132. ALDIZKARIA - 2023ko ekainaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

249/2023 EBAZPENA, ekainaren 5ekoa, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, arauak ematen dituena 2023ko uztailaren 23an Diputatuen Kongresurako eta Senaturako eginen diren hauteskunde orokorretan, egun horretan jairik ez duten besteren konturako langileek errazago izan dezaten botoa emateko duten eskubidea erabiltzea.

Maiatzaren 29ko 400/2023 Errege Dekretuaren bidez, 2023ko uztailaren 23an eginen diren Diputatuen Kongresurako eta Senaturako hauteskunde orokorretarako dei egin zen. Hauteskunde prozesuen arau osagarriei buruzko apirilaren 16ko 605/1999 Errege Dekretuan xedatutakoari jarraituz, eta Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzarekin adostu ondoren, bidezko da egun horretan asteko atsedenaldirik ez duten langileen lan ordutegiari buruzko neurriak hartzea Nafarroako Foru Komunitatearen esparrurako.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Honako arau hauek ematea Diputatuen Kongresurako eta Senaturako hauteskunde orokorrak eginen diren egunean, 2023ko uztailaren 23an, asteko atsedenaldirik ez duten besteren konturako langileek botoa emateko eskubidea erabiltzea errazago izan dezaten:

1.–Hautesle gisa parte hartzen duten langileentzako baimen ordainduak:

a) Hauteskunde-mahaiak irekita daudelarik lanean arituko ez diren edo lanean bi ordutik beheiti arituko direnak: ez dute izanen baimen ordaindurako eskubiderik.

b) Hauteskunde-mahaiak irekita daudelarik bitik lau ordura bitartean lanean arituko direnak: bi orduko baimen ordaindua izanen dute.

c) Hauteskunde-mahaiak irekita daudelarik lautik sei ordura bitartean lanean arituko direnak: hiru orduko baimen ordaindua izanen dute.

d) Hauteskunde-mahaiak irekita daudelarik sei ordutik gora lanean arituko direnak: lau orduko baimen ordaindua izanen dute.

e) 2023ko uztailaren 23an beren ohiko bizilekutik urrun lan egin behar duten langileek edo, beste baldintza batzuk direla medio, egun horretan bozkatzeko eskubidea erabiltzeko eragozpenak izanen dituztenek eskubidea izanen dute aurreko baimenaren ordez izaera bereko beste bat izateko, norberak zentsuko inskripzioaren ziurtagiria eskatu ahal izan dezan, alegia, Hauteskundeen Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan, azaroaren 2ko 6/1992 Lege Organikoaren bidez aldatutakoan, 72. artikuluan adierazita dagoena. Baimenaren iraupena kalkulatzeko, goian aipaturiko irizpide berberak erabiliko dira, postetxeak irekitzeko ordutegia kontuan hartuta.

Kasu horietan guztietan, lanaldi partzialean aritzeko kontratatutako langileen kasuan, beren lanaldia ohikoa baino laburragoa baldin bada, baimenaren iraupena murriztuko da langileak duen lanaldiaren eta enpresa berean lanaldi osorako kontratatuta dauden langileen ohiko lanaldiaren arteko proportzioaren arabera.

Enpresari dagokio, lanaren antolamenduaren arabera, langileek botoa ematera joateko dituzten baimenak banatzea egunean zehar.

2.–Hauteskunde-mahaietako buru edo kide, artekari edo ahaldun diren langileentzako baimen ordaindua.

Hauteskunde-mahaietako buru edo kide diren langileek, baita artekari daudenek ere, bozketaren eguneko lanaldi osorako baimen ordaindua izateko eskubidea dute, baita hurrengo eguneko lanaldiko bost ordutarakoa ere. Ahaldunen kasuan, baimen hori bozketaren egunerako baizik ez da izanen. Atal horretan aipaturiko langileek lan egin beharra baldin badute hauteskunde-egunaren bezperan gaueko txandan, enpresak, interesdunak eskatuta, txanda aldatu beharko die, hauteskunde-egunaren aurreko gauean atsedenaldia hartu ahal izan dezaten.

3.–Apirilaren 16ko 605/1999 Errege Dekretuan adierazi diren eta aurreko ataletan azaldu diren baimenen ondoriozko lanaldi murrizketak ordainduak izanen dira, eta, Langileen Estatutuaren 37.3 d) artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, botoa eman izanaren ziurtagiria edo, hala badagokio, hauteskunde-mahaiaren ziurtagiria aurkeztu beharko da hori frogatzeko.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2023ko ekainaren 5ean.–Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.

Iragarkiaren kodea: F2308855