129. ALDIZKARIA - 2023ko ekainaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

190E/2023 EBAZPENA, maiatzaren 29koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez eguneratzen baita Alesbesko udal-mugartean dagoen txerri-aziendaren (Peñalfons etxaldea) ustiapenerako ingurumen-baimen bateratua. Titularra Agropecuaria Obanos SA da.

Egun martxan dagoen instalazio horrek badu lehendik ingurumen baimen bateratua, zeina eman baitzitzaion Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen hirugarren xedapen iragankorra aplikatuta; izan ere, jarduera hori sarturik dago aipatutako foru lege horren 1. eranskineko 10.12 taldean.

Dena dela, ez dago ingurumen baimen bateratuaren dokumenturik, instalazio horrek bere jarduera aurrera eramateko bete behar dituen ingurumen-baldintzak biltzen dituenik. Badaude ingurumen baimen integratua emateko edo aldatzeko zenbait ebazpen, eta horien bidez joan dira ezartzen funtzionatzeko ingurumen baldintzak, hurrenez hurren, denboran zehar.

Beharrezkotzat jo da eman diren ingurumen baimen integratu guztiak eta haien aldaketak biltzen dituen dokumentu bategin bat prestatzea, instalazioaren funtzionamenduak bete behar dituen ingurumen baldintzak zein diren errazago ikusi ahal izateko.

Horregatik, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 59. artikuluan xedatutakoa aplikatuta, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak bere ekimenez hasi du prozedura hau.

Beste alde batetik, azken urteotan ingurumen-arau sektorial berri batzuek hartu dute indarra, eta arau horiek aipatzen ari garen instalazioari eragiten diote. Hauek, esaterako: apirilaren 8ko 7/2022 Legea, Ekonomia zirkularra bultzatzeko eta hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzkoa; urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretua, atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen duena; z306/2020 Errege Dekretua, otsailaren 11koa, zerri-ustiategi intentsiboen oinarrizko antolamendu-arauak ezartzen dituena eta zerri-aziendako ustiategi estentsiboen oinarrizko antolamendu-araudia aldatzen duena; eta 1051/2022 Errege Dekretua, abenduaren 27koa, nekazaritza lurzoruetan nutrizio jasangarrirako arauak ezartzen dituena.

Ondorioz, bidezkoa da ingurumen baimen bateratua eguneratzea, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoarekin.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hogei egunez. Ebazpen honen eranskinean jaso dira titularrak aurkeztu dituen alegazioen zerrenda eta haiei emandako erantzunak.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiak azaroaren 8an emandako 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Eguneratzea Agropecuaria Obanos SAk Alesbesko udal-mugartean txerri-aziendaren (Peñalfons etxaldea) ustiapenerako ingurumen-baimen bateratua. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinetan ezarritako baldintzak bete beharko baitituzte.

Bigarrena.–Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren otsailaren 12ko 274/2008 Ebazpenaren bidez instalazio horri emandako ingurumen-baimen integratuan, lurzoru urbanizaezinari eta hondakinen produkzioari eta kudeaketari buruz agertzen diren baimen eta inskripzioen indarraldia mantentzea, ebazpen honetan xedatutakoari aurka egiten ez dioten heinean.

Hirugarrena.–Atmosferara isuriak egiteko baimena ematea, zeina jasota baitago Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 13.2 artikuluan, bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 12. artikuluan xedatutakoarekin. Ebazpen honen II. eranskinean jasotzen da instalazioak zer isuri egiten ahalko dituen atmosferara eta zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak zortzi urteko indarraldia izanen du, eta epe hori igarotakoan, berritzeko aukera izanen da iraupen bereko epeetarako. Atmosferara egiten diren isurietan izandako edozein aldaketa jakinarazi beharko zaio Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari.

Laugarrena.–Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak ofizioz aldatzen edo berrikusten ahalko ditu ingurumen baimen bateratua emateko baldintzak, baldin eta Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 27. artikuluan jasotako inguruabarren bat gertatzen bada.

Bosgarrena.–Instalazioan edozein aldaketa egiteko, titularrak aldez aurretik jakinarazi beharko du, eta arrazoiak emanda adierazi beharko du aldaketa funtsezkoa edo ez-funtsezkoa den, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Seigarrena.–Ebazpen honetan jasotako baldintzak bete ezean, ingurumen arloko diziplina-neurriak hartuko dira, hain zuzen, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen araubidean biltzen direnak, deusetan galarazi gabe sektoreko legedian ezarritakoa, hori ere aplikatuko baita.

Zazpigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Zortzigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Bederatzigarrena.–Ebazpen hau Agropecuaria Obanos SAra, Alesbesko Udalera eta Abeltzaintza Zerbitzura bidaltzea, behar diren ondorioak sor ditzan.

Iruñean, 2023ko maiatzaren 29an.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/

Iragarkiaren kodea: F2308440