131. ALDIZKARIA - 2023ko ekainaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

10/2023 EBAZPENA, maiatzaren 19koa, Migrazio Politiketako zuzendari nagusiak emana, prestakuntza beka baten deialdia egiten duena Informazio Zientzietan, Komunikazioan eta/edo antzeko titulazioetan gradua duten pertsonentzat, Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuko Kulturen arteko Bizikidetzarako eta Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurkako Borrokarako Zerbitzuan aritzeko. DDBN identifikazioa: 696334.

Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuko Kulturen arteko Bizikidetzarako eta Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurkako Borrokarako Zerbitzuko Zuzendaritzak prestakuntza beka baterako deia egin du Informazioaren Zientzietan, Komunikazioan eta/edo antzeko titulazioetan gradua duten pertsonentzat. Beka zerbitzu horretan berean aritzeko da, eta, hasieran urtebeteko iraupena duen arren, hasierako tartea eta luzapenak kontuan hartuta, hiru urtera arte luzatzen ahal da.

Beka horren deialdiari eta esleipenari esker, unibertsitateko tituludunen prestakuntza sustatu nahi da, hobeki eta modu zuzenagoan ezagut dezaten, teorikoki zein praktikoki, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioak kulturen arteko sentsibilizazioaren eta bizikidetzaren alde eta arrazismoaren aurka egiten duen lana.

Aukeratutako pertsonak Ayllu Zerbitzuak gauzatzen dituen jarduerei buruzko prestakuntza lanak eginen ditu, zehazki esparru hauetan lagunduz: kulturen arteko bizikidetza, komunikazio eta sentsibilizazio ekintzak, eta jardueren programazioan eta hedapenean lagun egitea.

Bekaren deialdiari eta kontzesioari buruz oinarri arautzaileetan aurreikusita ez dagoen orotan, arau hauetan xedatutakoari jarraituko zaio: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntzarako bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretua eta, osagarri gisa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea.

Bekaren zenbateko ekonomikoa Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren martxoaren 30eko 53/2020 Foru Aginduan xedatutakoari jarraikiz ezarriko da, foru agindu horren bidez eguneratu baitzen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza beken zuzkidura ekonomikoa.

Horrenbestez, Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 266/2019 Foru Dekretuaren 4. artikuluaren arabera,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea prestakuntza beka bat emateko deialdia Informazio Zientzietan, Komunikazioan eta/edo antzeko titulazioetan gradua duten pertsonentzat, ebazpen honen eranskinean jasotzen diren oinarrien arabera. Beka Ayllu Zerbitzuan aritzeko da, hau da, Kulturen arteko Bizikidetzarako eta Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurkako Borrokarako Zerbitzuan.

2. 14.497,08 euroko gastua baimentzea. Horietatik:

2023. urtean, guztizko gastua 7.190,45 eurokoa izanen da. Kopuru hori 2023ko Nafarroako Aurrekontu Orokorren "Praktiketako teknikarientzako prestakuntza bekak" izeneko F10002 F1200 4809 231900 partidaren kargura egotziko da, honela banatua:

–6.900 euro 2023ko Nafarroako Aurrekontu Orokorren "Praktiketako teknikarientzako prestakuntza bekak" izeneko partidaren kargura egotziko dira, 6 hilabeteko soldatak ordaintzeko kontzeptu gisa.

–290,45 euro, 5 hilabetez Gizarte Segurantzako enpresaren kuota ordaintzeko, hileko 58,09 eurokoa baita, 2023ko uztailetik azarora arte.

2023ko abenduko 58,09 euroko kuota 2024ko urtarrilean ordainduko da, 2024ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan horretarako gaitzen den partidaren kargura.

2024an, guztizko gastua 7.306,63 eurokoa izanen da, baldin eta horretarako kreditu egoki aski bada, eta 2024. urteko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan horretarako gaitzen den partidaren kargura egotziko da. Kopuru hori honela banatzen da:

–6.900 euro, 2023ko urtarriletik ekainera bitarteko hileko soldatak ordaintzeko.

–406,63 euro, Gizarte Segurantzako kuota zazpi hilabetez ordaintzeko, 2023ko abendutik 2024ko ekainera.

Hurrengo urteetan, beka luzatzen bada, zenbatekoak berberak izanen dira: 1.150 euro hilean, gehi Gizarte Segurantzako kuotari dagozkion 58,09 euro hilean.

Beka 2024-2025 eta 2025-2026 urteetara luzatzen bada, urte horietako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan horretarako gaitzen diren partiden kargura egotziko da gastua, baldin eta horretarako kreditu egokirik eta askirik baldin badago.

2024., 2025. edo 2026. urteetan Gizarte Segurantzako kuota eguneratzen bada, erreserbatutako eta baimendutako kopuruak ere eguneratuko dira.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

5. Ebazpen hau igortzea Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira eta Ayllu-Kulturen arteko Bizikidetzarako eta Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurkako Borrokarako Zerbitzura, baita Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera ere, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko maiatzaren 19an.–Migrazio Politiketako zuzendari nagusia, Patricia Ruiz de Irizar.

I. ERANSKINA.–OINARRIAK, AYLLU-KULTUREN ARTEKO BIZIKIDETZARAKO ETA ARRAZISMOAREN ETA XENOFOBIAREN AURKAKO BORROKARAKO ZERBITZUAN ARITZEKO PRESTAKUNTZA BEKA BATEN DEIALDIARI DAGOZKIONAK

1. Xedea.

Oinarri hauen helburua da arautzea nola emanen den, norgehiagokako araubidean, Ayllu-Kulturen arteko Bizikidetzarako eta Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurkako Borrokarako Zerbitzuan aritzeko prestakuntza beka bat, Komunikazioan, Informazio Zientzietan edo antzeko titulazioetan unibertsitateko gradua dutenei zuzendua.

Bekaren helburua aukeratutako pertsonaren prestakuntza bultzatzea da, ezagutza zuzenagoa eskura dezan Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuak migrazio politiken esparruan gauzatzen dituen ekintzen gainean.

2. Aurrekontuko diru erabilgarria.

Bekaren urteko gehieneko zenbatekoa 14.497,08 eurokoa izanen da, eta 2023rako Nafarroako aurrekontu Orokorretako F10002 F1200 4809 231900 partidaren kargura egotziko da ("Praktiketako teknikarientzako prestakuntza bekak"), edo helburu horrekin hurrengo urteetako aurrekontuetan gaitzen den partidaren kargura, ezertan galarazi gabe enplegatzaileak Gizarte Segurantzara bideratutako zenbatekoak eguneratzeko aukera, indarreko araudia aldatzen bada.

2023. urtean, guztizko gastua 7.190,45 eurokoa izanen da. Kopuru hori 2023ko Nafarroako Aurrekontu Orokorren "Praktiketako teknikarientzako prestakuntza bekak" izeneko F10002 F1200 4809 231900 partidaren kargura egotziko da, honela banatua:

–6.900 euro 2023ko Nafarroako Aurrekontu Orokorren "Praktiketako teknikarientzako prestakuntza bekak" izeneko partidaren kargura egotziko dira, 6 hilabeteko soldatak ordaintzeko kontzeptu gisa.

–290,45 euro, 5 hilabetez Gizarte Segurantzako enpresaren kuota ordaintzeko, hileko 58,09 eurokoa baita, 2023ko uztailetik azarora arte.

2023ko abenduko 58,09 euroko kuota 2023ko urtarrilean ordainduko da, 2024ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan horretarako gaitzen den partidaren kargura.

2024an, guztizko gastua 7.306,63 eurokoa izanen da, baldin eta horretarako kreditu egoki aski bada, eta 2024. urteko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan horretarako gaitzen den partidaren kargura egotziko da. Kopuru hori honela banatzen da:

–6.900 euro, 2024ko urtarriletik ekainera bitarteko hileko soldatak ordaintzeko.

–406,63 euro, Gizarte Segurantzako kuota zazpi hilabetez ordaintzeko, 2022ko abendutik 2024ko ekainera.

Hurrengo urteetan, beka luzatzen bada, zenbatekoak berberak izanen dira: 1.150 euro hilean, gehi Gizarte Segurantzako kuotari dagozkion 58,09 euro hilean.

Beka 2024-2025 eta 2025-2026 urteetara luzatzen bada, urte horietako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan horretarako gaitzen diren partiden kargura egotziko da gastua, baldin eta horretarako kreditu egokirik eta askirik baldin badago.

2024., 2025. edo 2026. urteetan Gizarte Segurantzako kuota eguneratzen bada, erreserbatutako eta baimendutako kopuruak ere eguneratuko dira.

3. Iraupena.

Bekaldiak hamabi hilabete iraunen du. 2023ko uztailaren 1ean hasi eta 2024ko ekainaren 30ean bukatzea da asmoa, baina urtebeteko aldietarako luzatzen ahal da, 3 urte bete arte, hasiera eta luzapenak kontatuta. Luzapen hori emanen da aurrekontuetan horretarako behar adina diru badago.

4. Bekaren zenbatekoa eta ordainketa.

Beka bakoitzak hilero 1.150 euro gordina izanen du, edo dagokion zati proportzionala, hala badagokio. Kopuru horretatik bekadunari dagokion Gizarte Segurantzaren kuota deskontatuko da. Halaber, diru kopuru horri pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari dagokion konturako atxikipena eginen zaio, indarra duten arauei jarraikiz hala egin behar baldin bada.

Bekaren onuraduna besteren konturako langileen parekoa izanen da Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean sartzearen ondorioetarako, urriaren 24ko 1493/2011 Errege Dekretuan ezarri bezala; dekretu horrek arautzen du nola eta zein baldintzatan sartzen diren prestakuntza programetan parte hartzen dutenak Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean, garatzeko Gizarte Segurantzaren sistema eguneratu, egokitu eta modernizatzeari buruzko abuztuaren 1eko 27/2011 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian aurreikusitakoa.

Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean sartzeko, bertan kidetzeko eta/edo alta hartzeko, eta araubide horretatik ateratzeko ere, kontuan hartuko da parte-hartzailea noiz hasten den prestakuntza programan eta noiz uzten duen, enpresak Gizarte Segurantzan inskribatzeko eta langileak kidetzeko, alta eta bajak hartzeko eta haien datuak aldatzeko Erregelamendu Orokorrean ezarritako modu, epe eta ondorioekin. Urtarrilaren 26ko 84/1996 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen erregelamendu hori.

Bekadunari ordaintzen zaion dirua ez da soldata edo ordainsaritzat hartuko, laguntza ekonomiko publikotzat baizik.

5. Bateraezintasunak.

Prestakuntza beka hau ez da bateragarria izanen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio batzuek edo beste entitate publiko edo pribatuek edo partikularrek ematen dituzten beste batzuekin.

6. Eskatzaileak.

Beka hartzen ahalko dute, bakar-bakarrik, jarraian azaltzen diren betebehar guztiak betetzen dituzten pertsona fisikoek:

a) Adinez nagusia izatea.

b) Espainiarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo, Europako Erkidegoak sinatu eta Espainiako estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa. Espainiako nazionalitatea ez duenak gaztelaniaz behar adina badakiela frogatu beharko du.

c) Jarduteko gaitasun osoa izatea eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen laguntza eta dirulaguntza publikoak jasotzeko desgaitua ez egotea.

d) Bizitokia Nafarroan izatea, deialdiaren eguna baino urtebete lehenagotik gutxienez.

e) Komunikazioko edo Informazio Zientzietako unibertsitateko gradudun titulua edo antzeko tituluren bat izatea, Espainiako agintariek emana, homologatua edo baliokidetzat hartua.

f) Eskatutako titulua eskuratua izatea prestakuntza bekarako deialdia egin aurreko hiru urteen barrenean.

g) Euskararen jakite-maila frogatzen duen titulu edo ziurtagiri bat izatea, B1 mailaren baliokidea dena. Horri dagokionez kontuan hartuko diren baliokidetasunak Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak irailaren 13an emandako 210/2010 Ebazpenean bildutakoak dira. Izan ere, ebazpen horren bidez ezarri ziren euskararen eta Europar Batasuneko hizkuntzen jakite-maila egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliozkotzeak, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera.

h) Ez izatea ezintasun fisikorik edo gaixotasunik, bekaren xedeko prestakuntzan aritzea galaraz diezaiokeenik.

Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira baldintza guztiak, eta, orobat, bekaldiak irauten duen bitartean mantendu.

7. Eskaerak.

7.1. Eskaerak deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko 21 egun naturalean aurkeztuko dira.

Interesdunek Nafarroako Gobernuaren edozein erregistro bulegotan (hartarako gaituak daudenetan) aurkezten ahal dute eskaera. Horien zerrenda hemen agertzen da:

https://www.navarra.es/eu/herritarren-arreta/bulegoetako-arreta

Halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatzen diren lekuetako edozeinetan aurkez daitezke.

Era berean, telematikoki aurkezten ahal dira Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariko zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/). Fitxa horretan, esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko, eta bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

7.2. Honako agiri hauek aurkeztu behar dira eskabide orokorrarekin batera:

a) Eskaera-orria, II. eranskinean agertzen den ereduaren araberakoa.

b) Nortasun Agiri Nazionalaren/Pasaportearen/AIZren fotokopia.

c) Eskatzailearen curriculum vitae-a, non jasoko baitira, zehatz-mehatz, aipatutako merezimendu guztiak, eta dagozkien ziurtagiriak.

d) 6.e) oinarrian aipatzen den titulu ofizialaren fotokopia.

e) Ikasketa-espedientearen ziurtagiria eta haren batez besteko nota, espresuki aipatuta ikasmaila bakoitzeko irakasgai guztien kalifikazioak eta zein deialditan gainditu zituen.

f) Euskararen ezagutza egiaztatzen duen titulua edo ziurtagiria, 6.g oinarrian aipatu dena.

g) Nafarroan erroldatua egotearen ziurtagiria, erroldaren antzinatasuna zehaztuta.

h) Alegatutako merezimenduen gaineko ziurtagiriak eta fotokopiak, 9. oinarriaren arabera baloratuak izateko.

i) Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, adierazten duena ez dagoela onuradun izatea galarazten dioten egoeretako bakar batean ere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluaren arabera.

7.3. Epearen barrenean aurkeztutako eskaerak aurreko zenbakietan finkatutako baldintzak betetzen ez baditu, organo eskudunak interesdunari eskatuko dio hamar egun balioduneko epean zuzendu dezala, eta adieraziko dio ezen, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela, eta hori jakinaraziko zaiola.

Deialdian ezarritako merezimenduei buruzko agiriak aurkezten ez badira, ezin izanen da zuzenketarik egin.

7.4. Prestakuntza beka hau jasotzeko eskaera aurkezteak berekin dakar eskatzaileak deialdiaren oinarriak onartzea.

8. Ebaluazio Batzordearen osaera eta prozeduraren instrukzioa.

8.1. Ebaluazio Batzordea arduratuko da betebeharrak egiaztatzeaz, bekak eskatzen dituztenek alegatutako merezimenduak ebaluatzeaz eta ebazpen proposamena prestatzeaz. Ebazpen horretan izangai onartu bakoitzari guztira emandako puntuak adieraziko dira.

Ebaluazio Batzordea honako hauek osatuko dute:

–Batzordeburua: Idoia Saralegui San Sebastián, Ayllu-Kulturen arteko Bizikidetzarako eta Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurkako Borrokarako Zerbitzuko zuzendaria.

  • Ordezko batzordeburua: Patricia Ruiz de Irizar, Migrazio Politiketako zuzendari nagusia.

–Idazkaria: Andoni Serrano, Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuko arlo juridikoko teknikaria

  • Ordezko idazkaria: Alberto Zamborán, Ayllu-Kulturen arteko Bizikidetzarako eta Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurkako Borrokarako Zerbitzuko teknikaria.

–Batzordekidea: Guillermo Nagore Frauca, Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuko kabineteburua.

  • Ordezkoa: Daniel Burgui, Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuko Kabineteko idazkaria.

8.2. Ebaluazio Batzordeak kalifikatuko ditu hautagai bakoitzak alegatutako merezimenduak, eta hori egiteko 9. oinarrian ezarritako balorazio baremoa erabiliko du.

Ebaluazioa bukatuta, Ebaluazio Batzordeak beka emateko proposamena igorriko dio organo eskudunari, baita onartutako pertsona bakoitzari emandako guztizko puntuazioa ere. Nolanahi ere, proposamen hori loteslea izanen da.

9. Balorazio baremoa.

Eskaerak baloratzeko, honako baremo honen arabera kalifikatuko dira merezimenduak (14 puntu lortzen ahal dira gehienez):

a) Ikasketa espedientea. Gehienez ere: 4 puntu.

b) Hizkuntzak jakitea: ingelesa, frantsesa eta beste hizkuntza komunitario batzuk. Gehienez ere: 1,5 puntu.

C1 mailaren baliokidea den titulua edo ziurtagiria izatea. Horri begira kontuan hartuko diren baliokidetasunak Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak irailaren 13an emandako 210/2010 Ebazpenean bildutakoak dira. Izan ere, ebazpen horren bidez ezarri ziren euskararen eta Europar Batasuneko hizkuntzen jakite-maila egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliozkotzeak, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera. Hala, ingeles edo frantses titulua izanez gero, 0,50 puntu emanen dira, eta beste hizkuntza batzuetakoak, 0,25 puntu.

B2 mailaren baliokidetzat aitortutako titulazioak edo ziurtagiriak izanez gero, 0,25 puntu emanen dira.

B2 mailatik beherako titulazioei edo ziurtagiriei ez zaie punturik emanen.

c) Beka emateko eskatzen ez diren beste unibertsitate titulu batzuk, bekaren xede diren arloekin lotura zuzena dutenak. Gehienez ere 2,5 puntu eskuratzen ahalko dira.

–Doktoretza: 2 puntu.

–Masterra: 1 puntu.

–Beste gradu batzuk: 0,5 puntu.

d) Esperientzia profesionala edo boluntariotzakoa izatea sare sozialen kudeaketarekin, sentsibilizazio-kanpainak egitearekin eta/edo kulturarteko bizikidetzako, migratzaileen harrerako eta arrazakeriaren aurkako proiektuekin lotutako gaietan. Gehienez ere, puntu bat.

0,25 puntu emanen dira langile edo boluntario gisa emandako hiru hilabeteko aldi bakoitzeko. Hiru hilabetetik gorako aldiak baizik ez dira baloratuko, behar bezala justifikaturik badaude dokumentu fede-emaile baten bidez (ziurtagiria, nomina, entitatearen arduradunaren aitorpena, eta abar).

e) Elkarrizketa pertsonala. Kalifikazio onenak lortzen dituzten lehenbiziko 6 pertsonei aurrez aurreko elkarrizketa bat eginen zaie. Elkarrizketari 5 puntu arteko balorazioa emanen zaio, honako hauek aintzat hartuz: migrazio politikekin zerikusia duten lanei buruzko ezagutza, sentsibilitate-kanpainei buruzko ezagutza, araudi administratiboa ezagutzea eta, bereziki, migrazio-politikekin lotutakoa; motibazioa, ekimena, erantzunen argitasuna eta ordena, gaiak beren artean lotzeko gaitasuna, lantaldean aritzeko gaitasuna eta bestelako trebetasun sozialak.

Eskatzaileei telefonoz eta posta elektronikoz deituko zaie, elkarrizketa egin baino 72 ordu lehenago gutxienez. Elkarrizketa egitea ezinbestekoa da, eta hautapen prozesutik kanpo geratuko da bertara agertzen ez dena.

10. Beka ematea.

10.1. Migrazio Politiketako zuzendariaren ebazpen bidez emanen da beka, Ebaluazio Batzordeak proposatuta, 8. oinarrian ezarritakoari jarraituz. Ebazpenean, gutxienez, gainditu duten eskatzaileen zerrenda jaso beharko da, baita beka nori emanen zaion ere (puntuazio altuena lortzen duenari, alegia), eta espresuki adieraziko da gainerako eskaerak ezetsi direla, halakorik baldin bada.

Ebazpen hori eta hautagaien lehentasun-ordena, merezimenduen baremazioan lortutako puntuazioaren arabera ordenatua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean emanen da argitara informazio ondorioetarako.

Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta hiru hilabeteko epean berariazko ebazpenik jakinarazten ez bada, ukatu egin direla ulertuko da.

10.2. Beka jasotzeko hautatzen den pertsonak, beka emateko ebazpena jakinarazten denetik gehienez ere 10 egun balioduneko epean, prestakuntza beka eskatzerakoan alegatu zituen merezimendu guztien jatorrizko egiaztagiriak edo haien kopia konpultsatuak aurkeztu beharko ditu. Dokumentazioa aurkeztu ezean, puntu-sailkapenean bigarren denari esleituko zaio beka, eta, horrela, modu berean jokatuko da hurrengoekin ere.

11. Tutoretzak.

11.1. Bekaren onuradunaren egintzak Ayllu-Kulturen arteko Bizikidetzarako eta Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurkako Borrokarako Zerbitzuko zuzendariak zuzendu eta gainbegiratuko ditu.

11.2. Esleitzen zaizkion zereginak prestakuntzara bideratuta egonen dira, Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuaren sentsibilizazio-ekintzen eremuan, "Nafarroa Koloretan" markaren barnean (diseinu grafikoa, sare sozialen kudeaketa eta Koloreetako Eskoletako teknikari arduradunekiko koordinazioa, baita eskatutako titulazioarekin zerikusia duten beste eremu batzuk ere).

11.3. Tutoreak ordutegiak zehaztuko ditu (gehienetan 8:00etatik 15:00etara, astelehenetik ostiralera), eta begiratuko du bekadunak bere betebehar orokor eta zehatzak betetzen dituela.

12. Justifikatzeko epea eta modua.

Beka amaitu eta hurrengo hilabeteko epean, egindako prestakuntza jardueraren azken memoria aurkeztu beharko du onuradunak.

Azken memoria hori prestatzen ez badu, jaso duen bekaren azkeneko hileko saria itzultzeko eskatuko zaio.

Memoriak tutorearen adostasuna izan beharko du, eta hark balorazio bat gehituko du beka emateko baldintzen eta aurreikusitako helburuen betetze-mailari buruz.

13. Onuradunaren betebeharrak.

Bekaren onuradunak apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren 19. artikuluan adierazitako betebehar orokorrak bete beharko ditu, foru dekretu horren bidez ezarri baitzen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra. Besteak beste, betebehar hauek izanen ditu:

a) Bekaren xedeko prestakuntza jarduera betetzea.

b) Organo emaileari justifikatzea betebeharrak eta baldintzak betetzen dituela eta, orobat, beka jasotzeko arrazoi izan diren jarduerak egin dituela eta helburuak bete direla.

c) Eskumena duten organoek eman den bekaren gainean egiten ahal dituzten egiaztapen lan guztiak onartzea.

d) Xede berarekin eskatu edo jaso dituen bestelako beka edo dirulaguntzen berri ematea beka eman duen organoari.

e) Nafarroako Ogasun Publikoarekiko zerga arloko betebeharrak egunean dituela egiaztatzea. Dena dela, eskaera-orrian hala adieraziz, baimena ematen ahalko dio Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuari jarduerak hasten direnean bere zerga betebeharrak egunean dituela egiaztatzeko behar diren datuak kontsulta ditzan.

f) Bere gain hartzea Gizarte Segurantzaren araubidean sartzeagatik dagozkion betebeharrak.

g) Organo eskudunari jakinaraztea emandako bekari espresuki uko egiten diola, jarduerak utzi baino hamabost egun natural lehenago gutxienez.

h) Bekadun gisa aritu dela adieraztea bekaren zuzeneko ondorio diren jarduera eta argitalpen guztietan.

i) Sekretua eta konfidentzialtasuna gordetzea prestakuntza jarduera gauzatu bitartean ezagutzen duen isilpeko informazio tekniko edo administratiboaren gainean.

j) Zein erakundetan jarduten duen, bertako barne- edo funtzionamendu-araudia betetzea.

14. Prestakuntza jardueraren hasiera eta ukoak.

Onuradunak beka emateko ebazpenean adierazten den egunean hasi beharko du lanean. Horrela egiten ez badu, bekari behin betiko uko egiten diola ulertuko da, non eta organo eskudunak ezinbesteko arrazoiak edo behar bezala justifikatutako beste edozein gorabehera ikusten ez dituen.

Bekari uko eginez gero, Kulturen arteko Bizikidetzarako eta Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurkako Borrokarako Zerbitzuko Zuzendaritzari eman beharko zaio horren berri, hamabost egun natural lehenago gutxienez.

Emandako bekari edozein arrazoirengatik uko eginez gero, zilegi izanen da utzitako beka instrukzio organoak ezarritako zerrendan hurrengoa denari ematea, deusetan galarazi gabe onuradunak uko egin arte zituen betebeharrak.

15. Prestakuntza jarduera egitea.

Bekaren xede diren jarduerak Migrazio Politiken Zuzendaritza Nagusiaren instalazioetan eginen dira, astean gehienez ere 30 orduz.

Bekaldiaren hilabete bakoitzeko 2,5 egun naturaleko atsedenaldia emanen zaio onuradunari.

16. Jabetza intelektuala.

Bekaren onuradunak jabetza intelektualaren gainean dituen eskubideak, bekaldian egindako jardueraren ondorioz eskuratzen dituenak, eskubide horiek erregulatzen dituzten estatuko arauetan ezarritakoari jarraikiz arautuko dira. Horri dagokionez, Administrazio Publikoak ez dio uko egiten agirien, azterlanen, ikerlanen, lanen, eskubideen, emaitza zientifikoen eta izan litezkeen asmakuntzen gainean legokiokeen jabetzari.

17. Lan edo administrazio harremanik eza.

17.1. Beka gozatzea eta bekaduna izatea ez da zerbitzuak ematea, eta egoera horrek ez dakar berekin lan harremanik, harreman administratiborik edo estatutupekorik sortzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin edo haren erakunde autonomoekin, ez eta antzeko eskubiderik lortzea ere. Administrazioak ez du konpromisorik hartuko beka bukatutakoan bekaduna bere plantillan sartzeko.

17.2. Prestakuntza bekaren onuradunari agintzen zaizkion lan edo jarduerak kasuan kasuko departamentuko funtzionario edo kontratudunek gainbegiratuko dituzte, eta haiek izanen dira lan horien erantzuleak. Bekadunak ezin izanen ditu funtzionario publikoen eginkizunak bete edo berarentzat hartu, ez eta hirugarrenen aurrean administrazio publikoaren kide, ordezkari edo agente gisa agertu ere.

18. Kalte-ordainak jasotzeko eskubidea.

Bekadunak, prestakuntza zer administrazio publikorekin egiten ari den, administrazio horrekin duen harreman juridikoa ezertan aldatu gabe, eskubidea izanen du zerbitzuagatik eta bidaiengatik izaten dituen gastuengatik funtzionarioei dagozkien ordain berberak jasotzeko.

19. Ez-betetzeak.

Bekadunak esleitzen zaizkion betebehar eta eginkizunak betetzen ez baditu, haiek egitean ardurarik jartzen ez badu, errendimendu eta aprobetxamendu eskasa badu edo lanak kalitate gabekoak badira, azken memoria aurkezten ez badu, edo tutorearen oniritzia lortzen ez badu, edo beka emateko aintzat hartu ziren baldintzak aldatuz gero, eta, batez ere, bateraezinak diren bekak edo dirulaguntzak lortuz gero, beka itzuli beharko du, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarri bezala.

20. Errekurtsoak.

Oinarri arautzaile hauen kontra bidezkoa da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoari jarraikiz.

Oinarri arautzaile hauek aplikatuz Migrazio Politiketako zuzendari nagusiak ematen dituen ebazpenen kontra bidezkoa da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilariari zuzendua, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoari jarraikiz. Errekurritutako egintza berariazkoa ez bada, edozein unetan jartzen ahalko da gora jotzeko errekurtsoa, isiltasun administratiboaren ondorioak hasi eta biharamunetik aurrera.

21. Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri hauetan ezarrita ez dagoen orotan, arau hauetan xedatutakoari jarraituko zaio: 172/2004 Foru Dekretua, apirilaren 19koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duena, eta 11/2005 Foru Legea, azaroaren 9koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

II. ERANSKINA.–ESKABIDEA

PRESTAKUNTZA-BEKA BATEN DEIALDIA AYLLU ZERBITZUAN ARITZEKO (MIGRAZIO POLITIKETAKO ZUZENDARITZAREN KULTUREN ARTEKO BIZIKIDETZARAKO ETA ARRAZISMOAREN ETA XENOFOBIAREN AURKAKO BORROKARAKO ZERBITZUA)

DATU PERTSONALAK:

Deiturak eta izena: ................................................................................................................................

NANa: .......................... Nazionalitatea: .......................................... Jaioteguna: ....................................

Helbidea (kalea, zenbakia, atea): ............................................................................................................

Herria: ......................................................................................... Posta kodea: .................................

Telefonoa: .................... Posta elektronikoko helbidea: ...........................................................................

FROGATZEN DITUEN DATUAK ETA EKARRITAKO DOKUMENTAZIOA:

A) Nortasunari buruzkoak.

–NANa [ ]

–Erroldatze-ziurtagiria [ ]

B) Ikasketen gaineko datuak

Titulazioa: ..............................................................................................................................................

Noiz eman edo eskatu zen titulua: ............................................... Batez besteko nota: ...................

Karrera zein urtetan hasia: .................................... Zein urtetan bukatu zuen karrera: .....................

Aurkeztutako frogagiria: .....................................................................................................................

C) Euskaraz jakitea:

Titulua ..............................................................................................................................................

Aurkeztutako frogagiria: ....................................................................................................................

Noiz eman edo eskatu zen titulua: ............................................ Batez besteko nota: ......................

D) Gaiarekin zerikusia duten unibertsitateko beste titulu akademiko batzuk:

TITULAZIOA

ADIERAZI
GRADUA/MASTERRA... DEN

AURKEZTUTAKO FROGAGIRIA

(*) Behar adina errenkada gehitu

E) Prestakuntza ikastaroak:

IKASTAROAREN IZENA

ORDU KOPURUA

ZER ERAKUNDEK EMANA

AURKEZTUTAKO FROGAGIRIA

(*) Behar adina errenkada gehitu:

F) Titulazioarekin lotutako proiektuetan izandako parte-hartzea (bekak, praktikak eta abar):

BEKA/PRAKTIKAK

ERAKUNDEA

KONTRATUAREN/BEKAREN IRAUPENA

AURKEZTUTAKO FROGAGIRIA

(*) Behar adina errenkada gehitu:

G) Hizkuntzak:

HIZKUNTZA

FROGATUTAKO MAILA

ZER ERAKUNDEK EMANA

AURKEZTUTAKO FROGAGIRIA

(*) Behar adina errenkada gehitu:

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluko betebeharren gaineko aitorpena.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan ezarritako betebeharrak betetzeari dagokionez, adierazten dut ez nagoela artikulu horretan bekaren onuradun izateko ezarri diren debeku-egoeretatik bakar batean ere.

6. h) oinarria betetzeari dagokionez, aitortzen dut ez dudala desgaitasun fisikorik, ez eta eritasunik ere, prestakuntza jarduera betetzea galaraz dezakeenik.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, eskaera aurkezteak berekin dakar interesdunak organo kudeatzaileari baimena ematea Zerga Administrazioko Estatu Agentziak, Nafarroako Zerga Ogasunak eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak luzatu beharreko ziurtagiriak eskatzeko, haiekin zorrik ez dudala egiaztatzeko.

–Deialdi honetan parte hartzeak berekin ekarriko du Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuak entitate parte-hartzaileen datuen tratamendua egitea, eta tratamenduaren arduraduna Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusia izanen da.

Datuen tratamendua justifikatzen duen helburua da deialdian parte-hartzea kudeatzea, eta interes publikoko edo botere publikoko legitimazioa du, Datuak Babesteko (EB) 2016/679 Erregelamendu Orokorraren 6.1.e) artikuluak ezartzen duen bezala. Horren oinarri juridikoa Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea da.

Interesdunek datu pertsonaletan sartzeko eskubidea, datu horiek zuzentzeko edo kentzeko eskubidea, tratamendua mugatzeko eskubidea, datuak tratatzearen aurka egiteko eskubidea eta datuak transferitzeko eskubidea dute, eta eskubide horiek erabiltzeko hona jo behar dute: dpd@navarra.es.

Nork sinatua:

.............................................(e)n, ...............(e)ko ........................................aren .........(e)(a)n.

Iragarkiaren kodea: F2307956