132. ALDIZKARIA - 2023ko ekainaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

359E/2023 EBAZPENA, ekainaren 6koa, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez aldatzen baita industriako ETE-en inbertsioetarako laguntzen 2022ko deialdiaren 14.2 oinarria. DDBN identifikazioa: 627320.

Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiaren maiatzaren 16ko 180E/2022 Ebazpenaren bidez onetsi zen industriako ETE-en inbertsioetarako laguntzen 2022ko deialdia (2022ko 114. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ekainaren 9koa).

Aipatu deialdiaren babesean emandako laguntzen ordainketaren kudeaketa erraztearren, 14.2 oinarria aldatuko da 60.000 eurotik gorako kapitaleko laguntzen kasuan ordainketaren aurretik egin behar den inbertsioen egiaztapen materialerako eperik egon ez dadin, eta egiaztapenaren akta edo txosten batean jaso dadin.

Adierazitakoarekin bat, eta martxoaren 11ko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Aldatzea industriako ETE-en inbertsioetarako laguntzen 2022ko deialdiaren 14. oinarriko (Dirulaguntzaren ordainketa) 2. atala. Honela idatzita geldituko da:

"2. Dirulaguntzak 60.000 eurotik gorakoak baldin badira, laguntzen organo kudeatzaileak inbertsioaren egiaztapen materiala egin beharko du ordainketa egin aurretik. Horretarako, bisita bat eginen da inbertsioak egin diren enpresaren establezimendura, eta bisita hori egiaztapenaren akta edo txosten batean jasoko da. Une horretan enpresaren establezimenduan ez dauden inbertsio-elementuei dagokien dirulaguntza ez da ordainduko.

Dirulaguntzaren zenbatekoa 60.000 eurora bitartekoa bada, onuradunek argazki bidez egiaztatu beharko dute inbertsioak gauzatu dituztela".

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzenduta, argitaratu eta hurrengo egunetik hilabete igaro baino lehen.

Iruñean, 2023ko ekainaren 6an.–Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.

Iragarkiaren kodea: F2308884