Iragarkia
131. ALDIZKARIA - 2023ko ekainaren 22a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
BERRIOBEITI
Gizalegezko jokaeren sustapenari eta espazio publikoen babesari buruzko ordenantza. Behin betiko onespena
Berriobeitiko Udalak, 2023ko otsailaren 7an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Gizalegezko jokaeren sustapenari eta espazio publikoen babesari buruzko ordenantza. Iragarkia 2023ko 36. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, otsailaren 21ean.
Jendaurrean egoteko epea iraganik, 2023ko maiatzaren 2ko osoko bilkuran ebatzi ziren jarritako alegazioak eta behin betiko onetsi zen ordenantza. Hortaz, behin betiko testua argitaratzen da, dagozkion ondorioetarako; hori guztia, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoarekin.
Berriobeitin, 2023ko maiatzaren 29an.–Jarduneko alkatea, Raúl Julio Bator Pérez.
GIZALEGEZKO JOKAERAK SUSTATZEARI ETA ESPAZIO PUBLIKOAK BABESTEARI BURUZKO UDAL ORDENANTZA
Zioen azalpena
Azken urteetan, nabarmen hazi da Berriobeitiko biztanleen kopurua. Biztanleria haztearekin, beharrezko egiten da herritarren eta bisitarien gizalegezko portaera, eta herritar bakoitzaren askatasuna, bai eta askatasun kolektiboa ere, zilegitu behar da, funtsezko muga bertzeenganako errespetua dela; orobat, nork bere gain hartu behar du hiri- eta natura-ondarearen zein gainerako ondasunen babesa, eta bermatu behar da, azkenik, herritarren arteko harmoniazko bizikidetza.
Portaera eredu horretan, herritarrek eskubidea dute espazio publikoak erabiltzeko, eta haien askatasuna errespetatu behar da. Eskubide hau gizalegez erabiliko da, ondasun publikoen erabilerari buruzko xedapenek eta pertsonak eta ondasunak errespetatu beharrak ezarritako mugen barrenean.
Inork ezin ditu, bere portaerarekin, gainerako pertsonen eskubideak gutxietsi edo kaltetu, ezta haien ekiteko askatasuna ere; ez zaie haien balioei erasoko eta ez dira sinesmenak eta bizikidetzaren arauak laidoztatuko.
Gizalegezkoak ez diren portaerak gutxiengo batenak dira, baina guztien ondare diren ondasunak eta espazioak kaltetzeaz gain, bizikidetzarako eraso dira, eta elkartasun eta errespetu eza adierazten dute herritar gehien-gehienenganako, hain juxtu ere herritar izatearen ondoriozko eskubideak eta eginbeharrak gizalegez onartzen dituzten horienganako.
Beste alde batetik, gizalegearen kontrako portaerek behartzen dute dirua garbitze, mantentze eta konpontze lanetan edo ondasunak berrezartzen erabiltzera, diru hori beste zerbaitetarako baliatu beharrean. Beraz, erabilera publikoko instalazioetarako eta gure udalerriko ondarerako eskatzen den errespetuak diru publikoaren kudeaketa hobetzen du; gainera, aukera ematen du baliabide gehiago lehentasunezko gaietan arrazionaltasunez erabiltzeko.
Fenomeno honen jatorria konplexua da, zalantzarik gabe, eta nabarmen gainditzen du toki erakundearen eremua; izan ere, badu zerikusia gizarte, familia eta hezkuntza arazoekin, eta horiei ezin diete toki administrazioek, legea eskuan eta bakarka, aurre egin, nahiz eta, paradoxikoki, ondorioak haien eskumenen eremuan gehien nabaritu.
Hain zuzen ere, gizalegearen kontrako jarreretatik datozen ondorio horiek zuzentzera bideratu dira, historikoki, udalen eskumenak; horregatik eman zaie arau-hausleen egintzak zehatzeko ahalmena.
Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legeak, bestalde, udal araudiak bete beharreko mugak ezartzen ditu. Horrenbestez, eta 139. artikuluarekin bat, toki entitateek ahalmena dute tokiko intereseko elkarbizitzako harremanak arautu eta antolatzeko, bai eta zerbitzuen, ekipamenduen, azpiegituren eta eremu publikoen erabilera arautu eta antolatzeko ere, arau-hauste eta zehapen motak ezarriz, baldin eta berariazko arau sektorial bat ez badago.
Era berean, lege mailako antolamendua errespetatu beharko da, eta ordenantzak ezin du lege formal batean ezarritakoan sartu edo hura hautsi. Eta, jakina, are gutxiago jasotzen ahalko ditu pertsonaren oinarrizko eskubideen urraketak.
Gainera, legeak udalei toki intereseko bizikidetza harremanak arautzeko ahalmena ematearekin bidea irekitzen da arlo horri batera –hau da, ikuspegi orokorraz– heltzeko. Legearen aipatu erreformaren aitzinetik, modu barreiatuan arautzen ziren bizikidetzan eragiten duten herritarren ekintzak, eta horren ondorioz, txikia zen haien arteko lotura.
Bestalde, ordenantza honek kontuan hartzen ditu Berriobeitiko beste udal ordenantza batzuk, zeinek arautzen baitituzte bizikidetzari eragiten dioten zenbait alderdi, hala nola animaliak edukitzea eta babestea, kutsadura akustikoa, trafikoa, ingurumena, hirigintza eta abar.
Aipatu bi inguruabar horien ondorioz –legeak ahalmen berria ematea eta zenbait alderditan jadanik indarra duen araudia izatea– ordenantza berriak dagoena bilduko du, baina arauketa gizalegezko harremanetara bideratuta eta lehenago jaso ez diren arlo berriak bereganatuta.
Testu arauemaile honen beste helburu bat da ondasun publikoak nahiz eremu publikotik ikusten diren espazioak babestea, titulartasun pribatukoak izan arren osasungarritasunean, segurtasunean eta apaindura publikoan ondorioak badituzte. Lehen kasua herritar guztiek erabiltzekoak diren ondasunak administrazio guztiek duten babestu beharraren ondorio logikoa da, herritarrek zergen bidez ordaintzen dituztela kontuan hartuta, haiek erabiltzeko aukera izan dezaten. Espazio publiko guztien zainketa egokia lortu nahi da, herritar guztien eskubidea baita hiria behar bezalako apaintasun eta osasungarritasun egoeran izatea. Era berean, gizalegerik gabeko portaeren gaitzespena arautu da, herritarren arteko bizikidetza egokia bultzatzeko asmoz. Helburu horiek betetzeko, arau-hauste eta zehapenen araubidea ezarri beharra dago.
Hondarreko, ordenantzak arau-hausleen erantzukizun eta errehabilitazio printzipioa bultzatzen du: gisa hartara, diru zehapenaren ordez, batzuetan komunitatearen onurarako zereginak eta lanak egin beharko dituzte arau-hausleek, haren bizikidetzako printzipioak urratu baitituzte. Errehabilitazio neurria den aldetik, arau-haustea ekarri duen jokaera gizalegezko balioez bereziki bete behar denean erabiltzen da. Alde horretatik, arau-hausleak ohartarazi nahi dira bai egindako arau-hausteaz bai egindako kalteaz, gizalegezko balioak sendotzeko baliabide izan dadin. Bestalde, neurri hori zuzenean lotuta dago prebentzio lanarekin.
Xedapenaren testuak bost titulu ditu. Lehenbizikoak ordenantzaren xedeari heltzen dio eta haren aplikazio eremua mugatzen du. II. tituluak, berriz, ezartzen du zer esparru orokorri lotuko zaizkion Udalak gizalegea sustatzeko egiten ahal dituen jarduerak. III. tituluak gizalegezko portaeraren gaineko arau multzoa biltzen du, eta haien izaeraren arabera lau kapitulutan elkartzen: xedapen orokorrak, kalteak ondasunei, publizitatea eta herritarraren jarduketak. Ordenantzaren IV. titulua zehapen araubideari buruzkoa da, arau-hausteak sailkatuta eta bidezko zehapenak ezarrita. V. tituluan, azkenik, arau-hausleen errehabilitazioa jorratzen da. Artikulu horiez gain, bi azken xedapen daude.
I. TITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua. Xedea.
Ordenantza honek xede hauek ditu:
–Gizalegezko kontzientzia eta jokaerak bultzatzea, herritarren bizikidetza trabatzen duten jarduerak prebenituz.
–Erasoetatik, kalteetatik eta legez kontrako erabileretatik babestea ondasun eta espazio publikoak eta udalerriaren hirigintza eta arkitektura ondarea osatzen duten instalazio eta elementu guztiak.
Ordenantza honetan arautzen diren babes neurriak udal titulartasuneko zerbitzu edo erabilera publikoko ondasunei buruzkoak dira, hala nola karrikak, plazak, pasealekuak, parkeak eta lorategiak, zubiak eta zaldainak, tunelak eta lurpeko pasabideak, aparkalekuak, iturriak eta urmaelak, eraikinak, merkatuak, museoak eta kultur etxeak, ikastetxeak, hilerriak, igerilekuak, kirol guneak eta haien instalazioak, estatuak eta eskulturak, bankuak, kale-argiak, elementu apaingarriak, bide seinaleak, zuhaitzak eta landareak, edukiontziak eta paperontziak, hesiak, Udalaren garraio elementu eta ibilgailuak, eta gisa bereko edo berdintsuko gainerako ondasunak.
Halaber, eta apaintasun publikoari dagokionez, ordenantza honen babes neurrien xede dira beste administrazio publiko batzuen eta erakunde publiko edo pribatuen ondasunak eta instalazioak, baldin badira Berriobeitiko udalerriko hiri altzarien parte, herritarrentzat badira edo baldin badira zerbitzu publiko bateko ekipamenduak, instalazioak edo elementuak, hala nola markesinak, garraioko elementuak, kale-argiak, estatuak, hesiak, kartelak, iragarkiak eta bestelako publizitate elementuak, trafikoko seinaleak, kioskoak, edukiontziak, terrazak eta beladoreak, eguzki-oihalak, jardinerak, objektuak ematen dituzten makina automatikoak eta antzeko gainerako ondasunak.
Osasungarritasun, segurtasun eta apaintasun publikoko egoera egokian egon behar diren hiriko ondare eta paisaiaren zati diren aldetik, ordenantza honetan bildutako babes neurriek eraikinetako fatxadak eta beste hirigintza eta arkitektura elementu batzuk, azpiegiturak, eta titulartasun publiko edo pribatuko tresna edo instalazioak ere barne hartzen dituzte, hala nola atariak, merkataritzako galeriak, patioak, orubeak, igarobideak, lorategiak, heskaiak, jardinerak, kale-argiak, elementu apaingarriak, edukiontziak eta jatorri bereko edo berdintsuko gainerako ondasunak, eremu publikoan kokatuta badaude edo bertatik ikus badaitezke.
–Gizalegezko balioen kontrako jarduerak zuzentzea, zehapen ahalmenaren bidez.
–Bizikidetzako arauak hausten dituztenen errehabilitazioa sustatzea.
2. artikulua. Udal eskumena eta aplikazio eremua.
1.–Ordenantza honetan aurreikusten diren udal eskumeneko babes neurriek ez dituzte deusetan ukatzen ukitutako ondasunen jabeen eskubide, ahalmen eta eginbeharrak, ezta bertze administrazio publiko batzuen eskumenak ere.
2.–Ordenantza honek herritarren gizalegezko balioei buruzko jarduerak eta hutsegiteak arautzen ditu; ez die, beraz, eragiten egungo antolamendu juridikoak ezarritakoa betetzeko egiten diren zerbitzu publikoen jarduerei.
3.–Ordenantza hau Berriobeitiko udal-mugarte osoan aplikatuko da.
4.–Udalaren nahiz udalez gaindiko instalazio eta zerbitzuetan, kirol, kultur nahiz aisia arlokoetan, arau berariazkoei jarraituko zaie. Halakoei modu osagarrian aplikatuko zaie ordenantza hau, eta bidezkotzat jotzen bada, honen zehapen araubidea aplikatzen ahalko da, berezitasun batekin, arau haietako aginduei egokituko baitzaie.
II. TITULUA.–GIZALEGEAREN SUSTAPENA
3. artikulua. Xedapen orokorra.
1.–Berriobeitiko Udalak gizalegezko balioak sustatuko ditu; gizalegezko baliotzat joko dira gizarte demokratiko bateko herritarren bizikidetza egokia ahalbidetzen dutenak. Gizarte horren ezaugarri nagusia eskubide pertsonalak izatea da; eskubide horien errespetuak dakar eginbeharrak izatea eta herritar bakoitzak bete behar izatea.
Era berean eta berariaz, Berriobeitiko Udalak legez dituen eskumenak erabiliko ditu herritarren kontzientzia guztiz pizteko hiriko espazio komunak zuzen erabili eta hiri ingurunea zaindu dezaten, bai eta gainerako herritarrak ere errespetatu ditzaten.
4. artikulua. Hezkuntza jarduerak.
Udalak gizalegezko balio eta jokaeren transmisioa eta sendotzea bultzatuko du, hezkuntza eta prestakuntza arloan bere eskumenekoak diren jardueren bitartez.
Era berean, eta bere eskumen guztiak erabiliz, portaera sozialaren oinarrian dauden balioak hedatzen eta sustatzen saiatuko da Udala, herritar bakoitzak bere askatasun konstituzionala erabil dezan, muga izanik gainerakoen eskubide eta balioen errespetua eta ondasun publikoak guztiek erabiltzeko moduan zaintzea.
5. artikulua. Hitzarmenak.
Udalak hitzarmenak egiten ahalko ditu bai beste administrazio edo erakunde publikoekin, bai entitate pribatuekin, gizalegezko kontzientziazioa nahiz prestakuntza, hezkuntza eta jarduera pribatuak planaren xedeei egokitzea bultzatzen badituzte.
6. artikulua. Jakinarazpen publikoa.
Udalak balioak eta gizalegezko jokaerak hedatuko ditu, herritar guztiei edo biztanle talde jakin batzuei zuzendutako zabalkunde kanpainen bidez.
III. TITULUA.–HERRITARREN PORTAERA
I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
7. artikulua.
1.–Bizikidetzaren printzipioak.
1.1.–Herritarrek bizikidetza errespetatu eta ondasun eta zerbitzu publikoak haien helburuaren arabera erabili behar dituzte, gainerako herritarrek haiek erabiltzeko duten eskubidea errespetatuta. Horren ondorioz, debeku dira herritarren bizikidetza hautsi, eragozpenak sortu eta pertsonei lotsa galtzen dieten portaerak, ordenantza honetan ezarritako ildoetatik.
1.2.–Herritarrek eskubidea dute udalerriko bide eta espazio publikoak libreki erabiltzeko, eta askatasun hori errespetatu behar zaie. Eskubide hori gizalegez erabiliko da, eta eskubide horren mugak izanen dira ondasun publikoen erabilerari buruzko xedapenek ezarritakoak eta gainerako pertsonak eta ondasun pribatuak errespetatu beharrak ezarritakoak.
1.3.–Ezin da bizilagunen atsedena hausten duen asotsik egin, ezta gaueko iskanbiletan parte hartu edo gaueko lokaletatik zalapartaka atera ere.
1.4.–Herritarrek ez dute bide publikoan eginen abusuzko, bereizkeriazko edo larderiazko ekintzarik, ezta indarkeria fisikoa edo morala dakarrenik ere.
2– Elkartasuna eremu publikoan.
2.1.–Udalak herritarrak bultzatuko ditu solidarioak izatera, laguntza behar duten pertsonei lagun diezaieten.
3.–Kautelazko neurriak.
3.1.–Ordenantza honetan jasotzen diren aginduak edozein motatako materiala erabiliz urratzen direnean, agintaritzaren agenteek kendu edo altxatzen ahalko dute aldi baterako.
3.2.–Halaber, udalerriko halako toki batzuk hutsarazi edo haietarako sarrera mugatzen ahalko da, egiaztaturik gelditzen bada bertan ordenantza honetako arau-hausteak maiz gertatzen direla edo gertatzen ari direla, eta portaera berak beste toki batzuetan eginez gero, ez dutela arau-hausterik ekarriko.
II. KAPITULUA.–ONDASUNAK HONDATZEA
8. artikulua. Hondatzea eta kalteak eragitea.
Ezin izanen da jarduketarik egin ordenantza honek babesten dituen ondasunetan, baldin haien erabileraren edo helburuaren kontrakoa bada, haiek hondatzen baditu edo kalteak eragiten badizkie, edo haien estetika desitxuratzen badu, 1. artikuluan ezarritakoaren arabera.
9. artikulua. Pintadak eta grafismoak.
1.–Debeku da pintadak, idatziak, inskripzioak eta grafismoak egitea edo espazio publikoa hondatzea edozein materialekin, bai eta halakoak egitea zerbitzu publiko baten ekipamenduen, azpiegituren edo elementuen eta, oro har, instalazioen barrualdean edo kanpoaldean ere. Bestalde, Udalak edo partikularrek gaizki ikusten den tokietan segurtasuna handitzeko jarri dituzten ispilu ganbiletan ongi ikustea eragozten duen elementu oro joko da ibilgailuen eta oinezkoen integritaterako arrisku larria.
2.–Aurreko apartatuan agertu debekutik kanpo geldituko dira jabearen eta Udalaren baimena izanda, orubeetako hesi, obretako itxitura, mehelin edo gisakoetan egiten diren horma-irudi artistikoak.
Udalak aukerakoa du baimena ematea; hura ematen duenean, erantsiko da zer baldintza eta beharkizun beteko dituen jarduerak.
3.–Erabilitako materialak edo tresnak kentzen edo atzematen ahalko dituzte agintaritza-agenteek baldin jarduerak Udalaren nahitaezko baimenik gabe egiten badira.
4.–Eraikin publiko edo hiri altzarietako elementu batean pintadak egin, paperak ezarri, kristaletan arrastoa egin edo apurtu, kartelak itsatsi edo hondatzen duen beste edozein ekintza gauzatzen denean, bidezko kalte-ordaina eta garbitu, berria jarri edo lehengoratzeko lanen fakturen kostua egozten ahalko dizkio Udalak erantzuleari. Horrez gain, dagokion zehapena ezarriko dio.
10. artikulua. Arbolak eta bestelako landare espezieak. Parkeak. lorategi publikoak eta kirol-pistak.
1.–Herritarrek honako hauek errespetatu behar dituzte: parkeak, udalerriko lorategiak eta kirol-pistak, bai eta haietan dauden altzariak ere (bankuak, paperontziak, iturriak, haur-parkeak, ateak, saskiak, sareak, hesiak eta abar).
2.–Parke, lorategi, lore-aska eta eremu edo leku publikoetan landatutako arboletako landare-espezieak ongi zaindu eta mantentzeko, debeku dira ondoko ekintzak:
–Loreak, landareak edo zuhaixkak ebatsi, errotik atera edo hondatzea eta, oro har, behar ez bezala erabiltzea edo hondatzea parkeak edo lorategiak, belardiak edo landaketak.
–Soropila kaltetzea eta horren gainean kanpatzea, berariaz baimentzen diren parkeetako lekuetan izan ezik.
–Zuhaitzak moztea, inaustea edo haustea.
–Motordun ibilgailuak eta ziklomotorrak erabiltzea plaza, parke eta lorategietan, baimendutako ibilgailuak izan ezik.
–Zuhaitz-azaletan grabatu edo pintatzea, puntapaxak sartzea, haiei eskailerak, tresnak, aldamio euskarriak eta abar lotzea, eta kartelak paratzea.
–Arbolen eta lorategien ondoan obra-materialak metatzea, aldi baterako bada ere, edo horien gainean edozein motatako produktu toxikoak isurtzea, edo halakoak ez direnak ere bai, espezieei kalte egiten badiete.
–Berdeguneetan botatzea zaborrak, hondakinak, harriak, legarra edo beste edozein produktu, baldin haiei kalte egiten ahal badiete edo eraso egiten ahal badiete haien estetikari eta gustu onari.
–Soropil eta lorategien gainean gorotzak uztea.
–Sua egitea parke eta lorategietan, salbu eta Udalak modu puntualean baimendutako tokietan eta hark ezarritako baldintzetan.
–Zaldi-azienda edo beste animalia batzuk sartzea bazkatzera.
–Txakurrak aske eramatea.
3.–Era berean, debeku da parkeetan eta kirol-pistetan egotea sartu eta ixteko ordutegi araututik kanpo, dauden seinaleek adierazitakoari kasurik ez egitea edo gune zehatz batzuetara sartzeko aldi baterako edo behin betiko murrizketei desobeditzea.
11. artikulua. Paperontziak eta edukiontziak.
Debeku da bide edo espazio publikoetan dauden paperontziak edo edukiontziak erabiltzea halako moduz non kalteak eragiten diren, edo haien estetika desitxuratzen edo erabilera oztopatzen den. Bereziki debeku da haiek mugitzea, erauztea, erretzea, iraultzea edo haien edukia lurrera botatzea, inskripzioak egitea eta paperak edo eranskailuak itsastea.
1.–Hondakin solido txikiak, hala nola zigarrokin itzaliak, azalak, txikleak, paperak, poltsak, bilgarriak eta gisakoak, paperontzietara bota behar dira, eta birziklagaiak izanez gero, bilketa sailkaturako eremu publikoan paraturik dauden edukiontziak edo zaborrontziak erabiliko dira.
2.–Debeku da paperontzietara material, tresna edo objektu arriskutsuak edo kutsakorrak botatzea, hala nola animaliak eta animalien hondakinak, xiringak eta estupefazienteen kontsumorako tresnak, eritasunak kutsatu edo barreia ditzaketen osasun laguntzako materialak, mota guztietako droga toxikoak, estupefazienteak eta gai kimikoak, erradiaktiboak, piroteknikoak edo leherkorrak, eta sutan dauden hondakin solido txikiak nahiz beste edozein gai.
12. artikulua. Urmaelak eta iturriak.
Debeku da urmael eta iturrietako instalazio edo elementuen inolako erabilera, baimenik gabe. Bereziki debeku da pertsonak, animaliak edo gauzak horietan sartzea edo garbitzea, arrantza egitea, animaliei edatera ematea eta substantziak isurtzea edo objektuak botatzea.
III. KAPITULUA.–KARTELAK, PANKARTAK ETA GISAKOAK
13. artikulua. Publizitatea.
1.–Kanpoko publizitatea xede horretarako bereziki prestatutako lekuetan baizik ezin izanen da jarri, edozein euskarritan egonda eta edozein ezaugarri eta helburu izanda ere. Horrela, Udalak helburu horretarako berariazko euskarriak jarriko ditu komenigarri iruditzen zaion tokietan. Establezimenduen titularrek ezin izanen dute bide publikoan publizitatea edo propaganda duen inolako instalaziorik ezarri, ez finkorik ez mugigarririk, baimena izan ezean.
2.–Alde horretatik, debeku da eraikin publiko edo pribatuko fatxadan, karrerapeetan, markesinetan, hiri altzarietan, arboletan, murruetan, tuneletan, lurpeko pasabideetan eta oro har, berariaz prestatutako lekuetatik kanpo edozein iragarki mota paratzea, udal baimenik izan ezean. Era berean, debeku da aipatu lekuetan paratzea eranskailu, kartel, afixa, pankarta edo banderola oro.
14. artikulua. Kartelak, pankartak eta banderolak.
1.–Udalak eremu publikoan kartel, pankarta eta banderolak jartzea espresuki baimentzen ahalko du hurrengo kasuetan:
a) Udalerrian kultur, arte edo kirol gertaera garrantzitsuak egiten direnean.
b) Udalerrirako interesgarriak diren kontzertu, ekitaldi edo erakusketak egitea laguntzen dutenean.
c) Hauteskunde kanpainetan, behar bezala baimendutako lekuetan.
d) Publizitate helburua dagoenean.
Salbuespen gisa, bide publikoan afixa, pankarta eta banderolak paratzeko baimena ematen ahalko da, adierazitakoen artean ez dauden beste kasu batzuetan.
2.–Artikulu honek aipatutako baimenaren eskaerak hurrengo zehaztapenak bildu beharko ditu, gutxienez:
–Arduraduna, identifikaizoa, helbidea eta telefono-zenbakia.
–Kartel edo banderolen edukia eta neurriak.
–Haiek paratzeko lekuak.
–Paraturik egonen diren denbora eta egunak.
–Haiek kentzeko eta sor litzaketen kalteak konpontzeko konpromisoa.
–Banderolak kale-argi edo argiuneei lotzeko modua islatzen duen krokisa, euskarriaren pinturak edo galbanizatuak kalterik jasoko ez duela bermatuta.
–Iragarri nahi den ekitaldiaren deskribapena.
3.–Kale-argi edo argietan paratu baino 72 ordu lehenago jakinaraziko da, gutxienez, argiteriaren ikuskapen teknikoko udal zerbitzuak instalazioa berrikus eta kontrola dezan.
4.–Kartel, pankarta eta banderolak baimendutako berezitasunei lotuko zaizkie; horien artean egon daiteke 30.2 artikuluan jasotzen den fidantza.
5.–Kartel eta banderolek baimenaren baldintzak beteko dituzte, eta baimenaren eskatzaileak kenduko ditu emandako epea bukatu bezain laster. Bertzelakoan, Udalak ordezko betearazpena eginen du, ordenantza honetako 38. artikuluan ezarritakoari jarraituz. Dena den, horrek ez du baztertzen dagozkion isunak jartzeko aukera.
15. artikulua. Liburuxkak eta eskuorriak.
1.–Debeku da bide edo eremu publikoetan mota guztietako eskupaperak, eskuorriak, propaganda edo publizitate paperak eta gisako materialak barreiatu eta botatzea.
Udal zerbitzuek eskuorri, liburuxka edo gisakoen banaketak zikindutako hiri espazioa garbituko dute eta aparteko zerbitzuen kostua erantzuleei egotziko zaie, dagozkien zehapenak deusetan ukatu gabe.
2.–Etxez etxeko publizitatearen banatzaileek ezin izanen dute propaganda jarri eraikinetako atariaren eremutik kanpo.
3.–Propaganda banatu, informazioa eman edo sinadurak biltzeko mahaiek Udalaren baimena izan beharko dute aldez aurretik, eta aurreko artikuluko aginduak aplikatuko zaizkie.
IV. KAPITULUA.–HERRITARREN JARDUKETAK
1. ATALA
Ondasun edo zerbitzuen erabilera arruntaren kontrako jarduerak
16. artikulua. Bide edo eremu publikoen erabilera arruntaren kontrako jarduerak.
1.–Bide edo eremu publikoek eta haien elementuek zer xede duten, haren arabera erabiliko dituzte herritarrek, eta ezin izanen dute eragotzi horretarako prestatutako lekuetan oinezkoen edo ibilgailuen ohiko joan-etorria, legez aurreikusitako tokietan eta baldintzetan izan ezik.
Eremu publikoak eta bertako elementuak errespetatu egin behar dira eta beren helburuaren arabera erabili, eta ez dira hondatu behar edo beren estetika zabartu, bestela ezin baitira normal erabili, eta gainerako herritarrek horiez gozatzeko eskubidea baitute.
2.–Debeku da bideo edo eremu publikoetan eta haien elementuetan edozein eratako jardueratan aritzea, baldin eta, kasu zehatz bakoitza eta inguruabarrak kontuan hartuta, pertsonei edo ondasun publiko zein pribatuei kalteak egiten bazaizkie edo herritarrei eragozpen nabariak, edo arriskuan jartzen badute pertsonen osotasun fisikoa eta gainerakoen eskubideak urratzen badituzte. Aipatzearen, baina zerrenda mugatzeko asmorik gabe, debeku da:
a) Bankuen eta eserlekuen kontserbazio egokiari kalte egiten dion erabilera; ezin dira erauzi, hautsi, pintatu edo zikindu edo edozein modutan hondatu.
b) Jostetarako aparatuak ez dagokien moduan erabiltzea, erabilera horren ondorioz hondatu edo suntsitzen ahal badira.
c) Udalaren haurrendako parkeak jostetarako ezarritako adinetik gorakoek erabiltzea.
d) Paperontzi eta edukiontzietatik kanpo botatzea pipitak, fruitu lehorren azalak edo antzekoak, zigarrokinak eta hautsontzien barrukoa, txikleak, bilgarriak edo paperak, edarien ontziak (latak, botilak eta edalontziak), hondar solidoak edo beste era bateko zaborrak.
e) Paperontziak iraultzea edo beren tokitik ateratzea eta bertako zaborrak lurrera botatzea, baita beren itxura eta osotasuna hondatzen duten beste ekintza batzuk ere.
f) Hiri hondakinetarako paperontzi eta edukiontzietan tresna edo objektu arriskutsu edo kaltegarriak botatzea. Horri dagokionez, tresna edo objektu arriskutsu edo kaltegarritzat joko dira honako hauek: pertsonei edo ingurumenari kalte egin diezaieketenak, hala nola animaliak eta animalien hondakinak, xiringak eta sorgorkarien kontsumorako tresnak, eritasunak kutsatu edo barreia ditzaketen osasun laguntzako materialak eta mota guztietako droga toxikoak, sorgorkariak eta gai kimikoak, erradiaktiboak, piroteknikoak, leherkorrak eta su-eragileak, zigarrokinak, pilak eta bateriak, aparatu elektriko eta elektronikoak, pintura pote edo aerosolak, bonbillak edo fluoreszenteak.
Material birziklagarrietarako, eremu publikoan gaikako bilketarako dauden edukiontziak eta zaborrontziak erabiliko dira.
g) Hodiak, txorrotak eta gainerako elementuak manipulatzea iturri publikoetan, parke eta lorategietan (ur-harguneak eta aspertsoreak), beren funtzionamendu egokirako ez denean.
h) Udalerrian dauden kale-argiei, eskulturei, beste hiri-altzari batzuei eta gainerako apaingarriei kalte egiten dien edozein ekintza edo manipulazio, baita horiek hondatuko dituen edozein ekintza ere.
i) Harriak edo antzeko gauzak botatzea eremu publikoan edo altzarien, ibilgailuen, etxebizitzen edo pertsonen kontra, kalteak sorrarazten badituzte edo pertsonen osotasun fisikorako behar ez diren arriskuak eragiten badituzte.
j) Bide eta eremu publikoetan kanpatzea, kanpadendetan, ibilgailuetan, autokarabanetan edo karabanetan, berariaz baimendutako tokietan izan ezik.
k) Eremu publikoaren aldera alfonbrak, arropak edo edozein eratako oihalak astintzea.
l) Etxebizitzen fatxadetan landareak ureztatzea, soberako ura nolabait kalte daitezkeen etxebizitzetako objektu edo elementuen gainean eror badaiteke edo eremu publikoan edo haren erabiltzaileengan kalteak egin baditzake.
m) Katuei edo katu-koloniei jaten ematea eta horiek harrapatzea, populazioa kontrolatzeko, Udalaren behar bezalako baimenik gabe.
n) Kontrolatu gabeko animaliei jaten ematea (usoak...).
3.–Artikulu honetako 2. apartatuan xedatutakoa ez da aplikatuko aurretik baimena lortu denean edo aipatutako jarduerak egiten direnean berariaz prestaturiko tokietan edo berez haiek egiteko diren tokietan, ezarritako baldintzak betez.
Udalak bizikidetzarako arauak ematen ahalko ditu eta halako eremu batzuetan erabilera berariazkoa edo debekatua zehaztu, kartelen bidez.
4.–Eremu publikoetan ezin da inolako elementurik instalatu edo paratu, Udalaren baimenik izan ezean.
5.–Eragozpenak sortzen dituzten eta herritarren atsedena urratu edo horien integritate fisikoa kaltetzen duten jarduerak egiten ahal diren udal eremu, pista, instalazio eta haurren jostetarako eremuetan, eta baimen edo adierazpen espresik ez bada, jarduera horiek debekatuta egonen dira 22:00etatik 08:00ak arte.
17. artikulua. Zerbitzu publikoen erabilera egokiaren kontrako jarduerak.
Debeku da zerbitzu publikoen erabilera desegokia dakarren edozein portaera, eta bereziki, larrialdiko zerbitzuak eta/edo Udaltzaingoa maltzurkeriaz mugiaraztea.
2. ATALA
Jarduera berariazkoak
18. artikulua. Sua eta jaiak.
1.–Debeku da erabilera publikoko espazioetan sua piztu edo izatea baimenik gabe, baita piztutako metxak eramatea edo petardoak, suziriak eta bengalak edo legez kanpoko bestelako artikulu piroteknikoak erabiltzea edo baimenik gabe saltzea ere.
2.–Jaietan edo ekitaldi zehatzetan, udalak baimen orokor bat ematen ahalko du, aldez aurretik txosten teknikoa eginda. Baimen horretan, baimendutako suteek edo jarduerek bete beharreko baldintzak ezarriko dira. Edonola ere, bitarteko egokiak erabili beharko dira, eta beharrezko neurriak hartu segurtasunari, osasungarritasunari eta garbiketari dagokienez.
3.–Ordenantza honetako 19. artikulua (zaratak), 20. artikulua (keak eta usainak) eta 24. artikulua (edari alkoholdunen kontsumoa) jaietako egoera berezietara egokituko dira; edonola ere, segurtasuna, osasungarritasuna eta garbitasuna bermatu beharko dira.
19. artikulua. Zaratak.
1.–Herritarrek bizilagunen lasaitasuna eta atsedena errespetatu behar dituzte. Halaber, bizikidetza arrunta trabatzen duten asotsak egitea saihestuko dute, bai kutsadura akustikoari buruzko legedi indardunean eta ordenantzan ezarri bezala, bai Gizalegezko jokaeren sustapenari buruzko ordenantza honek arautzen dituen hurrengo baldintzen arabera:
–Ibilgailuen gidariek ez dituzte indarreko araudi aplikagarrian baimendutako dezibelak gaindituko.
Ozentzat joko da agintaritza-agenteek kanpotik modu gogaikarrian entzuten ahal dutenean musika.
Irizpide berari segituko zaio, trabak nahita egiten direnean ibilgailuen motorra, ihes-hodia edo pneumatikoak erabiliz, edo zarata modu ez ohikoan gidatzeagatik edo tutua behar ez bezala erabiltzeagatik egiten denean trafikorako araututako kasuetatik kanpora. Orobat aplikatzen ahalko da zaratak lagun egiteko animaliek edo alarmek egiten dituztenean, musika-tresnak jotzen direnean edo, azken batez, bestelako zaratak ateratzen direnean, horiek neurtzeko sonometroa erabiltzea eraginkorra edo egokia ez bada; nolanahi ere, nahita egiten ez denean, gertaera errepikatua dela frogatu beharko da.
–Obrak egunez eginen dira, astelehenetik ostiralera, salbu arrazoi justifikatuak direla-eta Udalak ordutegi berezia baimentzen badu.
–Ostalaritza establezimenduek eta edari eta janariak saltzen dituztenek jardueraren lizentzian ezarritako hotsgabetze neurriak hartu beharko dituzte, bizilagunei eragozpenik ez sortzearren.
–Ezin izanen da bozgorailurik erabili edo jarri bide publikoan, ez eta, hari begira, eraikinetan eta ibilgailuetan ere, baimena lortu ezean.
–Debeku da animaliak uztea patioetan, terrazetan, etxabeetan, merkataritzako lokaletan, garajeetan, balkoietan edo beste eremu ireki edo itxi batzuetan, baldin eta haien soinu, garrasi edo kantuek bizilagunen atsedena larriki urratzen badute.
–Oro har, ez da baimenduko bizilagunei eragozpenak sortu edo haien atsedena larriki urratzen ahal duen jarduerarik, batez ere astelehenetik ostiralera 22:00etatik 08:00etara eta larunbat, igande eta jaiegunetan 10: 00ak arte, zarataren eragile izanik etxeko konponketak, altzari aldaketak, etxetresna elektrikoak, soinu aparatuak, oihuak edo beste arrazoi batzuk.
2.–Aisialdiko baratzeen kasuan, berariazko ordenantzan ezarritako irizpideari jarraituko zaio.
20. artikulua. Kea eta usainak.
1.–Herritarrek uko eginen diote lasaitasuna trabatzen duten edo osasungarritasunaren eta apaintasun publikoaren kontrakoak diren keak edo usainak sortzen edo hautsa harrotzen duten jarduerak egiteari, zein diren legerian ezarritako mugak.
2.–Ibilgailuek ezin izanen dute bost minutu baino gehiago aparkatuta egon motorrak piztuta, bizitegien eraikinetatik 10 metro baino gutxiagora badaude.
21. artikulua. Hondakinak eta zaborrak.
1.–Debeku dira jarduera edo eragiketa baimen gabe guztiak, zikintzen ahal badituzte erabilera publikoko bide eta eremuak, horretan barne direla orubeak, itxi gabeko finkak, ibaiertzak eta ibaien ibilguak. Batzuk aipatzearren, debeku da aipatutako bide edo espazioetan automobilak edo bestelako ibilgailuak garbitzea, konpontzea edo olioztatzea, ezinbesteko kasua izan ezean; zigarro-muturrak, bilgarriak, txikleak eta hondakin solidoak edo likidoak botatzea; hautsontziak eta ontziak hustea; botilak haustea; zaborrak edukiontzi edo paperontzi hutsen ondoan uztea; eta gisako beste ekintza batzuk.
2.–Herritarrak behartuta daude hiri hondakinak paperontzi eta edukiontzietara botatzera, hondakinen bilketa sailkatuaren arabera.
Hondakin solido txikiak, hala nola zigarrokin itzaliak, azalak, txikleak (paper batean bilduak), paperak, poltsak, bilgarriak eta gisakoak paperontzietara bota behar dira, birziklagarriak izan ezean: halakoak izanez gero, bilketa sailkaturako eremu publikoan paraturik dauden edukiontziak erabiliko dira.
Debeku da paperontzi edo edukiontzietara botatzea tresna edo objektu arriskutsuak, eta piztutako zigarrokinak edo beste edozein gauza. Horri dagokionez, tresna edo objektu arriskutsutzat joko dira pertsonei kalte egin diezazkietenak, hala nola xiringak eta sorgorgarrien kontsumorako tresnak, eritasunak kutsatu edo barreia ditzaketen osasun laguntzako materialak eta mota guztietako droga toxikoak, sorgorgarriak eta gai kimikoak, erradiaktiboak, piroteknikoak edo leherkorrak, eta hondakin solido txikiak eta beste edozein gai, sutan badaude edo bat-batean su hartzeko arriskua badakarte.
Paperontzietara botatzen ahal ez diren hiri hondakinak horretarako paratu edukiontzietara bota beharko dira, Iruñerriko Mankomunitateko ordenantzen arabera eta hondakinen bilketa sailkatuaren printzipioarekin bat.
3.–Espresuki debeku da beirazko edozein objektu, osorik edo hautsirik, utzi edo lagatzea erabilera publikoko edozein lekutan. Beirazko objektuak, hain zuzen, Iruñerriko Mankomunitateak beirarako berariaz paratutako edukiontzian bota behar dira.
4.–Debeku da paperontzi edo edukiontzietara botatako hondakinak atera eta barreiatzea.
5.–Debeku da landareak baimenik gabe ureztatzea, soberako ura nolabait kalte daitezkeen etxebizitzetako objektu edo elementuen gainean eror badaiteke, edo eremu publikoan edo haren erabiltzaileengan kalteak egin baditzake.
6.–Debeku da ibilgailuetatik, abian nahiz geldirik egon, edozein hondakin botatzea.
7.–Debeku da, egitez edo ez-egitez, ingurunea kaltetzen ahal duten hondakinak isurtzea euri uren sarera edo zuzenean ibaira, ugaldera, idoietara, ubideetara, urmaeletara edo iturrietara urmaeletara edo iturrietara isurtzea, xaboiak, garbikariak, koipeak edo gisako beste gai batzuk baitituzte.
8.–Herritarren betebeharra da inausketetako eta baratzeetako hondakinak edo horien antzeko hondakin organikoak botatzea Iruñerriko Mankomunitateak horretarako jarriak dituen edukiontzietan.
22. artikulua. Animaliak.
1.–Herritarrek behar bezala zaindu beharko dituzte etxeko animaliak, eta bereziki debeku da haiek abandonatzea.
2.–Animaliak nola eduki eta babestu behar diren arautzen duen berariazko ordenantzan ezarritako irizpideari jarraituko zaio.
3.–Animaliak ezin izanen dira bazkatu lorategi eta parkeetan.
4.–Debeku da katuei edo katu-koloniei jaten ematea eta horiek harrapatzea, populazioa kontrolatzeko, Udalaren behar bezalako baimenik gabe.
23. artikulua. Kanpaldiak eta aisia.
1.–Ezin izanen da kanpatu edo kanpadenda edo horretarako prestatutako ibilgailurik jarri 226/1993 Foru Dekretuan aurreikusi gabeko lur publiko edo pribatuetan, horretarako baimenik izan ezean.
Agintaritzako agenteek amore emateko eskatuko diete kanpadenden, ibilgailuen edo eremu publikoa modu bidegabean okupatzen duen edozein materialen erabiltzaile eta jabeei, dagokien salaketa ukatu gabe. Ezezkoa emanez gero edo jabeak edo erabiltzaileak aurkitu ezin izanez gero, agintaritzako agenteek haiek berehala kentzeko beharrezko egintzak gauzatzen ahalko dituzte. Halakoetan, arau-hausleek eta, haiekin batera, jabeek beren gain hartu beharko dute sortu den gastua.
2.–Ezin izanen da eremu publikoan janaririk prestatu, berariazko baimenik izan ezean.
3.–Ezin izanen da biluzik egon erabilera publikoko espazio eta eremuetan, administrazioak horretarako prestatzen ahal dituen lekuetan izan ezik, horrek herritarren lasaitasuna edo beren eskubide eta eginbeharrak modu baketsuan erabiltzea trabatzen duenean.
24. artikulua. Alkoholdun edarien kontsumoa.
1.–Eremu publiko ez baimenduetan edari alkoholdunak ez kontsumitzea begiratuko da.
2.–Berariaz debekatuta dago edari alkoholdunak kontsumitzea halako eremuetan, egoera hauek izaten direnean:
a) Eragozpenak sor daitezkeenean edo herritarren arteko elkarbizitza urratzen ahal denean.
b) Beirazko ontziak erabiltzen direnean.
c) Adingabeak egoten diren tokietatik hurbil edo haur-parke edo antzekoetatik hurbil edaten denean.
Apartatu honek aipatzen duen debekua indarrik gabe geldituko da edari alkoholdunen kontsumoa egiten bada horrexetarako erreserbaturiko establezimenduetan eta bestelako eremuetan, hala nola terraza, beladore eta askaldegietan, eta agintari eskudunek kasu puntualetan horretarako baimena ematen dutenean.
Ordenantza honen ondorioetarako, edari alkoholdunen kontsumoak herritarren arteko elkarbizitza urratzen duela esanen da inguruabar hauetakoren bat gertatzen denean:
a) Toki publikoaren morfologia edo izaeragatik, herritar talde askok parte hartzen dutenean kontsumoan, edo espresuki horretarako dei egiten denean.
b) Kontsumoaren ondorioz, ingurunearen lasaitasuna urratzen ahal denean edo osasungaiztasun arazoak etortzen ahal direnean.
c) Kontsumoa modu laidogarrian kanporatzen denean inguruan pasatzen direnentzat edo eremu publikoen gainerako erabiltzaileentzat.
d) Kontsumitzen denean adingabeak egon ohi diren tokietan edo adingabeentzako aisialdirako toki diren eremuetan, hala nola haur-parketa eta antzekoetan.
25. artikulua. Askotariko obrak eta jarduerak.
1.–Bide publikoan zikinkeria sor dezaketen jarduerak egiten badira, non-nahi eginak izanagatik eta batere ukatu gabe kasu bakoitzean behar diren lizentziak edo baimenak, titularrak behartuak daude neurriak hartzera eremu publikoan zikinkeriarik izan ez dadin, eta, era berean, behartuak daude bai eremu publikoa bai bertako egitura elementuak garbitzera, eta gelditu diren hondakinak jasotzera.
2.–Zikinkeriarik ez sortzeko, bide publikoa ukitzen duten obrak egiten ari direnek bide publikoa babestu beharko dute, elementu egokiak paratuz eraisketen, zagorren eta obran sobratutako materialen inguruan, ez daitezen barreia eta heda lanek hartzen duten esparru zehatzetik kanpora.
3.–Bereziki, bide publikoan egiten diren zanga, kanalizazio eta lotura lanen inguruak, beti garbi eta inolako hondakinik gabe eduki beharko dira. Ateratako lurra aurreko 1. zenbakian zehaztu bezala babestu beharko da.
4.–Obrak bide publikoan edo aldameneko lekuren batean egiten direnean, hesiak eta babes-elementuak nahiz seinaleak ezarri beharko dira. Horietaz gain, hodiak ere bai, eraisketako materialen eta produktuen zamalanetarako, behar diren baldintzak betetzen dituztenak, eremu publikoa ez zikintzeko eta jendeari edo gauzei kalterik ez egiteko. Orobat, dagozikien segurtasun eta osasun planak bete beharko dira.
5.–Eraikinak jaso bitartean, bide publikoa garbitzeko betebeharra, esparru material osoan, obrako kontratistarena da (pertsona fisikoa edo juridikoa).
6.–Debeku da bide publikoan nahiz bertako edozein elementutan hondakinak zuzenean utzi, hustu edo botatzea. Hondakinak uzteko, Udalak edo kasuan kasuko entitateak homologatutako edukiontziak erabili beharko dira.
7.–Bide publikoan utzitako materialak tratatu beharko dira apirilaren 8ko 7/2022 Legean xedatutakoaren arabera (hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzkoa eta ekonomia zirkularra bultzatzekoa).
8.–Behar diren zerbitzuak bildu bitartean, bide publikoko edukiontzietan utzitako hondakinetan debeku da bilaka ibiltzea eta handik deus hartzea.
9.–Bide publikoa zikin dezakeen edozein ibilgailuk zamalanak, obrak nahiz biltegietako sartu-ateratzeak, etab. bukatutakoan, lan horietaz arduratu diren langileak eta, bestela, establezimendu edo obretako titularrek eta, azken finean, ibilgailuaren jabe edo gidariek garbitu beharko dituzte bide publikoa eta bertan zikindutako elementuak, eta botatako materiala jasoko dute.
10.–Arduradunak Udalari edo kontzejuari ordaindu beharko dio garbiketa-lanen kostua. Edonola ere, gerta liteke isuna ere ordaindu behar izatea.
26. artikulua. Eraikin higiezinetako elementuak eta kanpoaldeak garbitzea horien mantentze-lanak.
1.–Eraikin higiezinen jabeak behartuak daude haien segurtasun, garbitasun eta apaintasun publikoko baldintzak zaintzera.
2.–Finka, etxebizitza eta establezimenduen jabeak behartuak daude garbi edukitzera fatxadak, kaleko zenbakien errotuluak, ageriko mehelinak, higiezinetako sarrerak eta sarbideko eskailerak eta, orokorrean, bide publikotik ikus daitezkeen eraikin zati guztiak.
3.–Honen aurreko artikuluari dagokion guztian, jabeek egin beharko dituzte mantendu, garbitu eta iztukatze lanak, apaintasun publikorako beharrezko denean eta udal-agintaritzak, dagokion udal zerbitzuak aurretik txostena egin ondotik, hala agintzen duenean.
4.–Jabeek, orobat, garbi eduki beharko dituzte tximiniak, deposituak, patioak eta argi-patioak, ur eta gas hodiak, hustubideak, tximistorratzak, telebisten antenak eta, oro har, eraikinen osagarri diren gainerako instalazioak.
27. artikulua. Orubeak garbitzea eta horien mantentze-lanak.
1.–Jabeek zabor eta hondakinik gabe eduki beharko dituzte orube eta lursailak, eta behar bezalako baldintzetan, higienearen, osasungarritasunaren, segurtasunaren eta apaindura publikoaren aldetik. Orobat, eduki behar dituzte izurririk gabe (arratoiak, saguak edo intsektuak) –bereziki zainduz ez egotea listor asiarrik edo espezie inbaditzailerik– eta putzurik gabe, horiek pizgarri izan baitaitezke inguruko eltxoen kopurua hazteko.
2.–Aurreko aginduan sartzen da orubeetako arratoi hilketa eta desinfekzioa egin beharra.
3.–Heskaiak eta lurzati pribatuetako gainerako zuhaixka edo landare erako elementuak ez dira inola ere eremu publikoetan sartuko. Zuhaitz edo zuhaixken sustraiek espaloietan eta gainerako espazio publikoetan sortzen ahal dituzten kalteak orube edo lurzati pribatuaren jabearen erantzukizuna izanen dira.
4.–Udalak ahalmena du aurreko 1. eta 3. zenbakietan aipatutako garbiketa lanak ikuskatu eta subsidiarioki eginak izan daitezela agintzeko, orubeak publikoak nahiz pribatuak izan.
5.–Udal zerbitzua edo udalerria garbitzeko lana adjudikatua duen enpresa arduratuko da aurreko artikuluan aipatu diren lanak subsidiarioki egiteaz, eta gastuak kargatuko zaizkio egiteko betebeharra zuenari eta ordenantza fiskalek xedatzen dutenaren arabera, eta, gainera, ezartzen ahalko zaizkio dagozkiokeen zehapenak.
3. ATALA
Betebehar bereziak
28. artikulua. Merkataritzako eta industriako jarduerak.
1.–Merkataritza, industria edo zerbitzu jarduera batek maiz inguruetan edo baimendu lekuetan (terrazak eta gisakoak) zikinkeria sortzen duenean, establezimenduko titularrak eremu publikoan ukitutako zatia garbi utzi beharko du, deusetan ukatu gabe neurri zuzentzaileak eta derrigorrezko lizentziei aplika dakiekeen araubidetik ondorioztatzen diren gainerako betebeharrak.
2.–Terrazak, mahai hankabakarrak eta eremu publikoko beste instalazio batzuk dituzten kiosko eta establezimenduetako jabeek edo titularrek garbi eta seguru utzi beharko dituzte okupatzen duten lekua zein ingurua, baita instalazioak berak ere.
Gainera, kioskoen, izozki denden edo jarduera motagatik hondakinak sorrarazten dituen beste edozein saltokiren titularrek paperontzia paratu beharko dute inguruan, eta beren bizkar mantendu.
Espazio eta ingurune horiek etengabe garbituko dira eta, betiere, establezimendua ixten denean.
Estetika, higiene eta segurtasun arrazoiak direla eta, debeku da produktuak edo materialak terrazetan eta haien ondoan bildu edo pilatzea. Ezin izanen da inola ere baimendutakoa baino leku handiagoa okupatu, ez eta aldi baterako elementurik –ez finkorik, ez zoladurari loturik– erabili ere Udalaren baimenik gabe.
Udalak edozein elementu edo altzari ken dezake, bide publikoan baimenik gabe jarria bada, edo baimendutakoa baino leku handiagoa okupatzen badu; instalazioaren erantzuleari eskatuko zaio hura kentzeko gastua, deusetan ukatu gabe dagokion zehapena.
29. artikulua. Establezimendu publikoak.
Edonor sartzeko establezimenduen jabeek edo titularrek bertze xedapen batzuk errespetatzeaz gain, bezeroen gizalegerik gabeko ekintzak edo ekintza gogaikarriak eragozten saiatuko dira lokaletan sartzean zein haietatik ateratzean.
Jokaera horiek eragotzi ezin direnean, polizia deitu beharko dute ordena eta herritarren bizikidetza mantentzeko, eta laguntza emanen diete uneoro esku hartzen duten agenteei.
30. artikulua. Ekitaldi publikoak.
1.–Ekitaldi publikoen ondorioz zikinkeria sorrarazten bada edo kalte egiten bazaie hiri edo arkitektura elementuei, erantzuleak antolatzaileak izanen dira, eta administrazioak behartu ditzake lehengoratzera erabili edo hondatzen diren ondasunak.
2.–Udalak fidantza eratzeko eskatzen ahalko die antolatzaile horiei, garbiketa eta ingurumen lanetatik zein ekitaldia egitearen ondorioz sor daitezkeen bestelako kalte-galeretatik eratortzen den erantzukizuna bermatzeko.
3.–Ekitaldi publikoen antolatzaileek balizko kalteak bermatzen dituen erantzukizun zibileko aseguru-kontratua gauzatu beharko dute beti, ekitaldiaren izaera kontuan hartuta.
31. artikulua. Eskaletza.
Ordenantza honi dagokionez, eskaletzatzat joko da bide publikoan edo erabilera publikoko espazioetan limosna eskatzea, baita bestelako jarduera batzuk egitea ere, hala nola ibilgailuetako haizetakoak edo gainerako elementuak garbitzea, semaforoetan produktuak edo zerbitzuak saltzea edo baimenik gabe auto-aparkatzaile jardutea.
Orobat eskaletzatzat hartuko da leku pribatuetan egiten dena ere, hala nola atarietan, sartzeko gezurra esan badute.
Debeku da diru edo limosna eskean ibiltzea larderiaz edo modu gogaikarrian, hitzez zein egitez. Orobat, debeku da larderiaz edo modu gogaikarrian gauzak edo zerbitzuak diru truke eskaintzea.
Eskean dabiltzanak adingabeak izanez gero, adingabeen babesaren arloan indarrean dagoen legediak xedatutakoari helduko zaio.
Agintaritzako agenteek mota horretako ekintza oro eragotziko dute, eta beti eskaleari gizarte zerbitzu publikoen berri emanen diote derrigorrean, beharrezko laguntza eskatu ahal izan dezan, larderiaz edo modu gogaikarrian eskatzen duen ala ez alde batera utzita.
32. artikulua. Apaingarriak.
1.–Etxebizitza kolektiboko eraikinetan debeku da eraikinetako fatxadetan edo balkoietan mota guztietako antenak instalatzea. Debeku da, orobat, etxebizitzetako materialak, etxeko elementuak, klimatizazio-elementuak, objektuak edo altzariak uztea, baldin eta eraikinaren estetikari eragiten badiote.
2.–Debeku da klimatizazio-elementuak jartzea fatxada eta balkoietan. Salbuespen gisa, balkoietan jartzea badago, baina ezin diote eragin eraikinaren estetikari eta kanpotik ez ikusteko moduan jarri behar dira.
3.–Balkoi, leiho, terraza edo teilatu-lauetan apaingarririk jarriz gero, hala nola loreontziak-eta, babesturik egon beharko dute, inola ere eror ez daitezen bide publikora edo herritarren gainera.
IV. TITULUA.–ZEHAPEN ARAUBIDEA
33. artikulua. Xedapen orokorrak.
1.–Zehatzeko ahala arlo honetan erabiltzeko, legez eta erregelamenduz ezarrita dagoen prozedurari jarraituko zaio, zehapenak ezartzeko.
2.–Zehapen prozedura abiatzeko eskumena duen organoak dakienean gertaerak, arau-hauste administratiboa ez ezik, zigor-zuzenbideko arau-haustea ere izan daitezkeela, organo judizial eskudunari jakinaraziko dio eta geldirik utziko du zehapen prozedura –hasita badago– harik eta agintari judizialak bere iritzia eman arte.
Zehapen prozedura etenda dagoen bitartean, etentzat joko dira bai arau-haustearen preskripzio epea, bai prozeduraren beraren iraungipena.
3.–Arau-haustearen erantzulea haren ondorioz sortutako kalte-galeren erantzulea ere izanen da; haien ordaina Berriobeitiko Udalak erabakitzen duen maneran eginen da, arau-hausteari dagokion zehapena aparte utzita.
34. artikulua. Arau hausteen sailkapena.
Ordenantza honetan ezarritakoaren kontrako arau-hausteak, izan egiteak nahiz ez-egiteak, joko dira oso astuntzat, astuntzat edo arintzat.
35. artikulua. Arau-hauste oso astunak.
Oso astunak dira honako hauek eragiten dituzten arau-hausteak:
a) Herritarren bizikidetza modu larri, berehalako eta zuzenean trabatzea, beste pertsona batzuen lasaitasunari edo legezko eskubideak erabiltzeari edo mota guztietako jarduerak araudi aplikagarriaren edo osasungarritasun eta apaintasun publikoen arabera gauzatzeari eragiten dioten ekintzen bidez; Herritarren Segurtasunaren Babesari buruzko martxoaren 30eko 4/2015 Lege Organikoan ezarritako motetan sailkatu ezin diren jokaerak badira.
b) Zerbitzu publiko bat erabiltzeko eskubidea dutenei galaraztea hartaz baliatzea.
c) Zerbitzu publiko baten funtzionamendu arrunta galaraztea edo horretarako oztopo larriak jartzea.
d) Larriki hondatzea zerbitzu publiko baten ekipamenduak, azpiegiturak, instalazioak edo elementuak.
e) Espazio publiko bat erabiltzeko eskubidea dutenei galaraztea hartaz baliatzea. Betiere, arau-haustea izanen da oinezkoei edo ibilgailuei nahita eta modu larrian galaraztea haientzat prestatutako tokian zirkulatzea, baimenik izan gabe.
f) Larriki eta nabarmen hondatzea bide publikoak edo haietako edozein instalazio eta elementu, izan higigarri nahiz higiezin, ez direnean herritarren segurtasunaren asaldatzeak eragindakoak. Betiere, honako jokaera hauek arau-hausteak izanen dira:
–Seinale publikoak hautsi, erauzi edo pintatzea edo haietan kalteak sortzea, baldin eta horrela seinalea ikustea edo ulertzea eragozten edo zailtzen bada.
–Edozein motatako objektuei, zerbitzu publikoko elementuei, obra hondakinei edo zaborrei su ematea nahita edo erru larriarekin, eta gasolindegi batetik gertu 18. artikulua ez betetzea, arrisku larriren bat dagoenean.
–Bide publikoan eta parke eta lorategietan dauden arbolak hautsi edo deusetarako ez direla uztea.
g) Ordenantza honetan ezarritakoaren kontrako egiteak edo ez-egiteak, baldin arriskuan jartzen badute pertsonen osasuna edo osotasun fisikoa edo morala.
h) Bidegabeki eta maltzurkeriaz eragitea larrialdi zerbitzuak mobiliza daitezen.
i) Nahita itzaltzea argiteria publikoaren edozein sistema.
j) Urtebetean hiru arau-hauste astun edo gehiago egitea.
k) Arau-hauste astuna edo oso astuna egitea, espresuki debekatu denean baimentzeko idazkien edo bertze batzuen bidez, edo baimen baten baldintzak ez betetzea eta horren ondorioz nahasmendu oso larria eragitea. Espresuki debekaturiko arau-hauste oso astuna egin bada, ezar daitekeen zenbatekorik handiena izanen da zehapena.
l) Desobeditze oso astuna. Agintaritzako agenteek debekatu ondoren norbaitek arau-hauste oso astuna egiten duenean edo haiek ez egiteko eskatu eta hala ere egiten duenean eta, era berean, arau-haustea egin ondoren agenteek egoera lehengoratzeko errekerimendua egin eta, hori momentuan posible izanda, uko egiten zaionean.
36. artikulua. Arau-hauste astunak.
Arau-hauste astunak honako hauek dira:
a) Bizikidetza nabarmen trabatzea, halako moduz non eragozten den beste batzuen lasaitasuna, beren legezko eskubideak erabiltzea edo era guztietako jarduerak normal egitea, jarraikiz aplikatzekoa den araudiari edo osasungarritasun eta apaintasun publikoari, baldin eta jokaera horiek ez badaude tipifikaturik herritarren segurtasuna babesteari buruzko araudian.
b) Larriki trabatzea beste batzuei zerbitzu edo espazio publiko bat erabiltzeko eskubidea. Betiere, arau-haustea izanen da bide edo espazio publikoetan terrazak edo beladoreak jartzea Udalaren baimenik gabe.
c) Larriki trabatzea zerbitzu publikoen funtzionamendu arrunta.
d) Larriki hondatzea zerbitzu edo espazio publiko bateko ondasunak.
e) Larriki trabatzea osasungarritasun edo apaintasun publikoa. Betiere, arau-haustea izanen da:
–Estolderia-sarera edo bide edo eremu publikoetara zaborrak edo hondakinak botatzea, ibiltzea eragozten dutenak edo osasungaiztasun arriskua sortzen dutenak.
–Eraikin edo ibilgailuetatik edozein gauza botatzea edo axolagabekeriaz edo zuhurtziagabekeriaz erortzera uztea, bidearen erabiltzaileei arriskurik sorrarazten bazaie.
–Eremu publikoan janariak edo edariak saltzea Udalaren baimenik gabe.
f) Nahita oztopatzea oinezkoek edo ibilgailuek normal zirkulatzea haientzat prestatutako tokietan.
g) Modu oldakorrean gidatzea motordun ibilgailuak, edozein motatakoak direla ere, eta abiadura handian joatea bizikletan eta antzekoetan, oinezkoen guneetan.
h) Urtebetean hiru arau-hauste arin edo gehiago egitea.
i) Arau-hauste arina egitea, espresuki debekatu denean baimentzeko idazkien edo beste batzuen bidez, edo baimen baten baldintzak ez betetzea eta horren ondorioz nahasmendu larria eragitea.
j) Desobeditze astuna. Agintaritzako agenteek debekatu ondoren norbaitek arau-hauste astuna egiten duenean edo haiek ez egiteko eskatu eta hala ere egiten duenean eta, era berean, arau-haustea egin ondoren agenteek egoera lehengoratzeko errekerimendua egin eta, hori momentuan posible izanda, uko egiten zaionean.
k) Ikuskaritza lana oztopatzea, udal ordenantza honetako nahiz gainerakoetako aginduen kontra arau-haustea eginda.
Honi dagokionez, nork bere nortasuna adieraztean datu faltsuak ematea edo nork bere nortasuna adierazteari uko egitea oztopatze gisa joko dira, Udalak kanpoko baliabideak erabili behar baditu hura ikusteko.
37. artikulua. Arau-hauste arinak.
Honako hauek dira arau-hauste arinak:
a) Herritarren bizikidetza arinki trabatzea, halako moduz non eragozten den beste batzuen lasaitasuna, beren legezko eskubideak erabiltzea edo era guztietako jarduerak normal egitea, jarraikiz aplikatzekoa den araudiari edo osasungarritasun eta apaintasun publikoari, baldin eta jokaera horiek ez badaude tipifikaturik herritarren segurtasuna babesteari buruzko araudian. Betiere, arau-hauste arina izanen da:
–Eremu publikoan sua egitea eta jarduera piroteknikoetan aritzea, Udalaren baimenik gabe.
Petardoak eta bengalak eta edozein gai pirotekniko erabiltzea, suteak eragiten ahal badituzte, Udalaren baimenik gabe.
–Eragozpenak sortzen dituzten edo herritarren atsedena urratzen duten jarduerak egitea udal eremu, pista, instalazio eta haurren jostetarako eremuetan 22:00etatik 08:00ak arte, salbu eta berariaz baimentua badago.
–Edozein eratako jarduera edo jolasetan aritzea, baimenik gabe eta horretarako egokitu gabeko tokietan, baldin eta pertsonei edo ondasun publiko zein pribatuei kalteak egiten bazaizkie edo herritarrei eragozpen nabariak, edo arriskuan jartzen badute pertsonen osotasun fisikoa, eta eremu publikoa erabiltzen duten gainerakoen eskubideak urratzen badituzte.
–Eremu publikoetan edari alkoholdunak kontsumitzea, eragozpenak sortuz edo herritarren arteko elkarbizitza urratuz.
Saihesten ahal den edozein eratako zarata egitea etxebizitzetan, bizilagunei eragozpenak sortzen badizkie edo beraien atsedena larriki urratzen badu, bereziki 22:00etatik 08:00ak bitarte lanegunetan eta 10:00ak bitarte jaiegunetan, zarataren eragile izanik etxeko konponketak, altzari aldaketak, etxetresna elektrikoak, soinu aparatuak, oihuak edo beste arrazoi batzuk:
–Motorrek, ihes-hodiek, pneumatikoek eta klaxonek modu desegokian sortutako zaratak, edo zakar edo irregularki gidatzearen ondoriozkoak, baita ibilgailuetan musika ekipoak bolumen handiz erabiltzea ere, edo eremu publikoan dauden gainerako pertsonen lasaitasuna edo bizilagunen atsedena larriki urratzen ahal duten beste zarata batzuk.
–Hotelek eta edariak eta janariak saltzeko establezimenduek ez betetzea intsonorizazio-nerriak.
–Keak edo usainak sorrarazten dituzten edo ingurunea hondatzen duten jarduerak egitea beimenik gabe.
b) Zerbitzu edo espazio publiko bat erabiltzeko eskubidea modu arinean trabatzea beste pertsona batzuei. Betiere, arau-haustea izanen da:
–Edozein motatako elkartek eremu publikoa erabiltzea horretarako baimenik edo lizentziarik eduki gabe.
–Baimenik gabe kanpatzea.
–Gaua ematea bankuen gainean, markesinetan edo kutxazain automatikoetan.
–Eremu publikoetan edozein elementu paratzea baimenik gabe.
–Eremu publikoa erabiltzea ibilgailuak konpontzeko, edo metal arotzerian, iturgintzan edo gisakoetan aritzeko, edo ibilgailuak, makinak, aparatuak nahiz animaliak garbitzeko.
–Lurzati pribatuetako heskaiek, zuhaixkek eta landare-elementuek eremu publikoak inbaditzea.
–Eskale itxurarekin hertsatze diru-eskean ibiltzea edo jazarpen jarrerak erakusten dituzten jokabideak izatea, edo herritarrak eremu publikoetan libreki ibiltzeko eskubidea trabatzen edo galarazten dutenak.
c) Zerbitzu publikoen funtzionamendu arrunta modu arinean trabatzea. Betiere, arau-hauste arina izanen da:
–Iturri edo urmael publikoetan bainatzea.
d) Zerbitzu edo espazio publiko bateko ondasunak modu arinean hondatzea. Betiere, arau-hauste arina izanen da:
–Zuhaitzak, landareak eta lorategi-eremuak kaltetzea edo horiek hondatzen edo kaltetzen ahal dituen beste edozein erabilera.
–Zerbitzu edo espazio publiko bateko apaingarri, ekipamendu, azpiegitura, muntadura edo elementuetan kalte egitea eta horiek hondatzea eta, era berean, kale-argietan eta gainerako hiri altzarietan, argiztatzeko izan edo ez eta udalarenak izan edo ez.
–Edozein ondasun edo espazio publikotan pintadak, grafismoak edo horma-irudiak egitea Udalaren baimenik gabe.
–Banku eta eserleku publikoak erabiltzea horien kontserbazio egokiari kalte egiten dion moduan; ezin dira erauzi, hautsi, pintatu edo zikindu edo edozein modutan hondatu.
–Jostetarako aparatuak ez dagokien moduan erabiltzea, erabilera horren ondorioz hondatzen ahal badira.
–Paperontzi eta edukiontzietatik kanpo botatzea pipitak, fruitu lehorren azalak edo antzekoak, zigarrokinak eta hautsontzien barrukoa, txikleak, bilgarriak edo paperak, edarien ontziak (latak, botilak eta edalontziak), hondar solidoak edo likidoak.
–Paperontziak iraultzea eta bertako zaborrak lurrera botatzea, baita beren itxura eta osotasuna hondatzen duten eta horiek behar bezala ez erabiltzea dakarten beste ekintza batzuk ere.
–Tresna edo objektu arriskutsuak edo kaltegarriak botatzea paperontzietara. Horri dagokionez, tresna edo objektu arriskutsu edo kaltegarritzat joko dira honako hauek: pertsonei edo ingurumenari kalte egin diezaieketenak, hala nola animaliak eta animalien hondakinak, xiringak eta sorgorkarien kontsumorako tresnak, eritasunak kutsatu edo barreia ditzaketen osasun laguntzako materialak eta mota guztietako droga toxikoak, sorgorkariak eta gai kimikoak, erradiaktiboak, piroteknikoak, leherkorrak eta su-eragileak, pilak eta bateriak, aparatu elektriko eta elektronikoak, pintura pote edo aerosolak, bonbillak edo fluoreszenteak:
–Hodiak, txorrotak eta gainerako elementuak manipulatzea iturri publikoetan eta ureztatzeko-elementuetan, beren funtzionamendu egokirako ez denean.
–Udalerrian dauden kale-argiei, eskulturei eta gainerako apaingarriei kalte egiten dien edozein ekintza edo manipulazio, baita horiek hondatuko dituen edozein ekintza ere.
–Harriak, globoak, bolak edo antzeko gauzak botatzea bide publikoan edo altzarien, ibilgailuen, etxebizitzen edo pertsonen kontra, kalteak sorrarazten badituzte edo pertsonen osotasun fisikorako behar ez diren arriskuak eragiten badituzte.
–Landareak ureztatzea, soberako ura nolabait kalte daitezkeen etxebizitzetako objektu edo elementuen gainean eror badaiteke edo eremu publikoan edo haren erabiltzaileengan kalteak egin baditzake.
–Landareak, zuhaitzak, zuhaixkak edo soropila lapurtu, erauzi edo kaltetzea edo horiek hondatuko dituen edozein erabilera.
e) Osasungarritasun edo apaintasun publikoak modu arinean trabatzea. Betiere, arau-hauste arina izanen da:
–Bide publikoan edo hiri-altzarien gainean pixa edo kaka egitea eta tu egitea.
–Erabilera publikoko bideak eta eremuak zikintzea, orubeak, hesitu gabeko finkak, ibaiertzak eta ibilguak barne.
–Eremu publikoan zaborra edo beste edozein elementu bota edo bertan uztea.
–Antenak eta klimatizazio-elementuak jartzea behar den baimenik gabe.
–Lorontziak, jardinerak edo bestelako elementu apaingarriak babesik gabe jartzea balkoi, leiho, terraza edo teilatu-lauetan, eta, ondorioz, ezin saihestea horiek erortzea bide publikora edo herritarren gainera.
–Eremu publikoaren aldera alfonbrak, arropak edo edozein eratako oihalak astintzea.
–Inausketetako eta baratzeetako hondakinak edo horien antzeko hondakin organikoak horretarako jarrita dauden edukiontzietan ez botatzea.
–Ibilgailuetatik objektu edo hondakin mota oro botatzea, abian nahiz geldirik egon.
f) Baimen baten baldintzak ez betetzea, betiere sailkapen larriagorik merezi ez badu.
g) Desobeditze arina. Agintaritzako agenteek debekatu ondoren norbaitek arau-hauste arina egiten duenean edo haiek ez egiteko eskatu eta, hala ere, egiten duenean eta, era berean, arau-haustea egin ondoren agenteek egoera lehengoratzeko errekerimendua egin eta, hori momentuan posible izanda, uko egiten zaionean.
h) Udal ordenantza honetako edo gainerakoetako aginduen kontra arau-haustea egin ondoan nork bere nortasuna zuzen adierazteari uko egitea, horrek arau-hauste arina badakar.
i) Udal agintariei errespeturik ez izatea beren eginkizunak betetzen ari direnean.
j) Agintariek edo zerbitzuek emandako aginduak edo egindako berariazko eskaerak ez betetzea.
k) Ordenantza honetan ezarritakoaren kontrako egiteak eta ez-egiteak, aurreko artikuluetan tipifikatu ez direnak.
38. artikulua. Zehapenak.
Arau-hauste arinei 60 eurotik 400 euro arteko isuna ezarriko zaie, 37. artikuluaren a), b) eta e) apartatuetan aipatutakoei izan ezik; izan ere, horiei 60 eurotik 150 euro arteko isuna ezarriko zaie.
Arau-hauste astunei 401 eta 800 euro arteko isuna ezarriko zaie.
Arau-hauste oso astunei 801 eurotik 1.500 eurora bitarteko isuna ezarriko zaie.
39. artikulua. Kalteei ordaina ematea.
Nolanahi ere, ordenantza honetan adierazten diren bidezko zehapenak ezartzean, bertzelakotu den egoera lehengoratzeko eskatuko zaio arau-hausleari. Arau-hausleek eragindako kalte-galerak erantzuleek konpondu edo ordainduko dituzte beti.
Udalak lehengoratzeko zein kalteak ordaintzeko eskaera izapidetuko du antolamendu juridikoan ezarritakoaren arabera eta hondatutako ondasuna nolakoa den kontuan hartuta.
Udalak derrigortuaren kontura eginen ditu egin beharrekoak gauzak arau-haustearen aurreko egoerara lehengoratzeko, non ez dituen arau-hausleak ordurako egin.
40. artikulua. Erantzuleak.
1.–Ekitaldi publikoetan, pertsona edo entitate antolatzaileak edo sustatzaileak izanen dira erantzule solidario, baita baimena eskatzen duena ere.
2.–Egile materiala izanen da kanpoko publizitatearen inguruko arau-hausteen erantzulea, eskuorriena barne.
3.–Etxebizitzak edo lokalak erabiltzeko eskubidea dutenak izanen dira 20.1, 21.5, 24. eta 27. artikuluetan bildu arau-hausteen erantzuleak.
4.–Gainerako kasuetan, arau-hausteen egile materialak izanen dira ordenantza honen kontrako arau-hausteen erantzuleak.
4.–Oro har, pertsona fisiko edo juridiko pribatuak izanen dira kalteen erantzule solidario, baldin eta legezko betebeharra badute bertze batzuek egin ditzaketen administrazioko arau-hausteei aurrea hartzeko.
Erantzulea adingabea izanez gero, edo hari egotzi ahal ez izateko lege arrazoiren bat izanez gero, erantzuleak gurasoak, tutoreak edo legezko zaintza dutenak izanen dira.
6.–Arau-haustea dakarten jarduketak zenbait pertsonaren artean gauzatzen direnean, guztiak izanen dira erantzule modu solidarioan.
41. artikulua. Zehapenen mailaketa.
Aurreko artikuluen arabera sailkatu ondoren, ezarri beharreko zehapena mailakatzeko, honako inguruabar hauek hartuko dira kontuan:
a) Berrerortzea, urtebetean eite bereko arau-hauste bat baino gehiago egin bada, ebazpen irmo batek hala deklaratuta.
b) Errepikatzea, urtebetean astuntasun handiagoko arau-hauste bat edo astuntasun bereko edo txikiagoko bi arau-hauste egin badira, ebazpen irmo batek hala deklaratuta.
c) Zer kalte egin diren eta haien larritasuna.
d) Egindako kaltea prozedura ireki baino lehen konpontzea.
42. artikulua. Kautelazko neurriak.
Arau-hausleak gizalegerik gabe jokatzen segitu eta, hartara, beste batzuei traba egiten badie, kautelazko neurriak hartzen ahalko dira, galarazteko.
V. TITULUA.–ERREHABILITAZIOA
43. artikulua. Itundutako amaiera.
Bidezko zehapen ebazpena eman aurretik, komunitatearentzako zeregin edo lanak egiteko aukera eskaintzen ahal dio Udalak espedientatuari, ezar litekeen isun osoaren nahiz zati baten ordez; zein den arau-haustearen astuntasuna, haren araberako eta proportzioko zeregina izanen litzateke.
Aukera hori arau-hausleen errehabilitazio bide bezala eskaintzen ahalko da, eta horregatik, beharrezkotzat jotzen denean baino ez da aplikatuko, esaterako:
–Arau-hausteak oso zehapen astuna ezartzea dakarrenean.
–Zehapen astuna dakarren arau-haustea izanda, aurretik arau-hauste astunak edo oso astunak egin direnean.
–Arau-hausleak adingabeak edo ezgaiak direnean.
–Neurri hori hartzearen alde egiten duten baldintza bereziak ikusita, modu arrazoituan horrela erabakitzen denean.
Udalak espedientatuari eskainiko dio zer zerbitzu mota egiten ahal duen. Ahal dela, komunitatearen onerako lanak izanen dira, gizalegezko jokabideak sortu edo gisako ekintzen ondoriozko kalteen ordaina ematen dutenak. Udaleko langileek kontrolatu eta bermatuko dute betetzen direla.
Espedientatuak zer zerbitzu eginen duen onartu ondoan, prozedura ebazteko epea eten eginen da, eta egin beharreko zerbitzuaren baldintzak jakinarazi beharko dizkio Udalak arau-hausleari.
Udalak prozedura amaitzeko, espedientatuak egin beharreko zerbitzua zehaztuko du ebazpenaren ekitaldian, baita isunaren zenbatekoa ere, zehapena zerbitzuarekin osorik ordezten ez denean.
Kasu bakoitzaren inguruabarrak ikusita, Udalak kautelazko neurriak hartzen ahalko ditu, zerbitzua behar den denboran eta moduan betetzen dela bermatzeko.
Espedientatuak zerbitzuaren baldintzak onartu ondoren, zehapen prozedura amaitutzat joko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 86. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Zerbitzua behar den denboran eta moduan betetzen ez bada eta ez bada justifikatzen, isuna ezarriko da, prozedura laburtuaren bidez erabakita. Hori zehazteko, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:
–Hasierako arau-haustearen sailkapen bera izanen du arau-hausteak.
–Zehapena graduatzeko, berariazko astungarria izanen da Udalaren eta arau-hauslearen artean itundutako zerbitzua ez betetzea.
AZKEN XEDAPENAK
Lehena.–Ordenantzaren zabalkundea.
Onesten denean, Udalak ordenantza honen zabalkundea eginen du eskura dituen baliabideak erabiliz.
Bigarrena.–Indarrean jartzea.
Ordenantza honek indarra hartuko du 6/1990 Foru Legearen 325. eta 326. artikuluetan ezarritako epea iragan ondoren (foru lege horrek hizpide du Nafarroako Toki Administrazioa).
Iragarkiaren kodea: L2308391
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
