Iragarkia
131. ALDIZKARIA - 2023ko ekainaren 22a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
213E/2023 EBAZPENA, ekainaren 7koa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita Merkataritzarako Funts Teknologikoaren Programako dirulaguntzen 2023ko deialdia, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan. DDBN identifikazioa: 701840.
Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren bidez ezarritako Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa (SEM) «Next Generation EU» programaren osagai nagusia da (programa hori ekonomia bultzatzeko tresna da, Europar Batasunak finantzatua, COVID-19aren pandemiak eragindako krisiari aurre egiteko).
SEMean sartu ahal izateko, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana (aurrerantzean SEEP) onetsi zuen Espainiak, Ministroen Kontseiluak 2021eko apirilaren 27an hartutako Erabakiaren bidez.
2022ko maiatzaren 9an Merkataritzako Konferentzia Sektorialean hartutako Erabakian, Merkataritza Modernizatzeko Funts Teknologikoaren Programara bideratutako kredituaren lurralde banaketaren irizpideak finkatu ziren, baita haren ondoriozko banaketa ere, autonomia erkidegoetarako eta Ceuta eta Melilla hirietarako. Guztira, 100 milioi euroko zenbatekoa zen, 2022 eta 2023 ekitaldietarako.
Aipatu erabakia Merkataritzako Estatuko Idazkaritzaren 2022ko maiatzaren 19ko Ebazpenaren bidez argitaratu zen (2022ko 216. Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, 2022ko maiatzaren 27koan).
Funts horietatik, Nafarroari 1.522.768 euro esleitu zaizkio 2022-2023 aldirako, hots, 761.384 euro urte horietako bakoitzerako. Behin %6ko ezarpen gastuak kenduta (hori da programa kudeatzeko eta programa kudeatuko duten langileak kontratatzeko gehienez erabiltzen ahal den zenbatekoa), gainerako funtsak (1.431.401,92 euro) 2022. eta 2023. urteetan dirulaguntza deialdi bana onesteko erabiltzea aurreikusi da.
Ebazpen honek arautzen duen laguntzen lerroa Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren (SEEP) 13. osagaian jasotzen da, "ETEak sustatzea" izenekoan, "Merkataritzarentzako laguntza" izeneko 4. inbertsioan, "Merkataritza Modernizatzeko Funts Teknologikoaren Programa" jarduketaren barnean (C.13.I4.1.2 azpineurria). Jarduketa horretan, enplegua eta gizarte kohesioa sortzen baitute, merkatari txiki eta ertainei zuzendutako laguntzen lerro bat jasotzen da, banaka edo elkarteen bidez, sektorean teknologia berriak txertatzeko proiektuak finantzatzeko, tokiko merkataritzari kontsumo ohitura berriei erantzuten lagunduko diotenak eta saltegiaren beraren edo haren negozio ereduaren eraldaketa digitalean eta jasangarritasunean inpaktua izanen dutenak.
Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoan eta SEEPean ezarritako helburuei jarraikiz, laguntza lerro honen berariazko helburua da txikizkako merkataritzaren sektorea eguneratzeko eta modernizatzeko jarduerak garatzeko proiektuak sustatzea, kontsumo ohitura berrietara egokitze aldera, eta jasangarritasuna, efizientzia, birziklatzea eta saltegietako hondakinak berrerabiltzea hobetzeko lagungarriak izanen diren teknologia berriak eta soluzioak sustatzeko.
Bestalde, Suspertze Planean eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduan xedatutakoa betez, deialdi honetan finantzatutako jarduketa guztiek bete behar dute ingurumenari kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioa (DNSH).
Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusiaren irailaren 12ko 127E/2022 Ebazpenaren bidez, Merkataritza Modernizatzeko Funts Teknologikoaren Programa, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoak (SEM) finantzatua, kudeatzeko plana onetsi zen.
Haren ekonomia eta aurrekontu planaren arabera, proposatzen zen 2022an dirulaguntzen lehenbiziko deialdi bat onestea, 715.700,96 eurokoa, eta, ondoren, dirulaguntzen beste deialdi bat 2023an, zenbateko berekoa.
Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusiaren azaroaren 30eko 169E/2022 Ebazpenaren bidez, Merkataritzarako Funts Teknologikoaren Programako dirulaguntzen deialdia onetsi zen, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan, 2022. urterako.
Ebazpen horrek guztira 715.700,96 euroko gastua baimendu zuen, eta horietatik 500.990,67 euro bideratu dira txikizkako merkataritzako mikroenpresei eta enpresa txiki eta ertainei zuzendutako laguntzen lerroari erantzuteko, eta kreditu hori osorik konprometitzea aurreikusten da, laguntzen lerro horretan oraindik ebatzi gabe dauden eskaerak eta orain arte onartutako konpromisoak ikusita.
Aldiz, merkataritzaren sektoreko irabazi asmorik gabeko elkarteei zuzendutako laguntzen lerrorako baimendutako gastua, 214.710,29 eurokoa, aski izan da lerro horretan aurkeztu diren eskaeren ondoriozko konpromisoei erantzuteko eta, horrenbestez, lerro horretarako baimendutako gastutik eskuragarri eta konprometitu gabe gelditu den dirua askatu egin da Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusiaren maiatzaren 16ko 148E/2023 Ebazpenaren bidez, laguntzen lerro bererako erabil dadin, baina 2023ko deialdian.
Era berean, 2023ko dirulaguntzen deialdian baimendutako gastua handitzeko aukera ezarri da, halako moduz ezen gehitzen ahalko baitzaizkio Merkataritzarako Funts Teknologikoaren Programako 2022ko deialdian emandako dirulaguntzen uko-egiteetatik etor litezkeen aurrekontu baliabideak.
Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Merkataritza Modernizatzeko Funts Teknologikoaren Programako dirulaguntzen 2023ko deialdia onestea, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan.
2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean bildu dira.
3. Guztira 890.343,71 euroko gastua baimentzea, 2023ko gastuen Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, deialdi honen ondoriozko konpromisoei aurre egiteko. Honela finantzatuko da:
AURREKONTUKO PARTIDA | ZENBATEKOA |
830000-83000-7701-431400. (PEP: E-22/000514-01) SEM Merkataritzarako Funts Teknologikoaren dirulaguntzak. Enpresa txiki eta ertainak | 500.990,52 |
830000-83000-7819-431400. (PEP: E-22/000514-01) SEM Merkataritzarako Funts Teknologikoaren dirulaguntzak. Merkataritzako kolektiboak | 389.353,19 |
GUZTIRA | 890.343,71 |
4. Ebazpen hau eta haren eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Deialdi honen kontra, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko zaio Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.
Iruñean, 2023ko ekainaren 7an.–Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusia, Maitena Ezkutari Artieda.
ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK, MERKATARITZA MODERNIZATZEKO FUNTS TEKNOLOGIKOAREN PROGRAMAKO DIRULAGUNTZEN 2023KO DEIALDIRAKO, SUSPERTZE, ERALDATZE ETA ERRESILIENTZIA PLANAREN ESPARRUAN
1. oinarria. Xedea eta helburua.
1. Deialdi honen xedea da dirulaguntzak emateko araubidea ezartzea, zehazki, merkataritzako enpresa txiki eta ertainen (ETE) eraldaketa digital eta jasangarriaren bidez haien lehiakortasuna eta modernizazioa bultzatzeko eta sustatzeko helburua duten dirulaguntzetarako.
2. Laguntza hauen helburua da txikizkako merkataritzako enpresa txiki eta ertainek, banaka edo beren elkarteen bitartez, aurkezten dituzten eduki teknologiko, berritzaile eta jasangarriko plan eta proiektuen garapena finantzatzea. Plan eta proiektu horiek eragina izan behar dute merkataritza jardueraren kudeaketan eta negozio ereduan, kontsumo ohitura berrietara eta salmenta, posizionamendu eta banaketa modu berrietara egokituko direla bermatzeko eta, hala, enpresak lehiakorragoak, erresilienteagoak eta jasangarriagoak izan daitezen.
3. Deialdia hau Espainiako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planeko 13. osagaiaren (ETEak sustatzea) esparruan sartzen da, zehazki, 4. inbertsioan, merkataritzari laguntzekoan, eta horri lotutako helburuak betetzen lagunduko du, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa (SEM) eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana (SEEP) arautzen dituen Espainiako eta Europako araudiaren arabera.
4. Deialdia 210. helburua betetzeari lotuta dago: helburu horretan, aintzat hartzen dira Funts Teknologikoaren laguntza jaso duten ETEak eta enpresa elkarteak (Kontseiluaren Betearazpen Erabakiaren terminologiari jarraikiz) eta, zehazki, Nafarroarako ezarri den helburua da 2022ko deialdiaren eta 2023ko deialdiaren artean merkataritzako hiru ETE edo merkatari elkarte, gutxienez ere, laguntza horien onuradun izatea.
5. Deialdiak ez du etiketa berderik ez digitalik elkartuta, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen duen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 Erregelamenduaren VI. eta VII. eranskinetan xedatutakoaren arabera.
2. oinarria. Finantzaketa.
1. Deialdi honen ondoriozko konpromisoei erantzuteko, 890.343,71 euroko kreditua baimendu da, honela banatuta, laguntzen lerroaren arabera:
LAGUNTZEN LERROA | AURREKONTUKO PARTIDA | ZENBATEKOA |
A) Enpresa txiki eta ertainak | 830000-83000-7701-431400. (PEP: E-22/000514-01) SEM Merkataritzarako Funts Teknologikoaren dirulaguntzak. Enpresa txiki eta ertainak | 500.990,52 |
B) Merkatarien enpresa elkarteak | 83000-83000-7819-431400. (PEP: E-22/000514-01) SEM Merkataritzarako Funts Teknologikoaren dirulaguntzak. Merkataritzako kolektiboak | 389.353,19 |
GUZTIRA | 890.343,71 | |
2. Deialdi hau Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren bidez ezarritako Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoak (aurrerantzean SEM) finantzatzen du, hori baita «Next Generation EU» programaren osagai nagusia (programa hori ekonomia bultzatzeko tresna da, Europar Batasunak finantzatua, COVID-19aren pandemiak eragindako krisiari aurre egiteko).
3. Beharrezkoa izanez gero, eta aurkeztutako eskaeren ondoriozko konpromisoei erantzuteko, baimendutako gastuari gehitzen ahalko zaio Merkataritzarako Funts Teknologikoaren Programako 2022ko deialdian emandako dirulaguntzen uko-egiteengatik gelditzen den kreditu erabilgarria.
4. B) laguntzen lerroaren ondoriozko konpromiso guztiei erantzun ondoren kreditu erabilgarririk bada, A) laguntzen lerroko eskaerei erantzuteko erabiltzen ahalko da, eta alderantziz. Horretarako, aldez aurretik, aurrekontu aldaketa egin beharko da deialdia finantzatzen duten partiden artean.
3. oinarria. Jarduketa diruz lagungarriak gauzatzeko epea.
1. Jarduketak 2023ko urtarrilaren 1etik 2023ko azaroaren 15era bitartean gauzatu beharko dira, biak barne.
2. Merkataritzarako Funts Teknologikoaren Programako 2022ko dirulaguntzen deialdira aurkeztu eta aurrekontu nahikoa ez egoteagatik ezetsi ziren laguntza eskaeren kasuan, 2022ko urtarrilaren 1etik 2023ko azaroaren 15era bitartean (biak barne) egindako jarduketak onartuko dira.
Ondorio horietarako, gauzatu direla ulertuko da baldin epe horretan egin, fakturatu eta ordaindu badira.
4. oinarria. Laguntza lerroak eta proiektu diruz lagungarriak.
1. Bi laguntza lerro ezartzen dira, eskatzaile motaren arabera:
a) Txikizkako merkataritzako mikroenpresei eta enpresa txiki eta ertainei zuzendutako lerroa.
b) Merkataritza sektoreko irabazi asmorik gabeko elkarteei zuzendutako lerroa.
2. Honako proiektu hauek dira diruz lagungarriak:
a) Teknologia berrien proiektuak, zuzenduta daudenak merkataritza eta komunikazio estrategiaren, negozio ereduaren eta erosketa esperientziaren zenbait alderdi hobetzera.
b) Teknologia berrien proiektuak, zuzenduta daudenak salgune fisikoak egokitzera, nola kontsumitzaileen behar eta ohitura berrietara hala kudeaketa eredu berrietara.
c) Soluzio teknologikoen proiektuak, zuzenduta daudenak azken miliako entregan efizientzia eta jasangarritasuna hobetzera.
d) Soluzio teknologikoak aplikatzeko proiektuak, zuzenduta daudenak energiaren eta baliabideen kontsumoan efizientzia hobetzera.
5. oinarria. Onuradunak eta betebeharrak.
1. Betebehar orokorrak.
Betebehar orokor hauek betetzen dituzten eskatzaileek jasotzen ahalko dituzte laguntzak:
1.1. Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako debeku egoeretako batean.
1.2. Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexuan edo generoan oinarritutako diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.
1.3. Aurretik Administrazioak emandako edozein laguntza edo dirulaguntza itzultzeko betebeharrik ez izatea bete gabe, eta emandako laguntza edo dirulaguntzaren bat berreskuratzeko agindu baten mende ere ez egotea, agindua eman bada laguntza legez kanpokoa eta barne merkatuarekin bateraezina dela deklaratu delako Europako Batzordearen erabaki baten ondorioz, edo emateko erabakia hartzean ezarritako baldintzak, era batean edo bestean, bete ez direlako.
1.4. Krisi egoeran ez egotea, Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2.18 eta 1.4.c) artikuluetan ezarritakoaren arabera (erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza kategoria bateragarritzat jo ziren barne merkatuarekin, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz).
1.5. Eskatzaileek eratzen dutenean pertsona fisikoen edo juridikoen elkarte bat, edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 8.3 artikuluko kasuetako batean, ordezkari edo ahaldun bakarra izendatu behar dute, behar adinako ahalmena duena onuradun gisa dagozkion betebeharrak konplitzeko.
Kasu horietan, dirulaguntza eskaeran berariaz adieraziko da unitateko kide bakoitzak zer gauzatze konpromiso hartzen dituen. Halaber, laguntza ematen duen ebazpenean adieraziko da kide bakoitzari aplikatu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa. Kide horiek ere onuraduntzat joko dira.
Ondorio horietarako, kontuan hartuko dira eskatzaileak Nafarroako Foru Ogasuneko Entitateen Erroldan duen inskripzio agirian ageri diren partaidetza ehunekoak, salbu eskatzaileak bestelako erantzukizunpeko adierazpenik egiten badu dirulaguntzaren eskaera inprimakian.
1.6. 30.000 eurotik gorako dirulaguntzen kasuan, eta merkataritza eragiketetako berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legearen mendeko eskatzaileen kasuan, ez dira onuradun izaten ahalko lege horretan jasotako ordainketa epeak betetzen ez dituzten enpresak.
Egoera hori kontabilitate araudiaren arabera galdu-irabazien kontu laburtua aurkezten ahal duten sozietateek frogatu beharko dute, erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Araudiaren (887/2006 Errege Dekretua) 26. artikuluan xedatutakoari jarraikiz. Kontabilitate araudiari jarraikiz, galdu-irabazien kontu laburtua aurkeztu ezin duten sozietateen kasuan, ordaintzeko legezko epeak bete izana ziurtagiri bidez frogatzeko beharra ezarri da. Ziurtagiri hori Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatutako auditore batek eman beharko du, enpresa bezeroaren ordainketen benetako epea aztertu ondotik, enpresa hornitzailearen aurretiazko kobrantzarako edozein finantzaketa egonik ere.
Debeku hori modu automatikoan nabarmenduko da eta bere horretan jarraituko du hura zehazten duten inguruabarrak segitzen duten bitartean.
1.7. Baldintza orokorrak betetzen direla frogatzeko, eskaera inprimakian sartuta dauden erantzukizunpeko adierazpenak erabiliko dira.
2. Berariazko betebeharrak.
Eskatzaileek, gainera, berariazko baldintza hauek bete beharko dituzte:
2.1. Merkataritza sektoreko mikroenpresei eta enpresa txiki eta ertainei zuzendutako laguntzen lerroa.
a) ETEa izatea, Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinean ezarritakoaren arabera. Erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza kategoria bateragarritzat jo ziren barne merkatuarekin, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.
b) Nafarroan kokatutako saltegietan egitea jarraian adierazten diren jarduera ekonomikoetako bat, apirilaren 13ko 475/2007 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Ekonomia Jardueren 2009ko Sailkapen Nazionalaren (aurrerantzean EJSN 2009) 47. dibisioan (Txikizkako merkataritza, ibilgailu motordunena eta motozikletena izan ezik) sarturik daudenak:
4711.–Txikizkako merkataritza espezializatu gabeko saltegietan, elikagaiak, edariak eta tabako produktuak nagusi izanez.
4719.–Bestelako txikizkako merkataritza espezializatu gabeko saltegietan.
4721.–Fruta eta barazkien txikizkako merkataritza saltegi espezializatuetan.
4722.–Haragiaren eta haragi produktuen txikizkako merkataritza saltegi espezializatuetan.
4723.–Arrain eta itsaskien txikizkako merkataritza saltegi espezializatuetan.
4724.–Ogi eta okintza, gozogintza eta pastelgintzako produktuen txikizkako merkataritza saltegi espezializatuetan.
4725.–Edarien txikizkako merkataritza saltegi espezializatuetan.
4729.–Elikagaien bestelako txikizkako merkataritza saltegi espezializatuetan.
4741.–Ordenagailuen, ekipo periferikoen eta programa informatikoen txikizkako merkataritza saltegi espezializatuetan.
4742.–Telekomunikazio ekipoen txikizkako merkataritza saltegi espezializatuetan.
4743.–Audio eta bideo ekipoen txikizkako merkataritza saltegi espezializatuetan.
4751.–Oihalen txikizkako merkataritza saltegi espezializatuetan.
4752.–Burdindegiko gaien, margoen eta beiren txikizkako merkataritza saltegi espezializatuetan.
4753.–Alfonbren, moketen eta pareta eta zoruen estalduren txikizkako merkataritza saltegi espezializatuetan.
4754.–Etxetresna elektrikoen txikizkako merkataritza saltegi espezializatuetan.
4759.–Altzarien, argiztatzeko gailuen eta etxean erabiltzeko beste artikulu batzuen txikizkako merkataritza saltegi espezializatuetan.
4761.–Liburuen txikizkako merkataritza saltegi espezializatuetan.
4762.–Egunkarien eta paper-gauzen txikizkako merkataritza saltegi espezializatuetan.
4763.–Musika eta bideo grabazioen txikizkako merkataritza saltegi espezializatuetan.
4764.–Kiroletarako artikuluen txikizkako merkataritza saltegi espezializatuetan.
4765.–Joko eta jostailuen txikizkako merkataritza saltegi espezializatuetan.
4771.–Jantzien txikizkako merkataritza saltegi espezializatuetan.
4772.–Oinetakoen eta larruzko artikuluen txikizkako merkataritza saltegi espezializatuetan.
4774.–Medikuntzako eta ortopediako artikuluen txikizkako merkataritza saltegi espezializatuetan.
4775.–Kosmetika eta higiene produktuen txikizkako merkataritza saltegi espezializatuetan.
4776.–Loreen, landareen, hazien, ongarrien, lagun egiteko animalien eta horientzako elikagaien txikizkako merkataritza saltegi espezializatuetan.
4777.–Erlojugintzako eta bitxigintzako gaien txikizkako merkataritza saltegi espezializatuetan.
4778.–Artikulu berrien bestelako txikizkako merkataritza saltegi espezializatuetan.
4779.–Bigarren eskuko artikuluen txikizkako merkataritza saltegi espezializatuetan.
Saltegian egiten den jarduera ekonomiko nagusiak txikizkako merkataritza izan behar du. Bada, saltegian beste mota bateko jarduerak ere egiten badira txikizkako merkataritzako jarduerekin batera, frogatu egin beharko da txikizkako merkataritzakoa dela jarduera nagusia eta, horretarako, hango jarduera ekonomiko guztien negozio edo salmenta zifren frogagiriak aurkeztu beharko dira, edo egoera hori frogatzen duen beste edozein dokumentazio.
Diruz lagunduko diren jarduketek, edonola ere, frogatu beharko dute eragin zuzena dutela saltegi fisikoaren merkataritza jarduera hobetzen.
c) EJSN 2009an sartuta dauden merkataritza ez-egonkorreko jarduera ekonomiko hauetako bat egitea:
4781.–Elikagaien, edarien eta tabako produktuen txikizkako merkataritza salmenta postuetan eta azoka txikietan.
4782.–Ehunkien, jantzien eta oinetakoen txikizkako merkataritza salmenta postuetan eta merkatu txikietan.
4789.–Bestelako produktuen txikizkako merkataritza salmenta postuetan eta azoka txikietan.
Merkataritza ez-egonkorreko jarduerek berariazko baldintza hauek bete behar dituzte:
–Modalitate hauek soilik onartzen dira: aldizkakotasun zehatzeko merkatu txikietan saltzea, aldez aurretik ezarritako tokietan, eta merkataritza ibiltaria denda-ibilgailuetan. Ez da onartuko azoketan edo festetan egiten den salmenta.
–Enpresaren jarduera nagusiak salmenta ibiltaria izan behar du. Ez da halakotzat joko ekoizleen salmenta zuzena, ezta geroago salduko diren produktuen ekoizpena edo elaborazioa ere.
d) Alta emanda egotea ekonomia jardueren gaineko zergan, Nafarroako udalerriren batean, diruz lagungarriak diren ekonomia jarduerekin zuzeneko lotura duen txikizkako merkataritzako epigraferen batean. Edonola ere, egiten den jarduera nagusia zein den zehazteko, EJSN 2009 hartuko da kontuan.
EJZri buruzko informazioa web esteka honetan egonen da: https://hacienda.navarra.es/RegistroIAE.web/Registro.aspx
e) Zer nolako heldutasun digitala duten zehazteko autoebaluazioko galdetegia egina izatea. Galdetegi hori Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiak sustatutako Merkataritzan eta Artisautzan Eraldaketa Digitala Bultzatzeko Zentroaren (EDBZ) barruan ibilbidearekin jarraitzeko hasierako fasea da, eta onlineko plataforma honen bitartez betetzen ahal da: https://autodiagnosticocomercio.navarra.es/gnautoevalua/
Autodiagnostiko hori nahitaez egina izan behar da laguntza eskaera aurkezten den egunean, eta deialdiaren zerbitzu kudeatzaileak EDBZren bulego teknikoarekin egiaztatuko du betekizun hori.
f) Plantillan 50 pertsona baino gehiago dituzten enpresek berdintasun plan bat eduki beharko dute erregistraturik, hala ezartzen baitu Berdintasun Planak eta haien Erregistroa arautzen dituen urriaren 13ko 901/2020 Errege Dekretuak, zeinak Laneko Hitzarmen eta Akordio Kolektiboak Erregistratu eta Gordailutzeari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretua aldatu baitzuen.
2.2. Organo kudeatzaileak egiaztatuko du b), c), d) eta e) berariazko betebeharrak betetzen diren, a) betebeharra egiaztatzeko, horretarako aurkeztutako erantzukizunpeko adierazpena hartuko da aintzat, eta f) betebeharrerako, 9. oinarrian ezarritakoaren arabera aurkeztutako dokumentazioa.
2.3. Legez eratuta dauden eta egoitza soziala Nafarroan duten merkatari elkarteei eta zenbait merkatari elkartez osatutako elkarte-erakundeei zuzendutako laguntzen lerroa:
1. Helbidea Nafarroan duten merkatarien elkarteek eta merkatarien elkarte mistoek (betiere irabazi asmorik gabeak) honako hau bete beharko dute:
a) Eskaera aurkezten den egunean inskribaturik egotea Sindikatuen eta Enpresaburuen Elkarteen Erregistroan (Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentukoa), edo Elkarte, Fundazio eta Lanbide Elkargoen Erregistroan (Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentukoa), edo beste edozein erregistro ofizialetan.
b) Gutxienez 15 saltoki elkartu izatea, udal merkatuetako merkatari elkarteen kasuan izan ezik.
Ondorio horietarako, saltoki elkartu gisa zenbatuko dira txikizkako merkataritza jardueretan erregulartasunez aritzen diren saltegiak.
Saltegi berean jarduera ekonomiko bat baino gehiago egiten bada aldi berean, establezimendu hori saltoki elkartutzat hartuko da baldin eta txikizkako merkataritza jarduera bada jarduera nagusia, negozioaren bolumena (salmenten zifra) aintzat hartuta.
c) Merkatarien elkarte mistoetan (merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuak), merkatari diren bazkideek, gutxienez, elkarteko kideen %35 izan behar dute.
2. Egoitza Nafarroan duten merkatari elkarteen batasunek, irabazi asmorik gabekoek, lehen aipatutako erregistro ofizialetako batean inskribaturik egon beharko dute.
3. Organo kudeatzaileak egiaztatuko du a) eta 2. berariazko betebeharrak betetzen diren, eta, b) eta c) betebeharrak egiaztatzeko, 9. oinarrian ezarritakoaren arabera aurkeztutako dokumentazioa hartuko da aintzat.
6. oinarria. Jarduketa eta inbertsio diruz lagungarriak.
Jarduera diruz lagungarritzat hartuko dira laguntzaren xede den jarduerarekin zalantzarik gabe zerikusia duten eta hura gauzatzeko beharrezkoak diren jarduketa eta inbertsioak, proiektu onuradun bakoitzerako onetsitako gauzatze aldian hartu badira, justifikazio aldia amaitu baino lehen egiazki ordainduta badaude eta merkatuko prezioen araberakoak badira.
Dirulaguntzaren onuraduna enpresa bat denean, merkataritza jardueretan egin dituen gastu diruz lagungarriak aplikatzekoa zaion araudi sektorialean ezarritako ordainketa epeetan ordaindu behar dira edo, halakorik ezean, merkataritza eragiketetako berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako epeetan.
1. Honako inbertsio proiektu hauek dira diruz lagungarriak, eskatzaile motaren arabera:
a) Teknologia berrien proiektuak, zuzenduta daudenak merkataritza eta komunikazio estrategiaren, negozio ereduaren eta erosketa esperientziaren zenbait alderdi hobetzera.
a.1) Enpresa txiki eta ertainen inbertsioetarako lerroa.
–Bezeroen arreta, harremana eta ezagutza eta haien fidelizazioa hobetzea, analitika aurreratuko teknologia eta teknika berriak erabiliz.
–Merkataritza saltegien eraldaketa digitala, kanal digitalen bidezko salmentaren funtzionalitateak gehitu, mantendu edo hobetzeko, negozio ereduen kanal aniztasuna sustatzeko eta ingurune digitalean bezeroen erosketa esperientzia hobetzeko.
–Metrikak, merkatua eta lehia aztertzeko edo web bilatzaileetan web baten posizionamendua hobetzeko tresnak (SEO).
–Zibersegurtasuneko soluzioak.
–Enpresaren barruko komunikazioa hobetzeko plataformak, edo lan egiteko modua eta bezeroen arreta eta etorrera hobetuko dituzten ekintzak egiteko bestelako jarduketak.
–Produktuak estandarizatzea eta informazioa sortzea.
–Telefono mugikor adimendunetarako edo bestelako gailu edo baliabide digitaletarako aplikazio informatikoak garatzea, produktu eta zerbitzuak sustatzeko balioko dutenak.
a.2) Merkatari elkarteen inbertsioetarako lerroa.
–Kontsumitzaileen arreta, harremana eta ezagutza eta haien fidelizazioa hobetzea, analitika aurreratuko teknologia eta teknika berriak erabiliz.
–Elkarteen eraldaketa digitala, kanal digitalen bidezko salmentaren funtzionalitateak gehitu, mantendu edo hobetzeko, kanal aniztasuna sustatzeko eta ingurune digitalean bezeroen erosketa esperientzia hobetzeko.
–Publizitatea, komunikazioa eta ikusgaitasuna hainbat bide edo euskarri digitaletan, teknologia berriak erabiliz.
–Metrikak, merkatua eta lehia aztertzeko edo web bilatzaileetan web baten posizionamendua hobetzeko tresnak (SEO).
–Zibersegurtasuneko soluzioak.
–Enpresa elkartuen arteko barne komunikazioa hobetzeko plataformak, edo elkarren onura ekarriko duten eta lan egiteko modua eta bezeroen arreta eta etorrera hobetuko dituzten baterako ekintzak egiteko bestelako figura interesgarri batzuk.
–Produktuak estandarizatzea eta informazioa sortzea.
–Telefono mugikor adimendunetarako edo bestelako gailuetarako aplikazio informatikoak garatzea, produktu eta zerbitzu kolektiboak sustatzeko balioko dutenak.
b) Teknologia berrien proiektuak, zuzenduta daudenak salgune fisikoak egokitzera, nola kontsumitzaileen behar eta ohitura berrietara hala kudeaketa eredu berrietara.
b.1) Enpresa txiki eta ertainen inbertsioetarako lerroa.
–Merkataritzako kudeaketa digitalizatzea, negozioaren barne kudeaketako eragiketa bat edo gehiago optimizatuz, integratuz edo automatizatuz, hornitzaileekiko zein azken bezeroarekiko harremana barne.
–Tresna teknologikoak eskuratzea negozioaren bideragarritasunari, erabakiak hartzeari, transmisio potentzialari edo belaunaldien arteko erreleboari buruzko autodiagnostikoak egiteko.
–Merkataritza ibiltariaren eta merkaturatze kanal laburren eraldaketa digitala.
–Hobekuntzak salmenta prozesuan, teknologia berriak erabiliz, eskaerak jasotzea erraztuko dutenak, kanal anitzeko formulen bitartez saltegian edo merkataritza eremuan.
–Saltegian teknologia berriak aplikatzea erositako produktuen ordainketa prozesua hobetzeko eta eguneratzeko, ilarak eta pilaketak saihesteko merkataritza saltegietan, eta txanden kudeaketa eta aurretiazko bisiten erreserba hobetzeko.
–Saltegi fisikoan erosketa esperientzia hobetzeko altzari teknologikoak erostea.
–Harremanen marketineko edo bezeroekiko harremana hobetzeko teknikak erabiltzea.
b.2) Merkatari elkarteen inbertsioetarako lerroa.
–Merkataritza ibiltariaren eta merkaturatze kanal laburren eraldaketa digitala modu kolektiboan.
–Hobekuntzak salmenta prozesuan, teknologia berriak erabiliz, eskaerak jasotzea erraztuko dutenak, kanal anitzeko formulen bitartez.
c) Soluzio teknologikoen proiektuak, zuzenduta daudenak azken miliako entregan efizientzia eta jasangarritasuna hobetzera.
c.1) Enpresa txiki eta ertainen inbertsioetarako lerroa.
–Saltokiak eta establezimenduko kontsumitzaileek kontsumitzen dituzten intsumoak murrizteko inbertsioak, eta horiek ingurumena gehiago errespetatzen duten beste batzuekin ordezkatzeko inbertsioak.
–Produktuen banaketa komertzialerako, entregarako eta itzulketarako eragiketak edo, hala dagokionean, hondakinei lotutakoak optimizatzea, kostuak eta ingurumen inpaktua murriztuko dituzten teknologia berriak eta lankidetza ekosistemak ezarrita, azken milian arreta berezia jarriz.
–Entrega puntu adimendunak instalatzea.
–Tokiko ekoizleen, merkataritzako ETEaren eta banatzailearen lankidetza plataformak, horien arteko elkarreragina eta lankidetza bermatzeko.
–Txikizkako merkataritzako enpresen merkataritza elektronikoko webguneetan tokiko edo ‘0 km-ko’ hornitzaileak sartzeko inbertsioak.
–Produktuaren trazabilitatea edo bestelako ezaugarri batzuk banaketa kanal guztian zehar (bai linealean eta bai bidalketan eta banaketan) ezagutzeko aukera ematen duten teknologia berrietako inbertsioak.
c.2) Merkatari elkarteen inbertsioetarako lerroa.
–Saltokiak eta kontsumitzaileek kontsumitzen dituzten intsumoak murrizteko inbertsioak, eta horiek ingurumena gehiago errespetatzen duten beste batzuekin ordezkatzeko inbertsioak.
–Produktuen banaketa komertzialerako, entregarako eta itzulketarako eragiketak edo, hala dagokionean, hondakinei lotutakoak optimizatzea, kostuak eta ingurumen inpaktua murriztuko dituzten teknologia berriak eta lankidetza ekosistemak ezarrita, azken milian arreta berezia jarriz.
–Beste jarduera eta soluzio kolektibo batzuk, jasangarritasunera, klima aldaketara egokitzera eta efizientzia areagotzera bideratuak, eta ekarriko dutenak karbono isuri gutxiko ekonomia erresiliente baterantz aurrera egitea eta hondakin gutxiago sortzea, produktuak berrerabiltzea, ekonomia zirkularra eta zero zabor jardunbidea sustatzea barne.
–Tokiko ekoizleen, merkataritzako ETEaren eta banatzailearen lankidetza plataformak, horien arteko elkarreragina eta lankidetza bermatzeko.
–Banatzaileen merkataritza elektronikoko webguneetan tokiko edo ‘0 km-ko’ hornitzaileak sartzea sustatzeko gastuak.
–Produktuaren trazabilitatea edo bestelako ezaugarri batzuk banaketa kanal guztian zehar (bai linealean eta bai bidalketan eta banaketan) ezagutzeko aukera ematen duten teknologia berrietako inbertsioak.
d) Soluzio teknologikoak aplikatzeko proiektuak, zuzenduta daudenak energiaren eta baliabideen kontsumoan efizientzia hobetzera.
d.1) Enpresa txiki eta ertainen inbertsioetarako lerroa.
–Merkataritza saltegietan energiaren eta bestelako hornigaien kontsumoaren efizientzia hobetzeko soluzio teknologikoak, oinarri teknologikoko prozesuak ezartzea, ekoefizienteak izanen direnak edo hondakinak behar bezala bereizteko balioko dutenak (biohondakinak, papera, plastikoa, beira eta abar), horiek ondoren birziklatu eta balorizatzeko.
–Saltegiak girotzeko, energia iturri berriztagarriak instalatzea eta atmosfera berotzeko ahalmen handia duten gas hozgarri fluordunak erabiltzen dituzten teknologiak ordeztea atmosfera berotzeko ahalmen txikia edo nulua duten beste teknologia batzuekin.
–Beste jarduera eta soluzio batzuk, jasangarritasunera, klima aldaketara egokitzera eta efizientzia areagotzera bideratuak, eta ekarriko dutenak karbono isuri gutxiko ekonomia erresiliente baterantz aurrera egitea eta hondakin gutxiago sortzea, produktuak berrerabiltzea, ekonomia zirkularra eta zero zabor jardunbidea sustatzea barne.
d.2) Merkatari elkarteen inbertsioetarako lerroa.
–Merkataritza saltegietan energiaren eta bestelako hornigaien kontsumoaren efizientzia hobetzeko soluzio teknologiko kolektiboak, oinarri teknologikoko prozesuak ezartzea, ekoefizienteak izanen direnak edo hondakinak behar bezala bereizteko balioko dutenak (biohondakinak, papera, plastikoa, beira eta abar), horiek ondoren birziklatu eta balorizatzeko.
3. Diruz lagungarriak dira soluzio teknologikoak behar bezala ezartzeko ezinbestekoak diren gastu arrunteko jarduketak, aukera ematen dutenak hasierako egoera ezagutzeko, eginen diren jarduketen egokitasuna aztertzeko eta ekintza plana diseinatzeko, eskatzaileak egin beharreko ekintzak hobeki hautatu eta egokitzeko, bereziki, aholkularitzako, auditoretzako, prestakuntza espezializatuko eta antzeko jarduketei dagokienez.
Jarduketa horiengatik, inbertsio diruz lagungarriaren guztizko zenbatekoaren %20 onartuko da gehienez.
Halaber, egindako jarduketen justifikazioan, aipatu muga hori aplikatuko da onartutako inbertsio justifikatuaren zenbatekoaren gainean.
4. Diruz lagungarriak ez diren gastu eta inbertsioak.
a) Dirulaguntza eskatzen duen enpresak edo elkarteak berak egindako lanak, ezta enpresa edo elkarte eskatzailea bera denean aktiboen saltzailea edo jardueraren emailea, edo autofakturazioa ekartzen ahal duen antzeko kasuren bat gertatzen denean ere.
b) Garraio elementuak.
c) Europar Batasunaren klimaren eta ingurumenaren arloko arauak eta lehentasunak erabat errespetatzen ez dituzten proiektuak eta ez dutenak errespetatzen «ingurumenari kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioa», Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2020ko ekainaren 18ko 2020/852 (EB) Erregelamenduaren 17. artikuluan xedatzen den zentzuan ulertuta (erregelamendu horren bidez, inbertsio jasangarriak errazteko esparru bat ezarri zen, eta 2019/2088 (EB) Erregelamendua aldatu). Zehazki, ez dira diruz lagunduko honako jarduketa hauek:
–Erregai fosilekin zerikusia duten inbertsioak (geroagoko erabilera ere barne).
–Berotegi efektuko gasak isurtzeko eskubideen merkataritza araubidearen (ETS) esparruko jarduerak, proiektatutako berotegi-efektuko gasen emisioak doako esleipenerako ezarritako erreferentzia-balioak baino nabarmen txikiagoak ez direnean.
–Tratamendu mekaniko-biologikoan (TMB), errausketan edo isurketan sortutako hondakinen tratamendua.
–Hondakinak epe luzera ezabatzeak ingurumenari epe luzera kalteak eragiten ahal dioten jarduerak (adibidez, hondakin nuklearrak).
–Era berean, Espainiako eta Europako ingurumen legedia betetzen duten jarduerak soilik hautatu ahal izatea eskatuko da.
d) Administrazio baimenak, lizentziak, baimenak, abal eta fidantzen kostua, isunak, tasak, zergak edo ordainak.
e) Kudeaketei, kontratazioei, kontsultei edo administrazio tramiteei lotutako edozein gastu, nahiz eta beharrezkoak izan baimenak edo lizentziak lortzeko.
f) Finantza gastuak, pasiboen berregituraketenak edo birfinantzaketenak, edozein eragiketa motatako banku gastuak.
g) Saltegien errentamendu gastuak.
h) Merkataritza jarduera COVID-19ra egokitzearekin lotutako gastuak.
i) Jarduketen mantentze-lanetako gastuak edo soluzio teknologiko baten ezarpenaren ondoko funtzionamenduarekin eta hobekuntzarekin zerikusia duen beste edozein gastu.
j) Izenpetutako aseguruak, zehapen penalei lotutako kostuak eta prozedura judizialen gastuak.
k) Funtzionamendu gastu arruntak.
l) Erakunde onuradunen mendeko lan harremana duten langile finkoen edo behin-behineko lan kontratudunen ordainsari arruntei dagozkien gastuak.
m) Tresna informatikoak erabiltzeko lizentzien gastuak, salbu eta horiek urtebetetik gorako indarraldia badute, eskatzailearentzat ez bada gastu arrunt bat, aktibo ukiezin bat baizik, eta, gainera, diruz lagungarriak diren beste inbertsio batzuekin zerikusia badute eta horiek gauzatzeko beharrezkoak badira.
n) Produktuak aurkezteko eta biltegiratzeko erabiliko den ekipamendu komertziala edo altzariak erosteko inbertsioak.
o) Saltegiko instalazioak eraberritzeko inbertsioak.
p) Elaborazio eta ekoizpen prozesuetara edo antzeko beste jarduera batzuetara bideratutako inbertsioak.
7. oinarria. Dirulaguntzaren zenbatekoa, gehieneko dirulaguntza eta diruz lagungarria den gutxieneko zenbatekoa.
1. Dirulaguntzaren zenbatekoa, gehieneko dirulaguntza eta jarduketa diruz lagungarrien gutxieneko zenbatekoa (zerga oro kanpo utziz) honako hauek dira:
ONURADUN MOTA | ETE-AREN TAMAINA | DIRUZ LAGUNGARRIA DEN GUTXIENEKO ZENBATEKOA PROIEKTUKO | DIRULAGUNTZA | GEHIENEKO DIRULAGUNTZA PROIEKTUKO | |
A | ETEak | Mikroenpresak (<9 enplegatu) | 3.000 | 90% | 20.000 |
Enpresa txikiak (10 eta 49 enplegatu bitartean) | 5.000 | 85% | 40.000 | ||
Enpresa ertainak (50 eta 249 enplegatu bitartean) | 8.000 | 80% | 80.000 | ||
B | Merkatari elkarteak eta merkatari elkartez osatutako elkarte-erakundeak | 15.000 | 100% | 100.000 | |
2. ETE-en kasuan, %10 handituko dira lehen adierazitako dirulaguntza ehunekoak, baldin eta honako egoera hauetakoren bat egiaztatzen bada eskaera aurkezten den egunean:
–Bukatuta izatea EDBZren plataforman zehaztutako ibilbidea (prestakuntza, aholkularitza teknikoa eta laguntza teknikoa).
–Bukatua izatea Iruñeko Udalaren partaidetza duen Interreg Poctefa CORE proiektuko tutoretza prozesua (laguntza eta aholkularitza).
8. oinarria. Eskaerak aurkezteko epea eta modua.
1. Eskaerak aurkezteko epea.
Eskaerak aurkezteko epea hasiko da deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean, eta bukatuko da 2023ko abuztuaren 31n, egun hori barne.
2. Eskaerak eta komunikazioak aurkezteko modua.
a) Eskaerak telematikoki aurkeztu beharko dira nahitaez, administrazio publikoaren esparrurako zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/subvenciones-del-programa-de-modernizacion-del-comercio-fondo-tecnologico-2023), (hemendik aitzina, laguntzaren fitxa). Fitxa horretan, esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko erregistro orokor elektronikoan sartzeko.
b) Dirulaguntza hau tramitatzearekin loturik, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuaren jakinarazpen eta komunikazio guztiak telematikoki eginen dira, eta, horretarako, beharrezkoa da ziurtagiri digitala eta gaitutako helbide elektroniko (GHE) bat izatea.
c) Eskaera aurkezteko erabiltzen den bidea arestian aipatutakoa ez bada, ez aurkeztutzat joko da, baina horrek ez du eragotziko gero aurkeztu ahal izatea telematika bidez. Azken kasu horretan, sarrera data baliodun bakarra aurkezpen telematikoarena izanen da, hori guztia Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen (hemendik aurrera, APAPEL) 68.4 artikuluan xedatutakoarekin bat.
d) Eskaerak laguntzaren fitxan ageri den berariazko inprimakia erabiliz eginen dira izapidetze telematikoa egiten denean, eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiari zuzenduko zaizkio.
e) Interesdunek aurkezten dituzten eskaerak eta gainerako agiriek ordezkaritza ahalmen aski duen pertsonaren sinadura elektronikoa eraman behar dute. Eskaeraren sinadura elektronikoaren bidez, eskaerarekin batera aurkeztutako agirien kopia digitalizatuen jatorrizkoarekiko fideltasuna bermatuko da.
f) Eskatzaile edo onuradunak ordezkatuz agiriak sinatzen dituzten edo aurkezpen elektronikoa egiten duten pertsona fisikoek jarduketa bakoitzerako beharrezkoa den ordezkaritza izan beharko dute, APAPELaren 5. artikuluan ezarritako moduan.
Eskaera sinatzen duen pertsonak egiaztatu beharko du eskaera aurkezten den unean eskubidea duela pertsona juridiko eskatzailearen izenean eta hura ordezkatuz jarduteko, horretarako aurkeztutako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez. Betebehar hori ez bada betetzen, eta zuzendu ezean, ondorioztatuko da eskaerari uko egiten zaiola, APAPELaren 68. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
3. Eskaerak ez baditu adierazitako betebeharrak betetzen, edo osorik ez badago, eskatzaileari eskatuko zaio zuzendu dezala gehienez ere 10 egun balioduneko epean, zuzentzeko errekerimendua jakinarazi eta biharamunetik zenbatzen hasita, eta adieraziko zaio ezen, eskaera zuzentzen ez badu, ondorioztatuko dela eskaerari uko egiten diola eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela, APAPELaren 68. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
Eskatutako zuzenketak nahitaez elektronikoki aurkeztuko dira.
9. oinarria. Eskaerak formalizatzea eta aurkeztea.
1. Eskatzaile bakoitzak eskaera bakarra aurkeztuko du proiektu bakoitzeko.
2. Merkatari elkarteek edo merkatari elkartez osatutako elkarte-erakundeek aurkeztutako eskaeren kasuan, merkatarien kolektiboak bultzatu eta sustatutako proiektuak bakarrik onartuko dira, eta haiek hartuko dute beren gain proiektuaren kudeaketa eta finantzaketa, abian jartzeko hartutako konpromisoak beteko dituzte eta inbertsioa mantentzeaz arduratuko dira.
Proiektua ez da hartuko merkatari elkarteei eta merkatari elkartez osatutako elkarte-erakundeei zuzendutako laguntzen lerroko proiektutzat, baldin eta elkarteko kide diren ETE-en banakako zenbait proiekturen batura baino ez bada, eta elkarteak haien laguntza eskaerak kudeatu besterik ez badu egiten; kasu horretan, ETE-ek izan behar dute, banaka, ETE-ei zuzendutako laguntzen lerroko eskaera aurkeztu behar dutenak.
3. Laguntzak eskatzeko, agiri hauek aurkeztu beharko dira:
3.1. Eskaera inprimakia, eskatzaile motaren arabera, laguntzaren fitxako ereduei jarraikiz.
3.2. Eskatzailearen gaineko dokumentazioa.
a) Baldintza orokorrak betetzen direla dioen erantzukizunpeko adierazpena.
b) Erantzukizunpeko adierazpena, helburu eta xede bererako beste administrazio edo erakunde batzuetatik eskatu edo jaso diren laguntzei eta haien zenbatekoari buruzkoa, baita dirulaguntza hauek tramitatzen diren bitartean eskatzen edo lortzen ahal diren bestelako dirulaguntzen berri emateko konpromisoari buruzkoa ere, eta azken bi ekitaldietan jasotako de minimis laguntzei buruzko adierazpena.
c) Erantzukizunpeko adierazpena, esaten duena ez duela zorrik administrazioarekin laguntzak, maileguak edo aurrerakinak itzuli behar izateagatik eta, orobat, ez dagoela berreskuratze agindu baten zain, Europako Batzordeak laguntza bat legez kanpoko eta barne merkatuarekin bateraezin deklaratzeko erabakia hartu ondoren.
d) Krisi egoeran ez egoteari buruzko erantzukizunpeko adierazpena, Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2.18 eta 1.4.c) artikuluetan ezarritakoari jarraikiz.
e) Erantzukizunpeko adierazpena, esaten duena eskatzaileak aplikatzekoa den Espainiako eta Europar Batasuneko araudi guztia beteko duela (bereziki, lehiaren, obra eta horniduren kontratazioaren eta adjudikazioaren eta ingurumenaren arlokoa) eta proiektua gauzatzeko beharrezko lizentzia edo baimenak eskuratuko dituela.
f) Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planeko (SEEP) jarduketak gauzatzeari buruzko adierazpenak, laguntzaren fitxaren I. eranskineko ereduaren arabera.
g) ETE-en kasuan, ETE izaera egiaztatzeko adierazpena.
h) Merkatari elkarteen eta merkatari elkartez osatutako elkarte-erakundeen kasuan, inskribatuta dagoen erregistro ofizialari buruzko adierazpena.
i) Transferentzia bidez kobratzeko eskaera, Ekonomia eta Ogasun Departamentuari zuzendua (Diruzaintza Atala), baldin enpresa eskatzaileak lehenbizikoz kobratzen baditu laguntzak, edo abonatzeko kontua aldatu nahi izanez gero.
j) Plantillan 50 pertsonatik gora dituzten enpresen kasuan, Nafarroako Hitzarmen Kolektiboen, Lan-akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroak (REGCON, https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/nafarroako-hitzarmen-kolektiboak-lan-akordio-kolektiboak-eta-berdintasunerako-planak-erregistratzea) emandako ebazpenaren ziurtagiria edo kopia, edo, bestela, deialdia argitaratu baino lehen erregistroan izena emateko eskaera egin dela frogatzen duen agiria.
k) Oinarri hauetan araututako aurrerakina eskatuz gero, finantzaketa beharra edo diruzaintzaren likidezia falta egiaztatzen duten erakundearen diruzaintza egoerak, finantza erakundeen dokumentazioa edo antzeko dokumentazioa.
l) Dirulaguntza eskaera aurkeztearekin batera eskatzaileak baimena eman dio dirulaguntzak ematen dituen organoari zuzenean lor dezan zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean dituela adierazten duen egiaztapena, ziurtagiri telematikoen bidez. Beraz, kasu horretan, eskatzaileak ez ditu egiaztagiri horiek aurkeztu beharko. Dena dela, eskatzaileak berariaz uko egiten ahal dio baimen hori emateari, eta, kasu horretan, aurkeztu beharko ditu aipatutako betebeharretan egunean dagoela adierazten duten ziurtagiriak:
–Ziurtagiri bat, Nafarroako Ogasunarekiko ordainketak egunean dituela dioena.
–Ziurtagiri bat, Gizarte Segurantzako betebeharrak egunean dituela dioena.
Goian aipatutako erantzukizunpeko adierazpen guztiak eskaera inprimakian daude sartuta, eta oinarri arautzaile hauetan adierazitako eranskin guztiak laguntzaren web fitxan daude eskuragarri.
3.3. Nortasuna frogatzen duen dokumentazioa, ETE-en kasuan.
a) Sozietateen kasuan: sozietatea eratzeko eskritura publikoaren eta horren aldaketen kopiak; behar bezala egon behar dute inskribaturik Merkataritza Erregistroan.
b) Sozietate irregularren edo zibilen kasuan, edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 8.3 artikuluko kasuetan: Nafarroako Foru Ogasuneko Entitateen Erroldan inskribatuta daudela frogatzen duen agiriaren kopia.
c) Pertsona fisikoen kasuan: nortasun agiri nazionalaren kopia.
Ez da beharrezkoa agiri hori aurkeztea, organo kudeatzaileak telematikoki egiaztatuko duelako NANa, salbu eta eskatzaileak berariaz adierazten badu ez duela horretarako baimenik ematen; kasu horretan, aurkeztu egin beharko du.
3.4. Nortasuna frogatzen duen dokumentazioa, merkatari elkarteen eta merkatari elkartez osatutako elkarte-erakundeen kasuan:
a) Laguntza eskatzeko erabakia, elkartearen edo elkarte-erakundearen organo eskudunek hartua.
b) Merkatari elkarteen kasuan, elkarteko kide diren ETE guztien zerrenda eguneratua, honako hauek zehaztuta: negozioen izen komertziala, titularraren izena, posta helbidea, udalerria eta saltegi bakoitzean egiten den jarduera ekonomiko nagusiari dagokion EJZko epigrafea, laguntzaren fitxako ereduaren arabera.
c) Merkatari elkarteen batasunen kasuan, batasuna osatzen duten elkarte guztien zerrenda eguneratua, honako hauek zehaztuta: izena, posta helbidea, udalerria eta jarduketa eremua (eskualdekoa, gremiokoa, sektoriala, udal merkatuak), laguntzaren fitxako ereduaren arabera.
3.5. Dirulaguntza zer jarduketatarako eskatzen den, horiexei buruzko dokumentazioa.
a) Dirulaguntzaren xede diren inbertsioak eta ezarri beharreko soluzioak adierazten dituen memoria, plana eta/edo auditoretza. Horretan, dirulaguntzaren xede den proiektua deskribatzen duen informazioa jasoko da, honako alderdi hauek zehaztuta:
–Enpresaren edo merkatarien elkartearen aurrekariak, inbertsioak egitea gomendatzen duten arrazoiak eta proiektua gauzatuta lortu nahi diren helburuak.
–Diruz lagunduko den aldiaren barruan egin diren edo egiteko diren jarduketen deskribapena.
–Justifikatu behar da laguntza eskaeraren xede den jarduketaren osagai teknologikoa eta, orobat, koherentzia duela deialdiaren helburuekin.
–Proiektua gauzatzeko faseak, zenbat gauzatu den dirulaguntza eskaera aurkezten denean, eta aurreikusitako egutegia.
–Egindako eta/edo aurreikusitako inbertsioen eta soluzio teknologikoak ezartzeko ezinbestekoak diren egindako eta/edo aurreikusitako gastu arrunteko jarduketen zenbateko zehatzak.
–Bertan jasotako informazio ekonomiko guztia BEZik gabe adierazi behar da.
–ETE-en kasuan, saltegian egiten diren edo merkataritza ez-egonkorreko enpresak egiten dituen jarduera ekonomiko guztien deskribapen zehatza, alta emanda dagoen EJZko epigrafe guztien arabera.
–Beren jarduera saltegi batean egiten duten ETE-en kasuan, justifikatu behar da laguntza eskaeraren xede diren jarduketek zer-nolako zuzeneko eragina izanen duten saltegi horren merkataritza jarduera hobetzen.
b) Aldi diruz lagungarrian egindako eta aurreikusitako inbertsio eta gastu arrunten zerrenda baloratu eta xehakatua.
c) Jarduketak zenbatesteko bide ematen duten aurrekontuak, proformako fakturak edo fakturak; aitzitik, ez dira inolaz ere onartuko eskatzailearen uste edo balorazioetan oinarritzen diren gastu zenbatespenak.
Horrez gain, merkataritza sektoreko irabazi asmorik gabeko elkarteek aurkeztu beharko dute inbertsioaren hornitzailearekin egina duten aurretiazko kontratua edo beste agiriren bat, haren zenbatekoa zehazteaz gainera, frogatzen duena elkarteko kide diren ETE-entzat banaka eginen balute baino baldintza hobeetan eginen dela proiektua.
d) ETE-en kasuan, eta dirulaguntzari 7. oinarrian ezarritako goititzea aplikatze aldera:
–EDBZren plataforman zehaztutako ibilbidea bukatua izanez gero, eskaera inprimakian jasota dagoen erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuko da, eta organo kudeatzaileak EDBZren bulego teknikoarekin egiaztatuko du baliozkoa den.
–Interreg Poctefa CORE proiektuan zehaztutako ibilbidea bukatua izanez gero, eskaera inprimakian jasota dagoen erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuko da, eta organo kudeatzaileak Iruñeko Udalarekin egiaztatuko du baliozkoa den.
e) Gastu diruz lagungarria 30.000 eurotik gorakoa bada, obrak gauzatzeko kostuen kasuan, edo 12.000 eurotik gorakoa, ekipo ondasunen horniduren eta aholkularitza edo laguntza teknikoko enpresek emandako zerbitzuen kasuan, eskatzaileak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu duela, gutxienez hiru eskaintza aurkeztuz eta hautatutakoa aukeratzeko arrazoiak emanez, eskaera inprimakiko "Hornitzailearen hautaketaren justifikazioa" atalean.
Eskatzaileak ez dira beharturik egonen hiru eskaintzak aurkeztera, baldin eta gastu diruz lagungarrien ezaugarri bereziengatik merkatuan behar adina hornitzaile edo zerbitzu-emaile ez badaude edo dirulaguntza eskatu baino lehen egin bada gastua.
Eskatzaileak hautatutako aukera ez bada ekonomikoki abantailatsuena aurkeztutako hiruren artean, eta eskaintza bakarra aurkeztea baino ez denean posible, inguruabar horiek eskaera inprimakian bertan justifikatu beharko ditu.
Eskaintza merkeena hautatzen ez bada, eta, laguntza kudeatzen duen organoaren ustez, justifikazioa nahikoa ez bada, eskaintza merkeenaren zenbatekoa baizik ez da diruz lagunduko.
4. ETE-en kasuan, baldin eta Merkataritzarako Funts Teknologikoaren Programako 2022ko deialdira aurkeztu eta aurrekontu nahikoa ez egoteagatik ezetsi baziren haien laguntza eskaerak:
a) Deialdi horretara aurkeztutako eskaerarekin batera aurkeztutako dokumentaziorik edo informaziorik aldatzen ez bada, aurkeztu beharko dira eskaera inprimakia eta I. eranskina, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planeko (SEEP) jarduketak gauzatzeari buruzko adierazpen guztiak jasotzen dituena.
b) 2022ko dirulaguntzen deialdirako eskaerarekin batera aurkeztutako dokumentaziorik edo informaziorik aldatzen bada, aurkeztu beharko dira eskaera inprimakia, lehen aipatutako I. eranskina eta, 3. atalean ezarritako dokumentaziotik, aurreko deialditik hona aldatu dena.
10. oinarria. Laguntzak emateko prozedura.
Laguntza hauek banakako ebaluazioaren araubidean emanen dira, eta, beraz, eskaerei aurkezpen hurrenkeraren arabera erantzunen zaie, horretarako aurrekontu kreditu egokia eta nahikoa dagoen bitartean, 2. oinarri arautzailean erakunde onuradunen mota bakoitzarentzat ezarritako kredituen arabera.
Prozedura hori ezarrita dago Administrazio Publikoa modernizatzeko eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana gauzatzeko premiazko neurriak onesten dituen abenduaren 30eko 36/2020 Errege Lege-dekretuaren 62. artikuluan. Halaber, ez da beharrezkoa Nafarroako Gobernuaren baimena, apirilaren 13ko 1/2022 Foru Lege-dekretuaren 12.2 artikuluari jarraikiz. Foru lege-dekretu horren bidez, Nafarroako Foru Komunitatean premiazko neurriak hartu ziren Ukrainako gerraren ondorio ekonomiko eta sozialei erantzuteko.
11. oinarria. Deialdiaren tramitazioa eta ebazpena.
1. Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzua da dirulaguntzak emateko prozedura antolatzeko eta instruitzeko kudeaketa organo eskuduna.
2. Oro har, eta iruzurrari aurrea hartzeko ezarritako arauei jarraikiz, helburu hori lortzeko duten inplikazioa indartuko dute onuradunak hautatzeko eta baldintzak betetzen direla egiaztatzeko prozeduran parte hartzen duten pertsona guztiek, interes-gatazkarik ez dutela dioen adierazpen baten bidez, eta hitz emanen dute adierazpen hori eguneratuta mantenduko dutela baldin eta jatorrizko adierazpena egitean zuten egoera aldatzen bada; izan ere, egoera aldatzeak prozeduran parte hartzea eragotziko die.
3. Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak behar den ebazpen proposamena igorriko dio Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiari.
Dagozkien dirulaguntzak lehen adierazitako oinarriari jarraituz esleitu ondoren, eskaerei erantzuteko ezarritako aurrekontu baliabideak agortzen badira, gainerako eskaerak berariaz ezetsiko dira.
4. Dirulaguntzak emateari buruz ebazteko eskumena Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiari dagokio. Dirulaguntza emateko ebazpena gehienez ere 3 hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita, eta, epe hori iraganik berariazko ebazpenik jakinarazi gabe, eskaerak ezetsitzat joko dira.
Dirulaguntza emateko edo ukatzeko ebazpenen aurka, eskatzaileek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aurrera, administrazio prozedura erkideari buruzko legerian xedatutakoari jarraikiz.
12. oinarria. Egindako jarduketak justifikatzeko epea, modua eta dokumentazioa.
1. Justifikazioa aurkezteko epea.
Noiznahi aurkeztuko da egindako jarduketen justifikazioa, dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazi ondoren, eta, beranduenez, 2023ko azaroaren 15ean, egun hori barne.
Laguntza justifikatzeko dokumentazioa osoa ez bada edo akastuna bada, onuradunari eskatuko zaio zuzen dezala 10 egun balioduneko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan ezarritakoarekin bat.
Justifikazioa ezarritako epea bukatu ondoren egiten bada, baina hurrengo 10 egun balioduneko epearen barnean, ordaindu beharreko dirulaguntza %5 murriztuko da. Denbora gehiago igaro bada, laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.
Halaber, laguntza justifikatzeko dokumentazioa ezarritako epean aurkeztu ezean, laguntza kobratzeko eskubidea galduko da.
Laguntza kobratzeko eskubidearen galera deklaratzen denean, onuradunak esleitutako dirulaguntzaren aurrerakin bat jaso badu, ordaindutako aurrerakina itzultzea eskatuko zaio, berandutze interesekin batera.
2. Justifikazioa aurkezteko modua.
Justifikazioa elektronikoki aurkeztuko da, eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiari zuzenduko zaio.
Justifikazioko dokumentazioa aurkezteko, laguntzaren fitxan dagoen berariazko inprimakia erabiliko da; fitxa horretan esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren dirulaguntzen justifikaziorako erregistrora.
Aurkezpen elektronikoak ez ditu salbuesten onuradunak gastu eta ordainketen jatorrizko egiaztagiriak, auditoretza txostenak eta bestelakoak gordetzetik, bost urtez ordainketa egiten denetik, geroago eskatzen ahalko dizkiotelako segimenduaren arduradun den instrukzio organoak edo, legez xedatutako kontrol jarduerak egitean, Estatuko Administrazio Orokorraren Kontu-hartzailetza Nagusia, Kontuen Auzitegiak, Batzordeak, Iruzurraren aurkako Europako Bulegoak, Europako Kontuen Auzitegiak edo Europako Fiskaltzak.
3. Egindako jarduketak frogatzeko dokumentazioa.
a) Azken memoria zehatza, egindako jarduketa guztiak eta proiektuaren exekuzioaren azken kostua xehetasunez deskribatzen dituena, bai eta hasieran aurreikusitako proiektuan izandako desbideratzeak ere, halakorik bada.
b) Aurkezten diren fakturen zerrenda zehatza eta sailkatua, haiek diruz lagundutako kontzeptuen arabera elkartuta eta dataren arabera ordenatu eta zenbakituta, hornitzailea identifikatuta eta IFK zenbakia, fakturaren zenbakia, igorpen eguna, BEZik gabeko zenbatekoa, guztira ordaindutakoa eta noiz eta nola ordaindu den adierazita, laguntzaren fitxan eskuragarri dagoen ereduarekin bat.
c) Egindako inbertsioei eta gastu arruntei dagozkien fakturen kopia; fakturazio betebeharrak arautzen dituen Erregelamenduan ezarritakoaren araberakoak izanen dira fakturak, eta, betiere, dirulaguntzaren onuradunaren izenean jaulki beharko dira. Ez da beharrezkoa izanen eskaerarekin batera erantsitako fakturak berriro ere aurkeztea.
d) Bankuko egiaztagiriak, fakturak ordaindu direla frogatzen dutenak.
Onuradunak banku transferentzia bidez, erreziboen zordunketa bidez edo enpresaren kreditu edo zordunketa txartela erabiliz eginen ditu ordainketak. Horrela, ordainketen egiaztagiritzat hartuko dira ordainketak finantza erakunde baten bidez egin eta enpresaren kontuan kargatu direla adierazten dutenak. Eskudirutan egindako ordainketak edo hartze-agiriak ez dira onartuko.
e) Dirulaguntzaren xedeko jardueren finantzaketari buruzko adierazpena: adierazi behar dira, dirulaguntza honetaz gain, dirulaguntzaren xedeko jarduketak finantzatu dituzten beste funts batzuen zenbatekoa, jatorria eta aplikazioa (funts berekiak, bestelako baliabideak edo bestelako dirulaguntzak). Adierazpen hori justifikazio inprimakian berean eginen da.
f) Argazkiak, dokumentu bidezko frogak edo webguneen estekak, frogatzen dutenak bete dela jarduketak, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan, Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza jaso duela iragartzeko betebeharra.
4. Dokumentazio osagarria eskatzen ahalko da egindako gastua justifikatzeko, eta baita Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren kudeaketa eta segimendu sistema egoki betetzeko ere.
13. oinarria. Aurrerakinen aurreikuspena.
1. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 33.2) artikuluan ezarritakoaren arabera, emandako dirulaguntzaren %75eko aurrerakina ematen ahalko da, baldin eta erakunde onuradunak justifikatzen badu dirulaguntzaren helburuak betetzeko funtsak behar dituela, eta aurrerakina ez da 60.000 eurotik gorakoa izaten ahalko.
Entitatearen onuradunak, behar hori justifikatzeko, finantzaketa beharra edo diruzaintzaren likidezia falta frogatzen duten erakundearen diruzaintza egoerak, finantza erakundeen dokumentazioa edo beste edozein txosten edo antzeko dokumentazioa aurkezten ahalko ditu, laguntza eskaerarekin batera.
Aurrerakina dirulaguntza ematen den unean ordainduko da eta erakunde onuradunak egindako jarduketen justifikazioa aurkezten duenean erregularizatuko da.
14. oinarria. Dirulaguntzaren ordainketa.
1. Egindako jarduketen frogagiriak aurkeztu eta aztertu ondoren, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak jarduketa horiei dagokien ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena igorriko du Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusira, eta txosten bat gehituko du, frogatzen duena erakunde onuradunak betetzen dituela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten betebehar guztiak.
2. Laguntza ordaintzeko ebazpena 2023ko abenduaren 31 baino lehenago emanen da.
3. Onuradunak oinarri hauetan araututako dirulaguntza aurrerakina jaso badu, honela erregularizatuko da:
–Horretarako behar den zenbatekoa ez badu justifikatzen, dagokionaren gainetik ordaindu zaion dirulaguntzaren zatia itzultzeko eskatuko zaio.
–Horretarako behar den zenbatekoa justifikatzen badu, falta den zenbatekoa ordaintzeko ebazpena emanen da.
15. oinarria. Onuradunen betebeharrak.
1. Dirulaguntzen onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:
a) Pertsona juridiko pribatuek, dirulaguntzaren esleipena jakinarazi eta hilabeteko epean, dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu beharko dute telematikaz, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren arabera.
Adierazpen hori beti aurkeztu behar da, gardentasun betebeharra izan (Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluko baldintzak betetzeagatik) edo ez izan (kasu horretan, inguruabar hori adieraziko da adierazpenean).
Dirulaguntzaren aurrerakin bat ematea eskatzen bada, adierazpen hori dirulaguntza eskaerarekin batera aurkeztuko da eta, ez bada aurkezten, ezin izanen da eskatutako aurrerakina ordaindu.
b) Diruz laguntzen diren jarduketak oinarri hauetan ezarritako epeetan egin eta justifikatzea.
c) Dirulaguntzaren onuraduna enpresa bat denean, merkataritza jardueretan egin dituen gastu diruz lagungarriak aplikatzekoa zaion araudi sektorialean ezarritako ordainketa epeetan ordaindu behar dira edo, halakorik ezean, merkataritza eragiketetako berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako epeetan.
d) Laguntzak kudeatzen dituen organoari jakinaraztea dirulaguntza eskatu ondoren xede bererako beste laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk lortu direla, beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batek emanak. Jakin bezain laster egin behar da jakinarazpena.
Halaber, dirulaguntza ematean kontuan izan den edozein inguruabar (objektibo nahiz subjektibo) aldatzen bada, horren berri eman beharko da.
e) Laguntza esleitu zitzaion proiektua gauzatzerik ez badu, ez-gauzatzea ziurra den unean jakinarazi behar du dirulaguntzari uko egiten diola eta, edonola ere, 2023ko urriaren 30a baino lehen. Gainera, dirulaguntzaren aurrerakinik ordaindu bazaio, borondatez itzuliko beharko du, dagokion berandutze interesekin batera, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
f) Zerbitzu kudeatzailearen baimena eskatzea diruz lagundutako jarduketetan funtsezko aldaketak egiteko. Eskaera behar bezala justifikaturik egonen da, eta aldaketak egin baino lehen aurkeztu beharko da. Zerbitzu horrek baimentzen ahalko du jarduketa gauzatzeko edozein aldaketa garrantzitsu, eta eskatutako aldaketak onartu, baldin eta errespetatzen badira bai dirulaguntzaren xedea, bai diruz laguntzen den ekintzaren helburuak, baita deialdian ezarritako gainerako baldintzak ere.
g) Dirulaguntzaren xede zehatzari lotutako ondasunak hiru urtez mantentzea, dirulaguntza ordaintzeko ebazpena ematen den egunetik aurrera.
Gerora sortutako arrazoi bat dela kausa, dirulaguntza jasotzen duen enpresak dirulaguntzaren xedeko saltegiko merkataritza jarduera utzi behar baldin badu, xedearen gaineko betebeharra beteta dagoela ulertuko da, eta, beraz, ez da laguntza itzuli beharko, baldin eta bermatzen bada saltegi horretan txikizkako beste merkataritza jarduera batek jarraituko duela (deialdian diruz lagungarriak izateko modukoak hartzen direnetako bat) eta han kokaturik jarraitzen badu atal honetan ezarritakoaren arabera dagokion epea bukatu arte. Berdin jokatuko da enpresa onuradunak merkataritza ibiltaria uzten badu.
Hori gertatuz gero, enpresa onuradunak egoera horren berri eman beharko du edozein erregistro ofizial erabiliz, nahikoa aurrerapenarekin eman ere. Halako kasuetan, dirulaguntza hartu duen enpresak zituen betebehar guztietan subrogatuko da saltegi horretan merkataritza jarduera bere gain hartzen duen enpresa edo salmenta ibiltarian jarraitzen duena.
Baldintza hori betetzen dela egiaztatzeko, laguntzak kudeatzen dituen organoaren irizpideari jarraituko zaio, eta, ETE-en kasuan, besteak beste, jarduera ekonomikoen gaineko zergan alta emanda jarraitzea hartuko da aintzat.
h) Ez da erabiliko emakumeak diskriminatzen dituen irudirik diruz lagundutako jarduketetan, publizitate euskarrietan eta jarduerak zabaltzeko materialetan; emakumeen eta gizonen berdintasuna eta rolen pluraltasuna sustatuko da, eta hizkera inklusiboa erabiliko da. Halaber, ez da hizkera sexistarik erabiliko diruz lagundutako jardueraren gainean prestatzen den dokumentazio guztian.
i) Enpresen deslokalizazio kasuetatik batean ere ez erortzea, Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 4. eta 5. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz.
j) Laguntza eskaerarekin batera aurkeztutako erantzukizunpeko adierazpenetan hartutako konpromiso guztiak eta deialdi honi aplikatzekoa zaion araudi guztia betetzea.
k) Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoak (SEM) finantzatutako dirulaguntzen onuradunek dituzten betebeharrak, laguntzaren fitxaren II. eranskinean jasota daudenak, betetzea.
l) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak betetzea.
2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, emandako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galtzen ahalko da, edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.
Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, ordaindu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa doitzen ahalko da proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.
Zehazki:
a) Gardentasun betebeharra duten onuradunek eskatutako informazioa aurkezteko betebeharrari dagokionez:
–Onuradunak informazioa emateko betebehar hori betetzen ez badu, ez zaio emandako dirulaguntza ordainduko, eta laguntza kobratzeko eskubidea galdu duela deklaratuko da.
–Informazio hori ezarritako epetik kanpo aurkezten badu, baina laguntza justifikatzeko epearen barruan, ordaindu beharreko dirulaguntza %10 murriztuko da. Epe hori baino beranduago aurkeztuz gero, laguntza kobratzeko eskubidea galduko du.
b) Diruz lagundutako jarduketak prezio merkeagoan egiten badira (ezarritako epean gauzatu, fakturatu eta ordainduta), murrizketa hauek aplikatuko dira:
–Diruz lagundutako jarduketaren %50etik %75era bitarteko prezioan egiten bada, azken dirulaguntzaren ordainketa murriztuko da: justifikatutako inbertsioaren ondoriozko dirulaguntzaren %50.
–Diruz lagundutako jarduketaren %50etik beherako prezioan egiten bada, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.
Dirulaguntzaren xedeko jarduketaren bat ez dela eginen jakinarazteko komunikazioa aurkezten bada epearen barnean, oinarri honen 1.d) atalean adierazi bezala, jarduketa hori ez da kontuan hartuko gauzatze maila zehaztearen ondorioetarako.
Era berean, justifikatzen den inbertsio diruz lagungarria ezin da baxuagoa izan ezarritako gutxieneko inbertsioa baino. Izan ere, baxuagoa bada, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.
c) Oinarri honen 1.g) atalean (jarduerari eustea) ezarritako epea betetzen ez bada, zenbat denbora falta den betetzeko, horren araberako zuzeneko proportzioan zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa.
16. oinarria. Emandako laguntzen publizitatea eta informazioa.
1. SEMak finantzatutako dirulaguntzen onuradunek publizitate eta hedapen betebehar hauek bete behar dituzte:
Jarduketei buruzko informazio eta komunikazio neurrietan (informazioa emateko kartelak, plakak, argitalpen inprimatuak eta elektronikoak, ikus-entzunezko materiala, web-orriak, prentsako iragarki eta tartekatzeak, ziurtagiriak eta abar), honako logotipo hauek erakutsi beharko dira:
a) Europar Batasunaren enblema, "Europar Batasunak finantzatua-Next Generation EU" testuarekin batera. "SEEParen markaren eskuliburuan" jasotako arau grafikoak eta kolore normalizatuak hartuko dira kontuan, honako webgune honetan kontsultatzen ahal direnak: Nortasun bisuala | Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana, Espainiako Gobernua (https://planderecuperacion.gob.es).
b) Suspertze Planaren logotipoa, esteka honetan eskuragarri: https://planderecuperacion.gob.es/identidad-visual
c) Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala (Agenda 2030 duena), esteka honetan eskuragarri: (https://www.navarra.es/eu/nafarroako-gobernua/sinbolo-ofiziala).
2. Informazio kartelak eta plakak egiten badira, leku ikusgarrian, jendeak erraz ikusteko moduan, jarriko dira, testua Nafarroako bi hizkuntza ofizialetan idatzirik.
3. Diruz lagundutako jarduketei buruz edozein hedabidetan egiten den aipamen orotan, adierazi beharko da Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioak eta Ekonomia eta Enpresa Garapeneko Departamentuak finantzatu dituztela.
4. Betebehar hori guztiz ez betetzeak berarekin ekarriko du ordaindutako aurrerakina itzultzea, berandutze interesekin, eta esleitutako dirulaguntza ordaintzea eragotziko du, hala badagokio.
17. oinarria. Iruzur arriskuaren ebaluazioa.
Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariaren apirilaren 27ko 69E/2022 Foru Aginduaren bidez onetsi da iruzurraren aurkako neurrien plana, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren (SEM) kargura finantzatzen diren Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuko proiektuen kudeaketaren esparruan.
Aipatutako Planean jasotzen denaren arabera, oinarri arautzaile hauek onesteko espedientean jasoa dago iruzur arriskuaren ebaluazioa (bandera gorrien egiaztapen zerrenda) eta, orobat, "Interes gatazkarik ezari buruzko adierazpena" (IGEA), haren prestaketan eta tramitazioan parte hartu duten pertsona guztiei dagokiena, eta, halaber, onuradunak hautatzeko eta baldintzak betetzen diren egiaztatzeko prozeduran parte hartzen duten guztiek sinatu eta eguneratu beharko dutena, hitz eman behar baitute adierazpen hori eguneratuta mantenduko dutela baldin eta jatorrizko adierazpena egitean zuten egoera aldatzen bada; izan ere, egoera aldatzeak prozeduran parte hartzea eragotziko die.
Gainera, laguntza eskatzen dutenek beren IGEA aurkeztuko dute, 9. oinarrian aipatzen den adierazpenean jasota dagoena.
18. oinarria. De minimis laguntzak, dirulaguntzaren bateragarritasuna eta finantzaketa bikoitzik eza.
1. Laguntza hauek, oro har, de minimis atalaseak bete behar dituzte, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planean 13. osagaiko (ETEak sustatzea) C13.I4 neurrirako (Merkataritzarentzako laguntza) ezarritakoari eta 2022ko maiatzaren 9ko Merkataritzako Konferentzia Sektorialean hartutako Erabakiaren 6. artikuluari jarraikiz. Dirulaguntzak emateko ebazpenean emanen zaie baldintza horren berri onuradunei.
Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1407/2013 (EB) Erregelamenduan xedaturikoarekin bat (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko moduari buruzko Erregelamendua, 2013ko L 352 Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean argitaratua, abenduaren 24koan), enpresa bakar bati hiru zerga ekitaldiko edozein alditan emandako "de minimis" laguntza guztien batura ezin da 200.000 eurotik gorakoa izan.
2. Laguntza horiek bateragarriak dira xede bera duten beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin, edozein administrazio edo erakunde publiko edo pribatuetakoekin, finantzaketa bikoitzaren kasuan izan ezik, horrek bateraezin bihurtzen baititu laguntza hauek eta gastu beretarako Suspertze eta Erresilientzia Mekanismotik eta Europar Batasuneko beste programetatik datozen beste edozein.
3. Diruz lagundutako jarduerak egiteko emandako laguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza edo berezko baliabide batzuekin batuta, jardueren kostua baino handiagoa.
Ondorio horietarako, eskatzaileek, eskaera aurkezten dutenean, eta onuradunek, justifikazioa aurkezten dutenean, jakinaraziko dituzte diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortu dituzten bestelako laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabideak, eta de minimis laguntzen kasuan, gainera, baita dagokion zerga ekitaldian eta aurreko bi zerga ekitaldietan jasotakoak ere.
4. Finantzaketa bikoitzari dagokionez, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen duen 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 9. artikuluaren arabera, SEMaren esparruan emandako laguntza Europar Batasuneko beste programa eta tresna batzuen baitan emandakoari gehituko zaio. Eraberritzeek eta inbertsio proiektuek Europar Batasunaren beste programa eta tresna batzuen laguntza jasotzen ahalko dute, laguntza horrek kostu bera estaltzen ez badu.
19. oinarria. Emandako dirulaguntzen publizitatea.
Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez ( https://www.pap.hacienda.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index ), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.
Deialdi honen emaitzak, halaber, laguntzen fitxan argitaratuko dira.
20. oinarria. Oinarri arautzaile hauen aurkako errekurtsoa.
Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Iragarkiaren kodea: F2308994
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
