132. ALDIZKARIA - 2023ko ekainaren 23a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ELIZAGORRIA

Udal ordenantza, gizalegezko jokaeren sustapenari eta espazio publikoen babesari buruzkoa. Behin betiko onespena

Elizagorriko Udalak, 2023ko martxoaren 22an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Elizagorriko udal ordenantza, gizalegezko jokaeren sustapenari eta espazio publikoen babesari buruzkoa.

Onespenaren erabakia 2023ko 78. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, apirilaren 18an.

Jendaurreko epea inolako erreklamaziorik, kexarik edo oharrik jaso gabe iragan denez, behin betiko onetsita gelditu da aipatu ordenantza, ondoren ematen baita; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325.c) artikuluan xedatutakoari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak eman dion idazketaren arabera.

Elizagorrian, 2023ko maiatzaren 31n.–Alkatea, Máximo López Caro.

ELIZAGORRIKO UDAL ORDENANTZA, GIZALEGEZKO JOKAEREN SUSTAPENARI ETA ESPAZIO PUBLIKOEN BABESARI BURUZKOA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honek xede hauek ditu:

1. Gizalegezko kontzientzia eta jokaerak sustatzea, prebenituta herritarren bizikidetza trabatzen duten jarduketak. Erasoetatik, kalteetatik eta legez kontrako erabileretatik babestea ondasun eta espazio publikoak eta udalerriaren hirigintzako eta arkitektura ondarea osatzen duten instalazio eta elementu guztiak.

2. Ordenantza honetan arautzen diren babes neurriak dagozkie udal titulartasuna duten zerbitzuko edo erabilera publikoko ondasunei, hala nola kaleak, plazak, pasealekuak, parkeak eta lorategiak, aparkalekuak, iturriak eta urmaelak, eraikinak, museoak eta kultura zentroak, ikastetxeak, hilerriak, igerilekuak, kirolguneak eta haien instalazioak, estatuak eta eskulturak, bankuak, kale-argiak, oztopo-zutoinak, elementu apaingarriak, bide seinaleak, zuhaitzak eta landareak, edukiontziak eta paperontziak, hesiak, Udalaren ibilgailuak, eta gisa bereko edo antzeko gainerako ondasunak.

3. Halaber, eta apaintasun publikoari dagokionez, ordenantza honen babes neurrien xede dira beste administrazio publiko batzuen eta erakunde publiko edo pribatuen ondasunak eta instalazioak, baldin badira Elizagorriko udalerriko hiri altzarien parte, herritarrentzat badira edo baldin badira zerbitzu publiko bateko ekipamenduak, instalazioak edo elementuak, hala nola markesinak, garraioko elementuak, kale-argiak, estatuak, hesiak, kartelak, iragarkiak eta bestelako publizitate elementuak, trafikoko seinaleak, kioskoak, edukiontziak, terrazak eta beladoreak, eguzki-oihalak, jardinerak, objektuak ematen dituzten makina automatikoak eta antzeko gainerako ondasunak.

4. Gizalegezko balioen kontrako jarduketak zuzentzea, zehatzeko ahalaren bidez.

5. Bizikidetza arauak hausten dituztenen errehabilitazioa sustatzea.

2. artikulua. Udal eskumena eta aplikazio eremua.

1. Ordenantza honetan jasotzen diren udal eskumeneko babes neurriek ez dituzte deusetan ukatzen ukitutako ondasunen jabeen eskubideak, ahalmenak eta betebeharrak, ez eta beste administrazio publiko batzuen eskumenak ere.

2. Ordenantza honek arautzen ditu gizalegezko balioekin zerikusia duten herritarren jarduketak eta ez-egiteak; ez die eragiten, beraz, egungo antolamendu juridikoak ezarritakoa betetzeko egiten diren zerbitzu publikoen jarduerei.

3. Ordenantza hau Elizagorriko udal-mugarte guztian aplikatuko da.

II. TITULUA

Herritarren portaera

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

3. artikulua. Bizikidetzarako printzipioak.

1. Herritarrek beren arteko bizikidetza errespetatu behar dute, eta ondasunak eta zerbitzu publikoak erabili behar dituzte berezkoa duten helburuaren arabera, begiratuta gainerako herritarrek haiek erabiltzeko duten eskubidea. Horren ondorioz, debeku dira herritarren bizikidetza hausten, eragozpenak sortzen eta pertsonei lotsa galtzen dieten portaerak, ordenantza honetan ezarri bezala.

2. Herritarrek eskubidea dute herriko bide eta espazio publikoak libreki erabiltzeko, eta askatasun hori errespetatu behar zaie. Eskubide hori gizalegez erabiliko da, eta eskubide horren mugak izanen dira ondasun publikoen erabilerari buruzko xedapenek ezarritakoak eta gainerako pertsonak eta ondasun pribatuak errespetatu beharrak ezarritakoak.

3. Debeku da bizilagunen atsedena eragozten duen zaratarik egitea, baita gaueko iskanbiletan parte hartzea ere, edo gaueko aisiarako lokaletatik zalapartaka ateratzea.

4. Herritarrek ez dute bide publikoan eginen abusuzko ekintzarik, edo diskriminatzailerik, edo larderiazkorik, ez eta indarkeria fisikoa edo morala dakarrenik ere.

II. KAPITULUA

Ondasunak hondatzea

4. artikulua. Hondatzea eta kalteak eragitea.

Ezin izanen da jarduketarik egin ordenantza honek babesten dituen ondasunetan, baldin haien erabileraren edo helburuaren kontrakoa bada, haiek hondatzen baditu edo kalteak eragiten badizkie, edo haien estetika desitxuratzen badu, 1. artikuluan ezarritakoaren arabera.

5. artikulua. Pintadak eta grafismoak.

1. Debeku da pintadak, idazkiak, inskripzioak eta grafismoak egitea ordenantza honek babesten dituen ondasun publiko edo pribatuetako edozeinetan.

2. Aurreko apartatuan jasotako debekutik kanpo geldituko da horma-irudi artistikoak egitea, Udalaren baimena izanda, orubeetako hesi, obretako itxitura, mehelin edo antzekoetan.

Udalak aukerakoa du baimena ematea; hura ematen duenean, erantsiko da zer baldintza eta beharkizun beteko dituen jarduerak.

3. Erabilitako materialak edo tresnak kentzen edo gordetzen ahalko ditu udal agintaritza eskudunak, jarduerak Udalaren nahitaezko baimenik gabe egiten direnean.

4. Baldin pintadak egiten badira, edo paperak ezarri, kristalak marratu edo hautsi, kartelak itsatsi, edo kaltea dakarren beste edozer egiten bada eraikin publiko batean edo hiri altzarietako elementu batean, Udalak enpresa, erakunde edo pertsona erantzuleari egozten ahal dizkio bidezko kalte-ordainak eta garbitzearen, berria jartzearen edo lehengoratzeko lanen fakturen kostua. Horrez gain, dagokion zehapena ezarriko dio.

6. artikulua. Zuhaitzak.

Zuhaitzak babesteko neurri gisa, debeku dira honako hauek:

a) Kalte egitea edo tratu txarrak ematea.

b) Haietan edozein elementu itsastea edo lotzea, Udalaren baimenik gabe.

c) Hondakinak botatzea zuhaitz-txorkoan edo inguruan.

7. artikulua. Parke eta lorategi publikoak.

1. Herritarrek hiriko parkeak eta lorategiak errespetatu behar dituzte.

2. Ongi zaintzeko eta mantentzeko parkeetan, lorategietan, jardineretan eta bide edo espazio publikoetan landatutako landare-espezieak eta zuhaitzak, debeku dira honako ekintza hauek:

a) Loreak edo landareak ebatsi, errotik atera edo hondatzea eta, oro har, behar ez bezala erabiltzea parkeak edo lorategiak.

b) Soropila hondatzea eta horren gainean kanpatzea, salbu berariaz baimentzen diren parkeetako lekuetan.

c) Zuhaitzak moztu, kimatu edo apurtzea, eta ibilgailu motordunak eta ziklomotorrak erabiltzea plazetan –zirkulatzeko itxirik badaude–, parkeetan eta lorategietan.

d) Zuhaitz-azaletan grabatu edo pintatzea, puntapaxak sartzea, haiei lotzea eskailerak, tresnak, aldamio euskarriak eta abar, eta kartelak paratzea.

e) Zuhaitzen ondoan obra-materialak metatzea, aldi baterako bada ere, edo haien gainean edozein motatako produktu toxikoak isurtzea.

f) Berdeguneetan botatzea zaborrak, hondakinak, harriak, legarra edo beste edozein produktu, baldin haiei kalte egiten ahal badiete edo eraso egiten ahal badiete haien estetikari eta gustu onari.

g) Gorotzak uztea soropiletan eta lorategietan.

h) Sua egitea parke eta lorategietan.

3. Era berean, debeku da parkeen barnean egotea sartu eta ixteko ordutegi araututik kanpo, dauden seinaleek adierazitakoari kasurik ez egitea, edo desobeditzea gune zehatz batzuetara sartzeko aldi baterako edo behin betiko murrizketei.

8. artikulua. Paperontziak eta edukiontziak.

1. Debeku da bide edo espazio publikoetan dauden paperontziak edo edukiontziak erabiltzea halako moduz non kalteak eragiten diren, edo haien estetika desitxuratzen edo erabilera oztopatzen den. Bereziki debeku da haiek mugitzea, erauztea, erretzea, iraultzea edo haien edukia lurrera botatzea, inskripzioak egitea eta paperak edo eranskailuak itsastea.

2. Paperontzietara bota behar dira hondakin solido txikiak, hala nola zigarro-mutur itzaliak, azalak, txikleak, paperak, poltsak, bilgarriak eta gisakoak, eta birziklagarriak izanez gero, erabiliko dira bilketa sailkaturako bide publikoan paraturik dauden edukiontziak.

3. Debeku da paperontzietara material, tresna edo gauza arriskutsuak botatzea, hala nola animaliak eta animalien hondakinak, xiringak eta estupefazienteen kontsumorako tresnak, eritasunak kutsatu edo barreia ditzaketen arreta medikoko materialak, mota guztietako droga toxikoak, estupefazienteak eta gai kimikoak, erradiaktiboak, piroteknikoak edo leherkorrak, eta sutan dauden hondakin solido txikiak nahiz sutan dagoen beste edozein gai.

4. Debeku da bide publikoan uztea altzariak, aparatu elektrikoak, etxeko gauzak, eta tamaina handiko beste edozein objektu.

Mota horretako objektuak bota nahi dituzten bizilagunek telefonoz deitu beharko diete Emausko Trapuketariei. Elkarte horrek hitzarmen bat dauka Jurramendiko Mankomunitatearekin zeregin horietarako, eta hura arduratuko da hondakinok modu kontrolatuan biltzeaz. Bestela, zuzenean joaten ahalko dira Lizarrako puntu garbira, eta han utzi.

III. KAPITULUA

Herritarren jarduerak

9. artikulua. Ondasun, zerbitzu eta espazio publikoen erabilera arruntaren edo egokiaren aurkako jarduerak.

1. Bide edo espazio publikoek zer xede duten, horretarako erabiliko dituzte herritarrek, eta ezin izanen dute eragotzi oinezkoen edo ibilgailuen ohiko joan-etorria horretarako prestatutako tokietan, salbu legez ezarritako kasuetan eta horiei dagozkien baldintzetan.

Debeku da bide edo espazio publikoetan jarduerak egitea baldin berekin ekartzen ahal badizkiete kalteak pertsona edo ondasunei, edo eragozpen nabariak eragiten ahal badizkiete herritarrei, kontuan harturik kasu zehatz bakoitza eta inguruabarrak.

Debeku hori ez da aplikatuko aurretik baimena lortu denean edo aipatutako jarduerak egiten direnean berariaz prestaturiko tokietan edo berez haiek egiteko diren tokietan, ezarritako baldintzak betez.

2. Espazio publikoetan ezin da inolako elementurik instalatu edo jarri, Udalaren baimena izan ezean.

3. Debeku da zerbitzu publikoen erabilera desegokia dakarren portaera oro eta, bereziki, maltzurkeriaz eragitea larrialdi zerbitzuak mobiliza daitezela.

10. artikulua. Zaratak.

Herritar guztiak behartuta daude bizilagunen lasaitasuna eta atsedena errespetatzera eta bizikidetza normala asaldatuko duten zaratak sortzea saihestera, bai Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legean eta Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen abenduaren 16ko 1513/2005 Errege Dekretuan ezarritako baldintzetan, ingurune-zarataren maila ebaluatzeari eta kudeatzeari dagokionez, bai eta hiri-jokabideak sustatzeko ordenantza honek araututako honako berezitasun hauen arabera ere:

a) Oro har, ez dira baimenduko bizilagunei traba egiten dieten jarduerak, batez ere gauez.

11. artikulua. Hondarrak eta zaborrak.

1. Debeku dira erabilera publikoko bide eta espazioak zikin ditzaketen baimendu gabeko jarduera edo eragiketa guztiak –aipatutako tokien parte dira orubeak, itxi gabeko finkak, ibaiertzak eta ibaien ibilguak–. Batzuk aipatzearren, debeku da bide edo espazio horietan automobilak garbitzea, konpontzea edo olioztatzea, ezinbesteko kasua izan ezean; zigarro-muturrak, bilgarriak, txikleak eta hondakin solidoak edo likidoak botatzea; hautsontziak eta ontziak hustea; botilak haustea; zaborrak edukiontzi edo paperontzi hutsen ondoan uztea; eta gisako beste ekintza batzuk.

2. Herritarrak behartuta daude hiri hondakinak paperontzi eta edukiontzi egokietan botatzera.

Paperontzietan bota behar dira hondakin solido txikiak, hala nola zigarro-mutur itzaliak, azalak, txikleak (paper batean bilduak), paperak, poltsak, bilgarriak eta gisakoak, birziklagarriak izan ezean; azken kasu horretan, erabiliko dira bide publikoan bilketa sailkaturako diren edukiontziak.

Debeku da tresna edo objektu arriskutsuak paperontzi edo edukiontzietan sartzea (xiringak, bizar xaflak, osasun laguntzan erabilitako materialak, drogak, produktu kimikoak,...) bai eta zigarro-mutur piztuak edo sua duen beste edozer ere.

3. Espresuki debeku da uztea edo abandonatzea beirazko edozein objektu, osorik nahiz hautsirik, erabilera publikoko edozein espaziotan.

4. Debeku da paperontzi edo edukiontzietara botatako hondakinak atera eta barreiatzea.

5. Debeku da landareak baimenik gabe ureztatzea, baldin soberako ura eror badaiteke nolabait kaltetu daitezkeen etxebizitzetako objektu edo elementuen gainean edo kalteak eragiten ahal badizkiete bide publikoari edo haren erabiltzaileei.

6. Debeku da ibilgailuetatik hondakin mota oro botatzea, abian nahiz geldirik egon.

12. artikulua. Hondakin organikoak.

Debeku da bide publikoetan eta erabilera publikoko espazioetan kaka, pixa edo tu egitea.

13. artikulua. Animaliak.

1. Herritarrek behar bezala zaindu beharko dituzte etxeko animaliak, eta bereziki debeku da horiek abandonatzea.

2. Herritarrek lagun egiteko animaliak eramaten ahal dituzte berekin espazio publikoetan, baldin eta eramaten badituzte uhal edo kate batez loturik, edo legez ezarri bezala. (19/2019 Foru Legea, Animaliak babesteari buruzkoa).

3. Jabearen erantzukizun subsidiarioa ukatu gabe, animaliak daramatzaten pertsonek ez diete utziko kaka egin dezaten espaloi, kale, pasealeku, lorategi eta, oro har, oinezkoak iragateko edo aisia hartzeko edozein lekutan. Nolanahi ere, animalia daramanak gorozkiak bildu eta kendu beharko ditu, eta behar bezala bildu ondoan bide publikoan dauden edukiontzietara bota eta zikindutako gunea garbitzeaz arduratu.

4. Ezin izanen zaie tratu txarrik edo eraso fisikorik egin animaliei.

5. Zezen ikuskizunak direla eta (entzierroak, zezenketak), jarduera horietarako ohiko arauak aplikatuko dira.

6. Animaliak ez dira lorategi eta parkeetan bazkatuko.

14. artikulua. Merkataritza jarduerak.

1. Merkataritza, industria edo zerbitzu jarduera batek maiz inguruetan edo baimendutako lekuetan (terrazak eta gisakoak) zikinkeria sortzen duenean, establezimenduaren titularrak edo adjudikaziodunak bide publikoan ukitutako zatia garbi utzi beharko du, deusetan ukatu gabe neurri zuzentzaileak eta nahitaezko lizentziei aplika dakiekeen araubidetik ondorioztatzen diren gainerako betebeharrak.

2. Terrazak, beladoreak eta bide publikoko beste instalazio batzuk dituzten establezimenduen titularrek garbi utzi beharko dituzte okupatzen duten lekua zein ingurua, bai eta instalazioak berak ere.

Espazio eta ingurune horiek etengabe garbituko dira eta, betiere, establezimendua ixten denean.

Ezin izanen da inola ere baimendutakoa baino leku handiagoa okupatu, ez eta aldi baterako elementurik –ez finkorik, ez zoladurari loturik– erabili ere Udalaren baimenik gabe.

Udalak edozein elementu edo altzari ken dezake, bide publikoan baimenik gabe jarria bada, edo baimendutakoa baino leku handiagoa okupatzen badu; instalazioaren erantzuleari eskatuko zaio hura kentzeko gastua, deusetan ukatu gabe dagokion zehapena.

15. artikulua. Diru-bilketak.

Ezin izanen da eskean ibili, horrek herritarren lasaitasuna trabatzen badu edo beste pertsona batzuen legezko eskubideak erabiltzea eragozten badu.

Administrazioak diru-bilketarako eskean ibiltzeko baimena ematen ahalko du interes humanitarioko edo sozialeko kasuetan.

16. artikulua. Establezimendu publikoak.

Establezimendu publikoen jabeak edo titularrak, beste xedapen batzuk errespetatzeaz gain, saiatuko dira eragozten bezeroen gizalegerik gabeko ekintzak edo ekintza gogaikarriak, lokaletan sartzean zein haietatik ateratzean.

17. artikulua. Ekitaldi publikoak.

1. Ekitaldi publikoen ondorioz zikinkeria sortzen bada edo kalte egiten bazaie hiri edo arkitektura elementuei, erantzuleak izanen dira antolatzaileak, eta administrazioak behartzen ahalko ditu erabili edo hondatzen diren ondasunak lehengoratzera.

2. Udalak fidantza eratzeko eskatzen ahalko die antolatzaileei, eta hala bermatuko da behar den erantzukizuna, garbiketa eta ingurumen lanengatik nahiz ekitaldiak ekar ditzakeen bestelako kalte-galerengatik. Kasuan kasuko espazio publikoa behar bezala geldituz gero, fidantza itzuliko zaie. Hala ez bada, hartatik kenduko da aparteko lanen zenbatekoa.

3. Betiere, ekitaldi publikoen antolatzaileek egin beharko dute kalteak bermatzeko erantzukizun zibileko aseguru-kontratu bat, ekitaldiaren izaera kontuan hartuta.

18. artikulua. Lurrak, obra-hondakinak edo bestelako materialak garraiatzea.

1. Lurrak, ikatza, obra-hondakinak, erregaia, hormigoia, hautsak, kartoiak, paperak edo, isuriz gero, eremu publikoa zikintzen duten, eta, hortaz, hirugarrenei kalteak sor diezazkieketen bestelako materialak garraiatzen dituzten ibilgailuen jabeek eta gidariek hertsiki beteko dute Zirkulazioko Erregelamendu Orokorrean ezarritakoa, eta karga ez erortzeko moduan egokituko dute, horretarako behar diren neurriak hartuz.

2. Ibilgailuaren jabea eta gidaria izanen dira aurreko apartatuan xedatutakoa ez betetzearen arduradunak, eta isuritako materiala nahiz ukitutako bide publikoa garbitzera beharturik egonen dira, ezertan ukatu gabe legozkiekeen zehapenak.

3. Erregai fosilak erabiltzen dituen berogailua duten bizilagun-erkidegoek egoera egokian mantendu beharko dute erregaiaren biltontzia kamioiaren mahukarekin lotzen duen ahoa, erregaia isur ez dadin.

4. Istripua edo iraulketa gertatuz gero edo karga bide publikora isuri edo erorita bide segurtasunean arriskuak sortzeko aukera izanez gero, kasuan kasuko gidariek ahalik eta lasterren jakinarazi beharko diote udaltzaingoari, eta azken horrek udaleko garbiketa-zerbitzuari jakinaraziko dio.

5. Lurrak eta obra-hondakinak bildu, garraiatu eta isurtzeari dagokionez, Hondakin solidoen kudeaketa arautzen duen ordenantzan xedatutakoa beteko da.

19. artikulua. Eremu publikoko obrak.

1. Obra batek (esaterako, eraikuntzak egitea, zaharberritzea, berritzea edo eraistea) arrazoia edozein dela ere eremu publikoa ukitzen duenean, finkaren jabetzak eta, subsidiarioki, obrak egiten dituenak, kontrolatu beharko du ez dela zikinkeriarik sortzen, segurtasun eta prebentzio elementuak paratuz, lanek ukitutako eremutik kanpo zabal eta isur ez dadin materialik (adibidez, eraispenak, lurrak eta obretatik soberan gelditzen diren beste material batzuk), eta ez daitezen estolderiako hustubideak buxatu.

2. Beharrezkoa izanez gero, obran erabiltzen diren garraiorako ibilgailuek eremu publikoa zikintzen badute, ibilgailu horien gurpilak garbitzeko sistema bat instalatuko dute.

3. Bereziki, eremu publikoan egiten diren zanga, kanalizazio eta abarren lanen inguruak garbi eduki beharko dira beti, galtzadan eta, batez ere, espaloian inolako hondakinik ez dagoela, eremu publikoko erabiltzaileei arriskurik ez sortzeko.

4. 1. puntuan aipatu segurtasun neurriak hartu beharko dira obrak eremu publikoan egiten direnean (adibidez, seinaleak, hesiak, babeserako elementuak, zamalanetarako tutuak eta eraispenak), hura zikindu eta pertsona edo gauzei kalterik ez egiteko.

5. Hiri-hondakin Solidoen Bilketa, Garraio eta Tratamendurako Zerbitzua arautzen duen ordenantzan lurrak eta obra-hondakinak garraiatzeari eta isurtzeari buruz ezartzen diren aginduak beteko dituzte eraikuntza lanetarako ibilgailuek.

6. Eraikinak eraisteko eta hondakinak ateratzeko lanetan, behar adinako presioko urez baliatu beharko da, lan horiek sortzen duten hautsari eusteko.

IV. KAPITULUA

Garbiketaren antolaketa

20. artikulua. Kaleak, patioak eta jabetza partikularreko elementuak.

1. Partikularrek erakusleihoak, dendak, saltokiak, merkataritzako establezimenduak, patioak, atariak, higiezinetako eskailerak eta abar garbitzen dituztenean, saiatuko dira eremu publikoa ez zikintzen. Behar bezain maiz eginen da garbiketa, oinezkoei eragozpenik sortzen ez dien orduetan. Jardueraren titularra izanen da arduraduna.

2. Finken, etxebizitzen eta establezimenduen jabeak beharturik daude garbi mantentzera eremu publikotik ikusten diren higiezinetako parteak.

3. Artikulu honetako garbiketa lanetan sortzen diren hondakinak, zer hondakin klase diren kontuan hartuta, horretarako dauden edukiontzietan utziko dira, baita garbigunean ere, horretarako ezarritako orduetan.

4. Finketatik irteten badira zuhaitz, zuhaixka edo bestelako espezie apaingarriak, horien jabeek edo errentariek neurri egokiak hartu behar dituzte eremu publikora eror ez daitezen fruituak, adarrak edo hostoak.

5. Udalak, bere ahalmenak erabiliz, aurreko puntuetan aipatutako eremuen titular diren pertsona edo entitateei eskatzen ahalko die behar diren neurri edo ekintzak egin ditzaten, eskatzen diren garbitasuna, segurtasun baldintzak, osasungarritasuna, estetika eta mantentzea bermatzeko. Udalak neurri horiek subsidiarioki hartzen ahalko ditu, jabeek edo arduradunek hala egin ezean, eta neurrien kostuak haiei egotziz, alde batera utzi gabe arau-haustearen ondorioz ezartzen ahal diren zehapenak.

21. artikulua. Espaloi eta galtzaden garbiketa.

1. Jabeei dagokie beren kontura garbitzea jabari eta erabilera pribatuko urbanizazioetako espaloiak, pasabideak, galtzadak, plazak eta abar. Espaloien garbiketa, eraikinen fatxadei dagokien luzeran, okupatzaileen kargura izanen da eta, haien ordez, finka bakoitzaren jabeen kargura, bakoitzak okupatzen duen luzeran. Bestela, bizilagunek, beren artean adostutako sistemaren arabera, hartuko dute garbiketan bildutako zaborra, eta hiri-hondakin solidoak bildu, garraiatu eta tratatzeko zerbitzuak arautzen dituen ordenantzan ezarritako moduan pilatuko dute bilketa zerbitzuaren ibilgailua etorri arte. Ez badute hala egiten, Udala arduratuko da eta kontua pasatuko die, dagokien zehapena gorabehera.

2. Udalak aldez aurretik adierazten ahal du zein kaletan ezin den aparkatu, haien egoera dela-eta halako egunetan bete-beteko garbiketa egin behar delako. Horretarako, gaztiguak utziko ditu ibilgailuetan edo mugitzeko moduko seinaleak jarriko ditu, "garbiketa publikoa" zein egun eta ordutan eginen den adierazita.

22. artikulua. Zakurren gaineko arau berariazkoak.

1. Zakurrekin dabiltzan pertsonek galarazi behar dute zakurrek kaka egin dezaten espaloi, galtzada, parterre, berdegune eta eremu publikoko nahiz erabilera publikoa duen eremu pribatuko beste edozein elementuren gainean.

2. Zakurraren eramailea beharturik egonen da aurreko lerroaldean zehazten diren lekuetan egindako gorotza jaso eta, behar bezala bildurik, eremu publikoan dauden zakarrontzietan uztera, eta zikindutakoa garbitzeaz ere arduratu beharko du.

3. Inguruan zakurren aisialdirako eremurik ez bada, aldi baterako baimentzen da kaka egitea hustubiderako estolderietatik hurbil dauden galtzada zatietan, ondoren jabeek kaka kentzen badute.

4. Betiere, eremu publikoan doan animaliaren gidariak gorotzak eremu publikotik bildu eta kentzeko aukera emanen dioten elementuak eraman beharko ditu aldean (poltsak, pala, etab.). Udalak bide publikoan jarritako edukiontzi edo zakarrontzietan utzi behar dira poltsa horiek, behar bezala itxita.

5. Aurrekoa betetzen ez bada, Udalak arau-hausleak salatuko ditu eta behar den zehapen-espedientea irekiko die.

23. artikulua. Orubeak garbitzea eta horien mantentze-lanak.

1. Jabeek zabor eta hondakinik gabe eduki beharko dituzte lursailak eta orubeak, eta behar bezalako baldintzetan, higienearen, osasungarritasunaren, segurtasunaren eta apaindura publikoaren aldetik.

2. Aurreko aginduan sartzen da orubeetan arratoi-garbiketa eta desinfekzioa egin beharra.

3. Udalak ahalmena du aurreko 1. eta 2. zenbakietan aipatutako garbiketa lanak ikuskatu eta subsidiarioki eginak izan daitezela agintzeko, orubeak publikoak nahiz pribatuak izan.

4. Hirigintzako planeamenduak ukitutako finkak badira eta jabeek erabilera publikorako lagapena egina badute, Udalak, interesa dutenek diotena entzun ondotik, bere gain har dezake, osotara edo parte batean, aurreko apartatuetan jasotako baldintzak betetzeko ardura.

5. 1. apartatuan jasotako kasuan, Alkatetzak, bere ahalmenaz baliatuz, erabakiko du zer egin behar den, herritarren interesei begira.

III. TITULUA

Zehapen araubidea

24. artikulua. Xedapen orokorrak.

1. Zehapenak ezartzeko, bete beharko da arlo honetan zehatzeko ahala gauzatzeko legez eta erregelamenduz ezarritako prozedura.

2. Zehapen prozedura abiatzeko eskumena duen organoak baldin badaki gertaerak izan daitezkeela ez bakarrik arau-hauste administratibo, baizik zigor-zuzenbideko arau-hauste ere, organo judizial eskudunari jakinaraziko dio, eta geldirik utziko du zehapen prozedura –hasita badago–, harik eta agintari judizialak erabakia hartu arte.

Zehapen prozedura etenda dagoen bitartean, etentzat joko dira bai arau-haustearen preskripzio epea, bai prozeduraren beraren iraungipena.

25. artikulua. Arau-hausteen sailkapena.

Ordenantza honetan ezarritakoaren kontrako arau-hausteak, izan egiteak nahiz ez-egiteak, joko dira oso astuntzat, astuntzat edo arintzat.

26. artikulua. Arau-hauste oso astunak.

Oso astunak dira honako hauek eragiten dituzten arau-hausteak:

a) Bizikidetza nabarmen trabatzea, halako moduz non larriki, berehalakoan eta zuzenean eragozten den beste batzuen lasaitasuna, beren legezko eskubideak erabiltzea edo era guztietako jarduerak normal egitea, jarraikiz aplikatzekoa den araudiari edo osasungarritasuna eta apaintasun publikoari, baldin eta jokaera horiek ez badaude tipifikaturik martxoaren 30eko 4/2015 Legearen V. kapituluan (Herritarren Segurtasuna Babesteari buruzko Legea), edo ordezko araudian. Betiere, arau-hauste oso astuna izanen da zaratak egitea baldin 10 dezibeletan (dBA) baino gehiagotan gainditzen bada 135/1989 Foru Dekretuaren 15. artikuluan ezarritako muga.

b) Zerbitzu publiko bat erabiltzeko eskubidea dutenei galaraztea hartaz baliatzea.

c) Zerbitzu publiko baten funtzionamendu arrunta galaraztea edo horretarako oztopo larriak jartzea.

d) Larriki eta nabarmen hondatzea zerbitzu publiko baten ekipamenduak, azpiegiturak, instalazioak edo elementuak.

e) Espazio publiko bat erabiltzeko eskubidea dutenei galaraztea hartaz baliatzea. Betiere, arau-haustea izanen da oinezkoei edo ibilgailuei nahita eta modu larrian galaraztea haientzat prestatutako tokian zirkulatzea, baimenik izan gabe.

f) Larriki eta nabarmen hondatzea bide publikoak edo haietako edozein instalazio eta elementu, izan higigarri nahiz higiezin, ez direnean herritarren segurtasunaren asaldatzeak eragindakoak. Betiere, honako jokaera hauek arau-hausteak izanen dira:

1. Seinale publikoak hautsi, erauzi edo pintatzea edo haiei kalte egitea, baldin eta horrela eragozten edo zailtzen bada seinalea ikustea edo ulertzea.

2. Zerbitzu publikoaren elementuak, zaborrak edo hondakinak erretzea, nahita edo erru larria izanda.

3. Haustea edo deusetarako ez direla uztea bide publikoko eta parke eta lorategietako zuhaitzak.

g) Ordenantza honetan aipatu diren animaliekin anker jokatzea, haiei tratu txarrak ematea edo eraso fisikoak egitea, bai eta haiek abandonatzea ere.

h) Ordenantza honetan ezarritakoaren kontrako egiteak edo ez-egiteak, baldin arriskuan jartzen badute pertsonen osasuna edo osotasun fisikoa edo morala.

i) Bidegabeki eta maltzurkeriaz eragitea larrialdi zerbitzuak mobiliza daitezen.

j) Nahita itzaltzea argiteria publikoaren edozein sistema.

k) Urtebetean bi arau-hauste astun edo gehiago egitea.

27. artikulua. Arau-hauste astunak.

Arau-hauste astunak honako hauek dira:

a) Bizikidetza nabarmen trabatzea, halako moduz non eragozten den beste batzuen lasaitasuna, beren legezko eskubideak erabiltzea edo era guztietako jarduerak normal egitea, jarraikiz aplikatzekoa den araudiari edo osasungarritasun eta apaintasun publikoari, baldin eta jokaera horiek ez badaude tipifikaturik herritarren segurtasuna babesteari buruzko araudian. Betiere, arau-hauste astuna izanen da zaratak egitea baldin 3-10 dezibeletan (dBA) gainditzen bada 135/1989 Foru Dekretuaren 15. artikuluan ezarritako muga.

b) Larriki trabatzea beste batzuei zerbitzu edo espazio publiko bat erabiltzeko eskubidea. Betiere, arau-haustea izanen da bide edo espazio publikoetan terrazak edo beladoreak jartzea Udalaren baimenik gabe.

c) Larriki trabatzea zerbitzu publikoen funtzionamendu arrunta.

d) Larriki hondatzea zerbitzu edo espazio publiko bateko ondasunak.

e) Larriki trabatzea osasungarritasun edo apaintasun publikoa. Betiere, arau-haustea izanen da:

1. Estolderia-sarera edo bide edo espazio publikoetara zaborrak edo hondakinak botatzea, ibiltzea eragozten dutenak edo osasungaiztasun arriskua sortzen dutenak.

2. Arriskutsua ez den edozein hondakin mota kontrolik gabe abandonatzea, isurtzea edo ezabatzea, baldin ez bada arrisku larrian jarri pertsonen osasuna edo ingurumenean ez bada kalte larririk eragin.

3. Bide publikoan janariak edo edariak saltzea Udalaren baimenik gabe.

f) Nahita oztopatzea oinezkoek edo ibilgailuek normal zirkulatzea haientzat prestatutako tokietan.

g) Urtebetean bi arau-hauste arin edo gehiago egitea.

28. artikulua. Arau-hauste arinak.

Arau-hauste arinak honako hauek dira:

a) Herritarren bizikidetza arinki trabatzea, halako moduz non eragozten den beste batzuen lasaitasuna, beren legezko eskubideak erabiltzea edo era guztietako jarduerak normal egitea, jarraikiz aplikatzekoa den araudiari edo osasungarritasun eta apaintasun publikoari, baldin eta jokaera horiek ez badaude tipifikaturik herritarren segurtasuna babesteari buruzko araudian. Betiere, arau-hauste arina izanen da:

1. Zaratak egitea, 135/1989 Foru Dekretuaren 15. artikuluan ezarritako muga 3 dezibeletan (dBA) baino gutxiagoan gainditzen bada.

2. Espazio publikoetan lagun egiteko animaliak uhalez edo katez lotu gabe eramatea, horretarako baimena izan ezean.

b) Zerbitzu edo espazio publiko bat erabiltzeko eskubidea modu arinean trabatzea beste pertsona batzuei. Betiere, arau-hauste arina izanen da:

1. Bide edo espazio publikoetan terrazak edo beladoreak jartzea Udalaren baimenik gabe.

2. Metxa piztuak edo gailu piroteknikoak eramatea edo petardoak, suziriak edo gisakoak botatzea baimenik gabe.

3. Bide edo espazio publikoetan terrazak edo beladoreak jartzea baimendutakoa baino leku handiagoa okupatuz.

4. Baimenik gabe kanpatzea.

5. Espazio publikoetan autoak garbitu edo konpontzea.

c) Zerbitzu publikoen funtzionamendu arrunta modu arinean trabatzea. Betiere, arau-hauste arina izanen da:

1. Iturri edo urmael publikoetan bainatzea.

d) Zerbitzu edo espazio publiko bateko ondasunak modu arinean hondatzea. Betiere, arau-hauste arina izanen da:

1. Edozein ondasun edo espazio publikotan pintadak, grafismoak edo horma-irudiak egitea Udalaren baimenik gabe.

2. Zuhaitz, landare eta lorategi publikoetan kalte egitea.

e) Osasungarritasun edo apaintasun publikoak modu arinean trabatzea. Betiere, arau-hauste arina izanen da:

1. Espazio publikoak animalien gorozkiekin zikintzea eta ez garbitzea.

2. Propaganda edo publizitatea zabaltzea ordenantza honetan ezarritakoa hautsiz.

3. Bide publikoan pixa, kaka edo tu egitea.

4. Bide publikoan zaborra edo beste edozein elementu botatzea edo uztea.

f) Ordenantza honetako IV. kapituluan garbiketari buruz jasotako xedapenak ez betetzea.

g) Ordenantza honetan ezarritakoaren kontrako egiteak eta ez-egiteak, aurreko artikuluetan tipifikatu ez direnak.

29. artikulua. Zehapenak.

Toki-agintaritza eskudunak ohartarazpenarekin zigortuko ditu arau-hauste arinak.

Arau-hauste astunei 120 euro arteko isuna ezarriko zaie.

Arau-hauste oso astunei 300 euro arteko isuna ezarriko zaie.

30. artikulua. Kaltea konpontzea.

Ordenantza honetan adierazten diren zehapenak ezartzean, beti eskatuko zaio arau-hausleari kaltetu den egoera lehengora dezala. Arau-hausleek eragindako kalte-galerak erantzuleek konponduko edo ordainduko dituzte beti.

Udalak lehengoratzeko zein kalteak ordaintzeko eskaera izapidetuko du antolamendu juridikoan ezarritakoaren arabera eta kontuan hartuta hondatutako ondasuna nolakoa den.

Betebeharpekoaren kontura eginen ditu Udalak egin beharrekoak, gauzak arau-haustearen aurreko egoerara lehengoratzeko, non eta ez dituen arau-hausleak ordurako egin. Betebeharpekoari kostua eskatzeko, antolamendu juridikoan ezarritakoari jarraikiko zaio.

31. artikulua. Erantzuleak.

1. Ekitaldi publikoetan erantzule solidario izanen dira antolatzailea edo sustatzailea eta baimena eskatzen duena.

2. Animaliak daramatzaten pertsonak eta modu subsidiarioan animalien jabeak izanen dira erantzuleak animaliak gauza edo pertsonei sortu kalte edo eraginengatik eta zikinkeriarengatik.

3. Iragarlea eta zuzeneko egilea izanen dira, modu solidarioan, kanpoko publizitateari (eskuorriena barne) buruzko arau-hausteen erantzuleak.

4. Etxebizitzak edo lokalak erabiltzeko eskubidea dutenak izanen dira 16.1, 17.5 eta 21. artikuluetan bildu arau-hausteen erantzuleak.

5. Gainerako kasuetan, ordenantza honen kontrako arau-hausteen erantzuleak izanen dira arau-hausteen zuzeneko egileak.

6. Oro har, pertsona fisiko edo juridiko pribatuak izanen dira kalteen erantzule solidario, baldin eta legezko betebeharra badute beste batzuek egin ditzaketen administrazioko arau-hausteak prebenitzeko.

Erantzulea adingabea izanez gero, edo hari egotzi ahal ez izateko lege arrazoiren bat izanez gero, erantzuleak izanen dira gurasoak, tutoreak edo legezko zaintza dutenak.

7. Arau-haustea dakarten jarduketak hainbat pertsonaren artean gauzatzen direnean, guztiak izanen dira erantzule modu solidarioan.

32. artikulua. Zehapenen mailaketa.

Aurreko artikuluen arabera sailkatu ondoren, ezarri beharreko zehapena mailakatzeko, honako inguruabar hauek hartuko dira kontuan:

a) Berrerortzea, urtebetean eite bereko arau-hauste bat baino gehiago egin bada, ebazpen irmo batek hala deklaratuta.

b) Errepikatzea, urtebetean astuntasun handiagoko arau-hauste bat edo astuntasun bereko edo txikiagoko bi arau-hauste egin badira, ebazpen irmo batek hala deklaratuta.

c) Intentzionalitatea.

d) Gertaerek gizartean duten garrantzia edo oihartzuna.

e) Zer kalte egin diren eta haien larritasuna.

f) Egindako kaltea prozedura ireki baino lehen konpontzea.

IV. TITULUA

Errehabilitazioa

33. artikulua. Itundutako amaiera.

Bidezko zehapen ebazpena eman aurretik, komunitaterako zeregin edo lanak egiteko aukera eskaintzen ahal dio udalak espedientatuari, ezar litekeen isun osoaren nahiz zati baten ordez; zein den arau-haustearen astuntasuna, haren araberako eta proportzioko zeregina izanen litzateke.

Aukera hori arau-hausleen errehabilitazio bide gisa eskainiko da, eta horregatik, beharrezkotzat jotzen denean baino ez da aplikatuko.

Udalak prozedura amaitzeko, espedientatuak egin beharreko zerbitzua zehaztuko du ebazpen ekitaldian, baita isunaren zenbatekoa ere, zehapena zerbitzuarekin osorik ordezten ez denean.

Kasu bakoitzaren inguruabarrak ikusita, Udalak kautelazko neurriak hartzen ahalko ditu, zerbitzua behar den denboran eta moduan betetzen dela bermatzeko.

Espedientatuak zerbitzuaren baldintzak onartu ondoren, zehapen prozedura amaitutzat joko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/92 Legearen 88. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Zerbitzua behar den denboran eta moduan betetzen ez bada, isuna ezarriko da, prozedura laburtuaren bidez erabakita. Hori zehazteko, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:

a) Hasierako arau-haustearen sailkapen bera izanen du arau-hausteak.

b) Zehapena mailakatzeko, berariazko astungarria izanen da Udalaren eta arau-hauslearen artean itundutako zerbitzua ez betetzea.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Ordenantza honek jasotzen ez duen orotan, Estatuko zein Nafarroako lege edo dekretuetan xedatuari jarraikiko zaio.

Bigarrena.–Ordenantza honek ez du ondorio juridikorik izanen harik eta testua oso-osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hilabete iragan arte, epe hori baitute Estatuko edo Foru Komunitateko Administrazioek dagokien eskumena erabiltzeko, toki-erakundeen egintza edo erabakiak indargabetzeko, hain zuzen.

Iragarkiaren kodea: L2308495