132. ALDIZKARIA - 2023ko ekainaren 23a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TORRES DEL RÍO

Udal ordenantza, arautzen duena desgaitasuna dutenei aparkatzeko txartelak ematea. Behin betiko onespena

Torres del Rioko Udalak, 2023ko martxoaren 27an egindako osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen udal ordenantza bat, arautzen dituena Torres del Rioko trafikoa eta zirkulazioa.

Onespenaren erabakia argitaratu zen 2023ko 78. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, apirilaren 18an.

Jendaurreko epea iragan denez inolako erreklamaziorik, kexarik edo oharrik jaso gabe, behin betiko onetsita gelditu da aipatutako ordenantza, ondoren ematen dena; hori dena, jarraikiz 6/1990 Foru Legearen 325.c) artikuluan xedatutakoari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea), maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak eman dion idazketaren arabera.

Torres del Rion, 2023ko ekainaren 1ean.–Alkatea, Juan Luis Pérez Leuza.

UDAL ORDENANTZA, ARAUTZEN DUENA DESGAITASUNA DUTENEI APARKATZEKO TXARTELAK EMATEA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da arautzea nola eman aparkatzeko txartelak desgaitasuna dutenei, aplikatzekoa den araudia betez. Horretarako beteko dira Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen 7.b) artikuluan ezarritako betebeharrak (legea onetsi zen martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez), eta jasoko da abenduaren 12ko 1056/2014 Errege Dekretuan aurreikusitakoa (haren bidez oinarrizko baldintzak arautu ziren desgaitasuna dutenei aparkatzeko txartelak emateko eta erabiltzeko).

2. artikulua. Titularrak.

Desgaitasuna dutenendako aparkatzeko txartelaren titularrak izan daitezke:

1.–Desgaitasuna edukirik honako egoera hauetako batean dauden pertsona fisikoak:

a) Mugikortasun murriztua izatea, jarraikiz abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuaren II. eranskinari (errege dekretu horrek hizpide du desgaitasun maila aitortu, onartu eta kalifikatzeko prozedura).

Aipatutako eranskinean jasotzen den baremoaren arabera, nahitaezkoa da A, B edo C apartatuetan deskribatutako egoeretako batean egotea, edo gutxienez 7 puntuko puntuaziora iristea gainerako apartatuetan (D, E, F, G eta H) izandako puntuen baturan.

b) Begirik hoberenean ikusmen-zolitasuna 0,1 edo gutxiago izatea leiar zuzentzaileekin, edo ikuseremua 10 gradutara edo gutxiagora murriztua.

Desgaitasun maila kalifikatzeko eta aitortzeko talde multiprofesionalek eman behar dute bi egoera horiei buruzko irizpena.

2.–Desgaitasuna dutenen taldeak garraiatzera soilik bideratutako ibilgailuen titularrak diren pertsona fisikoak eta juridikoak, baldin eta ematen badituzte autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasunari arreta egiteko gizarte zerbitzuak (gizarte-zerbitzu horiek aipatzen dira abenduaren 14ko 39/2006 Legean, zeina baita autonomia pertsonala sustatzekoa eta mendekotasun egoeran dauden pertsonei laguntzekoa), eta, orobat, ematen badituzte Desgaitasuna dutenen Eskubideei eta horien Gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren testu bateginean aipatzen diren gizarte zerbitzuak (testu bategin hori onetsi zuen azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuak).

3. artikulua. Erabiltzeko baldintzak.

Aparkatzeko txartela titularraren alde eta haren onurarako soilik emanen da, balia dezan joan-etorrietarako erabiltzen dituen ibilgailuetan. Pertsonala eta besterenezina da, eta erabiliko da, soil-soilik, baldin eta titularrak ibilgailua gidatzen badu, edo titularra ibilgailuan badaramate.

Aurreko artikuluko 2. apartatuko kasuan, txartel bakoitza matrikula zenbaki bati loturik egonen da, eta ibilgailu hori soilik erabiliko da mugikortasuna murrizturik duten pertsona taldeak garraiatzeko. Txartela baliozkoa izanen da, bakar-bakarrik, ibilgailuan halako pertsonak garraiatzen direnean egiazki.

Aparkatzeko txartela erabili ahal izateko, titularrak eutsi beharko die txartel hori jasotzeko beharrezkoak diren baldintzei.

4. artikulua. Balio epea.

Aparkatzeko txartelen balio epea 5 urtekoa izanen da.

Epe hori bukatu aurretik, txartela berritzeko eskatu beharko da. Txartela berritzeko, ezinbestekoa izanen da titularrak bete ditzala txartela jasotzeko eskatzen zitzaizkion baldintzak.

Txartela berritzeko eskabidea aurkeztearekin batera, aurretiaz emandako txartelaren balio epea luzatuko da prozedura ebatzi arte.

Eskabidea aurkezten bada azken txartelaren indarraldia bukatu eta ondoko laurogeita hamar egun naturalen barnean, indarrean segituko du aurreko txartel horrek, harik eta berritzeko prozedura ebatzi arte.

Baldin txartela jasotzeko eskubidea ematen duen desgaitasun mailaren balorazioa berrikusteko epea laburragoa bada artikulu honetan aipatutako balio epea baino, epe hori bat etorriko da desgaitasun maila berrikusteko falta den denbora tartearekin.

5. artikulua. Aparkatzeko behin-behineko txartela.

Arrazoi humanitarioak kontuan hartuz, salbuespen gisa, automobilak aparkatzeko behin-behineko txartelak ematen ahalko zaizkie mugikortasun murriztua duten bizilagunei, nahiz eta aipatutako mugikortasun murriztu hori ez izan ofizialki aitortua, larritasun handiko gaixotasunagatik edo muturreko patologiagatik, horrek berekin dakarrenean argi eta garbi nabarmen murriztea haien adinerako eta gainerako egoera pertsonaletarako normaltzat jotzen den bizi-itxaropena eta, orobat, denborarik ez dutenean aparkatzeko txartela ohiko bidetik izapidetzeko.

Osasun zerbitzu publikoek emandako ziurtagiriaren bidez frogatuko dira halako egoerak. Eskatzailearen bizilekuko osasun zerbitzu eskudunen ikuskaritzak balioztatu beharko du ziurtagiria.

Txartel hori 6 hilabeterako emanen da gehienez ere, eta urtebetera luzatzen ahalko da, gehienez, mantentzen baldin badira hura emateko hasiera batean eskatzen ziren baldintzak.

Txartel hori emateko, Udalak beharrezko jarduketak egiten ahalko ditu, eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko.

6. artikulua. Txartela emateko prozedura.

Txartela emateko, zein udalerritan dagoen erroldatuta, hango toki-erakundeari egin beharko dio eskaera, aldez aurretik, interesdunak berak edo haren legezko ordezkariak.

Hasierako eskaera horrek ez baditu betetzen eskaturiko baldintzak, interesdunari eskatuko zaio akatsa zuzen dezala edo nahitaezko agiriak aurkez ditzala, gehienez ere 10 egun balioduneko epean. Ohartaraziko zaio ezen, hala egiten ez badu, ulertuko dela eskaeran atzera egin duela, aginduzkoa den ebazpena eman ondoren; ebazpen hori eman beharko da urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako moduan (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).

Eskaerarekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

–Eskatzailearen izen-abizenak.

–Karnetaren neurriko bi argazki.

–NANa.

–Herrian erroldaturik egotearen ziurtagiria.

–Iraungitako txartela, txartela berritu nahi denean.

–Desgaitasuna duen pertsona fisikoak egiten badu eskaera: desgaitasuna eta mugikortasun murriztua ofizialki frogatzen dituen ziurtagiria, edo begirik onenean ikusmen-zuzenketarekin 0,1eko edo gutxiagoko ikusmen-zolitasuna duela edo 10 graduko edo gutxiagoko ikuseremua duela ofizialki frogatzen duen ziurtagiria, 2. artikuluko 1. apartatuan jasotako baldintzetan. Agiriok, desgaitasun maila kalifikatzeko eta aitortzeko talde multiprofesionalek eman beharko dituzte.

Dena den, txartela eman aurretik, Udalak beharrezkoa dela uste badu, Nafarroako Gobernuan arlo horretako departamentu eskudunari txosten bat eskatzen ahalko dio, frogatzen duena eskatzaileak biltzen dituela txartela eskuratzeko baldintzak, edo argibideak eskatzen ahalko dizkio eskatzaileak aurkeztutako dokumentazioaren gainean.

–Ordenantza honen 1. artikuluko 2. apartatuan aipatu bezala, pertsona fisiko edo juridikoek txartela eskatzen badute desgaitasuna dutenen taldeak garraiatzeko, dokumentazioa aurkeztu beharko dute, frogatzeko ematen dituztela mendekotasuna dutenei arreta emateko eta autonomia pertsonala sustatzeko gizarte zerbitzuak.

–Behin-behineko txartela eskatzen bada: osasun zerbitzu publikoetako mediku fakultatiboek emandako ziurtagiria, baliozkotu beharko duena eskatzailearen bizilekuan eskumena duten osasun zerbitzuetako ikuskaritzak.

Udalak eskaeraren gainean ebatziko du, eta ebazpen hori interesdunari jakinaraziko dio gehienez ere hiru hilabeteko epean, aparkatzeko txartela eskuratzeko eskaera behar den erregistroan sartzen denetik aurrera. Epe horretan berariazko ebazpenik ematen ez bada, eskaera onartutzat jo beharko da, galarazi gabe berariazko ebazpena emateko betebeharra; betiere, ebazpen horrek berretsiko du eskabidea ontzat eman dela.

Eskaerari uko egiten bazaio, ebazpena eman beharko da, eta hartan adierazi beharko da kasu bakoitzean zer inguruabar dagoen eta zein diren gertatutako egitateak eta aplikatu beharreko arauak.

Aparkatzeko txartela eman ondoren, jakinaraziko zaio Eskubide Sozialetako Departamentuaren datu-baseari, berak aparkatzeko txartela editatu eta eman dezan, ezarritako formatu homogeneo eta normalizatuan, hots, Eskubide Sozialetako kontseilariaren 52/2022 Foru Aginduaren I. eranskinean ezarritako formatuan (52/2022 Foru Agindua, martxoaren 7koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, arautzen duena desgaitasuna dutenendako aparkatzeko txartela, Foru Komunitatean).

7. artikulua. Txartelaren lurralde eremua.

Txartelak balioko du Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde eremuan, eta Europar Batasuneko estatuetan erabiltzen ahalko da, organo eskudunek ibilgailuen antolamendurako eta zirkulaziorako ezarritako baldintzetan.

8. artikulua. Titularren eskubideak eta erabilera mugak.

1.–Txartelaren titularrek ondoren aipatzen diren eskubideak izanen dituzte Estatu osoan, betiere txartela ibilgailuaren barnean ikusgai badago.

a) Bizilekutik edo lanpostutik hurbil aparkatzeko erreserba, aldez aurretik eskatzen bada, eta premia justifikatuz gero.

b) Desgaitasuna dutenendako gaitutako lekuetan aparkatzeko eskubidea.

c) Beharrezkoa duten denboran aparkatzeko eskubidea, aparkatzeko denbora mugatua duten eremuetan.

d) Zamalanetarako erreserbaturiko eremuetan gelditzeko eta aparkatzeko eskubidea, baldin oinezkoei nahiz trafikoari eragozpenik sortzen ez bazaie, eta agintaritzaren agenteek emandako aginduak betez.

e) Bidean nonahi gelditzea, justifikaturik badago eta ezinbestekoa den denbora tartean baino ez, eta eragozpenik sortzen ez bazaie ez oinezkoei ez trafikoari, eta betiere agintaritza-agenteek emandako aginduak betez.

f) Sartzea bertako bizilagunendako zirkulazioa mugaturik duten bideetan, eremuetan nahiz guneetan, baldin badoaz aipatutako eremu horren barnean dagoen toki batera.

2.–Aparkatzeko txartela edukitzeak ez du inoiz baimenik emanen honako hauetan aparkatzeko: oinezkoendako eremuetan, oinezkoendako pasabideetan, gelditzea debeku den lekuetan eta kasuetan, ibiak nahiz larrialdietarako irteerak oztopatzen dituzten lekuetan, segurtasun publikoagatik mugatutako eremuetan, eta zirkulazio erreiak txikiagotzen diren eremuetan.

9. artikulua. Titularren betebeharrak.

1.–Aparkatzeko txartelaren titularraren betebeharrak hauek dira:

a) Txartela behar bezala erabiltzea, aurreko artikuluan jasotako baldintzen arabera.

b) Aparkatzeko txartela ibilgailuaren aurreko panelean jartzea, edo aurreko haizetakoan, barnetik itsatsita. Betiere, agiria jatorrizkoa izanen da, eta egonen da kanpotik argi eta garbi ikusteko eta irakurtzeko moduan.

c) Bere burua identifikatzea, agintaritza-agente batek hala eskatzen badio.

d) Agintaritza-agenteei laguntzea, ahal den neurrian saiheste aldera sor daitezkeen trafiko arazoak, erabiltzen direnean aparkatzeko txartelak berekin dakartzan eskubideak.

e) Txartela eman duen erakundeari adieraztea aparkatzeko txartela emateko eskaturiko baldintzetan gertatutako edozein aldaketa, hala nola bizilekua aldatu izana, txartela hondatu edo galdu izana, edo lapurtu edo ostu izana (hala gertatu bada, behar den salaketa jarri beharko da).

f) Aparkatzeko txartel iraungia itzultzea, txartela berritzeko unean edo indarraldia bukatzen denean.

2.–Betebehar hauek betetzen ez badira, lege eta erregelamenduetan xedaturiko zehapenak ezartzeaz gain, aparkatzeko txartela 6 hilabeterako ken daiteke, eta betebehar horiek behin eta berriz betetzen ez badira, aparkatzeko txartela baliogabetu egin daiteke, horrek galarazi gabe ordenamendu juridikoan ezarritako zehapenak.

Txartela baliogabetu daiteke, halaber, baldin pertsona fisikoek nahiz juridikoek iruzur egiten badute aparkatzeko txartelarekin.

Espedientea izapidetu aurretik ere (izapidetzean interesdunei entzunaldia emanen zaie) baliogabetu daiteke txartela, edo aldi baterako kendu.

Txartela baliogabetzen bada, titularrak ezin izanen du berriz beste txartel bat eskatu urtebeteko epean.

Lehen xedapen iragankorra.–Ordenantza hau onetsi aurretik emandako aparkatzeko txartelak baliozkoak izanen dira harik eta txartela emateko jatorrizko agirian jasotzen den muga-egunera arte.

Azken xedapena.–Ordenantza hau indarrean jarriko da haren testua oso-osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutakoan, eta iragan ondoren ezarririk dagoen epea Estatuko edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioek erabil dezaten toki-erakundeen egintza edo erabakiak indargabetzeko duten eskumena.

Eskabide eredua (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L2308715