133. ALDIZKARIA - 2023ko ekainaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

45/2023 FORU AGINDUA, maiatzaren 23koa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana, "Memoria duten paisaiak" VI. argazkilaritza-lehiaketaren deialdia eta haren oinarriak onesten dituena eta 2.000 euroko gastua baimentzen duena.

Nafarroako Artxibo Garaikidearen Atalak, txosten batean, proposatzen du "Memoria duten paisaiak" VI. argazkilaritza-lehiaketaren deialdia egitea, Nafarroako kultur paisaiei buruz. Lanak aurkezteko epea 2023ko irailaren 4an amaituko da. Hori helburu, eskatzen da onets daitezela argazkilaritza-lehiaketaren oinarriak, zeinak argitaratuko baitira Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Kultura eta Kirol Departamentuaren web-orrian: www.culturanavarra.es/eu. Guztira, 2.000 euroko gastua ezartzen da: deialdiaren oinarrien arabera, kopuru horretatik 1.500 euro (BEZa barne) lau sari ordaintzeko dira, eta 500 euro (BEZa barne) epaimahaikideei ordaintzeko. Epaimahaikide horiek dira lanak ebaluatzeko izendatutakoak, deialdiaren oinarrietako 6. puntuan jasotakoarekin bat.

Sarituei ordaindu beharreko 1.500 euroko zenbateko hori (zenbateko horren ordainketak %19ko atxikipena izanen du, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren 42. xedapen gehigarrian xedatutakoa betez, sariak ordaintzeko) Nafarroako 2023ko Aurrekontu Orokorretako "Memoria duten paisaiak argazkilaritza-lehiaketako sariak" izeneko A21002 A2200 4809 332100 partidaren kargura ordainduko da.

Epaimahaia ordaintzeko 500 euroko zenbatekoa Nafarroako 2023ko Aurrekontu Orokorretako "Denetariko gastuak" izeneko A21002 A2200 2269 332100 partidaren kargura ordainduko da.

Horrenbestez, Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuak emandako eskudantziak erabiliz, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 52. artikuluan ezarritakoarekin bat,

AGINTZEN DUT:

1. Onestea deialdi hau eta haren oinarriak: "Memoria duten paisaiak" VI. argazkilaritza-lehiaketa, Nafarroako kultur paisaiei buruzkoa. Oinarriak foru agindu honen eranskinean daude.

2. Guztira, 2.000 euroko gastua baimentzea: 1.500 euro sariak ordaintzeko eta 500 euro epaimahaikideei pagatzeko. Diru kopuru horiek honela banatuko dira: 1.500 euro, "Memoria duten paisaiak argazkilaritza-lehiaketaren sariak" izeneko A21002 A2200 4809 332100 partidaren kargura, eta 500 euro, epaimahaikideei ordaintzeko, "Denetariko gastuak" izeneko A21002 A2200 2269 332100 partidaren kargura. 2023ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretakoak dira bi partida horiek.

3. Foru agindu hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Agiri horiek guztiak Kultura Zuzendaritza Nagusiaren webgunean (http://www.culturanavarra.es/eu) ere egonen dira eskuragai.

Iruñean, 2023ko maiatzaren 23an.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

ERANSKINA.–MEMORIA DUTEN PAISAIAK VI. ARGAZKILARITZA-LEHIAKETA

"Nafarroako kultur paisaiak"

Antolatzailea: Nafarroako Artxibo Garaikidea.

Europako Hitzarmenaren arabera, paisaiak laguntzen du tokian tokiko kulturak eratzen, eta Europako natura eta kultura ondarearen funtsezko elementuetako bat da, gizakien ongizatea sendotu eta identitate europarra finkatzen duena.

Biztanleek bere inguruneaz duten pertzepzioa, zentzumenezkoa (ikusmenekoa, entzumenekoa, usaimenekoa, ukimenekoa eta dastamenekoa) eta emozionala, eta haren dibertsitate eta berezitasun historiko eta kulturalak aintzat hartzea funtsezkoak dira biztanleen beraien identitatea errespetatzeko eta zaintzeko, bai eta banako nahiz gizarte gisa aberasteko ere.

Nafarroako Artxibo Garaikideak "Memoria duten paisaiak" izeneko proiektua berritu eta VI. argazkilaritza-lehiaketa antolatu du, aurten "Nafarroako kultur paisaiak" gaitzat hartuta, herritarrak irudiaren bidez sentsibilizatzeko XX. mendearen hasieratik gaur egun arte eginiko kultur eraikin, instalazio edo establezimenduek duten ondare balioaz, bai eta bertan bizi diren gizarteentzat idealizazioarekin edo balio sinbolikoarekin lotuta dauden paisaien balioaz ere.

OINARRIAK

1.–Gaia.

Aurkezten diren argazkiek lotura izan behar dute kultur arloko eraikin, eraikuntza edo instalazioekin, zehazki Nafarroako paisaiaren aldaketan parte hartzen edo hartu badute XX. mendetik gaur egun arte. Lotura izan dezakete, halaber, belaunaldiz belaunaldi transmititu diren eta oraindik bizirik dauden tradizio, erritu edo jardueren unibertsoari dagozkion paisaiekin.

2.–Lehiatzaileak.

18 urtetik gorakoek hartzen ahal dute parte.

Antolakuntzarekin zerikusia duten pertsonek ezin izanen dute parte hartu, ezta haien ahaideek ere.

Lehiakide bakoitzak gehienez ere hiru irudi aurkezten ahalko ditu: irudi original eta argitaragabeak.

3.–Aurkezpena.

Dokumentazioa gutun-azal itxian aurkeztuko da; gutun-azal bat lehiaketara aurkezten den argazki bakoitzeko. Hartan adieraziko da lehiaketara aurkezten den argazkiaren izenburua eta, gainera, bi gutun-azal izanen ditu barruan:

–1. gutun azala:

Kanpoko aldean, argazkiaren izenburua agertuko da bakar-bakarrik.

Barruan DIN A4 neurriko orri bat sartuko da, datu pertsonalak izanen dituena (izen-deiturak, NANa, jaioteguna, helbidea, helbide elektronikoa eta telefonoa); gainera, han adieraziko da lehiaketara aurkezten den irudia zer tokitan egina den (helbidea, herria...).

–2. gutun-azala:

Kanpoko aldean, argazkiaren izenburua agertuko da bakar-bakarrik.

Gutun-azalaren barruan, aurkezten den argazkia egonen da. Argazkiaren euskarriaren atzealdean, aukeratutako izenburua agertuko da, ez besterik.

Argazkia izengabea izanen da, eta ez da egonen gutun-azalaren barruan ez kanpoan argazkiaren egilea identifikatzen ahal duen inolako daturik, salbu eta izenburua bera.

Argazkiak honelakoak izanen dira: argazki-paperaren gainean dauden originalak; zuri-beltzekoak edo koloretakoak; 30 x 40 cm-ko neurria dutenak eta markorik gabeak.

Argazki bakoitza egonen da euskarri zurrun batean ezarrita (luma-kartoia edo horren antzekoa), zeinak 30 x 40 cm-ko neurria izanen baitu nahitaez.

4.–Epea.

Lanak aurkezteko epea 2023ko uztailaren 3tik irailaren 4ko 14:30ak artekoa izanen da.

5.–Non aurkeztu.

Lanak behar bezala babestuko dira, materialak kalterik izan ez dezan, eta aurrez aurre edo posta ziurtatuaren bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Artxibo Garaikideari zuzenduta (Superser eraikina; Zaragozako errep., 3. km, 3. solairua - 31191 Cordovilla, Galar). Ordutegia: astelehenetik ostiralera, 08:30etik 14:30 arte.

Antolakuntzak emanen du hartu izanaren agiri bat.

6.–Epaimahaia.

Entitate deitzaileak izendatuko du epaimahaia, eta hura osatuko dute argazkilaritzako bi profesionalek eta Nafarroako Gobernuko Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuko bi kidek. Aurkezten diren argazkiak baloratzean, irizpide hauek hartuko dira kontuan:

–Lehiaketaren helburuak betetzen diren.

–Argazkigintzako teknika.

–Konposizioaren originaltasuna.

–Paisaiaren ikuskera integrala (Paisaiaren Europako Hitzarmenean ezarritakoaren arabera).

7.–Sariak.

Epaimahaiak egindako balorazioaren arabera emanen dira sariak, eta haren erabakia apelaezina izanen da.

–Lehenik: 700 euro.

–Bigarrenik: 400 euro.

–Hirugarrenik: 200 euro.

–Paisaiaren ikuskera integrala hobekien islatzen duen argazkiarentzako akzesita: 200 euro.

Epaimahaiak eman gabe utz ditzake sari batzuk, edo guztiak, hala iruditzen bazaio.

Saritutako argazkiekin eta lehiaketara aurkeztutako argazki hautatu batzuekin erakusketa bat eginen da.

Epaimahaiaren erabakia Nafarroako Gobernuaren Kultura atarian (https://www.culturanavarra.es/eu) jakinaraziko dira, 2023ko irailaren 15ean, sariak noiz eta non emanen diren adierazita eta erakusketaren inaugurazioaren berri emanda.

Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren berrogeita bigarren xedapen gehigarrian xedatutakoaren arabera, sariei dagokien zenbatekoak %19ko atxikipena izanen du pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan.

8.–Obrak eta egile-eskubideak.

Parte-hartzaileen ardurapekoak izanen dira aurkezten diren obren egiletza eta originaltasuna; halaber, haien ardura izanen da ez egotea hirugarren pertsonen eskubiderik argazkien gainean.

Lehiaketa honetan esku hartzen dutelarik, parte-hartzaileek atxiki eginen dituzte aurkeztutako obren gaineko beren eskubideak. Sustapen ekintza guztietan adierazi eginen da nortzuk diren erabilitako argazkien egileak.

Nafarroako Artxibo Garaikideari baimena ematen zaio hautatutako argazkiak eta haien egileak argitaratzeko bere webguneetan, sare sozialetan eta proiektu hau zabaltzeko erabiltzen dituen bide guztietan.

Finalera iristen diren argazki guztiak sartuko dira Nafarroako Artxibo Garaikidearen funtsetan. Hautatzen ez diren argazkiak jaso ahalko dira Nafarroako Artxibo Garaikidearen egoitzan (Zaragozako errepidea, 3. km, 31191 Cordovilla, Nafarroa) astelehenetik ostiralera, 08:30etik 14:30era.

9.–Datu pertsonalen babesa.

Nafarroako Artxibo Garaikideak konpromisoa hartzen du bere eginkizunetan betetzeko datu pertsonalen babesari buruz indarra duen araudia; bereziki, apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua, Datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa; Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, eta gainerako xedapen osagarriak.

Abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren 11. artikuluan eta Datuak Babesteko Erregelamenduaren 13. artikuluan ezarritakoarekin bat, honako hau jakinarazten zaie lizitatzaileei:

–Lehiaketan parte hartzean eman dituzten datuak Nafarroako Artxibo Garaikideak hartuko dituela tratatzeko, haien parte-hartzea kudeatzeko eta etorkizunean ere parte-hartzailearekin komunikatzeko.

–Haien datu pertsonalak ez zaizkiela hirugarrenei lagako aldez aurretik horretarako berariazko baimenik eman gabe.

–Harremanetan jar daitezkeela Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko datuak babesteko ordezkariarekin, Nafarroako Gobernuko Datuak Babesteko Ordezkaritzaren bidez, zeina Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusiari atxikia baitago.

–Datu pertsonalak jakinaraztea legezko baldintza dela lehiaketan onartua izateko; egin ezean, kanpo geldituko direla.

–Tratatzeko bildu diren datu pertsonalei dagokienez, eskubidea dutela datuetan sartzeko, haiek zuzentzeko, deuseztatzeko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko; eta, horretarako, idatzizko eskaera zuzendu behar zaiola datuak tratatzeko arduradunari, arestian esandako helbidera, legeria indardunak ezarritako moduan.

–Datuak indarreko araudi administratiboak eskatzen duen arte gordeko direla.

–Datuak babesteari dagokionez, eskubidea dutela datuen babesari buruzko erreklamazioa egiteko Datuak Babesteko Bulegoan.

10.–Oharrak.

Lehiaketan parte hartzeak berekin dakar oinarri hauek osorik onartzea.

Argibide gehiago izateko

Nafarroako Artxibo Garaikidea.

Zaragozako errepidea, 3. km. 31191 Cordovilla (Nafarroa)

Telefonoa: 848429721

E-maila: archivo.contemporaneo@navarra.es.

Web-orria: acn.navarra.es.

Iragarkiaren kodea: F2308171