132. ALDIZKARIA - 2023ko ekainaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2023ko apirilaren 5ean hartua, onesten duena Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako I. Plana (2023-2026).

Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuak Nafarroako Gobernuari igorri dio, aintzat har dezan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako I. Plana (2023-2026).

Plan horren prestaketan, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak (NABI) eta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak osatu dute talde eragilea; bestetik, 2020ko urriaren 13an sortu zen negoziazio batzorde batean adostu da, non parte hartu baitute NABIko, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile funtzionarioen eta estatutupekoen Negoziazio Mahaian dauden sindikatuetako ordezkariek.

Plana lau urtez egonen da indarrean, eta xede du, batetik, bermatzea emakumeen eta gizonen arteko tratu- eta aukera-berdintasunaren printzipioa benetan aplikatzen dela Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako esparruan, eta, bestetik, sexuagatiko diskriminazioa deuseztatzea honako arlo hauei loturiko egoeretan: ordainpeko lanerako sarbidea, lan baldintzak, ordainsariak, prestakuntza, sustapen profesionala, bizitza pertsonalaren, lanaren eta familiaren kontziliazioa, indarkeria matxista, genero ikuspegia kontuan hartzen duen lan arriskuen prebentzioa, komunikazio inklusiboa eta hizkuntzaren erabilera ez-sexista.

Hauek dira planaren jarduketa ardatzak: "Gobernantza eredua", koherentzia eta euskarri orokorra eman nahi duena Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan berdintasun politikak garatzeko; "langileen sarbiderako eta lanpostuak betetzeko politika", helburu duena emakumeen eta gizonen berdintasun printzipioaren aplikazioa sendotzea enplegu publikorako sarbidean eta ardura postuetara iristeko sarbide prozesuetan, berdintasun arloko ezagutzak txertatzen joatea lanpostuak betetzeko prozesuetan eta emakume kalteberen enplegagarritasunari bultzada ematea; "prestakuntza politika", prestakuntzan sistematikoki sar dadin genero ikuspegia; "ordainsarien politika", zeinaren helburua baita jarduketak planteatzea ordainsarien arrakala sakon aztertzeko eta kasua bada hura zuzentzeko; "laneko denbora eta zainketak antolatzeko politika", zaintza-lanen balioa ezagutarazteko eta gizon enplegatu publikoen erantzunkidetasuna sustatzeko, "lan osasuneko politika", emakumeen eta gizonen berdintasunaren printzipioa eta genero ikuspegia txertatuz lan osasuneko prozeduretan eta, azkenik, "emakumeen aurkako indarkeriari bukaera ematea", zeinerako beharrezkoa baita askotariko neurriak ezartzea, batetik, horren gainean kontzientziatu, prebenitu eta jarduteko, eta, bestetik, administrazioaren erantzuna sistematizatzeko jazarpen sexuala edo sexuagatiko jazarpen egoerarik gertatuz gero.

Jarduketa ardatza horien barruan, 4 helburu estrategiko eta berariazko 9 helburu zehaztu dira. Eta, orobat, helburu horiek lortzeko 91 neurri. Neurri horietako bakoitzari zein ekitalditan (1. urtetik 4.era) ekin behar zaion ezarrita dago planean, bai eta neurriak egiteaz nor arduratu behar den ere.

Beraz, planak ekarriko du emakumeen eta gizonen tratu- eta aukera-berdintasunaren printzipioa betetzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen esparruan, eta hartan izan litekeen sexuagatiko diskriminazio oro deuseztatzea.

Amaierako proposamena Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile funtzionarioen eta estatutupekoen Negoziazio Mahaian parte hartzen duten sindikatuetako ordezkariekin negoziatu da, eta 2023ko martxoaren 14an onetsi.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Onestea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako I. Plana (2023-2026). Eranskinean jaso da.

2. Nafarroak Aldizkari Ofizialean argitaratzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako I. Plana (2023-2026).

Iruñean, 2023ko apirilaren 5ean.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Deskargatu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako I. Plana (2023-2026) (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2305607