132. ALDIZKARIA - 2023ko ekainaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

199E/2023 EBAZPENA, maiatzaren 30ekoa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez aldaketa nabarmen bat baimentzen baita Caparrosoko udal mugartean dagoen biodiesela eta produktu oleaginosoak ekoizteko instalazio batean. Titularra Tech Natural Oleo SL da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumeneko, Lurraldearen Antolamenduko eta Etxebizitzako kontseilariaren 360/2006 Foru Aginduaren bidez emana, landare-olioekin biodiesela ekoizteko.

2020ko urriaren 15ean, titularrak bere instalazioa aldatzeko proiektuaren berri eman zuen, frijitzeko olioak gertatzeko etapa berri bat, fintze jardueraren beraren aurretik ondoz ondoko prentsatze, iragazte eta dekantatze prozesuak egitekoa, ezartzeko xedea duena.

2020ko azaroaren 11n, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak ebatzi zuen aldaketa ez dela funtsezkoa, baina bai nabarmena, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduko (abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretua) 25. eta 26. artikuluetan eta abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 9. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Irizpenak, halere, gaineratzen zuen proiektatutako aldaketa biodiesela ekoizteko oinarrizko produktuak lortzeko olioak fintzeko lineari lotuta dagoela, eta linea hori Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren azaroaren 24ko 2010/75/EB Zuzentarauaren 4. kategorian sailkatuta dagoela. Beraz, jakinarazitako aldaketa baimendu ahal izateko, ezinbestekoa da lehenbizi ingurumen baimen integratua berrikusteko administrazio prozedura ebaztea, 0001-0052-2020-000067 zenbakia duena, haren helburua baita instalazioa egokitzea Batzordearen 2016ko maiatzaren 30eko 2016/902 (EB) Betearazpen Erabakira, zeinaren bidez ezartzen baitira kimikaren sektorean hondakin ur eta gasak tratatzeko eta kudeatzeko sistema erkideetarako dauden teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak.

2021eko otsailaren 12an, titularrak dokumentazio gehigarria aurkeztu zuen, eta horren arabera justifikatzen du proiektatutako aldaketak ez dakarrela inolako tratamendu prozesu kimikorik aplikatzea.

2021eko otsailaren 26an, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak, titularraren argudioak aztertu ondoren, ondorioztatu zuen ezen, olioa fintzeko prozesuan transformazio kimikoa badagoen arren, hori ez dagoela sartuta produktu nagusiaren eraldaketan. Horrenbestez, frijitzeko olioa fintzeko prozesua eta, ondorioz, frijitzeko olioak gertatzeko prozesua ez dira sailkatzen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren azaroaren 24ko 2010/75/EB Zuzentarauaren 4. kategorian, eta aurkezten ahal da aldaketa tramitatzeko behar den dokumentazioa, behar den baimena lortze aldera.

2022ko irailaren 9an, ingurumen baimen integratuaren aldaketa eskatu zuen titularrak, frijitzeko olioak gertatzeko etapa berri bat, fintze jardueraren beraren aurretik ondoz ondoko prentsatze, iragazte eta dekantatze prozesuak egitekoa, ezartzeko xedea duena.

Espedientea tramitatu da bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 29. artikuluan ezarritako prozedurarekin (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2002 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiak azaroaren 8an emandako 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.–Aldaketa nabarmen bat baimentzea Caparrosoko udal mugartean dagoen biodiesela eta produktu oleaginosoak ekoizteko instalazio batean, frijitzeko olioak gertatzeko etapa berri bat, fintze jardueraren beraren aurretik ondoz ondoko prentsatze, iragazte eta dekantatze prozesuak egitekoa, ezarri ahal izateko, eta, horrenbestez, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean jasotako baldintzak bete beharko dituzte. Titularra Tech Natural Oleo SL da.

Bigarrena.–Zentroak hondakin ez-arriskutsuen kudeatzaile gisa duen inskripzioa mantentzea, 15G04065008142006 zenbakiarekin. Kudeatzen ahal dituen hondakinak eta hondakin horiek tratatzeko egiten ahal dituen eragiketak ingurumen baimen integratuaren III. eranskinean ageri dira. Halaber, titularrak hondakinen kudeaketan izandako edozein aldaketa jakinarazi beharko dio Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari.

Hirugarrena.–Aldaketa funtzionatzen hasi aurretik, titularrak abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 25. artikuluan xedatutakoarekin (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).

Laugarrena.–Proiektua gauzatzen hasteko eta jarduera abian jartzeko, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 28. artikuluak ezarritako epeak bete beharko dira. Bestela, aldaketa nabarmenaren baimena iraungitzat emanen da, eta ez du inolako ondoriorik izanen. Orobat, aipatutako epeetan betetzen ez diren aldaketaren zatiak gauzatzeko eta martxan jartzeko, instalazioa aldatzeko espediente bat tramitatu beharko da.

Bosgarrena.–Ebazpen honetan ezarritako baldintzak aplikatzen hasiko dira titularrak proiektua gauzatu dela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkezten duen egunetik aurrera, eta, zeinahi kasutan, aldaketa abian jartzen den unetik aurrera. Bien bitartean, indarrean dagoen ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.

Seigarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotakoak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege-dekretuak onetsitako testu bategina), ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoa.

Zazpigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Zortzigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

Bederatzigarrena.–Ebazpen hau Tech Natural Oleo SLra eta Caparrosoko Udalera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2023ko maiatzaren 30ean.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones

Iragarkiaren kodea: F2308720