1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
193E/2023 EBAZPENA, maiatzaren 30ekoa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez ukatzen baita Artaxoako udal mugartean dagoen hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko eta konposta egiteko instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzei dagokienez eskatutako aldaketa. Instalazioaren titularra Desarrollos Medioambientales La Coya da.
Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 5eko 1180E/2016 Ebazpenaren bidez emana.
2022ko azaroaren 2an, titularrak eskatu du bere ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzak alda daitezen, zehazki, baimen dadila hondakinak kudeatzeko prozesu berri bat, lixibiatuen eta jariatuen baltsako urak balorizatu eta lurrak tratatzeko erabil daitezen, lur horiek nekazaritzaren edo ekologiaren aldetik hobetzeko helburuarekin.
Aurkeztutako eskaera aztertuta, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak ondorioztatu du ez dela onargarria, ez datorrelako bat instalazioak ingurumen aldetik eduki beharreko funtzionamendu egokiarekin eta, zehazki, honako arrazoi hauengatik:
–Baltsan dauden lixibiatuak industriako hondakin urtzat hartzen dira, instalazioan egiten den hondakinen konpostatze jardueraren ondorioz sortuak baitira.
–Araztutako urak berrerabiltzeko araubide juridikoa ezartzen duen abenduaren 7ko 1620/2007 Errege Dekretuak arautzen du hondakin uren berrerabilpena; izan ere, araztutako urak dira jabari publiko hidraulikora isurtzeko behar den kalitatea lortzea ahalbidetzen duen tratamendua izan duten hondakin urak.
–Abenduaren 7ko 1620/2007 Errege Dekretu horrek leheneratutako uretarako onartzen diren erabilerak ezartzen ditu, aintzat hartuta leheneratutako urak direla emanen zaien erabilerarako behar den gutxieneko kalitatea lortzea ahalbidetzen duen tratamendu gehigarri bat izan duten araztutako hondakin urak.
–Erabileren araberako kalitate-irizpideak abenduaren 7ko 1620/2007 Errege Dekretuaren I.A eranskinean daude ezarrita. Horien arteko bat da nekazaritza erabilera, non uren hiru kalitate maila bereizten diren, egiten den ureztatze motaren arabera. Gainera, ezartzen da zer maitasunekin hartu behar diren laginak eta zer parametro analizatu (I.B eranskina), eta zer irizpideren arabera ebaluatuko den eskatutako baldintzak betetzen diren.
–Arroko erakundeei dagokie hondakin urak berrerabiltzeko administrazio emakidak edo baimenak ematea. Horretarako, nahitaezkoa izanen da aldez aurretik txostena eskatzea osasun agintariei, eta loteslea izanen da gainera.
–R10 balorizazio eragiketa, hots, lurrak tratatzea lur horiek nekazaritzaren edo ekologiaren aldetik hobetzeko helburuarekin, baimengarria da hondeatutako material naturaletarako (170504 EHZ), errefusaren frakzioaren tratamendu anaerobikoaren ondoriozko material bioegonkorturako (190604 EHZ), bereiz bildutako udalen eskumeneko hondakin organikoen tratamendu aerobikoaren zehaztapenetik kanpoko konposterako (190503 EHZ) eta errefusaren frakzioaren tratamendu aerobikoaren ondoriozko material bioegonkorturako (190599 EHZ). Horiek guztiak hondakin solidoak dira eta, beraz, baimentzeko eskatu den eragiketan baliatuko litzatekeen lixibiatuaz bestelakoak.
Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.
Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiak azaroaren 8an emandako 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
Lehena.–Ukatzea Artaxoako udal mugartean dagoen hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko eta konposta egiteko instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzei dagokienez eskatutako aldaketa. Instalazioaren titularra Desarrollos Medioambientales La Coya da.
Bigarrena.–Ebazpen honetan jasotako baldintzak betetzen ez badira, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotako ingurumen-diziplinako neurriak hartuko dira (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen testu bategina), eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen-araubidean jasotakoak, ezertan galarazi gabe legeria sektorialean ezarritakoa, aurrerantzean ere aplikatu beharko baita.
Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Laugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.
Bosgarrena.–Ebazpen hau igortzea Desarrollos Medioambientales La Coyara eta Artaxoako Udalera, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2023ko maiatzaren 30ean.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.
Iragarkiaren kodea: F2308738