132. ALDIZKARIA - 2023ko ekainaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

200E/2023 EBAZPENA, maiatzaren 30ekoa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez irizten baita aldaketa ez-funtsezkoa eta ez-nabarmena dela altzairu soldatuzko hodia fabrikatzeko, ebakitzeko eta mekanizatzeko instalazio batean Rattunde 1, Rattunde 2 eta RSA ebakigailuaren lineak aldatzeko proiektua. Instalazioa Lesakako udal-mugartean dago eta haren titularra Zalain Transformados SL da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren 51E/2019 Ebazpenaren bidez emana; baimen hori Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren 70E/2020 Ebazpenaren eta 146E/2021 Ebazpenaren bidez aldatu zen geroago.

2023ko martxoaren 29an, titularrak jakinarazi du RATTUNDE 1, RATTUNDE 2 eta RSA ebakigailuaren lineak aldatzeko proiektua. Proiektu horren arabera, RATTUNDE 1 eta 2 lineetarako robot manipulatzaile berriak instalatuko dira, RATTUNDE 2 linearako ebakigailu berri bat ezarriko da eta RSA linearen ebakitzailea lekuz aldatuko da.

Industria-instalazioa aldatzeko proiektuari buruz aurkeztutako jakinarazpenak eta egiaztagiriak ikusita, zerbitzu honek uste du aldaketa hori ez-funtsezkoa eta ez-nabarmena dela, bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 34. artikuluan xedatutakoarekin (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen). Izan ere, ez dakar berekin aipatutako erregelamenduaren artikulu horretan ezarritako inguruabarretatik bat ere, ez eta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzeko eta industriako isuriei buruzko Erregelamenduaren 14. artikuluan ezarritako inguruabarretatik bat ere (erregelamendu hori urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen).

Bestalde, aldaketa ez-funtsezko eta ez-nabarmen hori egiteko proiektuaren ondorioz, ingurumen baimen integratuaren testua aldatu eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu behar da, aplikatuz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 34. artikuluan aurreikusitakoa (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).

Beste alde batetik, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan xedatutakoa aplikatuta, aldaketa proiektuak ez du behar ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta edo sinplifikatua, ez baita proiektu independente bat, dagoeneko eginda dagoen jatorrizko proiektu baten aldaketa baizik, eta ulertzen delako proiektuak ez duela eragin kaltegarri nabarmenik izanen ingurumenean, ez baitakar aipatu 7. artikulu horren 2. puntuko c) letran zehaztutako handitzerik ez ukipenik.

Aldaketa horren ondorioz, energia elektrikoaren kontsumoa %3 inguru handituko da, 16.202 MWh-tik 16.656 MWh-ra. Igoera hori kontuan hartuko da etorkizuneko aldaketen energia elektrikoaren kontsumoaren metatze-ondorioetarako, funtsezko aldaketa bati buruzko irizpena eman behar denerako.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiak azaroaren 8an emandako 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.–Iriztea aldaketa ez-funtsezkoa eta ez-nabarmena dela altzairu soldatuzko hodia fabrikatzeko, ebakitzeko eta mekanizatzeko instalazio batean Rattunde 1, Rattunde 2 eta RSA ebakigailuaren lineak aldatzeko proiektua, bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren (martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuak onetsia) 39. artikuluan xedatutakoarekin. Instalazioa Lesakako udal-mugartean dago eta haren titularra Zalain Transformados SL da.

Bigarrena.–Horrenbestez, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 29. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, titularrak gauzatzen ahalko du aurreikusitako proiektua, ezertan galarazi gabe dagokion obra-lizentzia edo behar diren beste baimen batzuk tramitatzea. Aipatutako erregelamendua martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Hirugarrena.–Irizpen honek hamar hilabeteko balioa du ebazpen hau ematen denetik, abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 36. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Laugarrena.–Instalazioaren ingurumen baimen integratuaren testua aldatzea, ebazpen honen eranskinean zehaztutako aldaketak sartuta.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, aplikatuz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 34. artikuluan aurreikusitakoa (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).

Seigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

Zazpigarrena.–Ebazpen hau Zalain Transformados SLra igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2023ko maiatzaren 30ean.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.

Iragarkiaren kodea: F2308746