion jarduera eta zerbitzuak egiteko behar diren giza baliabide eta baliabide material eta teknikoak jartzera, ekonomia, efizientzia eta kalitate irizpideei jarraikiz. Alde horretatik, Servicios Deportivos de Sangüesa-Zangozako Kirol Zerbitzuak SLk enpresaburu izaera izanen du, ondorio guztietarako, bere ardurapean dauden langileen aldera; horien gain, zuzendaritza, kontrol eta diziplina ahalmenak izanen ditu. Gisa berean, nahitaez bete beharko ditu, erantzule bera baizik ez dela izanen, lan arloan, gizarte segurantzan eta laneko segurtasun eta higienean indarra duten xedapenak.

–Enpresak berak ez baditu, Servicios Deportivos de Sangüesa-Zangozako Kirol Zerbitzuak SLk kontratatuko ditu erabakitako zerbitzuak kudeatzeko behar diren baliabideak.

–Kudeaketa-esleipen honek bost urteko indarraldia izanen du, hori onartzen den egunetik hasita, eta besterik gabe luzatuko da urtez urte, alderdiren batek espresuki salatzen ez badu, gutxienez ere hitzarmenaren edo haren edozein luzapenen mugaeguna baino hilabete lehenago.

–Kudeaketa-esleipen hau suntsitzeko arrazoiak izanen dira alderdien adostasun idatziz adierazia, haren edukia betetzeko gerora etorritako ezina eta haietariko edozeinek haren klausulak ez betetzea. Osoko Bilkurak aginduari uko egin edo horretan atzera egiten ahalko du, Sozietatearen Administrazio Kontseiluari entzunaldia eman ondoren, indarreko araudian ezarri bezala.

–Esleipenak ondorioak izateko, aipatu sozietateak onartu beharko du, indarreko araudiak ezarri bezala.

–Agindutako jarduera garatzen den bitartean ager daitezkeen arazo guztiak Osoko Bilkurak ebatziko ditu, egokiak diren txosten teknikoak aztertu ondoren. Arazoak ebazteko hartzen diren erabakiek amaiera emanen diote administrazio bideari, eta horien aurka errekurtsoa jartzen ahalko da administrazioarekiko auzien jurisdikzioan.

3.–Alkatetzari ahalmena ematea erabaki hau betearazteko behar diren agiri guztiak sinatu eta formalizatzeko.

4.–Kudeaketa-esleipen hau onartzekotan, horren iragarkia argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

5.–Entitate instrumentalaren izaeraren berariazko izendapena Kontratazio Atarian argitaratzea, enkarguak zein arlotakoak izan daitezkeen ere adierazirik.

Zangozan, 2023ko ekainaren 14an.–Alkatea, Lucía Echegoyen Ojer.

Iragarkiaren kodea: L2309154