2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
TXULAPAIN
Ordenantza fiskala, arautzen duena eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga. Behin betiko onespena
Txulapaingo Udalak, 2023ko martxoaren 31n egindako ohiko osoko bilkuran, erabaki zuen, besteak beste, hasiera batez onestea ordenantza fiskal bat, arautzen duena eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga.
Hasierako onespenaren erabakia argitaratu zen 2023ko 78. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, apirilaren 18an, baita Txulapaingo Udalaren iragarki-taulan eta egoitza elektronikoan ere; hori dena, jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).
Jendaurreko aldia iragan denez inolako alegazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe, eta bete beharrez aipatutako foru legearen 325.1.c) in fine artikulua eta 326. artikulua, ordenantza behin betiko onetsitzat jotzen da, eta haren testua argitaratzen, behar diren ondorioak izan ditzan.
Markalainen (Txulapain), 2023ko ekainaren 1ean.–Alkatea, Pablo Rota Arrieta.
ORDENANTZA FISKALA, ARAUTZEN DUENA ERAIKUNTZA, INSTALAZIO ETA OBREN GAINEKO ZERGA
1. artikulua. Ordenantza hau ezartzen da babes harturik martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea, zehazki II. tituluko V. kapituluko 167.etik 171.era bitarteko artikuluak, biak barne (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea).
Zerga-egitatea
2. artikulua. Zerga honen zerga-egitatea da udal-mugartean egitea zernahi eraikuntza, instalazio edo obra, baldin eta hartarako beharrezkoa bada hirigintza edo obra lizentzia bat, lizentzia hori erdietsia izanik nahiz izan gabe, edo beharrezkoa bada erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa aurkeztea, betiere Txulapaingo Udalari badagokio lizentzia ematea edo kontrol-jarduera egitea.
Zergari atxikitako zerga-egitatetzat har daitezke honako hauek, besteak beste:
–Mota guztietako eraikuntza eta instalazio obrak, eraikuntza berrikoak.
–Lehendik dauden mota guztietako eraikin edo instalazioak handitzeko obrak.
–Lehendik dauden eraikinen edo instalazioen egitura edo kanpoko itxura ukitzen duten obrak, aldatzekoak edo eraberritzekoak.
–Eraikinen barneko banaketa aldatzen duten obrak, erabilera edozein izanik ere.
–Behin-behineko obra eta erabilerak.
–Hirigintzako partzelazioak eta landa-finken banantze eta zatiketak.
–Lur-mugimenduak, hala nola lurra erauzteko, zelaitzeko, hondeatzeko eta betetzeko lanak, salbu eta lan horiek badira onetsia den urbanizazio edo eraikuntza proiektu baten barrenean zehaztutako eta programatutako obrak.
–Eraikinak eta instalazioak lehenbiziko aldiz erabili edo okupatzea, oro har, eta haien erabilera aldatzea.
–Eraikinak botatzea, salbu eta berehalako aurri-egoera deklaratzen denean.
–Zorupeari eragiten dioten instalazioak.
–Arbolak eta zuhaixkak botatzea, baldin badira zuhaitz-masak, basoguneak, arboladiak edo parkeak, planeamendu onetsia eduki nahiz ez eduki, salbu baldin badira nekazaritzaren arloko legeek baimentzen dituzten lanak.
–Presak, idoiak eta defentsa-obrak egitea eta ubide publikoak zuzentzea, baldin ez badira interes orokorreko obra publikoak.
–Agregakinak ateratzea eta harrobiak ustiatzea, nahiz eta jabari publikoko lurretan egin eta administrazioaren kontzesioa behar izan.
–Merkataritza jardueran aritzeko lokalak egokitzearekin lotutako obrak egitea, aplikatzekoa den araudi sektorialaren arabera.
–Garrantzi edo tamaina txikiko obrak, kasuan kasuko udal ordenantzetan ezartzen direnak.
–Itxiturak eta hesiak.
–Eremu publikotik ikusten ahal diren publizitate kartelak.
–Obra txikiak
–Eraiki aurreko lanak, adibidez zundaketak, prospekzioak, laginak eta saiakuntzak.
–Eta, oro har, erregelamenduz ezartzen diren egintzak, berekin dakartenak obrak egitea edo lurzorua edo lurpea intentsitate handiagoz erabiltzea, edo horien erabilera pribatiboa dakartenak, edo ezohiko erabilera bat, edo lurrak nekazaritza- edo baso-erabilera ez den beste zerbaitetarako erabiltzea.
Salbuespenak
3. artikulua. 1. Zerga ordaintzetik salbuetsirik egonen da zernahi eraikin, instalazio edo obra egitea baldin eta horien jabeak badira Estatua, Nafarroako Foru Komunitatea, autonomia erkidegoak, edo Nafarroako toki-erakundeak, eta baldin, zergapekoak direlarik ere, zuzenean erabiltzekoak badira errepideetarako, burdinbideetarako, aireportuetarako, lan hidraulikoetarako, hiri saneamendurako edo haien hondakin uren saneamendurako, nahiz eta erakunde autonomoek kudeatu, dela eraikuntza berriko lanetan, dela kontserbaziozkoetan.
Halaber, zerga ordaintzetik salbuetsirik egonen da etxebizitzetan egitea edozein eraikuntza, instalazio edo obra baldin eta, etxebizitzen jabeak izanik Nafarroako Foru Komunitatea, Estatua edo Nafarroako toki-erakundeak, eta horiek lagata irabazi asmorik gabeko erakundeei, zailtasun ekonomikoak dituzten pertsonei laguntzeko badira.
2. Salbuetsirik egonen dira, orobat, honako jabe hauek dituzten eraikuntzak, instalazioak eta obrak:
–Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioa, eta bere helburuak betetzeko sortu dituen entitate juridikoak, baldin eta eraikuntzak, instalazioak edo obrak loturik badaude erabilera edo zerbitzu publiko bati.
Udalen mankomunitateak eta batasunak, baldin eta Txulapaingo Udala kide bada, bai eta horiek beren helburuak betetzeko sortu dituzten entitate juridikoak ere.
–Zerga honengatik Telefónica de España SAU enpresari legokiokeen ordainketaren ordez, abenduaren 29ko 11/1987 Foru Legean ezartzen den urteko konpentsazioa eginen da eskudirutan (foru lege horrek ezartzen du zer tributu-araubide duen Espainiako Telefónica Konpainia Nazionalak Nafarroako Foru Komunitatean).
Hobariak
4. artikulua. Ezartzen da zergaren kuotaren gaineko %95eko hobaria, eguzki-energiaren edo beste energia berriztagarri batzuen aprobetxamendu termiko edo elektrikorako sistemen kostuari dagokionez, autokontsumorako instalatu behar direnean, bai lehendik dauden eraikin edo instalazioetan bai obra berrietan.
Hobari hori aplikatzeko, beharrezkoa izanen da beroa sortzeko instalazioetan egotea administrazio eskudunaren homologazioa duten kolektoreak.
Hobari hori erreguzkoa da, eta Alkatetzak erabakiko du ematea, aldez aurretik subjektu pasiboak eskatuta.
Eskabideak udal honetan aurkeztuko dira, horretarako inprimakiak betez, obra-lizentziaren eskabidearekin batera, eta onetsi aurretik txosten teknikoa beharko dute.
Subjektu pasiboak
5. artikulua. 1. Zerga honen subjektu pasiboak honako hauek dira, zergadun gisa: pertsona fisiko nahiz juridikoak, jaraunspen jasogabeak, ondasun-erkidegoak, eta, nortasun juridikorik ez dutelarik, obraren jabe diren beste entitate batzuk, unitate ekonomikoa edo ondare banandua osatzen dutenak.
2. Aurreko paragrafoan aurreikusitako ondorioetarako, eraikuntzaren, instalazioaren edo obraren jabetzat hartuko da bere gain hartzen dituena haiek egitearen ondoriozko gastuak edo kostua. Higiezinaren jabea hartuko da obren jabetzat, salbu eta Txulapaingo Udalaren aurrean argi eta garbi egiaztatzen bada obren jabea beste pertsona edo entitate bat dela, obra horretako higiezinaren jabeaz bestekoa.
6. artikulua. 1. Zergadunaren ordezko subjektu pasiboak dira lizentziak eskatzen dituztenak, erantzukizunpeko adierazpenak edo aurretiazko komunikazioak aurkezten dituztenak edo eraikuntza, instalazio edo obrak egiten dituztenak, berak ez baldin badira zergadunak.
2. Ordezkoak zergadunari eskatzen ahalko dio ordaindutako tributu-kuotaren zenbatekoa.
Zerga-oinarria
7. artikulua. Zerga-oinarria da eraikuntza, instalazio edo obraren kostu erreal eta benetakoa, eta halakotzat hartzen da, ondorio hauetarako, hura materialki gauzatzeari dagokiona, barnean hartuta proiektuan diren elementu guztiak, baldin ez badute berezitasun edo nortasun propiorik lizentziaren edo erantzukizunpeko adierazpenaren xede den eraikuntzarekiko, instalazioarekiko edo obrarekiko. Zerga-oinarriaren zati ez dira ez balio erantsia, ez araubide bereziko antzeko zergak, tasak, prezio publikoak, ez tokiko izaera publikoko ondareko gainerako prestazioak, baldin horiek badira eraikuntza, instalazio edo obra alorrekoak, ez eta profesionalen ordainsaria, kontratistaren enpresa-mozkina edo beste edozein kontzeptu ere, baldin ez bada aipatu den gauzatze materialaren kostuaren barnekoa.
Kuota
8. artikulua. Zerga honen kuota izanen da heldu dena zerga-oinarriari ordenantza honen 1. eranskineko karga-tasa aplikatzetik.
Sortzapena
9. artikulua. Zerga hau sortzen da eraikuntza, instalazioa edo obra hasten delarik, nahiz eta hartarako ez lortu lizentziarik lortu edo ez aurkeztu erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa.
Zergaren kudeaketa
Kudeaketa arauak.
10. artikulua. 1. Hasiera batean autolikidazio araubidean eskatuko da eraikuntzen, instalazioen eta obren gaineko zerga, obrek behar dutenean erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa. Gainerako kasuetan, Udalak behin-behineko likidazioa eginen du. Obrak bukatutakoan, Udalaren eskumena izanen da zergaren behin betiko likidazioa egitea, betiere ordenantza honetan aurreikusitako kudeaketa arauekin bat.
2. Erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa aurkeztea eskatzen den obretan, adierazpenarekin edo komunikazioarekin batera aurkeztuko da ordainketaren frogagiria edo, hala badagokio, ordainketa geroratzeko eskaera, behar bezala erregistratua.
3. Behin-behinekoa izanen da subjektu pasiboak aurkezten duen hasierako autolikidazioaren ordainketa edo zerga arloko administrazioak onetsitako hasierako likidazioaren ordainketa, eta behin betiko ordaindu behar den kopuruaren konturakoa izanen da.
11. artikulua. 1. Nahitaezko lizentzia ematen denean edo erantzukizunpeko adierazpena nahiz aurretiazko komunikazioa aurkezten denean, interesdunek aurkezten duten aurrekontuaren arabera zehaztuko da autolikidazioaren zerga-oinarria edo hasierako likidazioa, baldin eta dagokion elkargo ofizialak ikus-onetsi badu, hura nahitaezko baldintza denean.
2. Eraikuntza, instalazioa edo obra egiteko proiektua aldatzen bada, eta horren aurrekontuak gora egiten badu, behin Udal Administrazioak aldaketa onartu eta gero, zergaren likidazio osagarri bat onetsiko da, hasierako aurrekontuaren eta aldatuaren arteko aldea dela eta.
12. artikulua. 1. Eraikuntzak, instalazioak eta obrak bukatu ondoren, eta egiazki egin direnak ikusita, zergapekoak deklarazio bat aurkeztuko du egoera horren gainean eta eraikuntzaren, instalazioaren edo obraren benetako eta egiazko kostuaren gainean, gehienez ere hiru hilabeteko epean, obrak bukatu edo behin-behineko harrera egiten denetik hasita. Horrekin batera aurkeztu beharko du obraren zuzendari fakultatiboaren ziurtagiria, dagokion lanbide-elkargoak ikus-onetsia, edo, bestela, baldin eraikuntza edo obra txikiagoak badira, kostu hori frogatzeko fakturak edo antzeko beste batzuk, 13.3 artikuluan aipatzen direnak.
Tramitatu behar baldin bada jarduera baten abiatzea, edo eraikin edo instalazioen lehen erabilera edo okupazioa, dokumentazio hori aurkezten ahal da behar den lizentziaren eskaerarekin batera, edo, behar denean, dagokion erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa aurkezten denean.
2. Subjektu pasiboak behartuta daude aurkeztera bukatutako eraikuntzen, instalazioen edo obren benetako kostuaren gaineko aitorpena, nahiz eta ez aurkeztu hasierako autolikidaziorik eta Administrazioak ez eskatu ordainketarik aldez aurretik kontzeptu horrengatik.
3. Benetako kostua ezagututa, eta dagokion administrazio-egiaztapena eginda, Udalak behin betiko likidazioa eginen du, subjektu pasiboak hasieran autolikidatutako edo ordaindutako kuotarekin dagoen diferentzia positibo edo negatiboaren gainean, halako eran non, behar izatera, subjektu pasiboari behar den kopurua galdatuko edo itzuliko baitzaio.
4. Eraikuntzen, instalazioen edo obren bukaerako datatzat joko da zuzenbidean onargarri den edozein frogabide erabilita zehazten dena, eta, partikularki, aurreikusitako xederako edo erabilerarako prest dauden unea, hots, ondoren inolako jarduketa materialik egin beharrik gabe.
5. Baldin eta eraikuntzak, instalazioak edo obrak gauzatu bitartean zergaren subjektu pasiboak aldatzen edo ordezten badira, bukaerako likidazioa eginen zaio obrak bukatzen diren egunean subjektu pasibo denari.
13. artikulua. 1. Udal administrazioak egiaztatuko du autolikidazioak egin direla ordenantza honetako arauak zuzen aplikatuz eta, beraz, kalkulatutako oinarri eta kuotak arau horien emaitza direla. Xede horrekin, udal administrazioak kasu guztietan egiaztatuko du autolikidazioetan jarritako oinarria dela interesdunek kasuan-kasuan aurkeztutako aurrekontuan, fakturetan edo kostu erreala justifikatzen duen ziurtagirietan agertzen den bera.
2. Udal administrazioa ados ez badago autolikidazioekin, likidazioak eginen ditu, zuzenduta gaizki aplikatutako kontzeptuak edo datuak eta akats aritmetikoak; berandutze-interesak kalkulatuko ditu, eta bidezko zehapenak ezarriko, hala behar badu. Era berean, subjektu pasiboak aitortu ez dituen zerga-egitateen likidazioa eginen du.
3. Udal administrazioak subjektu pasiboari errekeritzen ahalko dizkio eraikuntza, instalazio eta obren kostu erreal eta benetakoa jasotzen duten agiriak, hala nola behin betiko aurrekontua, obra ziurtagiriak, exekuzio kontratuak, proiektuari dagokion kontabilitatea, obra berriaren deklarazioa edo kostua zehazteko egokitzat jotzen den beste edozein dokumentu. Eskatutako agiriak aurkeztu ezean, edo osatu gabe aurkezten badira, edo haietatik ezin bada atera kostu erreal eta benetakoa, udal administrazioak zerga-oinarria zedarrituko du, jarraikiz abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorrean ezarritako prozedurari (Tributuei buruzko Foru Legea).
14. artikulua. Lizentziaren titularrak edo aitortzaileak uko egiten badio baimendutako eraikuntza, instalazio edo obrak egiteari, espresuki eta idatziz egin ere, udal administrazioak zerga honen kontura ordaindutako zenbatekoak itzuliko dizkio.
Orobat, behin lizentzia bat iraungita, udal administrazioak zenbateko horiek itzuliko ditu, salbu lizentziaren titularrak hori berritzeko eskatu eta Udalak baimentzen badu.
Arau-hausteak eta zehapenak
15. artikulua. Tributuen arloko arau-hausteei eta horien kalifikazioei dagokien orotan, bai eta kasu bakoitzari dagozkion zehapenetan ere, aplikatuko dira Nafarroako Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorra, Ordenantza Fiskal Orokorra eta aplikatu beharreko gainerako xedapenak.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenbizikoa.–Ordenantza honetan berariaz aurreikusi gabeko orotan aplikatuko dira Ordenantza Fiskal Orokorraren arauak eta kasuan kasu ematen diren xedapenak.
Bigarrena.–Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu, testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan, eta indarrean jarraituko du berariaz aldatzen edo indargabetzen den arte.
1. ERANSKINA.–TARIFAK
Karga-tasa:
Ondoko tasa ezarri da: %3,50.
Iragarkiaren kodea: L2308670