132. ALDIZKARIA - 2023ko ekainaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

192E/2023 EBAZPENA, maiatzaren 30ekoa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez onartzen baita Lodosako udal mugartean dagoen hondakin urak bildu eta tratatzeko instalazio baten ingurumen baimen bateratuan ezarritako funtzionamendu baldintzei dagokienez eskatutako aldaketa. Instalazioaren titularra Servicios de Montejurra SA da.

Egun martxan dagoen instalazio horrek badu lehendik ingurumen baimen bateratua, zeina eman baitzitzaion Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen hirugarren xedapen iragankorra aplikatuta; izan ere, jarduera hori sarturik dago aipatutako foru lege horren 1. eranskineko 13.3 taldean.

2023ko martxoaren 21ean, titularrak hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko baimena eskatu zuen, zehazki, hondakin ez-arriskutsuen zabortegiko lixibiaturako (190703 EHZ kodea).

Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak, aurkeztutako eskaera aztertuta, onargarria dela ondorioztatu du; izan ere, eskatzen dena bat dator instalazioak ingurumen aldetik eduki beharreko funtzionamendu egokiarekin eta teknika erabilgarri onenen aplikazioarekin.

Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 28. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, bidezkoa da ingurumen baimen bateratua aldatzea.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiak azaroaren 8an emandako 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.–Onartzea Lodosako udal mugartean dagoen hondakin urak bildu eta tratatzeko instalazio baten ingurumen baimen bateratuan ezarritako funtzionamendu baldintzei dagokienez eskatutako aldaketa; horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean adierazitako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Servicios de Montejurra SA da.

Bigarrena.–Hondakinak kudeatzeko instalazioaren baimena ematea, Ekonomia Zirkularra bultzatzeko eta Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 33.1 artikulua aplikatzearen ondorioz izan beharrekoa. Halaber, bidezkoa da hura inskribatzea Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Sortzaileen eta Kudeatzaileen Erregistroan, 15G04157090402023 erregistro-zenbakiarekin.

Kudeatzen ahal dituen hondakinak eta hondakin horiek tratatzeko egiten ahal dituen eragiketak ebazpen honen I. eranskinean ageri dira. Halaber, titularrak hondakinen kudeaketan izandako edozein aldaketa jakinarazi beharko dio Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari. Baimenak zortzi urteko indarraldia izanen du, eta automatikoki berrituko da beste horrenbeste urteko aldietarako, Ekonomia Zirkularra bultzatzeko eta Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 33.10 artikulua aplikatuta (Hondakinak bildu eta tratatzeko eragiketen baimenei buruzkoa).

Instalazioaren ustiatzaileak baimena eduki beharko du III. eranskinean adierazitako hondakinak tratatzeko eragiketak egiteko, Ekonomia Zirkularra bultzatzeko eta Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 33.2 artikuluan ezarritakoarekin bat. Baimen hori eman beharko dio instalazioaren egoitza soziala non dagoen, autonomia erkidego horretan ingurumen arloko eskumena duen organoak.

Hirugarrena.–Zentroak Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Sortzaileen eta Kudeatzaileen Erregistroan hondakin arriskutsuen sortzaile txiki gisa duen inskripzioa kentzea (115P03157090402021 zenbakia), hartatik salbuetsita dagoelako hondakinak tratatzeko baimena lortu duenez gero, Ekonomia Zirkularra bultzatzeko eta Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 35.4 artikuluari jarraituz.

Laugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Bosgarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

Seigarrena.–Ebazpen hau Servicios de Montejurra SAra, Lodosako Udalera eta Ebroko Konfederazio Hidrografikora igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2023ko maiatzaren 30ean.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F2308721